Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2001eko martxoaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
1720

48/2001 DEKRETUA, martxoaren 13koa, “A-2122 errepidearen trazadura, 47,275 p.k.tik 48,875 p.k.ra, egokitzeko eta plataforma zabaltzeko proiektuak” eragindako ondasun eta eskubideak Arabako Foru Aldundiak nahitaezko desjabetzearen bidez lehenbailehen okupatu behar dituela deklaratzeko dena.

“A-2122 errepidea 47,275 p.k.tik 48,875 p.k.ra, trazadura egokitzeko eta plataforma zabaltzeko proiektua” burutzeko desjabetu behar diren ondasun eta eskubideak hasiera batean jendaurrean jartzea erabaki zuen Arabako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak 2000ko uztailaren 4an egindako bilkuran. Ondoren, 2000ko azaroaren 21ean Diputatuen Kontseiluak nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu beharrekoak direla deklaratzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian; ez zitzaizkion arrazoibide-idazkirik aurkeztu, administrazio-espedientean jaso den moduan.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko zerbitzu teknikoek aldeko irizpena eman dute, aukeratutako lurren erabilpenak eta indarrean dauden legeak bat datozelako.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da ondoko arrazoiengatik:

A-2122 errepidea Arabako errepide-sarearen barne dago eta eskualdeko errepidea da. 2 zatitan banatzen da, lehenengoa Burgos probintziarekin mugan dagoen Miranda de Ebrotik A-2625 errepidearen bidegurutzeraino, Zubilarran, eta bigarrena, errepide horrekin berriro gurutzatzen denetik Burgos probintziaren mugaraino, Tobalina Aranean.

Proiektu hau Sobroneko Zentral Elektrikotik A-2122 errepidearen 49,000 p.k.ra doan errepide zatian egingo da, Burgos probintziako norabidean.

Zati horretan bihurguneak erradio txikikoak dira, ibilbidean zehar dauden ezaugarri fisikoak direla-eta. Errepidearen plataformak sei metro inguru ditu, bazterbiderik gabe.

Proiektu honen gai den errepide zatiaren ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

– Errepideak Ebro ibaia dauka ezkerraldean eta lurrerauzketa asko jasan dituen harkaitz eremua eskuinean. Errepidea bi horien artean sartuta dago.

– Zeharkako sekzioa, lehen esandakoengatik, irregularra da, batzutan estutzen da eta tarte batzuetan ez dauka bazterbide egokirik.

– Oro har ez da ondo ikusten.

– Tarte batzuetan bidezorua ez dago egoera onean eta pitzadurak dauzka.

Aipatutako guztiagatik esan daiteke errepide horretako zirkulazioa eskasa dela trafikoarentzat.

Arabako Errepideen 1998-2009 Plan Integralak egiteko dauden lanen artean A-2122 errepidearen trazadura hobetzea eta plataforma zabaltzea aurreikusten du, hain zuzen ere, A-2125 errepidearekin gurutzatzen den lekutik Burgos probintziako muga bitarteko zatian, Tobalina Aranean.

Tarte horretan, 47,275 p.k.tik 48,875 p.k.ra gutxi gora behera, Lantaroneko udal planeamenduko Arau Subsidiarioen arabera, hirigintza jarduerak daude aurreikusita. Errepidearen trafikoa gehitzeaz gain ezbeharrak ere gehituko dira, tarte hori oso bihurgunetsua baita eta ikuspena oso eskasa baita bai errepidean doazen ibilgailuentzat baita errepidera sarbideetatik sartuko diren ibilgailuentzat.

Proiektuaren xede den errepidearen tarte horretan EBI (eguneko batez besteko intentsitatea) 1.332 ibilgailukoa da (1999an) eta ibilgailu astunen bataz bestekoa %20.

Planta eta zeharkako trazadura desegokiaren eta zeharkako sekzio zeharo urriaren ondorioz, errepide honetako zirkulazio-baldintzek ez dute jasaten duen trafikoak behar duen segurtasun eta erosotasuna betetzen. Horrez gain, errepidearen ezaugarriak zeharo desegokiak dira astialdi-gune garrantzitsu baterako komunikabide eta sarbide izateko. Beraz, horrek guztiak errepidearen trazadura hobetzea eta plataforma zabaltzea justifikatzen du.

Hori guztia dela-eta, Arabako Foru Aldundiko Herrilan eta Hirigintza Sailak Arabako Errepideen Plan Integralean jasotakoaren arabera jardutea erabaki du. Onartutako proiektuak errepidea hobetzea du helburu, bai bere oinplanta-trazadura eta altxaera-trazadura bai bere zeharkako sekzioa 6/8 m-koa izatea eta sarbideak egokitzea, zirkulazioan segurtasun eta erosotasuneko gutxieneko estandar batzuk lortzeko eta trafikoaren karga behar besteko segurtasun eta erosotasunarekin jasotzeko.

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: jardute-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurrean egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horren 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari dagokio horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko martxoaren 13an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau.

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, A-2122 errepidearen trazadura, 47,275 p.k.tik 48,875 p.k.ra, egokitzeko eta plataforma zabaltzeko proiektua” burutzeko beharrezkoak diren eta horretarako hasitako espedientean zehaztuta eta banakatuta agertzen diren ondasun eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko, Arabako Foru Aldundiak lehenbailehen okupatu behar dituela deklaratzea.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko martxoaren 13an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza

eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.


Azterketa dokumentala