Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2001eko martxoaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
1705

AGINDUA, 2001eko martxoaren 23koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, lekuz aldarazitako langileek lanpostuen titularitatea osorik berreskuratzeko prozesua arautzen duena.

Azkenaldi honetan, oinarrizkotzat kalifikatutako Estatuko arauen bidez, pertsonalari dagokionez, lege berrikuntza handiak sartu dira.

Hauen artean lekuz aldarazitako irakasleak nabarmentzen dira hain zuzen ere. Berrikuntza hau urriaren 6ko 1635/1995 Errege Dekretuak 1701/1991 Errege Dekretuaren 4. artikuluari egindako erredakzio berrian sortu zen lehenengoz, eta urriaren 2ko 2112/1998 Errege Dekretuaren hamahirugarren xedapen gehigarriak arautzen du, ia berdintsu.

Honi dagokionez, egoera honek eragina izango du behin betiko destinoko lanpostua kendu dioten langileengan eta ordutegi nahikorik ez dutenengan.

Urtarrilaren 18ko 7/2000 Dekretuak Bigarren Hezkuntzako institutuetako eta Goi-mailako Lanbide Heziketako berariazko institutuetako unibertsitateaz kanpoko sare publikoko irakasleak, lanpostuen zerrenda berriaren arabera, birbanatzeko prozesua arautu zuen.

Langileak dauden lanpostuetara egokitzeko prozesua zenez, desplazatuen irudia ere barnean hartu zuen. Horrela, prozeduran lanposturik lortu ez zutenak egoera honetan geratuko liratekeela adierazten zen, kenduaren izaera borondatez hartuko zuten langileak izan ezik.

Dekretu horren laugarren xedapen gehigarriak lekuz aldarazitako langileen erregimenak dituen oinarrizko printzipioak zehaztu zituen. Hori horrela izanik, institutuan behin betiko destinoa gordeko duela adierazten du. Bertan irakasle arituko da baldin eta, edozein dela ere arrazoia, ordu-behar nahikorik egongo balitz.

Azkenik, baieztatzen du lekuz aldarazitakoa izateari utziko diola institutuko lanpostu zerrendan argitaratutako espezialitate bereko plazen kopurua titularren kopuru bera edo handiagoa bada; edo, lanpostuak hornitzeko prozeduran beste destino bat, behin betikoa, lortzen badu.

Agindu honen bidez azken puntu hau arautu nahi da. Zenbait kasutan, lanpostuaren titularitate osoa lortzea automatikoa izango da, alegia, hutsik dagoen lanpostu bakarra eta eragindako pertsona bakarra egoteagatik. Hala ere, besteetan, pertsona batzuen edo lanpostu batzuen artean hautatze prozedura txikia arbitratu beharko da.

Prozesu honetan, 2000ko irailaren 1ean titularitate osoa duen pertsona baten behin betiko destinoa ez duten lanpostu guztiak hartuko dira kontuan. 2000/2001 ikasturtearen hasierarekin bat datorren data langileei eragiten dien prozesuen erreferentziazko data izango da.

Bukatzeko, garrantzizkoa da emaitza Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eragindako langileen egoera juridiko berria jendaurrean ofizialki jartzeko. Honi dagokionez, ezin dugu ahaztu egoera batean ala bestean egoteak oso ondorio desberdinak dakartzala berarekin, zentroetan funtzioak garatzeari begira ez ezik, baita langileak hornitzeko prozesuetan parte hartzeari begira ere.

Prozesu honetan, alegia, baliteke hizkuntza eskakizuneko lanpostuak, behin betiko destinoarekin korrelaziorik ez dutenak, erabiltzea. Bestela esanda, lekuz aldarazitako langileei aukera eman nahi diete, eskakizunak betez gero, bere berezitasunari dagokion lanpostuaren titularitate osoa berreskuratzeko, urtarrilaren 18ko 7/2000 Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren eta urriaren 2ko 2112/1998 Errege Dekretuaren hamahirugarren xedapen gehigarriaren hitzez hitzeko esaeraren arabera.

Plangintza Batzorde Teknikoaren baitan sindikatuekin negoziatu dute arau honen zirriborroa.

Horren ondorioz,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Agindu honen helburua lekuz aldarazitako langileek beren institutuko eta berezitasuneko lanpostuen behin betiko destinoaren titularitate osoa berreskuratzeko prozesua arautzea da.

2. artikulua.– Eremu subjektiboa.

Prozesu honetan parte hartuko dute urtarrilaren 18ko 7/2000 Dekretuaren bidez araututako prozesuaren ondorioz lekuz aldarazitako pertsona guztiek eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2000ko martxoaren 21eko (martxoaren 28ko EHAA) Aginduaren bitartez dei egindako lekuz aldatzeko lehiaketaren ondorioz, izaera hori galdu ez zutenek. Aurreko guztia beteko da baldin eta, Dekretu hau argitaratzean, lanean dihardute edo behin betiko destinoa gordetzeko eskubidea badute eta behin betiko destinoko zentroan 3. artikuluak adierazitako lanpostuak badira.

3. artikulua.– Eremu objektiboa.

Prozesu hau garatuko duten zentroetan kontuan hartuko da lanpostu guztietan, horietako bakoitzean 2000/2001 ikasturterako lanpostuen zerrenda onartzen duen urtarrilaren 18ko 8/2000 Dekretua egotea. Aurreko guztia, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2000ko martxoaren 21eko (martxoaren 28ko EHAA) Aginduak dei egindako lekualdaketen lehiaketaren emaitzaren ondorioz, edo erretiroak, plaza gordetzeko eskubidea ez duten eszedentziak, heriotza edo antzeko gorabeherengatik, baldin eta 2000ko irailaren 1ean titularitate osoko pertsona baten behin betiko destinoa ez badute.

Lanpostu ibiltariak edo mistoak ez dira erabiliko, ezta ordu-eduki nahikorik ez dutenak ere.

4. artikulua.– Irizpide orokorrak.

1.– Desplazatuek izaera hori galduko dute eta, era berean, behin betiko destinoko lanpostuaren titularitate osoa berreskuratuko dute, behin betiko destinoko institutuan horren korrelaziozkoak diren berezitasun eta hizkuntz eskakizuneko lanpostuen kopurua berezitasun horretako eta hizkuntz eskakizuneko titularitate osoa duten behin betiko destinoko pertsonena baino handiagoa bada.

Destino hauen ezaugarriak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2000ko martxoaren 22ko Aginduan argitaratu ziren. Horren bidez, Bigarren Hezkuntzako institutu eta Goi-mailako Lanbide Heziketako berariazko institutuetako unibertsitateaz kanpoko sare publikoko irakasleak, lanpostuen zerrenda berriaren arabera, birbanatzeko prozesuaren behin betiko emaitza argitaratzen da.

Horrekin jarraituz, korrelaziozko espezialitate guztietako lanpostuak hartuko dira kontuan, urtarrilaren 18ko 7/2000 Dekretuaren I. eranskinaren arabera. Espezialitate bat bi edo gehiagorekin erlazionatuz gero eta bat baino gehiagoko lanpostua egonez gero, aukera emango zaie interesatuei.

Karrerako funtzionarioak diren langileek, garai batean, hezkuntza bereziko lan-legepeko irakasle finkoaren izaera izan zuten, eta Zereginen Ikaskuntza Gelen ardura zeukaten. Hauek berezitasun hau duten lanpostuen titularitatea berreskuratuko dute.

2.– Desplazatuen kopurua titularitate osoko behin betiko destinoa duten lanpostuen eta pertsonen aldea baino handiagoa denean, desberdintasun horrek titularitate osoa berreskuratuko duten lanpostuen kopurua zehaztuko du.

Lehenengoz, uko egiteko borondatezko txanda egongo da. Horretaz baliatuko dira desplazatuen eta desberdintasunaren arteko soberakinak beste pertsona. Beraien artean ordenatuko dira 6. artikuluan jasotako irizpideen arabera.

Gauzak horrela, eragindako pertsonen kopuruak aldea baino handiagoa izaten jarraitzen badu, 6. artikuluan jasotako irizpideen arabera ordenatuko dira, eta dagozkion beste titularitate berreskuratuko dira.

