
249. zk., 2000eko abenduaren 30a, larunbata
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
5915
308/2000 DEKRETUA, abenduaren 26koa, ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoa.
1983. urtetik, Eusko Jaurlaritzak ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko finantza neurri multzoa bultzatu du Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan.
Neurri horiek 278/1983, 189/1990 Dekretuen, eta 1996. urtetik aurrera 214/1996 Dekretuaren bidez arautu izan dira. Oraingo Dekretu honek, aurrekoek bezala, zenbait aldaketa izan ditu indarrean egon den bitartean, batez ere hipoteka merkatuaren egoerara moldatu beharrak, eta 30/1992 Legeari, hau da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena, nahiz 1992ko Lurzoruari buruzko Legearen testu bateginari egokitu beharrak eraginda. Azken honen edukiaren zati haundi bat konstituziokontrakotzat jo da.
Urte hauetan zehar jasotako eskarmentuan oinarrituta, egokiagotzat jo da Dekretua etxebizitzaren sektorea sustatu eta suspertze aldera birgaitzeko jardueren erregimen juridikoa arautzera mugatzea, finantza neurriak ondorengorako utziz.
Bestalde, 2000-2003 Etxebizitza Bideratzeko Egitasmoa onartu da, eta honako berrikuntza hauek proposatzen ditu birgaitzearen esparruan:
Laguntzak berrikusi eta indartzea, birgaitzea bezalako interes publikoko jarduerak adoretzeko nahiko izan daitezen.
Birgaitze integratuko jardueran banakako birgaitze jardueretatik gehiago bereiztea, laguntzei dagokienez.
Birgaitutako etxebizitzek gaur egun duten BOE kalifikazio sistema kendu eta epe jakin batean etxea salduz gero, laguntzak itzultzeko sistema bat sartzea.
Aurreko puntuarekin bat etorriz, bidezkoa da birgaitze-jardueren ondorioz kalifikatutako etxebizitzak deskalifikatzea.
Aholkularitza eta kudeaketako mekanismoak gauzatzea babespeko birgaitze-espedienteek duten administrazio-konplexutasuna saihestearren.
Berariazko kanpaina masiboak egitea (igogailuak, fatxadak e.a.) sustatu nahi diren jarduerak komunikatzeko sistema gisa.
Erretako etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzak ematea, batez ere errenta zaharrekoak, kontratuen zurruntasunak etxebizitza hauek, sarritan beharrik haundiena dutenak, berregokitzea eragozten baitu.
Laguntzetarako urteroko deialdi bat egitea, nahikoa iragarrita, urbanizatzean esku-hartzeko eta dagoeneko egiten diren ezaugarri arkitektoniko baliotsuak dituzten eraikinak birgaitzean eta lehen mailako ekipamendu komunitarioetan esku-hartzeko.
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak birgaitzeko ematen dituen laguntzak Udalek eta birgaitzeko erakundeek ematen dituzten laguntzekin, nahiz xede bera duten gizarte-larrialdietarako laguntzekin koordinatzea.
Birgaitzeko laguntzen onuradun izateko baldintzak berraztertzea, batez ere birgaitze integratuari dagozkion alorrean. Orientatzeko, birgaitzeko aurrekontuaren %10 eko gutxieneko dirusarrera izatea eskatzea proposatu da edo gizarteratzeko gutxieneko dirusarreraren onuradun izatea.
Birgaitzeagatiko zerga-arinketa fiskala kudeatzeko sistemak berrikustea Foru Aldundiekin koordinazioan.
Azkenik adierazi behar da, irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legeak hiri-ingurune, espazio publiko, eraikin eta garraioetako irisgarritasuna bermatu eta sustatzeko Udalen eta Foru Aldundien partetik laurteko egitasmoak lantzea ezartzen duela, elementu horiek Legean eta Lege hori garatzeko arauetan aurreikusitako irisgarritasunerako baldintzetara egokitzeko. Dekretuari jarraiki, etxebizitza arloan eskuduna den sailburuaren Agindu batek arautuko ditu egitasmo horiek finantzatzeko laguntzak.
