Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

8. zk., 2001eko urtarrilaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
150

273/2000 DEKRETUA, abenduaren 19koa, I. Eranskinean zerrendatutako erretaulak, banan-banan, Monumentu izendapenaz, Kultura Ondasun deklaratzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

1999ko abenduaren 13ko Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordearen Ebazpenaren bitartez, 1999ko abenduaren 23ko EHAAn argitaratua, I. Eranskinean zerrendatutako erretaulak, banan-banan, Monumentu izendapenaz, Kultura Ondasun deklaratzeko prozedurari hasiera ematea ebatzi zen.

Aipatu espedientea jendeari ezagutzera emateko eta egoki irizten diren alegazioak aurkez daitezen jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko izapidetzaren baitan, Hernaniko San Juan Bataiatzailearen Elizako parrokoa den Manuel Odriozola jaunak aurkeztatutako alegazio idatzi bati eman zaio sarrera. Adierazitako idatzia, egun indarrean dagoen legeriaren arabera era egokian eta epe barruan aurkeztu denez, izapidetzeko onartua izan da.

Izapidetzeko onartutako alegazio idatziak bi alegazio ditu. Lehenengoan II. Eranskinean Hernaniko San Juan Bataiatzailearen Parrokia Eliza deskribatzerakoan egindako hutsa zuzentzea eskatzen da; deskribapenean erretaularen lehen ataleko Kalearteetan San Pablo, San Andres eta Santiago daudela adierazten da, laugarren apostolua falta delarik, San Pedro. Bigarren alegazioan, Erretaula Nagusiaren deskribapenaren testu berari dagokionez, errematezko atalaren erdiko kalean ez dela "Igokundea" gaia aurkezten dio, "Jaunaren Antzaldaketa" baizik.

Alegazioak baloratu ondoren, biak hartu dira kontuan. Ondorioz, aipatu hutsunea eta akatsa zuzendu egin dira, San Pedro Apostolua aipatuz eta "Igokundea"ren ordez "Jaunaren Antzaldaketa" jarriz. Ebazpena espedientean dauden txostenetan arrazoitu da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak bere 89.5 artikuluak ezartzen duenaren arabera.

Hori dela-eta, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 11.1. eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik, 2000ko abenduaren 19eko bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertu eta onetsi eta Kultura sailburuaren proposamena kontuan harturik, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– I. Eranskinean zerrendatutako Euskal Autonomia Erkidegoan dauden erretaulak, banan-banan, Monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzea, Hernaniko San Juan Bataiatzailearen Elizako parroko den Manuel Odriozola jaunak 2000ko urtarrilaren 19an aurkeztutako alegazioak kontuan hartuz., Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoen txostenetan garatutako arrazoibideen arabera.

2. artikulua.– Indarrean dagoen Kultura Ondareari buruzko legeak aurreikusten dituen ondorioetarako sailkatutako ondasun bakoitzaren deskripzio formala eta mugapena egitea, Dekretu honen II. Eranskinean agertzen den moduan.

3. artikulua.–Dekretu honen III. Eranskinean agertzen den babes-araubidea onestea, I. Eranskinean zerrendatutako erretaula guztientzat.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Kultura Sailak I. Eranskineko ondasun bakoitza Euskal Kultura Ondarearen Zentruari atxikitutako Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialetan argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

II. Eranskinean deskribatu eta mugapetu diren elementuetan egin behar diren lanek dagokien Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, Dekretu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 19an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

M. CARMEN GARMENDIA LASA.

I. ERANSKINA
ERRETAULEN ZERRENDA

ARABAKO LURRALDE HISTORIKOA

ERRETAULA LEKUA HERRIA

Ama Birjinaren Poliptikoa Santiago parrokia-eliza Ihurre

VITORIA-GASTEIZ

Erretaula nagusia San Juan Bataiatzailea parrokia-eliza Aspuru

DONEMILIAGA

Erretaula nagusia San Bartolome parrokia-eliza Olano

ZIGOITIA

Erretaula nagusia La Encinako santutegia ARTZINIEGA

Erretaula nagusia Andre Mariaren Jasokundea parrokia-eliza BILAR

Izen Eztiko Santa Mariaren erretaula Santa Maria katedrala VITORIA-GASTEIZ

Jasokundeko erretaula nagusia Eskolunbeko santutegia Katadiano

KUARTANGO

Erretaula nagusia Jasokundeko Andre Maria parrokia-eliza PEÑACERRADA-URIZAHARRA

Erretaula nagusia Andre Maria Jasokundea parrokia-eliza Subilana Morillas

RIBERA ALTA

Erretaula nagusia San Pedro parrokia-eliza Morillas

RIBERA ALTA

Erretaula nagusia San Azisklo eta Santa Viktoria parrokia-eliza LANTZIEGO

Erretaula nagusia San Martin parrokia-eliza Estabelu

ARMIÑON

Erretaula nagusia San Migel Goiaingerua parrokia-eliza VITORIA-GASTEIZ

Erretaula nagusia Andre Maria parrokia-eliza AGURAIN

Erretaula nagusia San Saturnino Tolosakoa parrokia-eliza ZALDUONDO

Erretaula nagusia Santa María de los Reyes parrokia-eliza LAGUARDIA

Erretaula nagusia San Joan eliza AGURAIN

Erretaula nagusia Jasokundeko Andre Maria parrokia-eliza LABASTIDA

ERRETAULA LEKUA HERRIA

Erretaula nagusia Andre Maria Sortzez Garbia parrokia-eliza Buradon Gesaltza

LABASTIDA

Erretaula nagusia San Pedro parrokia-eliza Araia

ASPARRENA

Erretaula nagusia San Andres parrokia-eliza Urbisu

KANPEZU

BIZKAIKO LURRALDE HISTORIKOA

ERRETAULA LEKUA HERRIA

Erretaula nagusia San Emeterio eta San Zeledon eliza Goikoelexea

LARRABETZU

San Pedroren erretaula Andre Maria parrokia-eliza ORDUÑA

Erretaula nagusia Jasokundeko Andre Maria parrokia-eliza LEKEITIO

Pasioaren triptikoa Jasokundeko Andre Maria parrokia-eliza LEKEITIO

Erretaula nagusia Jasokundeko Andre Maria parrokia-eliza MARKINA-XEMEIN

Erretaula nagusia Jasokundeko Andre Maria parrokia-eliza MARKINA-XEMEIN

(Ziortzako kolegiata)

Erretaula nagusia Elexaldeko Andre Maria eliza GALDAKAO

Erretaula nagusia Andre Maria parrokia-eliza PORTUGALETE

Erretaula nagusia Uribarriko Andre Maria parrokia-eliza DURANGO

Erretaula nagusia Andre Maria parrokia-eliza GÜEÑES

Erretaula nagusia San Juan Lepamoztua parrokia-eliza Molinar

GORDEXOLA

Erretaula nagusia San Juan Ebanjelaria parrokia-eliza BÉRRIZ

Erretaula nagusia Santiago Apostolua parrokia-eliza ERMUA

Erretaula nagusia Jasokundeko Andre Maria parrokia-eliza ZORNOTZA

Erretaula Nagusia Antiguako Andre Maria Santutegia ORDUÑA

Erretaula nagusia Andre Maria parrokia-eliza GAUTEGIZ ARTEAGA

Erretaula nagusia Jasokundeko Andre Maria parrokia-eliza ZEANURI

Orduñako jesuiten ikastetxeko Jesus, Maria eta Joseren ikastetxea zena ORDUÑA

erretaula nagusia eta horren albokoak (Josefinoen ikastetxea)

Karmeldarren komentuko arte Karmengo Amaren komentuko eliza MARKINA-XEMEIN

multzoa (San Jose eta Santa Teresaren

erretaula nagusia eta albokoak)

Erretaula nagusia eta horren albokoak Joan Santuen parrokia-eliza BILBO

ERRETAULA LEKUA HERRIA

Pietatearen, San Krispin eta Bariko San Nikolas parrokia-eliza BILBO

San Krispinianoren erretaula nagusia

eta San Blas eta San Nikolasen albokoak.

Erretaula nagusia Andre Maria Sortzez Garbia parrokia-eliza ELORRIO

San Juan Bataiatzailearen eta Andre Jasokundeko Andre Maria parrokia-eliza BERMEO

Maria Sortzez Garbiaren albo-erretaulak

eta Errosarioko Andre Mariaren eta

San Joseren albokoak.

GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOA

ERRETAULA LEKUA HERRIA

Birjinaren Jasokundearen erretaula Andre Mariaren Jasokundea parrokia-eliza ERRENTERIA

San Antonen erretaula San Pedro parrokia-eliza ZUMAIA

Loiolako Etxeko otoiztegi ohiko Loiolako Santutegia AZPEITIA

erretaula

Pietatea Kaperako erretaula San Migel Goiaingerua parrokia-eliza OÑATI

Unibertsitateko Sancti Spiritus Oñatiko Unibertsitatea OÑATI

kaperako San Migelen erretaula

Erretaula nagusia San Andres Apostolua parrokia-eliza EIBAR

Erretaula nagusia San Pedro Apostolua parrokia-eliza ZUMAIA

Erretaula nagusia San Bizente parrokia-eliza DONOSTIA

Erretaula nagusia San Esteban parrokia-eliza OIARTZUN

Erretaula nagusia Ihidiko Andre Maria parrokia—eliza IRUN

Erretaula nagusia San Juan Bataiatzailea parrokia-eliza HERNANI

Erretaula nagusia Beneditarren komentua LAZKAO

Erretaula nagusia Jasokundeko Andre Maria parrokia-eliza BEASAIN

Erretaula nagusia San Migel Goiangerua parrokia-eliza OÑATI

Erretaula nagusia Loiolako Santutegiko eliza AZPEITIA

Erretaula nagusia Oxirondoko Santa Marina parrokia-eliza BERGARA

Erretaula nagusia Andre Mariaren Jasokundea parrokia-eliza SEGURA

Erretaula nagusia Andre Maria Sortzez Garbiaren komentuko eliza SEGURA

Erretaula nagusia Santa Klara komentuko eliza AZKOITIA

Erretaula nagusia Bidaurretako Hirutasun Guztiz Santuaren OÑATI

komentuko eliza

Erretaula nagusia Andre Mariaren Jasokundea parrokia-eliza ERRENTERIA

Erretaula nagusia eta albokoak Koruko Andre Maria parrokia-eliza DONOSTIA

II. ERANSKINA

ERRETAULEN SAILKAPENA ETA DESKRIBAPENA

Euskal Kultur Ondareari buruzko Legearen 12. artikuluak eskatutakoa betetzearren, honela sailkatuko ditugu erretaulak:

1.– Erretaula.

2.– Erretaula-taldea.

1.– Erretaula.

Kontuan izango den ondasuna kalifikatutakoa baino ez da izango. Horren barruan hauek sartzen dira: egitura (arkitektura), hori horman eta zokaloan ainguratzen duten sistemak eta erretaularen beste elementu guztiak, eskulturak zein pinturak izanda; baita erretaulari elkartutako santutegia ere, atxikia zein bereizia.

Mota horretako erretaulak ondorengoak dira:

Erretaula: Ama Birjinaren Poliptikoa

Non: Ihurreko Santiago Parrokia

Herria-Udalerria: Ihurre / Vitoria-Gasteizko Udalerria

Lurraldea: Araba

Erretaula-poliptiko gotikoa. Hiru gorputz eta lau kale ditu; azken hauek poliptikoaren lau ohol tolesgarriei dagozkie. Bitarteko kaleak bikoitzak dira eta ertzetakoak bakunak, erretaularen erpinean gabletea dagoelarik. Erdiko kaleari zegokion desagertutako lekuan Andre Mari gotikoa kokatzen da, haurrik gabe, eta erretaulako kutxetan izaera narratiboa duten eszenak garatzen dira erliebean, ikonografian batez ere Ama Birjinari buruzko pasarteak irudikatzen direlarik. Zutabe mehetan oinarritutako hiru lobulotako arkuetan enmarkatzen dira eszenak, eta arkuteria bakoitzak bere baitan irudi bat dauka beheko gorputzean eta eszena bat goiko bietan, guztiek azpiko aldean inskripzio bana dutelarik.

XIV. mendearen erdialdeko poliptiko hau Autonomia Erkidegoan gordetzen den erretaula gotikoen artean aztarnarik zaharrenetzat jotzen da, eta antipendiotik erretaularako trantsizioaren adibide argigarria dugu.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: San Juan Bataiatzalea Parrokia-eliza

Herria-Udalerria: Aspuru / Donemiliagako Udalerria

Lurraldea: Araba

Aspuruko (Araba) San Juan Bataiatzalea elizako Erretaula Nagusia gotikoa da, XV. mendearen bukaerakoa edo XVI.aren hasierakoa, Lope de Larrearen eskolako bankua dauka eta XVIII. mendeko polikromia.

Bi banku ditu -geroago erantsitako erromanista bata eta jatorrizko gotikoa bestea-, eta hiru gorputz hiru kaletan banatuak, kutxatilategi-aurrealde tipikoa osatzen dutelarik. Kardina, zurtoin eta bitxez betetako orla zulatu batek inguratzen du erretaula, kutxatilek alboetan kolomatxoak dituzte eta gainean droseltxoak gablete eta pinakuluekin. Erdiko kalean San Juan Bataitzailearen taila titularra aurkitzen da, zurtoin makurtuz eta "a candelieri" erako bi grutesko-plakaz apainduriko kaxan; eta bere gainean Jesukristoren bataioaren eszena, bien buruan droseltxo aberatsak daudelarik. Gainontzeko eszenen programa ikonografikoa titularraren inguruan ari da, eta predelan Hilobiratze Santua agertzen da pertsonaia askorekin eta bere kalitatearengatik gainerako eszenen artean nabarmentzen den egiturarekin.

Predela erromanista XVI. amaierakoa edo XVII.aren hasierakoa da, eta Lope de Larrearen tankerarekin bat dator, beronen obra izan daitekeelarik. Goiko aldean abarrez apainduriko taulamendua ageri du, eta erdiko nitxoan bi xafla gruteskoekin. Sagrarioa erdian kokatzen da eta alde bietako kutxatiletan ebanjelariak irudikatzen dira; azken hauek ez dute erakusten gainontzeko taila finek euren tolestura leun eta biribilekin daukaten estiloa.

Sagrarioak tenplete txiki tetrastiloaren itxura dauka, triglifoz eta frontoi triangularrez edertutako taulamenduarekin, erdialdean erliebe-lanak dituela; alboetako eta goiko nitxoko tailak desagertu egin dira.

Erretaularen polikromia neoklasikoa 1774koa dugu eta Pablo Jimenez pintore-urreztatzailearen lana da. Bere kromatismo nabarmena dauka ezaugarritzat, urrearen eta kolorearen bitartez lortua, barreneko lanean joera neoklasikoa azalduz, non gehienbat Prusia-urdina erabiltzen baita.

Aspuruko erretaulak, bere antzinatasunagatik duen garrantziaz gain, beste bitxitasun bat ere badakar: jatorrizko erretaula gotikoa ukaezinezko kalitatea daukan predela erromanista batekin uztartzea, alegia. Azken hau Lope de Larreari edo bere eragin-esparruari egotzi zaio eta XVI. mendeko ohitura liturgiko berrietara egokitzeko gehitu zitzaion.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Olanoko San Bartolome Parrokia-eliza

Herria-Udalerria: Olano / Zigoitiko Udalerria

Lurraldea: Araba

Olanoko (Araba) San Bartolome elizako Erretaula Nagusia tankera hispaniar-flandestarrekoa da, XVI. mendearen hasierakoa, pintura eta eskultura uztartzen dituen mazoneria gotikoarekin, eta XVIII. mendean berriz margotua.

Predela dauka erdian beranduago egindako sagrarioarekin (XVIII. mendean); hiru gorputz ditu eta atiko mailakatua; bost kaletan banatzen da, erdikoa albokoak baino zabalagoa izanik eta kutxa-aurrealde tipikoa osatuz. Hegazpean pinturak ageri ditu landare-gaiekin, taulen banaketa markatuz; tuba gotikoek itsatsitako zutabe sortakatuak dituzte eta pinakuluak errematean. Eszenak droseltxopean azaltzen dira, predelan izan ezik, non lau eszena garatzen baitira erliebean, pilastra bihurrikatuz bananduta, hirunako multzotan apostoluak eta elizako doktoreak dagozkien ikurrekin irudikatzen direlarik. Sagrario barrokoa erdiko gunean kokatzen da; atean bildots mistikoaren eta aingeruen erliebea dauka; eta alboko zutabetxoetan belarri-dekorazio barrokoa arrokaiarekin, ispilua hostailarekin eta fustea landare-motiboekin. Erdiko kalean, sagrario gainean San Bartolomeren imajina aurkitzen da; bigarren gorputzean Ama Birjinaren Jasokundearen taila bat eta atikoan Kalbarioa, alde banatan taula erliebedunak dituela.

San Bartolomeren erretaula hau bere antzinatasunarengatik nabarmentzen zaigu, eta bere ezohikotasuna Araban jatorrizko mazoneriaz gordetzen den kronologia honetako erretaula misto bakarra izatean datza. Horrelako egiturei jadanik guztiz dagokien bertikaltasun-zentzuarekin, Arabako erretaulen artean adibiderik zaharrenetarikoa dugu. Erdiko kaleko tailetan nahiz jatorrizko pinturetan kalitate oneko taxukera azaltzen du, eta lehenagoko erretaula posible batetik honetarako berriz aprobetxatu diren zati batzuk nazioarteko gotikoak lurralde arabarrean dituen lagin bakanenetakoak ditugu.

Halaber, bere jatorrizko kokalekua den eraikuntzarekin, hots, Erdi Aroko ezaugarriak dituen Olanoko San Bartolome elizarekin daukan elkartze orekatuaren bitartez multzo baliotsua osatzen du.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: La Encinako Santutegia

Herria-Udalerria: Artziniega

Lurraldea: Araba

Artziniegan (Araba) dagoen La Encinako Santutegiko Erretaula Nagusia gotiko berantiarra da, XVI. mendearen lehen herenekoa, Malinaseko maisuari egotzia, eta bere tipologiaren barruan EAEan onenetarikoen artean ipini ohi da.

Bankua eta hiru kale ditu, albokoak beste bitan banatuak; erdiko kaleak bi gorputz dauzka eta albokoek hiru, kutxatilategi-erretaularen egitura tipikoa osatuz. Erretaula gauzatzen duten hiru kaleen gainean hiru zatitako gailurra dago. Kaleak pilastra gotikoek enmarkatzen dituzte eta kutxatiletako eszenen eta zutabeetako eskulturen gainean trazeria korapilotsu eta filigrana oso meheko droseltxoak ageri dira. Goiko hegazpea apaintzeko kardinak eta kiribildutako landare-tailak daude.

Erretaulak garatzen duen programa ikonografikoa oso zabala da: Andre Mariaren aintzarako gaiak azaltzen dira batez ere, besteak beste, "Arte gaineko agerkundea" eta "Santutegia eraikitzeari buruzko elezaharra" aurkitzen direlarik, hala nola, Ama Birjinaren haurtzaroko eta Jesukristoren haurtzaro eta pasioko zikloak.

Alderdi estilistikoari dagokionez, erretaula honetan tankera bat baino gehiago uztartzen dira: batetik, tradizio gotikoa erretaulako dekorazioan, eta kutsu flandestarrak gaien tratamenduan hiperrealismorako joerekin eta xehetasun handiarekin; eta bestetik, jatorri italiarreko eragin errenazentista berriak, modelatu leuneko hainbat erlieberen fintasun teknikoan garbi asko nabari direlarik.

Ondoko sagrarioa, erretaularen garai berekoa, askea da eta tenplete-tabernakuluaren tipologiari dagokio, Alemania aldean asko hedatu zen eredu baten antza duelarik.

La Encinako erretaula, XVI. mendearen lehen laurdenean egina, bere antzinatasunagatik nabarmentzen da, EAE barruan lehenengotariko kutxatilategi-egitura delarik. Horrenbestez, mota honetako altzari liturgikoen agerpenik bikain eta zaharrenetarikoa dugu. Bere historian zehar hainbat eskuhartze izan arren, jatorrizko polikromia hein handi batean gordetzen du, zeinak margo-osagarri egokia eskaintzen baitu, eskultura eta egitura aldetik erretaulak dauzkan balioak azpimarratzeko. Eskultura, mazoneria (erliebe-lanak) eta polikromia garai berekoak izateak testigantza estetiko handiko multzo hibridroaren kategoria ematen dio erretaulari.

Bestalde, obra hau Malinaseko maisuari egozteak erretaularen kalitate artistikoa bermatzen du eta zalantzarik gabeko ospea ematen dio, artista flandiar hau XVI. mendearen hasierako garrantzitsuenetariko bat izan baitzen penintsulako goiko erdialdean.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Andre Maria Jasokundea Parrokia-eliza

Herria-Udalerria: Bilar

Lurraldea: Araba

Lehen Bizkundeko erretaula, etxetxodun motakoa. Bankua, bi atal eta atiko hirukoitza dauka; eta hiru kale eta lau tarteko kale. Harmoniaz osaturik dago, bertikalean garaturik. Erretaularen antolaketa arkitektonikoa zutabe, neto eta entablamenduek zehazten dute. Bankuan etxetxo ateburudunak eta hobi txirladunak daude txandaka, eta bata bestetik banatzeko, pilastrak darabiltza, harpe-erara apaindurik. Solairuetan, ordea, kaleetako etxetxoek marko arkodunak dauzkate eta tarteko kaleetako horma-konkak ere txirladunak dira. Erretaulako erdiko etxe nagusia puntu erdiko arku handi bat da, bigarren atalaren zati bat betetzen du, eta txirla bat dauka amaieran. Solairuetako zutabeek goiko herena ildaskatua dute, eta beheko aldea aingeruz eta harpe-erara apaindurik. Kapitelak joniarrak dira lehenengo atalean, eta korintiarrak bigarrenean. Atikoan, erdiko kalean, zutabe korintiarrak pilastra gainean; eta albokoetan, pilastra kutxadunak.

Erretaularen goi-goian, frontoi oker bana dago atikoaren alboko kaleen gainean, eta erdiko kalearen gainean beste frontoi hiruki bat, kiribilduraz apaindurik. Oso apaindurik dago: harpe-apainketa, aingeru-buruak, tondo bustodunak, sirenak, errezelak... eta horren guztiaren osagarri, bankuko muturretako atlanteak eta aingeru-irudi batzuk tarteko kaleetako errematean eta atikoko alboetako frontoietan.

Hobi eta kaxa barruetan eskultura-multzoak, tailak eta erliebe hainbat dago, kontaketarako gogotsu eta ikonografia aberatsekoak. Eskulturetako arpegiak oso adierazgarriak dira eta arropa eta bestelako gauza osagarriak zehatz-zehatz eginda daude. Irudiak lerdenak dira, mugitzen ari ote diren itxura bete-betekoak. Bizar eta buruko ileak adats biribilduetan batuak eta ohialak zimur ugarirekin. Erliebeetako eszenak bete-beterik daude.

Programa ikonografikoa horrela antolaturik dago: bankuan, muturreko kaleetan, "Azken afaria" eta "Ikuzketa", eta barruko kaleetan ebangelisten irudiak; erdian sagrarioa eta "Pietatearen" erliebea, eta alboetan San Pedro eta San Pablo. Lehen atalean, "Jasokundea" erdiko kalean, eta alboetan "Gurtzea" eta "Epifania" etxetxo nagusietan, eta apostoluak eta santuak txikienetan. Bigarren atala ere antzera dago antolaturik: "Tenplura agertu zenekoa" eta "Purifikazioa" alboko erdiko kaleetako etxetxoetan, eta apostolu eta santuen tailak gainerakoan. Erdiko arku handiaren gainean, erdiko kalean "Deikundea" dago irudikaturik. Atikoan, kalbario bat dago ororen aitzinean, eta alde banatara: Jesukristo lurrean erorita "Veronikarekin" eta "Enterru santua".

Tailak eta eskulturak apartak izango dira, baina polikromia ere ez da gutxiagorako. Erretaula baino beranduagokoa da, XVII. mendekoa, eta Juan González de Salcedo Eltziegoko urreztatzaileak egin zuen. Tailetan beste inon baino gehiago dago. Mazoneria, ordea, urre-kolorekoa da goitik behera. Koloreen erabilera dela-eta bereziki aipatu beharrekoa da nola darabiltzan urdinak, gorri biziak eta berdeak, estilo kontraerreformako batean. Irudietan bai esgrafiatuak bai estofatuak daude, txandaka.

Erretaula hau erromanismo aurreko arabar Bizkundeko aipagarrienetako bat dugu. Mende hartako bigarren hereneko hainbat maisu kualifikatuk egin zuten, esate baterako: Beaugrantarrak, Araoztarrak eta, ziurrenik, Arnao Bruselaskoak.

Erretaula: Izen Eztiko Erretaula

Non: Santa Maria Katedrala

Herria-Udalerria: Vitoria-Gasteiz

Lurraldea: Araba

Erretaula flamenkoa, mistoa: pintura eta eskultura. 1550 inguruan egina. Pedro Antonio de Gamiz enbaxadorearen dohaintza, Anberesko eskolakoa dela dirudi.

Arkitektura aldetik, fatxada eta etxetxoak darabiltzan erretaula-motakoa da, eta bankua, bi atal, hiru kale, eta goi-goian atiko bat dauka. Bankuan daude, hain zuzen ere, taula pintatuak. Kale arteko banaketa pilastra zabal batzuek egiten dute: kapitel joniarra daukate eta irudi antropomorfoz, oihal zintzilikatuz eta hainbat landarez daude apaindurik. Lehenengo atalean, etxetxoak karpanel erara daude enmarkaturik. Goiko aldean abar-itxurara daude apaindurik, eta osagarri modura, alboetan, giltzarrien lekuan, maskara batzuk ageri dira. Erdiko horma-konka altuagoa da eta konplexuago apaindurik dago, antropomorfo eta landare-irudiz. Kale arteko pilastra korintiarrak oso-oso apaindurik daude: hainbat animaliren irudiak, irudi antropomorfoak eta landareak. Bigarren atalean, zutabeak ageri dira: kapitela korintiarra dute, fusteak ildaskatuak dira goiko aldean, eta beheko aldea erliebez aipaindurik daukate. Alboko etxetxoak ere karpanel erara daude amaiturik, behekoak bezala, eta apainketa ere antzekoa dute. Erdiko horma-konka, ordea, gorantz luzaturik dago eta puntu erdiko arku bat dauka marko moduan; apainketa takotan egina, moldurak lobulatuak ditu, eta oso apainduta dago: antropomorfoak eta abarrak. Goi-goiko taulamenduak friso apaindua du eta erlaitza takeatuz apaindurik dauka.

Ikonografia dela eta, bankuan pintura manierista batzuk daude: San Joakim eta Santa Ana tenplotik erauziak, aingerua San Joakimeri berri ona ematen, eta San Joakim eta Santa Ana tenpluan limosna emanez. Lehen atalean, honako erliebe hauek: Jaiotza, Zirkuntzisioa eta haurraren aurkezpena; bigarren atalean, alboko eszenetako irudiak galduta daude (Jesukristoren haurtzaroko bi kontakizun ziurrenik), erdiko eszenan Ama Birjinaren lokartzea ageri da.

Erretaularen polikromia jatorrizkoa da, flamenko motakoa, eta hain zuzen ere, urre dizdirarazia eta urdin ilunaren arteko bikromatismoa darabilen eta ezaugarri nagusi ere horixe duen motakoa. Toki jakin-jakineko batzuetan estofatu piska bat ere badu, eta azal-kolorea matea da, oleo bidez egina.

Erretaulak dituen zeinu adierazgarri batzuek flamenkoa dela erakusten dute: albo banatara, bigarren atalaren parean, bi esku ageri dira, erreta, eta gaztelu bat ere bai, edo hori dirudi behintzat; eta zirkuntzisioaren eta aurkezpenaren erliebeen oinarrian beste esku txikiago bat, eskematikoa.

Estiloz, erretaula hau Lehen Bizkundekotzat hartzen da, baina –harrigarria da gero- apainketa manierista da, nahiz eta artean azkar izan horretarako. Apainketak, ziurrenik, Fontainebleauko jauregiko estukatuak ditu eredu-argi, eta gaietako batzuk garai hartako grabatu italiarretatik hartuta daudela dirudi.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Eskolunbeko Santutegia

Herria-Udalerria: Katadiano / Kuartangoko Udalerria

Lurraldea: Araba

Lehen Bizkundeko erretaula, egitura fatxada eta etxetxotakoa. Hiru atal eta atikoa ditu, hiru kale eta bi tarteko kale. Atikoan, kiribildura bana alde banatara, eta goran amaieran, frontoi bat eskulturaz apaindurik. Alboko kaleek tinpano oker bana dute amaieran, pitxar eta kiribildurekin. Lehen atalean, kale arteko banaketa sei pilastrek zehazten dute, harpe-itxurara aipaindurik; goiko solairuetan, zutabe joniarrak dira, fustea kanalduna dute eta beheko herena eskulturaz apaindurik daukate: ezkerrekoetan hainbat pertsonaia bilutsirik; eskubikoetan, berriz, obaloak eta ispiluak txarteletan enmarkaturik. Lehen ataleko etxe nagusian Ama Birjina dago, zutabe banarekin ezker-eskubi, eta zutabe horiek azpiko herena entortxatua. Erretaula taulamendu bidez dago banaturik zeharka, eta taulamendu horiek fantasiazko aingeru-buruz daude apaindurik. Apainketa aberatsa eta eder-zalea da, fantasiazko manierismoaren legeei jarraiki: pertsonaia bilutsiak txartel eta frutontziei eutsiz, harpe-apainketa, trofeoak, garezurrak, obaloak, ispiluak, aingeru-buruak...

Erretaulako ikonografiaren gaia Andre Maria da: erdiko kalean "Pietatea", "Ama Birjina tronoan eta koroa buruan duela" eta "Jasokundea". Lehen atalean, Ebanjelioaren aldean, "Deikundea" eta "Ikustaldia" daude, eta goiko ataletan, berriz, "Jaiotza eta artzaien gurtzea", "Erregeen gurtzea", "Ama Birjinaren lokartzea" eta "Espiritu Santuaren etorrera". Tarteko kaleetan hainbat santu, eta atikoan kalbarioa, ohikoa denez, eta kalbarioaren gainean Aita Betikoa, pertsonaia bilutsi bana duelarik ezker-eskubi, ustez, Adan eta Eva.

Polikromia dela-eta, XVII. mende hasierako lanak dirau gehien bat, garai "naturala edo zera biziarena" deitu den hartakoa. Tomas de Oñatik eta Mateo Martínez de Segurak egin zuten. Arkitekturaren eta jantzien zatirik handiena urre-kolorez dago pintaturik, eta irudietan erliebeko kolorea ageri da.

Erretaula Juan de Ayalak eta Jeronimo de Noguerasek egin zuten 1565-67 bitartean, eta Lehen Bizkundeko euskal erretaulen adibide paregabea da.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Jasokundeko Andre Maria Parrokia-eliza

Herria-Udalerria: Peñacerrada-Urizaharra

Lurraldea: Araba

Erretaula hau XVI. mendeko bigarren erdialdekoa da, Lehen Bizkundekoa, nahiz eta gauza batzuk erromanismoaren etorrera iragarri dagoeneko. Polikromia beranduagokoa du, XVIII. mendekoa. Bankua, bi atal eta errematea ditu, hiru kale eta tarteko bi kale. Sagrario-ekisaindu neoklasikoa dauka, tenplete-itxurakoa: kupula bat dauka gainean eta sei zutabe korintiarrek eusten diote.

Bertikalean, hara zerk zehazten duen erretaularen antolaketa: bankuan pilastra toskar batzuek; lehen atalean, zutabe joniar batzuek (fuste ildaskatua dute); bigarren atalean, zutabe korintiar batzuek (fustea ildaskatua dute eta beheko herena lisoa); atikoan lau zutabe daude, bi korintiarrak dira eta fustea ildaskatua dute, eta beste biek fustea balaustraduna dute. Alboko kaleetako barruko horma-konkak txirladunak dira eta taulamenduek friso apaindu bat daukate. Erdiko kalean etxeak besteak baino handiagoak dira, eta titularraren irudia duenak marko okerra dauka. Apainketa taulamenduetako frisoetan dago garaturik, eta erretaularen goiko aldean erremateko kiribildura batzuk ditu, erretaula bera baino beranduagokoak.

