
63. zk., 2001eko martxoaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1710
EBAZPENA, 2001eko martxoaren 28koa, Industria Politikako sailburuordearena. Honen bidez, bekak emateko deialdia argitaratzen da. Beka horiek 2001 ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoan eta atzerrian praktikak egiteko dira, enpresa esportatzaileekin eta nazioartekotzea sustatzen duten beste erakunde batzuekin lankidetzan.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2001eko maiatzaren 23ko Aginduak (2000ko ekainaren 13ko 111. zk-ko EHAA) beka batzuen programa arautzen du; hain zuzen ere, enpresa esportatzaileekin eta nazioartekotzea sustatzen duten beste erakunde batzuekin lankidetzan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta atzerrian praktikak egiteko beken programa.
Agindu horretako 6. artikuluan ezarritakoari jarraituz, egoki da han ezarritako laguntzetarako 2001 ekitaldiko deialdia egitea, beharrezko arauak emanez.
Ondorioz, agindu horretako 6. artikuluan emandako ahalmenaz baliatuz, honako hau
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Xedea
Ebazpen honen xede da Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko maiatzaren 23ko Aginduan aurreikusitako laguntzen 2001 ekitaldirako deialdia egitea. Deialdi horren bidez, enpresa esportatzaileekin eta nazioartekotzea sustatzen duten beste erakunde batzuekin lankidetzan Euskal Autonomia Erkidegoan eta atzerrian praktikak egiteko beken programa arautzen da.
Xede horretara, guztira 39.700.000 pezeta (238.601,81 euro) bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan gai horretarako ezarritako aurrekontu kredituan ageri denez.
Zenbateko hori aldatu egin ahal izango da, eskatutako laguntzen guztizko kopurua kontuan izanda, eta honako baliabide hauen gorabeheran: Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza egitarau batzuk aurrera eramatean agortu gabe geratu diren aurrekontu baliabideen gorabeheran, alegia. Aldatzekotan, aurrekontu baliabide horiek ebatzi baino lehen aldatu beharko da zenbatekoa, betiere. Industria Politikako sailburuordearen ebazpenez eman beharko da horren berri.
2. artikulua.– Betekizunak
1.– Eskatzaileek, 2000ko maiatzaren 23ko Aginduan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, onuradun izan beharko dute, agindu horretako 3. artikuluko 1. eta 3. paragrafoetan ezarritakoari jarraituz. Beste alde batetik, enpresa eta erakunde laguntzaileek ere agindu horretako 2. eta 3. paragrafoetan eurentzat ezarritakoa bete beharko dute.
2.– Era berean, eskabideak eta gainontzeko agiriak Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde bulegoetan aurkeztu beharko dituzte, Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Nazioarteratzeko Zuzendaritzara zuzenduta. Eskabideak zuzenean aurkez daitezke edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) aurreikusitako edozein baliabide erabiliz (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu du).
3.– Enpresa eta erakunde laguntzaileek eskabideak aurkezteko izango duten epea 2001eko maiatzaren 17ra artekoa izango da.
4.– Bekadun izateko hautagaiek hilabeteko epea izango dute eskabideak aurkezteko. Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko maiatzaren 23ko Aginduko 8.1 artikuluan adierazitako iragarkia argitaratu eta biharamunean hasiko da hilabeteko epe hori.
5.– Gehienez hogeita hamar (30) beka emango dira 2001 ekitaldian, eta bederatzi hilabeteko iraupena izango dute.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean deialdi ebazpen hau.
Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2001eko martxoaren 28a.
Industria Politikako sailburuordea,
JOSÉ IGNACIO TELLECHEA FERNÁNDEZ.
RSS