Ondorioz, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren proposamenari jarraiki eta Gobernu Kontseiluak 2000ko abenduaren 26ko bilkuran eztabaidatu eta onartu ostean, honakoa
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Dekretu honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoan errotutako ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketen, hiri- nahiz landa-ingurunekoen, erregimen juridikoa arautzea da, etxebizitzaren sektorea sustatzeko eta indartzeko helburuarekin, batez ere hirigintza-intereseko eremuetan.
2.– Jarduketa horien finantza-neurriak, nahiz irisgarritasunerako planak garatzeko dirulaguntzak arautzea eta, hobekuntza lanak burutu eta hiri-inguruan irisgarritasuna bermatzeko ekipamendua erostea Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren erabakiaren bidez zehaztuko da.
2. artikulua.– Jarduketa babestuak.
Birgaitzeko jarduketa izango dira ondare urbanizatu eta eraikiari dagokion balioa ematea eta horrek erabilera egokiago izatea lortzeko egindako esku-hartze batek edo batzuek osatutakoak.
Birgaitzeko jarduketak osatzen dituzten esku-hartzeak eta horiek birgaitze-plan berezien idazketan izango duten erabilera definitzeko, dekretu honen I. eranskinean biltzen diren definizioen koadroa hartuko da aintzat.
3. artikulua.– Birgaitzeko jarduketen eremua.
1.– Birgaitzeko jarduketek honako helburuetako bat edo batzuk izan ditzakete:
Eraikuntza-unitateak hirigintzara moldatzea.
Eraikuntzen egitura edo/eta eraikuntza moldatzea.
Etxebizitzen bizigarritasun-baldintzak moldatzea.
Eraikinen era etxebizitzen elementu komun edo pribatiboen akabera orokorra eraikuntza onaren printzipioetara moldatzea.
Etxebizitzak eta horietarako sarbideak minusbaliotasunen bat duten pertsonetara egokitzea.
2.– Eraikuntza-unitate bat edo eraikuntza bat hirigintzara moldatutakoa dela esango dugu ondorengo bi egoeretakoren batean dagoenean: indarrean dagoen lurzoruaren legeriari jarraiki antolamendutik kanpo ez dagoenean edo indarrean dagoen plangintzaren arabera lagapenen bati lotutakoa ez denean eta, horrenbestez, ez denean beharrezkoa horren zati bat edo osorik erraustea lehen mailako ekipamendu komunitarioak, plazak, parke publikoak, berdeguneak egiteko edo trafikoarentzako edo oinezkoentzako bideak, hirigintza-plangintzan definitutakoak, irekitzeko. oin berriko eraikuntza bat egiteko ordenantza betetzen ez badu ere, plangintzak, bere helburuekin bateragarri ez delako, osorik edo zati bat, erraustu beharreko eraikuntzatzat jo ez duenean.
Hirigintzara moldatzeko ezinbesteko obrak Dekretu honen II. eranskinean bildu ditugu.
3.– Eraikuntzak egitura egokia duela esango dugu eraikuntza-segurtasunari dagokionez nahikoa baldintzak betetzen dituenean, eraikinaren egonkortasuna, erresistentzia, irmotasuna eta sendotasuna bermatzeko.
Eraikin batek eraikuntza-egokitasuna duela esango dugu, eraikuntza onaren printzipioei jarraiki, gutxieneko baldintzak betetzen dituenean ondoren adierazitako alderdiei dagokienez: sarbideak, uraren eta hezetasunaren estankotasuna, isolamendu termikoa, uraren sare orokorrak, saneamendua, elektrizitatea, istripu eta ezbeharretako segurtasuna eta, hala badagokio, telefoniako sare orokorrak eta igogailuaren instalazio egokia.
Egiturari eta eraikuntzari dagokienez egoki izateko baldintza orokorrak eta egoera horietara iristeko obrak Dekretu honetako III. eranskinean bildu ditugu.
4.– Etxebizitza batek bizigarritasun-baldintzak betetzen dituela esango dugu etxebizitza hori egiturari eta eraikuntzari dagokienez egokia den eraikin batean dagoenean eta etxebizitza horrek, gainera, gutxieneko baldintzak betetzen dituenean ondoren aipatutako alderdiei gagozkiola: azalera erabilgarria, barne-banaketa, aireztapena, argi naturala eta aireberritzea, uraren eta saneamenduaren instalazioa, elektrizitatea, isolamendu termikoa eta akustikoa, zerbitzu higienikoak eta sukaldeko oinarrizko instalazioak.
Etxebizitzaren bizigarritasun-baldintzak eta egoera horretara iristeko obrak Dekretu honetako IV. eranskinean bildu ditugu.
5.– Eraikin baten eta etxebizitzen akabera orokorra eraikuntza onaren printzipioetara egokitzen dela esango dugu, eraikina egiturari eta eraikuntzari dagokienez egokia denean eta etxebizitzek bizigarritasun-baldintzak bete eta elementu komunetan eta pribatiboetan obrak egin direnean akabera nagusia aipatutako eraikuntza onaren printzipio horietara egokitzeko. Atal honetan hartuko dira barne eraikinetako elementu komunen akabera orokorreko obrak, baita etxebizitzetako elementu pribatiboenak ere, besteak beste, zarpeatua, alikatatua, zolatua, arotzeria, pintura eta bestelakoak, dagokion administrazio-organoaren aurrean egiaztatzen denean horiek duten egoera txarra.
Halaber helburu hori izango dute etxebizitzek instalazio komunen maila nahikoa izatera bideratutako obrek. Horien artean hartuko ditugu barne tximistorratza, ikus-entzunezkoetarako antenak edo gasaren sare orokorren instalazioa, baita berogailuen edo gasaren instalazio pribatiboak edo etxebizitzak energiaren aurrezkira egokituta egotea ere.
6.– Etxebizitzak minusbaliatuek erabiltzeko egokituta daudela esango dugu etxebizitza horiek eta horietarako sarbideek talde horri dagokionez aplikagarri den legerian adierazitakoa betetzen dutenean. Administrazio-organo eskumendunak, aldeko txosten teknikoaren ostean, baimena eman ahal izango du babes daitekeen aurrekontuan barne hartzeko aipatutako legerian berariaz adierazi ez diren baina etxebizitzaren erabilera edozein minusbaliotasun-motak ezarritako berariazko mugetara egokitzea helburu duten etxebizitzaren barruko obrak.
4. artikulua.– Birgaitzeko jarduketa babestuak.
1.– Jarduketak birgaitzeko jarduketa babestutzat joko dira horien titularrak Dekretu honetan eta berori garatzen duen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituenean eta dagokion administrazio-organoak halakotzat jotzen dituenean, kasuan kasu egoki izan daitezkeen finantza-neurriak eta zerga-onurak lortzea ahalbidetzeko.
2.– Birgaitzeko jarduketak sustatzeko beharrezkotzat jotzen diren neurriak kaltetu gabe, finantziazio kualifikatua ondorengo jarduketetara bideratuko da lehenik:
Etxebizitza xede nagusi duten erakinetako birgaitzeko jarduketetara.
Etxebizitzak ondoren jabetzan edo alokairuan lagatzeko sustatzea xede duten birgaitzeko jarduketetara.
5. artikulua.– Jarduketa-motak.
1.– Finantzaketa kualifikatua zehazteari dagokionez, birgaitzeko jarduketa babestuak birgaitze integratutzat edo birgaitze isolatutzat jo ahal izango dira, jarduketen xede diren higiezinen kokapenaren arabera.
2.– Birgaitze integratutzat joko dira birgaitze integratuko area deklaratutako hiri-multzoetan eragiten duten jarduketak, Dekretu honetan eta birgaitze-plan berezian adierazitakoari jarraiki. Edonola ere, birgaitzeko jarduketa babestuen finantziazio kualifikatuari dagokionez, birgaitze-plan berezian bildutako zehaztasunek Dekretu honetan ezarritakoa izan beharko dute oinarri.
3.– Banakako birgaitzetzat joko dira birgaitze integratuko areetatik kanpo egiten diren jarduketak.
Halaber, banakako birgaitzetzat joko dira ondoren adierazitako jarduketak:
Area horietan kokatuta dauden baina hirigintza, egitura eta eraikuntzari dagokienez egoki ez dauden, edo bizigarritasun-baldintza guztiak betetzen ez dituzten etxebizitzen kokaleku diren eraikinetan egindako jarduketak birgaitze isolatutzat joko dira. Dagokion administrazio-organoak finantziazioa onartuko du, betiere lurzoruaren legerian aurreikusitakoaren arabera obrak egikaritzeko agindu bat badenean edo beharrezkoa denean etxebizitzaren bizigarritasun-baldintzak egokitzeko presako obrak egitea.
Birgaitze integratuko areetan, arrazoi tipologikoak edo bestelakoak direla eta, birgaitze-plan bereziak birgaitze integratuko finantziaziotik bazter utzitako erakinetan egiten diren jarduketak.
Edonola ere, zenbaki honetan barne hartutako jarduketek nahitaezko obretarako udal-baimena izan beharko dute.
6. artikulua.– Birgaitze integratuko areen definizioa.
1.– Birgaitze integratuko areatzat jo ahal izango ditugu beren ezaugarri arkitektoniko edo hirigintzakoen balio nabarmena edo ondare urbanizatu edo eraikiaren degradazio-egoera direla eta babestera, zaintzera edo hobetzera bideratutako administrazioaren ekintza berezia behar duten hiri- edo landa-multzoak.
2.– Halaber, birgaitze integratuko area deklaratu ahal izango dira beren ezaugarri arkitektoniko eta hirigintzakoak balio nabarmenekoak ez izan arren ondare urbanizatu eta eraikiaren degradazio-egoera dela eta hala eskatzen duten orain gutxi sortutako egoitzarako hiri-multzoak, area degradatutzat jo daitezkeenak.
Dekretu honen ondorioetarako area degradatua izango da ekonomia, gizarte, hirigintza eta arkitekturaren alderdiei dagokienez ondorengo degradazio-egoeran daudenak:
Areako biztanleriaren errenta-maila Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko errentaren %75 baino gutxiagokoa izatea.
Areako biztanleriaren langabezia-tasa Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko langabezia-tasa baino handiagoa izatea.
Berriz urbanizatzeko obren zenbatekoak urbanizazioaren balioaren %40 gainditzea.
Egiturari eta eraikuntzari dagokienez egoki izateko eta Dekretu honetako IV. eranskinean ezarritako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzeko birgaitzeko obren zenbatekoak eraikuntzaren balioaren %25 gainditzea, lurraren balioa kenduta.
3.– Multzoak eraikuntza bakarreko eraikuntza-unitatea, eraikuntza-konplexua duen eraikuntza-unitate bat edo batzuk edo hiri- edo landa-area zabalagoa har ditzake barne.
4.– Multzoa eraikuntza bakarrekoa denean, ezinbesteko baldintza izango da birgaitze integratuko area gisa deklaratzeko kalifikatutako ondasun kulturala izatea, indarrean dagoen legeriaren arabera.
5.– Multzo bati birgaitze integratuko area gisa hasiera emateko edo halako deklaratzeko ezinbesteko baldintza izango da edozein kasutan area hori mugatzen duen perimetroan dauden lurrak hiri-lurzoru gisa sailkatzea hirigintza-plangintzak.
6.– Multzoak eraikuntza bakarreko eraikuntza-unitatea edo eraikuntza-konplexua duen eraikuntza-unitate bat edo batzuk hartzen dituenean barne, izaera isolatuko hiri-lurzoru gisa sailkatuko da.
