
249. zk., 2000eko abenduaren 30a, larunbata
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Ogasun eta Herri Administrazio Saila
5925
AGINDUA, 2000ko abenduaren 26koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, kontsumitzaile eta merkatarien arteko truke-simulazioak, eurotan, antolatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko udal erakundeei emango zaizkien diru-laguntzak arautzeko agindua aldatzen duena.
2000ko uztailaren 18ko Aginduaren bidez (EHAA, 143. zk., 2000ko uztailaren 27koa), Eusko Jaurlaritzak, Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren bitartez, laguntza-programa ezarri zuen Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrak eta ekonomia-eragileak euroaz kontzientziatu, informatu eta prestatzeko jarduerak aurrera ateratzeko, eta jarduera horien helburua zen eurora, diru berria izango den horretara, igarotzeko bidea erraztea.
Agindu horretan jasotako xedapenak errealitatean gauzatu direnean, ordea, zenbait egokitzapen egin beharra antzeman da. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udaletan, kontuan hartuta zein den beren biztanleen kopurua eta zenbat diren era horretako jarduerak aurrera atera ditzaketen ostalaritza-tokiak, diruz lagun daitekeen jardueraren bat edo beste egin daiteke bertan —arrazoi osoz eta programarekin bat eginez—, baina, beti eta soilik, astebetetik beherako jarduerak badira. Udal horiek, hala ere, 2000ko uztailaren 18ko Aginduaren ezarpen-eremutik kanpo geratzen dira.
Jatorrizko Aginduak oinarri-oinarrian nahi du Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek diru berria ezagutzea. Beraz, oraingo helburua da bertako udaletako ahalik eta herritar gehienengana iristea ahalegin horren ondorioak, eta, horretarako, behar diren xedapenak ezartzea.
Horiek horrela, bidezkoa da Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak 2000ko uztailaren 18an emandako Agindua aldatzea. Aldatu nahi diren puntuak, bada, jardueren iraupena eta jarduerak egiteko laguntzak dira; izan ere, horrela eginez, EAEn, izaera orokorra izango baitu proposatutako sustapen-jarduerak.
Ondorioz, honako hau
XEDATU DUT:
Lehenengo artikulua.– Aldatu egin da 2000ko uztailaren 18ko Aginduaren 3. artikuluko 2. paragrafoa, eta honela geratu da idatzita:
"Eurotan erosketak simulatzea egun bateko edo gehiagoko aldietan egin ahal izango da. Kasu bakoitzean, ondoko artikuluak aurreikusten duena ezarrita, dagokion diru-laguntza emango da, jardueraren egun-kopuruaren arabera".
Bigarren artikulua.– Idazketa berria eman zaio 2000ko uztailaren 18ko Aginduaren 4. artikuluari, hain zuzen ere diru-laguntzen zenbatekoa arautzen duenari, eta honela geratu da idatzita:
"1.– Diru-laguntzen zenbatekoa aurkeztutako aurrekontuaren %100erainokoa izan daiteke.
2.– Simulazio-jarduerak egun batetik hirura bitartekoak badira, diru-laguntza 500.000 ptakoa (3.005,06 eurokoa) izango da; jarduerok lau egunetik seira bitartekoak badira, 1.000.000 ptakoa (6.010,12 eurokoa); eta sei egunetik gorakoak badira, 2.000.000 ptakoa (12.020,24 eurokoa). Nolanahi ere, toki-erakunde bakoitzak jasoko duen diru-laguntza ez da inoiz ere 2.000.000 ptatik (12.020,24 eurotik) gorakoa izango.
3.– Proiektuaren eragin-eremuak bi udal hartzen dituenean, berriz, honako diru-laguntza hauek emango dira: jarduerak egun batetik hirura bitartekoak badira, 1.000.000 ptakoa (6.010,12 eurokoa); jarduerok lau egunetik seira bitartekoak badira, 2.000.000 ptakoa (12.020,24 eurokoa); eta sei egunetik gorakoak badira, 4.000.000 ptakoa (24.040,48 eurokoa).
4.– Proiektuaren eragin-eremuak bi udal baino gehiago hartzen duenean, berriz, honako diru-laguntza hauek emango dira: jarduerak egun batetik hirura bitartekoak badira, 1.250.000 ptakoa (7.512,65 eurokoa); jarduerok lau egunetik seira bitartekoak badira, 2.500.000 ptakoa (15.025,30 eurokoa); eta sei egunetik gorakoak badira, 5.000.000 ptakoa (30.050,61 eurokoa)".
5.– Beste erakunde publiko eta pribaturen batek emandako laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera eta baliabideak eta agindu honetan aipatzen direnak bateragarriak izango dira. Laguntza hauek proiektuaren aurrekontuaren mugetan sartu arte gutxituko dira, eta inola ere ezin izango da aurrekontuaren gainetik finantzatu".
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Interesdunek, agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko diote Ogasun eta Herri Administrazio sailburuari, agindua argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasi eta hilabeteko epean; edota, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzitarako epaitegian, agindua argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, bi hilabeteko epean.
Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2000ko abenduaren 26a.
Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,
IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.
RSS