Erretaula honetako programa ikonografikoa Jesukristoren bizitzaren inguruan dabil jiraka. Erdiko kalean, aldarearen gainean, Santa Ana, Ama Birjina eta haurraren erliebe bat dago; gainean, Jasokundearen irudia –titularra baita-; eta azken-azkenean kalbarioa, profeta eta aingeruz inguraturik. Bankuan, alboko kaleetan "Deikundea" eta "Ikustaldia" daude; lehen ataleko etxetxoetan, berriz, "Epifania" eta "Artzaien gurtzea"; eta bigarren atalean, azkenik, "Baratzean errezoan" eta "Kalbarioko bidean". Bankuko tarteko kaleetan bi irudi ageri dira, pasioko tresnekin; eskubitara elizako bi aita dauzkate, eta ezkerretara, berriz, bi ebanjelista. Sagrarioaren alde banatara San Pedro eta San Pablo daude, bi aingeru hegadun txikiren alboan. Lehen eta bigarren ataletako zutabeartekoetan, hainbat apostolu.

Sagrario neoklasikoan, zutabeen artean –markotarako balio baitute oraingo honetan- zigorraz jo zuteneko eta Ecce Homo eszenak ageri dira alboetan; eta Pietatea erdiko kalean. Barruan, sakramentua goratzeko eszena bat; alboetara, aitak eta doktoreak; alboko hormetan apaiz nagusiak; eta atearen atzean, baratzean errezoan.

Estiloaren aldetik, tarteko erretaula bat da: egitura bai du Lehen Bizkundeko ereduen araberakoa, baina eragin erromanistak ditu eskulturetan eta apainketan, hainbat artistaren emaitza baita: Nicolas de Venero: irudigile honen arrastoa bankuko erliebeetan nabari da (adierazgarriak oso); Juan Ochoa de Arranotegi, Andres de Araoz eta Iñigo Ortiz de Zarraga eta Martin Ruiz de Zubiate (azken bi horiek korronte erromanistari loturik zeuden iada). Polikromia beranduagokoa da, XVIII. mendekoa, Estetika errokokoa hurbil dela iragartzen digu: urre biziak ia erretaula osoa hartu du, eta zati batzuk zizelkaturik daude, landare-itxuraz eta arrokailaren antzeko –horixe dakarkigute behitzat gogora- beste hainbat formaz. Irudien jazkeran, estofatuak errokoko joera erakusten du, eta azala leunketa bidez eginik dago, estetika horren beraren bidetik.

Estilo-nahasketa hori dela-eta, Burgosko eklektizismo espresibistatik hasi eta egonera deklamatoriotako protoerromanismoraino doa. Erromanismoaren aurreko euskal erretaulen artean, honako hau aparteko lana dugu.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Andre Maria Jasokundea Parroquia-eliza

Herria-Udalerria: Subilana Morillas / Ribera Altako Udalerria

Lurraldea: Araba

Bizkundeko erretaula, estetikaz manierista. XVI. mendeko bigarren erdialdeko hasierakoa. Erretaula mistoa da, fatxada eta etxetxotakoa. Bankua, bi atal, atikoa eta zazpi kale ditu (hiru atikoan). Atikoko erdiko kaleak frontoi hiruki bat dauka gainean eta erretaularen erdiko kalearen parez pare dago; atikoko alboko kaleak, berriz, erretaularen barruko albokoen parean daude. Erretaulako muturreko kaleak tinpano oker bana dute amaieran, eta tinpano horiek kiribildura eta pitxar banaz daude apaindurik. Kale arteko banaketa egiteko, zutabetxoak darabiltza: fustea kanalduna dute eta beheko herena ildaskatua. Lehen atalekoak joniarrak dira, eta gainerakoek kapitel korintiar eskematikoa dute. Egitura horizontala zehazten duten entablamenduak aingeru-buru hegaldunez apaindurik daude.

Ikonografiak Ama Birjinaren ziklotik eta Jesukristoren bizitzatik harturiko gaiak darabiltza. Erdiko kalean, tabernakulo bat txirla antzera apaindurik, eta barruan, Ama Birjinaren irudi bat haurra magalean duela. Gainean, hurrenez hurren: "Deikundearen" pintura txiki bat; "Kalbarioa" atikoan (Jesukristo, San Juan eta Ama Birjinaren irudiak); eta Aita Betikoa, azken-azkeneko frontoi hirukian. Bankuan honako pintura hauek daude: "Ikustaldia", "Jaiotza", "Zirkuntzisioa" eta "Epifania". Lehen atalean: "Ama Birjinaren Koroatzea", "Bataiatzea", "Egiptora ihesean" eta "Mariaren Jaiotza". Bigarren atalean: "Sortzez garbia", "Bataiatzailea predikatzen", "Jesukristoren tentaldiak" eta "Mariaren jasokundea". Alboko tabletako errematean, "Gurutzetik eraistea" eta "Biztuera". Osagarri modura, erretaulak honako tabla hauek ditu: Ebanjelistak (lehen atalean), Katalina eta Marina santuen irudiak (bigarren atalean) eta Bertute teologiakoak (predela).

Erretaula hau Euskadin den Lehen Manierismoko pintura-lanik garratzitsuenetako bat da. Juan de Salazar, Tomas de Oñate eta Andres de Miñano maisuak aritu ziren eta, tamaina dela eta darabiltzan gaiak direla, Araban den garai hartako erretaularik adierazgarrienetako bat da.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: San Pedro Parroquia-eliza

Herria-Udalerria: Morilas / Ribera Altako Udalerria

Lurraldea: Araba

Lehen Bizkundeko erretaula, XVI. mendeko lehen erdialdekoa. Taula gaineko pinturazkoa da, eta egitura fatxadakoa eta etxetxotan banatua. Bankua, bi atal eta atikoa dauka, eta bost kale, eta erdikoaren gainean frontoi hiruki bat, alboko barrukoetan hilargi erdi bana, eta erroleo bana muturrekoetan. Bankuan, taula baten eta bestearen artean pilastra bana dago, harpe antzera apaindurik; eta erretaularen gainerako zatietan zutabe fin balaustradun bana. Horizontalean, erretaularen egitura taulamendu batzuek zehazten dute, eta taulamendu horiek frisodunak dira eta aingeru hegadunak dauzkate apainketa modura. Bankuan sagrario-erlikitegi bat dago: hiru zatitan banaturik dago, eta zati bat eta bestearen artean zutabe balaustradun batzuk.

Ikonografia: bankuan 12 apostoluak ageri dira hirunaka. Lehen atalean, erdiko kalean, San Pedroren taila, eserita. Albokoetan santu titularraren bizitza dago kontaturik. Bigarren atalean jasokundea; eta alboko kaleetan: Deikundea, Ikustaldia, Jaiotza eta Epifania. Atikoan, kalbarioa, eta alde banatara: Jesukristo gurutzea bizkarrean harturik eta Jesusen gorpu gainean doluminez; eta muturretan, Isaias eta Jeremias profetak. Errematean, Aita Jaungoikoa, eta hilargi erdietan, emakumezko santu martiri batzuen irudiak. Sagrarioan, berriz, erdiko kalean Jesukristo arantzezko koroa duelarik buruan, eta alboetan, Ama Birjina eta San Juan errezoka.

Erretaulako pintura Martin de Oñateren tailerrekoek egin zuten eta, estiloz, Lehen Bizkundeko ezaugarriak ditu. Europa iparraldeko grabatuaren eragin handia dauka, eta Italiatik ere badu zerik hartua.

Morillaseko erretaula hau Bizkundeko euskal pintore-familia handietako baten tailerretik atera zen, eta Lehen Bizkundetik gaur egunerarte iritsi den pintura-talde eredugarrienetako bat da.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: San Azisclo eta Santa Viktoria Parrokia-eliza

Herria-Udalerria: Lantziego

Lurraldea: Araba

Errataula erromanista, 1570. urte ingurukoa; predela, bi gorputz eta atikoa (buruan Kalbarioa duela) ditu. Sekulako artelana da, Fernandez de Vallejo eta Pedro Arbuloren eskultura.

Predelan bost kale ditu erliebez jantziak, frisoa triglifozkoa eta Adan eta Ebaren eskulturak aldamenetan telamon gisa. Lehenengo gorputzean kaleak batak bestearekin muga egiten duen lekuan zutabe joniarrak daude, binaka antolatuta eta fuste ildaxkatuarekin. Zutabeak, beheko herenean medailoiez apainduta agertzen dira, bertan lau doktore irudikatuz; eta medailoien gainean kokatzen den taulamenduak landare dekorazioz estalitako friso jarraia azaltzen du. Frontoiak triangeluarrak dira, polikromatutako apaindura finez jantziak, eta goiko pisuko zokaloraino iristen dira. Lehenengo gorputzeko alboetako muturretan, zutabeen aurrean eskultura bana agertzen da, haurrak eskuetan ezkutuak dituztela.

Bigarren gorputzeko zokaloan, frontoien artean obaloak agertzen dira erliebez jantziak eta muturretan mukulu txikiak. Goiko pisuetako zutabeak beheko herenean lisoak (apaindurarik gabea) dira, kapitel korintiarrekin. Bigarren gorputza hiru kale eta bi kaletarteetan antolatuta dago, erdiko hormakonkak puntu erdiko arkua du eta kaletarteetan osaera serliana. Frisoak aingeruen buruez jantzitako dekorazio jarraia agertzen du. Alboetako kaleek frontoi kurbatuak dituzte, eta erdiko nitxoak buruan puntu erdiko arkua dauka, pisuko garaiera gainditzen du, eta frontoiak eta arkua etzandako eskulturez apaindurik agertzen dira. Atikoan, alboetako kaleek frontoi zuzenak dituzte frontoiaren burua kurbatua dutelarik; atikoaren erdiko zatian Kalbarioa irudikatzen da, alboetan medailoiak dituela eta buruan frontoi triangeluarra. Erretaulan dekoratuta agertzen dira, frisoak, tinpanoak, bigarren gorputzeko zokaloa eta burua; apaingarritzat erabiltzen dituzte, triglifoak, landareak, eta aingeruen irudiak eta buruak. Buruaren dekorazioa, medailoi eta eskulturekin, XVIII. gizaldikoa da.

Ikonografian, San Asisclo eta Santa Victoria santuen hagiografia, eta nekaldiaren eta andamariaren otoitzaldiaren pasarteak, eta sagrarioaren bi aldeetan, San Joan ebanjelaria eta San Mateo pasarteak irudikatzen dira; alboetako nitxoetan Azken afariaren eta Baratzeko otoitzaldia agertzen dira. Lehengo pisuan nitxo handiak daude, erdiko kalean santu titularrak irudikatzen dira eta alboetako plafoietan martirioaren pasarteak. Goiko pisuan, erdiko nitxoan Jasokundea, kaletarteetan San Pedro ate San Pauloren eskultura esentoak, eta alboko kaleetan bi erliebe, Ama Birjinaren lokartzea eta Ama Birjinaren koroatzea. Goragoko pisuan, Jesus gurutzearekin eta Gurutzetik eraistearean agerraldiak daude, eta erdian Kalbarioa; bertan, gurutzearen goiko aldean frontoi bat dago, Aita Betikoaren irudiarekin, eta gurutzearen oinean hainbat irudi daude, Ama Birjina, Magdalena, San Joan, eta alboetan San Lukas eta San Markos. Sagrarioan, modernoa izanagatik "Ecce Homo" eta Kristo zutabeari lotuta agertzen dizkigun jatorrizko eskulturak daude.

Polikromiak eredu kontraerreformistari jarraitzen dio, arkitekturako zatian urreztatuak ditu, frisoak koloredunak eta irudietan arropa itxurako estofatuak, haragi koloreko txartaketarekin. Kalitatezko polikromia da, apaindura finekin eta tonuen mailaketa egokiarekin.

Lantziegoko erretaula Fernadez de Vallejok berezko duen estilokoa da, bai eta arabar erromanismoko erretaula onenetarikoa ere, gerora eskultore horri egotzitako arabar eta errioxar produkzioan hainbatetan errepikatutako eredua. Arkitekturagintzan eta eskulturagintzan duen balioagatik eta polikromiaren kalitateagatik, Euskal Herrian dauden berpizkundeko erretaulen artean onenetarikotzat jotzen da, bai eta penintsula iparraldean dagoen erromanismoko erretaularik esanguratsuenatzat ere.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: San Martin Parrokia-eliza

Herria-Udalerria: Estavillo / Armiñongo Udalerria

Lurraldea: Araba

Erretaula erromanista da, Pedro López de Gamiz-ek egina eta 1561-67. urte ingurukoa. Sekulako da erretaula, egitura arkitektonikoa fatxadazkoa du, eta U itxurako oina, kokatuta dagoen elizako burualdeari egokituta. Predela, bi gorputz eta atikoa ditu, atikoa hiru kaletan eta gainontzeko zatiak bost kaletan antolatuta daude. Erdiguneko hiru kaleak buruhorma lauean lerrokatzen dira, bi alboko muturretan dauden kaleek U-ren besoak osatzen dituzte eta beso horien izkinetan bi zutabe erraldoi ditu, ordena korintiarrekoak; zutabe horien beheko herena lisoa da, eta zutabe horiek oinarrian landareez eta fruituez apaindutako mentsulak dituzte.

Predelak arkuz osatutako nitxoak ditu, erliebez josiak, eta pilastrak dekoratutako oinazpietan kokatutako mukuluzko irudiak. Goragoko pisuetan nitxoak ordena gainjarriko zutabeen artean aurkitzen dira, zutabe horiek oinarrian dekoratutako basamentua daukate. Erdiko kalean taulamenduak atzeraemanda agertzen zaizkigu eta arkuzko markoak dituzten nitxoez osatuta daude. Frontoi triangeluarrek lehenengo gorputzeko aldamenak eta atikoa koroatzen dituzte. Atikoan ildaxkatutako pilastrek bereizten dituzte kaleak, frisoak, berriz, takeatuarekin apainduta daude; erretaulako gainontzeko frisoek eta zokaloak dekorazio platereskoa aurkezten dute, gora doan heinean sinpletuz doalarik dekorazio hori.

Sagrarioa basamentuaren gainean kokatuta dagoen egitura esentoa da, aingeruez eta obalo itxurako atalak dituen zutabeez osatutako bi gorputz ditu; lehenengoan sagrarioa eta bere atean "Ecce Homo" a agertzen dira, eta erretaularen dekorazioa eskultura zehatzek osatzen dute.

Erretaularen ikonografia hainbat gairek osatzen dute, santu titularrari buruzko hagiografia, nekaldiko pasarteak, Jasokundea eta ebanjelarien, profeten eta apostoluen irudikapenak. Erdiko kalean gai nagusiak kokatzen dira, hala nola, lehenengo gorputzean San Martinen mukuluzko irudia agertzen da, bigarrenean, Jasokundea aingeruz osatutako hodei baten gainean, eta atikoan, Kalbarioa gurutzearekin eta Maria eta San Joanen irudiekin. Alboetan baina barnealdera hainbat pasarte irudikatzen da erlieebetan, eta muturretan, berriz, mukuluen

bidez. Behetik hasi eta gora honako agerraldiak ikus daitezke: predelan, Oinen garbiketa eta Azken afaria, pilastretan ebanjelarien mukuluak muturretan bi apostulu agertzen direla; lehenengo eta bigarren gorputzetan santu titularraren bizitzako agerraldiak daude plafoietan, hala nola, San Martin kapa erdibituz, San Martin gotzain gisa, San Martin hildako bat berpiztuz, Kristoren agerraldia San Martini, eta San Martin legenarduna besarkatuz. Gorputz horien alboetan San Pedro, San Paulo, San Sebastian eta San Rokeren irudiak daude; atikoan Kalbarioaren bi aldeetan Kristo bizkarrean gurutzea duela eta Kristo Jerusalenen sartzen. Errepertorioa Moises eta Dabiden eskulturek osatzen dute, hauek buruan agertzen dira.

Erretaulak kalitate plastiko handia du, arabar erromanismoko lehenengotariko obra da; erretaula honekin eredu klasiko bat finkatu zuen, euskal erromanismoan gertaera/une aitzindari bilakatuz.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: San Migel Goiaingerua Parrokia-eliza

Herria-Udalerria: Vitoria-Gasteiz

Territorio: Araba

Gregorio Hernandezek XVII. mendearen lehenengo erdian (1624-1636) egin zuen erretaula hau. Igaroaldiko erretaula klasizista da. Predela eta hiru gorputz ditu. Goiko gorputzek zokalo historiatua daukate. Azpiko pisuek bost kale dituzte eta goikoak hiru. Kutxak errektangeluarrak dira. Erdiko kaleetan mukuluak dituzte eta erliebeak muturretako alboetako kaleetan. Alboetako kalearteetan eta lehen gorputzeko erdiko kalean nitxoak dituzte, erdi-puntuko arkuarekin. Predelan eta goiko zokaloetan erliebez egindako pasarteak ikus daitezke. Pasarte horiek apaindurarako erliebeak dituzten marko errektangeluarren barruan daude. Aipaturiko irudi horiek erretaularen muturretako alboetan dauden zutabeen basamentuen gainean daude. Lehenengo bi gorputzetan, kaleak bereizteko fuste ildaskatuak dituzten zutabe korintiarrak erabili dira. Goiko gorputzean ordena konposatua duten zutabeak jarri dituzte. Frisoak landare-motiboez eta erlaizak figura dentikulatuez apaindu dituzte. Alboko kutxetan, kalearteetan, badira girlandaz apainduriko tarjetak. Alboetako kaleetan, karteladun aingerukoteez apaindu dituzte tarjetak. Kale nagusiaren gainean, bigarren gorputzean, santu nagusiaren kutxak frontoi ebakiaz egindako errematea dauka. Hortxe Espiritu Santuaren irudia dago eta bere aldamenean, kasetoiaren alboetan, bi aingeru ikus daitezke. Goiko pisuaren errematearen alboetan aletoiak badira eta erdian frontoi kurbatu ebakia. Frontoian, apaingarri, figura etzanak daude ikusgai. Errematean frontoi triangeluarra dago eta, alboetako zutabeen gainean, eskulturak daude.

Azpiko predeleko tronaduretan, ezkerrean "Deikundea" eta "Errege magoen jaurespena" erliebeak ikus daitezke. Eskuinean "Andre Mariaren aurkezpena" eta "Ikustaldia". Lehenengo gorputzean, nitxo kurbatuaren azpian, Sorkunde Garbia dago. Haren azpian dagoen idulkian aingeruen buru batzuk ikus daitezke eta idulkiaren alboetan gorputz osoko bi aingerukote daude. Alboetako nitxoetan San Pedro eta San Pablo daude. Alboetan, muturretan, "Jaiotza" eta "Zirkuntzisioa"ren erliebeak daude. Bigarren gorputzaren zokaloan ebanjelariak, jezarrita, eta mendebaldeko lau eliz irakasleak ikus daitezke. Bigarren gorputzean erretaularen santu nagusia dago eta bere alboetan San Sebastian eta San Felipe apostolua. Tronaduretan, Gargamo mendian goiaingeruaren agerraldiaren pasarteko bi irudi ikus daitezke. Azken gorputzaren predelan bertute kardinalak ikus daitezke eta pisuan "Kalbarioa". Haren ondoko hormakonketan San Joan Bataiatzailea eta Santiago Txikia daude. Erremateko eskulturak San Gabriel eta San Rafaelenak dira eta frontoian Aita Betikoaren figura dago.

Edozein ikuspegitatik begiratuta ere, oso erretaula bikaina da San Migelekoa. Erretaulan agertzen diren irudiak, irizpide barrokoak kontuan izanik, oso adierazkor eta naturalak dira. Polikromia, ia-ia, erretaularen garai berekoa da. Kontraerreformako arauak betetzen ditu: haragi-koloreak mateak dira eta estofatuek ehunaren itxura dute. Araban mantendu den eta oso-osorik Gregorio Fernandezena den lan bakarra da (Penintsulako iparrean erretaula-egileen arteko punta-puntako eskultorea izan zen Fernandez).

Erretaula: Erretaula Nagusia

Kokapena: Santa Maria Parrokia Eliza

Herria-Udalerria: Agurain

Lurraldea: Araba

Erretaula erromanista, Lope de Larrearen obra, bera hil ostean Frantzizko de Forondak amaitu zuena. Zortzialdeko oina eta laukizko eta fatxadazko egitura arkitektonikoa du. Harrizko oinarria, predela, hiru gorputz eta buruan atikoa ditu, hiru kale eta bi kaletartetan antolatuta. Nitxoak angeluzuzenak dira, lauki nagusia puntu erdiko arkuz markoztatua dago eta lehen eta hirugarren gorputzetako kaletarteetan fikziodun arkuak daude. Nitxoen aldamenean kokatzen diren zutabeak hainbat motatakoak dira, hala nola, ordena gainjarriko zutabe joniarrak, korintiarrak eta konposatuak, bikoak, eta fuste ildaxkatua eta bihurrikatua (bigarren gorputzean) eta beheko herena apaindua dutenak. Kaletako nitxoek buruan dituzten frontoiak ere era ezberdinetakoak dira, lehen gorputzeko alboetakoak triangeluarrak, bigarreneko aldamenetakoak zatituak, hirugarren gorputzean erdiko nitxoan frontoi kurbatua eta aldamenekotan kurbatu zatitua. Gainera, lehen gorputzeko aldamenetako nitxoek barrualdean beste frontoi bat daukate, kurbatu zatitua berau eta buruan kiribildura txikiak dituena. Frontoi gehienen isurkiak eskultura etzanen irudiez daude apainduta. Erretaulak buruan atikoa eta aletak ditu, bai eta frontoi triangeluarra ere, pitxer, pinakulu txiki eta haur eta aingeruen eskulturez apainduta.

Predela, neurri ezberdinetako panelez egituratuta dago, eta erliebez apainduta. Predelako erdiko kalean sagrarioa kokatzen da eta buruan eskulturak ditu telamon gisa. Erretaulako gorputzak paneletan daude antolatuta, alboetako paneletan erliebeek pasarteak agertzen dituzte, kaletarteetan irudi isolatuak daude ikusgai eta erdiko kalearen buruan Mariaren eta Kalbarioaren irudikapena egiten da. Erdiko kalean aurkitzen diren irudikapenak, zehaztuz, honakoak dira: Ama Birjina eserita haurrarekin, Jasokundea, Koroatzea, eta aipatutako Kalbarioa atikoan; lehenengo gorputzean Deikundea eta Ikustaldia kontatzen dira, bigarrenean, Jaiotzea eta Aurkezpena, eta hirugarrenean, Artzainen jaurespena eta Egiptora ihesaldia. Predelan ebanjelariak, elizako doktoreak, apostoluak eta alboetan atlante gisa aingeruen estatuak daude. Kaletarteetan, lehenengo gorputzaren parean San Pedro eta San Pauloren eskulturak agertzen zaizkigu; bigarrenaren gorputzean, San Jose haurrarekin eta San Joakin Ama Birjina haurra zeneko irudiarekin, eta bi irudi horien gainean eta frontoien parean bi lauki tartekatzen dira, profeten bustoekin; goragoko gorputzetan, berriz, Dabid eta Moisesen irudiak. Taldea osatuz ditugu, batetik, dohainak irudikatzen dituzten eskulturak frisoan, frontoietan eta lehenengo gorputzeko zutabeen fusteen beheko zatian; eta bestetik, gotzain eta santu bat lehenengo gorputzeko alboetan, eta erretaula osoa apaintzen duten aingeru eta haurren irudiak.

Erretaularen polikromia Diego Perezi egozten zaio, Araban XVII. gizaldiko lehenengo zatian nabarmendu zen margolaria. Estiloa nabarmenki kontraerreformista da, urreztatu leunduez eta estofatuez baliatzen da oihalak imitatzen saiatuz, bai eta leundu gabeez ere, denak kalitate handikoak.

Santa Mariako erretaula hau XVI. gizaldiaren azken hereneko iparreko erromanismoaren adierazle nagusia da; erretaularen ezaugarritzat aipa ditzakegu, mugimendu handiko osaera, kontrasteak (gauza bat bestearen aurrez-aurre jartzea batak bestearen efektua traba dezan), anatomia muskulutsuak, gainera, erretaularen goiko zatian badaude hainbat osagai lehen barrokoa iragartzen dutenak. Lope de Larrearen obrarik onenetarikoa da, bertan, maisuaren kalitate aparta agerian gelditzen delarik.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Kokapena: San Saturnino Tolosakoa Parrokia-eliza

Herria-Udalerria: Zalduondo

Lurraldea: Araba

Igaroaldiko erretaula klasizista, XVII. mendeko lehenengo erdian egindakoa. Erretaularen egiturak honako parteak ditu: predela, hiru gorputz eta burua. Hiru kale eta bi kalearte ditu eta oso ohikoa den kutxatilategi moduko antolaketa dauka. Pedrelan, marko errektangeluarren barruan, zabalerako kutxak ditu; beste kutxa batzuk, kaleen eta kalearteen artean daudenak, estuagoak dira. Handik gora, orden gainjarriaz antolatutako zutabeak badira: lehenengo gorputzekoak fuste bihurrikatuak dituzte; bigarren gorputzeko zutabeen fusteak ildaskatuak dira eta beheko herena apainduta daukate; hirugarren gorputzean ildaskatuak dira eta eraztuna daukate. Kutxak errektangeluarrak dira eta, alboetan, erdi-puntuko markoak dituzte (lehen eta hirugarren gorputzean). Bigarren gorputzeko erdiko kalean ere kutxak erdi-puntuko markoa du. Lehenengo eta bigarren gorputzetako kutxek frontoiak (zuzenak eta kurbatuak) dauzkate goiko partean. Lehenengo gorputzean, alboetako kaleetan frontoiak zuzenak dira eta erdikoan, berriz, kurbatua. Bigarren gorputzean, alboetako kaleetako frontoiak kurbatuak dira eta triangeluarra da erdiko kalekoa. Frisoek triglifoz eta metopaz apaindurik daude; lehenengo gorputzean arrosetoiak osatzen dituzte; bigarren gorputzeko frisoetan landare-motiboen bidez egindako apaindura jarraitua dago; hirugarren gorputzean apaindura dentikulatuak ikus daitezke. Bigarren eta hirugarren gorputzetan zokaloak, hainbat motiboz, goitik behera apaindurik daude. Lehen gorputzeko alboko kaleetako kutxatiletako zokaloak, bigarren gorputzeko kalearteetako zokaloak eta hirugarren gorputzeko kalearteetan eta alboetan dauden kutxetako zokaloak ere apainduraz beterik daude. Buruak kiribilduradun aletoiak ditu bai eta erdi-puntuko enmarkatuko enkasamendua ere. Erretaularen goiko partean, badira eskultura exentuak eta bolekin kiribilduradun erremateak.

Predelan dauden erliebeetan, altuerliebean, honako figurak ikus daitezke: goiko gorputzeko zutabeen euskarrietan, ezkerrean dauden kutxetan, Santiago erromes, San Mateo eta San Juan, eta ezkerrean San Lukas, San Markos eta San Bartolome. Paneletan, kale bakoitzean, santu nagusiaren bizitzaren irudiak agertzen dira ("San Saturninaren espetxeratzea" eta "Kristau berrien bataioa") eta kalearteetan "Kristoren erorketa" eta "Zigorraldia"ren pasarteak ikus daitezke. Predelaren erdian pizkundearen azken garaiko sagrarioa zegoen baina beheko zatia baino ez da guregana iritsi. Sagrarioaren oinplanoa semiobalatua da. Atearen ondoan fustea apaindurik duten zutabe korintiarrak ditu eta, alboetan, David eta San Joan Bataiatzailearen irudiak dituzten bi nitxo daude. Sagrarioaren frontoia ebakia da eta bi erroleo ditu. Bigarren gorputzean, sagrarioaren lau zutabek baino ez dute iraun (ildaskatuak eta kapitel korintiardunak); horien gainean Andre Mariaren zeruratzearen taila bat dago, XVI. mendean egindakoa. Ama birjinaren dirdirazko haloak lehen gorputzeko kale nagusia hartzen du.

Erretaularen lehen gorputzeko alboko kaleetan San Saturninaren martiritzaren pasarteak ikus daitezke. Irudien horien markoen gainean, paisaiak margoturik dituzten tarjetak daude. Kalearteetan, bata bestearen gainean, bi plano daude. Plano horietako bakoitzean altuerliebean egindako santu bana dago. Beheko santuen atzean (San Francisco eta Santo Domingo) margotutako paisaia dago. Goiko santuak (San Pedro eta San Paulo) mukuludun nitxoen gainean daude. Bigarren gorputzean, erdiko kalean, erretaularen santu nagusia den San Saturnina dago. Alboko kaleetan, erliebeetan, "Deikundea" (ezkerrean) eta "Ikustaldia" (eskuinean) daude. Erliebeen gainean, paisaiak dituzten kartelak daude. Kalearteetan, nitxo errektangeluarretan apezpiku santuak badira.

Azken gorputzean, erdiko kaleko irudian, "Kalbarioa" ikus daiteke. Alboetako kaleetan, erliebeetan, "Erorialdia, gurutzea aldean daramala" eta "Baratzeko otoitzaldia" pasarteak ikus daitezke. Kalearteetan martiri diren ama birjinak daude. Erretaularen buruan, aita betiko eta elizako lau doktoreak daude.

Erretaularen polikromia ona da eta erretaula bera baino zertxobait berriagoa da. Lan horrek Kontraerreformako ezaugarriak betetzen ditu. Aipagarri dira kutxatiletako hondoan agertzen diren paisaiatxoak.

San Saturninaren erretaula hau kalitate handiko lana da eta erromanismotik klasizismorako igaroaldia islatzen du. Bere egileen artean ospe handiko maisuak ditugu, hala nola Francisco de la Plaza mihiztatzailea, Pedro de Ayala eskultorea edo Mateo Lopez de Echazarreta margolari urreztatzailea.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Santa María de Los Reyes Parrokia-eliza

Herria-Udalerria: Laguardia

Lurraldea: Araba

Igaroaldiko erretaula klasizista da, kutxatilategi egiturakoa. Predela, behe zerrenda eta bi gorputz ditu, bai eta hiru kale eta bi kalearte ere. Oinplanoa elizaren buruhormari egokituta dago eta erretaula harrizko zokaloaren gainean kokatzen da. Predelan eta behe zerrendan marko lauko tronadura errektangeluarrak ditu. Horien artean, azpiko predelan, telamon moduko figurak ditu (euskarri gisa). Goiko predelan netoak daude, erliebedun pertsonaiekin. Erretaularen gorputzetan, kaleak banatzen dituzten zutabeak korintiarrak dira, eta fuste ildaskatua dute. Zutabeen azpiko herena dekoratua dago, lehen gorputzeko zutabeek dominandiak dituzte (bertuteen irudiarekin), eta bigarren gorputzeko zutabeek azpiko herena laua dute. Bigarren gorputzak zokaloa du eta bertan pilastra txikiak, bai eta kalearteetan kutxa txikiak eta friso dekoratua ere. Lehen gorputzeko alboetako kaleetako goiko parteetan, frontoi kurbatuak daude. Erdiko kaleko goiko parteko frontoia, berriz, triangeluarra da. Bigarren gorputzeko erdiko kaleko frontoia ere triangeluarra da eta alboetako kaleetakoak kiribilduraz ebakitako frontoiak dira. Taulamenduetako frisoak polikromiaz apaindu dira. Lehen gorputzaren goiko partean, frontoien gainean gizonezko figurak daude ikusgai, estilo erromanistako ohiturari jarraiki, etzanda. Atikoan bola formako erremateak, eskulturak eta, erdian, txarroa ikus daitezke.

Planteamendu trentinoei jarraiki, erretaulak programa ikonografiko osoa garatzen du. Azpiko predelan, alboetan, euskarri diren figurak bertuteak dira, eta erdiko kalearen alde banatan Adan eta Eva dira. Alboetako tronaduretan "Baratzeko otoitzaldia" ikus daiteke, eta, kaleetako irudietan, "Atxiloketa" agertzen da. Kalearteetako irudietan "Jesus, Pilatosen aurrean" eta "Ecce Homo" eszenak daude ikusgai. Goiko predelan lau doktoreak agertzen dira, bai eta, muturretan, San Anton eta San Kristobal ere. Alboetako kaleetan "Kristoren erorketa" eta "Kristoren ehorzketa" agertzen dira (kalearteetan behin egondako "Zigorraldia" eta "Arantzazko koroapena" desagertu dira). Predela eta behe zerrendako erdiko kalean sagrarioa dago. Jatorrizkoa aldatuta dago, eta, gaurkoak oinplano karratuko bi pisu ditu. Zutabeak ildaskatuak dira eta kapitel korintiar konposatua dute. Egitura horren gainean tenplete erdihexagonala dago. Piñaz amaitzen den laranja erdiak estaltzen du tenpletea. Egitura horren bigarren gorputzean "Berpizkundearen" erliebeak ditu, erdian, eta "Kristo gurutzean" eta "Kristoren agertaldia Andre Mariaren aurrean", alboetan. Kolomarteetan San Agustin eta Donemiliaga daude eta goiko partean "Antzaldaketaren" figurak ikus daitezke.

Lehenengo gorputzean, erdiko kalean Andre Mariaren Zeruratzea errepresentatzen duen altuerliebea dago. Kalearteetan, erdi-puntuko arkuan, San Joan Bataiatzailea eta Santiago Txikia ikus daitezke. Alboetako kaleetako tronaduretan "Urrezko atearen misterioa" eta "Andre Mariaren jaiotza" agertzen dira. Bigarren gorputzean, zokaloan, Santa Luzia eta Santa Ageda daude. Erdiko kalean, "Kalbarioa" dago eta alboetako nitxoetan, puntu-erdiko arkuaren azpian, Donemiliaga eta Santo Domingo. Kaleetako erliebeetan "Errege magoen jaurespena" eta "Aurkezpena" agertzen dira. Erdiko kalean goiko partean "Deikundea" dago, eta alboko kaleetako goiko parteetan San Gregorio eta San Prudentzio daude.

Polikromia, erretaula bera baino zertxobait geroago egin zen, irizpide kontraerreformistei jarraiki. Urreztatuaren gainean honelako arkitektura-elementuak ikus ditzakegu: estofatuak eta frisoetan esgrafiatuak dituzten apaindurak, kapitelak, zutabe-herenak eta kartelak. Figuretan estofatuak eta teknika mistoaz egindako haragi-koloreak badira.

Juan de Bascardo maisuak Araban egin zuen lehen lana dugu erretaula hau. Bascardoren lehenengo garaikoa da, ohitura erromanistakoa, beraz. Artistaren garapena ikus daiteke lan horretan, hasierako xehezaletasuna eta azalen trataera leuna, heroien jarrera duten pertsonaiak (Miguel Angel-en estilokoak) eta contraposto manieristak; eta geroagoko konposaketa baretuak, keinuketa gutxiagoko formak, tolesketa gogorragoak eta korronte erromanistak zekarren idealizazioa gero eta baztertuagoa agertzen zaigu. Lanaren kalitateagatik, polikromien eta tailen estiloen arteko bateratasunagatik eta taxueragatik (Vignolaren ereduan Euskal Herrian ezagutzen den lehenengoa) erretaula horrek lehen mailako kategoria dauka hasierako barrokoan.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: San Joan Eliza

Herria-Udalerria: Agurain

Lurraldea: Araba

Mateo de Zabalia maisu gipuzkoarrak 1646 inguruan burututako erretaula klasizista. Erretaulako mihiseak Flandesko Pedro de Obrel pintoreak eginak dira. Fatxada erako egitura arkitektonikoa du erretaula honek; predela, bi gorputz eta atikoa ditu, azken hau hiru kaletan banatuta. Harrizko zokalo baten gainean bermatuta dago guztia ere. Altzaria Vignolaren ereduei jarraiki egina dago, trazaera orekatua du, fuste ildaskatuko zutabeak erretaularen ataletan, eta frontoi makurtua. Apaingarri gisa bolak, pinakulu luzaskak eta atikoaren albo bietara agertzen diren aingeruen busto bana agertzen dira. Gorputzen taulamenduetan friso dekoratuak eta erlaitz irtenak ditu erretaula honek, eta hauen artean, lehen gorputzeko frisoa nabarmentzen da, eserita dauden aingeru-haurtxoen eskulturekin apainduta berau. Alboko kaleetako, bigarren gorputzeko erdiko kaleko eta atikoko enkasamenduetan, sei mihise handi ikus daitezke, bai eta beste mihise txikiago batzuk ere bigarren gorputzeko predel eta zokaloko kale eta netoetan.

Erretaula honen gai nagusia Joan sainduen bizitzako hainbat pasartek osatzen dute, eta horrekin batera, "Andre Mariaren koroatzea", "Pasioa", apostoluak, elizako gurasoak eta sainduak irudikatzen dira halaber. Predelean apostoluak azaltzen dira "Mendiko sermoia" eta "San Joan Ebanjelariaren nekaldia" pasarteetako eszena gainetik margotuekin batera. Lehen gorputzeko pinturetan "Kristoren bataioa"ren eta "Bataiatzailearen lepo-moztea"ren irudiak ikus ditzakegu. Bigarren gorputzeko zokaloan, Elizako gurasoak agertzen dira, eta San Frantzisko eta Santo Domingo, berriz, zutabeen basamentuetan; paneletan, aldiz, haurrak jolasean, Kristo hilda, eta "San Juan aingerua suzko zutabeen gainean ikusten". Bigarren gorputzean, "San Joan bataiatzailea basamortuan" eta "San Joanen ikustaldia" agertzen dira eta, erdi-erdian, "Bataiatzailearen jaiotza". Atikoan "Andre Mariaren koroatzea" dugu eta frontoian, azkenik, bi aingeruren irudia.

Altzari honen urreztadura estilo barrokoari jarraiki egina dago, kolore-ukitu txikiekin adarretan, eta busto eta hegazti txikiekin. Aipatzekoa da hostotzaren neurria eta kolore-biziak, urdin, berde eta gorriminez margotuta baitaude.

Erretaula osoa lehen mailako artelana dugu, kalitate handiko pintura flandestarra eta egikera oneko arkitektura uztartzen baititu. Maisu klasizista askok eredutzat hartu zuten erretaula hau eta goia jo zuen estilo honek Arabako lurretan izandako garapenean.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Jasokundeko Andre Maria Parrokia-eliza

Herria-Udalerria: Labastida

Lurraldea: Araba

Estilo barroko churriguereskoko erretaula bikain hau 1672-1691 bitartean egina da. Urreztaduraz jantzitako intxaurrondo egurrezko altzari ikusgarria dugu erretaula eta zizailuaz, bi gorputzez eta oskol handi batez osatzen da. Bertikalean, kapitel korintoarreko zutabe salomondar bikoteez banatutako hiru kaletan antolatzen da. Zutabeen fusteak mahatsondo, landare eta hegaztiekin apainduta daude eta muturretan ere halako apaingarriak agertzen dira tarteka.

Zizailuan, erliebez landutako alboko kaleak eta santutegia hartzen duen erdiko kalea bereiz ditzakegu. Lehen gorputzean, erdi-puntuko horma-konka nagusian, egikera modernoko santutegiaren gainean, Aingeruetako Andre Mariaren irudia ikus dezakegu. Ama Birjina hau Toloñoko Jeronimotarren monastegitik ekarri zen Bastidako eliza honetara, 1835 urtean. Alboetako horma-konkak erdi-puntukoak dira halaber, eta mukulu-tailez osatzen dira. Alboetara oxkarrez apaindutako pilastrak dituzte. Bigarren gorputzak bere zizailua du, erdi-puntuko horma-konka nagusi batez eta alboetako horma-konkez osatua. Hauek ere pilastrez inguratuta daude eta dintelduak dira. Zutabeak eta pilastrak oxkarrez eta zintzilikariez osatutako dekorazioaz apaindutako oinarrietan bermatzen dira. Gorputzen arteko banaketa dekorazio oparoko taulamenduen bidez egiten da, eta horma-konketan egikera konplexuko kartelak agertzen dira apaingarri gisa. Erretaulak neurri handiko oskol itxurako errematea du, gehiegi apaindutako hiru ataletan banatzen delarik. Apaingarrion artean aingeruak eta kerubinak nabarmendu ditzakegu, eta hauetako bi argiztatze-lanparetako kordoiak eusten dituztela ageri dira. Zehaztasun handiz landutako neurri handiko edergarriak oinarri, mentsula, kartela, friso, pilastren kutxa, arkubarnera eta arkuarteetan zehar banatzen dira; eta "horror vacui" churriguereskorako joera nabarmena ageri zaigu erretaula osoan.

Erretaula honetako ikonografian "Artzainen Gurtza" eta "Hiru Errege Magoen Gurtza" bezalako gaiak jorratzen dira. Lehen gorputzean Toloñoko Andre Mariaren taila agertzen da, erakus-mahai moduko santutegiaren gainean, eta San Pedro eta San Pabloren irudiak alboetako horma-konketan. Erretaula osatzen duten bi gorputzak banatzen dituen frisoan, ebanjelarien eta Santo Tomas eta San Bartolome apostoluen irudiak ikusten dira. Bigarren gorputzean, erdiko kalean, Andre Mariaren Jasokundearen irudia agertzen da aingerutxoen artean, eta alboko horma-hilobietan San Joan Ebanjelariaren eta Santiago Nagusiaren irudiak ikus ditzakegu. Frisoaren gainean, "Elizako Lau Doktoreak" eta bi apostoluren irudiak agertzen dira. Multzo osoa itxiz, Hirutasun Guztiz Sainduaren irudi bat ikus daiteke oskolan; bertan Jainko Aita eta Semea agertzen dira koroa bat eusten, ezker-eskuinera musika-tresnak jotzen ari diren aingeruak, kerubinak eta arkanjeluak dituztela.

Erretaula honek barroko estiloko polikromia ona du, egitura arkitektonikoa eta edergarri guztiak estaltzen dituen urreztaduran oinarritua. Eskulturetan erregosketa-lanak nabarmentzen dira jantzien oihaletan eta kolore fin eta gardenez landutako zerrenda edergarrietan. Horretarako, irudien naturaltasuna biziagotzen duen prozedura mistoa erabili da haragiztatzeetan.

Altzari hau eskultura-, arkitektura- eta dekorazio-lan bikaina dugu, neurri handikoa, eta estilo churrigueresko goiztiarraren adibide bikaina. Erretaula osatzen duten elementu guztietan estilo honek berezkoa duen gehiegizko dekorazioa, dinamikotasuna eta antzerki-jitea nabarmentzen da. Euskarrien artean zutabe salomondarrak erabiliko zituen Arabako lehenbiziko dugu Bastidako erretaula hau. Egiturari dagokionez, ereduzko erretaulatzat jotzen da honakoa, multzoak osaketa aldetik duen batasuna eta oinaren dinamikotasunari esker, alboko kaleak aurreratuxeagoa agertzen baitira, eta nabarmentzekoa baita, halaber, elizburuaren zortzi aldeetara egindako egokitzapena. Erretaula honen eskultura eta polikromia egikera egokikoak ditugu, eta bat datoz multzo osoaren arkitekturarekin, ezaugarri horiei esker, Arabako ondarea osatzen duten altzaririk garrantzitsuenetakotzat har daitekeelarik.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Andre Maria Sortzez Garbia Parrokia-eliza

Herria-Udalerria: Buradon Gatzaga / Labastidako Udalerria

Lurraldea: Araba

Rococo estiloko erretaula nagusia Francisco de Sabandok egin zuen 1775ean. Oina lerronahasia da, Borromini arkitektoaren ereduari jarraiki. Erretaula zizailuaz, gorputz bakar erraldoiaz eta oskol formako erremateaz osatzen da, eta hiru kaletan banatzen da, erdikoa delarik zabalena. Banaketa bertikala fuste ildaskatua duten zutabe korintoarren bidez eta apaindura oparoz jantzitako mentsuletan bermatzen den arrokaien bidez egiten da. Zutabe hauen gainean oin hautsiko taulamendua luzatzen da. Taulamendu honek frontoi kurbo erdibitua du erdiko kalean. Azken kale honek goranzko joera nabarmena du eta predelaren parean gainditu egiten du santutegia, Sortzez Garbiaren irudian hasi eta kalean ixten duen frontoi hautsiaren bidez oskolaraino luzatzen den goitik beherako konposaketa jarraia osatzen duelarik. Santutegia tabernakulu motakoa da, eta fuste ildaskatua duten zutabe korintoarrez osatzen da. Santutegiaren gainean, Sortzez Garbiaren taila agertzen da, eta alboko kaleetako irudiak bezalaxe, erdi-puntuko errematea duten horma-konketan kokatuta dago. Altzariak dekorazio oparoa du, rococo estilokoa, eta horixe da, hain zuzen ere, erretaula osoaren ezaugarri bereizgarriena, hostotza, arrokaia, zintzilikari, xingola, pitxer eta aingeruetan oinarritutako apaingarriak.

Programa ikonografikoa erliebeez eta tailez osatzen da. Zizailuan, alboko kaleetan, bi kasetoi agertzen dira "Artzaien Gurtza" eta "Errege Magoen Gurtza" irudikatzen duten erliebeez apainduta. Gorputz bakarraren alboko kaleetan ikus daitezkeen tailek San Pedro eta San Andres irudikatzen dituzte. Erdiko kalean Sortzez Garbiaren taila ikus dezakegu, alboetako kaleetakoak baino txikiagoa, eta honen gainean, gloria barrokoa, Aita Betierekoa aingeruen artean ikusten dela behe aldean, eta Izpiritu Saindua irudikatzen duen usoa goiko aldean, aingerutxo-multzo batzuez inguratuta.

Altzaria barroko garaiko joerari jarraiki urreztatuta dago. Urreztatze-lana Santiago de Zuazok egin zuen 1790ean, eta neoklasizismoa iragartzen duten hainbat ezaugarri nabarmentzen dira dagoeneko, hala nola, hodeien zilarreztadura eta zenbait tarteetako brontzeztadura.

Erretaula hau, Araban dauden oskol itxurako ale bakanetakoa izateaz gain, erretaulagintza rococoaren eredu adierazgarrienetakoa dugu Euskal Herrian.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: San Pedro Parrokia-eliza

Herria-Udalerria: Araia / Asparrenako Udalerria

Lurraldea: Araba

Erretaula nagusia da, neoklasioa; predela du, eta gorputz bakarra, hiru kaletan banaturik, eta kaskaroia. Gregorio Dombrasasen trazaren arabera eraiki zen 1790. urtearen inguruan, eta Mauricio Valdiviesoren eskultura du; polikromia López Torrek egina dela uste da.

Erretaula zokalo gainean dago eta predelak zutabe erdiak ditu; zutabeok eskegitako girlandak dituzte eta kaleak bereziten dituzte. Erdiko kalean, garai hartako sagrarioa dago, alboetan artekatutako pilastrek apainduta; oinplano poligonala du eta errematean kupula. Arrosazko girlandeek inguraturiko zutabe erdien alboko erregistro ahurretan margoturiko panelak daude. Gorputz bakarraren fuste lisoko sei zutabek -erdiko kalearen alboetan daudenak, pareatuak dira- eta kapitel konposatuak espazioa antolatzen dute. Zutabeen gainean taulamenduak oinplano mixtilineoa aurkezten du. Erdiko aldean apurturik dago eta erdiko alde horretan nitxoaren frontoiaren errematea dago. Nitxoa erdi-puntuko kutxa da, eta alboetan entaulamenduari eusten dioten zutabe korintiarrak ditu. Entaulamenduan, berriz, frontoi kurboa dago eta goialdean eskultura bat du. Alboetako kaleetan erdi-puntuko hormakonken albo banatan pilastra artekatuak daude eta frontoi zuzendun entaulamendua dute. Kalearen hondoaren dekorazioan moldurak eta girlandak daude. Atikoa kaskaroikoa da eta bere dekorazioan honako hauek daude: meandro biribilak eta arrosetoiak, azken horietan lotutako motiboak daude, erdiko gunea erdizirkularra da eta hondoa pintaturik du.

Erretaularen pinturek Deikundea eta Ama Birjinaren ezkontza irudikatzen dituzte. Gorputz bakarreko hormakonketan honako irudi hauek daude: San Pedro, elizaren titularra; bi aingeru, tiara eta langet bikoitzeko gurutzea daramatzatela; Ama Birjinaren irudia aingeru-oinazpiko gainean; eta, San Jose. Azken bi horiek alboetako kaleetan daude. Kaskaroiaren erdiko aldean Kristo gurutziltzatu barrokoa dago, eta horren gainean Jaungoikoaren irudia kerubin-hodei baten artean. San Migelek deabruari irabazten diola irudikatzen duen eskulturak erretaularen ikonografia osatzen du.

Erretaularen polikromia ondo egokitzen zaie kanon neoklasikoei. Margo planoek arkitektura-elementuak estaltzen dituzte; margook marmor eta jaspeak imitatzen dituzte apaindura-motiboetan eta brontze tonua duen doratua moldura, kapitel eta erabiltzen da. Tailen polikromian oihalak lisoak dira eta haragia irudikatzen dutenak leunduraz egina daude.

Erretaula hau XVIII. mende bukaerako korrente akademizistaren onenetarikoa da Araban. Arabako neoklasizismoan izandako egilerik onenek egin zuten.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: San Andres Parrokia-eliza

Herria-Udalerria: Orbiso / Kanpezuko Udalerria

Lurraldea: Araba

Erretaula nagusia hibridoa da; laukiz osatutako egitura erromanista du, kaskaroi handiko organismo rokokoan sartuta. Erretaula triptiko modukoa da eta tenpluaren absideari atxikitzen zaio; bost kaletan antolaturik dago, erdiko aldean hiru, eta beste bi, alboetan. Honako ezaugarri hauek ditu: predela altua, hiru gorputz eta kaskaroia. Predelak erliebedun bi banda ditu, erdiko aldean sagrarioa dago, eta horrek lehenengo gorputzaren zati bat hartzen du. Sagrarioak tenplo txiki baten itxurako egitura du, eta gorputz nagusia dinteldua du; frontoi triangularra eta entaulamenduak zutabe joniar txiki bi ditu euskarri, eta erremateak linterna-egitura du. Erretaularen gorputzetan erdiko kaleak mugaturik daude landare-girlandez eta eroritako oihalez; alboetako kaleetan, berriz, zutabeak daude, hiru ordena klasikoetakoak elkarren gainean jarrita. Gorputzak banatzeko entaulamenduak soilak dira bigarren eta hirugarren gorputzetan; lehen gorputzean, berriz, apaingarriak ikus daitezke: triglifoak eta arrosadun metopak.

Erdiko kalean, sagrarioko nitxoaren gainean, elizari izena ematen dion santuaren eskultura dago, eta, gorago, hirugarren gorputzean, beste taila bat, biak ere erdi-puntuko arkua dutela gainean. Aurreko aldean, alboetako bi kaleetan, erliebedun panelak daude, lehen eta bigarren gorputzekoek frontoi triangularra dutela gainean. Goi-goian, kaskaroian, Kalbario multzoa dago erdiko aldean; eta goiko aldean, Espiritu Santua, hodei eta izpi distiratsuak dituela. Gainontzeko plementuen dekorazioan arrokaia-elementuak daude. Erretaula osatzeko, alde banatan, girlandez eta oihalez apaindutako pilastrak.

Erretaula narratiboa da eta Pasioa, San Andres eta Ama Birjinaren Jasokundea erakusten ditu. Bankuak hamasei erliebe ditu, eta, besteak beste, era honetako gaiak azaltzen dira: "Baratzeko otoitzaldia", "Kalbarioko bidea", Bertuteak, santuak, Elizako doktoreak, profetak eta Itun Zaharreko pertsonaiak. Nabarmentzeko modukoak dira emakumezkoen lau irudi, medailoi obalatuetan agertzen direnak: itxaropena, fedea, Santa Katalina eta Santa Maria Magdalena. Erdiko kalean, sagrario gainean, San Andresen eskultura handia dago, eta, horren gainean, hirugarren gorputzean, erdian, Jasokundearen irudia, aingeruz inguratua. Lehenengo gorputzean, Azken Afaria eta Ikuzketa daude; bigarrenean, San Andresen epaiketa eta martirioa; eta azkenengoan, Deikundea eta Ikustaldia. Kanpoko alboetako erregistroetan, behetik gora, honako hauek daude: San Pedro eta San Pablo, San Juan ebanjelaria eta San Elias, eta Santa Luzia eta Santa Marina. Multzoak errematean kaskaroia du eta bertan Kalbarioa dago, rokoko erara egina.

Polikromia, elkarri ondo egokitutako bi garaietakoa da. Alde batetik, Diego Arteagak 1632. urtean egindako pintura kontrarreformista; eta bestetik, urre leundu eta brontzeatua eta motibo txinatarrak dituzten erliebe-lanak dituen polikromia rokokoa.

Erretaula hau garrantzitsua da hibridoa delako; maisu-lan handia egin zuten, ezin hobeto nahastuta eta egokituta baitaude kaskaroi rokokoaren egitura deigarria eta lan erromanistaren soilatasun eta dotoretasuna. Harmonia hori erretaularen pinturagintzan ere ikusten da; polikromia rokokoak lan erromanistaren polikromia kontrarreformista errespetatzen du. Horretaz gain, nabarmentzeko modukoa da eskultura erromanista, Juan eta Andres Aroz tailagile bikainek egina.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: San Emeterio eta San Zeledon Eliza

Auzoa-Udalerria: Goikoelexea / Larrabetzuko Udalerria

Lurraldea: Bizkaia

XVI. mendearen hasierako erretaula hispaniar-flandestarra da, kutxatilategi motakoa, predela, hiru kale eta landare-zerrendez apainduriko hegazpearekin. Alboko kaleetan hiru gorputz ditu, eta erdikoan. bi gorputz errematearekin. Pilare gotiko pinakuludunek enmarkatzen dituzte kaleak, eta kutxatiletan egitura fineko droseltxo filigranatuak agertzen dira, adierazlerik oparoena -trazeria korapilotsuko gableteekin- erdiko kaleko Ama Birjinaren droselean dagoelarik. Predelak, hegazpean dagoen moduko erremate-zerrendarekin, bost kutxatila agertzen ditu, arkutxo konopialetan lekututako erliebeekin eta kolomatxo eta pinakuluen bitartez bereizirik, erdiko kutxatila, zabalagoa, erretaularen erdiko kaleraekin bat datorrela. Eszenen barreneko aldeak arkutxo eta trazeria gotikoz ederturik daude; eta hauek droseltxo eta urrezko polikromiarekin batera obrari eite filigranatu eta dotorea ematen diote.

Erretaularen programa ikonografikoak hamabi apostoluak ditu predelan, antolaketa simetriko tipikoaz, erdiko ardatzean Kristoren irudia daukalarik; erdiko kalean santu titularren mukulu biribilak armadurarekin, eta hauen gainean, gai nagusi bezala, Ama Birjina haurrarekin bi aingeruk koroatzen dutela; alboko bi kaleetan beheko gorputz biek patroien martiritza irudikatzen dute: epaiketa, eroatea, martirioa eta zeruko sarrera, eta goiko aldean Deikundea [Anunziazioa] eta Jesukristoren Jaiotza ageri dira.

Obra hau bere antzinatasunarengatik, estiloarengatik eta San Emeterio eta San Zeledon martirien zikloan oinarritutako ikonografia bereziarengatik ezohiko pieza bat dugu euskal erretaulen artean: Eta bere balio artistikoari Bizkaiko Jaurerriko zin-eliza zaharretariko batean kokatua egotea erantsi behar zaio.

Erretaula: San Pedroren Erretaula

Non: Andre Maria parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Orduña

Lurraldea: Bizkaia (Gasteizko Elizbarrutia)

Orduñako Santa Maria elizan dagoen Olasotarren kaperako San Pedroren erretaula tankera gotiko-hispaniar-flandestarrean moldaturiko obra bat dugu, XVI. mendearen lehen laurdenekoa (1500-1510), eta egile ezezagunarena.

Kutxa-egitura tipikoa dauka, predelarekin eta bi gorputzeko hiru kalekin. Kaleen arteko bereizketa zutabetxoek gauzatzen dute, zeinek pinakulu estilizatuetan amaitzen diren horma-konkak baitituzte. Espazioaren banaketak barnealde erlijiosoak gogorazten dizkiguten forma eszenografikoak jasotzen ditu. Besteak baino garaiagoa eta zabalagoa den erdiko kalearen beheko kutxan kapera bat ageri da arku eta trazeria gotikoekin, ganga nerbioduna daukan droseltxoarekin eta marko makotuarekin. Erdiko kale honetako goi-kutxa eta alboko kaletakoak erdi-puntuko arkuen bidez enmarkatzen dira. Predela bost kutxatan zatitzen da; erdikoa, zabalera doblekoa, erretaularen erdiko kalearekin bat dator. Hemen, nitxoak, anapelatu zulatuarekin, beheratutako arkuetan enmarkatzen dira eta zortzialdeko edikuluak dauzkate arkutxo eta zulatutako gangarekin.

Irakurketa sinbolikoa duen programa ikonografiko konplexu bat garatzen du erretaulak, predelan debozio partikularrei leku emanez, erdiko kutxan, adibidez, San Gregorioren meza ageri delarik; erdiko kalean eta beheko kutxan San Pedroren irudia dator, aldemenetako kaleetan arrantza miraritsua eta Apostoluaren martiritza dituela erliebeetan; eta erpinean Kalbarioa, alboetako kutxetan Golgotarako bidea eta Berpizkundea agertzen direla.

XVI. mendearen hasieran lan-mota hau nolakoa zen jakiteko, adierazle ezin hobea dugu obra honetako polikromia: eskultura-lanen osagarri bikaina da, urrea nagusitzen delarik, ohi bezala, baina zuria, gorria, urdina eta berdea ere erabiliz.

Obra osatzen duten arlo guztiei dagokienez -egitura, eskultura nahiz pintura alderdiei-, har dezakegu prototipotzat erretaula hau: adibidez, egituran nahiz kutxetako eskulturen ezaugarri konposatzaile eta estilistikoetan elementu zeharo gotikoak era errenazentistako proposamenekin uztartzen ditu; elementu apaingarriek, aldiz, fintasun handiko eredu gotikoetan dute iturria. Antzinatasunak, arte-balioek, eskulturaren kalitate tekniko handiak eta beronen osagarri den jatorrizko polikromia bikainak euskal erretaulen artean aparta bihurtzen dute lan hau.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Jasokundeko Andre Maria Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Lekeitio

Lurraldea: Bizkaia

Lekeitioko parrokiako Erretaula Nagusia estilo gotiko-flandestarreko obra dugu, XVI. mendearen lehen hamarkadakoa (1500-1510). Egilea ezezaguna bada ere, hainbat piezatan dauden markek erakusten duten bezala, gutxienez zazpi eskuren lana somatzen da bateratutako gidaritza baten pean, kanpoko maisuei egozten zaiona, ipar-europarrei seguraski.

Kutxatila-egitura tipikoa dauka, bost kale eta lau kalearterekin, hiru gorputzekin alboko kaleetan eta birekin erdikoan; garapen handia ageri da predelan eta hegazpe mudejarra du erpinean. Erretaula honetan nabarmen nagusitzen da apaindura, egitura-elementu guztietan garatzen delarik, itxura geometrikoak eta landare-erakoak hartuz, edota abere, izaki mitologiko eta aingeruen figurazioak gauzatuz. Kaleak banatzeko ordena erraldoiko pilareak erabiltzen dira, oin konplikatukoak, apaindura faszikulatuaz, eta erantsitako zutabetxoak, zeinetan idulkien gainean eta droseltxoen azpian irudiak kokatzen baitira.

Eszenen basamentuko apaindura trepanu eran zizelkatutako landare-formek osatzen dute; tabernakuluek linterna hegaldatuak dituztelarik, modu askotako arbotante, lotura eta gandor gingildunekin.

Erretaula honek programa zabala aurkezten du: kalearte eta gailurrean ageri diren apostolu, ebangelari, igarle, errege eta santuen irudiez gain, Mariari buruzko hainbat gai azaltzen dira konposizio historiatuen bitartez, Andre Maria gotikoa nabarmentzen delarik, berau azpimarratzeko egin baitzen erretaula. Hegazpearen gainetik Juan Antonio de Hontañón eskultoreak 1741ean moldaturiko Kalbarioko multzo barrokoa ikus daiteke.

Lan honek kalitate handiko polikromia garaikidea (1510-1514) mantentzen du, bere estiloan arketipikoa dena; oinarri kromatikoan urrea da nagusi, erretaulari aberastasun eta luxu itxura eransten diolarik; gero gorria, urdina eta berdea erabiltzen dira batez ere, zilar galdatuaren eta ezarritako brokatuaren teknikak nabarmentzen direlarik.

Lekeitioko obra hau eredugarria da bere estiloan eta bikainentzat hartzen da euskal gotikoaren barruan. Ezohiko egurlana dugu, tipologia aldetik interes berezia daukana. Erretaularen egitura-jatorriari dagokionez, mugarritzat jotzen da Santa Mariako hau, erdiko kalearen bertikaltasun eta berezko erritmoa antolamendu tipikoaren bereizgarri direla. Halaber, osorik gorde den programa zabala jasotzen du erretaula honetan, eskulturaren kalitate onarekin; teknika konposatzaile eta narratzailea ongi menderatzeagatik nabarmentzen da eta aparteko polikromia ideliazatzaile eta sinbolikoak animatzen du.

Erretaula: Pasioaren Triptikoa

Non: Jasokundeko Andre Maria Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Lekeitio

Lurraldea: Bizkaia

Pasioko triptikoa XVI. mendearen hasierako (1500-1503) erretaula hispaniar-flandestarra dugu, Lekeitioko parrokiako Santa Anaren kaperan kokatzen dena.

Gorputz bakarra dauka, erdiko kale indartuarekin eta albokoak bitan banatuta. Erretaularen egitura-antolamendua zulatutako droseltxo bikainek markatzen dute; hauen trazeria zehatzak alboko kaleetako tabernakuluak eta erdiko kaleko erremate hirukoitza osatzen ditu. Erretaularen alde banatan pilareak daude landare-apainduraz eta pinakulu lirainez; erdiko kalearen altuera harrapatzen dute, multzoaren egitura-konposizioa enmarkatuz eta azpimarratuz. Arkutxo fneko gailurreriak biribiltzen du erretaularen apaindura.

Programa ikonografikoak "Pasioa" dauka erdigunetzat, irakurketa linealeko garapen narratzaile bereziarekin. Gaiak ezkerretik eskubira segida honen arabera agertzen dira: "Ecce Homo", "Kristo Kalbarioarako bidean", "Gurutziltzaketaren prestakuntza", "Gurutzetik eraistea eta negarra Kristo Hilaren gainean" eta "Berpizkundea".

Erretaularen egikera estilistikoa bateratua da, lanmodu dotore eta kulto bati dagokiona, eta pertsonaia eta eszenen karakterizazio eta giroketa aberatsa daukana. Estiloak gotiko eta berpizkundearen arteko trantsizio-ezaugarriak azaltzen ditu, nahiz eta zeharo gotikoak diren espresionismoa eta zentzu narratzailea erakutsi.

Erretaulan neurri handi batean mantentzen da polikromia gotikoa, urrea eta okreak dira nagusi gorri eta urdinen ukituekin, eta anatomien haragi argiek animatu egiten dute.

Triptiko hau bere antzinatasunagatik eta garapen ikonografiko bereziarengatik nabarmentzen da. Gotikotik Berpizkunderako trantsizio estilistikoaren adibide ederra dugu, ezaugarri gotikoak gailentzen direlarik. Horretaz gain, bere jatorrizko polikromia gordetzen du eta Santa Mariako erretaula nagusi bikainaren kontrapuntu estetiko eta estilistikoa gertatzen da: Bestalde, Bizkaia eta Herbehereen artean izandako harremanen garrantziaren lekuko historiko garbia dugu.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Jasokundeko Andre Maria Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Markina-Xemein

Lurraldea: Bizkaia

Markina-Xemeingo Andre mariaren erretaula nagusia plateresko-bizkundekoa da, XVI. mendeko bigarren laurdenekoa. Erretaula bera Juan de Ayalak egina bide da, eta eskulturak Diego Ruizek, nahiz eta Beaugranten, Martin Basaberen eta Jose Arrokiaren ekarpenik ere baden. Kaletan antolaturik dago: hiru kale eta lau tarteko kale, zutabe bana alde banatara. Tarteko kaleek kale nagusien gainean egiten dute aurrera. Behetik gora, berriz, bankua eta lau atal, eta atikoa guztiaren buru.

Egituraren nondik norakoak, goitik beherakoan, kaleak banatzen dituzten zutabeek zehazturik daude, eta horizontalean, berriz, atal bat eta bestea banatzeko erlaitz eta taulamenduek. Bankuko zutabeak korintiarrak dira; fustearen beheko herena apaindurik daukate; eta erretaularen goiko mailetan, ordena bat baino gehiago daukate gainjarririk; hor goran, fuste zilindro-itxurakoak eta balaustradunak ageri dira, batean bat bestean bestea. Txirla bana dago etxetxo gehienen gainean, eta, goiko aldean, txirla itxurako frontoi bat kalbarioaren alde banatara. Erretaula oso apaindurik dago. Harpe-itxurako apainketak dira: fantasiazko animaliak, aingeruak, pitxarrak eta hainbat landare-mota. Sagrarioa erretaula baino beranduagokoa da, hobi erakusle modukoa da, oina erdizirkulokoa, zutabe batzuk ditu alde banatara, eta puntu erdiko arku bat dauka goran amaieran. Gainean, erdiko kalean, antzeztoki barrokoa daukagu, Jose de Arroquiak egina. Hor dago Xemeingo Andre Mariaren irudia.

Ikonografia dela-eta, erretaula honek ere donanteen tradizioari eusten dio. Bankuan dauden beste honako lau eszena hauekin batera: "Jesus hil dela-eta negarrez", "Jesusen bihotza", "Maria Magdalena" eta "Jesukristo tenplura azaldu zenekoa". Tarteko kaleetan, lau ebanjelistak, apostoluak eta herrian gurtzen diren hainbat santu. Kaleetan, berriz, hara zer ageri den: lehen ataleko albokoetan, "Arantzezko koroa jarri ziotenekoa" eta "Kalbarioko bidean lurrera erori zenekoa"; bigarrenean, "Jaiotza" eta "Zirkuntzisioa"; eta "Deikundea" eta "Garbikundea" hirugarrenean. Markina-Xemeingo Ama Birjinaren hobi barrokoak lehenengo bi atalak betetzen ditu. Gainean, "Pietatea" eta "Jasokundearen" irudi gotikoa, XV. mendekoa. Azkenik, atikoan, kalbario bat guztiaren buru.

Polikromia erretaularen garai berekotzat jo daiteke. Zati arkitektonikoa urre-kolorekoa eta zuria da, italiar eraginpeko ereduek agintzen zuten moduan; eskulturetan, berriz, tapaki eta tunikek badauzkate gorri- eta urdin-koloreko ukitu batzuk. Azal-pintaketak mate-kolorekoak dira batez ere, eta eszena batzuetan estofaturik eta esgrafiaturik ere bada.

Itxura Bizkundekoa du bete-betean: hainbat etxetxotan banaturik; kale nagusi zenbait, indarturik, eta tarteko beste hainbat kale, aurrera doazela; ordena bat baino gehiago bata bestearen gainean jarrita; balaustradun zutabeak; pilastrak, tinpano okerrak eta frontoiak; eta apainketa ederra eta polikromia. Horregatik guztiagatik, eta nahiz eta amaitu eta gero beste ukiturik ere egin zioten (XVI. mendean bertan eta gero XVIII.ean), Bizkaian denik eta Lehen Bizkundeko erretaularik bete-betekoena da.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Jasokundeko Andre Maria Parrokia-eliza (Ziortzako Kolegiata)

Auzoa-Udalerria: Markina-Xemein

Lurraldea: Bizkaia

Bizkundeko erretaula, etxetxotan banaturik dago eta genero mistokoa da. Egitura aldetik: bankua, bi atal eta atikoa ditu, eta beste banku bat azpian, barroko garaian erantsirik. Hiru kale ditu, antzeko tamainakoak: erdikoak eskulturazko irudiak ditu, eta alboko biek pinturazkoak. Kaleak bata

bestetik banatzeko, erretaularen solairuetan zutabe konposatuak ditu, eta bankuan pilastrak. Hiru kaleek frontoi hiruki bana dute azken buruan. Apainketa plateresko ugari du, eta apainketa horretan, gehien bat gai fantasiazkoak, irudi antropomorfikoak harpe-itxurako zenefa eta guzti, eta aingeru-buruz apainduriko frisoak dauzka.

Ikonografia Andre Mariari eskainia da gehien bat, eta, osagarri modura, herriko debozio batzuk, apostolu zenbait eta San Bernardoren irudi bat. Goiko bankuan zazpi apostoluren irudiak daude, erliebean: hiru erdiko kalean eta beste bina alboko kaleetan. Lehen atalean, "Jaiotzaren" eta "Agerkundearen" lientzoak ditugu erdiko kaleko Andre Mariaren irudi gotikoaren alde banatara. Bigarren atalean "Deikundea" eta "Ikustaldia" dira pintura-gaiak, eta erdiko kaleko etxetxo eskulturaz betean, "Jasokunde-Koroatze" eszena dago erliebean. Atiko aldean, Ama Birjinaren, Jesukristoren eta San Joanen eskulturak daude, "Kalbarioaren" osagarri. Kaleen eta atikoaren azken buruko frontoietan santu batzuen bustoak daude, eta erdikoan Aita Betikoa dago irudikaturik. Beheko banku barrokoan, San Roke, San Bernardo eta San Antolinen eskultura bana.

Erretaularen gaur egungo polikromiak bizkundeko hasierako haren itxura bera eman nahi du: zuri eta urrearen arteko jolas kromatiko oinarrizkoan dago oinarriturik, irudiak polikromaturik daude, eta azala mate-kolorekoa da.

Ziortzako erretaula hau Bizkaian diren Bizkundeko erretaulen adibide paregabea dugu. Hizkuntza formala ereduzkoa darabil eta tipologia mistoarengatik da batez ere azpimarragarria, pintura eta eskultura baitarabiltza batera, eta Bizkaiko garai hartako erretaulen artean, horrelako bakarra da ia. Erretaulako lau pinturak, gainera, oso kalitate tekniko handikoak dira, ustez Francisco Vazquezek eginak. Bizkaiko Bizkundearen erreferenteetako bat, inondik ere. Baina bada beste zer aipaturik: erretaulari erantsirik dauden bi Andre Maria gotikoak oso interesgarriak dira, eta errepara ezazue zein ondo bat eginik gelditu den –erretaula lurretik jasotzen duelarik- banku barrokoa.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Elexaldeko Andre Maria Eliza

Auzoa-Udalerria: Galdakao

Lurraldea: Bizkaia

Erretaula hau Bizkundekoa da, 1530 urte ingurukoa. Azpiko bankoa, bankoa, hiru atal eta atikoa ditu. Zazpi kale ditu: bankoan eta azpiko bankoan tarteko bi kale, eta zazpi kale erretaularen gainerako zatian, atikoan izan ezik. Hauts-babes handi bana alde batean eta bestean; euskal Bizkundeko bikainenetakoak. Etxetxotan banaturiko eta traza laueko erretaulen motakoa da, eta kale arteko banaketa pilastra bidez eginik dago. Pilastra horiek erromatar estilora apaindurik daude, "candelieri" eta medailioiak eta guzti.

Erretaularen programa ikonografikoa interesgarria da irakurtzen. Eszenak laukitan banaturik daude, lauki horiek hainbat tamainatakoak dira eta arku-itxurara daude enmarkaturik: eskartzanoak, karpanelak edo puntu erdikoak. Azpiko bankoak sei etxe ditu eta puntu erdiko arku bana erdiko eta muturreko kaleetan. Erliebea erretaularen beste zatietan baino nabarmenagoa da eta Pasioa, San Blas eta San Antonio Paduakoa ageri dira irudikaturik, estetika manierista lagun. Bankuan apostoluak daude, tarteko kaleetan banaka, alboko kaleetan binaka; eta erdiko kalean, berriz, Jesukristo eta Pedro eta Pablo. Goiko etxeetan, erdiko kalean Andre Maria eta "jasokunde-koroatzea" daude irudikaturik, gainean doseltxo gotiko bana dutelarik. Alboko kaleetan Andre Mariari eta Jesukristoren bizitzari buruzko hainbat errepresentazio. Atikoan "Ongiaren eta gaizkiaren arbola", "Kalbarioa" eta "Paradisutik at bota zituenekoa".

Polikromia ere Bizkunde-garaikoa du. Urrea da nagusi, eta mazonerian, berriz, gorria eta urdina. Erliebeetan, erdiko kalean izan ezik, atzeko aldea urdinez marrazturik dago, azal-kolorea matea da, eta estofatua ere ageri da pertsonaia batzuen jantzietan. Bereziki aipagarriak dira azpiko bankoko kanpoko banoen atzeak, oso finak baitira, zuztar, lore eta txorizko abar nahasiz eginak.

Andre Mariaren Galdakaoko erretaula hau, bai egitura aldetik bai apainketaren aldetik, mugarri baten parekoa da etxetxotan banaturiko erretaulek eredu erabat zehaztua bilakatu aurretik izan duten egitura-bilakabidean.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Andre Maria Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Portugalete

Lurraldea: Bizkaia

Bizkundekoa da, zortzi alde ditu, etxetxotan banturik dago eta, egitura aldetik, bankua eta hiru atal, hiru kale, lau tarteko kale eta atikoa ditu. Erretaula eskulturaz apainduriko harrizko zokalo baten gainean dago. Kaleak eta tarteko kaleak zutabe batzuen bidez daude banaturik. Erretaularen zatirik handienean, zutabe horiek ordena gainjarriak eta fuste ildaskatuak dituzte. Lehen atalekoen beheko herena manieristen erara dago apaindurik, eta atikokoetan, berriz, fustea erabat apaindurik dago. Atal baten eta bestearen artean frisodun taulamendu batzuk daude jarriak. Friso horiek oso apaindurik daude: aingeru-buruak, harpe-apainketa, tondoak eta kartelak, eta atikoan, azken buruan, frontoi hiruki bat.

Harrizko zokaloan, betiko usadioei jarraiki, laguntza-emailearen irudia ageri da: Lope García de Salazar. Erretaulako erdiko kalean honako gai hauek ageri dira, behetik gora: XIV. mendeko Andre Maria, "Deikundearen" eszena bat, "Jasokundea" eta "Hirutasuna" errematean. Alboko kaleetan, lehen atalean, "Ikustaldiaren" eta "Artzaiak haurra adoratzera" joan zireneko eszena batzuk daude; bigarrenean, "Erregeak haurra adoratzen" eta "Tenplura agertu zenekoa"; eta hirugarrenean, "Egiptora ihesi" eta "Jesus doktoreen artean". Bankuan, "Ikuzketa" eta "Azken afaria"; eta alboko erremateetan, frontoi okertu banaren azpian, "kalbarioko bidean lurrera erori zenekoa" eta "Bosgarren estualdia". Bankuko kolomarteetan, lau ebanjelistak daude irudikaturik, eta ataletakoetan hamabi apostoluak. Errematean, elizako aiten irudi batzuk, erretaulatik aparte.

Polikromia erretaula baino beranduagokoa da, barroko-garaikoa. Erdiko kalean bakarrik dago eta irudien esgrafiatuak dira bereziki aipagarriak: gai geometriko eta landarezkoak, eta giza-azala pulimentaturik.

Andre Mariaren Portugaleteko erretaula egiteko lanetan Juan de Ayala II.a, Juan de Imberto lotzailea eta Beaugrantarrak aritu ziren. XVI. mendeko lanik garaienetako bat da. Arte aldetik, kalitate handiko lana da, eta eskulturak hainbat maisuk egindakoak dira, bertakoak batzuk flamenkoak beste batzuk. Hori guztia, azkenean, harmoniaz eta oreka onean dago baturik, osotasun batean.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Uribarriko Andre Maria Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Durango

Lurraldea: Bizkaia

Erretaula nagusi erromanista, 1578 eta 1596. urte bitartean burutua Martin Ruiz de Zubietaren eskulturekin. Zortzialdeko oina, predela, hiru gorputz eta burua ditu.Hiru kale eta bi kaletartetan dago antolatuta, erretaularen lehenengo bi gorputzetan zutabeak ditu eta goikoan pilastrak. Zutabeak ordena gainjarria dute, lehenengo gorputzekoak joniarrak dira eta bigarrenekoak konposatuak, azken hauetan fusteak landare eta antropomorfoez apainduta daude.

Erdiko kaleak lehenengo gorputzean dintela duen arkua dauka; bigarrenean, puntu erdikoa, aldamenean dintelak eta barnean marku nahasia dituela; hirugarrenean, taulamenduaren beheko aldean markoztatu kurbatua dauka zatitutako frontoiarekin; nitxo horiek dagozkien gorputzen garaiera gainditzen dutela. Erretaulako gainontzeko nitxoak dinteldutakoak dira, kaletarteetan fikziodun arkuak dituztela eta alboko kaleetan frontoien bidez errematatuak. Frontoiak ezberdinak dira, honela, lehenengo gorputzekoak kurba itxiekin, bigarrenekoak kontrakurbekin, eta goragoko pisuan frontoi zatituak. Erretaulak apainduren errepertorio erabat osatua aurkezten digu, "horror vacui"ra hurbiltzen den dekorazioa azaltzen duela lehenengo bi gorputzetan.

Erretaulak predela edo behe zerrenda paregabea dauka, santuen bustoez jantzitako kasetoiez goratua, eta girlanda, fikziodun frontoi eta landarez apaindua. Behe zerrenda horren gainean dagoen predelak osaera nahasiko erliebez jantzitako lau plafoi ditu, erliebeetan nekaldiko gaiak agertzen dira, hala nola, Jesus Anasen aurrean, Atxilotzea, Baratzeko otoitzaldia eta Azken afaria. Lehenengo gorputzak, zokalo aberats baten gainean, gai ezberdinak garatzen ditu: alboetako kaleetan, Artzainen jaurespena eta Deikundea; kaletarteetan, San Fausto eta Loiolako San Ignazioren mukuluzko irudiak, mukuluak barrokoak direla, eta hormakonka nagusian Andre Maria, gotikoa berau, XIV. gizaldi amaierakoa edo XV. aren hasieretakoa. Bigarren gorputza era honetan dago antolatuta: Andre Mariaren jaiotzea eta Mariaren aurkezpena jauretxean; kaletarteetan, San Paulo eta San Estebanen eskulturak daude eta erdiko kalean markoztatu nahasiz Jasokundea. Azken gorputzean honako pasarteak aurkezten dira, alboetako nitxoetan Mariaren heriotza eta Egiptora ihesaldia irudikatzen dira; kaletarteetan, San Andres eta San Lukas; erdian, Koroatzea; atikoan, berriz, Kalbarioa irudikatuz hiru irudi esento agertzen dira.

Polikromia erretaularen garaikidetzat jo daiteke, XVI. gizaldiko azken urteetan burua dirudi. Kalitate handikoa da, arkitekturan urreztatua da nagusi, batik bat irudiei dagokienean. Gama kromatikoa alaia eta dotorea du, irudiek haragi kolore leundu gabea daukate, behe zerrendako erlikien bustoek izan ezik.

Uribarriko Santa Mariaren erretaula erromanismo bizkaitarraren paradigmatzat hartzen da, bai eta Euskal Herrian estilo horretan egindako erretaulen artean nabarmenentzat ere, honako ezaugarriak direla medio: arkitekturak duen egokitasuna, bere eskulturak irudikatzeko estiloa, dekorazioa aldatzeko erreztasuna eta berezitasun formal eta ikonografikoak.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Andre Maria Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Güeñes

Lurraldea: Bizkaia

Erretaula klasizista, 1631-1637 urteren bitartean egindakoa. Zortzialdeko oinplanoa du. Predela, bi gorputz eta atikoa du. Antolaketa bost kaletakoa da. Erdiko kalean eta muturretako alboetako kaleetan erdi-puntuko errematea duten hormakonkak daude. Horien barruan tailak ikus daitezke. Alboetan baina barruko kaleetan erliebe historiatuak dituzten enkasamenduak daude. Zutabe korintiarrak entortxatuak ditu. Lehenengo gorputzean, zutabeek apainduta dute azpiko hereneko fustea. Lehenengo gorputzean apaingarri geometrikoak dituzten pilastrak daude eta bigarren gorputzean fuste ildaskatua daukate. Kaleen eta enkasamenduen goialdean dauden frontoiak, lehenengo gorputzeko muturretako kaleen kasuetan, kurbatuak dira eta erdiko kalean kurbatuak eta kiribilduraz ebakiak dira. Alboetako barruko kaleetan enkasamenduen erremateak daude. Bigarren gorputzean frontoiak triangeluarrak eta ebakiak dira. Muturretako kaleen kasuetan, irekiak dira eta haien erdian erremateko pinakulua dago. Atikoak frontoi kurbatuak ditu eta alboetakoak ebakiak dira. Taulamenduetako frisoek landare-motiboetako apaindurak dituzte. Kutxetako arkubarneretan eta hormakonketan, artekatuak eta kateadura geometrikoak ikus daitezke. Burua mukuluz, pinakuluz eta gurutze batez apaindu da. Juan de Urkizak egindako marmol beltzezko zokaloaren gainean kokatu da erretaularen egitura. Aurkitu diren agiriek diotenez, hauexek dira erretaularen egileak: Martinez de Villaviad eta Gil de Sopeña de Liendo; taila-egileak, berriz, Juan de Palacio Redondo eta Francisco Alvarez.

Predelako tronaduretan Pasioaren pasarteak agertzen dira: "Kalbariorako bidean", "Baratzeko otoitzaldia", "Azken afaria" eta "Atxiloketa". Irudi horietan Elizako Gurasoak eta Ebanjelariak ikus daitezke. Lehenengo gorputzean, erakustegian, egun, XVIII. mendeko gurutziltzatu bat dago. Gorputz horretako muturretan San Pedro eta San Pablo daude, eta barneko kaleetan "Deikundea" eta "Artzainen jaurespena" pasarteak, erliebeetan eginak. Horien gainean, "Itxaropena"ren eta "Fedea"ren alegoriazko altuerliebeak daude. Bigarren gorputzean, erdiko kalean erretaularen pertsonaia nagusia ikus daiteke, "Amaren koroatzea eta zeruratzea" alegia. Bigarren gorputzean, muturretan bi santu daude eta barruko kaleetan "Ama birjinaren jauretxeko aurkezpena" eta "Epifania" pasarteen erliebeak. Atikoak, erdian, "Kalbarioa" du. Alboetan "Ikustaldia" eta "Andre Mariaren jaiotza" erliebeak daude. Muturretan bi frantziskotar santuren mukuluak ditu.

Polikromia barrokoa eta naturalista da, 1680. urtean egindakoa. Kontrarreformaren irizpideei jarraitzen dien polikromia hori erretaularen garai berberekoa dela esan daiteke. Bizkaiko klasizismoko hasierako lanetako bat dugu hau. Tailer handirik ez zegoenez, klasizismoa beste lekuetara baino geroago zabaldu zen Bizkaira. Erretaulan ezaugarri erromanistak eta herrerianoak batzen dira eta estilo propioa sortzen dute. Erretaula honen bitartez, Gaztelako errealismo barrokoa Bizkaira sartu zen. Lan honek adierazten du zein-nolako garrantzia izan zuten kanpoko artistek Bizkaiko barrokorako.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: San Juan Lepamoztua Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Molinar / Gordexolako Udalerria

Lurraldea: Bizkaia

Antonio Alloytizek 1653 eta 1657 urteren bitartean egindako erretaula barrokoa. Fatxada erako erretaula dugu honakoa. Behezerrenda, predela, bi gorputz eta atikoaz osatzen da, hiru kale eta lau kaleartetan banatuta. Kalearteak kaleen planoen gainean luzatzen dira. Erretaulak harrizko zokaloa du azpialdean, gotiko berantiar estiloan egina. Zutabe konposatuak eta mahats-parra trinkoez apaindutako zutabe korintiarrak ditu, eta horiekin batera nagusiki landareez osatutako apaindura oparoz jantzitako friso, erlaitz eta arkubarneak. Enkasamendu errektangeluarretan egituratzen da erretaula hau, eta alboetan plafoiak ditu, hainbat pasarteren irudiz apaindutako erliebeekin. Kalearteak bi solairutan banatuta daude, beheko solairuko kalearteetan hainbat bulto ikus daitezke; goikoetan, berriz, hainbat erliebe agertzen dira. Atikoaren gailurrean frontoi kurbatu bat azaltzen da, uharriz eta irudi eskultorikoz osatutako erremate apaingarriez jantzia. Muturretako zutabeen gainean, erretaula honetako apaindura osatzen duten aingerukote batzuen irudiak ikusten dira. Santutegia neurri handikoa da, erdihexagonala, eta bi gorputz ditu: sagrarioa eta erakus-leihoa. Goiko gorputzean, Isasiko Andre Mariaren irudia beha daiteke.

Erretaula honetako ikonografian San Joanen gai hagiografikoak nagusitzen dira. Gai horiez gain, apostoluak, aingeruak, profetak eta elizako doktoreak ere agertzen zaizkigu. Behezerrendan, aingerukoteen erliebeak agertzen dira "Jesus Haurra lotan" eta "San Joanito"ren irudien alboetan. Bestalde, aingeru musikariak eta lau ebanjelarien panelak ditugu predelan. Lehen gorputzean, apostoluen bultoak agertzen dira, eta erliebe hauen gainean, Elizako lau gurasoen erliebeak, "Bataiatzailearen predikua" eta "Kristoren bataio"ko eszenak, alboetako plafoietan azken hauek. Erdiko kalean erlikiategia dago, atean Salbatzailearen erliebe bat duela, eta erliebe horren gainean, Isasiko Andre Mariaren irudi gotikoa ikus daiteke. Bigarren gorputzean, apostoluak eta San Joan Bataiatzailearen erlikien legendak agertzen dira kalearteetan, eta zokaloan, berriz, bertuteen eta aingeruen irudiak, "San Joanito eta Jesus Haurra artzaintzan" eta "San Joan Bataiatzailea basamortuan" eszenatako irudiekin batera. Kale nagusian eliza honetako santu titularraren irudia dugu, eta alboko kaleetan, "Lepo-moztea" eta "Burua Herodesi aurkezten" irudiak. Atikoari dagokionez, erdiko kalean "Kalbarioa" dugu, eta alboko kaleetan apostoluen irudiak agertzen dira. Erretaularen gailurrean, azkenik, Aita Betierekoaren eta profeten irudiak daude ikusgai.

Altzariak barrokoko berezko eta ohiko polikromia du. Fernando de Fontagud urreztagileak egina omen da, XVIII. mendearen erdialdean. Egitura urreztaduraz jantzita dago guztiz, kalitate oneko urre leunduan egina eta, horrez gain, hainbat apaingarri koloreztatuz dago jantzita. Irudiek erregosia dute jantzietan, naturako gaiez apainduta daude eta haragiak kolore mateak ditu.

Hauexek dira erretaula honetako ezaugarri nagusiak: neurri handia, tailen ugaritasuna eta polikromia bikaina. Garai hartako maisu bizkaitar handienaren lana dugu, eta nabarmenki agertzen du Gaztelako XVII. mendeko artegune nagusienen eragina, alegia Madril eta Valladoliden eragina. Eragin horri zor zaizkio, hain zuzen ere, Bizkaiko barrokoan gerora zabalpen handia izango zuten mahats-parra trinkoez apaindutako zutabeak. Nabarmentzekoa da, halaber, lan hau bertakoek emandako diruarekin egina izatea, haraneko gizarte-maila guztietako pertsonek parte hartu baitzuten.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: San Juan Ebanjelaria Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Bérriz

Lurraldea: Bizkaia

Erretaula nagusia estilo churriguereskokoa da eta 1695-1704 artean burutu zen. Absideko kaperara atxikitako oskol itxurako erretaula dugu honakoa, zortzi aldeko oina du eta zizailu altuaz, bi gorputzez eta atikoaz osatzen da. Kaleak zutabe salomondarren bidez banatzen dira eta zutabe hauen gainean solairuak banatzen dituzten taulamenduak bermatzen dira. Erdiko kaleak, gainerakoak baino zabalagoa, erdiko horma-hilobi handi bat du lehen gorputzean, erdi-puntuko arkua osatuz, eta taulamenduaren erlaitza gainditu eta bigarren gorputzaren zokaloraino luzatzen diren kartelak eta kukuluak bezalako edergarriekin apainduta dago. Lehen gorputz honetako alboko erregistroetan, erdi-puntuko horma-konketan kokatzen dira tailak, apaingarri ugariko idulkien gainean. Erremateek ere edergarri ugari dituzte, landare-motiboak gehienbat. Bigarren gorputzean, erdiko kalean mihise handi bat ikus dezakegu, Andre Mariaren anagrama eta koroa duen kartela bat duela. Errematea etenik gabe luzatzen da oskol itxurako zatiraino, eta bertan uso baten irudia nagusitzen da. Bigarren solairu honetako alboko kaleetan, tailak ikus ditzakegu erdi-puntuko horma-konken barruan. Oskolean, goiko aldean, margolan bat ageri da zeru-ganga irudikatuz, eta arku batez inguratutako mihiseak alboetara. Erretaularen errematea orla formakoa du, eta erdian kartela handi bat nabarmentzen da, garaipen-arkua gainditzen duela.

Erretaula nagusi hau eredu mistokoa da tailak eta mihiseak nahasten baititu. Eskulturari dagokionez, ondoko irudiak ikus ditzakegu: erdiko kalean Gurutziltzatuaren bustoa, jatorrizko santutegiari dagokion lekuan. Alboetan, San Pedro eta San Pabloren eskulturak ageri dira lehen gorputzean, eta San Jose eta San Juan Bataiatzailearenak bigarrenean. Margoak bigarren gorputzeko erdiko kalean eta atikoan agertzen zaizkigu. Erdiko kalean Patmosko San Joanen mihise bikain eta argitsua ikus dezakegu. Atikoan, berriz, Izpiritu Sainduaren usoa, Jainko Aitaren irudi handi bat erdi aldean, eta Kristo eta San Jose edota Santa Teresa eta San Sebastian bikoteak.

Altzari honetan ez dago pintura-lanik, horma-hilobien hondoetan eta urreztatutako zati txiki batzuetan izan ezik. Zatiok, gainera, mihiseen kolorearekin eta tailen polikromia barrokoarekin kontrastatzen dute.

Erretaula hau Martín de Zaldúa arkitekto gipuzkoarrak egina da eta Bizkaiko hastapenetako barroko churriguereskoaren eredurik bikainenetakoa dugu. Egituratzeko zutabe salomondarrak erabili eta, lerro arkitektonikoak ezkutatu gabe, landare-dekorazio oparoa zerabiltzaten erretaulen eredu berriaren lehenbiziko aleetakoa dugu. Nabarmentzekoak dira erretaula honetako pinturak eta tipologia mistoaren erabilera, joera urri samarra baita hori Bizkaiko barrokoan.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Santiago Apostolua Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Ermua

Lurraldea: Bizkaia

Estilo churrigueresko eta rococorako trantsiziozko erretaula nagusia 1742 eta 1746 bitartean egina da. Oin kurboa du eta oskol formakoa da. Zizailuaz, gorputz batez eta atiko edo oskolaz osatzen da. Erretaula hiru kaletan banatzen da, kapitel konposatuko zutabe salomondarren bidez banatzen direnak. Bestalde, egituraren alboetara edergarriz jantzitako pilastra handiak ageri dira. Zutabeek dekorazio oparoa dute, hosto eta gerrako garaikurretan oinarritua batik bat, eta erdiko kalearen alboetara agertzen diren zutabeak binaka elkartuta agertzen dira. Erdiko kale honetan horma-hilobiak ikus ditzakegu elkarren gainean, alboetara pilastrak dituztela eta erdi-puntuko arkuez inguratuta. Alboko erregistroetan, irudiak altuera desberdinetara ipinita daude. Binaka elkartutako zutabeen artean kokatutakoak beherago eta idulkien gainean agertzen dira; alboko kaleetakoak, berriz, gorago eta horma-konken barruan, eta azkenik, muturretakoak, beherago eta idulkien gainean hauek ere. Zutabe salomondar handien gainean oin hautsiko eta erlaitz handiko taulamendua luzatzen da. Taulamendu hau erdiko zatian hausten da Santiago Apostoluaren horma-konkako eskulturari lekua uzteko. Oskolean, apaingarri ugarikoa berau, hainbat taila ikus daitezke, eta horietako bi idibegi antzeko horma-konketan ipinita daude, multzo osoari antzerki-jite handia emanez. Erretaula ixten duten pilastrek eta kanpoaldeko arkuak ere dekorazio oparoa dute, landare-motiboak eta arrokaiaren antzeko formak landuta baitituzte, eta giltzarrian, azkenik, erremate handi bat agertzen da arkua bera gaindituz.

Irudi polikromatuek kontraste bizia sortzen dute urreztatu gabeko gaztainondo egurrean landutako arkitekturarekin, eta oso multzo dinamikoa osatzen dute, altzariaren atzealdea ilunaren gainean. Erdiko kalean Kristo Gurutziltzatuaren eta Matamorosen irudi bana agertzen dira; oskolari dagokion zatian, berriz, Jasokundearen irudia, Hirutasun Guztiz Sainduak koroa jartzen dion unean. Santiago Apostoluaren horma-konkaren gailurrean eta Jasokundearen irudiaren ondoan ageri diren aingeruek erdiko kalean luzatzen den eskultura-multzoa osatzen dute. Alboko kaleetan, lehen gorputzeko zizailuaren gainean San Mateo, San Joan Bataiatzailea, San Lukas eta San Markosen bustoak ageri dira, eta zutabearteetan, San Pedro eta San Pablorenak. Oskolean Elizaren Gurasoen irudiak ikus ditzakegu, horien artean, Xabierko San Frantzisko eta Loiolako San Inaziorenak. Tailetan barrokoan erabili ohi zen polikromia agertzen zaigu, hala nola, erregosiz eta esgrafiatuz landutako naturako gaiak eta matean landutako haragiztatzeak.

Erretaula hau José de Zuaznabarrena omen da, eta oso ikusgarria da bere diseinuaren dinamikotasun handiari eta apaingarrien oparotasunari esker, gorputz nagusian nabarmentzen dena bereziki. Horrez gain, aipatzekoa da idibegien bidez lortutako efektismoa eta tailen polikromiaren eta arkitekturaren iluntasunaren artean sortzen den kontrastea. Erretaula hau Bizkaiko oskol itxurako erretaulen adibide adierazgarrienetakoa dugu.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Andre Mariaren Jasokundearen Parrokiako Eliza

Auzoa-Udalerria: Amorebieta-Etxano

Lurraldea: Bizkaia

Oskol formako erretaula nagusi rococo hau 1743-52 bitartean egina da. Trazaera Juan Bautista de Jauregi bergararrak egin zuen eta Ignacio de Iberok zenbait aldaketa egin zituen ondoren. Oin lerronahasia du eta elizburuko barrunbe batera egokituta egina da. Alboetara kanporantz luzatzen diren bi hegal ditu, erretaulari garaipen-arku erraldoi baten tankera emanez.

Zizailuaz, gorputz batez eta oskol itxurako erremateaz osatzen da. Bost kaletan banatzen da: erdiko kalea, zutabearteak eta kanpo aldeko alboetakoak. Kanpo aldeko kaleen banaketa fuste ildaskatua eta dekorazio ugari duten zutabeen bidez egiten da, eta kanpora ematen duten alboetako kaleak inguratuz, kapitel jonikoa duten pilastra batzuk ageri dira.

Erdiko kalean tenplete edo erakus-mahai baten moduko santutegia ikus daiteke, harmaila hirukoitza batean bermatuta. Horrez gain, fuste ildaskatua eta dekoratua duten zutabe bikoitzak, kupula sartua eta erremateko kupulatxoa bereizten dira. Santutegiaren gainean, Ama Birjinaren ganbaratxoa kokatuta dago, eta oskolaren zatian San Migelen taila. Alboetako barnealdeko kaleetan apaingarri gisa jarritako erremate konplexuz jantzitako horma-konka luzangak agertzen dira, eta kanpo aldera ematen duten alboko kaleetan, erdi-puntuko itxurazko arkitektura dinteldunak, aingerutxoekin apaindutako frontoi triangeluarren bidez ixten direnak. Alboetako erremateetan dekorazio landuko hegalkinak agertzen dira, eta atikoan, kanpora ematen duten kaleen gainean, bi mukulu-eskultura ikus daitezke galoidun oskolaren alboetara. Altzaria rococo estiloari jarraiki dekoratuta dago: arrokaia, akanto-hosto, zintzilikari eta girlandekin.

Erretaulako programa aingeruetan oinarritzen da nagusiki, eta ondoko gaiak jorratzen ditu: Erakus-mahaian, Santa Lutzia eta Santa Agedaren irudiak ikusten dira albo bietara, eta goiko aldean, hegalak zabalik dituzten aingeruak. Honen gainean Jasokundearen taila agertzen zaigu. Taila hau XVII. mendeko pieza dugu eta Antonio de Alloytizi egozten zaio, eta lehengo beste erretaula batetik ekarria da. Taila honen gainean San Migel arkanjeluaren irudia ikus daiteke. Azkenik, erdiko ardatza osatuz, Izpiritu Saindua agertzen da tximista, hodei eta aingeruez lagunduta.

Alboko kaleetan, hegalkinetan, aingeruen taila bi agertzen dira; kanpo aldeko kaleetan, San Pedro eta San Pablo apostoluen irudiak, eta barru aldeko alboko kaleetan, bestetik, San Rafael arkanjeluaren eta Aingeru Guardakoaren irudiak. Multzo osoa ixteko, bertuteen irudiak ikusten dira oskolean eta alboko hegalkin kiribilduetan.

Polikromia rococo estilokoa da eta 1773-1779 bitartean egina da. Urreztatze leundua du; hutsuneetan zintzelez landutako apaingarriak ditu, beste kolore-ukitu batzuk zutabeen ildaskatan eta aingeru-buru hegaldunak. Tailetako haragiztatzeak matez eginda daude eta jantziei dagokienez, landare-motiboak agertzen dira tunikatan.

Erretaula hau euskal barrokoko eredurik nabarmenenetakoa dugu, eskulturaren eta polikromiaren egikera bikaina izateaz gain, barrokoko erretaulagintzan tipologia original eta berrizalea ekarriko baitzuten mota honetako erretaula bizkaitarrek, alboko hegalak garaipen-arkuaren tankera hartuz egituratzearen bidez.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Antiguako Ama Maria Santutegia

Auzoa-Udalerria: Orduña

Lurraldea: Bizkaia

Erretaula nagusia neoklasikoa da, gorputz bakarrekoa; arkitrabatutako kolomarte-egitura du. Esteban Alegriak egin zuen 1804 eta 1805. urteetan. Eredu neoklasiko honetan bi zutabek eusten diote taulamenduari eta taulamendu gainean eskultura-errematea kokatzen da. Zutabeak korintiar erromatarrak dira, jaspe beltzezko fuste monolitikoak eta kapitel urreztatuak dituzte. Bi zutabeen artean erdi-puntuko konka du, uztai molduratukoa, eta, erdian, izena ematen dion irudia; konkatik igarobidetxo bat dago ganbaratxora. Goialdean eskultura-errematea dago: bi aingeruk heltzen diote tondo bati eta bertan ikus daiteke San Migel goiangerua apezpiku bati agertzen zaiola. Erretaula mentsula forma duen aldare-mahai gainean dago eta aurrealdean koadro apaingarria du.

Irudi titularra XIV. mendeko Andre Mari gotikoa da. Masustondo baten gainean dago lau kerubinen artean. Manuel de la Peñak egurrean landutakoa da.

Konzepzio neoklasizitarik garbiena erabilita, erretaula oso ondo egokitzen da Alejo Mirandak diseinaturiko presbiterioan. Gainera, honako hau Bizkaiko Neoklasizimoaren lanetan nabarmenenetako bat dugu, ezaugarri asko dituelako, besteak beste, erabilitako materialen aberastasuna, kanon neoklasikoarekin bat datorren traza, atikoan erabilitako estilo-tratamendua eta tenpluaren arkitekturarekin lortutako osotasuna.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Andre Maria Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Gautegiz Arteaga

Lurraldea: Bizkaia

Juan Bautista Belauzaranen trazaz eta Juan Bautista Mendizabalen eskulturaz 1810-11. urteetan egindako erretaula. Harrizko idulkia, gorputz bakarra eta atikoa ditu. Zokaloan sartuta, sagrarioaren tenpleteak frontoi triangeluar baten azpian du atea eta, goian, erakustoki biribila; horrek zutabe pareatuak ditu eta zutabeok kupulari eusten diote, alboetan aingeru otoizlariak daudela. Fuste lisodun bi zutabe korintiarrek erretaularen gorputza hiru kaletan bereizten ditu, erdikoa zabala eta alboetakoak estuak. Alboetakoek muturretan hormari atxikitako pilastra korintiar bana dute erremate gisa; entaulamenduak jarraitzen du zutabe eta pilastretan. Erdiko kalean erliebedun kasetoi handia du eta albokoetakoetan mukuludun tailak; alboetako erregistroen hondoek liturgia-objetuen trofeoen margoak dituzte. Erremate erdizirkularrak honako ezaugarri hauek ditu: erliebedun tinpanoa, arrosetoia erdian duen kasetoi poligonalaren dekorazioa eta aingeruen tailak alboetan.

Ikonografia margoz, erliebez eta tailez osatuta dago. Erdiko kalean, sagrarioaren atean Kristo irudikatzen duen margoa dago eta erakustokian Isaaken sakrifizioarena. Sagrarioaren albo bietan aingeru otoizlarien irudi trinkoak daude eta erdiko koadro handian Ama Birjinaren Jasokundea irudikatzen duen erliebe eskultorikoa. Atikoan Hirutasun Guztiz Santuaren irudikapena, eta gorputz bakarraren alboetako kaleetan hondoek liturgia-objetuen trofeoen margoak dituzte eta San Pedro eta San Joan Ebanjelariaren irudiak daude. Atikoaren aldean, alboetakoen gainean, loreak daramatzaten aingeruak daude.

Erretaulak Bernardo de Costaren polikromia neoklasikoa du. Doratua dekorazio-elementuetan eta erakustokian erabili zen, eta arkitektura aldeetan, berriz, jaspe-imitazioa. Tailak kanon neoklasikoei jarraituz eginda daude: jantziek tonu lisoak dituzte, ama Birjinaren mantuan pintatutako irudiak agertzen dira, eta taila batzuen tuniketan zenefa doratuak.

Erretaula hau garrantzitsua da goiztiarra delako; hau da, Bizkaian estilo berriaren ereduetan lehendabizietakoa. Eta bestetik, egileen kategoriagatik, euskal neoklasizismoan punta-puntakoak izan baitziren.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Jasokundeko Andre Maria Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Zeanuri

Lurraldea: Bizkaia

Erretaula nagusi hau "collage" motakoa da, eta arkitektura-egitura txurrigereskoa du; ezugarriak honako hauexek: predela, hiru gorputz eta atikoa, zazpi kaletan antolatuta. Oraingo erretaulak XVI. mendetik XVIII. mendera bitarteko erretauletako taila, erliebe eta pinturak ditu. Zokalo baten gainean dago, eta zokaloan telamodunak eta bi medailoi, barruan busto bana dutela, emakumezkoa batean eta gizonezkoa bestean. Predeleko laukietan erliebe erromanistak daude, abeneratutako hormakonkadun pilastrek bananduta. Erretaularen gorputzetan euskarriak zutabe salomonikoak dira; mahatsondoz apainduta daude, beheko aldean handiagoak, zenbat gorago orduan txikiago; alboetan, pilastra dekoratuak daude. Nitxoak lauki formakoak dira, kartelak apaingarriz beteta daudela. Nitxo bat bakarra da erdi-puntukoa, eta hortxe dago Ama Birjinaren irudia; erdiko kaleko laukitxoetan pilastra dekoratuak daude. Erretaularen errematea erdi-puntukoa da eta eraikinaren burualdean dago. Dekorazioa barrokoa da, eta egitura osoa estaltzen du: landareak, frisoetako aingeru buruak, errezelandiak, kartelak eta pinjanteak, eta erremateko pisuan obaloak eta adarrak.

Predelean honako erliebe erromanistak ikus ditzakegu: "Ama Birjinaren ezkontza", "Deikundea", "Ikustaldia" eta "Kristoren jaiotza". Agerian dauden aurrealdeetan irudi txikiak daude: ebanjeliariak, Elizaren Gurasoak, hainbat santu eta Ama Birjina umearekin. Erretaulako gorputzetan, bi alboetako kaleetan, pintura hispano-flamenkoak daude: Kristo Apostuluekin eta Santa Martiriak hirunakako taldeetan. Gainontzeko nitxoetan ebanjelio-zatiak erakusteko pinturak ditugu: Kristoren jaiotza eta haurtzaroa, Pasioa, Ama Birjinaren jaiotza, bizitza eta Jasokundea; erdiko kaleko hormakonkan XVI. mendeko Andre Mariren irudia.

Erretaula hau lan bikaina da. Oso estilo eta teknika desberdinak nahastu dira. Egitura txurrigereskoa diseinatu da aldez aurretik zeuden ikonografiak hartzeko bere baitan; gainera, polikromia rokoko horrek osotasuna ematen dio multzo guztiari. Horra bildutako lan batzuek eurek dute berez balore artistiko handia; esaterako, taula hispano-flamenkoek eta Martín Ruiz de Zubiate edo Martín Basaberi egotzitako erliebe erromanistek

Erretaula: Birjinaren Jasokundearen Erretaula

Non: Andre Mariaren Jasokundea Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Errenteria

Lurraldea: Gipuzkoa

Jasokundeko Andre Maria parrokiako Jasokundearen Erretaula gotiko-hispaniar-flandestar estilokoa da, XV. mendearen amaierakoa edo XVI.aren hasierakoa, maisu flandestar ezezagun bati egozten zaiona.

Gorputz bakarra dauka erantsitako predela neogotikoarekin, eta pilare gotiko estilizatuek hiru kale nagusi eta bi kalearte lekutzen dituzte. Kale bakoitzean azpi-frisoa ageri da filigranazko apainketaz eta hondoetan dekorazio arkitektonikoa gainjarritako arkutxoez. Kalearteak hiru eszenatan zatitzen dira, apainketa aberatseko arku karpanel eta trilobulatuez enmarkatzen direnak.

Erretaulak garatzen duen programa ikonografikoa berezitasun handikoa dugu: "Jasokundea"ren gaia dauka kapera nagusian eta "Mendekoste" eta "Azken Afaria" ebanjelio eta epistolaren kaleetan, hurrenez hurren. Epistola aldeko kaleartean monako-gaiak eta Andre Maria tronuan eserita azaltzen dira; ebanjelio aldeko kalearteak, aldiz, ez ditu hondoak baino gordetzen.

Estiloaren ikuspuntutik begiratuta, erretaula honetan tradizio gotikoa eta eredu errenazentista berriak batzen dira: lehendabizikoa marko, hondo eta arkitekturaren egitura eta garapen xehetuan agertzen da; eta bigarrenak, berriz, erdipuntuko arkuetan, konposizio-argitasunerako joeran, eta gotikoan ezohizkoa den ikonografiaren aukeraketan ikus daitezke.

Gorputz nagusiko polikromia erretaula egin zen sasoikoa edo beranduxeagokoa izango da, kronologikoki XVI. mendearen hastapenetan kokatzen delarik. Kale nagusietako erliebeek garai hartako xehetasun eta teknika polikromoen lagin osatua jasotzen dute: urre-kolorea gorri matearekin eta beste konbinaketa kromatiko batzuekin elkartuz; azken hauek euren dotoretasuna urdin, okre eta gorrien erabilpenaren bidez lortzen dute.

Errenteriako Ama Birjinaren Jasokundearen erretaula hau pieza aparta dugu, bere antzinatasunarengatik nabarmentzen da eta, tipologia zein arte aldetik, orijinaltasun handia duen triptiko-erretaula eskultoriko baten adibide bihurtu zaigu, beste triptiko gotiko batzuk baino egitura aurreratuagokoa izanik. Erliebe nagusien kalitatea bikaina da, tankera gotikoan ohizkoa ez den programa ikonografiko berezi batekin eragin errenazentista nabaria azalduz.

Erretaula: San Antonen Erretaula

Non: San Pedro Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Zumaia

Lurraldea: Gipuzkoa

San Antonen erretaula Zumaiako San Pedro parrokian dagoen izen bereko kaperan kokatzen da. Babes-ateak dauzkan XVI. mendearen hasierako triptikoa dugu. Erdiko kalean bi gorputz ditu eta hiru albokoetan; erretaularen ateetan, aurretik nahiz atzetik, pinturak ikus daitezke bi zerrendatan.

Erretaulak ezaugarri hispaniar-flandestarrak eta errenazentistak uztarzten ditu, bere mazoneriaren elementu gotikoetan garbi asko nabaritzen den moduan: adibidez, kutxak enmarkatzen dituzten pilareak eta buruan dituzten filigranazko droseltxoak; eta kutsu errenazentistakoak, berriz, erdiko kalearen albo banatan dauden zutabeak, "candelieri" erara dekoratuak.

Programa ikonografikoa pasiokoa da funtsean santu titularraren irudiarekin erdiko kalearen barreneko gorputzean eta aurrealdeko oholean; alboko kaleetan beste debozio batzuen zenbait errepresentazio, hala nola, San Kristobal eta Santiagoren bizitzako eszena bat; eta jaiotza eta adorazioari buruzko gaiak, hauek ere atean. Programa honek estilo aldetik gotiko kutsua ez ezik, Errrenazimentuaren eragin garbia ere badauka, gehienetan joera espresionistarekin, beren kalitate aparterengatik ateen barruko aldetiko oholak nabarmentzen direlarik.

Polikromia ere erretaularen garaikoa da eta altzari guztian nabari den forma-bikoiztasuna azaltzen du, ezaugarri gotikoak errenazentistak konbinatuz.

Erretaula hau Gotikotik Errenazimenturako pasabidearen paradigmatzat hartzen da, egitura nahiz kontzeptuari dagokienean, arlo bietan estilo batetik besterako iraganbidea argiro erakutsiz. Gainera Euskal Herri guztiko tripitikoen artean tipologia osatuenetakoa dauka, era askotako pintura eta eskulturak bateratzen ditu, eta ateen barnekaldeko pinturetan du bere adierazgarririk baliotsuena.

Erretaula: Loiolako Etxeko Otoiztegi Ohiko Erretaula

Non: Loiolako Santutegia

Auzoa-Udalerria: Azpeitia

Lurraldea: Gipuzkoa

Erretaula txiki hau XVI. mende hasierakoa da. Bi atal ditu, eta lehenengo atalean hiru kale eta bigarrenean bakarra. Egitura sinplea du, erdiko kaleko Deikundearen taularako egina da-eta.

Harroin txiki bat dauka, metalezko bozeldu-itxurako adornuz apaindua. Alboetan, zutabe txiki fin batzuk ditu, soka bihurritu baten itxurakoak. Goiko aldean, arkuak ertzetik behera irtetzen du piska bat, eta gotiko erako trazeria batez dago apaindua.

Lehenengo atala hiru zatitan edo kaletan banaturik dago, eta zutabe txiki fin batzuk daude kale horiek bata bestetik banatzeko; zutabe horietako fusteak erronbo-itxuraz daude apaindurik. Hortxe tartean dago Deikundearen taula, erretaula honetako protagonista. Taula apartekoa, eskola flamenkokoa eta Jean Prevostek egina itxura denez. Goiangerua eta Ama Birjina ageri dira, atzealdea lisoa da, eta pitxar eta lirio batzuk ditu, konposizoa zentratzeko. Alboko kaleetan, Santa Katalina Alexandriakoaren eta Santa Katalina Sienakoaren irudi gotiko itxurakoak, buru gainean aureola moduko txirla bana dutela, Bizkundean gustokoa zutenez. Goiko atalean Pietateko eskulturak, eta gainean, beste txirla bat, lehengoak baino handiagoa, erretaula osoaren apaingarri.

Polikromia gotikoa eta erretaularen garai berekoa da. Urre-kolore ederra eta pigmentuak kalitate onekoak; hainbat motatako pintaketa-lanak ditu baina urre- eta azal-koloreak dira nagusi. Pietateko eskultura-taldean dago polikromiarik bariatuena. Kolore goxoak eta hotzak ditu bata bestearen ondoan: tuniketan kolore goxoak eta hil-ohialea eta jesukristoren gorpuan hotzak.

Erretaula bera, eta Deikundearen taula batez ere -historia eta artearen aldetik duen interesarengatik, zein zeharra eta kalitate onekoa den kontuan, eta flamenkoa delako-, EAEko azken gotikoko altzari liturgikoen arteko adibiderik onenentakoa da.

Erretaula: Pietatea Kaperako Erretaula

Non: San Migel Goiaingerua Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Oñati

Lurraldea: Gipuzkoa

Erretaula platereskoa, Rodrigo Mercado de Zuazolaren kapera eta panteoian –biak bat baitira- dago. Oñatiar horrek sortu zuen Oñatiko unibertsitatea, eta haren kargura egin zen kapera hau, Pietatea izena duena. Egitura bera Juan de Tordesillas gaztelarrak egin zuen, eta tailak honako eskultore hauek: Juan de Olazaranek, Andres de Mendigurenek, Miguel de Iragorrik eta Juan de Ayala gasteiztarrak. Polikromia, berriz, ez dakigu nork egin zuen.

Erretaula kaperaren osotasunaren barruan dago, altzari liturjikoekin, burdinesiarekin eta hilobiarekin batera. Erretaula narratiboa da, egitura arkitektonikoa fatxadakoa eta etxetxotan banaturikoa. Bankua, hiru atal eta atikoa; bost kale, eta, azkenean, guztiaren buru, frontoi hiruki handi bat. Zutabetxoak, pilastrak, inpostak eta taulamenduak ditu etxetxoak bata bestetik banatzeko. Etxetxo horietan, hainbat erliebe dago: irudi txikiak eta osakera itxi-itxia. Pilastrak bankoan ageri dira, nahiko nabarmenak dira, eta mukuluko hainbat eskultura daukate peana gainean eta txirlen aterpean. Erretaularen gainerako zatian, etxetxoak zutabez daude zehazturik; fusteak "a candelieri" apaindurik daude, fin apaindurik gainera, eta, lehen atalean izan ezik, zutabe horiek balaustradunak dira.

Apainketa fina eta ugaria, Lehen Bizkunde hari dagokion legez. Harpe-itxurako apainketa "a candelieri" egina, aingeru-buruak frisoetan, kartelak, txirlak. Apainketa hori geroz eta konplexuagoa da, atikora hurbildu ahala, hainbat bitxa eta pizti hegadunen irudi eta guzti.

Ikonoetan darabiltzan gaiak direla-eta, gai batzuk Andre Mariaren ziklotik aterata daude, beste batzuk Pasiotik, eta beste debozio batzuk ere ageri dira, hala nola, San Roke eta San Sebastian, Oñatiko zaindariak garai batean. Bankuan, profeten irudi artean (irudi horiek erretaulatik aparte daude gainera), honako hauek ere ageri dira: "Baratzean errezoan", "Harrapatu zutenekoa", "Jesus Herodesen aurrean", "Ecce homo" eta "Kalbarioko bidean". Lehenengo atalean honako erliebe hauek daude ikusgai: San Mikel Satan garaitzen, "Jaiotza", "Pietatea", "Agerkundea", "Jesus eta doktoreak" eta batez ere –hauxe azpimarratu behar, fina baita oso-, erdiko kaleko Pietatea. Bigarren atalean, alboko kaleetan, "Ama Birjinaren jaiotza", "Tenplura agertu zenekoa", "Deikundea" eta "Ikustaldia", eta erdiko hobian Ama birjinaren "Jasokundea". Hirugarren atalean, muturretan, San Sebastian eta San Rokeren irudiak ageri dira, aprte, etxetxo txiki batzuetan sartuta, eta azken buruan txirla batzuk dituztela; eta barrukoetan, "Biztuera" eta "Zeruratzea"; eta erdian, Espiritu Santuaren etorrera dago irudikaturik. Atikoan, Aita Betikoaren irudia arku baten barruan. Eta azken-azkenean frontoi hiruki bat eta, erpinean, bitxa bat.

Erretaula hau bai tamainaz bai kalitatez da nabarmena, kalitate artistiko bikainekoa baita, eta Bizkundeko euskal erretaulen adibide paregabea dugu. Landuta dagoen moduan, erretaula bizi-bizia da, eta eragin berrugetarrik ere badu. Polikromia ere garai hartakoa da, Erromatar izeneko horretakoa, eta irudien estofatua da denetan aipagarriena.

Erretaula: Unibertsitateko Sancti Spiritus Kaperako San Migelen Erretaula

Non: Oñatiko Unibertsitatea

Auzoa-Udalerria: Oñati

Lurraldea: Gipuzkoa

XVI. mende erdialdeko erretaula, "Lehen Bizkunde" izeneko estilokoa. Rodrigo de Mercado y Zuazolaren patronatupean egin zen. Egilea, ustez, Pierres Picart eta haren eskola dira.

Nahiko erretaula handia, egitura etxetxotakoa eta fatxadakoa. Azpiko bankua, bankua, hiru atal eta atikoa ditu. Bankuan eta lehen atalean, hiru kale eta tarteko lau kale ditu, eta goiko ataletan, berriz, hiru kale eta tarteko bi kale.

Etxetxoak pilastra artean sarturik daude. Pilastra horiek hainbat elementu platereskoz apaindurik daude eta zutabe bana dute aurrean, erretaulatik aparte, oso apainduak horiek ere, eta balaustradunak bigarren ataletik aurrera. Atal arteko taulamenduak lodiak dira, tarteko kaleen gainean erresel modukoak, eta zutabeen gainean doaz aurrera. Beheko frisoetan gai paganoak ageri dira, eta goikoetan aingeru-buruak eta serafinak. Erretaula honetan eskultura besterik ez dago, erliebe handiko tailak dira nagusi, eta zenbat eta altura handiagoa, erliebea ere orduan eta handiagoa. Etxetxoek txirla bana dute, denak ere diferente apaindurik eta txanga goraldera dutelarik. Apainketaren aldetik gauza bera gertatzen da altzari guztian: oso aberatsa da, kalitate handikoa eta era askotakoa.

Erretaula San Mikeli eta Espiritu santuari eskainita dago, eraikuntza osoaren titularra baita. Mukulu biribileko tailak eta kalitate artistikorik handieneko erliebeak erdiko kalean daude. Hortxe daude, bankuan, San Mikel; Espiritu Santuaren etorrera lehen atalean; eta Ama Birjinaren Jasokundea gero. Azpiko bankuan, profeten erliebe handi batzuk daude. Bankuan, erdiko hobian San Mikelen irudi hori da nagusi: adierazgarritasun bizikoa da eta apainketa platereskoa dauka. San Juan Bataiatzailea eta San Lukas alde banatara, eta bankuko gainerako lau irudiak santu fundatzaile batzuenak dira. Lehen atalean, alboko kaleetan, San Markos eta San Mateo daude. Gainerako kaleetan, San Anton eta San Agustin Ebanjelioaren aldetik, eta San Blas eta beste santu bat –ez da erraza nor den jakitea- epistolaren aldetik. Atal horrek giza irudi eta aingeru batzuk ditu amaieran, muturretan. Azken ataleko etxetxoak txikiagoak dira, eta erdian, Rodrigo apezpikoaren ezkutua bi aingeruk eutsia, eta profeta batzuen buruak alboetan. Atikoa borobila da eta han goran Aita Betikoa dago, serafinez inguraturik. Alboetan buru batzuk, eta baita aingeru bilutsi zenbait ere hobi txiki batzuetan.

Polikromia ere garai berekoa da, Jeronimo Rojas eta Cristobal Bustamante pintoreek egina 1548 eta 1550 bitartean ziurrenik. Erromatar erako pinturaren ohiko ezaugarriak ditu, eta baita urrearen eta koloreen arteko ohiko kromatismoa ere.

Ezaugarri formalei begira, erretaula hau euskal Lehen Bizkundeko erretaularik interesgarrienetako bat da. Gauza batzuetan ezagun du ordurako hasia zela lan-era manieristagoetarako estilo-aldaketa. Apainketa eta polikromia aberatsagatik da bereziki aipagarria -jatorrizkoa baitu gainera-, eta baita eskulturen kalitateagatik ere. Euskadin garai hartan zen eskultoree onenetako batek egin zuen itxura denez.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: San Andres Apostolua Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Eibar

Lurraldea: Gipuzkoa

Erretaula handia. Bankua, hiru atal eta atikoa ditu, azpiko

banku altu baten gainean. Hiru kale nagusi eta tarteko lau kale, lehen atalean izan ezik, hor beste etxetxo bana dago-eta mutur banatan. Beheko aldea Bizkundekoa du eta goikoa Barrokoa. Hortaz, bankua eta lehenengo atalak Bizkundekoak dira, Araoztarrek eginak, eta erretaularen goiko aldea barrokoa da bete-betean.

Kaleak bata bestetik banatzeko zutabeak joniarrak dira lehen atalean, eta korintiarrak gainerakoetan. Goiko ataletako –atal barrokoetako alegia- zutabeak beste tamaina batekoak dira. Fusteak ildaskatuak dira, eta beheko herena apaindurik daukate. Taulamenduek friso apainduak dauzkate: planta apurtua, eta kale arteko zutabeen gainean egiten dute aurrera. Atal bakointzak zokalo bana dauka eta zokalo horiek hainbat baxuerliebe daukate, dotore eginik. Erdiko kale nagusian eta tarteko kaleetan mukuluko hainbat eskultura dago, eta albokoetan erliebeak. Erdiko kale nagusiko horma-konkak puntu erdiko arkukoak dira. Erretaularen gainerako zatietan, horma-konkak laukiak dira nahiz eta itxurazko arkurik ere baden. Bankuko etxetxoetako batzuk txirla bat dute, apaingarri. Alboetan bi atlante handi ditugu, bankuaren parean. Goiko ataletan, hainbat aingeru dago, erretaularen apaingarri.

Erretaulak programa ikonografiko konplexua eta benetan ondo osaturikoa dauka. Azpiko bankuan, batera ditugu: Itun Zaharreko pertsonaia zenbait, Elizako aitak eta doktoreak, eta Pasioko eta Genesiko kontakizun batzuk. Bankuko kale nagusietan: "Azken afaria", Andre Maria bat eta "Ikuzketa", eta tarteko kaleetan, lehenengo atalean, San Andresi buruzko hainbat kontakizun ageri da, bera baita santu titularra, eta erdiko kalean, santuaren beraren taila. "San Juan Bataiatzailea" du gainean. Goiko atalean, "Ecce Homo", "San Jose" eta "Jesukristo Pilatosen aurrean". Atikoan, "Gurutziltzatzea" eta, irudi guztietan azkena, Aita Betikoa.

Erretaula guztian, erdiko kaleko irudiak besterik ez daude polikromaturik. Gainerakoan, kolore iluneko dirau, elizako beste erretaulak ez bezala, eta haiekiko kontrastean beraz.

Eibarko erretaula hau nabarmena da bai tamainaz bai kalitatez. Bi fase desberdin ditu ageriko, biak batera ondo baino hobeto jarriak: Bizkundea eta Barrokoa; eta halako kasu ia bakarra da. Bizkundeko zatia, gainera, XVI. mendeko bigarren erdialdeko euskal erretaulen jomuga garaienetako bat da. Beste alde batetik, arkitektura dela-eta, eredukotzat harturik dago, planta apurtua zein ondo eginda dagoen, kale eta tarteko kaleen arteko bolumen-jokoaren oreka, eta -lerro zuzenek baitute agintzen- egitura zein garbi zehazturik dagoen ikusita. Eskulturak ere kalitate tekniko handikoak dira, eta joera bat baino gehiago nabari da gainera: Araoztarren eta Pedro de Arbuloren estilo desberdinak lehen fasean, eta zati barrokoa dugu gero, hasierako atalek erakutsitako bideetatik urrundu gabe.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: San Pedro Apostolua Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Zumaia

Lurraldea: Gipuzkoa

Erretaula erromanista da, Juan de Antxietak eta Martin de Arbizu mihiztatzaileak 1574-1577. urte bitartean egindako obra. Laukiz osatutako erretaula da, hiru kaletan antolatuta dago, predela bat, bi gorputz eta burua ditu, XVIII. gizaldian erantsi zitzaion predela edo behe zerrenda batek goragotzen duelarik.

Erretaula horren deskribapena honakoa litzateke: urria da apainduratan; ordena gainjarriko zutabeak dituzten lauki angeluzuzenetan antolatuta dago; elkarrekin lotuta dauden apaindura geometriko urriekin apainduta ditu frisoak; eta lehen gorputzeko alboetan dituen frontoiak alderantzizko kurba bidez ebakita dauzka. Predelako erdiko kalean sagrarioa dago, erretaula baino beranduagokoa dena eta Martin de Ostizak egina; sagrarioa edikulu bat da, zutabez osaturiko tenplete bat, frontoi triangeluarra eta buruan kupula bat dituena. Alboko kaleetan erliebeak daude medailoi handi eta panel angeluzuzenetan kokatuta, hegaletan, berriz, pinturak estanpatan jasoak agertzen dira. Lehen gorputzeko laukien alboan dauden zutabeak doriarrak dira, alboko nitxoek buruan frontoi nahasia daukate eta erdiko hormakonka handiak frontoi zuzen bat, azken horrek (frontoiak) bigarren gorputzaren zokaloa hartzen duelarik. Bigarren gorputz horretako biko zutabeak korintiarrak dira; hormakonka nagusiak antolamendu serliana aurkezten du puntu erdian, eta horrek, ondoan dituen biko zutabeekin lanketa bana osatzen du. Buruan, frontoi bat eta aleatoiak ditu, bertan irudiak biluzik agertzen dira. Bigarren gorputzeko zutabeetan mukuluzko eskulturak daude, bestalde, hormakonka gainean dagoen kartelan San Pedroren giltzak agertzen dira eta frontoian kalbarioari buruzko lanketak.

Jatorrizko erretaulan nabari den espresatzeko ahalmen itzela bere egilearen maila artistikoaren adierazle da. Predelan Azken afaria eta Oinen garbiketa daude irudikatuta, irudi horietan teknika eta pertsonaien psikologia adierazteko ahalmena dira azpimarragarri. Sagrarioaren alboetan, marko biribilduetan, San Markos eta San Mateoren irudiak agertzen dira, horrela, osatua gelditzen da predelako errepertorio ikonografikoa. Lehen gorputzean, erdian, San Pedro agertzen da eserita, eta alboetan haren bizitzako bi gertaera, Bokazioarena eta Aingeruak kateetatik askatu zuenekoa. Bigarren gorputzean, puntu erdiko markuan ipinita Jasokundea ageri da, eta Deikundea eta Andre Mariaren jaiotza albo banatan. Buruaren gainean, San Joan Bataiatzailea, San Antonio, Karitatea eta San Paulo apostoluen irudiez gain, Kalbarioko taldea agertzen da. XVIII. gizaldiko predela ere erliebez jantzita agertzen da, bertan, Jaunaren atxilotzea eta Baratzeko otoitzaldia irudikatzen dira.

Erretaula baino beranduagokoa den kontraerreformako polikromiak irudiaren balore plastikoak bultzatzen ditu, nabarmentzekoak direlarik, pintzel puntaz predelan, lehenengo gorputzeko zokaloan eta erretaularen titularra kokatzen den kaxan margotutako irudiak.

Gipuzkoan kontserbatzen da Antxieta eskultore handiaren obra bakarra bere osotasunean eta dokumentatuta, hain zuzen ere, Zumaiako San Pedro parroki elizan. Eskultore hori Euskal Herriko eskultura erromanistaren adierazle gorena da, eta penintsulan pertsona nabarmena.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: San Bizente Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Donostia-San Sebastián

Lurraldea: Gipuzkoa

Erretaula erromanista da, lauki eta kaletartez nahasitako oina du; 1583. eta 1592. urte bitartean egina berau. Tailatutako harrizko oinarria du, predela bat, hiru gorputz eta atikoa. Hiru kale eta lau kaletartetan antolatua dago, gainera alboetan eta kaletarteetan nitxoak dauzka zutabe klasikoez inguratuta, lehenengo gorputzeko zutabeak joniarrak dira eta gainontzekoetakoak korintiarrak eta ordena konposatukoak (kaletarteetakoak ordena konposatukoak soilik dira). Zutabeetako fusteak ildaxkatuak dira, eta atikoan izan ezik, beheko zatia (beheko herena) gruteskoz apainduta dute, plateresko estiloan. Erdiko kalea aldameneko kaleetatik bereizten duten janbak berpizkundeko apaindura apalez hornituak ditu. Dintelatutako, puntu erdiko eta marku kurbatuko nitxoak ditu; eta frontoia, berriz, lehenengo gorputzean okerra da, bigarrenean, erpinetan beheratua, eta hirugarrenean triangeluarra. Atikoaren burua erdizirkular zatitua da.

Frisoak, arkitrabeak eta tinpanoak aingeruen buruez eta berpizkundeko irudi ugariz apainduta ditu. Lehenengo gorputzaren euskarri diren zutabeek oinarritzat dituzten mentsulak oparotasunez apainduta ageri dira; goragoko gorputzetan, frontoiaren isurkietan biluztutako aingeruen irudikapena egiten da; gorago, dohainen alegoriazko irudiak daude; eta erretaularen zatirik garaienean, itsatsitako aingeruek irukia osatzen dute fruitu eta adakera artean.

Erretaula hau Anbrosio de Bengoetxea eskultorearen obra gorena da eta Juan de Villarrealen arkitekturak osatzen du. Erretaulak programa ikonografiko osoa azaltzen du. Predelan eta lehenengo gorputzeko oinean (azken horretan Juan de Iriartek, idulkiko erliebeen egileak, parte hartu zuen) Jesusen nekaldiko hainbat pasarte kontatzen dira, honela banatuta kontatu ere: predelako bost paneletan, Azken afaria, Oinen garbiketa, Apostoluak lotan, Getsemaniko baratzeko irudia, Jaunaren atxilotzea eta Kristo Pitatosen aurrean; frisoan, Zigortzea, Arantzez koroatzea, Jesus Anasen aurrean,Gurutz bidea, Kristo gurutziltzatua eta Gurutzetik jeistea; erretaulako kaletarteetan hamabi apostoluak irudikatzen dira eta kaleetan Kristoren bizitzako hainbat pasarte, bai eta San Bizente eta San Sebastianen hagiografiak ere. Zehaztuz, kaleetan gai hauek dira ikusgai: lehenengo gorputzean, bi alboetan Deikundea eta Artzainen jaurespena eta erdiko kalean Salbatzailearen irudia; bigarren gorputzean, San Bizenteren martiritza eta gurutziltzaketa, erdiko hormakonkan San Bizenteren irudia agertzen delarik; goiko oinean San Sebastianen epaiketa eta martiritza ikus daitezke alboetan eta bere irudia erdian; atikoan, Jasokundea agertzen da irudikatua, aingeruez inguratuta eta alboetan bi martirien irudiekin; buruan, berriz, Kalbarioa, Ama Birjina, San Joan, eta alboetan Sendotasunaren eta Justiziaren dohainak dituelarik irudikatuta.

Polikromiaren egilea ezezaguna da. kontrarreformako kanonak jarraitzen ditu, kalitate handikoa da nabarmentzekoa delarik errretaularen arkitektura estaltzen duen urre-geruza aparta.

Anbrosio Bengoetxearen, eskultore gipuzkoarra, estiloa San Bizente erretaularekin hasten da sendotzen; bere fabrikako prozesua, penintsula iparreko eremu zabal batean kokatuko genituzkeen lehen mailako irudi erromanikoak egitera eta tasatzera mugatzen da.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: San Esteban Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Oiartzun

Lurraldea: Gipuzkoa

Erretaula klasizista, 1629-1643 urteren bitartean egindakoa; geroago egindako elementuak ere baditu. Buruhormari egokitutako zortzialdeko oinplanoa du. Hiru gorputz eta atiko handia dauka. Antolaketa honakoa du: hiru kale nagusi eta bi kalearte. Erretaulak erdiko eta alboetako kaleetan mukuluak ditu. Kalearteetan, berriz, marko errektangeluarra duten erliebeak ditu. Lehenengo gorputzean kaleen alboetan dauden zutabeak joniarrak dira eta fustea apainduta dute. Bigarren gorputzekoak korintiarrak dira, fustea sogeatua dute eta azpiko herenean apaindurak dituzte. Hirugarren gorputzeko zutabeak korintiarrak dira, ildaskatuak, azpiko herena lisoa dutela. Atikoan, eta lehenengo gorputzean altzariak estipe dekoratuak ditu. Erretaularen apaingarri, hainbat motatako frontoi ikus daiteke: lehenengo gorputzeko frontoiak triangeluarrak dira eta alboetakoak taulamenduen gainean daude. Enkasamenduen gainekoak frontoi ebakiak dira; bigarren gorputzeko erdiko partean kiribilduraz ebakitako frontoia dago. Gainontzeko frontoiak kurbatuak dira; hirugarren gorputzeko frontoiak triangeluarrak dira. Frisoak eta kaleen alboetan dauden pilastrak goitik behera apaindu dira. Erretaularen burua, izugarri apainduta dagoena, XVIII. mendekoa da. Estilo barrokoaren ezaugarriak bete-betean erakusten ditu erremate

horrek. Estilo erromanistako sagrarioa du. Sagrarioa tenplete formakoa da eta gero eta baxuagoak diren hiru gorputzeko egitura du. Linterna eta errematea daramatza.

Ikonografia zabaleko erretaula da. Predelan agertzen diren pasarteek Kristoren bizitza dute oinarri. "Kalbariorako bidean", "Baratzeko otoitzaldia", "Atxiloketa" eta "Azotaldia" eszenak ikus daitezke, aldamenean apezpiku eta santuak dituztela. Predelako eta lehenengo gorputzeko erdiko kalean sagrarioa dago, eta horretan, eukaristiari buruzko erliebeak ikus daitezke. Lehenengo gorputzeko kalearteetan "Artzainen jaurespena" eta "Errege Magoen jaurespena" pasarteak daude, alboetako kaleetan San Pedro eta San Pabloren mukuluak daude eta tarjetetan Kristoren bizitzaren hainbat eszena adierazten duten erliebeak. Bigarren gorputzean San Joan Bataiatzailea eta San Antonio daude, horiekin batera, erretaularen santu nagusiaren irudi hagiografikoak ikus daiteke, bai eta, kale nagusian, haren taila. Azken gorputzean, muturretan, Borjako San Frantzisko eta San Felipe daude, alboetako kaleetan "Deikundea" eta "Ikustaldia" daude eta erdiko hormakonkan "Zeruratzea" ikus daiteke. Atikoan Kalbarioa dago eta buruan Espiritu Santuaren irudikapena.

Juan de Huici eta Gaspar Ramos nafarrek erretaularen eskulturak egin zituzten. Errematea, berriz, Oiartzungo Sebastián de Lekuonak eta Jose de Zuaznabarrek egin zuten. Polikromia bi garai ezberdinetan egin zen: sagrariokoa ia-ia erretaularen garai berean egin zen; gainontzekoa, geroago egin zen, eta barrokoko rokoko aroaren hasiera adierazten du.

Barrokoko hainbat garaitako elementuak batzen dituelarik, oso kalitate handikoa da Oiartzungo erretaula hau. Arkitekturan ezaugarri klasizistak baditu ere, ari barrokoaren adierazgarri den apaindura aberatseko erretaula da. Atikoa geroagokoa da, barrokoko azken aldikoa.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Ihidiko Andre Maria Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Irun

Lurraldea: Gipuzkoa

Juan de Bazcardok egindako erretaula nagusia, klasizista: predela, bi pisu eta atikoa dauzka. Bost kaletan antolatu da, muturrekoak estuagoak. Lehenengo gorputzean, kaleak bereizten dituzten zutabeak joniar ordenakoak eta ildaskatuak dira. Bigarren gorputzean, zutabeak ordena konposatukoak dira. Horiei eusteko taulamendua dute eta taulamenduaren frisoak landare-motiboez apaindu dituzte. Txabola gehienak errektangeluarrak dira baina lehen gorputzeko erdiko kalean dagoen hormakonkak erdi-puntuko arkoa du. Predelan, lehenengo gorputzeko zutabeak apeatzen diren harroinen artean, badira erliebean egindako figurak. Erdian, lehenengo gorputzeko zati bat hartzen duela, sagrarioa dago. Sagrarioak tenplete dintelduko forma du eta zutabeen fusteak dekoratuak daude. Sagrarioaren gainean, erretaulari izena ematen dion ama birjina dago.

Muturretako kaleetan, lehen gorputzeko kale nagusian eta kolomarteetan mentsulen gainean, pisuek mukuluak dituzte. Erretaularen gainontzeko parteetan, erliebean egindako pasarte narratiboak daude. Bigarren gorputzean, predela moduko zokaloa du. Horretan, erezalandi formako erliebez egindako apaindurak ditu. Zutabeen harroinetan ere erliebeak ditu. Apaingarri figuratiboak eta txarroak dituzten frontoi kurbatuek errematatzen dituzte bigarren gorputzeko muturreko kaleak. Atikoan bi planotan jarritako pilastra dekoratuak ikus daitezke. Horien gainean frontoi kurbatua duen taulamendua dago. Egitura horren alboetan eskulturak daude, bai eta fruta-motiboak dituzten apaingarriak ere. Frontoiak ere burua du. Eskulturak eta bolak dira buruaren apaingarriak.

Erretaulako ikonoen artean hainbat santu eta ebanjelari agertzen da, bai eta pasioaren pasarteak ere. Lehenengo gorputzean, estilo erromanikoko Ihidiko gure amaren eskulturaren alboetan San Migel eta San Joan Bataiatzailea daude. Alboetako tronaduretan honako pasarteak ikus daitezke: "San Joakin eta Santa Anaren arteko besarkada" eta "Andre Mariaren jaiotza". Bigarren gorputzean, alboetan, "Deikundea" eta "Ikustaldia" daude, eta, erdian, "Andre Mariaren zeruratzea" erakusten duen erliebe bikaina dago. Alboetan, muturretan, erretaularen egitura osatzen duten zutabeen aurrean, apostoluen mukuluak daude. Atikoan Kalbarioa ikus daiteke eta horren alboetan mukulu-irudiak daude (zaila liteke irudiak zein diren jakitea). Atikoan ere, buruan, apostolu izan daitezkeen figura batzuk badira, jezarrita. Erretaularen polikromia, figurak egin ziren garai berekoa da. Urre kolorea, berriz, XVIII. mendekoa da.

Erretaularen eredu arkitektonikoa zeharo klasizista da, eta Bernabé Cordero proiektugileak egin zuen lan horren diseinua. Oso azpimarratzekoa da Bazcardo eskultorearen lanaren kalitatea. Horrekin batera, bere semea, Jeronimo, eta Martín de Zatarain ere aritu ziren eskulturgintzan. Elizari izena ematen dion Andre Mari erromanikoa ere aipatzekoa da.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: San Juan Bataiatzailea Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Hernani

Lurraldea: Gipuzkoa

XVII. mendearen erdialdean (1651-56) egindako erretaula klasizista. Kutxatilategi egiturakoa da eta buruhormari egokitutako zortzialdeko oinplanoa du. Predela, bi gorputz eta burua ditu, eta antolaketa honakoa da: hiru kale eta lau kalearte. Predelan, marko errektangeluarra duten tronadurak ditu, kaleetan, kalearteetan eta lehenengo gorputzeko zutabeen basamentuen gainean. Erretaularen alboko kaleetan eta buruan, erliebeak dituzten enkasamenduak daude eta gainontzeko parteetan mukuludun hormakonkak daude. Erdiko kaleko hormakonkek, goiko partean, erdi-puntuko arkua dute. Erdiko kalearen eta kalearteen alboetan dauden zutabeen fusteak sogeatuak eta entortxatuak dira. Frisoak, erlaizak eta enkasamenduen markoak goitik behera apaintzen dituzte. Lehenengo gorputzean predela moduko zokaloa dauka. Predelan marko errektangeluarrak dituzten erliebeak daude. Buruko gorputzean landare-motiboez apainduriko zokaloa du. Goiko gorputz horretan, erdiko kalearen gainean frontoi kurbatua dago. Alboko kaleek, berriz, frontoi ebakia dute. Muturreko alboetako kalearteetan mukulu askeak daude. Kalearte horietako errematean eskulturak daude apaingarri. Barruko kalearteetako goiko partean haur aingeruak ikus daitezke. Sagrarioa lehenengo gorputzean dago, hormakonkaren azpian. Sagrarioak tenplete-tabernakulu forma du, fusteko zutabeak eta goiko partean kupula dituena.

Altzari horrek apaingarri ugari ditu, hala nola loroiak, kukuluak eta galloiak. Ez dauka taila asko baina, taila horietan ikus daitekeen motibo aniztasunagatik, estilo barrokoaren hastapena antzeman daiteke.

Altzaria handia izanik, ikonografia ere zabala da. Predelan Kristoren bizitzaren hainbat pasarte ikus daiteke, bai eta santu batzuk eta Bertuteak ere. Lehenengo gorputzean, ebanjelioaren esparruan, "Deikundea"ren erliebea dago. Gutunen esparruan "Ikustaldiaren" pasartea ikus daiteke. Erdiko kalean Sortzez Garbiaren eskultura dago. Kalearteetan San Pedro, San Pablo, San Andres eta Santiago daude. Bigarren gorputzean, erdiko kalean, San Joan Bataiatzailearen taila dago. Erliebeetan, "Kristoren bataioa" eta "San Joan Bataiatzailearen lepamoztea" pasarteak ikus daitezke. Kalearteetan apostoluen eskulturak daude. Buruan honako bikoteak daude: San Lorenzo eta San Esteban, eta santo Domingo eta Asisko San Frantzisko. Erdiko kalean "Jaunaren Antzaldaketa" gaiaren inguruko pasartea dago. Polikromia erretaula bera baino geroago egin zen, XVIII. mendearen erdialdean.

Hernaniko erretaula hau garai hartan ondo ezaguna izan zen Bernabe Cordero maisuaren lan bikainetako bat da. Bere apaingarri aberatsak kontuan izanik, lan aitzindaria kontsideratu da erretaula, geroan zabalduko zen estilo barrokoko erretaulen aitzindaria hain zuzen.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Beneditarren Komentua

Auzoa-Udalerria: Lazkao

Lurraldea: Gipuzkoa

Oin zuzeneko erretaula barroko madrildarra, zizailuaz, hiru kaleko gorputz bakarraz eta erremate erdizirkularraz osatua. Altzari honek Vicente Berdusan pintorearen bederatzi mihise ditu, zizailuan, alboetan eta errematean banatuta agertzen direnak. Bestalde, erretaulako erdiko kalean eskultura bakar bat ikus dezakegu. Erdi puntuko horma-konka batzuez apaindutako horma-konka laukizuzenen bidez egituratzen da.

Zizailuan mihise bana du alboetara, eta gorputz bakarrean, lau zutabe handien bidez bereizten dira kaleak. Albokoek garapen bertikal handia dute eta zatitu egiten dira bakoitzak bina mihise agertzen delarik. Zutabe hauek txirla itxurako apaindura oparoa dute. Errematean bi pilastra agertzen dira Kalbarioaren horma-konkaren alboetara eta hegalak akanto kiribilduekin apainduta daude. Erretaulak fintasun handiko apaindura ederra du horma-konketako arkubarneretan, landare-motibo, txarteltxo eta lore handiez osatua.

Erretaulako ikonografiak gai teresarrak jorratzen ditu nagusiki, eta multzo osoan agertzen den irudi bakarra erdiko kaleko horma-konkako Santa Teresaren irudia da. Zizailuko ziklo osoa santu honi buruzkoa da, eta "Santa Teresaren Zulaketa", "Santa Teresa Kristoren iltze bat jasotzen", "Ama Birjina eta San Jose Santa Teresari lepokoa ipintzen" eta "Santa Teresa eta haren anaia Rodrigo, osabak aurkitu ondoren" mihiseez osatzen da. Erretaulako gorputz bakarreko alboetako kaleetan Andre Maria Sortzez Garbiaren eta San Eliasen mihiseak ikus ditzakegu Ebanjelioaren zatian, eta Ama Birjinaren Ikustaldiaren eta San Eliseoren irudiak Epistolan. Errematean, Gurutziltzaketaren adierazkortasun handiko mihise ikusgarria dago, 1664ko sinadura eta data duena.

Erretaula urre-kolorez margotuta dago, garai hartako ereduari jarraiki. Koloreztatze horren egikera egokiak bizitasuna eta oparotasuna ematen dio multzo osoari.

Lazkaoko komentuko altzari hau EAEn ditugun madrildar ereduko lehenbizikoetako erretaula dugu. Kalitate oneko tajuera arkitektonikoa du eta Vicente Berdusan XVI. mendeko azken herenean nabarmendutako pintorearen mihise bikainez osatzen da.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Jasokundeko Andre Maria Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Beasain

Lurraldea: Gipuzkoa

Oin zuzeneko erretaula nagusia, barroko madrildar estilokoa. 1670 eta 1672 bitartean egindako erretaula hau Juan de Ursularre arkitekto maisuaren lana dugu. Sotabankua, zizailua, hiru kaleko gorputz bakarra eta atiko erdizirkularra ditu. Erretaula zazpi mihisez osatzen da, zazpiak ere zizailuaren, gorputz bakarreko hiru kaleen eta erremateren artean banatuak. Sotabankuak eta zizailuak oinarri handiak dituzte eta mentsuloiak agertzen dira bankuan. Bi mihiseak zizailu horretako alboko kaleetan kokatuta daude. Erdiko kalean tabernakulua ikus dezakegu, oin erdiratuko tenplete baten modura, angeluetan zutabeak eta errematean kupula duela. Erretaularen gorputzari dagokionez, ordena konposatuko hiru zutabe handien bidez banatzen dira kaleak, eta erdiko kalean mihise handi bat agertzen da, barroko estiloan egindako txarteltxoak eta tanbanilloa dituela. Alboko kaleak zatitu egiten dira mihiseak hartzeko. Zutabeen gainean frisoa apainduta duen taulamendua bermatzen da eta atikoaren zatian Kalbarioaren mihise bat ageri da, alboetara dekorazio kiribildua eta bolan amaitzen diren pinakuluak dituela, eta eskulturazko erremate konplexua gailurrean. Erretaulak urreztadura du eta garaiko ereduei jarraiki egindako polikromiazko apaingarriez jantzita dago.

Ikonografiari dagokionez, San Inazio eta San Joseren irudiak agertzen dira zizailuan, eta "Andre Mariaren Jasokundea-Koroapena"ren mihise handia erretaularen gorputzeko erdiko kalean. Ebanjelioaren zatian Ikustaldiaren eta San Joakinen mihiseak ikusten dira eta Epistolan, berriz, San Joan Bataiatzailearen eta Santa Anarenak. Azkenik, erretaularen gailurrean Kalbarioaren irudia agertzen da.

Altzari hau madrildar estiloko erretaulen eredu bikaina dugu. Nabarmentzeko moduko egikera arkitektonikoa du eta banaketa klasizista gainditzen duen ikusmolde orokorragoa darabil, erdiko kaleari protagonismoa emanez eta alboko kaleak bigarren mailan utziz. Lan honen autorea, Juan de Ursulare Etxebarria, egile entzutetsua izan zen erretaula hau egin zen garaian, eta bera izan zen, gainera, madrildar ereduko erretaulak Gipuzkoan zabaldu zituena.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: San Migel Goiangerua Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Oñati

Lurraldea: Gipuzkoa

Neurri handiko erretaula nagusi hau estilo churriguereskokoa dugu, zortzi aldeko oina du eta zizailuaz, hiru kaleko bi gorputzez eta erremateaz osatzen da. 1714-1717 bitartean egin zuen Bianako guneko Juan Bautista de Suso arkitekto maisuak.

Erretaula honetako kaleak zutabe salomondarren bidez banatzen dira eta fruituz eta orbelaz apainduta agertzen zaizkigu. Lehen gorputza binaka elkartutako zortzi zutabez osatzen da, eta bigarren gorputza, berriz, sei zutabez osatzen da, erdikoak binaka elkartuak eta banaka alboetakoak. Zizailuaren erdiko zatian eta lehen gorputzean santutegia agertzen zaigu tenplete zabal baten modura, zutabetxo salomondarren gainean eta kupula batez itxia. Santutegiaren gainean, erdi-puntuko horma-konka bat agertzen da. Bertan, San Migelen irudia ikus dezakegu. Alboko kaleetan, horma-hilobi dintelduak ditugu, edergarri ugariz apaindutako txartel handiez hornituak. Zutabeek oin hautsiko taulamendua eusten dute, eta taulamendu honen ertzetan busto bana agertzen da errematean. Atikoko solairuan, Kalbarioa ikus dezakegu, alboetara estipite apainduak dituela. Estipite hauek hegal handi batzuk dituzte alboetara, eta tailak muturretan. Atikoaren gainaldean erremate triangeluarra agertzen da aingerutxoen dekorazioarekin.

Erretaula honetako eskulturen artean erliebeak eta mukulu-tailak aurki ditzakegu. Zizailuaren alboetan San Migelen bizitzako eszenak irudikatzen dira, eta oinarrietan santu martirien irudi txiki batzuk ageri dira. Kanpoko oinarrien barneko aurpegietan Santa Katalina eta Santa Barbararen irudi bana ikus ditzakegu. Lehen gorputzean, San Migelen irudia ageri da erdian, San Pedro eta San Pablo alboetara dituela. Bigarren gorputzean, Andre Mariaren Jasokundea, San Jose eta San Joakinekin ikus dezakegu, eta muturretan San Sebastian eta San Roke. Goiko aldean, erretaularen gailurrean, Kalbarioaren irudia ageri da, errematearen muturretan Jainko Aitaren eta aingeruen irudiak dituela. Altzariaren polikromiak egikera egokia du. Tailak erregosiz eginak dira eta pintzelez eta esgrafiatuz landutako apaingarriak ditu.

Oñatiko erretaula honetan, altzariaren diseinu arkitektonikoa nabarmentzen da bereziki, zutabe salomondarrak erabiltzen baititu. Horrekin batera, aipagarria da, halaber, erretaularen osaketa eta neurria, Gipuzkoako eremuaren baitan estilo churriguereskoko erretaulagintzaren eredu adierazgarria baita. Azkenik, nabarmentzekoa da altzariaren jatorrizko trazaera bera gorde duten gutxietakoa dugula Oñatiko San Migelen erretaula hau.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Loiolako Santutegiko Eliza

Auzoa-Udalerria: Azpeitia

Lurraldea: Gipuzkoa

Erretaula nagusia, barroko estilokoa, 1739-1747 bitartean egina da Ignacio de Iberoren trazaerari jarraiki. Horma-konka batean landutako erretaula hau zizailuaz, gorputz bakarraz eta erremateaz osatzen da. Hiru kaletan banatzen da, erdikoa nabarmenagoa eta albokoak baino aurreratuxeagoa agertzen delarik. Erdiko kalea eta albokoak binaka elkartutako zutabe salomondarren bidez bereizten dira. Zutabe hauek kapitel konposatua dute eta xingola eta izarrez osatutako dekorazioa. Alboko kaleen kanpo aldean fuste lisoko zutabeak agertzen dira. Errematea oskol formakoa da, eta dekorazio ugarikoa. Erretaula guztia marmolezko marketeria eta inbutituez eta Loiolako Inazioren bizitzari buruzko osagaiez estalita dago. Apaingarri horiez gain, altzariari aberastasun eta berezitasun paregabea ematen dioten beste zenbait edergarriz jantzia dago.

Erdiko kalean hiru gingileko bi horma-hilobi agertzen dira elkarren gainean jarriak. Beheko aldean santutegia dago eta goikoan santuaren irudia. Santutegiak tenplete itxura du, eta Genoako jaspe urdinez egindako zortzi zutabetxoz osatutako zokaloan bermatzen da. Balaustrez osatutako kupula bat du. Sainduaren taila santutegian kokatuta dago, hiru gingileko horma-konka batean. Horma-konka honek frontoiaren zati bat hartzen du. Barroko klasizistako eskultura bikaina dugu santuaren taila, zilarrean landua. Caracasko Erret Konpainia Gipuzkoarraren oparia da, eta José Bauerrek egina da Francisco Vergararen diseinuari jarraiki.

Alboko kaleetan, San Inazioren taila baino beheraxeago, San Jose eta San Joakinen eskulturak ikus daitezke, egur polikromatuan landuak. Errematearen zatian Carrarako marmol zurian landutako eskultura-lan fin bezain efektista bat ageri da, autore ezezagunekoa eta eredu italiarretan oinarritua. Goiko aldean Jesukristoren eta Aita Betierekoaren irudiak ikusten dira, eta San Inazioren horma-konka ixten duen frontoi hautsiaren gainean, Zuhurtziaren eta Itxaropenaren irudi bana agertzen dira. Multzo osoa itxiz, IHS letrak eta Izpiritu Sainduaren usoa irudikatzen dira giltzarrian, eta aingeruen koruaren alboetara, San Migel eta San Gabrielen irudiak ikusten dira.

Erretaula guztiz ezohikoa da, bai bertan erabilitako material nobleengatik –marmolak, jaspea eta alabastroa–, bai diseinuarengatik –Iberoren erretaula aipagarriena dugu honakoa–, bai lanaren beraren maila bikainarengatik. Eskulturak ere nabarmentzeko modukoak dira, bereziki zilarrean landutako San Inaziorena taila, Caracasko Erret Konpainia Gipuzkoarrak oparitua. Azkenik, altzaria estaltzen duten edergarri oparoak aipatu behar ditugu. Erretaula hau, bada, maila bikaineko artelan oso-osoa dugu, eta ale bakan eta berezia izan zen euskal erretaulagintzaren baitan.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Oxirondoko Santa Marina Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Bergara

Lurraldea: Gipuzkoa

Rococo estiloko erretaula nagusia, oskol formakoa. 1739-1743 bitartean egina da, Miguel de Irazustari zor zaio, eta eskulturak, berriz, Luis Salvador Carmonarenak ditugu. Oin erdizirkularrekoa da, buruhormara itsatsita dago, eta zizailuaz, gorputz bakarraz eta oskol formako erremateaz osatzen da. Hiru kaletan banatzen da eta kaleak zutabe ildaskatuen bidez bereizten dira. Zutabe hauek kapitel konposatua dute, eta fusteari itsatsitako edergarriak. Dekorazio oparoko idulkietan bermatuta daude zutabeak, eta hauen gainean, profil lerronahasiko taulamendua finkatzen da. Erakus-mahai baten tankerako santutegiak zizailua gainditzen du, lehen gorputzaren zati handi bat hartzen duelarik. Egiturak tenplete forma du, eta alboetara aingeruen taila bana duten kupula batek ixten du. Santutegiaren gainean Santa Marinaren horma-konka agertzen da, erdi-puntu beheratukoa eta alboetara fustea dekoratuta duten zutabeak dituela. Horma-konkaren gainean, taulamendua hartzen duela, arrautza-formako medailoi bat ageri da, martiritzaren eszena erliebean landuta duela.

Erretaularen alboetan, zutabearteko tarteetan, San Jeronimo eta San Agustinen irudiak ageri dira eserita, eta gorago, erdiko horma-konka handirako goranzko lerroa marraztuz, San Abdon eta San Senenen tailak agertzen dira idulki batzuen gainean, apaindura oparoaz jantzitako erremateen azpian.

Errematean, zutabeen gainean, bertute kardinalak agertzen dira eta multzo osoaren erdigunean, Salbatzailearen taila ikus dezakegu, bi aingeruz inguratuta. Erretaulak rococo estiloko dekorazioa du, eta idulkietan, zutabeen fusteetan, taulamenduan eta errematean agertzen zaigu dekorazio hori nagusiki. Altzariak ez du urreztadurarik eta polikromia tailetan agertzen da soilik. Taila hauetan margolan bikaina nabarmentzen da, eskulturen maila bikaina osatuz.

Santa Marinaren erretaula honek arkitektura zein eskultura alorretan eragin handia izango zuen eredu berria ekarri zuen Gipuzkoara, eta jarraitzaileak izan zituen ingurune osoan. Trazaeraren diseinua erabateko berrikuntza izan zen bere garaian, eta erretaulagintzako arkitekturaren etapa berria ekarri zuen. Eskulturari dagokionez, Luis Salvador Carmonak eginak dira, garai hartako eskultorerik onenetakoa eta bertako eskultoreen artean entzute handia lortu zuena. Eskulturek multzo bikaina osatzen dute, Euskal Herriko rococo estiloko erretaulagintzan goia jo zutelarik.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Andre Mariaren Jasokundea Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Segura

Lurraldea: Gipuzkoa

Rococo estiloko erretaula, oin kurboduna, eta zizailuaz, bost kaleko atal bakarrez eta oskol itxurako errematez osatua. Miguel de Irazustarena da trazaera eta Luis Salvador Carmonarenak irudiak. 1747an amaitu zen erretaula eta 1749an, berriz, urreztadura.

Erretaula honek ildaskaz landutako fusteez eta itsatsitako dekorazioz jantzitako zutabe handiak ditu kaleen banaketa osatzeko. Zutabeak dekorazio oparoz apaindutako mentsuletan bermatzen dira, eta profil hautsi konplexuko eta hegalkin moduko idulki batez osatutako taulamenduari eusten diote. Erdiko kalea zabalagoa da gainerakoak baino eta rococo estiloko dekorazio ikusgarria du. Bertan santutegiaren erakus-horma aberats-aberatsa agertzen da zizailuaren erdigunea eta gorputz bakarreko erdiko kalearen zati handi bat hartuz, eta alboetara zutabe apainduak eta eskulturaz osatutako errematea duen horma-hilobi bat osatuz. Tabernakuluko horma-hilobi honen gainean, argia sartzen uzten duen pieza gardenaz osatutako Jasokundearen ganbaratxoa kokatuta dago. Ganbaratxoak gorputzaren solairua gainditzen du eta hautsi egiten du taulamendua, oskoleraino helduta. Alboko kaleetan irudiak agertzen zaizkigu mentsula batzuen gainean erdiko kaletakoak, eta muturreko kaleetakoak, berriz, gorago, eta erdi-puntuko eta atzealde lauko horma-konketan. Zizailua profil lerronahasiz osatua dago, eta dekorazio oparoz jantzitako idulkiak ditu. Oskolak ere dekorazio oparoa du, eta goiko aldean, aingeruen irudiak agertzen dira, uso baten irudiarekin batera. Usoa, Izpiritu Santuaren ikurra dugu, eta apaingarri ugariz hornitutako izpiez osatutako eguzki baten barruan agertzen zaigu.

Erretaula honen ikonografian Andre Mariaren Jasokundea irudikatzen duen multzo ikusgarria nabarmentzen da, erretaula osoaren erdigunea osatzen baitu, gainerako irudi guztiak irudi nagusi honen mende agertzen direlarik. Piramide-itxurako eskema gisa taxutua dago erretaula, eta osaketak efektismo eta dinamikotasun handia lortzen ditu. Bertan, hamabi apostoluak agertzen dira hilobiaren inguruan, eta haien gainean "Andre Mariaren Jasokundea" hodei eta aingeruen artean. Multzo honen gainean, Jainko Aita eta Jesukristo ageri dira, aingeruez inguratuta. Multzo nagusiaren azpian, gorputz bakarreko alboko kaleetan, San Joan Bataiatzailea eta San Joseren irudiak ikus ditzakegu, eta gorago, alboko kaleetan San Joakin eta Santa Anaren irudiak.

Erretaula honetako urreztadura Manuel de Alquizaletek egina da 1749an, eta tailen polikromia ere eskultore honen lantegian egingo zen ziurrenik. Biak ere maila on-onekoak dira, eta hala arkitektura eta eskultura bikaineko altzari bat osatzen dute denen artean.

Erretaula nagusi hau penintsulako barrokoan gehien aipatzen direnetakoa dugu. Lan bikaina, ikusgarria eta egikera ezin hobekoa dugu, garaiko maisu onenek egina. Eszenografia handi baten modura itxuratu zen, eta modu bikainean uztartzen ditu muina eta itxura, formak, osaketa eta argia maisutasun handiz uztartzen dituen trazaera bikain bati esker. Gainera, punta-puntako eskultura-lanek osatzen dute erretaula hau, horien artean Luis Salvador Carmonaren 42 irudiak nabarmentzen direlarik, eta irudion artean, Andre Mariaren Jasokundeari dagozkionak bereziki, euskal erretaulagintza barrokoko multzo bikainenetakoa osatzen baitute euren ereduzko osaketari esker.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Andre Maria Sortzez Garbiaren Komentuko Eliza

Auzoa-Udalerria: Segura

Lurraldea: Gipuzkoa

Rococo estiloko erretaula nagusi hau 1742-45 bitartean burutu zen Fray Jacinto de la Sierraren trazaerari jarraiki eta Sierratarren lantegiko eskulturekin. Oin zuzeneko erretaula hau zizailuaz, gorputz bakarrak eta atiko erdizirkularraz osatzen da, eta hiru kaletan banatuta dago kapitel konposatua duten lau zutabe erraldoien bidez. Zutabeek azpiko herena apainduta duten fusteak dituzte eta goiko aldea, ildaskatuta eta itsatsitako apaingarriz hornituta dute. Apaingarriz osatutako mentsuletan bermatzen dira, eta mentsula hauek, aldi berean, zizailuan zurkaiztuta daude. Era berean, hegal-itxurako apalez hornitutako zutabeen gainean aurreratutako taulamenduari eusten diote. Erdiko kalean, albokoak baino handiagoa, Andre Mariaren ezaugarriekin apaindutako taulamendua duten zutabeez inguratutako horma-konka handi bat agertzen da. Honen gainean, erremate aurreratuan eta mentsula handi baten gainean, Koroapenaren irudi bat agertzen da, Gloria baten bidez itxia.

Alboko kaleetan irudiak apaindutako mentsulen gainean agertzen dira eta itxuraz erdi-puntukoak diren eta taulamenduan bermatutako arkitekturen gainean. Hauen gainean ebakera zirkularreko mentsulatxoak eusten dira, eta mentsulatxo horien barruan irudiak kokatzen dira. Zizailuaren erdiko kalean santutegi txiki bat agertzen da, eta alboko kaleetan, berriz, erliebez landutako panelak. Erretaulak rococo estiloko ohiko apaindura du: arrokaiak, zintzilikariak, oihalak eta girlandak, eta goiko aldeko alboko muturretan saindu frantziskotarren taila bana agertzen da.

Erretaula honetako gai garrantzitsuena Ama Birjina dugu, eta berak da erdiko kaleko protagonista nagusia, Andre Maria Sortzez Garbiaren eta Andre Mariaren Koroapenaren irudietan ikus daitekeenez. Zizailuan, erliebeetako eszenetan Familia Saindua agertzen zaigu batetik, eta San Joakin, Santa Ana eta Andre Maria

haurretan, bestetik. Alboko kaleetan, Hungariako Santa Isabelen eskultura agertzen da albo batean, eta Sahagungo San Joanen eskultura txikiagoa haren gainean, eta beste aldean, berriz, Portugalgo Santa Isabel eta Santa Klararen irudiak ikus ditzakegu. Erremateetako eskulturek, azkenik, San Joan Capistranokoa eta San Paskual Bailónen irudikatzen dituzte.

Erretaulak polikromia berantiarra du eta urreztatuta dago gorputza, taila eta erliebe urriko kromatismo batez.

Erretaula hau aipagarria dugu arrazoi ugarirengatik. Batetik, eredu berri baten lehen arrastoak dakarzkigulako, bestetik, Sierratarrek Gipuzkoan egindako lehenbiziko erretaula dugu, eta horrez gain, ikono-sorta interesgarriaz osatzen da, eta azkenik, erretaula osatzen duten eskulturetako batzuk oso maila artistiko handikoak dira, hala nola, Andre Maria Sortzez Garbiaren eta Hungariako Santa Isabelen irudiak.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Santa Klara Komentuko Eliza

Auzoa-Udalerria: Azkoitia

Lurraldea: Gipuzkoa

Rococo estiloko erretaula nagusi hau 1740-42 bitartean egina da Ignacio de Iberoren trazaerari jarraiki.. Zortzi aldeko oina du oskol itxurako erretaula honek, eta zizailuaz, gorputz bakarraz eta hiru kaletan antolatutako erremate batez osatzen da. Kapitel konposatuko zutabe ildaskatuak ditu, apaingarri rococoez hornituak. Altzaria José de Lizardik burututako jaspezko idulki baten gainean kokatuta dago. Basamentuan apaingarri oparoko ateak zabaltzen dira alboetara, moldura barrokoak dituzte eta zutabeen azpiko mentsulak aingeru-buruekin apainduta daude. Erdiko kalean santutegia kokatuta dago arku lerronahasi batez inguratutako nitxoan, XIX. mendeko erretaularen atzean. Erretaularen gainean, Santa Klararen horma-konka agertzen da, kartela txirladun bat duela gainean. Kartela hau atikoko irudiaren apala bermatuta dagoeneko taulamendua kurbatzen da. Gorputzaren alboetako kaleetan, apaingarriz hornitutako apalen gainean, erremate kiribildudun taulamenduen barruan txertatutako erdi-puntuko hondoetan agertzen dira tailak. Oskolean, zutabeen bidez berezitako hiru kaleko banaketa giltzarriraino iristen diren nerbioen bidez luzatzen da. Erdiko taila horma-konka batean ageri da, errematean aingerutxo batzuk dituela eta arrokaia txirladunaz apaindua. Alboetan, irudiak kanpai- eta errezel-formako pabiloietan kokatuta daude, eta multzo osoa itxiz, giltzarriko Gloria nabarmentzen da. Erretaulak rococo estiloko apaindura du, kartela eta apaletan tarteka agertzen diren zintzilikari, pitxer, oihal, arrokaia eta aingerutxo-buruak nabarmentzen direlarik.

Elizako buruaren taila, Santa Klararena alegia, lehen gorputzeko horma-konkan agertzen da eta bere gainean, errematean, Andre Maria Sortzez Garbiaren irudia agertzen da. Ebanjelioaren kalean, Boloniako Santa Katalina irudia ikus daiteke, eta Santa Koletaren irudia, berriz, Epistolaren kalean. Bestalde, errematean Sienako San Bernardinoren eta San Joan Capistranokoaren irudiak agertzen dira eta erlikiategiaren gainean, azkenik, San Migelen irudi txiki bat, erretaula baino geroagokoa.

Irudien polikromia erretaularen garai berekoa da, eta erretaularen urreztatze-lanak eta polikromia, berriz, berau burutu baino nabarmen geroagokoa.

Santa Klararen erretaula hau rococo estiloaren printzipio berriekin bat etorriz egindako lehenbizikoetakoa dugu, eta arkitektura-alorrean hainbesteko interesa eragingo zuen euskal rococoko oskol itxurako erretaulen eredu goiztiarra dugu. Erretaula honen diseinua egin zuen arkitektoaren maila handiak, gainera, berretsi egiten du joera hori.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Bidaurretako Hirutasun Guztiz Santuaren Komentuko Eliza

Auzoa-Udalerria: Oñati

Lurraldea: Gipuzkoa

Rococo estiloko erretaula nagusia, 1751-1753 bitartean egina. Horma-konka moduko erretaula dugu honakoa, eta harrizko idulki batez, zizailuaz, gorputzaz eta erremateaz osatzen da. Erretaula honetako gorputz bakarra hiru kaletan banatzen da, eta kale hauek ordena korintoarreko zutabe erraldoien bidez banatzen dira. Zutabeen fustea rococo estiloko edergarri ugariez apainduta ageri dira, eta muturretako zutabeak bikoitzak ditugu. Erdiko kalean Ama Birjinaren ganbaratxoa ageri da, erretaularen erdian zintzilikatutako balkoia balitz bezala. Mentsularen gainean balaustrada du, absidean irekitako bao baten bidez argiztatzen delarik. Ganbaratxoaren azpian, idulkien gainean agertzen diren irudiak bi solairutan banatzen dira, eta bien arteko espazioan santutegia agertzen da. Alboetara, irudiak bi altueratan banatzen dira, behekoak, fusteak sigi-saga egiten duten girlandaz apainduta dituzten zutabe bikoitzetan bermatzen dira. Taulamenduaren muturrak, bestalde, pitxerrez apainduta ageri dira. Goragoko irudiek, berriz, zutabe bikoitzak dituzte alboetara. Zutabeon fustearen beheko erdia landuta dago, eta taulamenduari eusten ageri dira. Taulamenduaren gainean borla batzuk ageri dira, eta erdiko zatian apaingarriz jantzitako frontoi kurbo batez osatutako errematea. Zutabearteetan, muturretan, hondoan fikzio arkitektoniko korapilatsuak irudikatuta dituzten idulkietan bermatutako hainbat irudi ikus ditzakegu. Errematean, zenbait taila agertzen dira zutabeen eta taulamenduaren gainean, eta erdiko gorputzean, azkenik, aingeruen tailak ikusten dira. Kanpo aldeko arkua aingeru-buruekin apainduta ageri da. Erretaula harrizko oinarri baten gainean bermatuta dago eta sei paneletan banatutako zizailu batez osatzen da. Panel hauen polikromiak kontraste ederra sortzen du altzari honen gainerako zati ilunen aldean.

Dekorazioa idulki, fuste, taulamendu eta erremateetan agertzen da eta estilo rococoari jarraiki apaindutako arrokaia, ispilu eta oihal zintzilikarietan oinarritzen da nagusiki. Erretaula honek ez du urreztadurarik, eta zizailuko erliebeak eta tailak dira polikromatuta agertzen diren zati bakarrak.

Erretaula honetako eskulturak Sierratarren lantegian eginak dira. Kalitate handikoak dira eskultura horiek, eta hala, bat datoz altzari osoaren maila bikainarekin. Horma-konka nagusian, Ama Birjinaren Koroapenaren irudia ageri da, eta irudi horrez azpian, San Jose eta San Joan Bataiatzailearen irudiak ikusten ditugu beheko solairuan, eta San Joakin eta Santa Anarenak goiko solairuan. Zizailua erliebean landutako etxetxoak agertzen dira, San Markos, Artzainen Gurtza, San Joan, San Mateo, Hiru Errege Magoen Gurtza eta San Lukasen irudiekin. Alboko kaleetan, behe aldean, San Buenaventura eta San Frantziskoren irudiak agertzen dira, eta kontrako aldean, San Antonio eta Santa Klararen irudiak. Goiko aldean, Santa Koleta eta Portugalgo Santa Isabelen irudiak ikus ditzakegu. Azkenik, errematean San Luis Tolosakoa, San Bernardino Sienakoa, San Paskual eta San Bienvenidoren irudiak agertzen dira, San Joan Capistranokoa eta San Diego Markakoarekin batera, altzariaren muturretan azken hauek.

Bidaurretako komentuko erretaula hau Fray Jacinto de la Sierrak diseinatu zuen, eta euskal erretaulagintzako arkitektura-diseinurik ikusgarrienetakoa dugu. Osaketa eszenografikoa oso efektista eta dinamikoa du erretaulak, eta hala, Gipuzkoako erretaulagintza barrokoaren eredu bikaina dugu honakoa.

Erretaula: Jasokundearen Parrokiako Erretaula Nagusia

Tokia: Jasokundearen Parroki Eliza

Auzoa-Udalerria: Errenteria

Laurraldea: Gipuzkoa

Erretaula nagusi neoklasiko hau Francisco Azurmendik egin zuen 1777-1784. urteetan Ventura Rodriguezen trazari jarraituz. Oinplano kurboa du, ahurra, eta absidearen murru erdizirkularrari egokitzen zaio. Gorputz bakarra eta errematea ditu, eta idulki handien gaineko zutabe korintiar pareatu erraldoiek antolatzen dute gorputz bakarra. Zutabeek entaulamenduari eusten diote, eta entaulamendua erdiko kalean atzeraematen da. Erdiko kalean erdi-puntuko nitxoa irekitzen da eta bertan titularraren irudia dago. Pilastra artekatu pareatuek eusten diote frontoi kurbodun taulamenduari, eta azken hori muturretako pilastren gainean hausten da. Frontoiaren errematean boladun akroterak daude izkinetan; usoa eta izpi distiratsuak gailurrean.

Erretaula osatzen da egurrezko eta marmorezko sagrario exentu batez, hiru harmailatako basamentu baten gainean dagoena. Erretaula horrek oinarrian sekzio biribila du, eta pilastra artekatuen aurrean lau zutabe. Pilastrek errematean hegodun irudiak dituzte eta kiribilduen gaineko koroak barruan dosel eta gortinadun edikulua du.

Erretaularen eskultura Alfonso Bergazena da, gai nagusienak estukoz egin zituen. Ama Birjinaren Jasokundea irudikatzen duen irudia erretaularen nitxo bakarrean dago. Errematearen aldean Hirutasun Guztiz santua dago, albo bietan aingeru bana, eta beste bi aingeru nitxoaren edo hormakonkaren gainean daude eta horren barruan titularra dago.

Erretaula eta tenplua erabat egokitzen zaizkio elkarri, eskemaren diseinua bakuna eta argia da, ondo egokiturik kanon klasikoei; eskultura ere oso kalitate handikoa, egitura horri ondo moldatua. Erretaula, beraz, koherentzia handiko multzoa da eta Euskal Herriko erretaulagintza neoklasikoaren onenetarikoa da.

2.– Erretaula-taldea.

Atal honetan sartzen dira taldea osatzen duten erretaula guztiak, beren arkitekturaren egitura, ainguratzeko sistemak eta zokaloak barne, eta erretaulen beste elementu guztiak, eskulturak zein pinturak izanda; baita erretaulei elkartutako santutegiak ere, atxikiak zein bereiziak.

Mota horretako erretaulak ondorengoak dira:

Erretaula: Erretaula Nagusia eta horren Albokoak

Non: Jesus, Maria eta Joseren Ikastetxea zena (Josefinoen Ikastetxea)

Auzoa-Udalerria: Orduña

Lurraldea: Bizkaia

Familia Sainduaren erretaula nagusia eta Loiolako San Inazio eta Xabierko San Frantziskoren alboetako erretaula hauek estilo churriguereskokoak ditugu eta Orduñako Jesusen Lagundiaren ikastetxea izandakoan (Josefinotarrena gaur egun) kokatuta dago. 1688-89 urte bitartean egina da, Felipe del Castillo arkitektoaren eta Martín del Hoyo eskultorearen eskutik.

Erretaula nagusia zizailuaz, gorputz bakarraz eta atikoaz osatzen da, eta hiru kaletan banatzen da, erdikoa delarik zabalena. Altzaria egituratzen duten zutabe salomondar sendoak agertzen dira, ordena erraldoikoak. Zutabeotan mahatsondo-hostoak ageri dira goranzko joeran, eta orbelez estalitako mentsula handietan bermatzen dira. Mentsula hauen gainean oin hautsiko taulamendua luzatzen da, hegalkin handiko erlaitz handi bat duela. Erdiko kalean erdi-puntuko horma-konka bat ageri da eta taulamenduaren gainean txartela eta kukulu-formako errematea, atikoko tailaren idulki lanak eginez. Alboetako erregistroetan, erlaitzen gainean agertzen dira eskulturak, gainean erliebez eta landare-itxurako erremate korapilatsuaz jantzitako panelak dituztela. Atikoa erdizirkularra da eta tenplu orladunaren buruhormara atxikita ageri da, edergarriz apaindutako arku batek inguratzen duela. Erdialdean taila bat agertzen da, alboetara apaingarriez jantzitako pilastrak dituen erlaitz batean. Alde honetako alboetako hegalak kurbatuta daude aurrealdeko arkuan eta hostotza oparoz apainduta daude. Atikoan erremate handi bat ageri da, txirlaz eta aingeru baten aurpegiaz osatua. Altzari honetan, mentsuloien artean, mihiseetarako panelak ageri dira zizailuan.

Alboko erretaulek ere antzeko egikera arkitektonikoa dute eta zizailuaz, gorputzaz eta atikoaz osatzen dira. Gorputz bakarrean gorantz jotzen duten mahatsondo-hostoez jantzitako lau zutabe salomondar ageri dira, eta erdiko kalean erretaula honetako taila bakarra, arku batez itxitako horma-hilobi batean. Hilobi hau hostoez eta erdiko kukulu handi batez apaindutako marko batez inguratuta dago, eta atikoan, alboetara kiribildura ikusgarriez osatutako pilastrak ikus daitezke, hosto-itxurako apaingarriez jantzitako erremate ikusgarria duten erliebean landutako panelen alboetara. Zutabearteetan, fruitu zintzilikariez osatutako girlandak ikus daitezke eta erretaula bietan santutegiaren jatorrizko kutxa gordetzen da, ateak kokatuta daudeneko molduradun koadroen alboetara ageri diren zutabe salomondar txikien modura.

Erretaula hauen dekorazioa oso oparoa eta xehetasun handikoa da, oso churrigueresko dela esan genezake, eta ikusgarritasun handiko landare-motiboak nabarmentzen dira bereziki.

Ikonografiari dagokionez, erretaula nagusian Familia Sainduaren hiru osagaien irudikapenak ageri dira: erdian, haurtxo garaikide bat ikus daiteke, jatorrizkoaren ordez jarria; Ebanjelioari dagokion kalean, Andre Mariaren taila, eta honen gainean, San Juan bataiatzailearen erliebea ageri da; Epistolaren zatian, berriz, San Jose ikus dezakegu, goiko aldean, Santa Konstanzaren martiriaren erliebea duela. Zizailuan, Deikundearen eta Familia Sainduaren mihiseak ageri dira, eta atikoan, Loiolako San Inazioren irudia.

Alboetako erretauletan San Jose eta Mariaren Bihotza ageri dira gaur egun, garai batean Loiolako San Inazio eta Xabierko San Frantziskoren irudiak egon izan baziren ere. Erretaula hauetan Nagasakiko martirien eta Andre Maria eta Haurraren erliebeak ikus daitezke halaber. Azken erliebe honetan, Andre Maria eta Haurra San Luis Gonzagari eta Kostkako San Estanislaori erregela emanez agertzen dira.

Tailen polikromia erretaulak egin ziren garaiko barroko estilo berekoak dira, eta Ama Birjinaren eta San Joseren irudien polikromia nabarmentzen dira gainerakoen artean. Arkitekturari dagokionez, material nobleak itxuratzeko saiakera nabarmentzen da, eta hala, zutabeetan jaspea antzeratzen da, brontzea harroin eta kapiteletan, eta marmol zuria pilastra, erliebe, taia eta gainerako osagarrietan. Noble itxura hori zatika ematen zaie egiturei, eta hala, altzariaren beste zatia urreztatu edo margotu gabe uzten dira.

Multzo hau batasun gisa irudikatu zen, eta XVII. mende amaierako euskal erretaulagintzako eredurik bikainenetakoa dugu. Erretaula hauetan arkitektura aldetik nabarmentzen den koherentzia bera aurkitzen dugu eskulturetan ere, eta hala, estilo churrisguereskoaren ereduzko erretaula osatzen du honakoak. Eredu honek harrera bikaina izan zuen XVII. mendeko azken hamarkadetan, atzerriko artistek euskal barrokoan izandako eragin zabala agerian uzten duelarik.

Erretaula: Erretaula Nagusia eta Albokoak

Non: Karmengo Amaren Komentuko Eliza

Auzoa-Udalerria: Markina-Xemein

Lurraldea: Bizkaia

Erretaula nagusia eta albokoak estilo barroko berantiarrekoak ditugu. Erretaula nagusia 1732az geroztik egina da eta albokoak, berriz, 1736an. Guztiak ere Fray Marcos de Santa Teresa arkitekto nafarraren lanak ditugu. Erretaulak karmeldarren ohiko antolaerari jarraiki eratzen dira: erdiko erretaula bat presbiterioan eta alboko erretaulak gurutzaduraren besoetan, tenpluaren oinaldera begira. Hiru erretaulek antzeko egitura dute: zizailua, gorputz bakarra eta atikoa. Hiru kaletan banatzen dira, "a candelieri" estiloko edergarriez apaindutako erraboil itxurako zutabe handiak dituztela lehenbiziko herenean, eta sigi-saga egiten duten ildaskak fustearen gainerako zatian. Zutabeak apaindura oparoz jantzitako mentsuloietan bermatzen dira, eta mentsuloi hauek zizailuen arteko kaleetan egituratzen dira, zutabe horien gainean hurrenkeran antolatuta daudelarik. Errematean, erretaula nagusiaren erdian forma lerronahasiko kutxa bat ageri da Gurutziltzatuaren irudiarekin. Alboetara mukulu-tailez osatutako horma-konkak ditu. Alboetako erretaulek, berriz, horma-konka bakarra dute, edergarri oparoko alboko erremate kiribilduez apainduak. Hiru erretaulek era askotako kutxa eta zutabeak dituzte, estilo honi dagozkion gailurrekin batera, eta dekorazio barroko oparoa du halaber, hala nola, zintzilikariak, adarrak, hostoak, pitxerrak, txartelak edo medailoiak eta errezelak.

Erretaula nagusia dugu denen arteko handiena, eta muturretan pilastra toskanarrak ditu. Horrez gain, santutegi bat du, erakus-mahai moduko tenplete baten antzeko egitura duena. Angelu alakatuak ditu santutegi honek eta erraboil itxurako zutabeen gainean bermatzen da. Azkenik, kupula sartua du gailurrean. Erretaula honetako erdiko kalean, argia igarotzen uzten duen pieza garden batez osatutako horma-hilobi batean, Karmengo Amaren irudia agertzen da, eta errematean Gurutziltzatua, Jerusalem zerutiarraren margo baten aurrean. Lehen gorputzeko alboko kaleetan, San Elias eta San Albertoren irudiak ikus daitezke, eta atikoan, berriz, Alexandriako San Ziriloren eta San Angeloren irudiak.

San Joseren erretaulan, ebanjelioari dagokion zatian, santu horren irudia agertzen zaigu, eta honen aurrean, "Santa Teresari idunekoa jartzen" mihisea. Alboko kaleetan, San Bernardo eta San Benitoren irudiak ikus daitezke. Santa Teresaren erretaulan, bestalde, epistolari dagokion zatian, Santa Teresaren irudia, "Egiptorako ihesaldia"ren mihisea eta Santa Teresatxo eta Santa Teresa Margaritaren busto modernoak ageri dira. Erretaula bien goiko aldea frontoi hautsiaz eta landare-formako txirlaz osatzen da, eta horrez gain, rococo estiloko mahai bat du azkenik.

Irudiak hemezortzigarren mendeko barroko estilokoak dira, eta bi garaitan eginak dira: bata, multzo osoa egin zen garai berean, eta bestea, ondoren, rococo estiloan. Erretaularen polikromia ere rococo estilokoa da, urre-kolorez apaindua, eta zati lauetan arrokaiak, burdin-sareak, erronboak eta loreak landuak ditu zizelaz. Horrez gain, kolore-ikutuak ditu mazoneriako zenbait gune zehatzetan eta irudietan, eta erregosketa eta esgrafiatu interesgarrienak San Joseko erretaulako irudien jantzietan ikus daitezke.

Goiko lerroetan deskribatutako hiru altzariek multzo bateratu eta osoa osatzen dute kronologia, tipologia eta programa ikonografikoari dagokionez. Euskal barrokoko maisu handienetako baten lana dugu erretaula hau, Fray Marcos de Santa Teresarena hain zuzen ere, eta Churrigueraren garaiko erretaulen ezaugarriak badarabiltza ere, aipatu beharreko hainbat berrikuntza dakartza, hala nola, erraboil itxurako zutabeen erabilera eta apainduraren trataera fina. Ezaugarriok ditugu karmeldarren XVIII. mendeko erretaulen bereizgarri nagusia. Komentu honetako programa ikonografikoa oso bitxia da Bizkaiko esparruaren baitan. Ezaugarri horri esker, gardenkien eta olio-pinturen erabilerarekin batera, Bizkaiko erretaulagintza barrokoko altzari nabarmenenetakoa dugu honakoa.

Erretaula: Erretaula Nagusia eta Albokoak

Non: Joan Santuen Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Bilbao

Lurraldea: Bizkaia

Bilboko Joan Santuen elizako erretaula nagusia eta Hiribilduko Kristo Santua, Bakardadea, Karmengo Ama, San Juan Ebanjelaria, San Luis Gonzaga eta San Joseren alboko erretaulak churriguereskoak dira eta San Rafael eta Jesusen Bihotzarenak, berriz, rococo estilokoak. Erretaula nagusia absideko kaperan kokatuta dago, eta albokoak, Ebanjelioari eta Epistolari dagozkion nabeetako kaperatan. Erretaula-multzo honek batasun historiko koherentea osatzen du. Bertako zein kanpoko artistak aritu ziren erretaula hauetan lanean; estilo churriguereskoa dutenak 1683 eta 1696 bitartean eginak dira, eta rococo estilokoak, berriz, 1742 eta 1747 bitartean.

Erretaula churrigueresko guztien arkitekturak antzeko antolamendua du eta zizailuaz, hiru kaletan banatutako gorputz bakarraz eta atikoaz osatzen dira. Euskarriak mahatsondoekin apaindutako zutabe salomondarrak dira, eta hauek erretaularen oinean zehar luzatu eta oin hautsiko taulamenduak eusten dituzte halaber. Goiko aldean, erretaulak ostiko errekurbatuan ixten dira eta guztiek barroko garaiko ohiko dekorazioa dute: zintzilikariak, edergarriz jantzitako kartelak, bolak, pitxerrak eta hegalkin errekurbatuak. San Rafaelen erretaula rococoa zizailuaz eta gorputzaz osatzen da. Gorputzak estipite dekoratuak ditu, diagonalean ipiniak, eta erremate bihurrituak alboetara. Jesusen Bihotzaren erretaula, bestalde, ekisaindu-erretaula tipologiako ale originala dugu. Erdigunean Jesusen Bihotz bat ageri da, ispilu, buru hegaldun eta loreekin gloria osatzen duela, eta inguruan estipitedun aingeru hegalariak eta edergarri ugari ditu.

Erretaula nagusia estilo churriguereskoko erretaulen eredukoa dugu. Zutabe salomondarrak hosto itxurako mentsula handietan bermatzen dira eta ordena erraldoiko traspilareak dituzte. Santutegia neoklasikoa da, zirkularra eta zutabe lisokoa, eta goian bola eta heldulekuz apaindutako kupula du.

Erretaula hauetako programa ikonografikoa oso heterogeneoa da. Eraikinaren historiari zor zio hori, izan ere, 1770 urtea arte Jesusen Lagundiaren San Andres ikastetxea izan baitzen, eta horren ondorioz, jesuitei buruzko gai ugariren irudikapenak agertzen dira, tokian tokikoak edo orokorragoak diren beste gai batzuekin batera.

Erdiko erretaulan eskultura eta pintura nahasten dira. Erdiko kalean San Joan Bataiatzailearen taila bat ikus dezakegu, XVIII. mendearen bigarren erdikoa eta Manuel de Acevori egozten zaiona. Horrez gain, Hirutasun Guztiz Sainduaren irudiak ere agertzen dira eta errematean San Frantzisko Borjaren irudia dugu. Zizailuan hainbat pintura ageri dira Loiolako San Inazio eta Xabierko San Frantzisko irudikatuz. Alboko kaleetan, lehen gorputzean, San Pedro eta San Pabloren irudiak ikus ditzakegu, eta hauen gaineko arkuarteetan, San Agustin eta Santo Domingo de Guzmanen irudiak.

Alboko erretaulatan ondoko gaiak irudikatzen dira:

Hiribilduko Kristoaren erretaula: XVI. mende erdialdeko gurutziltzatu manierista bat ageri da, Juan de Beaugrant-i egozten zaiona, eta honen gainean Maria Magdalenaren mihisea aitor egiten.

Karmengo Amaren erretaula: Karmengo Amaren taila batez osatzen da eta San Joakin eta Santa Anaren mihiseak ditu alboetara, eta Ama Birjinaren irudi moderno bat gailurrean.

San Luis Gonzagaren erretaula: Santuaren irudi bat agertzen da hemezortzigarren mendekoa eta Luis Salvador Carmonari egotzi izan zaiona. Horrez gain, Santa Ageda, Santa Lutzia eta Nagasakiko martirien mihiseak ikus daitezke atikoan.

San Rafaelen erretaula: San Rafaelen rococo estiloko taila.

Bakardadea edo Oinazetako Amaren erretaula: Andre Maria honen irudia Raimundo Capuzi egozten zaio eta errematean agertzen den "Ecce Homo" koadroa, berriz, Martín Amigok egin zuen 1694an.

San Joan Ebanjelariaren erretaula: San Joanen taila batez osatzen da, XVIII. mendekoa, eta San Frantzisko Asiskoa, San Frantzisko Paulakoa eta Begoñako Amaren mihiseak ditu errematean.

San Joseren erretaula: San Joseren taila bat du, XVIII. mendekoa, eta San Juan Bermans, San Estanislao Kotskakoa eta San Brunoren mihiseak.

Jesusen Bihotzaren erretaula: Jesusen Bihotzaren irudiaz eta santutegiaz osatzen da, Hirutasun Guztiz Sainduaren eszena batez apaindua azken hau.

Erretaula barrokoen multzo honetan aniztasuna nabarmentzen da bai arkitekturari bai eskulturari dagokionez. Hala eta guztiz ere, Bizkaiko erretaulagintza barrokoko multzorik koherenteena dugu honakoa. Erretaula nagusia nabarmentzen da bereziki, estilo churriguereskoko erretaulen eredu bikaina baitugu. Horrez gain, aipagarria da Jesusen Bihotzaren erretaula, Bizkaian ez baitago tipologia honetako beste erretaularik. Eskultura eta pinturari dagokionez, maila handiko lanak aurkitzen ditugu, hala nola, Hiribilduko Kristoaren taila –Atxuriko Joan Sainduen eliza zaharretik ekarria–, San Luis Gonzaga edo San Rafaelen tailak, edota erretaula nagusian ikus daitezkeen Pedro eta Pablo apostoluen pintura tenebrista.

Erretaula: Pietatearen, San Krispin eta San Krispinianoren Erretaula Nagusia eta San Blas eta San Nikolasen Albokoak

Non: Bariko San Nikolas Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Bilbao

Lurraldea: Bizkaia

Arkitektura-, eskultura- eta pintura-multzo bateratu hau Bilboko San Nikolas Barikoaren elizan kokatuta dago. Multzo hau erretaula nagusiaz; San Krispin eta Krispiniano eta Pietatearen erretaula albokideez eta San Blas eta San Nikolasen alboko erretaulez osatzen da. Guztiak ere rococo estilokoak dira eta zizailuaz, gorputz bakarraz eta erremateaz osatzen dira. Errematea erdizirkularra da erretaula nagusian, eta oskol-formakoa gainerakoetan. Erretaula nagusia eta albokideak 1752-1756 bitartean eginak dira eta alboetakoak, berriz, 1752-1758.

Erretaulen oinak lerronahasiak dira, eta higidura handiagoa dute erretaula txikietan, elizaren oineko exedratara egokitzeko. Erretaula guztietan, erdiko kalea zabalagoa da alboetakoak baino, eta kale zabalago honetan tailak gordetzen direneko horma-konkak ageri dira. Alboko kaleetan, berriz, apaingarriz jantzitako erlaitzetan kokatzen dira eskulturak. Kaleen banaketa zutabe eta pilastra ildaskatuen bidez egiten da. Zutabe eta pilastra hauek gurutze itxurako girlandez, zintzilikariez eta arrokaiaz apainduta daude. Taulamenduak profil hautsikoak dira, eta akanto-hostoez, binakako medailoiez, arraba eta denteloiez apainduta daude.

Altzari hauen dekorazioa rococo estilokoa da, eta garapen handia du atikoetan, hostotza, ugaritasun-adar, zintzilikari eta arrokaia-muinez apainduta baitaude. Erretaula albokide eta albokoek exedra osoa hartzen dute eta goitik gainditu egiten dute oskolaren errematearen gainetik luzatuz.

Erretaula hauetako polikromia barroko berankorrekoa da, neoklasizismorako trantsizio garaikoa. Polikromi hau egikera onekoa dugu, eta ez du eskulturaren maila bikaina itzaltzen. Mazoneriak zuriz daude, eta urreztadurak horma-konketan eta edergarrietan ageri dira nagusiki. Honela, tailen kolorea nabarmendu eta erretaula osoko protagonismoa bereganatzen dute.

Erretaula nagusia Diego Martínez de Arce trazatzaileak egina da. Oso ondo egokitzen da elizburuko tarte estura eta zutabe-bikote konposatuak ditu plinto altuen gainean, taulamendu sendoak osatuz errematean. Behe aldean santutegia ikus dezakegu. Erakus-mahai handi baten tankerako tenplete itxurakoa da, eta gorputz nagusiaren erdiraino iristen da. Oin laukia du, harmaila batzuen gainean kokatuta dago eta zartailuz apaindutako euskarri ildaskatu eta lisoak ditu. Erdigunean Kristo Gurutziltzatuaren irudia ageri da San Pedro eta San Pabloren irudien erdia, eta gainean, Aita Jainkoaren irudia dugu, aingeruen artean kokatua. Lehen gorputzean, zutabeez inguratutako horma-konka batean, Bariko San Nikolasen irudia dago, eta honen gainean, atikoan, Haurtxo Errugabeen lepo-moztearen irudia ikus dezakegu arrautza formako erliebe handi batean. Zizailuan, zenbait altuerliebe ikusten dira, Justizia et Itxaropena irudikatuz, eta hauen gainean, alboko kaleetan, San Lorenzo eta San Bizenteren irudiak. Azken irudi hauen gainean, medailoi batzuk daude, santuen martiria irudikatzen dutenak erliebean. Atikoan, azkenik, alboetara bi aingerutxo-bikote ikusten dira, Bilboko armarriak eusten, eta beste bi irudi eserita, Karitatea eta Sendotasuna irudikatuz.

Ebanjeliori dagokion zatian, aurreko exedran Pietatearen erretaula dago San Jose eta San Antonio Paduakoaren irudiekin, eta hauen gainean, Garbitokiko Arimak irudikatuta dituen medailoia ikus daiteke, Maria Magdalena eta San Joan Ebanjelariaren irudiekin batera. Atzeko exedran San Blasen erretaula dugu, eta bertan San Blasen beraren irudia ikus dezakegu, Xabierko Frantzisko eta Santa Ritaren irudien artean, eta bigarren gorputzean, San Blasen miraria irudikatzen duen domina eta santuen irudiak dituzten hainbat mihise ageri dira.

Epistolari dagokion zatian, aurreko aldeko exedran, San Krispin eta Krispinianoren erretaula dugu. Santu bien alboetara Santa Barbara eta Santa Apoloniaren irudiak agertzen dira, eta bigarren gorputzean, berriz, bi santu horien martiritza irudikatzen duen domina eta Santa Ageda eta Santa Lutziaren irudiak agertzen dira. San Lazaroren erretaulan, santua bera, San Pedro Alcantarakoa eta Santa Teresa Jesusenaren bustoak, Epulon aberatsaren eszena jasotzen duen domina eta Neriko San Felipe eta San Joan Nepomukekoaren olio-pinturak agertzen dira.

Erretaula hauek guztiek multzo bateratua osatzen dute, euskal barrokoan derrigorrez aipatu beharrekoa. Eskulturak, kalitate bikainekoak eta edertasun formal handikoak, Juan Pascual de Menak eginak dira, eta Bizkaiko hemezortzigarren mendeko eskulturagintzako alerik bikainenetakoak ditugu. Denen artean Pietatearen taldea, San Lazaro eta San Blasen tailak eta San Nikolasen irudia nabarmentzen dira.

Erretaula: Erretaula Nagusia

Non: Andre Maria Sortzez Garbia Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Elorrio

Lurraldea: Bizkaia

Rococo estiloko erretaula nagusi erraldoi hau 1754-58 bitartean egina da, eta elizburuko zortzi aldeko osoa hartzen du. Alboetako San Pedro eta San Migelen erretaulekin batera eszenografia barrokoz jantzitako eszena ikusgarria osatzen dute eliza honetako absidean.

Erdiko erretaula nagusi handia zizailuaz, bi gorputzez eta oskol formako atikoaz osatzen da. Hiru kale ditu erretaula honek eta lehen gorputzean kapitel korintoarra duten zutabe ildaskatuen eta landare-motiboz apaindutako pilastren bidez banatzen dira; bigarren gorputzekoak berriz, mahatsondoz jantzitako zutabe salomondarren bidez eta ordena konposatuko pilastren bidez bereizten dira kaleak. Buruhormara egokitutako solairua oso dinamikoa da, eta profil lerronahasi konplexuez osatzen da. Altzaria Mañariko marmol beltzez egindako basamentu baten gainean agertzen da eta lore eta medailoiekin eta paisaje exotikoak irudikatzen dituzten erliebeekin apaindutako zizailuaz osatzen da. Zizailuaren eta lehen gorputzaren artean santutegia agertzen da harmailen gainean. Santutegi hau tenplete edo erakus-mahai tankerakoa da, bi gorputzez osatzen da, eta zartadun fuste lisoko zutabeen gainean eta oxkarrez jantzitako pilastretan bermatzen da; taulamendu kurboa du eta bertuteen irudiekin apainduta dago. Santutegiaren gainean, argia sartzen uzteko pieza gardena osatzen duen ganbaratxoa kokatuta dago, alboetara ildaskak landuak dituzten zutabeak eta gainaldean frontoi erdizirkular hautsia dituela. Azken honek kontraerretaula apaindua du atzealdean. Frontoi hautsiaren gainean, Izpiritu Sainduaren irudi bat dago, tximista, aingeru-burutxo eta kerubinez inguratuta.

Erretaula honetako alboko kaleetan, lehen gorputzean, hainbat taila ikus daitezke erlaitz apainduen gainean, erretaularen erdiguneranzko goranzko hurrenkeran antolatuak. Barru aldekoek frontoi triangeluar hautsiez osatutako errematea dute. Bigarren gorputzeko alboko kaleetan frontoi kurbo hautsia eta kerubinez osatutako dekorazioa duten horma-konkak zabaltzen dira. Gorputz honek erremateak ditu alboetara, aingeruek eutsitako elipsoideetan irudikatutako astroetan oinarrituak. Oskol itxurako errematean hainbat taila agertzen dira erdialdean, alboetan eta bigarren gorputzeko muturreko pilastren errematean. Eta horrez gain, medailoiak eta bestelako apaingarriak ikus ditzakegu halaber.

Erretaula honek rococo estiloko dekorazio oparoa du, besteak beste ondoko osagaietan oinarritua: hegaldun burutxoez, arrokaiaz eta loreez osatutako mentsuloiak, gurutze itxurako girlandak, loreak, jarioan irudikatutako arrokaiak eta abar.

Ikonografian, Ama Birjinari buruzko edergarri ugarietan bezalaxe, oso agerikoa da Andre Mariaren irudien eragin nabarmena. Argia sartzen uzteko pieza gardena osatzen duen ganbaratxoan, lehenengo gorputzean dagoena, Andre Maria Sortzez Garbiaren XVII. mendeko taila bat dago, oinetara ilargia duena, eta aingeruen buruetan bermatuta agertzen dena. Horrekin batera, banana-sorta bat eskaintzen ari zaizkion kerubinak ditu alboetara, eta eraikin zirkular baten maketa agertzen da. Honen gainean, San Joan Bataiatzailearen irudia ikusten da, eta multzoa osatuz Aita Betierekoaren irudia oskolaren zatian. Alboko kaleetan, lehen eta bigarren gorputzetan Apostoluen irudiak ikusten dira (Santiago, San Joan, San Mateo eta San Andresenak lehen gorputzean, eta San Felipe eta San Mateorenak bigarren gorputzean). Oskolean, berriz, San Gabrielen eta Aingeru Guardakoaren irudiak ditugu, eta alboetako muturretan San Joakin eta Santa Ana. Irudi-sorta osatuz, Bertutek ageri dira santutegian.

Erretaula honen polikromia bikaina Bizkaiko barrokoko ederrenetakoa dugu. Antonio Jiménez y Echavarría Arrasateko urreztagileak egina da, rococo garaiko joerari jarraiki zintzelaz landutako urreztadura leunduetan eta brontzeztaduratan oinarrituta. Hodeia zilarreztatuta ageri dira eta tailetan haragiztatze mateak eta landare-motiboetan oinarritutako jantziak ikus ditzakegu, urrezko oihal-bazterrez landutako beste jantzi liso batzuekin batera.

Erretaula kanpo alderantz luzatzen da San Pedro eta San Migelen alboetako erretaulen bidez, erretaula nagusiaren bi alboetara itsatsita agertzen direnak. Erretaula albokide hauek erdikoa baino laburragoak dira, eta zizailuaz, gorputzaz eta errematez osatzen dira. Barrokismo handiko altzariak ditugu eta bat datoz guztiz erdiko erretaula nagusiarekin. Erretaula hauen zizailua panel ahur eta ganbilez osatzen da, elkarren gainean jarritako bi frontoi triangeluarrez osatutako gorputza dute, eta fuste ildaskatuko zutabeez osatutako erdi-puntuko horma-konkak dituzte alboetara. Zutabe hauek landare-motiboz apainduta daude. Horma-konkek Borromini estiloko arkuak dituzte, eta irudiak agertzen dira bertan.

Elorrioko erretaula nagusi hau Bizkaiko erretaula ikusgarrienetakoa da eta obra erraldoi hau euskal rococoko alerik garrantzitsuenetakoa dugu. Bere diseinu eta egikera dela eta, maila handikoa da altzari hau, eta gainera, Bizkaiko erretaula barrokorik handiena dugu. Barroko garaiko punta-puntako autoreek egina da: Martinez de Arce eta Silvestre Soriak alegia. Hauek Euskal Herrira ekarri zuten gorteetako eredua. Urreztadura bikainez landuta dago, eta taila bikainez osatzen da. Aipagarria da bereziki argia sartzen uzten duen pieza baten tankerako ganbaratxoa, kontraerretaula ere baduena, Bizkaian parekorik gabeko eszenografia ikusgarria sortzen baitu.

Erretaula: San Juan Bataiatzailaren eta Andre Maria Sortzez Garbiaren Albo-erretaulak eta Errosarioko Andre Mariaren eta San Joseren Albokoak.

Non: Jasokundeko Andre Maria Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Bermeo

Lurraldea: Bizkaia

Erretaula neoklasikoen multzo bateratua da. Bere egitura arkitektonikoak predela, gorputza eta atikoa ditu; Bermeoko Santa Mariaren tenpluko nabearen anguluetako exedretan daude. Pedro Belaunzaren trazaren arabera egin zituzten 1869. eta 1871. urteen bitartean; José Alcoberroren eskulturak ditu. Oinplano mugitua du, aurrealde ganbila du. Exedrak, aldiz, hondo ahurra du eta alboetan euskarri diagonalak ditu. San Joanen erretaulan etzanda dagoen eskultura bat dago kutxatila barruan; hori kenduta, predelean sagrarioak daude erdiko aldearen harmailetan; Errosarioko Ama Birjinaren eta San Joseren kasuan, gainera, sagrarioak eta erretaulak garaikideak dira. Gorputz bakarrean erdi-puntuko hormakonka dago, klabean dekorazioa du eta alboetan zutabe korintiarrak eta orden bereko traspilastrak. Taulamendua zutabeen aurrean zabaltzen da, eta hortxe hasten da gero frontoia. Entaulamendua eta frontoia, biak zabaltzen dira aurraldean. Frontoi triangeluarrak tinpano dekoratua du gainean, akrotera moduko txarroak alde banatan eta koroa modukoa gailurrean, hodeiz eta izpiz inguratuta eta erdian triangelua duela. Erretaulen albo banatan, diagonaleko euskarrien gainean, tailak daude multzo bakarraren inguruan.

Ebanjelioaren aldean San Joan Bataiatzaile eta Andre Mari Arrosariokoren erretaulak daude. San Joan Bataiatzailearen erretaulak titularra du eta alboetan San Sebastian eta San Rokeren mukuluak; horiek kutxatila baten gainean daude eta kutxatilaren barruan Berriotxoako Balendin sainduaren irudi etzana. Andre Mari Arrosariokorenean, taila titularrarekin batera, San Isidro eta María de Cervelló mesedetako Santuaren irudiak daude. Gutunaren aldean, Sortzez Garbiaren erretaulak titularraren irudi barrokoa erakusten du erdian; eta alboetan, San Luis Gontzaga eta San Antolinen irudiak; San Joseren erretaulan, horren irudiaz gain San Andrés Avelino eta San Ramon Nonatoren irudiak daude.

Polikromia neoklasikoa da, dekorazio-elementuetan doratuak ditu, eta gainontzekoan marmoreatua nahastu egiten da zutabe, pilastra eta hormakonkaren beix kolorearekin. Tailek oihal lisoak dituzte eta haragi-kolorea leunduraz lortu zuten.

Erretaulok aro neoklasikoaren eskultura-programarik osoena dute. Hamaika irudi daude, eta, formari dagokionez, oso ondo eginak Jose Alcoberro eskulturgile katalanarraren eskutik. Eskultura-multzo horrek Bizkaiko erretaulagintza neoklasikoan osoena da. Garrantzitsuak dira, gainera, Bizkaian dagoen erretaula-multzorik ugariena delako, arkitektura eta eskulturaren artean osotasuna erakusten dutelako eta tenpluarekin bat egiten dutelako harmonian.

Erretaula: Erretaula Nagusia eta Alboetakoak

Non: Andre Mariaren Jasokundea Parrokia-eliza

Auzoa-Udalerria: Donostia-San Sebastián

Lurraldea: Gipuzkoa

Erretaula nagusia Koruko Ama Birjinarena da eta albokoetakoak Santa Barbararena eta San Piorena. Estilo neoklasikokoak eta 1775. urtearen inguruan eginak. Hiru erretaulek estiloari dagokionez multzo batua osatzen dute. Hirurak dira Francisco Azurmendik eginak, Diego Villanuevaren trazari jarraituz.

Erretaula nagusiaren oinplanoa ahurra da, eta burualdearen forma erdizirkularrari egokitzen zaio. Gorputz bakarrak hiru kale eta errematea ditu, eta honela dago antolaturik: goitik behera erdiko kalearen alboetan dauden zutabe korintiar pareatuen bitartez, albokoetakoek muturretan pilastra artekatuak eta dekoratuak dituzte. Atikoan San Sebastianen oihal handiaren aldeetan girlanda eta grekadun bi pilastra daude eta hodei eta eguzki-izpiak dituen frontoi triangular bat errematea da. Entaulamenduan erdiko aldean, zutabeen gainean, apaingarria dago: hodeiak, aingeruen burutxoak eta perfumea erretzen duten lau txarro. Erretaula aldeetara zabaltzen da eta hegoetan sakristiarako ateak eta bi santari eskainitako oihalak daude.

Erdi-puntuko hormakonka handian barrokoko zilar koloreko Koruko Ama Birjinaren irudia dago. Alboetako kaleetan Goikoetxearen Santa Ursula eta Santa Dorotearen oihalak daude, eta hegoetan Santa Marta eta Maria Magdalenaren pinturak. Azkenik, atikoan entaulamendu bakunaren gainean Donostiako zaindaria, San Sebastian, irudikatzen duen oihal argitsua dago. Egilea Luis Boccia izan zen.

Erretaula albokideek honako diseinu hau dute: oinplano ahurra, gorputz eta atikoan egituraturik eta erretaularen gorputza mugatzen duten zutabe korintiar handiak. Erdiko aldean, entaulamendu atzeraemanda dute, eta atikoa erdizirkularra eta txaranbeldua da. Erretaularen gorputzean erdiko erregistroak erliebedun panel handi bat du eta alboetako alde ahurretan irudiak daude oinazpikoen gainean. Atikoetan erdiko espazioan eskulturak daude eta zutabeen gainean txarro bana daude. Santa Barbaren erretaula epistolaren aldean dago: erdiko kalean Santa Barbararen altuerliebea dago, eta beste alde bietan San Roke eta Santo Domingo irudikatzen omen dituzten eskulturak. Erretaula horrek San Nikolasen erliebea duen sagrarioa du, eta atikoan San Migel dreabruari irabazten diola irudikatzen duen taila bat. Sagrarioa San Nikolas erretaulakoa izan zen. San Pio V.aren erretaulan altuerliebeak Pio V.aren bizitza irudikatzen duen eszena erakusten du, eta alboetan San Joan Bataiatzailearen eta San Lorenzoren eskulturak daude; azkenik, atikoan San Jose eta umearen taila dago.

Santa Mariaren multzo hau Gipuzkoako akademizismoaren lanik nabarmenena da. Agerian daude diseinu egokia eta tenpluaren arkitekturarekiko egokitasuna. Horretaz gain, kontuan hartu behar dira eskulturagintza eta pinturagintzaren bataz besteko kalitatea –batez ere San Sebastianen oihala-; Koruko Ama Birjinaren Erdi Aroko taila; eta tenpluan lan egin zuten egileen kalitatea. Horiengatik guztiengatik euskal erretaulagintza neoklasikoaren aparteko lana da, eta penintsularen iparraldeko multzoetan neoklasizismoaren inportanteenetako bat.

III. ERANSKINA
BABES ERREGIMENA
I. KAPITULUA: XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua.

Babes-erregimen honek uztailaren 3ko 7/1990 Legea du oinarri, Euskal Kultur Ondareari buruzko Legea alegia, horren 12. Artikulua zehatzago esanda. Babes-erregimenaren helburua: honekin batera doan I. eranskineko erretaulak kultura-ondasun kalifikatuak deklaratzeko prozedura abian jartzea.

2. artikulua.– Eremua.

Babes-erregimen honen barruan sartuko dira I. eranskineko erretaulak, II. eranskineko sailkapenean deskribatzen eta mugatzen direnak.

3. artikulua.– Izaera loteslea.

Erretaulak direla-eta egiten den guztian nahitaez beteko dira babes-erregimen honen arauak. Ondasun hori babes-erregimenaren arabera kontserbatu beharko da, Euskal Ondareari buruzko Legearen 37.1 artikuluari jarraituz.

4. artikulua.– Erretaulei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, agintari eskudunei dagokiena. Erretauletan esku hartzen uzteko beharra, jabeen aldetik.

1.– Euskal Kultura Ondareari buruzko Legeak bere 24. artikuluan dioenez, I. eranskineko erretaulen jabeek, edukitzaileek eta gainontzeko eskubide errealen titularrek informazioa eman beharko diete agintari eskudunei, lege hori aplikatzeko ezinbestekoa zaien bakoitzean.

2.– Era berean, aurreko puntuan aipatutakoek utziko diete agintariei erretaulak ikusten, azken horiek aldez aurretik baimena eskatuz gero eta ondasunak ikuskatzea egoki izanez gero. Era berean, ikertzaileei ere utziko diete erretaulak aztertzen, ardura duen Foru Aldunditik jasotako baimena erakutsirik.

3.– Ondasuna bisitariei erakusteko baldintzak.

Erretaulak bisitariei erakusteko Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 24.3 artikuluari jarraituko zaio. Administrazioak erretaulen bat gordailuan jasotzen duen bakoitzean, jasoko du era berean jendaurrean erakusteko eskubidea, esandako legearen 40.2 artikuluak dioenez.

5. artikulua.– Salmenta.

Erretaula saldu nahi duenak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari jakinarazi beharko dio asmo hori, jakinarazpena frogatzeko balio duen moduren batean eta Euskal Kultura Ondareari buruzko Legeak bere 25. artikuluan eskatutakoa beteta. Artikulu horrek baimena ematen dio Eusko Jaurlaritzari ondasuna lehentasunez erosteko edo, kasua bada, atzera eskuratzeko.

6. artikulua.– Kokapena.

Erretaulak dauden tokian utziko dira, ez dira inguru arrotzen batean jarriko, daukaten zentzua galdu ez dezaten, eta erlijio-kultuko elementuak direnez errespetatuko dira. Ardura duen Foru Aldundiak erabaki dezake erretaula behinik behin beste toki batera eramatea, ohiko tokiak ez baditu kontserbatzeko baldintzak betetzen, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 39.2 artikuluak dioenez.

7. artikulua.– Onartutako erabilera-motak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 23. artikuluaren arabera, erretaula erabiltzeko edozein modu onartuko da, kontserbatzeko baldintzak bermatu eta erlijio-izaera errespetatuz gero.

III. KAPITULUA: ERRETAULETAN ESKU
HARTZEKO ARAUAK
I. SEKZIOA: IRIZPIDE OROKORRAK

8. artikulua.– Onartutako esku-hartzeak.

1.– Erretaula dela-eta egiten den guztiaren helburua izango da ondasun hori osorik kontserbatzea.

2.– Onartzen diren esku-hartzeak hauek izango dira: preserbatzeko, kontserbatzeko eta zaharberritzeko lanak. Hona zer diren horiek, erregimen honen eremuan:

a) Preserbatzea: zuzenak ez diren jarduerak burutzea, ondasuna erabili eta ondasunaz gozatu ahal izateko, baldintzarik onenetan, eta aldaketak eta kalteak saihesteko behar den guztia eginez, eta, bestalde, ondasuna egoera onean mantentzeko aldiro-aldiro behar diren jarduerak burutzea.

b) Kontserbatzea: jarduera tekniko zuzenak burutzea, kultura-ondasuna sendatzeko eta espero izatekoak diren kalteak ahalik eta beranduen sortzeko.

c) Zaharberritzea: kultura-ondasunean jarduera zuzenak burutzea, hobeto ulertzera emateko, beti bere osotasun estetiko, fisiko edo historikoa errespetatzen dela.

9. artikulua.– Esku-hartzeen lehentasuna.

Kultura-ondasun kalifikatua preserbatzea izango da lehenengo helburua, jarduera zuzen guztien aurretik. Hau da, lehenengo eta behin ahaleginak egin behar dira ondasunak aldaketarik ez jasateko, espero izatekoak diren kalteak ahalik eta beranduen sor daitezen. Erretaulan zerbait egitekotan, kontserbatzeak eskatzen duena baino ez da izango, edo, gehienez jota, ondasuna ulertu eta eskualdatzeko ezinbestekoa dena.

II. SEKZIOA: ERRETAULAK
PRESERBATZEA

10. artikulua.– Erretaulak mantentzeko plana.

1.– Foru Aldundi eskudunak erretaulak mantentzeko plana egitea izango du, horien egoera ikuskatu eta kontrolatzeko. Plan horren barruan ondokoa sartuko da:

a) Erretaula aldiro-aldiro ikuskatzea, garbitzeko eta izurriak bilatu eta deusezteko. Ezkutatuta dauden txokoak ere garbituko dira.

b) Erretaula dagoen tokiko baldintzak kontrolatzea (hezetasuna, tenperatura, argia, aireko elementu kutsatzaileak).

c) Erretauletarako kaltegarriak diren izakiei ugaltzen ez uztea, aldez aurreko tratamendu egokiak erabilita.

d) Erretaularen barneko egitura aldiro-aldiro ikuskatzea (hau da, taulak arkitekturara lotzeko sistemak eta ainguratzeko sistemak).

2.– Erretaulen jabe eta edukitzaile zilegiek utziko diete Aldundiko teknikariei erretauletan lan egiten, horiek mantentzeko plana burutu behar denean. Era berean, horretarako behar den informazio guztia emango diete.

11. artikulua.– Erretaula dagoen eraikinerako neurriak.

1.– Kalifikatutako erretaula dagoen eraikina ez badago legez babestuta, horretarako espedienterik egin ez delako, ahal bezain egoera onean mantenduko da, erretaula kontserbatzeko baldintzak beteta.

2.– Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 102. artikuluak agintzen duenez, erretaula dagoen eraikinean egiten diren obrak ondasun kalifikatua kontserbatzeko jardueratzat eman daitezke.

12. artikulua.– Erretaulak garbitzea.

Erretaulak aldiro-aldiro garbitzerakoan, erabiltzen diren baliabideak ez dira inola ere bortitzak izango eta produktu kimikoak ahalik eta gutxienetan erabiliko dira. Zerbait zurgatu behar bada, indar txikiko sistemen bidez egingo da, erretaulen atzealdean izan ezik.

13. artikulua.– Ingurua bere horretan mantentzea.

Erretaulan eta horren inguruan ez da inola ere kandelarik jarri edo erabiliko, ezta lekua berotu edo hozteko sistemarik ere, horiek arriskutsuak badira erretaularen inguruko girorako.

Erretaularen egituran edo horren inguruetan ez da inolako instalazio elektrikorik jarriko, ezta argitzeko instalaziorik ere, horiek arriskutsuak izan daitezke-eta.

III. SEKZIOA: ERRETAULAK KONTSERBATU
ETA ZAHARBERRITZEA

14. artikulua.– Jarduera zuzenen oinarrizko arauak.

1.– Erretaulan burutzen diren jarduera zuzen guztiak adituek nabaritzeko modukoak izango dira, elkarrekin bateragarriak eta egonkorrak, eta posible izango da egindakoa deuseztea. Erabiltzen diren produktuak, materialak eta prozedurak ez dira ondasunerako kaltegarriak izango. Ahaleginak egingo dira geroko azterketak, tratamenduak eta analisiak ez eragozteko.

2.– Erretaulari ez zaio inolako materialik kenduko, bi kasutan izan ezik: kentzea ezinbestekoa bada ondasuna kontserbatzeko, edo bertan materialen bat uztea kaltegarria bada ondasunaren balore historiko eta estetikoak mantentzeko. Irizpide anitzak badaude eta ezin badira adostu, arlo anitzeko batzordea osatuko da eta horrek erabakiko du.

3.– Jarduera guztiak dokumentuetan agertuko dira. Jarduera horien helburua izango da beti ondasun babestuarekin bat ez datozen elementuak eta ondasunaren balorea kaltetzen duten elementuak kentzea. Kendu nahi den guztia esku-hartzeen egitasmo teknikoan aipatu beharko da, eta egitasmo hori ondorengo artikuluari jarraituz egingo da.

15. artikulua.– Esku-hartzeen egitasmo teknikoa.

1.– Erretaulan jarduera zuzenen bat burutu aurretik, esku-hartzeen egitasmo teknikoa egingo da. Horretarako arlo anitzeko talde bat osatuko da, bertan honelako adituak sartuko direla: kontserbatzaileak, zaharberritzaileak, historialariak eta ondasun hauen gaixotasunak detektatu eta sendatzean adituak.

2.– Esku-hartze egitasmo teknikoan hauek sartuko dira:

a) Diagnostikorako ikerketa. Horren barruan:

– Erretaularen dokumentazio fotografiko eta planimetriko osoa.

– Erretaularen ikerketa historiko eta artistikoa, historia materiala barne, eta pieza bakoitzaren txosten historiko eta artistiko osoa, fitxa teknikoekin ere.

– Erretaularen kontserbazio-egoeraren azterketa eta diagnostikoa, patologiak eta kalteen jatorriak ere azalduta.

b) Esku hartzeko jarduerak aurrera eramateko egitasmoa. Horren barruan sartuko direnak:

– Jarduera bakoitzaren proposamena. Horretan adieraziko dira egin beharreko lanak, erabiliko diren materialak eta teknikak, eta jardueren balorazio justifikatua.

– Jardueraren kronograma, egitasmoa betetzeko aldiak eta epeak deskribatuko dituena.

– Erretaula mantendu eta preserbatzeko teknikak eta baliabideak.

16. artikulua.– Erretaulan esku hartzeko jarduera zuzenak: aldez aurretik Foru Aldundiaren baimena jasotzeko beharra.

Jarduera zuzenak burutu ahal izateko beharrezkoa izango da Foru Aldundi eskudunaren baimena eskuratzea, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 38.1 artikuluak aginduta. Baimena emateko ala ez emateko, Aldundiak aurreko artikuluan aipatutako azterketa eta diagnostikoa ikusiko ditu, baita esku-hartzeen egitasmo teknikoa ere.

17. artikulua.– Erretaulak kontserbatu eta zaharberritzeko lanak egiteko arauak.

1.– Erretauletan ezinbestekoak diren jarduerak baino ez dira burutuko; batez ere, erretaularen ezaugarriak errespetatuko dira eta, beraz, tratamendu sakonegiak baztertzekoak izango dira, ahal den neurrian, baita zaharberritzerakoan irudimena gehiegi erabiltzeko edo interpretazio bitxiak emateko joerak ere. Ondasunaren historikotasuna ere zainduko da.

2.– Erretaula kalifikatuak kontserbatu eta zaharberritzeko lanak profesional kontserbatzaile eta zaharberritzaileen eskuetan utziko dira beti.

3.– Erretaulak kontserbatzeko tratamendu edo metodoren bat aplikatu aurretik, saioak egingo dira, kaltegarria ez izateaz gain eraginkorra dela egiaztatzeko.

4.– Aurreko puntuko probak ahalik eta mugatuenak izango dira, eta erretaulan gutxien ikusten diren aldeetan egingo dira.

5.– Ondasuna kontserbatzeko erabiltzen diren tratamendu edo metodoetan beti material egokiak erabiliko dira, lanetan atzera egiten uzten dutenak, ahal bezainbeste. Gauza frogatua izango da material horiek ondasunak zaharberritzeko eraginkorrak direla. Esan gabe doa arte-lanaren osagaiak ez direla inola ere hondatu behar; beraz, tratamendu kimiko indiskriminatu eta masiboak baztertuko dira.

18. artikulua.– Erretaulak kontserbatu eta zaharberritzeko berariazko irizpideak.

1.– Aurreko artikuluetan erretaulak kontserbatu eta zaharberritzeko irizpide orokorrak ezarri dira. Horiez gain, hona berariazko irizpide batzuk, erretaulen elementu bakoitzari dagozkionak:

a) Polikromiak:

Polikromia-geruzak eta gune urreztatuak finkatu behar badira, aldez aurretik nonbait erabilitako formulak aukeratuko dira horretarako. Eranskin historikoak ez dira kenduko, kasu batean izan ezik: kentzea ezinbestekoa bada obraren balore historikoa egokiro neurtzeko. Faltsu historikoak saihestu behar dira beti; hori dela-eta, erretaulako polikromia-mailen ikerketa osoa egin behar da. Eranskin historikoren bat kentzeko, adituak guztiz seguru egon behar du hori komenigarriena dela. Bestalde, jatorrizko polikromiaren patina kontserbatu behar da, ahal izanez gero. Nolanahi ere, esku-hartze egitasmoan eranskina baloratuko da eta bera kentzeko dauden arrazoiak azalduko dira, ondo azaldu ere.

Pintura birrintegratzeko lanei dagokienez, horiek ahal bezain gutxitan egingo dira: obra bere osotasunean ulertzeko ezinbestekoak direnean baino ez. Kasu horretan, bolumenak ez dira berregingo, integrazio optikoko teknikak erabiliko dira eta birrintegrazioaren detaileak ageri-agerian utziko dira. Azkenean ematen den babes-produktuak ez ditu polikromiaren tonu kromatikoak aldatuko eta iraunkorra eta aldagaitza izan beharko du. Gainera, erretaula ondo kontserbatzeko behar bezain iragazkorra izango da.

b) Imajineria eta mazoneria.

Bolumenak ez dira birrintegratuko, kasu batean ez bada: obra ulertzea eta obrak irautea oso gauza zailak bihurtzen direnean. Pitzadurak betetzerakoan ingurua ez da berregingo eta fantasiazko birrintegrazioak saihestuko dira. Bestalde, eroritako zatiak ez dira beren lekura itzuliko, hori egitea arriskutsua bada polikromia edo gune urreztaturako, edo horrela erretaularen beste piezak erortzeko arriskuan jartzen badira. Oro har, zerbait gehitzekotan, piezak eta osotasuna batera kontserbatzeko behar-beharrezkoa dena baino ez da izango.

c) Armazoia.

Armazoia ez da ordeztuko, ordeztea nahitaezkoa den arte. Kasua hori bada, armazoi-mota ikusita, egitura-sistemaren diseinua egingo da, eta horri jarraituko zaio. Erabiltzen diren materialak oso egonkorrak izango dira, hondatu ohi dituzten eragileei aurre egiteko modukoak.

2.– Nolanahi ere, esku-hartzeko berariazko irizpideak obraren beharrei egokituko zaizkie eta detaile guztiekin deskribatuko dira esku-hartzeen egitasmoan, 8. Artikuluari jarraituz.

19. artikulua.– Erretaula desmuntatzea.

Erretaula kontserbatu eta zaharberritzeko desmuntatzea ezinbestekoa bada, esku-hartzeen egitasmo teknikoan desmuntaia-egitasmoa sartuko da. Azken hori osatuko dutenak: argazki-txostenak, desmuntatzeko hartutako planoak, jarritako siglak eta beste seinaleak, neurtutako maila eta kota orokorrak, eta erretaula behar bezala muntatzeko behar den guztia. Desmuntaia-egitasmoan ere kalifikatutako erretaula desmuntatzeko, desmuntatuta edukitzeko eta birmuntatzeko epeak agertuko dira, baita piezak gordeko diren lekua eta baldintzak ere.

20. artikulua.– Egindako lanen txostena.

1.– Erretaula zaharberritzeko lanak bukatu eta gero, egindakoaren txostena egingo da, horren berri dokumentuetan jasota uzteko. Txostenean ondorengoa adieraziko da:

– Lanen arduradunen izenak eta lanak egin diren datak.

– Erretaularen deskribapena: nola zegoen ezer egin aurretik eta zein elementu aldatu diren.

– Erretaula tratatzeko edo kontserbatzeko metodoaren justifikazioa, erabilitako materialak aipatuta.

– Erretaularen egoerari buruzko azken balorazioa, zuzendu ahal diren arriskuak eta baldintza desegokiak aipatuta, horrelakorik egotekotan, eta kontserbatzeko teknikak eta baliabideak azalduta.

2.– Esku-hartze txostena ardura duen Foru Aldundiko Kultura Zerbitzuetara bidaliko da, baita Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzara ere.

IV. KAPITULUA: ONDASUNA LEKUZ ALDATZEA

21. artikulua.– Ondasuna lekuz aldatzea onartuko den kasuak.

1.– Ondasun kalifikatua lekuz aldatzea ondorengo kasuetan onartuko da:

a) Dagoen lekuan ez badira betetzen kontserbatzeko gutxieneko baldintzak. Kasu horretan, erretaula ez da hor jarriko, kaltearen iturria desagertu arte.

b) Erretaulan egin beharreko lanek eskatzen badute. Lan horiek bukatutakoan, erretaula bere tokian jarriko da berriro.

c) Aldi bateko erakusketaren baterako posible izango da erretaula lekuz aldatzea, osorik zein zatika, baina beti kontserbatu, mugitu eta erakusteko gutxieneko baldintzak beteta, kalterik jasan ez dezan.

d) Leku berria zaharra baino hobea dela frogatzen denean, erretaula bere babes-erregimenaren arabera kontserbatzeari dagokionez.

2.– Nolanahi ere, erretaula betiko tokitik kanpo dagoen bitartean, ziurtatuko da gordetzen den tokian kontserbatzeko baldintza guztiak betetzen direla. Horren froga ardura duen Foru Aldundian erakutsi beharko da, 15. Artikuluak agintzen duenez.

22. artikulua.– Erretaula toki berrira eramateko eta bertan jartzeko egitasmoa.

1.– Erretaula toki berrira eraman baino lehen, horretarako egitasmoa egin beharko da. Egitasmo hori Euskal Ondarearen Zuzendaritzak onartu beharko du.

2.– Erretaula tokiz aldatzeko egitasmoan ondorengoa agertuko da:

a) Tokiz aldatzeko baldintzak. Erabiliko diren garraiobideak eta babesak zehazki deskribatuko dira hemen.

b) Toki berria zein den. Babes-erregimenaren arabera kontserbatuko dela bermatzen duten baldintzak deskribatuko dira.

c) Erretaula eta bere inguru berriaren arteko lotura, bata besteari nola egokitzen zaion esanda.


Azterketa dokumentala