
63. zk., 2001eko martxoaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1709
EBAZPENA, 2001eko martxoaaren 28koa, Industria Politikako sailburuordearena. Honen bidez, bekak emateko deialdia argitaratzen da. Bekak 2001 ekitaldian kanpo merkataritzan adituak prestatzeko izango dira.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko apirilaren 18ko Aginduak (2000ko maiatzaren 3ko 82. zk-ko EHAA) kanpo merkataritzan adituak prestatzeko beken programa arautzen du.
Agindu horretako 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz, egoki da han ezarritako diru laguntzetarako deialdia egitea; 2001 ekitaldiko deialdia, hain zuzen ere. Orobat, horretarako arauak eman behar dira.
Ondorioz, eta aipatutako aginduaren 6. artikuluak ematen dizkidan ahalmenez baliaturik, honako hau
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea honako hau da: Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko apirilaren 18ko Aginduan zehazten diren 2001 ekitaldiko dirulaguntzetarako deia egitea. Agindu horren bidez, kanpo merkataritzan adituak prestatzeko beken programa arautzen da.
Helburu hori betetzearren, 156.100.000 PTA (938.179,89 euro) erabiliko dira, era honetan banatuta: 54.100.000 PTA (325.147.54 euro) 2001 urterako, 69.000.0000 PTA (414.698,35 euro) 2002 urterako eta 33.000.000 PTA (198.333,99 euro) 2003 urterako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan dirulaguntza horietarako ezarritako aurrekontu kreditutik ordaintzeko.
Zenbateko hori aldatu egin ahal izango da, eskatutako laguntzen guztizko kopurua kontuan izanda, eta honako baliabide hauen gorabeheran: Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza egitarau batzuk aurrera eramatean agortu gabe geratu diren aurrekontu baliabideen gorabeheran, alegia. Aldatzekotan, aurrekontu baliabide horiek ebatzi baino lehen aldatu beharko da zenbatekoa, betiere. Industria Politikako sailburuordearen ebazpenez eman beharko da horren berri.
2. artikulua.– Betekizunak.
1.– 2000ko apirilaren 18ko Aginduan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko, agindu horretako 3. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte eskatzaileek.
2.– Era berean, eskabideak eta gainontzeko agiriak Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde bulegoetan aurkeztu beharko dituzte, Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Nazioarteratzeko Zuzendaritzara zuzenduta. Eskabideak zuzenean aurkez daitezke edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) aurreikusitako edozein baliabide erabiliz (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu du).
3.– Hilabeteko epea dago eskabideak aurkezteko ebazpen hau indarrean jartzen denetik.
4.– Gehienez ere, hogeita hamar (30) beka emango dira 2001 urtean. Gainera, gehienez ere 15 ordezko izendatuko dira. Titularrek bekari uko egin edo beste gorabeheraren bat gertatuz gero lehen hiru hilabeteetan, titularren tokia hartuko dute ordezkoek.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Deialdi-ebazpen hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari, hilabeteko epean. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko da epe hori.
Vitoria-Gasteiz, 2001eko martxoaren 28a.
Industria Politikako sailburuordea,
JOSÉ IGNACIO TELLECHEA FERNÁNDEZ.
RSS