5. artikulua.– Irizpide partikularrak.

Institutuan 3. artikuluan definitutako lanpostuak badira eta espezialitatean, baina ez hizkuntz eskakizunean, desplazatutako langileen behin betiko destinoarekin bat etortzen badira, titularitate osoa berreskuratzea borondatezkoa izango da. Halaber, korrelaziozko espezialitateko eta hizkuntz eskakizuneko desplazatuak ez egoteko baldintzaren menpe egongo da.

Interesatuen ordena 6. artikuluan ezarritako irizpideen arabera burutuko da.

Derrigorrezko data gaindituta duen hizkuntz eskakizuna duen lanpostua lortzeko, egiaztatua izatea ezinbestekoa izango da.

Araudiaren aurreikuspenak IGA irakasteko gaitasun aitormen iragankorra duen langileari aplikatuko zaizkio, gainditutako derrigorrezkotasun data duen hizkuntz eskakizuneko lanpostuei dagokienez.

6. artikulua.– Ordenatzeko irizpideak.

1.– Eragindako langileen ordena, kasuan kasu, eskubide on edo txarrak zehaztuko du. Eskubide hau ondoko ataletan adierazitako irizpideak aplikatzean zehaztu da.

2.– LOGSE legea indarrean sartu aurretik katedradun izaera zuten irakasleek behin betiko destinoa balute iraungiko batxilergoko katedratiko numerarioen kidego edo Irakaskuntza Bateratuen Institutuen irakasle numerario eta psikologoentzat lekualdatze espezifikoen lehiaketan lortutako lanpostuan, aukera bera egindako gainontzeko pertsonek baino eskubide hobea izango dute.

Bat baino gehiago bat etorriz gero, 3. ataleko irizpideak aplikatuko dira eta, hala badagokio, 4. atalekoak.

3.– Gainontzeko langileentzat eskubiderik onena zehaztuko da, ondoren aipatutako bi faktoreak gehitzearen emaitzari dagokionez.

a) Karrerako funtzionario lanetan jarraian emandako denbora, parte hartuko duen institutuan behin betiko destinoa izanik:

Hileko 0,1 puntu, mugarik gabe.

b) Kidegoaren karrerako funtzionario lanetan emandako denbora:

Hileko 0,1 puntu, mugarik gabe.

4.– Berdinketa egonez gero, kontuan hartuko da baremoaren a) faktorearen puntuazioa altuena.

Oraingoan, berdinketak jarraituz gero, ikastetxe publiko edo publiko bihurtutakoetan bigarren hezkuntzako kidegoei dagozkien lanpostuetan emandako zerbitzualdia erabiliko da.

Oraindik ere berdinketak jarraituz gero, kidegoan antzinatasun handiena duenak erabakiko du eta, horrela desegiten ez bada, hautatze prozeduran lortutako puntuaziorik handienak.

7. artikulua.– Prozedura.

1.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak jakinarazpena bidaliko die behin betiko destinoaren titularitate osoa ofizioz berreskuratzen dutenei.

2.– Aldi berean pertsona batzuk eta korrelaziozko espezialitate batzuk edo hizkuntz eskakizun desberdinak hautatzeko aukera elkartuz gero, prozesua bilera batean gauzatuko da. Hau institutuan egingo da eta bertan, eragindako jendeaz gain, zuzendaritzak eta ikasketa burutzako karguek hartuko dute parte, baita hezkuntzako ikuskaritzako ordezkari batek ere.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, ondorio hauetarako, beharrezko informazioa bidaliko du.

3.– Prozesu honen emaitza EHAAn argitaratuko da.

8. artikulua.– Ondorioak.

Prozesu honen ondorioak 2000-2001eko ikasturtean hasiko dira.

Aurreko behin betiko destinoarekin bat ez datorren hizkuntza eskakizuneko lanpostuaren aukerak, 5. artikuluan jasoa, ez du aldaketarik ekarriko zerbitzualdiak zenbatzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko martxoaren 23a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.


Azterketa dokumentala