Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

43. zk., 2001eko martxoaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
1116

10/2001 DEKRETUA, urtarrilaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoan hazitarako patatak ekoizteko arauak ezartzen dituena.

Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1998ko otsailaren 23ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan hazitarako patatak ekoizteko arauak ezarri ziren, 11/1971 Legearen eta Hazitarako Patataren Kontrol eta Ziurtapenari buruzko Arautegi Teknikoa onesten duen 1989ko maiatzaren 24ko Aginduaren markoaren barruan.

1998ko otsailaren 23ko Aginduaren bitartez, antolamendurako hainbat arau ezarri ziren, hazitarako patataren ekoizpena sektore honek Euskal Autonomia Erkidegoan dituen berezitasunei egokitzeko; horrek ez zuen esan nahi, baina, agindu horretan aurreikusten ez zen guztian Hazitarako Patataren Kontrol eta Ziurtapenari buruzko Arautegi Teknikoak izaera orokorraz xedatutakoa aplikatuko ez zenik.

Hala, hazitarako patata ekoizteko baimendutako geografi eremuak zehaztu ziren. Era berean, eremu horiek aintzat harturik, merkaturatze-kanpaina bakoitzean hazitarako patata ekoizteko baimendutako herrien zerrenda osatzeko prozedura ezarri zen, eta herri horietan beste erabilera batzuetarako patata ekoizteko baldintzak jarri ziren. Halaber, finkaturik geratu zen zenbateko azalera erabili behar zen urtean-urtean hazitarako patata ekoizteko, ekoizle aukeratzaile titulua lortu nahi izanez gero. Eta, azkenez, hazitarako patataren ekoizpenarekin zerikusirik duten gaiei buruzko kontsulta eta aholkamendurako organoa eratu zen.

Dekretu honek, agindu horretan ezarritakoa jaso arren, data batzuk aldatu ditu: alde batetik, hazitarako patata ekoizteko baimena duten ekoizleek hurrengo kanpainan hazitarako patata zein herritan landu nahi duten adierazteko data; eta bestetik, hazitarako patata ekoizteko baimena duten herrien zerrenda noiz argitaratuko duen Administrazioak. Aurreko guztia, hazitarako patata ekoizten duten aldeen berri behar bezalako aurrerapenarekin jakin ahal izateko, belarki-laboreei dagozkien adierazpenak zuzen egin, eta ereintza egoki planteatu ahal izatearren, hazi-mota, barietatea eta abarren aukeraketaren aldetik.

Hazitarako patataren ekoizle aukeratzaile titulua lortu ahal izateko behar den urteko gutxieneko azalera ere aldatu egin da: 250 hektarea izatetik 100 hektarea izatera jaitsi baita.

Ondorioz, Patataren Batzorde Sektorialari kontsulta egin ondoren, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoa entzun ondoren, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren proposamenez, eta 2001eko urtarrilaren 21eko Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– 1.– Hazitarako patataren ekoizpenari, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan, Hazitarako Patataren Kontrol eta Ziurtapenari buruzko Arautegi Teknikoan ezarritako araupetzea aplikatuko zaio zuzen-zuzenean.

2.– Dekretu honetan ezarritakoak osatuko du aurreko paragrafoan aipatu araupetzea Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan.

2. artikulua.– Hazitarako patata ekoizteko baimentzen diren geografi aldeak, Arabako Lurralde Historikoan, honela mugatuko dira:

1. aldea.– Arabako Lautada eta Arabako Mendialdea.

Iparraldeko muga: Elgea eta Urkilla mendizerrak.

Hegoaldeko muga: Kantauriko mendizerra.

Ekialdeko muga: Nafarroako Foru Erkidegoarekiko lurralde-muga, Santa Kurutze Kanpezu, Antoñana, Buxanda, Korres eta Urbisuko administrazio batzarrak kenduta.

Mendebaldeko muga: Vitoria-Gasteizen abiatu eta Arroiabetik zehar Landara doan errepidea; Vitoria-Gasteizen abiatu eta Peñacerrada-Urizaharratik zehar Logroñora doan errepidea, Burgosko probintziako Trebiñoko konderriaren lurralde-mugari Pagoetaraino jarraituaz, eta administrazio batzar horren eta Montoriakoaren jurisdikzioaren mugari jarraitu eta Kantauriko mendizerraraino jaitsiaz.

2. aldea.– Valdegovía.

Valdegovíako udal mugartearen zatia, Pinedo eta Basabe herriguneen mendebaldean gelditzen dena, hain zuzen ere, bi gune horiek barne direla.

3. artikulua.– 1.– Hazitarako patata ekoizteko baimena duten ekoizleek, urte bakoitzeko urriaren 15a baino lehen, hurrengo kanpainan hazitarako patata zein herritan landu nahi duten adieraziko diote Nekazaritza Zuzendaritzari. Horretarako, hazitarako patata ekoiztuko duten nekazariak eta erabiliko diren lur-zatiak zein diren zehaztuko dute, eta katastroko identifikazioa erantsiko dute.

2.– Urte bakoitzeko azaroaren 15a baino lehen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren agindu bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Agindu horren bidez, baimendutako aldeen barruan eta harako kanpainan hazitarako patata ekoizteko baimena duten herrien zerrenda argitaratuko da. Horrela egin ezik, aurreko urtean argitaratutakoak indarrean dirauela ulertuko da.

4. artikulua.– 1.– Hazitarako patata ekoizteko baimendutako herriak honela sailkatuko dira:

a) Irekiak: herri hauetan, indarreko kanpainan hazitarako patata lantzeko gordetako azalera, aurreko bi ekitaldietan patata lantzeko erabili den batez besteko azaleraren %50etik beherakoa da.

b) Lehentasunezkoak: herri hauetan, indarreko kanpainan hazitarako patata lantzeko gordetako azalera, aurreko bi ekitaldietan patata lantzeko erabili den batez besteko azaleraren %50etik gorakoa eta %80tik beherakoa da.

c) Esklusiboak: herri hauetan, indarreko kanpainan hazitarako patata lantzeko gordetako azalera, aurreko bi ekitaldietan patata lantzeko erabili den batez besteko azaleraren %80tik gorakoa da.

2.– Aurreko artikuluan aipaturiko xedapenak zehaztuko du zein multzotan sailkatuko den herri bakoitza. Edonola ere, indarreko kanpainan bakarrik izango du eragina, agindu honen 3.2. artikuluan aurreikusitakoa aplikatu ezik.

3.– Salbuespen gisa, hazitarako patata ekoizten duten herrietako nekazariren batek jateko patata ekoiztera pasatu nahi badu, edo alderantziz, aldaketa egiteko eskabidea urte bakoitzeko irailaren 15a baino lehen jakinarazi behar zaio Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Zuzendaritzari, zeinak, eskabidea aztertu ondoren, eskatu zaion aldaketa onetsi edo ezetsiko baitu, Nekazaritzako zuzendariaren ebazpen baten bitartez, Patataren Batzorde Sektorialari eta dekretu honen 9. artikuluan aurreikusitako Batzordeari kontsulta egin ondoren.

5. artikulua.– Hazitarako patataren ekoizpenean integraturiko nekazariek ezin izango dute hazitarako ez den patatarik landu, Nekazaritza zuzendariak, Patataren Batzorde Sektorialari kontsulta egin ondoren, baimena eman ezik. Baimen hori arrazoi fitosanitarioengatik bakarrik emango da, arrazoi horiek behar bezala justifikatu ondoren.

6. artikulua.– 1.– Hazitarako patata ekoizteko baimendutako herrietan, hazitarako ez den patata lantzeko, arau hauek bete behar dira nahitaez:

a) Herri irekietan, baimenduta egongo da hazitarako ez den patata lantzea. Edonola ere, nekazariak behartuta egongo dira beren labore-sailak patata-zorrien eraginetik babestera, nola eta zomorroak hiltzeko beharrezko tratamenduak eginez.

b) Hazitarako patata ekoizteko lehentasunezko herrietan, hazitarako ez den patata lantzeko baimena emateko, baldintza hauek bete behar dira:

– Labore-sailak zorrien eraginetik babestuko dira, zomorroak hiltzeko beharrezko tratamenduak eginez.

– Ofizialki ziurtaturiko A hazia erabiliko da, eta ez beste ezein. Hartara, nekazariek Nekazaritza Zuzendaritzaren esku jarri beharko dituzte ziurtaturiko hazi horiei dagozkien etiketa ofizialak eta erosketa-fakturak.

c) Hazitarako patata bakarrik ekoitz daitekeen herrietan, hots, esklusibotzat hartu diren herrietan, debekaturik dago hazitarako ez den patata lantzea.

2.– Hazitarako ez den patata ekoizten duten nekazariek, gainera, betebehar hauek izango dituzte: labore horretarako erabiltzen diren finketara sartzen utziko diete Nekazaritza Zuzendaritzako langileei, egokitzat hartzen diren egiaztapenak egin ditzaten; eta, halaber, eskatzen zaien informazio guztia emango dute.

7. artikulua.– Jarraian adieraziko direnak egintza klandestinotzat hartuko dira, eta martxoaren 30eko 11/1971 Legean ezarritakoaren arabera zehatuko dira:

a) Hazitarako patata bakarrik ekoitz daitekeen herrietan, hots, esklusibotzat hartu diren herrietan hazitarako ez den patata ekoiztea.

b) Lehentasunezkotzat hartutako herrietan, dekretu honen 6.1.b) artikuluan ezarritako betebeharrak bete gabe hazitarako ez den patata ekoiztea.

c) Dekretu honen 5. artikuluan xedatutakoa ez betetzea.

d) Dekretu honen 6.2. artikuluan ezarritako betebeharrak bete gabe hazitarako ez den patata ekoiztea.

8. artikulua.– Hazitarako patataren ekoizle aukeratzaile titulua lortu ahal izateko, 100 hektarea edo hortik gorako azalera erabili behar da urtean-urtean hazitarako patata lantzeko.

9. artikulua.– Hazitarako patataren ekoizpenarekin zerikusia duten gaiei buruzko kontsulta eta aholkamendurako batzordea eratuko da, Nekazaritza Zuzendaritzari atxikita. Batzordeburua Nekazaritza zuzendaria izango da, eta gainerako batzordekideak honako hauek izango dira:

a) Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza Zuzendaritzako teknikari bat.

b) Arabako Foru Aldundian nekazaritza arloaz arduratzen den Sailaren ordezkari bat.

c) Hazitarako patata ekoizten duten erakundeen ordezkari bana.

d) Nekazaritzako lanbide erakundeen ordezkari bat.

e) Jateko patata ekoizten duten erakundeen ordezkari bat.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabeturik geratuko dira Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1998ko otsailaren 23ko Agindua —Euskal Autonomia Erkidegoan hazitarako patatak ekoizteko arauak ezartzen dituena—, eta Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2000ko otsailaren 3ko Agindua —Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1998ko otsailaren 23ko Agindua aldatu duena.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko urtarrilaren 23an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

IÑAKI GERENABARRENA MARTÍNEZ DE LAHIDALGA.


Azterketa dokumentala