7. artikulua.– Birgaitze-plan bereziak.
1.– Birgaitze integratuko area deklaratutako multzoetako administrazioaren ekintza bereziak bertako hiri-ehuna babestea, zaintzea, zaharberritzea eta hobetzea, baita bertako perimetroan barne hartutako ondareari balioa ematea eta horren erabilera egokitzea ere, ondorio izango duten birgaitzeko jarduketak hartuko ditu barne. Jarduketa horien bidez lortuko dugu dagoen biztanleriari eustea, horien bizi-baldintzak eta batez ere etxebizitzaren kalitatea hobetzea eta ekipamendu komunitarioak eta aurrez adierazitako helburuekin bat datozen ekonomia-jarduerak sustatzea.
2.– Birgaitze integratuko areetan administrazio orokorrak egingo dituen birgaitzeko jarduketak zehazteko plangintza-figurak Birgaitze-plan bereziak izango dira.
3.– Birgaitze-plan bereziak indarrean dagoen lurzoruaren erregimenari eta hiri antolamenduari buruzko araudian definitutako plan berezi batzuk dira. Horiek lege horretan eta hori garatzen duten erregelamenduetan edo ordezten duen araudian plan berezietarako ezarritakoaren menpekoak izango dira, baita berariaz Dekretu honetan adierazitakoari atxikitakoak ere.
4.– Birgaitze-plan bereziak hiri-antolamendurako tresna xehekatuak dira, birgaitze integratuko area gisa deklaratzeko espedienteari hasiera eman zaion hiri-lurzoruko areetako plan orokorretako edo arau subsidiarioetako kalifikazio globaleko zehaztasunak garatzea helburu dutenak.
5.– Garatzen dituzten arau edo planen kalifikazioaren zehaztasunak errespetatzea alde batera utzita, birgaitze-plan bereziek beren zehaztasunen artean hartu beharko dituzte barne artikulu honetako lehen pasartean adierazitako administrazioaren ekintza berezia osatzen duten neurriak planifikatzea ahalbidetuko dutenak.
6.– Ezingo da birgaitze-plan berezirik formulatu, horien izapideak egin edo onartu aldi berean edo aurrez onartzen ez badira horiek oinarri dituzten plan orokorrak edo arau subsidiarioak.
8. artikulua.– Birgaitze integratuko area deklaratzeko espedienteari hasiera ematea.
1.– Hiri- edo landa-multzo bat birgaitze integratuko area deklaratzeko espedienteari hasiera Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren aginduaren bidez emango zaio, horren eragina izango duen tokiko korporazioaren edo korporazioen eskaeraren ondoren.
2.– Hasiera emateko udalaren eskaerarekin batera aurkeztuko dira mugaketa, deskribatzeko eta justifikatzeko memoria eta areako gizarte- eta hirigintza-alderdien azterketa.
3.– Multzo bat birgaitze integratuko area deklaratzeko espedienteari hasiera emateko aginduak honakoak izango ditu eranskin gisa: hasiera ematea deskribatzeko eta justifikatzeko memoria, hasierako mugaketa eta areako gizarte- eta hirigintza-alderdien azterketa, baita birgaitze-plan berezia formulatzeko, horren izapideak egiteko eta onartzeko epeak ere.
4.– Udalek birgaitze-plan bereziei hasierako onarpena emateko ezarri ahal izango den gutxieneko epea bederatzi hilabetekoa izango da. Hamabi hilabeteko epea izango da, berriz, behin-behinekorako, biak ere hasiera emateko agindua argitaratzen denetik hasita.
5.– Hasiera emateko agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta horren eragina izango duen lurralde historikoko edo lurralde historikoetako aldizkarietan argitaratuko da.
6.– Birgaitze integratuko area deklaratzeko espedienteari hasiera emateko prozeduretan, eskaera aurkeztu eta hiru hilabeteko epean berariazko erabakirik ematen ez bada, onartutako moduan ulertuko da.
9. artikulua.– Birgaitze-plan bereziak formulatzeko, horien izapideak egiteko eta onartzeko prozedura.
1.– Multzo bat birgaitze integratuko area deklaratzeko espedienteari hasiera eman ondoren, dagozkien birgaitze-plan bereziak formulatu ahal izango dituzte horien eragina izango duten tokiko korporazioek.
2.– Horien eragina izango duen tokiko korporazioaren edo korporazioen baimenaren ostean eta aurreko paragrafoan adierazitako izapideak egin ondoren, birgaitzeko hirigintza-sozietateek birgaitze-plan bereziak formulatu ahal izango dituzte. Indarrean dagoen lurzoruaren erregimenari eta hiri antolamenduari buruzko araudian xedatutakoaren arabera, horiek organo eskumendun izango dira hirigintza-antolamenduari dagokionez.
3.– Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak birgaitze-plan bereziei buruzko derrigorrezko txostena egingo du behin betiko onartu baino lehen. Birgaitze-plan bereziek kalifikatutako edo inbentarioan jasotako monumentu-multzoetan eragiten dutenean, aipatutako txosten hori uztailaren 3ko 7/1990 Legean, Euskal Kultur Ondareari buruzkoan, xedatutakoari lotuko zaio.
4.– Halaber, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak birgaitze-plan bereziei buruzko derrigorrezko txostena egingo du, behin betiko onartu baino lehen. Edonola ere, eta ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuen finantziazioari dagokionez, sailak birgaitze-plan bereziak berariaz hartu beharko ditu bere gain.
5.– Birgaitze-plan berezien izapideak egiteko eta horiek onartzeko prozedura barne-erreformako plan berezietarako adierazitako arauetara egokituko da, Dekretu honetako artikulu honetan eta aurrekoan adierazitakotik eratorritako zehaztasunak aintzat hartuz.
10. artikulua.– Birgaitze-plan berezien kalifikazio xehekatuaren zehaztasunak.
1.– Birgaitze-plan bereziek, besteak beste eta gutxienez, kalifikazio xehekatuaren berezko zehaztasun hauek hartuko dituzte barne:
Birgaitze integratuko arearen eremua osatzen duten lurren perimetroaren mugaketa eta, ondorioz, plan bereziarena.
Tokian tokiko espazio libreen sistemaren osagai izango diren parke eta lorategi publikoetara bideratutako espazio libreen eta berdeguneen trazadura. Horietan egin ahal izango diren eraikuntzak eta instalazioak.
Lehen mailako ekipamendu komunitarioen toki-sistemako lurren mugaketa. Ekipamendu horietan ondorengo arloetako zerbitzu publikoak eskainiko dira: irakaskuntza, kultura, elkarteak, sorospena, jolasa, ikuskizunak, osasuna, merkataritza, erlijioa, kirola, administrazioa eta antzeko helburua duten beste hainbat.
Garraio eta komunikazioen tokian tokiko sistemaren trazadura eta ezaugarriak, ibilgailuen eta oinezkoen bideak eta aparkaleku publikoak barne. Horiek guztiz zehazteko beharrezko lerrokatzeak eta sestrak adieraziko dira, baita sistema orokorrekin edo, hala badagokio, hiriko gainerako trazadurekin ondo lotzeko beharrezkoak direnak ere.
Parke eta lorategi publikoetara, ibilgailuen eta oinezkoen bideetara eta aparkaleku publikoetara bideratutako espazio libreen eta berdeguneen trazadura, baita sistema orokorren izaera duten lehen mailako ekipamendu komunitarioetarako lurren mugaketa ere, tokiko sistemei dagokienez aurreko idatz-zatian adierazitako zehaztasun-mailarekin definitutakoa.
Hala dagokionean, eraikuntza-lerroa eta errepide bazterretako hesien ezaugarriak eta kokagunea finkatzea.
Irabazi-asmoko ustiapenerako azaleren mugaketa, tokian tokiko sistemetarako eta sistema orokorretarako izendatu direnak kanpoan utziz.
Areako eraikuntza-unitate guztien mugaketa eta banan-banako izendapena, berori osatzen duten lur-zatia eta eraikuntza edo eraikuntzak zehaztuz, bai tokian tokiko sistemetakoak eta sistema orokorrekoak, bai irabazi-asmoko ustiapenerako azaleretakoak.
Handitzeko, ordezkatzeko edo oin berriko eraikuntzako esku-hartzeak egitea ahalbidetzen duten eraikinen kasuan, trazaduraren ordenantzaren, grafiko eta idatziaren, bidezko berariazko arautze zehatza. Ondorengo alderdiak zehaztuko ditu: eraikin edo instalazioaren mota, kokalekua, solairu-kopurua, solairu bakoitzaren altuera libreak, erlaitzaren lerroa, estalki-mota eta egoki irizten diren eraikinen neurriari, itxurari, fatxaden osaketari eta eraikuntzen eta eraikuntza-unitateetako espazio libreen akaberari buruzko gainerako ezaugarri guztiak.
Areako eraikuntza-unitateetan ahalbidetzen den eraikuntzako esku-hartzea edo esku-hartzeak finkatzea, ordenantza grafiko eta idatzien bidez, aurreko idatz-zatian aipatutako zehaztasun-mailaren arabera.
Dekretu honetako I. eranskinean aipatutakoaren arabera planak birgaitzeko esku-hartzetzat hartzen dituen ordezkatzeko eta oin berriko esku-hartzeak azaltzea.
Guztiz eta neurri batean erraustu behar diren eraikuntzak azaltzea, plan bereziaren helburuekin bateraezinak direlako, aurreko idatz-zatietan aipatutako tokian tokiko sistemak edo sistema orokorrak gauzatu ahal izateko erraustu behar direnak alde batera utzita.
Beren ezaugarriak direla-eta, lehen mailako ekipamendu komunitarioei atxikita gelditu behar duten eraikuntzak aipatzea, hala dagokionean.
Urbanizatzeko esku-hartzeak, ezaugarri teknikoak eta urbanizazio-elementuen eta hiri-altzarien trazadura zehaztuz eta, Dekretu honetako I. eranskinean aipatutakoaren arabera, planak birgaitzeko esku-hartzetzat hartzen dituenak adieraziz. Behar adina zehaztu eta mugatuko dira horiek egiteko gastuen ebaluazio ekonomikoa egin ahal izateko.
Eraikuntza-unitateak erabiltzeko ordenantza, areako lurretan, urbanizazioetan eta eraikuntzetan egin ahal izango diren erabilera berriak zehaztean oinarritutakoa. Horiek eraikuntza-unitateka adieraziko dira eta eraikinetako solairuetako bakoitzaren erabilera zehaztuko da.
Eraikuntza-unitate bakoitzerako, plan berezia indarrean jarri aurretik zeuden erabileren, ezarpen berrikoetan barne hartzen ez direnen, arautze berezi bat, artikulu honetako hurrengo idatz-zatietan aipatutakoari jarraiki. Hori ere erabilera-ordenantzaren zati izango da.
Birgaitze-arean baimentzen diren jardueren katalogoa, lau kategoriatan sailkatutakoa, Dekretu honetako 24. artikuluko bosgarren paragrafoan adierazitakoa aplikatzeko ondorioetarako.
Partzelazio-ordenantza, orain dagoen partzelazioari dagoenean eutsi behar dioten eraikuntza-unitateak eta alda daitezkeen eraikuntza-unitateak aipatuko dituena. Horiez gain, lur-zatien itxurari, neurriei eta beste hainbat ezaugarriri buruzko baldintzak aipatuko dira.
Areako lurrek, urbanizazioek eta eraikuntzek bete behar dituzten segurtasun, osasungarritasun eta apainketaren inguruko ordenantzak.
