
249. zk., 2000eko abenduaren 30a, larunbata
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
5926
AGINDUA, 2000ko abenduaren 20koa, kultura sailburuarena, euskal kirolari paraolinpikoentzako sariak arautzen dituen Agindua aldarazten duena.
Kultura sailburuaren 2000ko urriaren 25eko Aginduak 4. artikuluan dioenez, euskal kirolari paraolinpikoen sariak zenbatzeko irizpide bakarra erabiliko da, hau da, Sydneyko Joko Paraolinpikoetan urrezko, zilarrezko edo brontzezko dominaren bat lortu behar izan dute kirolariek. Irizpide hori bateragarria da ekainaren 11ko Euskadiko Kirolari buruzko 14/1998 Legearekin, zeren lege horrek xedatzen baitu goi mailako kirola antolatu eta bultzatzea helburu duen kirol politika egin behar dela.
Hala ere, 14/1998 Legeak dio botere publikoek, beren eskumenen barruan, kirol jarduerak bultzatuko dituztela ezgaitasun fisiko, psikiko, sentsorial edo mistoak dituztenen artean, gizartean erabat integratzen laguntzeko.
Sydneyko Joko Paraolinpikoetara joan diren euskal kirolariek kirol teknikarien laguntza izan dute, esan nahi baita hainbat kirol teknikari arduratu direla horien prestakuntzaz. Sydneyko Joko Paraolinpikoetan parte hartu duten kirolariek lan eta ahalegin handia egin dute zalantzarik gabe, baina aipatzekoa da, bestalde, kirol teknikariek eginiko lana ere.
Agindu honek kultura sailburuaren urriaren 25eko Agindua aldarazi du. Esan bezala, urriaren 25eko Aginduak euskal kirolari paraolinpikoen sariak arautzen ditu eta urriaren 25ekoa aldarazten duen honek, berriz, sariak zenbatzeko beste irizpide bat jaso du, zeinaren bidez Sydneyko Joko Paraolinpikoetan dominarik lortu ez zuten euskal kirolarien emaitzak ere kontuan hartzen baitira. Bide horretatik, euskal kirolari paraolinpikoei adorea eta kemena eman nahi zaie beren kirol prestakuntzan aurrera egin dezaten eta, bestalde, Joko Paraolinpikoetara joan ziren euskal kirol teknikarientzako sari sistema ezarri nahi da.
Horren arabera, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuarekin bat etorriz eta kasuan kasuko diru-hornidura egin ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
Lehenengo artikulua.– Euskal kirolari paraolinpikoen sariak arautzen dituen 2000ko urriaren 25eko Aginduaren 1. artikuluko 2. atala aldarazi da eta honela geratu da:
"2.– Sari hauei zuzenduko zaien gehieneko zenbatekoa 6.000.000 PTA/36.060,73 Eurotakoa izango da".
Bigarren artikulua.– beste atal bi erantsi zaizkio euskal kirolari paraolinpikoen sariak arautzen dituen 2000ko urriaren 25eko Aginduaren (kultura sailburuarena) 4. artikuluari, eta honela dio:
"3.– Sydneyko Joko Paraolinpikoetan parte hartu eta dominarik lortu ez duten euskal kirolari guztiek 250.000 PTA/1.502,53 Euroko saria jasoko dute".
4.– Sydneyko Joko Paraolinpikoetan parte hartu duten kirol teknikari guztiek 250.000 PTA/1.502,53 Euroko saria jasoko dute".
Hirugarren artikulua.– Euskal kirolari paraolinpikoen sariak arautzen dituen 2000ko urriaren 25eko Aginduaren 6. artikuluko 2. atala aldarazi da eta honela geratu da:
"2.– Epaimahaiak 2000ko abenduaren 31a baino lehen hartuko du sariari buruzko erabakia eta erabaki hori apelaezina izango da. EHAAn argitaratuko da kultura sailburuaren aginduaren bidez; hala ere, irabazleei banan-banan jakinaraziko zaie saridun izan direla eta Kultura Sailak hedabideetan emango du horren berri.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Bide administratiboari amaiera ematen dion agindu honen aurka interesatuek berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Kultura sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatuta; edo administrazioarekiko auzibide errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Herriko Justizi Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzibide salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau indarrean jarriko da EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 20an.
Kultura sailburua,
M.CARMEN GARMENDIA LASA.
RSS