
63. zk., 2001eko martxoaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1719
AGINDUA, 2001eko martxoaren 14koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, uztailaren 28ko 157/2000 Dekretuan jasotako laguntzak eskatzeko aurtengo epea ezartzeko dena. Dekretu horrek Lanerako Prestakuntzarako Babespeko Ikastegiak arautzen ditu eta prestakuntza-egitasmo bat egiteko ikastegi horiek tresneria teknikoz hornitzeko laguntzak ezartzen ditu.
Uztailaren 28ko 157/2000 Dekretuaren bidez (2000ko irailaren 13ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 176 zk.), Lanerako Prestakuntzarako Babespeko Ikastegiak arautzen dira, eta prestakuntza-egitasmo bat egiteko ikastegi horiek tresneria teknikoz hornitzeko laguntzak ezartzen dira. Dekretu horren helburua da alde batetik, Lanerako Prestakuntzarako Babespeko Ikastegien betebeharrak eta babespeko ikastegi legez kalifikatzeko prozedura arautzea, eta bestetik, Eusko Jaurlaritzak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez, ikastegi horiek tresneria teknikoz hornitzeko eman ditzakeen laguntzen esparrua finkatzea.
Uztailaren 28ko 157/2000 Dekretuaren 20. artikuluan jartzen duenez, aipatutako helburua betetzeko diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan propio ezarritako kredituetatik aterako dira.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen, eta 49.5 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomia-ekitaldi bakoitzeko aurrekontu orokorrak indarrean jartzen direnean diru-laguntzak emateko arauak eguneratu nahiz berrikusiko dira, edo, behar izanez gero, arau berriak ezarriko dira, eta, orobat, zehaztugabeko indarraldia eman zitzaien diru-laguntzak iragarriko dira.
Irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuak, bestalde, Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege xedapenen Testu Bategina onartu zuen, eta 128 b) artikuluan jartzen duenez, aurrekontuak luzapen-aldian daudela Jaurlaritzak eragiketa arruntetarako nahiz kapital-eragiketetarako diru-laguntzak eman ahal izango ditu, baldin eta indarrean dauden xedapenek eta hitzarmenek horretarako bide ematen badute. Xedapen eta hitzarmen horietan daude ezarrita, hain zuzen ere, eman daitezkeen zenbatekoak eta bete beharreko baldintzak.
Uztailaren 28ko 157/2000 Dekretua indarrean dago, eta dekretuko 7.3 eta 15.2 artikuluen arabera, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak agindu baten bidez Lanerako Prestakuntzarako Babespeko Ikastegiaren kalifikazioa lortzeko eta ikastegi horiek baliabide teknikoz hornitzeko aurreikusitako diru-laguntzak eskatzeko epea argitaratuko du urtero. Hori guztia dela-eta, hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Eskabideak aurkezteko aurtengo epea hilabetekoa izango da, agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera, bai uztailaren 28ko 157/2000 Dekretuaren II. kapituluan arautzen den Lanerako Prestakuntzarako Babespeko Ikastegiaren kalifikazioa lortzeko, bai dekretu horren III. kapituluan aurreikusitako laguntzak jasotzeko. Dekretu horrek, bestalde, Lanerako Prestakuntzarako Babespeko Ikastegiak arautzen ditu, eta prestakuntza-egitasmo bat egiteko ikastegi horiek tresneria teknikoz hornitzeko laguntzak ezartzen ditu.
Bigarrena.– Uztailaren 28ko 157/2000 Dekretuaren helburua lortzeko, 2001 urterako guztira 53.000.000 PTA erabiliko dira (318.536,42 euro). Puntu honetan ezarritako guztizko kopuru hori aldatu egin daiteke, eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan hartuta, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko beste laguntza-programa batzuk gauzatzetik geratu diren aurrekontu-baliabideen arabera, eta laguntzei buruzko ebazpena hartu baino lehen. Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearen ebazpen batek emango du horren berri.
Hirugarrena.– Aipatu dekretuan daude ezarrita Lanerako Prestakuntzarako Babespeko Ikastegiaren kalifikazioa lortzeko betekizunak eta ikastegi horiek tresneria teknikoz hornitzeko diru-laguntzak emateko baldintzak.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen duenez, interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikulua eta hurrengoak). Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Hala agintzen da Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 46. artikuluan.
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2001eko martxoaren 14a.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.
RSS