Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

43. zk., 2001eko martxoaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1127

EBAZPENA, 2001eko otsailaren 27koa, Industria Politikako sailburuordearena, teknologia-oinarriko ETEak edota berritzaileak sortu eta garatzen laguntzeko GAUZATU-Industria programa arautzen duen 2000ko uztailaren 28ko Aginduak ezarritako esparruan laguntzak emateko aurtengo ekitaldiko deialdia aditzera ematen duena.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko uztailaren 28ko Aginduak teknologia-oinarriko ETEak edota berritzaileak sortu eta garatzen laguntzeko GAUZATU-Industria programa arautzen du.

Agindu horren 12. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, bertan ezartzen diren laguntzen deialdia egin behar da 2001eko ekitaldirako eta horretarako beharrezkoak diren arauak eman behar dira.

Ondorioz, adierazitako aginduaren 12. artikuluan ezarritako ahalmenaren arabera, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Teknologia-oinarriko ETEak edota berritzaileak sortu eta garatzen laguntzeko GAUZATU-Industria programa arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko uztailaren 28ko Aginduan aurreikusitako laguntzen, hots, itzuli beharreko aurrerakinen 2001eko ekitaldiko deialdia egitea da ebazpen honen xedea. Bestalde, Agindu hori 2000ko abenduaren 27ko Aginduak aldatu zuen.

2.– Horretarako, guztira 7.886.000.000 pezetako (47.395.814, 55 euro) kopurua emango da laguntza gisa. Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoko 2000. urteko Aurrekontu Orokorrak, 2001. ekitaldira luzatuak, onartzen dituen abenduaren 29ko 4/1999 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarrian sortutako Ekonomia Sustatzeko Fondoaren kargura emango da.

Deialdi honen kontura guztira eman beharreko dirulaguntzen kopurua ezin izango da artikulu honetan izendetatutako edo hori gaurkotzetik ondoriozten den zenbatekoa baino handiagoa izan, kreditu-atxikidurarako eta aurrekontu aldaketarako indarrean dagoen legedian aurreikusitako araubidearen arabera. Ondorioz, ez da bidezko izango laguntza gehiago ematea behin agortuz gero zenbateko hori, hau da, xedapen honen eraginkortasuna eten egingo da momentu horretan. Gertakari bi horiek Industria Politikako sailburuordearen ebazpenez jakinarazi beharko dira.

2. artikulua.– Betekizunak.

1.– 2000ko uztailaren 28ko Aginduan aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izateko, eskatzaileek agindu horren 3. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Bestalde, Agindu hori 2000ko abenduaren 27ko Aginduak aldatu zuen

3. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Eskabideak eta gainerako agiriak Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren (ISEB/SPRI) egoitzan (Kale Nagusia, 35-3. Bilbao) aurkeztu beharko dituzte, zuzenean bertara joanez edo urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legean (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea) aurreikusitako edozein bide erabiliz.

2.– Horretarako izendatutako kreditua agortzen ez den bitartean, eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik 2001eko ekainaren 29ra artekoa izango da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Deialdiaren ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko otsailaren 27a.

Industria Politikako sailburuordea,

IÑAKI TELLETXEA FERNÁNDEZ.


Azterketa dokumentala