Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2001eko martxoaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1715

AGINDUA, 2001eko martxoaren 14koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, kooperatiba-sozietateetan lanpostuak sortzen laguntzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 26ko 283/2000 Dekretuan jasotako diru-laguntzak 2001. urtean indarrean egongo direla argitaratzeko dena.

Kooperatiba-sozietateetan lanpostuak sortzen laguntzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 26ko 283/2000 Dekretuaren bidez (abenduaren 30eko EHAA, 249 zk.), laguntzen esparru bat ezarri zen, Eusko Jaurlaritzak, Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bidez —egun Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila ulertu behar dugu— laguntzak eman ditzan, kooperatiba-sozietateek lanik gabe dauden pertsonak har ditzaten oraingo langile batzuen ordez. Horrekin bi helburu lortu nahi dira: batetik, lan egiteari uzten dioten kooperatiba-bazkideentzat arauzko adinarekin erretiratuz gero izango luketen pentsioaren %90 bermatu nahi da; eta bestetik, langabetu batzuei lanean hasteko bideak eman nahi zaizkie, hain zuzen ere, dekretu honetan araututako neurriei heltzen dieten kooperatiba-bazkideek lan egiteari uztean sortutako hutsuneak bete ditzaten.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen. Dekretu horren VI. tituluan jartzen duenez, ekonomia-ekitaldi bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrak onartu ondoren, programetako diru-laguntzak emateko arauak eguneratu, berrikusi edo, kasua bada, ezarriko dira, eta indarraldi mugagabeaz arautu ziren laguntzetarako deia egingo da.

Irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuak Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege xedapenen Testu Bategina onartu zuen, eta IX. tituluan jartzen duenez, aurrekontuak luzapen-aldian daudela Jaurlaritzak eragiketa arruntetarako nahiz kapital-eragiketetarako diru-laguntzak eman ahal izango ditu, baldin eta indarrean dauden xedapenek eta hitzarmenek horretarako bide ematen badute. Xedapen eta hitzarmen horietan daude ezarrita, hain zuzen ere, eman daitezkeen zenbatekoak eta bete beharreko baldintzak.

Horregatik, abenduaren 26ko 283/2000 Dekretuak indarraldi mugagabea edo denbora jakinik ez duten laguntza-programak dituenez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen da, argitaratu ere Administrazio Publikoaren diru-laguntzen jarduerak izan behar duen publizitatea emateko, eta bide batez, diru-laguntzen programa horien berri onuradun guztiei emateko.

Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.5 artikulua betez eta abenduaren 26ko 283/2000 Dekretuaren 11.4 artikuluaren arabera Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak urtero dekretu horretan aurreikusitako laguntza-ildoa ezagutarazteko jarduerak egingo dituela dioenez, hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Kooperatiba-sozietateetan lanpostuak sortzen laguntzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 26ko 283/2000 Dekretuan jasotzen diren jarduerak 2001 urtean ere indarrean izango direla jakinaraztea onuradun izan daitezkeenei.

Bigarrena.– Abenduaren 26ko 283/2000 Dekretuaren xedea betetzeko erabiliko diren diru-baliabideei dagokienez, dekretu horren 16. artikuluan agindutakora joko da.

Abenduaren 26ko 283/2000 Dekretuaren xederako, gehienez bostehun eta berrogeita sei milioi (546.000.000) pezeta (3.281.526,08 euro) bideratuko dira, honela banatuta: 2001 urterako, laurehun eta hamahiru milioi (413.000.000) pezetako (2.482.179,99 euro) kredituzko ordainketa, eta 2002 urterako, ehun eta hogeita hamahiru milioi (133.000.000) pezetako (799.346,09 euro) konpromisu-kreditua.

Hirugarrena.– Laguntza horiek jasotzeko eta emateko baldintzak aipatu dekretuan azaltzen dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaitu egiten du administrazio bidea. Bere aurka, interesatuek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita. Hala agintzen da Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1 a) eta 46.1 artikuluetan. Nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa ere aurkez dezakete.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko martxoaren 14a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala