Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2001eko martxoaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1714

AGINDUA, 2001eko martxoaren 14koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, laneratzeko laguntzak arautzen dituen urtarrilaren 20ko 3/1998 Dekretuan jasotako diru-laguntzak 2001. urtean indarrean egongo direla argitaratzeko dena.

Laneratzeko laguntzak arautzen dituen urtarrilaren 20ko 3/1998 Dekretuaren bidez (1998ko urtarrilaren 26ko EHAA, 16 zk.), laguntzen esparru bat ezarri zen, Eusko Jaurlaritzak, Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bidez —egun Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila ulertu behar dugu— laguntzak eman ditzan, langabezian dauden eta lanpostu bat lortzeko zailtasun larriak dituzten pertsonen laneratzea bultzatzeko. Horretarako, honako programa hauek landuko ditu: toxikomano ohiak errehabilitatu eta bergizarteratzeko kontratatzeko laguntzak, minusbalio fisikoa, psikikoa nahiz sentsoriala duten pertsonak kontratatzeko laguntzak eta espetxeetan preso dauden pertsonak eta preso ohiak kontratatzeko laguntzak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen. Dekretu horren VI. tituluan jartzen duenez, ekonomia-ekitaldi bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrak onartu ondoren, programetako diru-laguntzak emateko arauak eguneratu, berrikusi edo, kasua bada, ezarriko dira, eta indarraldi mugagabeaz arautu ziren laguntzetarako deia egingo da.

Irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuak Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege xedapenen Testu Bategina onartu zuen, eta IX. tituluan jartzen duenez, aurrekontuak luzapen-aldian daudela Jaurlaritzak eragiketa arruntetarako nahiz kapital-eragiketetarako diru-laguntzak eman ahal izango ditu, baldin eta indarrean dauden xedapenek eta hitzarmenek horretarako bide ematen badute. Xedapen eta hitzarmen horietan daude ezarrita, hain zuzen ere, eman daitezkeen zenbatekoak eta bete beharreko baldintzak.

Horregatik, urtarrilaren 20ko 3/1998 Dekretuak indarraldi mugagabea edo denbora jakinik ez duten laguntza-programak dituenez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen da, argitaratu ere Administrazio Publikoaren diru-laguntzen jarduerak izan behar duen publizitatea emateko, eta bide batez, diru-laguntzen programa horien berri onuradun guztiei emateko.

Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.5 artikulua betez eta urtarrilaren 20ko 3/1998 Dekretuaren 24.3 artikuluaren arabera Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak urtero dekretu horretan aurreikusitako laguntza-ildoa ezagutarazteko jarduerak egingo dituela dioenez, hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Kontratatazio mugagabeak egiteagatik eman daitezkeen laguntzak arautzen dituen urtarrilaren 20ko 3/1998 Dekretuan jasotzen diren jarduerak 2001 urtean ere indarrean izango direla jakinaraztea onuradun izan daitezkeenei.

Bigarrena.– Urtarrilaren 20ko 3/1998 Dekretuaren xedea betetzeko erabiliko diren diru-baliabideei dagokienez, dekretu horren 29. artikuluan agindutakora joko da.

Urtarrilaren 20ko 3/1998 Dekretuaren xederako, gehienez hirurehun eta laurogeita hamahiru milioi eta bostehun mila (393.500.000) pezeta (2.364.982,63 euro) bideratuko dira, honela banatuta: 2001 urterako, berrehun eta berrogeita bi milioi (242.000.000) pezetako (1.454.449,30 euro) kredituzko ordainketa, eta 2002 urterako, ehun eta berrogeita hamaika milioi eta bostehun mila (151.500.000) pezetako (910.533,34 euro) konpromisu-kreditua.

Hirugarrena.– Laguntza horiek jasotzeko eta emateko baldintzak aipatu dekretuan azaltzen dira.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Urtarrilaren 20ko 3/1998 Dekretuan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeari buruz egiten diren aipamenak urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak lege hari emandako idazkera berriari egokituta ulertu beharko dira. 4/1999 Legeak, bestalde, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaitu egiten du administrazio bidea. Bere aurka, interesatuek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita. Hala agintzen da Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1 a) eta 46.1 artikuluetan. Nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa ere aurkez dezakete.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko martxoaren 14a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala