
63. zk., 2001eko martxoaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
1721
49/2001 DEKRETUA, martxoaren 13koa, “A-3212 errepidea Eltziego herriko tartean egokitzeko eta hobetzeko trazadura-proiektuak” eragindako ondasun eta eskubideak Arabako Foru Aldundiak nahitaezko desjabetzearen bidez lehenbailehen okupatu behar dituela deklaratzeko dena.
“A-3212 errepidea Eltziego herriko tartean egokitzeko eta hobetzeko trazadura-proiektua” burutzeko desjabetu behar diren ondasun eta eskubideak hasiera batean jendeaurrean jartzea erabaki zuen Arabako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 2000ko ekainaren 6an egindako bilkuran. Ondoren, 2000ko azaroaren 14an Diputatuen Kontseiluak nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu beharrekoak direla deklaratzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian; hainbat arrazoibide-idazki aurkeztu zitzaizkion eta administrazio-espedientean adierazten den moduan ebatzi ziren arrazoibide-idazki horiek.
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko zerbitzu teknikoek aldeko irizpena eman dute, aukeratutako lurren erabilpenak eta indarrean dauden legeak bat datozelako.
Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da ondoko arrazoiengatik:
Eltziego Arabako probintzian dago, Kantauri Mendikatearen hegoaldean eta Ebro ibaitik oso hurbil. A-3210 errepidea udalerri horretatik pasatzen da eta Labastida eta Ceniceroko udalerriak (Errioxako probintzian) lotzen ditu.
Errepide hori Eltziegotik pasatzen denean, A-3212 toki errepidearekin gurutzatzen da, Leza eta Eltziegoko udalerriak lotzen dituen errepidearekin alegia. Halaber, errepide hori A-3212 toki errepidearekin gurutzatzen da, Mañuetako udalerria eta Eltziego lotzen dituena.
Bi bidegurutze horien artean dagoen A-3212 errepideko tartea oso arriskutsua da, nahiz eta trafiko asko ez egon. Izan ere, toki errepidea da eta Eltziegoko eta inguruetako herriko biztanleak direlako batez ere errepidea erabiltzen dutenak.
Inguruko orografiak errepideak gaur egun duen geometria baldintzatu du, tarte handi batean errepidearen zabalera ez da nahikoa eta, gainera, errepidetik ibilgailuekin batera oinezko asko dabil. Arriskua, beraz, erabiltzaile guztientzako da, orografiak errepideari eman dizkion baldintzengatik eta ibilgailuak oinezkoekin batera dabiltzalako.
Hau da, A-3212 errepidearen, proiektuaren gai den tarte horretan, oinplanta-trazadurak eskuinean eraikinak dauzka eta ezkerrean lurraren disnebela. Hori dela-eta, trazadura estua da eta ikuspena murriztua.
Arrisku gehien daukan tartea oraingo trazaduraren 1+200 eta 1+260 p.k.en artekoa da. Tarte horretan oinplanta eta altxaera-trazaduraren koordinazio eskasak eta eraikinen murruak jarrita dauden moduak ikuspena kentzen du bi norabideetan. Halaber, trazaduraren zati handienean zeharkako sekzioak duen egoera txarra tarte horretan areagotzen da, zabalera 3,55 m-koa bakarrik baita eta, ondorioz, bi ibilgailu justu-justu pasa daitezke.
Horregatik guztiagatik, esan daiteke A-3212 errepidea Eltziegotik pasatzen deneko tartean zirkulazioa oso eskasa dela eta errepidearen baldintzak akastunak direla, errepidea arriskutsua bihurtuz.
Arabako Errepideen 1998-2009 Plan Integralak “plataforma zabaltzeko eta trazadura egokitzeko” programaren barruan A-3212 errepidea hobetzea aurreikusten du, 2007-2009 hirurtekorako. Baina, Eltziegotik pasatzean errepide horrek daukan arriskua ikusita eta Arabako Foru Aldundia tarte horretatik doan Eltziegoko eskualdeko EDARerako lanak egiten dagoenez, egokia deritzo tarte hori hobetzeko eta egokitzeko proiektua aurreratzea, tarte horri eragingo dioten lan guztiak batera egiteko eta bide-segurtasunaren ikuspuntutik tarte arriskutsu hori hobetzeko.
Hori dela-eta, Arabako Foru Aldundiko Herrilan eta Hirigintza Sailak tarte horretan jardutea erabaki du, trazaduraren ezaugarri geometrikoak eta zeharkako sekzioari dagokionez, Arabako Errepideen Plan Integralean jasotakoaren arabera. Horretarako, erreferentzia duen proiektua idatzi eta onartu da, tarte horretan A-3212 errepidea egokitzeko eta hobetzeko. Proiektuan aurreikusi da oinplanta eta altxaera-trazadura hobetzea, 6,00 m-ko zabalera eta 0,50 m-ko bi bazterbide dituen zeharkako sekzioa ezartzea eta eskuineko aldean oinezkoentzako espaloia egitea. Horrela, lortu nahi dena da trafikoak behar dituen erosotasuna eta segurtasun baldintzak edukitzea eta oinezkoak hortik ibili ahal izatea ibilgailuen trafikoa oztopatu gabe, bide-segurtasun aldetik oso arriskutsua den tartea hobetuz.
Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: jardute-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurrean egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horren 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera,
Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari dagokio horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.
Ondorioz, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko martxoaren 13an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau.
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, “A-3212 errepidea Eltziego herriko tartean egokitzeko eta hobetzeko trazadura-proiektua” burutzeko beharrezkoak diren eta horretarako hasitako espedientean zehaztuta eta banakatuta agertzen diren ondasun eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko, Arabako Foru Aldundiak lehenbailehen okupatu behar dituela deklaratzea.
Vitoria-Gasteizen, 2001eko martxoaren 13an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza
eta Ingurugiro sailburua,
FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.
RSS