Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2001eko martxoaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1718

AGINDUA, 2001eko martxoaren 14koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Junior-Enpresa programa arautzen duen abenduaren 26ko 303/2000 Dekretuan jasotako laguntzak eskatzeko aurtengo epea ezartzeko dena.

Abenduaren 26ko 303/2000 Dekretuaren bidez (2000ko abenduaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 249 zk.), Junior-Enpresa programa arautu zen. Dekretuak laguntzen esparru bat ezarri zuen, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak diru-laguntzak eman ditzan Junior-Enpresa Elkarte baten eta edozein modu juridikotan eratutako enpresa edo erakunde publiko zein pribaturen arteko lankidetza akordioa dakarten proiektuetarako. Laguntzak emateko, proiektua aurretik onartu egin beharko da Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoari jarraiki; eta proiektuko jarduerek interesgarriak izan behar dute enpresa edo erakundearentzat, eta praktikan jarriko dute Junior-Enpresa Elkarteko kideek akordioa egiten den urtean bertan amaitzen den ikasturtean zehar ikasitakoa.

Abenduaren 26ko 303/2000 Dekretuaren 11. artikuluan jartzen duenez, aipatutako helburua betetzeko diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan propio ezarritako kredituetatik aterako dira.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen, eta 49.5 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomia-ekitaldi bakoitzeko aurrekontu orokorrak indarrean jartzen direnean diru-laguntzak emateko arauak eguneratu nahiz berrikusiko dira, edo, behar izanez gero, arau berriak ezarriko dira, eta, orobat, zehaztugabeko indarraldia eman zitzaien diru-laguntzak iragarriko dira.

Irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuak, bestalde, Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege xedapenen Testu Bategina onartu zuen, eta 128 b) artikuluan jartzen duenez, aurrekontuak luzapen-aldian daudela Jaurlaritzak eragiketa arruntetarako nahiz kapital-eragiketetarako

diru-laguntzak eman ahal izango ditu, baldin eta indarrean dauden xedapenek eta hitzarmenek horretarako bide ematen badute. Xedapen eta hitzarmen horietan daude ezarrita, hain zuzen ere, eman daitezkeen zenbatekoak eta bete beharreko baldintzak.

Abenduaren 26ko 303/2000 Dekretua indarrean dago, eta dekretuko 6.3 artikuluaren arabera, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak agindu baten bidez dekretu horretan aipatutako diru-laguntzak eskatzeko epea argitaratuko du urtero. Hori guztia dela-eta, hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– 2001eko irailaren 30era arte irekita egongo da Junior-Enpresa programa arautzen duen abenduaren 26ko 303/2000 Dekretuan jasotako laguntzak eskatzeko epea.

Bigarrena.– Abenduaren 26ko 303/2000 Dekretuaren helburua lortzeko, 2001 urterako guztira 10.000.000 PTA erabiliko dira (60.101,21 euro). Kopuru hori aldatu egin daiteke, indarren den legediaren arabera aurrekontuetan aldaketak egiten badira.

Hirugarrena.– Aipatu dekretuan daude ezarrita diru-laguntzak lortu eta emateko baldintzak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen duenez, interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikulua eta hurrengoak). Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Hala agintzen da Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1 a) eta 46. artikuluetan.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko martxoaren 14a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala