
249. zk., 2000ko abenduaren 30a, larunbata
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Nekazaritza eta Arrantza Saila
5928
298/2000 DEKRETUA, abenduaren 26(e)koa, zeinaren bidez laguntza-programak ezarri baitira nekazaritzako, basoko, arrantzako, akuikulturako eta elikagaigintzako produktuak merkaturatu eta eraldatzeko baldintzak hobetzeko.
Maiatzaren 7ko 96/1996 Dekretuaren bidez —maiatzaren 16ko 82/2000 Dekretuak aldatua— ondorengoa jaso zen: batetik, nekazaritzako, basoko, uretako eta arrantzako produktuak merkaturatu eta eraldatzeko Europako Batasunaren dirulaguntzak, EEEren 866/1990, 867/1990 eta 3699/1993 Arautegietan araututakoak, eta bestetik, horien kudeaketa-prozedura. 866/1990 Arautegia 951/1997 Arautegiak ordezkatu zuen, eta 3699/1993 Arautegia, 2468/1998 Arautegiak
Gaur egun, Europako Batasuneko aipatu arautegi horiek, era berean, ordezkatuak izan dira: alde batetik, maiatzaren 17ko Kontseiluaren 1257/1999 EE Arautegia sartu da indarrean, eta Batzordearen 1750/1999 eta 2603/1999 EE Arautegiek osatu dute, Nekazaritza Bideratu eta Bermatzeko Europako Funtsak kofinantzaturiko landa-garapenerako laguntzen alorrean; bestetik, Kontseiluaren ekainaren 21eko 1263/1999 EE Arautegia, Arrantzaren Orientazioko Finantza Tresnari buruzkoa, eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 2792/1999 EE Arautegia, egiturazko helburua duten arrantza, akuikultura eta haien produktu eraldatuen sektoreko esku-hartze motak eta horien baldintzak definitu dituena.
Era berean, egitura-fondoetatik datozen laguntzei modu orokorrean ezartzen zaienez, eta laguntzon erregulazioan garrantzi handikoa denez, aipatzeko modukoa da Kontseiluaren ekainaren 21eko 1260/1999 Arautegia (EE), Egitura Fondoei buruzko xedapen orokorrak ezartzen dituena. Arautegi hori osatzera etorri da Kontseiluaren uztailaren 28ko 1685/2000 Arautegia, Egitura Fondoek kofinantzaturiko eragiketen gastuen finantzaketari dagokionez.
Europako Batasuneko arau berri horiek jasotako neurriak Euskal Autonomia Erkidegora ekartzeko, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Jasangarrirako Plana (2000-2006) landu da, alde batetik, eta, bestetik, Arrantza Sektoreko Egitura Ekintzen Plana (2000-2006).
Horietako lehenak, nekazaritzako eta basoko produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko hobekuntzak aurreikusi ditu bere aplikazio-eremuan, eta Nekazaritza Bideratu eta Bermatzeko Europako Funtsaren (aurrerantzean, NBBEF) Berme atalak kofinantzatuko dituen sektoreak mugatu ditu nekazaritzako elikagaien euskal industriaren barruan; beti ere, aipatu funtsak ezarritako baldintzen arabera.
Ildo beretik, arrantza, akuikultura eta haien produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko sektorearen egitura-egokitzapenerako planak bere baitan hartu du, jarduteko bide bezala, arrantzaren eta akuikulturaren produktuen eraldaketa eta merkaturatzea hobetzea, eta hobekuntza hori Arrantzaren Orientaziorako Finantza Tresnaren (aurrerantzean, AOFT) funtsen kontura finantzatuko da.
Beste alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoak ere bere laguntza bereziak emango ditu nekazaritzako, basoko, arrantzako, akuikulturako eta elikagaigintzako produktuak merkaturatu eta eraldatzeko. Bada, laguntza horiei honako hauek ezarri behar zaizkie: nekazaritza sektorearentzako estatu-laguntzei buruzko artezpideak, 2000/C 28/02 Jakinarazpenak jaso dituenak (aurrerantzean, nekazaritza artezpideak); arrantza, akuikultura eta haien produktu eraldatuen sektorearentzako estatu-laguntzak aztertzeko artezpideak, 97/C 100/05 Jakinarazpenak jaso dituenak (aurrerantzean, arrantzarako eta akuikulturarako artezpideak); eskualde-helburua duten estatu-laguntzei buruzko artezpide komunitarioak, 98/c 74/06 Jakinarazpenak jaso dituenak (aurrerantzean, eskualde-artezpideak); eta 2000-2006 aldirako eskualde-laguntzei dagokion mapa.
Europako Batasuneko arauak aldatzeak nekazaritzako elikagaien euskal industriari ere eragin dizkio aldaketak, eta ez bakarrik Europako Batasunak kofinantzaturiko politika komunitarioak EAEn ezartzetik datozen programetan, baizik eta nekazaritzako, basoko, arrantzako, akuikulturako eta elikagaigintzako produktuak merkaturatu eta eraldatzeko baldintzak hobetzeko helburua duen edozein estatu-laguntzetan ere.
Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzaren dekretu honek egoera berriak eskatzen dituen arau-egokitzapenak jaso ditu, eta, gainera, nekazaritzako, basoko, arrantzako, akuikulturako eta elikagaigintzako produktuak merkaturatu eta eraldatzeko baldintzak hobetzeko laguntza-programak ezartzeko betebeharrak ezarri ditu Euskal Autonomia Erkidegoan.
Dekretuak lau kapitulu ditu: horietan lehena orokorra da, komuna, gainerako kapituluetako bakoitzean ezarritako laguntza-bideen edo lerroen baldintzak, eta laguntzok emateko prozedura arautu ditu eta.
II. kapituluak hauexek arautu ditu: Europako Erkidegoa eratzeko Itunaren (aurrerantzean, EEEI) I. eranskinean jasotako nekazaritzako eta basoko produktuen eraldatzea eta merkaturatzea hobetzeko laguntzak. Laguntzok, hain zuzen ere, norbere fondoekin finantzatu ahal izango dira, nekazaritzako artezpideen arabera, edo NBEEFek eta EAEko aurrekontuek elkarrekin finantzatu ahalko dituzte, EAEko Landa Garapen Jasangarrirako Planaren arabera, eta Kontseiluaren 1260/1999, 1257/1999, 1750/1999 eta 2603/1999 arautegi komunitarioekin bat.
III. kapituluak hauexek arautu ditu: arrantzako eta akuikulturako produktuen eraldatzea eta merkaturatzea hobetzeko laguntzak. Laguntzok, hain zuzen ere, norbere fondoekin finantzatu ahal izango dira, arrantza eta akuikultura artezpideen arabera, edo AOFT Europako funtsaren eta EAEk elkarrekin finantzatu ahalko dituzte, arrantza, akuikultura eta haien produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko sektorearen egitura-egokitzapenerako planaren arabera, eta Kontseiluaren 1260/1999, eta 2792/1999 arautegi komunitarioekin bat.
Azkenik, IV. kapituluak, EAEren laguntza berri eta bereziak arautu ditu, EEEIren I. eranskinean jaso ez diren nekazaritzako eta basoko produktuen eraldatzea eta merkaturatzea hobetzeko. Laguntzok eskualde-laguntzei buruzko artezpideek ezarritako baldintzak betetzen dituzte, eta EAEren funtsekin baino ez dira finantzatuko.
Beste alde batetik, azken xedapenetan lehenak ahalmena eman dio Nekazaritza eta Arrantza sailburuari agindu baten bidez urteroko arauak eman ditzan hainbat gairi buruz: laguntzak eskatu eta izapidetu, laguntzak emateko irizpideak eta lehentasunak, eta laguntzen publizitatea.
Dekretu hau egiteko, kontsulta egin zaie nekazaritzako industriaren alorrean ordezkaritza duten elkarteei.
Horiek horrela, Aholkularitza Batzorde Juridikoarekin bat, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2000ko abenduaren 26(e)an egindako bileran onartu eta eztabaidatu ondoren, honako hau
XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.- Xedea.
Hurrengo laguntza-bideak ezarri dira:
1.- Dekretu honen bidez aplikazio-arau batzuk ezarri dira Euskal Autonomia Erkidegorako, nekazaritzako eta basoko produktuen eraldaketa eta merkaturatzea hobetzeko inbertsioetarako egitura-laguntzei buruzkoak: Laguntzon barruan daude bai Nekazaritza Bideratu eta Bermatzeko Europako Funtsak (NBBEF) kofinantzaturikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Jasangarrirako Planean (2000-2006) jasotakoak, bai nekazaritza-sektorearentzako estatu-laguntzei buruzko artezpide komunitarioen arabera emandakoak (artezpideok 2000/C 28/02 Jakinarazpenean jasota daude).
2.- Orobat, beste aplikazio-arau batzuk ere ezarri dira Euskal Autonomia Erkidegorako, arrantzako eta akuikulturako produktuen eraldaketa eta merkaturatzea hobetzeko inbertsioetarako egitura-laguntzei buruzkoak: Laguntzon barruan daude bai Arrantzaren Orientazioko Finantza Tresnak (AOFT) kofinantzaturikoak —alegia, Kontseiluaren 1263/1999 eta 2792/1999 EE Arautegiek ezarritakoak, eta Arrantza Sektoreko Egitura Ekintzen Planak jaso dituenak (2000-2006)—, bai arrantza, akuikultura eta haien produktu eraldatuen sektorearentzako estatu-laguntzak aztertzeko artezpide komunitarioen arabera emandakoak (artezpideok 97/C 100/05 Jakinarazpenean daude jasota).
3.- Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko laguntza berezietarako hautaketa-irizpideak eta aplikazio arauak ere ezarri dira, laguntza bereziok nekazaritzako beste elikagai batzuen eta beste jaki batzuen eraldaketa eta merkaturatzea hobetzeko inbertsioetarako dira eta. Esandako laguntzok, dena den, eskualde-helburua duten estatu-laguntzei buruzko artezpide komunitarioen baitakoak dira (98/C 74/06), eta 2000-2006 aldirako eskualde-helburuko laguntzen maparekin bat datoz.
2. artikulua.- Laguntza-moduak.
1.- II., III. eta IV. kapituluen arabera diruz lagundu daitezkeen inbertsioek eta gastuek fondo galduko dirulaguntzak jaso ditzakete, zuzeneko laguntza moduan.
2.- Era berean, II. eta III. kapituluen arabera diruz lagundu daitezkeen inbertsioek eta gastuek ere dirulaguntza jaso dezakete, finantza-kostua murrizteko laguntza moduan. Betiere, enpresa txiki eta ertainek (ETE) egin beharko dituzte inbertsio-gastuok, eta ETEtzat hartuko dira 4. artikuluan agertzen den definizioaren araberakoak.
Esandako laguntza-modua, beraz, mailegu eta akurapen finantzariozko eragiketei dagokie, entitate finantzarioekin ondorengo arau eta hitzarmenen babesean egiten direnak: honako dekretu honen babesean; entitate horiek eta Eusko Jaurlaritzako hainbat sailek (Nekazaritza eta Arrantza, eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailek) 2000ko maiatzaren 31n hitzartutako lankidetza hitzarmenaren babesean (edo etorkizunean oraingo hitzarmenaren ordez izenpetu daitekeenarenean), izenpetzaileen adostasunarekin; eta Kreditu Ofizialeko Institutua (KOI) eta aipatu entitate finantzarioen artean hitzartutako finantziazio-kontratuaren babesean, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Kreditu Ofizialaren Institutuaren arteko lankidetza-protokoloaren markoan. Entitateak KOIko linea ireki eta erabilgarrian saldoa duen heinean, egin beharreko eragiketak linea horretan ezarritako baldintzetara egokituko dira.
Orobat, aipatu sailek eta entitate finantzarioek, Europako Batasunaren Finantzazio Ildoetan oinarrituz, hitzartu dezaketen beste hitzarmen batzuen babesean egindako mailegu eta akurapen finantzarioko eragiketei ere badagokie.
3. artikulua.- Onuradunak.
1.- Dekretu honetan araututako laguntzen onuradun izan daitezke Dekretu honek lagungarritzat jotako inbertsio eta gastuak kontratatu eta finantzatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta, laguntza zertarako ematen den, jarduera hori gauzatzen badute edo gauzatuko badute.
2.- Nekazaritzako elikagaiak handizka zein txikizka merkaturatzeko jarduera ez da Dekretu honen barruan sartuko. Dena den, Dekretu honetan araututako laguntza-programen barruan sar daitezke handizkako zein txikizkako merkaturatzeari lotutako nekazaritzako elikagaiak eraldatzeko jarduerak, baldin eta behar bezala egiaztatzerik badute gutxienez ekoizpenaren %50a hirugarrenentzako edo gainerakoentzako dela.
4. artikulua.- Betebeharrak.
1.- Eskatzaileek, laguntza-modu bakoitzean ezarritako betekizunez gain, ondorengoak ere bete beharko dituzte:
a) Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak eta gastuak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparruaren barruan egin behar dira.
b) Diruz lagundu daitezkeen inbertsioek eta gastuek ezin dute hasita egon eskabidea aurkezteko unean. Egoera hori Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzaren ziurtagiriaren bitartez egiaztatuko da.
c) Laguntza eskatzen duenak egunean izan beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
d) Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Basoko Industrien Erregistroan izena ematea, edo izena emanda eta datuak eguneraturik edukitzea.
2.- II. eta III. kapituluen babesean finantza-kostua murrizteko laguntza eska dezaten ETEek, gainera, hurrengoak bete beharko dituzte:
a) Ezingo dituzte 250 langile baino gehiago eduki.
b) Urteko negozio-bolumena ezingo da izan 40.000.000 eurokoa baino handiagoa (6.655.440.000 pezeta), edo bere balantze orokorrak ezingo du gainditu 27.000.000 euroko kopurua (4.492.422.000 pezeta).
c) Enpresa ez dadila partizipatua egon %25ean baino gehiago, berdin dio zuzen edo zeharka, beste enpresa horrek edo horiek aurrez adierazitako baldintza guztiak betetzen ez badituzte.
Muga hori, dena den, hurrengoetan gainditu ahal izango da:
- Enpresa partizipaziorako sozietate publikoetako edo arrisku-kapitaleko edo erakunde-inbertsioetarako sozietateetako partaide bada; betiere, esandako sozietate horiek inongo kontrolik ez badute enpresaren gainean, banaka zein taldeka.
- Kapitala halako moldez banatuta badago non jabea edo edukitzailea zehaztea ezinezko baita, eta enpresak aitortzen badu bidezko ustea duela bere kapitalaren %25a edo gehiago ETE definizioa betetzen ez duten beste enpresaren bati edo enpresa batzuei ez dagokiela.
Beste edozein interpretaziorako, kontuan eduki beharko dira, bai 1996ko apirilaren 3ko Batzordearen Gomendioak ezarritakoa enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz (1996.04.30eko 107 L zenbakiko AO), bai hura ordezkatzen edo aldatzen duten xedapenak ere.
5. artikulua.- Eskabideak.
1.- Laguntza-eskabideak Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako Zuzendaritzako bulegoetan aurkeztuko dira, Gasteizko Donostia kaleko 1 zenbakian, edo bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak aurreikusitako moduetako edozeinetan, eta Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako zuzendariari zuzendu beharko zaizkio.
2.- D eranskinean ageri diren eskabide-inprimaki normalizatuetan aurkeztuko dira, eranskin berean zehazten den dokumentazioarekin batera (2-10 inprimakiak):
- 1. inprimakia: eskabidea
- 2. inprimakia: zinpeko aitorpena
- 3. inprimakia: enpresaren txostena
- 4-7 inprimakiak: inbertsio-proiektuaren azalpena
- 8. inprimakia: finantza-informazioa
- 9. inprimakia: eragiketa baimentzeko baldintzen agiria , edo, hala badagokio, eragiketaren formalizazio-poliza (finantza-kostu murrizteko laguntzetarako eskabideak badira)
- 10. inprimakia: erantsi beharreko dokumentazioa
3.- Eskabideak baldintzak betetzen ez baditu, interesatuari eskatuko zaio akatsa zuzendu edo erantsi beharreko agiriak eransteko hamar eguneko epearen barruan, eta adieraziko zaio ezen, horrela egin ezik, atzera egin duela ulertuko dela; aldez aurretik, baina, Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako zuzendariak ebazpena emango du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluak ezarritakoarekin bat.
4.- Nolanahi ere, Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzak beharrezko iritzitako dokumentazio edo/eta informazio oro eska diezaioke enpresa eskatzaileari, aurkeztu duen eskabidea behar bezala ulertu, balioetsi eta izapidetzeko bada. Horri dagokionez, arau honetan beren beregi arautzen ez den guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea erabiliko da.
6. artikulua.- Epea eta deialdia.
1.- Eskabideak aurkezteko epea urtero irekiko da, Nekazaritza eta Arrantza Sailburuaren aginduz. Edonola ere, finantzaketa komunitarioa jaso dezaketen proiektuak ere epearen barruan aurkeztu direla joko da, eskabidea dagokion ekitaldiaren barruan aurkeztu bada.
2.- Deialdi horretan, besteak beste, ondorengoak zehaztu beharko dira, baina Dekretu honetan ezarritakoaren aurka egin gabe:
a) Aurrekontu-kreditu erabilgarria.
b) Inbertsioak gauzatzeko epea, aurrekontu-baliabideen arabera, eta urtekako banaketa.
c) Dekretu honetan arautzen diren sektore eta inbertsioen lehentasun-irizpideak.
d) Laguntzak zehazteko irizpide objektiboak.
3.- Era berean, koste finantzarioa murrizteko laguntza-motari dagokionez, eragiketa finantzarioen interes-tipoa eta maileguen urteko bolumena zehaztu ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Autonomia Erkidegoan diharduten entitateek sinatutako hitzarmenak kontuan hartuz.
7. artikulua.- Laguntzak kudeatzea.
1.- Laguntzak emateko bidea lehiaketa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateratuaren 51.4 artikuluak ezarritakoarekin bat.
2.- Balioespen Batzordea eratuko da aurkeztu diren eskabideak aztertu eta balioesteko. Nekazaritza eta Landa Garapeneko hiru teknikarik osatuko dute batzorde hori. Batzordearen ardura izango da Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako zuzendaria ebazpen-proposamena helaraztea. Ebazpen-proposamen hori oinarritzeko, laguntzen deialdia egiteko urteroko aginduak finkatuko dituen lehentasunezko sektore eta inbertsioak hartuko dira kontuan, eta, jakina, laguntzak zehazteko irizpide objektiboak ere.
8. artikulua.- Ebazpena.
1.- Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako zuzendariari dagokio eskabideei buruzko ebazpena ematea, Balioespen Batzordeak igorri dion proposamena ikusi ondoren. Ebazpena, dena den, arrazoi eta guztikoa izango da ebazpen-proposamenetik aldentzen denean, proposamena ez baita loteslea.
2.- Ebazpen horretan, hala badagokio, EAEko aurrekontu orokorren eta AOFT funts komunitarioaren konturako laguntza emango da, eta NBBEF-Bermearen funts komunitarioaren kargurako laguntza ematea proposatuko da, irailaren 26ko 425/1995 Dekretuan eta hark izandako aldaketetan ezarritakoaren arabera. Izan ere, Dekretu horren bidez, nekazaritzako politika komunei dagozkion gastuak ordaintzen dituen erakunde ordaintzailea eratu da Euskal Autonomi Erkidegoan, eta bere antolaketa eta funtzionamendua ezarri dira.
3.- Ebazpenaren edukia:
- Diruz lagundu daitekeen inbertsioaren zenbatekoa
- Zuzeneko laguntza gisa emandako dirulaguntza, eta, hala bada, finantza-kostua murrizteko laguntza gisa emandako dirulaguntza.
- NBBEF funts komunitarioaren kargurako proposatzen den dirulaguntzaren kopurua, eta EAEko aurrekontu orokorren eta AOFT funts komunitarioaren kontura emandako dirulaguntza.
- Urte batzuetarako proiektuak badira, inbertsioa gauzatzeko epea eta baldintzak.
4.- Ez bada ebazpenik eman edo jakinarazpen adierazirik egin dagokion deialdia argitaratu egunaren ondorengo sei hilabeteetan, eskaerak atzera bota dituztela ulertu ahal izango dute interesatuek, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluaren arabera.
5.- Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako zuzendariak laguntza baiesteko edo ezesteko emandako ebazpenaren aurka, interesatuak gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita; egintza adierazirik ezean, ordea, epea hiru hilabetekoa izango da, administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik kontatzen hasita. Hori guztia, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren Legearen 114 eta 115 artikuluetan xedatuaren arabera.
6.- Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpenak banan-banan jakinarazi behar badira ere, Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako zuzendariak beste ebazpen bat emango du, zeina EHAAn argitaratuko baita, Dekretu honen babespean emandako dirulaguntza eta onuradun —entitate zein pertsona— guztien berri emateko.
9. artikulua.- Onuradunaren betebeharrak.
Dekretu honek arautu laguntzen onuradunek ondorengo betebeharrak bete beharko dituzte, betiere:
a) Laguntza zertako eman den, bada helburu horretarako erabiltzea.
b) Dirulaguntzarekin egindako inbertsioari bere horretan eustea, egin eta geroko bost urteetan gutxienez.
c) Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta, behar bada, Europar Batasuneko erakundeen esku jartzea beharrezko agiri guztiak, inbertsioa eta gastuak egin direla egiaztatu ahal izan ditzaten. (Zinpeko aitorpena, D eranskineko eredua, 2. orria).
d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ere behar duten informazio guztia ematea, dekretu honen kontura jasotako laguntzen erabileraren gaineko fiskalizazio-funtzioak bete ditzaten.
e) Helburu bererako eskuratu diren bestelako laguntzen edo dirulaguntzen berri ematea Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari, edozein administrazio zein ente publiko edo pribatutik datorrela ere. (Zinpeko aitorpena, D eranskineko eredua, 2. orria).
f) Laguntza emateko kontutan hartu den edozein inguruabar, objektibo zein subjektibo, aldatuz gero, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraztea.
10. artikulua.- Inbertsioaren justifikazioa.
1.- Laguntzak zertako eman ziren, helburu horretarako erabili direla justifikatzeko, ondorengo agiriak aurkeztu beharko dira Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako Zuzendaritzan:
- Fakturak eta ordainketen egiaztagiriak.
- Mailegu-eragiketen finantza-kostua murrizteko laguntzak ematen diren kasuetan, enpresa eta entitate finantzarioaren artean hitzartutako maileguaren edota akurapen finantzarioaren poliza atxiki beharko da, betiere Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak eta entitate finantzarioak adostutako lankidetza-hitzarmenean ezarritako baldintzen arabera (interes-tipoak, epeak eta gainerako baldintzak).
Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako zuzendariak beste agiri batzuk ere eska ditzake, egoki iritziz gero.
2.- Jatorrizko agiriak baino ez dira onartuko, edo, halakorik ezean, fotokopia konpultsatuak.
3.- NBBEF funts komunitarioaren kontura kofinantzaturiko II. kapituluko laguntzei dagokienez, inbertsioaren egiaztagiriak aurkezteko epea urte bakoitzeko irailaren 15a izango da.
4.- Diruz lagundu daitezkeen gastuak zehaztearekin zerikusia duen ororako, Batzordearen uztailaren 28ko 1685/2000 EE Arautegia erabiliko da, Kontseiluaren 1260/1999 EE Arautegia ezartzeko xedapenak ezarri baititu.
11. artikulua.- Ordainketa.
1.- Urteko proiektuen ordainketa bakarra izango da, eta urte batzuetarako proiektuena, berriz, urterokoa, halako moldez non, inbertsioak zenbat aurrekontu-ekitaldi iraungo duen, horrenbesteko ordainketa egingo baita. Nolanahi ere, aurreko artikuluan aipatutako dokumentuen bitartez justifikatu beharko da inbertsioa, ordainketa egin aurretik. Hala ere, onuradunak arrazoi eta guztiko eskaria aurkezten badu, zatiko ordainketak egin ahal izango dira, Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako zuzendariaren ebazpen baten bidez egin ere.
2.- Zuzeneko laguntzak onuradunei ordainduko zaizkie, eta finantza-kostua murrizteko laguntzak, berriz, finantza-entitateei ordainduko zaizkie, onuradun bakoitzak mailegu edo akurapen finantzarioko poliza edo polizak zer erakunderekin izenpetu dituen, bada erakunde haiei. Azken laguntza horiek maileguaren edo/eta akurapen finantzarioaren printzipala edo tronkoa gutxitzeko erabiliko dira.
3.- NBBEF funts komunitarioaren kontura emandako laguntzen ordainketa Erakunde Ordaintzailearen bidez egingo da, irailaren 26ko 425/1995 Dekretuak xedatu duenarekin bat, Erakunde Ordaintzailearen zuzendariak horretarako propio emandako ebazpenetan oinarrituta.
4.- Laguntza ordaintzeko epea, gehienez ere, hiru hilabetekoa izango da, inbertsioaren edo gastuaren egiaztagiriak behar bezala aurkeztu direnetik hasita.
5.- Dirulaguntzok onartzea, eta, hala bada, onuradunei ordaintzea baldintzatuta dago; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzak edo dirulaguntzak direla-eta, itzultze- edo zehapen-espedienterik ireki eta izapidetzen ari bada, prozedura hori amaitzearen baldintzapean dago.
12. artikulua.- Laguntzak onartzeko ebazpena aldatzea eta ez betetzea.
1.- Edozein aldaketa egin nahi izanez gero, bai ebazpenean aurreikusi eta onetsitako gastu-inbertsioetan, bai diruz lagundutako finantza-eragiketetan, baimena eskatu beharko zaio Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako Zuzendaritzari, aldaketa egin aurretik, eta organo horrek beren beregiko baimena eman beharko du, ebazpen baten bidez, Dekretu honen 8. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.- Nolanahi ere, onuradunak bete gabe utziko balu dekretu honetan eta aplikatzeko diren gainerako arauetan ezarritako edozein betebehar; edo, hala bada, dirulaguntza onartzeko ebazpenean ezarritako beste edozein; edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluak aurreikusitako itzultze-arrazoirik gertatuko balitz, Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako zuzendariak, interesatuari entzunaldia emango zaion itzulketa-espedientea izapidetu ondoren, beste ebazpen bat emango du, eta dirulaguntzarako eskubidea galdu dela aldarrikatuko, eta, hala bada, jasotako laguntzak eta legezko korrituak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola ebatziko. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta dirulaguntzak itzultzeari buruzko araubide orokorra arautu duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluak ezarri dutenaren arabera, egoki izan daitezkeen gainerako akzioak baztertu gabe. Esandako kopuruek, halaber, dirusarrera publikotzat joko dira legezko ondorio guztietarako.
Itzulketa prozedura eragin duten egintzak administrazio arau-haustetzat ere jo badaitezke, dagokion zehapen- edo zigor-espedientea hasteko eskumena duen organoari jakinaraziko zaio.
3.- Justifikaturiko arrazoirik ezean, onetsitako inbertsioa aurreikusi zaion epearen barruan ez betetzea, edo, bestela, benetan egindako inbertsioa aurreikusitakoa baino %20 edo gehiago murriztu bada, zigorra ezar daiteke, ez betetzeari buruzko espedientea eta gero. Onetsitako dirulaguntzari zegokion inbertsioaren murrizketaren heinekoa izango da zigorraren zenbatekoa. Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako Zuzendaritzaren iritziz, zatizko ez betetzeak bere osotasunean desitxuratzen badu aurkeztu eta onetsitako proiektua, emandako dirulaguntza deuseztatu egin daiteke.
4.- Ez betetzearen arrazoien barruan kontuan hartu beharko dira onuradunek finantza-entitateekin dituzten kontratuen baldintzak ez betetzea; izan ere, finantza-entitateek Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote halakorik gertatuz gero, finantza-eragiketa suntsiarazteko besteko ez betetzeak izan ala ez. Arau hauste horien barruan, korrituak edo printzipala, guztiz edo zati batean, ez ordaintzea sar daiteke.
5.- Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako Zuzendaritzak emandako laguntzen portzentaje bat aztertuko du, 9. artikuluko b) letra betetzen dela egiaztatzearren.
13. artikulua.- Bateraezintasunak.
1.- Dekretu honetan ezarritako laguntzak eta beste edozein administrazio publikok zein entitate pribatuk emandakoak bateragarri izango dira, emandako dirulaguntzen baturak Dekretu honek ezarritako mugak gainditzen ez baditu.
2.- Laguntza guztien baturak esandako mugak gaindituz gero, Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako zuzendariak ebazpena eman, eta Sail honek emandako laguntza murriztuko du.
3.- Edonola ere, Dekretu honen 9 e) artikuluak ezarritakoaren arabera, onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako Zuzendaritzari helburu bererako beste edozein laguntza edo dirulaguntza eskuratu duela, edozein administraziok edo erakunde pribatuk emanda bada ere. (D eranskina, 2. orria).
14. artikulua.- Laguntzen finantzaketa.
1.- II. eta III. kapituluetako laguntzak EAEko funtsekin bakarrik finantzatu ahal izango dira; nekazaritzako artezpideen eta arrantzako eta akuikulturako artezpideen arabera; edo, bestela, NBEEF eta AOFT funts komunitarioekin kofinantza daitezke, landa garapen jasangarriko planaren eta arrantzako planaren arabera.
2.- IV. kapituluan aurreikusitako laguntzak, aldiz, EAEko aurrekontu orokorren kontura baino ez dira finantzatuko, eskualde-artezpideen eta eskualde-laguntzen 2000-2006rako laguntza-maparen arabera.
3.- Aurrekontu ekitaldi baten barruan eman beharreko laguntzen zenbatekoak ezin du gainditu laguntzen deialdia egiteko urteroko aginduak dakarren zenbatekoa, edo, indarreko legediaren arabera aurrekontu-aldaketarik onartuz gero, kopuru hori eguneratzetik ateratzen den zenbatekoa. Aldaketak onartzetik atera dadin kontsignazioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Nekazaritza eta Landa Garapeneko Sailburuordearen ebazpen baten bidez.
4.- Laguntza onartzeko ebazpena zer ekitalditan ematen den, bada ekitaldi horretako ordainketa-kredituei egotziko zaie laguntza. Urte batzuetarako proiektuak badira, konpromisoko kredituei ere egotziko zaie, zatiko ordainketak egin ahal izateko. Hori guztia, jakina, dagokion ekitaldian aurrekontua ixteari buruz aplikatu behar diren arauak baztertu gabe.
5.- Laguntzak egotzi behar zaizkion aurrekontuak horretarako kreditu egokirik eta nahikorik ez badu, ez da laguntzarik emango, eta administrazio-ebazpenaren bidez emango da horren berri.
II. KAPITULUA
NEKAZARITZAKO ETA BASOKO PRODUKTUEN
ERALDATZEA ETA MERKATURATZEA
HOBETZEKO INBERTSIOETARAKO
EGITURA-LAGUNTZAK
15. artikulua.- Xedea eta helburuak.
1.- Kapitulu honek nekazaritzako eta basoko produktuen eraldatzea eta merkaturatzea hobetzeko laguntzak arautzen ditu, bai NBBEFek eta EAEko aurrekontuek elkarrekin finantzaturikoak, bai EAEko funtsekin bakarrik finantzatzen direnak.
2.- Nekazaritzako eta basoko produktuak eraldatu eta merkaturatzeko sektoreetan inbertsioak egiteko laguntzek mesede egingo diote jarduera horien arrazionalizazioari, lehiakortasuna eta produktuen balio erantsia handitzearren. Hona laguntzon helburuak:
- Ekoizpena merkatuari aurreikusi zaizkion joeren ildotik bideratzea, eta nekazaritzako produktuentzako irtenbide berriak irekitzea sustatzea.
- Merkaturatzeko bideak edo eraldatzeko bideak hobetzea edo arrazionalizatzea.
- Produktuen egokitzapena eta aurkezpena hobetzea edo azpiproduktuak edo hondakinak hobeto erabiltzea edo ezabatzea sustatzea.
- Nekazaritzako eta abeltzaintzako euskal sektorean aitzindari edo eragile diren azpisektoreen garapen kuantitatiboa eta kualitatiboa bultzatzea.
- Kalitatezko produktuak, lanketa eta balio erantsirik handiena hartuko duten produktuak egiteko pizgarriak eskaintzea.
- Teknologia berriak erabili eta inbertsio berritzaileak erraztea.
- Kalitatea eta osasun baldintzak hobetzea.
- Ingurumena babestea.
16. artikulua.- Betebeharrak.
Honako enpresa hauei baino ez zaie laguntza emango:
a) Egoera ekonomikoan eta etorkizunerako aurreikuspenetan oinarrituta, bideragarritasun ekonomikoa egiazta dezatenei.
b) Ingurumenaren, garbitasunaren eta animalien ongizatearen aldetik gutxieneko baldintzak betetzen dituztenei.
c) Produktuek merkaturatzeko bide arruntak dituztela egiaztatzen dutenei.
d) EAEko nekazaritza eta abeltzaintza sektorearen egoeraren hobekuntzari, eta, ondorioz, sektore horretako lehen mailako ekoizleei, mesede egiten dietenei.
17. artikulua.- Laguntza jaso dezaketen sektoreak.
1.- EAEko Landa Garapen Jasangarrirako Planean identifikaturiko jarduera-sektoreetako enpresek egiten dituzten inbertsioek dirulaguntza jasotzeko lehentasuna izango dute. Hain zuzen ere, ondoren jarritako sektoreetakoak:
a) Esnea prestatzen eta esnekiak egiten diharduen esne-industria.
b) Gaztagintza, gaztanberagintza eta mami edo gatzatugintza.
c) Abelgorriak, ardiak, txerriak, ahuntzak, zaldiak, hegaztiak eta untxiak hil, zatikatu eta haien haragia kontserbatzen, eta okela-produktuak egiten diharduen okela-industria.
d) Zerealak eta patata biltegiratu, kontserbatu, hautatu eta merkaturatzea.
e) Ardogintza eta ardoak ontzea.
f) Sagardogintza eta frutetatik ateratako beste edari hartzitu batzuk prestatzea.
g) Animalientzako jakiak nekazaritzako produktuekin prestatzea.
h) Barazki-frutazaintzako produktuak erabiltzea, biltegiratzea, kontserbatzea eta merkaturatzea.
i) Eztia eta argizaria egitea eta merkaturatzea.
j) Zura hartu, zuritu eta zerratzea.
2.- Era berean, EEEIko I. eranskinean (eta dekretu honetako C eranskinean) jasotako nekazaritzako bestelako produktuak eraldatzen eta merkaturatzen diharduten enpresek egindako inbertsioei ere dirulaguntza eman dakieke, baldin eta nekazaritza eta abeltzaintzako euskal ekoizpenaren merkaturatzea hobetzek edo balio erantsia handitzeko mesedegarri badira.
3.- Aldiz, 19. artikuluak aipatzen dituen sektoreek eta inbertsioek ez dute dirulaguntzarik jasoko.
18. artikulua.- Dirulaguntza jaso dezaketen inbertsioak eta gastuak.
1.- Ondorengo inbertsio eta gastuetarako emango dira laguntzak:
a) Industria planta berriak egin edo/eta daudenak handitzeko.
b) Nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko industria modernotzeko, ondorengoak erabilita:
-Teknologia berriak eta ekoizpenerako bide berriak, eraginkorragoak.
- Ekoizpenaren edo/eta merkaturatzearen arrazionalizazioa, sasoi-sasoiko produktuetan bereziki.
- Produktuen kalitate orokorra hobetzea.
- Produktu berriak ateratzea, eskarian izan daitezkeen aldaketei hobeto egokitzeko.
- Produktuen egokitzapena eta aurkezpena hobetzea.
- Ekoizpen-prozesuen hobekuntza, teknikaren eta osasunaren aldetik.
- Azpiproduktuak eta hondakinak kentzea edo gutxitzea lehengaietan eta ontzi-enbalajeetan.
c) Nekazaritza eta/edo abeltzaintza ekologikotik datozen produktuak eta kalitate-ezaugarriak dituztenak eraldatu eta merkaturatzeko.
2.- Diruz lagundu daitekeen gastuak ondorengoak hartu ahal izango ditu:
a) Ondasun higiezinak eraiki eta erostea, lurrak erostea salbu.
b) Makina eta ekipo berriak erostea, programa informatikoak barne.
c) Gastu orokorrak; hala nola, arkitektoen, ingeniarien eta aholkularien sariak, bideragarritasun-azterlanak, patenteak eta lizentziak erostea. Letra honetako gastuak a) eta b) letretakoei gehituko zaizkie, aipatu gastuaren %12 muga izango dutela.
3.- Orobat, 17. artikuluko ETEek eta Administrazioarekin hain zuzen ere, Nekazaritza eta Arrantza Sailarekin eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailarekin hitzarmen bat sinatu duten entitate finantzarioek hitzartutako mailegu edota akurapen finantzarioek dirulaguntza jaso ahal izango dute. Betiere, diruz lagundu daitekeen inbertsioaren guztizko kopurua 10.000.000 pezeta (60.101,21 euro) baino gehiago bada.
Dirulaguntza jaso dezaketen eragiketa finantzarioek ondorengo eskakizunak bete beharko dituzte:
a) Eurotan edo edozein dibisatan egin ahal izango dira.
b) Dibisak pezeta edo eurotara aldatzeko eguna eragiketa finantzarioak egiten diren eguna izango da.
c) Maileguak:
- Epeak: 5 urte gutxienez eta 7 urte gehienez, hasierako gabealdia barne.
Maileguak:
7 urtetara: 24 hilabete
6 urtetara: 18 hilabete
5 urtetara: 12 hilabete
- Mugaegunak: gutxienik hiruhilekoa, bai printzipalaren amortizaziorako, bai interesetarako.
d) Akurapen finantzarioa:
- Epea: 2 urte gutxienik, 5 urte gehienez
- Mugaegunak: gutxienik hilabetekoa, bai printzipalaren amortizaziorako, bai interesetarako.
Akurapen finantzarioko eragiketetan, enpresa onuradunak erosteko aukera egikaritzeko konpromisoa hartuko du, baita egikaritu ere.
e) Nolanahi ere, Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako Zuzendaritzak lehen aipatutako epea baino luzeagoak onartu ahal izango ditu, baldin eta mailegu edota akurapen finantzarioan espresuki jasotzen bada mailegua edo akurapena kapitulu honetan ezarritako laguntzen artean sartzen dela.
f) Bai mailegu-eragiketetan, bai akurapen finantzarioko eragiketetan, KOI bidez burutzen diren eragiketei aplika dakiekeen gehienezko interes-tipoa, indarrean dagoen KOI hitzarmenaren arabera dagokiona izango da.
Gainerako eragiketetan, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak eta entitate finantzarioek adostutako hitzarmenean ezarritakoa izango da aplikagarri.
Dena dela, eragiketa hitzarmena sinatzen duen elkarrekiko berme sozietate batek abalatzen badu, interes-tipo hori 0,25 puntu murriztuko da.
19. artikulua.- Dirulaguntzarik jasoko ez duten inbertsioak eta gastuak.
Ondorengoek ez dute kapitulu honen araberako laguntzarik jasoko:
a) Arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko xedea duten inbertsioek.
b) EEEIko I. eranskinean jaso gabeko produktuak eraldatu eta merkaturatzeko xedea duten inbertsioek.
c) Enpresen transferentziak.
d) Hirugarren estatuetako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko xedea duten inbertsioek.
e) Dekretu honen A eta B eranskinetan jasotako inbertsio eta gastuak.
20. artikulua.- Laguntzen zenbatekoa eta finantzaketa.
1.- Laguntza-modalitateak.
Hurrengo laguntzak eman daitezke:
a) Inbertsiorako zuzeneko laguntzak.
b) ETEek egindako inbertsioen kasuan, maileguko zein akurapen finantzarioko eragiketen finantza-kostua murrizteko laguntzak, ondorengo baldintzen araberakoak:
- Dirulaguntza interes-tipo nominaleko hiru puntu izango da gehienez, ondorengoen artean txikiena denaren gain, 18.3 artikuluaren f) letrak xedatu duena salbu:
1.- Lagungarri den inbertsioaren eta laguntza zuzen modura emandako dirulaguntzaren arteko diferentzia.
2.- Entitate finantzarioak adostutako mailegu edota akurapen finantzarioaren/en zenbatekoa.
- Dirulaguntza osoa batera ordainduko zaio dagokion entitate finantzarioari, eta entitateak maileguaren edota akurapen finantzarioaren eragiketaren kapitala murriztuko du dirulaguntzaren zenbateko berean. Dirulaguntzaren zenbateko hori Finantzazio aldetik kalkulatzean hau bete beharko da: eragiketaren emaitzazko urteko benetako kostua berdin mugaegun bakoitzean ordaindu beharreko interesen gainean dirulaguntza zuzen aplikatuz ateratzen den kostua. Horretarako, eguneratze-tasa modura eragiketaren hasierako tasa erabiliko da.
- Koste finantzarioa murrizteko laguntzari buruz xedatutakoari dagokionez, emandako dirulaguntza aplikatu eta gero, ezingo da inolaz ere negatiboa izan onuradunaren emaitzazko interes-tipo nominala.
2.- Laguntzen mugak.
Emandako zuzeneko laguntza publikoen guztizkoak ezin izango du inoiz gainditu diruz lagundu daitekeen kostuaren %40a, eta onuradunak ekarri edo jarri behar duena inoiz ez da %60a baino gutxiago izango.
ETEek egindako inbertsioak badira, aurreko paragrafoan esandako ekarpen publikoak bere baitan har dezake diruz lagundu daitekeen kostu guztiaren %10erainokoa, alegia, ETEek egindako inbertsioei dagozkien mailegu eta akurapen finantzarioen finantza-kostua murrizteko laguntza, 1260/1999 EE Arautegiaren 29. artikuluaren eta esandako lankidetza hitzarmenaren arabera, eta Dekretu honetako 18.3 artikuluak ezarritako baldintzak betez.
3.- Laguntzen finantzaketa.
a) 17. artikuluko lehen paragrafoan esandako lehentasunezko sektoreetako inbertsioetarako laguntzak, diruz lagundu daitekeen inbertsioa 10.000.000 pezeta (60.101,21 euro) baino gehiago denean, behintzat, NBBEF-Bermeak eta EAEko aurrekontuek elkarrekin finantza ditzakete; betiere, aurreko paragrafoak ezarritako mugen barruan, eta hurrengo banaketaren arabera:
- NBBEF funts komunitarioak zuzeneko dirulaguntza finantzatuko du, diruz lagundu daitekeen inbertsio guztiaren %15eko gehieneko mugaraino; eta, hala bada, finantza-kostua murrizteko laguntza, diruz lagundu daitekeen inbertsio guztiaren %10eko gehieneko mugaraino.
- Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako Zuzendaritzak EAEko aurrekontuen kontura finantzatuko du zuzeneko laguntzen diruz lagundu daitekeen guztizko kostuaren %5a.
b) 17. artikuluko bigarren paragrafoan esandako sektoreetako inbertsioetarako fondo galduko laguntzak eta finantza-kostuak murriztekoak, orobat lehen paragrafoko sektoreei dagozkion inbertsioetarakoak, diruz lagundu daitekeen inbertsioa 10.000.000 pezeta (60.101,21 euro) baino gutxiago denean, EAEko aurrekontuen kargura finantzatuko dira.
III. KAPITULUA
ARRANTZAKO ETA AKUIKULTURAKO
PRODUKTUEN ERALDATZEA ETA
MERKATURATZEA HOBETZEKO
INBERTSIOENTZAKO EGITURA-LAGUNTZAK
21. artikulua.- Xedea eta helburuak.
1.- Kapitulu honek arrantzako eta akuikulturako produktuen eraldatzea eta merkaturatzea hobetzeko laguntzak arautzen ditu, bai AOFTek eta EAEko aurrekontuek elkarrekin finantzaturikoak, bai EAEko funtsekin bakarrik finantzatzen direnak.
2.- Arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko sektoreetan inbertsioak egiteko laguntzek mesede egingo diote sektorearen berriztatzeari eta lehiakortasuna hobetzeari, eta ingurumenaren gaineko eragina gutxitzeari.
Hona laguntzon helburuak:
- Gero eta gehiago eskatzen diren arrantzako eta akuikulturako produktu eraldatuen ekoizpena gehitzea.
- Eskaintza dibertsifikatzea, eskariaren aukerei eta ontzidiaren eta haren harrapaketen bilakaerari arreta egitearren, arrantza jasangarriaren barruan.
- Produktuen kalitatea eta instalazioen eta ekoizpen prozesuen baldintza tekniko eta sanitarioak hobetzea.
- Eraldatze eta merkaturatze prozesuen hobekuntza eta arrazionalizazioa, teknologia berriak sartzea bultzatuz.
- Kalitatezko produktuak, lanketa eta balio erantsirik handiena hartuko duten produktuak egiteko pizgarriak eskaintzea.
- Ekoizpen-prozesuek sortutako ingurumen-eragina gutxitzea.
- Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza-produktuak merkatu berrietan sartzea.
22. artikulua.- Betebeharrak.
Hurrengo proiektuek jaso ahal izango dute AOFTen laguntza:
a) Bilatutako egitura-hobekuntzaren ondorio ekonomiko iraunkorrari mesede egiten diotenek.
b) Bideragarritasun ekonomikoa eta teknikoa behar bezala bermatzen dutenek.
c) Ondorio okerrak saihesten dituztenek; bereziki, gehiegizko ekoizpen-ahalmena sortzeko arriskua.
d) Ingurumenaren eta osasunaren alorreko arauek betetzen dituztenek.
Nolanahi ere, inbertsioak ingurumen eta osasun alorreko arau berriak betetzeko direnean, horretarako laguntza jaso dezakete.
23. artikulua.- Laguntza jaso dezaketen sektoreak.
1.- Laguntza-programa hau arrantzako eta akuikulturako produktuak landu, kontserbatan jarri eta merkaturatzearen sektoreko enpresentzako ezarri da.
2.- Hogeita bosgarren artikuluak aipatzen dituen inbertsioek ez dute dirulaguntzarik jasoko.
24. artikulua.- Dirulaguntza jaso dezaketen inbertsioak eta gastuak.
1.- Ondorengo inbertsio eta gastuetarako emango dira laguntzak:
a) Arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko aukera berriak garatzeko.
Industria planta berriak egin edo/eta daudenak handitzeko.
b) Industria berritzeko, instalazioak modernotzearen bidez.
c) Enpresaren baldintza teknikoak, osasunekoak eta ingurumenekoak hobetzeko inbertsioetarako, dagokien enbertsioekin erlazionatuta daudenak.
d) Enpresen neurria egokitzeari eta beste tokiren batean kokatzeari laguntza emateko, osasun- edo ingurumen-hobekuntzen ondorio badira.
e) Merkaturatzeko eta marketingerako estrategia berriak taxutzeko (on-line zerbitzuak erabiltzea barne).
2.- Diruz lagundu daitekeen gastuak ondorengo inbertsio eta gastu materialak hartu ahal izango ditu:
a) Eraikin berriak egitea eta dauden instalazioak handitzea.
b) Ekipo eta instalazio berriak eskuratzea eta modernotzea, programa informatikoak barne.
c) Gastu orokorrak; hala nola, arkitektoen, ingeniarien eta aholkularien sariak, bideragarritasun-azterlanak, patenteak eta lizentziak erostea. Letra honetako gastuak a) eta b) letretakoei gehituko zaizkie, aipatu gastuaren %12 muga izango dutela.
3.- Orobat, arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatu eta merkaturatzen dituzten ETEek eta lankidetza-hitzarmena sinatu duten entitate finantzarioek hitzartutako mailegu edota akurapen finantzarioek dirulaguntza jaso ahal izango dute. Betiere, diruz lagundu daitekeen inbertsioaren guztizko kopurua 10.000.000 pezeta (60.101,21 euro) baino gehiago bada.
Dirulaguntza jaso dezaketen eragiketa finantzarioek 18. artikuluko 3. paragrafoan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte:
25. artikulua.- Dirulaguntzarik jasoko ez duten inbertsioak eta gastuak.
Ondorengo xedeak dituzten inbertsio eta gastuek ez dute kapitulu honen araberako laguntzarik jasoko:
a) Enpresen transferentziak.
b) Gizakien kontsumorako ez diren arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko edo/eta merkaturatzeko inbertsioak, non eta arrantzako eta akuikulturako hondakinak eraldatzeko eta merkaturatzeko tratamendua baino ez diren.
c) Hirugarren estatuetako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko xedea duten inbertsioek.
d) Dekretu honen B eranskinetan jasotako inbertsio eta gastuak.
26. artikulua.- Laguntzen zenbatekoa eta finantzaketa.
1.- Laguntza-modalitateak.
Hurrengo laguntzak eman daitezke:
a) Inbertsiorako zuzeneko laguntzak.
b) ETEek egindako inbertsioen kasuan, maileguko zein akurapen finantzarioko eragiketen finantza-kostua murrizteko laguntzak, 20. artikuluko lehen paragrafoko b) idatz-zatiak ezarritako baldintzen arabera.
2.- Laguntzen mugak.
Emandako zuzeneko laguntza publikoen guztizkoak ezin izango du inoiz gainditu diruz lagundu daitekeen kostuaren %40a, eta onuradunak ekarri edo jarri behar duena inoiz ez da %60a baino gutxiago izango.
Hala ere, inbertsioak instalazio kolektiboei edo ingurumenaren gaineko eragina nabarmen gutxitzeko teknikak erabiltzeari buruzkoak badira, laguntza publikoak diruz lagundu daitekeen kostuaren %50era irits daitezke, eta, halakoetan, onuradunak ekarri edo jarri behar duena inoiz ez da diruz lagundu daitekeen kostuaren %50a baino gutxiago izango.
ETEek egindako inbertsioak badira, aurreko paragrafoetan esandako ekarpen publikoak bere baitan har dezake diruz lagundu daitekeen kostu guztiaren %10erainokoa, alegia, ETEek egindako inbertsioei dagozkien mailegu eta akurapen finantzarioen finantza-kostua murrizteko laguntza, 1260/1999 EE Arautegiaren 29. artikuluaren eta esandako lankidetza hitzarmenaren arabera, eta Dekretu honetako 18.3 artikuluak ezarritako baldintzak betez.
3.- Laguntzen finantzaketa.
a) Arrantza Sektoreko Egitura Ekintzen Planaren (2000-2006) arabera eta Kontseiluaren 1263/1999 eta 2792/1999 Arautegien arabera emandako inbertsio-laguntzak, AOFTek eta EAEko aurrekontuek elkarrekin finantza ditzakete; betiere, aurreko paragrafoak ezarritako mugen barruan, eta hurrengo banaketaren arabera:
- AOFT funts komunitarioak zuzeneko dirulaguntza finantzatuko du, diruz lagundu daitekeen inbertsio guztiaren %15eko gehieneko mugaraino; eta, hala bada, finantza-kostua murrizteko laguntza, diruz lagundu daitekeen inbertsio guztiaren %10eko gehieneko mugaraino.
- Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako Zuzendaritzak EAEko aurrekontuen kontura finantzatuko du zuzeneko laguntzen diruz lagundu daitekeen guztizko kostuaren %5a.
b) Kapitulu honetan ezarritako baldintzak bete arren, Arrantza Sektoreko Egitura Ekintzen Planaren (2000-2006) barruan ezin sartu diren inbertsioetarako laguntzak EAEko aurrekontuen kargura finantzatuko dira bakarrik. Laguntzok hurrengo artezpideen arabera emango dira: arrantzako, akuikulturako eta haien produktu eraldatuen sektorerako estatu-laguntzak aztertzekoen arabera (97/c 100/05 Jakinarazpena).
IV. KAPITULUA
NEKAZARITZAKO ELIKAGAIGINTZAKO ETA
ELIKAGAIGINTZAKO BESTELAKO PRODUKTUAK
ERALDATU ETA MERKATURATZEKO EAEREN
LAGUNTZA BEREZIAK
27. artikulua.- Xedea eta helburuak.
1.- Kapitulu honetan araututako laguntzak 98/C 74/06 Jakinarazpenak jaso dituen eskualde-helburudun estatu-laguntzei buruzko artezpide komunitarioen arabera emango dira, 2000-2006 aldirako eskualde-laguntzei dagokion maparekin bat.
2.- EAEko nekazaritzako elikagaien eta elikagaigintzako sektoreentzako laguntza-programa ezarri da; hain zuzen ere, hazteko gaitasuna eta nekazaritzako elikagaien eskariak izan ditzakeen aldaketetara egokitzeko ahalmena dutenez, garatu egin nahi dira, baina, dituzten zehaztasunak ikusita, ezin dira II. eta III. kapituluetako sektoreen barruan sartu.
28. artikulua.- Betebeharrak.
1.- Programa honetara aurkezten diren inbertsio-proiektuek ez dute zerikusirik izango II. eta III. kapituluetan ezarritako laguntza-programetara aurkezturiko beste edozeinekin.
2.- Honako enpresa hauei baino ez zaie laguntza emango:
- Egoera ekonomikoan eta etorkizunerako aurreikuspenetan oinarrituta, bideragarritasun ekonomikoa egiazta dezatenei.
- Ingurumenaren, garbitasunaren eta animalien ongizatearen aldetik gutxieneko baldintzak betetzen dituztenei.
- Produktuek merkaturatzeko bide arruntak dituztela egiaztatzen dutenei.
29. artikulua.- Laguntza jaso dezaketen sektoreak.
Hona programa honetan sar daitezkeen sektoreak:
a) Elikagaien industrien azpiproduktuak eta hondakinak jaso eta erabiltzen dituzten enpresak; betiere, gizakiek kontsumitzeko edo animaliak elikatzeko erabiltzen ez badira, baizik eta energiarako, bestelako industria-erabilerarako eta abar.
b) Lekaleekin, barazkiekin, patatekin eta frutekin egindako elikagaiak fabrikatzen dituzten enpresak, baldin eta elikagaiek produktuon %30a baino gutxiago badute.
c) Okelarekin, arrainarekin, krustazeoekin eta itsaskiekin egindako elikagaiak fabrikatzen dituzten enpresak, baldin eta elikagaiek produktuon %30a baino gutxiago badute.
d) Ur mineralak ontziratzeko enpresak.
e) Haurrek jateko eta dietetikarako produktuak prestatzea.
f) Zura zerratzea eta arrabotatzea; zuraren prestaketa industriala eta horri lotutako instalazioak, hala nola, xafla eta tablero kontratxapatuak egitea, eraikuntzarako zurezko egiturak eta arozgintzako eta ebanisteriako piezak egitea, eta zurezko ontziak eta enbalajeak egitea.
g) II. eta III. kapituluetan aurreikusitako sektoreetako enpresentzako produktu berriak garatzea ekar dezaten beste elikagai batzuk prestatzea.
h) EEEIren I. eranskinean (ikus C eranskina) jaso ez diren nekazaritzako elikagaigintzako eta elikagaigintzako produktuak eraldatu eta merkaturatzen dituzten beste sektore batzuk, haien garapena nekazaritzako euskal sektorearentzako interesgarri bada.
30. artikulua.- Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak eta gastuak.
a) Inbertsio produktiboak (hasierako inbertsioa) egitea joko da diruz laguntzeko modukotzat, eta hasierako inbertsiotzat hartuko dira:
- aktibo finkoetan egindako inbertsioa, baldin eta hurrengoekin zerikusirik badu: establezimendu berria sortzearekin, dagoen establezimendua handitzearekin, edo dagoen establezimenduaren ekoizpen-prozeduran edo produktuan funtsezko aldaketa dakarren jarduera abiaraztearekin.
- aktibo finkoetan egindako inbertsioa, baldin eta itxitako establezimendu baten, edo, berriz erosi ezean, itxi egingo litzatekeen establezimendu baten eskualdatzerako bada. Halakoetan, aktibook erostearen kostuek dirulaguntza jasoko dute baldin eta eragiketa merkatu-baldintzetan egin bada, eta eskualdatu baino lehen dirulaguntzarik jaso duten aktiboak ez dira kontutan hartuko.
b) Eskualde-laguntzei buruzko irizpide komunitarioekin bat, lurra, eraikina eta ekipamendua izango dira lagundu daitezkeen gastuak.
c) Diruz lagundu daitezkeen gastuen barruan inbertsio inmaterialen mota jakin batzuk ere sar daitezke; alegia, teknologiaren transferentziarekin zerikusia duten gastuak: patenteak edo ezagutza teknikoak ustiatzeko lizentziak eskuratzea. Enpresa handien kasuan, gastu hauek lagundu daitezkeen %25a ezin dute gainditu.
Elementuok merkatu-baldintzetan eskuratu behar dira, eta aktibo amortizagarritzat jo. Gutxienez bost urtez egongo dira enpresaren barruan, eta laguntza jaso duen establezimenduak baino ez ditu ustiatuko.
31. artikulua.- Dirulaguntzarik jasoko ez duten inbertsioak eta gastuak.
a) Krisian dauden enpresak berregituratzeko inbertsioak.
b) Aktibo zaharkituen ordezkatze hutserako inbertsioak, edo funtzionamendurako ezkutuko laguntza ekar dezaketenak.
c) Dekretu honetako A eta B eranskinetan jasotako inbertsio eta gastuak.
32. artikulua.- Laguntzen zenbatekoa.
1.- Fondo galduko laguntzak baino ez dira emango kapitulu honetan aurreikusitako laguntza-sektoreetarako.
2.- Emandako zuzeneko laguntza publikoen guztizkoak ezin izango du inoiz gainditu diruz lagundu daitekeen kostuaren %20a, eta onuradunak ekarri edo jarri behar duena inoiz ez da diruz lagundu daitekeen kostuaren %80a baino gutxiago izango.
Hala ere, ETEek egindako inbertsioak badira, portzentaje hori %10 gehi daiteke.
XEDAPEN GEHIGARRIA
1.- AOFTekin batera finantzaturiko III. kapituluko laguntzak onartzeak eta ordaintzeak men egin beharko diete Europako Batasuneko organo eskudunek Arrantza Sektoreko Egitura Ekintzen Plana (2000-2006) behin betikoz onartzean jar ditzaten baldintzei, eta aipatu planari dagokion aurrekontu-euskarriari. Onuradunari laguntza emateko ebazpenak beren beregi jaso beharko ditu gorabehera horiek.
2.- Europako Batasuneko erakundeek unean-unean har dezaketen erabakien menpe egongo da Dekretu honen edukia
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
1.- Derogatu egin da maiatzaren 7ko 96/1996 Dekretua, nekazaritzako, basoko, uretako eta arrantzako produktuak merkaturatu eta eraldatzeko Europako Batasunaren dirulaguntzak, EEEren 866/1990, 867/1990 eta 3699/1993 Arautegietan araututakoak, eta horien kudeaketa-prozedura jaso dituena (maiatzaren 16ko 82/2000 Dekretuak aldatu zuen hori); ekainaren 11ko 172/1985 Dekretua, nekazaritza eta arrantza alorreko industriak eta merkatalbideak sustatzeari buruzkoa, eta Dekretu honen kontra egin dezan maila bereko edo apalagoko beste edozein xedapen.
2.- Dena den, aipatu dekretuen babesean hasitako espedienteek dekretu horien arabera izapidetuko dira amaitu arte.
3.- Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak eta finantza entitateek 2000ko maiatzaren 31n izenpetu zuten lankidetza-hitzarmenak, nekazaritzako elikagaien alorreko laguntza-bideetan parte hartzeari buruzkoak, maiatzaren 7ko 96/1996 Dekretua (maiatzaren 16ko 82/2000 Dekretuak aldatua) aipatzen du, dekretu horrek nekazaritzako, basoko, uretako eta arrantzako produktuak merkaturatu eta eraldatzeko Europako Batasunaren dirulaguntzak, EEEren 866/1990, 867/1990 eta 3699/1993 Arautegietan araututakoak, eta horien kudeaketa-prozedura jaso baititu. Bada, aipamen horiek, hitzarmena izenpetu dutenen adostasunarekin, Dekretu honi buruz egindakotzat joko dira, Dekretu hau indarrean sartzen denetik hasita.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Erregelamenduzko garapena.
Ahalmena ematen zaio Nekazaritza eta Arrantza sailburuari Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.
Bigarrena.- Indarrean sartzea.
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 26an.
Nekazaritza eta Arrantza sailburua,
IÑAKI GERENABARRENA MARTÍNEZ DE LA HIDALGA.
A ERANSKINA
SEKTOREKAKO ESKLUSIOAK
Oro har, inbertsioetarako ondorengo laguntzak geratuko dira kanpoan:
- Merkatu-antolakunde bateratuek ezarritako debekuak edo murrizketak hausten dituzten laguntzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Jasangarrirako Planak dituen salbuespen eta bermeekin; eta, hala bada, nekazaritza-egitura eta landa-garapeneko batzordeak, kudeaketa-batzorde lanetan ari dela, defini ditzanak.
Zehazki, inbertsioetarako ondorengo laguntzak geratuko dira kanpoan:
1.- Hegaztien sektorean, kanpoan geratuko dira, oro har, hegaztien industriaren ekoizpen ahalmena handitzea sustatzeko inbertsioak. Gero eta gehiago eskatzen diren arren, eskaria ase gabe duten kalitate handiko produktuekin edo/eta ekologikoekin bakarrik —alegia, antzeko produktu estandarizatuen ordezkoekin— diharduten enpresen eraldatze- eta merkaturatze-ahalmena handitzeko inbertsioak baino ez dira onartuko.
2.- Mahatsardoaren sektorean, kanpoan geratuko dira mahaiko ardoari buruzko inbertsioak.
3.- Behi-esnearen eta haren deribatuen sektorean, hurrengo inbertsioak geratuko dira kanpoan:
- Esnea edo esnekiak imitatu edo ordezkatzen dituzten produktuak egiteko eta merkaturatzeari buruzko laguntza guztiak.
- Esne likidoa ekoizteko ahalmena handitzea dakarten guztiak, hein bereko ahalmenak lagatzen badira salbu; eta banakako erreferentzia-kopurua gainditzen dutenak, osagarrizko exakzio arautzaileen araubidearen barruan, baldin eta ekoizleek eraldatze-unitateari ematen badizkiote produktuak.
- Hurrengo produktuak egiteko edo merkaturatzeko xede dutenak: gurina, gazur-hautsa, esne-hautsa, butteroila, laktosa, kaseina eta kaseinatoak. Nolanahi ere, azpiproduktutzat gazura atera eta ingurumena zaindu eta babesteko inbertsioak ez dira kanpoan geratuko.
- Urteko batez besteko bolumena urteko 5.000.000 litro esne baino gutxiago duten enpresek aurkezturiko inbertsio guztiak.
4.- Txerri-, behi- eta ardi-aziendaren hilketarekin zerikusia dutenak, baldin eta hiltzeko ahalmena handitzea badakarte.
5.- Zerealen sektorean, haziak salbu, biltegiratzen eta eraldatze ahalmena handitzea dakartenak kanpoan geratuko dira.
6.- Patataren sektorean, fekulari eta hartatik eratorritako produktuei buruzkoak geratuko dira kanpoan, non eta jateko ez diren produktuei buruzkoak ez diren, fekulatik ateratako gai hidrogenatuak salbu.
7.- Gizakiek jateko animalientzako elikagaien sektorean, kanpoan geratuko dira ingurumen-hobekuntzarekin eta industri eta elikagai segurtasunarekin zerikusirik ez duten guztiak, eta baita ekoizpen-ahalmena handitzea dakartenak ere.
8.- 1257/1999 (EE) Arautegiaren 37.3 artikuluaren bigarren paragrafoaren lehen gidoiak aurreikusitako salbuespenak fruta eta barazkien sektorean baino ez dira aplikatuko. Salbuespenok, programa honen baitan, nekazaritzako produktuak merkaturatu eta eraldatzearen barruko merkaturatze-inbertsioak hartzen dituzte, eta hurrengo irizpide objektiboaren arabera aplikatuko dira:
- Fruta eta barazkien ekoizleen antolamenduek abiarazitako merkaturatze-ekintza kolektiboei dagokienez, merkatu-antolakunde bateratuaren (OCM) baitan finantzaturiko inbertsioen xedeko proiektuek 200.000 euro baino gutxiagoko inbertsio lagungarria izan beharko dute. Ekoizleen antolamenduek abiarazitako proiektuek zenbateko hori iritsi edo gainditzen badute, landa-garapeneko programa honen barruan izapidetu, txertatu eta finantzatuko dira.
- Programa hau indarrean sartu orduko fruta eta barazkien ekoizleen antolamenduen ekintza-programen barruan onetsitako inbertsioek aurrera egin dezakete, amaitu arte, onartu zaien epearen barruan. Hala ere, ekoizleen antolamenduek programa onetsietan aldaketak egitea eska dezakete, 411/97 (EE) Arautegiak aurreikusitako daten barruan, landa garapenerako programa honen onespena babestu duen Erabakiak ezarritako baldintzei egokitzeko.
9.- Oihaneko edo basoko produktuen sektorean kanpoan geratuko dira:
- Material desegokiak erabiltzen direla eta, izadiari kalte larriak eragiten dizkiotenak (baso bideak eta lur trinkotuak hondatzea, landaredia andeatzea.
- Gabonetako zuhaitzak batu eta merkaturatzeari buruzkoak.
- Apaindurarako zuhaitzei buruzkoak, eta zerraketa-unitateei lotutako inbertsioak, arau komunitarioen arabera ETE definizioaren barruan sartzen diren enpresa txiki eta ertainetan egiten direnak salbu.
- Zerraketa-operazioak, baldin eta horiek gauzatzen dituzten enpresek hamar langile finko baino gehiago edo finkoen pareko hamar lanpostu baino gehiago badituzte plantillan.
B ERANSKINA
OROKORREAN DIRULAGUNTZARIK JASO EZIN DITUZTEN INBERTSIOAK
1.- Txikizkako sektoreko inbertsioak.
2.- Gai izoztu eta ultraizoztuetarako biltegi frigorifikoei buruzkoak, non eta haien biltegiratze-ahalmena eta, zer eraldatze-instalaziori lotuta dauden, haren ekoizpen-ahalmena hein bertsukoak ez diren.
3.- Erabilitako ekipoko ondasunak eta makinak erostea.
4.- Garraiorako elementuak, eraldatze-prozesuei ezinbestean loturik daudenean salbu.
5.- Aurreko elementuen ordezkatze hutsezkoak direnak, non eta erositako berriak aurrekoez bestelako inbertsioei ez dagozkien, hala erabilitako teknologiaren aldetik, nola errendimenduarengatik.
6.- Sozietate baten eratze eta hastapen gastuak.
7.- Txukuntzeko, ostaturako eta aisialdi ekipoetarako obrak (lorezaintza, taberna eta antzekoak). Nolanahi ere, helburu pedagogiko edo komertzialetarako aurreikusi gastuak (proiekzio-aretoa, dastatzeko aretoa eta antzekoak) finantza daitezke.
8.- Industriaren jarduerarekin zerikusi zuzenik ez duen urbanizazioa.
9.- Bulegoko altzariak. Ez dira halakotzat joko instalazio telefonikoak, faxak, fotokopiagailuak eta ordenagailuak (programa informatikoak barne). Laborategiko eta hitzaldi-aretoetarako ekipoak erostea zilegi da.
10.- Eskuarki urte betean amortizatzen den materiala erostea (botilak, enbalajeak, laborategiko material suntsigarria eta antzekoak). Kontabilitatean gastutzat jotzen diren inbertsioei ere ez zaie laguntzarik emango.
11.- Konponketak eta mantentzeko obrak.
12.- Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ), edo onuradunaren beste edozein zerga berreskuragarri.
C ERANSKINA
EEEI-KO LEHEN ERANSKINEKO NEKAZARITZA PRODUKTUEN ZERRENDA
1957ko martxoaren 25eko EEEIko 32-38 artikuluek xedatu dutenaren arabera, nekazaritzako produktutzat hartuko dira lurreko, abeltzaintzako eta arrantzako produktuak, hala nola produktu horiekin zuzeneko zerikusia duten lehen mailan eraldatutako produktuak. EEEIko I. eranskinean daude jasota, eta ondoren jarriko dira:
Bruselako zerrendako Produktuen izena
partidak
1. KAPITULUA Animalia biziak.
2. KAPITULUA Kontsumorako haragia eta hondakinak.
3. KAPITULUA Arrainak, krustazeoak eta moluskuak.
4. KAPITULUA Esnea eta esnekiak; hegazti-arrautzak; ezti naturala.
5. KAPITULUA
05.04 Animalien erraiak, maskuriak eta urdailak (arrainenak ez), osorik edo zatika.
05.15 Animalietan jatorri duten produktuak, beste partida batzuetan adierazi edo sartu gabekoak; 1. edo 3. kapituluetako animalia hilak, gizakien kontsumorako ez direnak.
6. KAPITULUA Landare biziak eta lorezaintzaren produktuak.
7. KAPITULUA Lekaleak eta jateko landaren, erro eta tuberkuluak.
8. KAPITULUA Jateko fruituak; zitrikoen eta meloien azalak.
9. KAPITULUA Kafea, tea eta espeziak, mate belarra kenduta (09.03 partida)
10. KAPITULUA Zerealak
11. KAPITULUA Errotaritzako produktuak; malta; almidoiak eta fekulak; glutena; inulia
12. KAPITULUA Olio-hazi eta olio-fruituak; haziak eta fruituak; industriarako landareak eta sendabelarrak; lastoa eta bazka.
13. KAPITULUA
Ex 13.03 Pektina
15. KAPITULUA
15.01 Gantza, txerrien bestelako koipeak eta etxeko hegaztien koipeak, prentsatuak edo urtuak
15.02 Seboak (behi-, ardi- eta ahuntz-aziendenak) bere horretan edo urturik, lehen zuku deritzenak barne
15.03 Hondakin estearina, oleoestearina; txerri-gantzaren olioa eta emultsionatu gabeko oleomargarina, inongo nahaste edo prestaketarik gabe
15.04 Arrainen eta itsas-ugaztunen koipea eta olioa, errefinatuak barne
15.07 Landare-olio finkoak, fluidoak edo solidoak, gordinak, araztuak edo errefinatuak
15.12 Animalia- edo landare-koipe eta olio hidrogenatuak, are errefinatuak, baina bestelako prestakuntzarik gabe.
15.13 Margarina, txerri-gantzaren eta elikagaietarako beste koipe prestatuen ordezkoak edo suzedaneoak.
15.17 Gai koipetsuak edo animalia- edo landare-ezkoa tratatzetik datozen hondakinak
16. KAPITULUA Haragien, arrainen, krustazeoen eta moluskuen prestakin edo gertakinak
17. KAPITULUA
17.01 Erremolatxa- eta kanabera-azukre solidoak
17.02 Bestelako azukreak; xarabeak; eztiaren ordezkoak, are ezti naturalarekin nahasiak; azukreak eta melaza karamelatuak.
17.03 Melazak, baita kolorgalduak ere
17.05 Azukre, xarabe eta melaza usaingozatuak edo koloratzaileekin (bainila edo bainilina eta guztiko azukrea barne), edozein azukre-kopurua gehitu zaien fruta-zukuak izan ezik
18. KAPITULUA
18.01 Kakao-alea, osorik edo zatituta, gordinik edo xigorturik
18.02 Kakao azala, oskola, mintzak eta hondakinak
20. KAPITULUA Lekaleen, barazkien, fruten eta bestelako landareen edo landare-zatien prestakinak
22. KAPITULUA Lekaleen, barazkien, fruten eta bestelako landareen edo landare-zatien prestakinak
22.04 Mahats-muztioa hein batean hartzitua, alkoholik gabe moteldua barne
22.05 Mahats-ardoak; Mahats-muztio alkoholez moteldua (mistelak barne)
22.07 Sagardo "madariardotua", eztiura eta beste edari hartzituak
ex. 22.08 Alkohol etiliko desnaturalizatua zein desnaturalizatu gabea, edozein graduaziokoa,
ex 22.09 Itunaren I. eranskinean jasotako nekazaritzako produktuetatik ateratakoak, pattarrak, likoreak eta gainerako edari espiritutsuak; edarigintzarako alkohol-prestakin konbinatuak (aterakin kontzentratu izenekoak)
22.10 Ozpinak eta janaritarako ordezkoak
23. KAPITULUA Elikagai industrien hondakinak; animalientzako jaki prestatuak
24. KAPITULUA
24.01 Tabako landugabea; tabako hondakinak edo pikondoak.
45. KAPITULUA
45.01 Kortxo natural gordina eta kortxoaren hondakinak; kortxo birrindua, pikortatua edo hauts egina
54. KAPITULUA
54.01 Liho landugabea (liho laborea), urtatua, zarazkatua, txarrantxatua (orraztua) edo beste modu batez landua, baina irun gabekoa; liho-zakarra eta liho hondakinak (litsak barne)
57. KAPITULUA
57.01 Kalamu (cannabis sativa) landugabea, urtatua, zarazkatua, txarrantxatua (orraztua) edo beste modu batez landua, baina irun gabekoa; kalamu-iztupa eta kalamu-hondakinak (litsak barne) .
D ERANSKINA
NEKAZARITZAKO, BASOKO, ARRANTZAKO, AKUIKULTURAKO ETA ELIKAGAIGINTZAKO
PRODUKTUAK MERKATURATU ETA ERALDATZEKO BALDINTZAK HOBETZEKO
LAGUNTZEN PROGRAMAK
- Nekazaritzako eta basoko produktuen eraldatzea eta merkaturatzea hobetzeko inbertsioetarako egitura-laguntzak
- Arrantzako eta akuikulturako produktuen eraldatzea eta merkaturatzea hobetzeko inbertsioentzako egitura-laguntzak.
- Nekazaritzako elikagaigintzako eta elikagaigintzako bestelako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko EAEren laguntza bereziak.
1. INPRIMAKIA
jauna/andrea, NAN zk.:
Hurrengoaren ordez:
Enpresa:
IFZ/IFK:
Kalea eta zk.: Telefonoa
Udala: (Probintzia P.K.:
Hurrengo jarduera-sektorearen barrukoa:
Harremanetarako pertsona:
Tel.: Fax: Posta elektronikoa:
HAUXE ESKATZEN DU: ----/2000 Dekretuak aurreikusitako laguntzetara biltzea, arau erregulatzaileetan ezarritakoaren arabera eta ondoren azaltzen diren kontzeptuetan:
INBERTSIOEN LABURPENA
I: NEKAZARITZAKO ETA BASOKO PRODUKTUEN ERALDATZEA ETA MERKATURATZEA HOBETZEKO INBERTSIOETARAKO EGITURA-LAGUNTZAK
– Egin nahi den inbertsioaren zenbatekoa, guztira (BEZ gabe)
Mailegu/ alokairu finantzario hobaridunik nahi? BAI EZ Zenbatekoa
II: ARRANTZAKO ETA AKUIKULTURAKO PRODUKTUEN ERALDATZEA ETA MERKATURATZEA HOBETZEKO INBERTSIOENTZAKO EGITURA-LAGUNTZAK
– Egin nahi den inbertsioaren zenbatekoa, guztira (BEZ gabe)
Mailegu/ alokairu finantzario hobaridunik nahi? BAI EZ Zenbatekoa
III: NEKAZARITZAKO ELIKAGAIGINTZAKO ETA ELIKAGAIGINTZAKO BESTELAKO PRODUKTUAK ERALDATU ETA MERKATURATZEKO EAEREN LAGUNTZA BEREZIAK
- Egin nahi den inbertsioaren zenbatekoa, guztira (BEZ gabe)
INBERTSIOA, GUZTIRA .
2001. urtea PTA
2002. urtea PTA
(e)n, ko ren (e)an
AHALORDEDUNAREN SINADURA ETA ENPRESAREN ZIGILUA.
ZINPEKO AITORPENA
2. INPRIMAKIA
jaunak/andreak, NAN zk.:
Ondorengo enpresaren ordez: IFK :
HAUXE AITORTZEN DU :
-2000ko abenduaren 31n, plantillan langile zeudela.
-2000ko abenduaren 31n, negozioaren bolumena PTA zela.
-2000ko abenduaren 31n, balantze orokorraren araberako aktiboa PTA zela.
-Enpresa (1) dagoela beste enpresa batek edo batzuek partizipatua %25ean edo gehiago, berdin dio zuzen edo zeharka, beste enpresa horrek edo horiek ondorengo baldintzetakoren bat betetzen duela, laguntzak arautu dituen Dekretuko 4. artikuluak (arau orokorrei buruzkoak) dioenaren arabera:
- 250 langile baino gehiago izatea
-Urteko negozio-bolumena 40.000.000 eurotik gorakoa edo
-Balantze orokorra 27.000.000 eurotik gorakoa
(1) BAI ala EZ zehaztu.
-Oraingo laguntza-eskariaz gain, gaur egunera arte, proiektu honetarako beste eskabide bat aurkeztu duela, edo/eta laguntza eskuratu duela, hurrengo erakunde publiko edo pribatuetan; gainera, hitz ematen du erakunde publiko edo pribatuetan proiektu honetarako egin dezan laguntza-eskari guztien berri emango duela:
Eskabidearen data Erakundea Programa Zenbat eskatu den Emandako laguntza
-Era berean, hitz ematen du Eusko Jaurlaritzaren eta Europako Batasunaren esku jarriko duela inbertsioa gauzatu dela eta proiektua burutu dela egiaztatzeko beharrezko izan daitekeen dokumentazioa.
e)n, ko ren (e)an
AHALORDEDUNAREN IZENPEA. .
3. INPRIMAKIA
A.- ENPRESAREN MEMORIA
A.-1 ENPRESAREN AZALPENA
1.-IZENA EDO SOZIETATEAREN IZENA:2. -ENPRESAK EGITEN DITUEN JARDUERAK EDO FABRIKATZEN DITUEN PRODUKTUAK
3.- ZENBAT EKOIZPEN UNITATE DUEN ETA NON DAUDEN
4. - ENPRESAREN ENPLEGUAREN BILAKAERA.
Aurreko urtea Aurtengoa Hurrengo ekitaldirako
aurreikuspena
Zenbat lang. Zenbat egun en. Zenbat lang. Zenbat egun en. Zenbat lan. Zenbat egun enp.
LAN KUALIFIKAZIOA
GUZTIRA
Oharra: Enpresak lanean dituen langileak adierazi behar dira, lan-kualifikazioaren arabera sailkaturik; enpresan zenbat egun daramaten ere jarri beharko da, bai eskabidea aurkeztu den urtean, bai aurrekoan, eta hurrengo ekitaldirako aurreikuspena ere jarri behar da.
4. INPRIMAKIA
A.- 2 INBERTSIO PROIEKTUAREN AZALPENA:
Eskatzaileak, bere proiektua hobeto balioesteko egoki dela irizten badio, egin beharreko inbertsioari buruzko txostenaren gutxieneko puntuak luzatu edo zabaldu ditzake.
5. - INBERTSIOAREN XEDEA
6. - EGIN BEHARREKO INBERTSIOAREN ZEHAZTAPENA:
KONTZEPTUA PTA
HIGIEZINAK
MAKINAK / INSTALAZIOAK
EKIPAMENDU INFORMATIKOAK
GAINERAKOAK (Arkitektoen eta ingeniarien sariak)
GUZTIRA
7.- INBERTSIOA GAUZATZEKO EPEAK ETA EKITALDI BAKOITZEAN GAUZATU BEHARREKOA (2001-2002).
8. - KOKAPENA (HERRIA, KALEA, ZENBAKIA).
9. - INBERTSIOAREKIN LORTU NAHI DIREN HOBEKUNTZAK (PROZESUA ERABERRITZEA, KALITATEA, MERKATURATZEA ETA ABAR HOBETZEA...) .
5. INPRIMAKIA
10. - PROIEKTUAK EUSKAL LEHEN SEKTORERAKO IZAN DEZAKEEN GARRANTZIA AZALTZEA ETA SEKTOREARI ETOR DAKIZKIOKEEN HOBEKUNTZAK AIPATZEA.
11. - INBERTSIO PROIEKTUAREN FINANTZAKETA.
ITURRIA PTA
NORBERE FONDOAK
BANKU-KREDITUAK
BESTELAKOAK
GUZTIRA
A.-3 PLAN KOMERTZIALA
12. - ENPRESAREN SALMENTEN BILAKAERA (MILAKA PEZETATAN)
Aurreko urtea Aurtengoa Hurrengo ekitaldirako aurreikuspena
Salmentak, guztira
Esportazioa
13.- MARKA KOMERTZIALAK
6. INPRIMAKIA
14. – ENPRESAK EGITEN DITUEN PRODUKTUEN MERKATUAREN EGOERA.
15.- ENPRESAK HURRENGO BI EKITALDIETAN GAUZATU NAHI DUEN PLAN KOMERTZIALAREN AZALPENA.
16. – SEKTOREAREN EGOERA ETA PERSPEKTIBAK
7. INPRIMAKIA
17.- INBERTSIOAREN AURRETIK ETA ONDOREN ERABILITAKO PRODUKTUAK
ESKABIDEAREN AURREKO URTEAK ESKABIDEAREN
ONDORENGO URTEAK
-2 -1 Eskabidearen urtea +1 +2
PRODUKTUAK
1. KOPURUA
BALIOA
2. KOPURUA
BALIOA
3 KOPURUA
BALIOA
4. KOPURUA
BALIOA
5.
Inbertsioaren aurretik eta ondoren erabilitako produktuak:
- Enpresak erabilitako produktuak adierazi behar dira; hau da, guztizkoaren %15a baino gehiago direnak. Inbertsioa produktu guztietarako ez bada, zer produktutarako den zehaztu behar da.
- Kopurua zehaztu ( litroak, tonak.…). Pisuan saltzen ez diren produktuak badira, ohiko unitatetan adieraziko dira (unitate hori zein den zehaztu beharko da). Produktu bakoitzarentzako, hurrengoak adierazi behar dira "kopurua" eta "balioa" laukietan: neurtzeko erabili diren unitateak (tonak, unitateak, piezak milaka eta abar), eta pezetak, milaka pezetak eta abar
18.-INBERTSIOAREN AURRETIK ETA ONDOREN ERALDATURIKO/MERKATURATURIKO PRODUKTUAK
ESKABIDEAREN AURREKO URTEAK ESKABIDEAREN
ONDORENGO URTEAK
-2 -1 Eskabidearen urtea +1 +2
PRODUKTUAK
1. KOPURUA
BALIOA
2. KOPURUA
BALIOA
3 KOPURUA
BALIOA
4. KOPURUA
BALIOA
5.
Inbertsioaren aurretik eta ondoren eraldaturiko/merkaturaturiko produktuak:
- Enpresak eraldaturiko/merkaturaturiko produktuak adierazi behar dira. Inbertsioa produktu guztietarako ez bada, zer produktutarako den zehaztu behar da.
- Kopurua zehaztu ( litroak, tonak.…). Pisuan saltzen ez diren produktuak badira, ohiko unitatetan adieraziko dira (unitate hori zein den zehaztu beharko da). Produktu bakoitzarentzako, hurrengoak adierazi behar dira "kopurua" eta "balioa" laukietan: neurtzeko erabili diren unitateak (tonak, unitateak, piezak milaka eta abar), eta pezetak, milaka pezetak eta abar
8. INPRIMAKIA
19. – INBERTSIOAK XEDE DUEN PRODUKTUAREN MERKATURATZE-BIDEAK ZEHAZTU.
A.- 4. FINANTZA INFORMAZIOA.
20.- AURKEZTU BEHAR DITUEN DOKUMENTUEZ GAIN, ENPRESAK HONAKO HAUEK ERE ERANTSI BEHARKO DITU: ESKABIDEAREN URTEKO ZEIN HURRENGO BI EKITALDIETAKO BALANTZEEN ETA EMAITZA KONTUEN AURREIKUSPENAK, ALDAKETA NAGUSIAK AZALTZEKO TXOSTENAREKIN BATERA.
9. INPRIMAKIA
ERAGIKETA BAIMENTZEKO BALDINTZEN DOKUMENTUA.
Nekazaritza eta Arrantza Sailak Inbertsioei ematen dizkien Finantza Laguntzen Programaren arauak betez,
Ondorengo finantza-entitateak:
Bulegoa: Tel.:
Inbertsioak Finantzatzeko 2000ko hitzarmenaren baitan, ondorengo enpresari
Enpresa: IFK:
Ondorengo eragiketa onetsi dio:
MAILEGUA
AKURAPEN FINANTZARIOA
(Dagokiona markatu)
Ondorengo baldintzetan:
ZENBATEKOA:
MONETA:
Dibisekin egindako eragiketak badira, eguneko kanbio-tasa adierazi:
EPEA
GABEALDIA
EPEMUGAK
KOI HITZARMENAREN BAITAN: BAI EZ
SGR (EBS) BATEK ABALATUA: BAI EZ ABALEMAILEA
KORRITU EDO INTERES MOTA
FINKOA:
ALDATZEKOA: (Erreferentzia tipoa eta diferentziala aipatu)
Data, eta finantza entitatearen Data, eta enpresaren
sinadura eta zigilua sinadura eta zigilua.
10. INPRIMAKIA
AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK
1.– Inprimakiak behar bezala beterik (1etik 9ra bitartekoak).
2.- Enpresa eratzeko eskrituraren eta ondorengo aldaketen kopia.
3.– Legezko ordezkariaren NAren eta ahalordetze-eskrituraren fotokopiak.
4.- Haragi edo okela industriak badira, osasun erregistroaren fotokopia, edo, bestela, erregistroan izena emateko eskariarena.
5.- Azken bi ekitaldietako sozietateen gaineko zergaren fotokopia. Banakako enpresariak badira, azken bi ekitaldietako pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga-aitorpeneko jarduera-errendimenduen eranskinaren fotokopia
6.– Legez auditoria egiteko beharra duten enpresak badira, azken ekitaldiko auditoriaren kopia.
7.– Eskaria egin duen enpresak bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko agiri eguneratuak.
8.- Aurkezturiko inbertsio-proiektuaren zenbatekoa behar bezala balioesteko, hurrengoak erantsi beharko dira:
- Eraikinak norbere kontura erosi, zabaldu edo eraikitzen badira, izenpeturiko kontratu pribatuaren edo/eta obra egiteko proiektuaren kopia, baita obra-lizentziarena ere.
- Laguntza jaso dezaketen gainerako aktiboetarako, berriz, proformako fakturak, kontratuen edo eskari irmoen kopiak.
9.– Plan estrategikoaren edo bideragarritasun azterlanaren kopia, enpresak halakorik badu.
10.- Eskaria egiten duenak finantza-laguntzak (korritu-tasa jaistea) eskatu nahi baditu: eragiketa baimentzeko baldintzen agiria, behar bezala betea, edo eragiketa formalizatzeko poliza.
NON AURKEZTU BEHAR DEN:
EUSKO JAURLARITZA/GOBIERNO VASCO.
NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako Zuzendaritza.
Donostia kalea, 1- 01010 VITORIA-GASTEIZ.
Justifikaturiko arrazoirik ezean, onetsitako inbertsioa aurreikusi zaion epearen barruan ez betetzea, edo, bestela, benetan egindako inbertsioa aurreikusitakoa baino %20 edo gehiago murriztu bada, zigorra ezar daiteke, ez betetzeari buruzko espedientea eta gero. Onetsitako dirulaguntzari zegokion inbertsioaren murrizketaren heinekoa izango da zigorraren zenbatekoa. Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako Zuzendaritzaren iritziz, zatizko ez betetzeak bere osotasunean desitxuratzen badu aurkeztu eta onetsitako proiektua, emandako dirulaguntza deuseztatu egin daiteke.
Onuradunari NBBEF funts komunitarioaren kontura kofinantzaturiko laguntzarik ematen bazaio, inbertsioa egiteko gehienezko epea 2001eko irailaren 15a izango da, eta data hori baino beranduago egiten eta ordaintzen diren inbertsioak ez dute finantzaketarik jasoko.
RSS