
63. zk., 2001eko martxoaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1712
AGINDUA, 2001eko martxoaren 14koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, nork bere lanpostua sortzearen aldeko neurriak arautzen dituen abenduaren 24ko 305/1996 Dekretuan jasotako diru-laguntzak 2001. urtean indarrean egongo direla argitaratzeko dena.
Nork bere lanpostua sortzearen aldeko neurriak arautzen dituen abenduaren 24ko 305/1996 Dekretuaren bidez (1997ko urtarrilaren 3ko EHAA, 2 zk.), laguntzen esparru bat ezarri zen, Eusko Jaurlaritzak, Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bidez —egun Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila ulertu behar dugu—laguntzak eman ditzan, lan-merkatuan sartzeko aparteko eragozpenak dituzten giza-taldeetako pertsona langabetuei autonomo gisa lanean hasten laguntzeko.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen. Dekretu horren VI. tituluan jartzen duenez, ekonomia-ekitaldi bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrak onartu ondoren, programetako diru-laguntzak emateko arauak eguneratu, berrikusi edo, kasua bada, ezarriko dira, eta indarraldi mugagabeaz arautu ziren laguntzetarako deia egingo da.
Irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuak Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege xedapenen Testu Bategina onartu zuen, eta IX. tituluan jartzen duenez, aurrekontuak luzapen-aldian daudela Jaurlaritzak eragiketa arruntetarako nahiz kapital-eragiketetarako diru-laguntzak eman ahal izango ditu, baldin eta indarrean dauden xedapenek eta hitzarmenek horretarako bide ematen badute. Xedapen eta hitzarmen horietan daude ezarrita, hain zuzen ere, eman daitezkeen zenbatekoak eta bete beharreko baldintzak.
Horregatik, abenduaren 24ko 305/1996 Dekretuak indarraldi mugagabea edo denbora jakinik ez duten laguntza-programak dituenez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen da, argitaratu ere Administrazio Publikoaren diru-laguntzen jarduerak izan behar duen publizitatea emateko, eta bide batez, diru-laguntzen programa horien berri onuradun guztiei emateko.
Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.5 artikulua betez eta horren arabera Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak urtero dekretu horretan aurreikusitako laguntza-ildoa ezagutarazteko jarduerak egingo dituela dioenez, hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Nork bere lanpostua sortzearen aldeko neurriak arautzen dituen abenduaren 24ko 305/1996 Dekretuan jasotzen diren jarduerak 2001 urtean ere indarrean izango direla jakinaraztea onuradun izan daitezkeenei.
Bigarrena.– Abenduaren 24ko 305/1996 Dekretuaren xedea betetzeko erabiliko diren diru-baliabideei dagokienez, dekretu horren 13. artikuluan agindutakora joko da.
Abenduaren 24ko 305/1996 Dekretuaren xederako, gehienez hirurogeita hamabost milioi (75.000.000) pezeta (450.759,08 euro) bideratuko dira 2001 urtean. Diru-zenbateko hori eguneratu egin ahal izango da, baldin eta indarrean den legediaren arabera aurrekontuetan aldaketak egitea onartzen bada.
Hirugarrena.– Laguntza horiek jasotzeko eta emateko baldintzak aipatu dekretuan azaltzen dira.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Abenduaren 24ko 305/1996 Dekretuan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeari buruz egiten diren aipamenak urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak lege hari emandako idazkera berriari egokituta ulertu beharko dira. 4/1999 Legeak, bestalde, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Agindu honek amaitu egiten du administrazio bidea. Bere aurka, interesatuek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita. Hala agintzen da Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1 a) eta 46.1 artikuluetan. Nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa ere aurkez dezakete.
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2001eko martxoaren 14a.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.
RSS