
43. zk., 2001eko martxoaren 1a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1125
EBAZPENA, 2001eko otsailaren 27koa, Merkataritza eta Kontsumo sailburuordearena, merkataritzari laguntza teknikoa emateko kabineteak eratzera eta mantentzera zuzendutako laguntzak esleitzeko 2001eko ekitaldiko deialdia argitaratzen duena.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko ekainaren 30eko Aginduak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emango dituen laguntzak ezartzen ditu; hain zuen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan merkataritzari laguntza teknikoa emateko kabineteak eratzeko eta mantentzeko laguntzak. Bestalde, Agindu hori 2000ko abenduaren 5eko Aginduak aldatu zuen.
Agindu horretako 5. artikuluan ezarritakoari jarraituz, egoki da han ezarritako laguntzetarako 2001eko ekitaldiko deialdia egitea, beharrezko arauak emanez.
Ondorioz, agindu horretako 5. artikuluan emandako ahalmenaz baliatuz, honako hau
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xede da Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko ekainaren 30eko Aginduan (merkataritzari laguntza teknikoa emateko kabineteak eratzeko eta mantentzeko laguntzak arautzen duena) aurreikusitako laguntzen 2001eko ekitaldirako deialdia egitea. Bestalde, Agindu hori 2000ko abenduaren 5eko Aginduak aldatu zuen.
Ebazpen honen xedea da merkataritzari laguntza teknikoa emateko gehienez ere 25 kabinete eratu edo mantendu daitezen diru laguntzak emateko deialdia egitea. Xede horretara, guztira 125.000.000 pezeta (751.265,13 euro) bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan gai horretarako ezarritako aurrekontu kredituan ageri denez.
Zenbateko hori aldatu egin ahal izango da, eskatutako laguntzen guztizko kopurua kontuan izanda, eta honako baliabide hauen gorabeheran: Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza egitarau batzuk aurrera eramatean agortu gabe geratu diren aurrekontu baliabideen gorabeheran, alegia. Aldatzekotan, aurrekontu baliabide horiek ebatzi baino lehen aldatu beharko da zenbatekoa, betiere. Gertakari hori Merkataritza eta Turismo sailburuordearen ebazpenez jakinaraziko da.
2. artikulua.– Betekizunak.
1.– Eskatzaileek, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko ekainaren 30eko Aginduan (ekainaren 30eko 125 zk-ko EHAA) aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, Agindu horretako 3. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte. Bestalde, Agindu hori 2000ko abenduaren 5eko Aginduak (abenduaren 27ko 246 zk-ko EHAA) aldatu zuen.
3. artikulua.– Eskabideak eta epea.
1.– Eskatzaileek Merkataritza Zuzendaritzara zuzenduko dituzte euren eskabide-orriak eta bestelako agiri osagarriak, horretarako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren organo periferikoak erabiliz, zuzenean, edo urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako 30/1992 Legean (azaroaren 26ko Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) aurreikusitako beste edozein bitarteko erabiliz.
Eskabide orria erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonak sinatuko du.
2.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik 2001eko ekainaren 1era bitartekoa izango da.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean deialdi ebazpen hau.
Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari aurkeztuta. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2001eko otsailaren 27a.
Merkataritza eta Kontsumo sailburuordea,
BELÉN GREAVES BADILLO.
RSS