Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

37. zk., 2001eko otsailaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
962

AGINDUA, 2001eko otsailaren 14koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, oinarrizko errentaren titularrentzat eta gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunentzat lanean hasteko pizgarriak ezartzeko dena.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak 2000ko otsailaren 3ko emandako Aginduan, lehendabizi ezarri ziren, oinarrizko errentaren titularrentzat eta gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunentzat lanean hasteko pizgarriak, gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrerari buruz apirilaren 20an emandako 198/1999 Dekretuaren 12.3 eta gizarte larrialdietarako laguntzei buruz apirilaren 20an emandako 199/1999 Dekretuaren 17. artikuluetan xedatutakoa garatzeko. Agindu hori 2000ko martxoaren 1ean argitaratu zen EHAAn (42 zenbakia), eta ordudanik aplikatu izan da, baina egungo egoera ikusita, doikuntza batzuk egin behar dira, aplikatu beharreko pizgarrien zenbatekoari dagokionez batez ere.

Hain zuzen ere, Gizarte Eskubideen Agiriari buruz abenduaren 27an emandako 10/2000 Legea (249 zenbakiko EHAAn argitaratua abenduaren 30ean) onetsi da orain dela gutxi eta 2001eko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean. Lege horrek arauak sakon aldatu ditu zenbatekoen inguruan. Aldaketak 2000ko otsailaren 3ko Aginduko edukian eragina izan du, beraz, onetsitako legeriari egokitzeko prozesuari ekin behar zaio.

Nahiz eta agindu honen idazkeraren helburua 10/2000 Legeak zenbatekoen inguruan egindako aldarazpenei egokitzea baino ez den, gaia oso korapilatsua denez, komenigarria da testu berri oso bat argitaratzea, zertarako eta erakundeek eta profesionalek hobeto ulertzeko.

Ondorioz, hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera arautzen duen apirilaren 20ko 198/1999 Dekretuaren 12.3. artikuluan eta gizarte larrialdietarako diru-laguntzak arautzen dituen apirilaren 20ko 199/1999 Dekretuaren 17. artikuluan jasotako ondorioetarako, eta Gizarte Eskubideen Agiriari buruz abenduaren 27an emandako 10/2000 Legeak egindako aldarazpenak kontuan harturik, agindu honen helburua hau da: norbere edo inoren konturako lanetik lortutako diru-sarreren ehuneko batzuk kanpo uztea baliabideak zenbatzerakoan, agindu honetan ezartzen den moduan eta baldintzekin.

2.– Norbere edo besteren konturako lanetik lortutako diru-sarrera guztiak geratuko dira zenbaketatik at, diru-sarrerok eskatzailearenak edo titularrarenak izan, bizikidetzako unitate ekonomiko independenteko gainerako kideenak eta, kasua bada, apirilaren 20ko 199/1999 Dekretuaren 11.3 artikuluan jasotakoaren arabera laguntzak jaso ditzaketen pertsonenak (gizarte larrialdietarako laguntzak arautu zituen dekretu horrek).

2. artikulua.– Kontuan hartuko ez diren diru-sarreren ehunekoa.

1.– Norbere edo inoren konturako lanetik lortutako diru-sarreren ehunekoa, aintzat hartuko ez dena, formula honen arabera zehaztuko da:

Kanpo utzi beharreko ehunekoa = [ (oinarrizko deskontua + deskontu osagarria) / diru-sarrera propioak ] x 100.

Hara:

a) Oinarrizko deskontua: Oinarrizko Errentaren (OE) –kide kopuruaren arabera, bizikidetza unitate (bu) bakoitzari dagokion baliokidetza faktoreaz biderkatuta– oinarrizko zenbatekoaren eta bizikidetza unitate (bu) bakoitzari dagokion Oinarrizko Errentaren (buOE) zenbatekoaren artean dagoen aldea.

Oinarrizko Errentaren (OE) oinarrizko zenbatekoa kide bakar bateko bizikidetza unitateari (bu) dagokiona da; eta Oinarrizko Errenta (buOE), berriz, kasuan kasuko bizikidetza unitatearen (bu) tamainaren arabera dagokiona.

Baliokidetza faktorea (bu) zehaztuko da eskatzaile edo onuradunaren bizikidetza unitatearen (bu) kide kopuruaren arabera, ondoko taulan agertutakoa kontuan izanik:

bu tamaina Baliokidetasun faktorea

Kide 1 1,5

2 kide 1,8

3 kide 1,9

4 kide 2,0

5 kide 2,1

gainerako kide bakoitzeko gehi 0,1

Oinarrizko deskontua = [ (pertsona bakarreko bizikidetza unitateari dagokion Oinarrizko Errenta * Baliokidetza faktorea bu) – Oinarrizko Errenta bu]

b) Deskontu osagarria: bizikidetzako unitatearen norbere edo besteren konturako lanetik datozen hileko diru-sarrera propioen eta, baliabiderik ez izatekotan, bizikidetza unitate horri legokiokeen Oinarrizko Errentaren (OE) oinarrizko zenbatekoaren artean dagoen aldearen %10.

Deskontu osagarria = [ %10 (laneko diru-sarrera propioak - Oinarrizko Errenta bu) ].

c) Diru-sarrera propioak: bizikidetzako unitate ekonomiko independentea osatzen duten pertsona guztien norbere edo inoren konturako lanetik lortzen diren hileko guztirako diru-sarrerak.

Aurreko letretan aipatzen diren kontzeptuak zehazteko, bizikidetzako unitate ekonomiko independenteko kideez gain, kontuan hartuko dira, kasua bada, gizarte larrialdiei buruzko apirilaren 20ko 199/1999 Dekretuaren 11.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera laguntzak jaso ditzaketen pertsonak.

3. artikulua.– Dokumentazioa.

Araudi honetan aurreikusitakoaren arabera irabaziak kontuan ez hartzeko aukeraz baliatzeko, interesatuak agiri hauek eman beharko dizkio Administrazioari:

a) Norbere konturako lanetik lortutako irabazien kasuan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpenaren kopia, edo, bestela, azken hiru hilabeteetan izandako hileko bataz besteko diru-sarrera garbiei buruzko zinpeko aitorpena.

b) Inoren konturako lanetik lortutako irabazien kasuan, erreferentziako azken hileko nominaren kopia, edo, bestela, lanen hileko irabaziei buruzko zinpeko aitormena, interesatuak eta kontratatu duen enpresariak bermatua.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabetu egin da Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2000ko otsailaren 3ko Agindua, gizarteratzeko gutxieneko diru-sarreraren titularrentzat eta gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunentzat lanean hasteko pizgarriak ezartzeko dena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Garapena.

Ahalmena ematen zaio Gizarte Ongizate zuzendariari agindu hau aplikatzeko behar diren jarraibideak emateko.

Bigarrena.– Indarrean sartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko otsailaren 14a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala