
43. zk., 2001eko martxoaren 1a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Osasun Saila
1115
ERABAKIA, 2001eko otsailaren 14koa, Osakidetza ente publikoaren Administrazio Kontseiluarena, ordaintzera behartuta dauden hirugarren batzuei osasun eta hezkuntza zerbitzuak emateagatik tarifak onartzen dituena.
Ente publikoko zerbitzu-erakundeek ematen dituzten osasun eta hezkuntza zerbitzuak hirugarren batzuei fakturatzeko ezartzekoak diren tarifak eguneratu egin behar dira.
Osakidetza Ente Publikoaren Estatutuen arabera (azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua), erakunde zentralak, besteak beste, prezioen politikarako irizpide orokorrak taxutzeko eta proposamenak egiteko ahalmena du (12. artikulua, 4.e paragrafoa).
Osakidetza Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusiak tarifak igotzeko egin duen proposamena ikusirik, Administrazio Kontseiluak dituen ahalmenen arabera (Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legea, 22. artikuluko 1. eta 2. puntuak) hartu da honako
ERABAKIA
Lehena.– Ordaintzera behartuta dauden hirugarren batzuei zerbitzuak emateagatik Osakidetza ente publikoan —Erabaki hau EHAAn argitara dadin egunaren biharamunetik aurrera— ezartzekoak diren diru-zenbatekoak onartzea, erabaki honetan kontzeptu ezberdinetarako ematen diren irizpideei jarraituz.
Publizitatea emateko eta eraginkorra izateko, tarifen liburu bat argitaratzea izango da baldintza bakarra. Ordaintzera behartuta dauden hirugarrenen eskura egongo da liburu hori.
Bigarrena.– Osasun Sistema Nazionalaren prestazio sanitarioak antolatzeari buruzko urtarrilaren 20ko 63/1995 Errege Dekretuaren II. eranskinean (1995-02-10eko EAO) jasotako kasuetan sartzen diren pertsona fisiko edo juridikoek ordaindu beharko dituzte tarifa horiek, eta dagozkien zenbatekoak zerbitzua fakturatzen den unetik bertatik joko dira sortutzat.
Hirugarrena.– Ente Publikoko zuzendari nagusiaren esku uzten da Zerbitzuen Karteran prestazio berriak —aurkeztutako egituraren osagarri— sartzeko behar diren jarduerak burutzea. Berariazko fakturazioa izan dezaketen prozesu mediko eta kirurgiko berriak definituko dira horretarako, honakoak zehaztuz: prozesu horiek osatzen dituzten elementuak, horietatik eratortzen diren kosteak, eta bereizgarriak diren proba diagnostikoak eta tratamenduzkoak, prozesu horien parte ez badira.
Laugarrena.– Ente publikoari baimena ematen zaio hirugarrenekin akordio partikularrak edo hitzarmenak negoziatzeko eta sinatzeko; erabaki honetan sartuta dauden zerbitzuak emateagatik prezio hobeak eskain daitezke holakoetan, baldintza hauek kontuan hartuta:
a) Osasun Sailak egindako eskaerak betetzeaz gain jarduera gehiago burutzeko ahalmenik bada.
b) Sistema publikoarekiko solidaritate printzipioa errespetatzen bada, kanpoko hirugarren batzuei emandako prestazioak funts publikoekin finantzatzea eragoztearren.
c) Ente Publikoarentzat akordioak izango duen interesa justifikatzen bada aurreikusten diren ordainen arabera; egiten den fakturazioaren bolumena kontuan hartuta zenbatekoak aldatu ahal izatea ere horretan sartzen da.
Puntu honetan aipatutako akordio partikularrak edo hitzarmenak egiteko proposamenak alderdi horiek aztertzen dituen memoria batez justifikatuko dira; hitzarmenok ente publikoko erakunde guztiei edo zerbitzu-erakunde bati baino gehiagori eragiten badiete, zuzendari nagusiak sinatuko ditu.
Erakunde bakar bati eragiten badio, berriz, dagokion erakundeak sinatuko du, baina ente publikoko erakunde zentralak aurretik baimena eman beharko du, planifikazio estrategikoarekiko koherentzia eta egokitasuna bermatzearren. Bestalde, zuzendari nagusiak dagozkion jarraibideak eman ahalko ditu akordioa operatiboa izan dadin.
Erabaki hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, orain dauden hitzarmenetan ezartzen diren zenbatekoak erabaki honetan aurreikusten diren zenbatekoen arabera eguneratuko dira edo, hala badagokio, egokituko. Horrek ez du eragotziko prezio hobeak ezarri ahal izatea, aurretik aipatutako baldintzen barruan.
Bosgarrena.– Ente publikoko zuzendari nagusiari baimena ematen zaio erabaki honetan aurreikusten ez diren kasuetarako behin-behineko tarifa berriak ezar ditzan, ebazpen arrazoituaren bidez, baldin eta baliabideak hobeto kudeatu eta aprobetxatzeko baldintzarik eta aukerarik badago. Tarifa horiek Administrazio Kontseiluari aurkeztu beharko zaizkio berretsi ditzan, gehienez bi hilabeteko epean.
Seigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da
Halaber, Osakidetza ente publikoaren zerbitzu-erakunde guztietan, Erabakia argitaratzen den egunetik aurrera, interesatuen eskura egon beharko da ente publikoaren tarifa liburua, ordaintzeko beharra duten hirugarrenei zerbitzu publikoengatik aplikatuko zaizkien tarifak jasoko dituena, eska daitezkeen zenbatekoak kontuan hartuta eguneraturik.
Vitoria-Gasteiz, 2001eko otsailaren 14a.
Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.
RSS