Eraikuntza-unitateen laburpen-fitxa bana egingo da, gutxienez i), j), k), l), m), n), o), p), r) eta s) idatz-zatietako zehaztasun grafikoak eta idatziak bilduz.
2.– Eraikuntza-unitate bakoitzean baimentzen den eraikuntzako esku-hartzea edo esku-hartzeak finkatzeko, Dekretu honetako I. eranskinean zehaztutako esku-hartzeen motaren bat edo beste hartu beharko da. Hala ere, eraikuntza-unitate bakoitzerako beharrezko irizten diren berariazko baldintzak hartu ahal izango dira barne eraikuntza-unitate bakoitzaren ordenantzan. Gainera, esku-hartze mota bat egiteko aukera, aldi berean beste bat egitearen menpekoa edo berarekin batera eraikuntza-unitatea osatzen duten eraikuntzak eta eraiki gabeko lurrek erabilera jakin bat edo beste izatearen menpekoa izan liteke.
3.– Edozein eraikuntza-unitateren trazaduraren ordenantza, artikulu honetako lehenengo idatz-zatiaren i) paragrafoan jasotako alderdien arabera ulertutakoa, desberdina izan daiteke baimendu daitezkeen eraikuntzako esku-hartze bakoitzerako. Hori dela eta, kasuan kasu zehaztu beharko da eta ez da onartuko hirigintzako parametro orokorretan oinarritzen diren eraikuntza-multzoetako ordenantza orokorrik.
4.– Birgaitze-plan berezia onartu aurretik ezarritako erabilerak edo jarduerak, beren kalifikazioaren arabera ezarpen berriko erabilera baimendu gisa zehaztutakoen artean barne hartzen ez badira, antolamenduaren kanpoko erabilera gisa edo erabilera toleratu gisa kalifikatuko dira gainerako kasuetan.
5.– Ezarritako erabilera edo jardueraren bat antolamendutik kanpoko erabilera gisa kalifikatzeak esan nahi du, erabilera edo jarduera horrek berean dirauen artean, bertako eraikinak eta instalazioak indarrean dagoen lurzoruaren erregimenari eta hiri antolamenduari buruzko araudian aipatutako muga eta baldintzen menpeko izango direla.
6.– Erabilera edo jardueraren bat erabilera toleratu gisa kalifikatzeak esan nahi du bertako eraikin eta instalazioetan egin ahal izango diren eraikuntzako esku-hartzeak arautu egin behar direla, hala badagokio, erabilera hori epe zehatz batean bertan behera uzteko baldintzapean.
7.– Eraikuntza-unitatetzat honakoa joko da: eraikuntza batek edo gehiagok eta horiekin batera erregistroko unitate bat osatzen duen lur-zatiak osatzen duten multzoa. Hori dela eta, intereseko unitate morfologikoa osatzen dutenez, ezin dira banan-banan besterendu eta bere horretan eutsi beharko zaie eraikuntza bakar hori edo horiek errausten diren arte.
8.– Tokian tokiko sistema gisa ulertuko dira erabilera edo zerbitzu publiko bati atxikitako lur-azalerak, urbanizazioko elementuak, eraikinak, instalazioak eta erabilera publikorako beste eraikuntzak, birgaitze-plan berezian horrela zehaztuta daudenean eta komunitatearen premiak betetzea eta zerbitzu publikoak eskaintzea helburu dutenean, betiere premia eta zerbitzu horiek birgaitze integratuko arean barne hartzen den lurraldearen zatiko biztanleei dagozkienak direnean.
9.– Artikulu honetako lehenengo idatz-zatiko a), b), c), d), e), f), g), h), i), j), k), l), m), n), r) eta s) paragrafoetan zehazten diren plan berezien agiri grafikoak 1:500 eskalan eta, hobeto, 1:250 eskalan egingo dira.
10.– Baimendutako eraikuntzako eta urbanizazioko esku-hartzen bidez elementu eraiki edo urbanizaturen bati eusteko beharra eta, hala dagokionean, berreraikitzeko beharra ezartzen zaien unitateen eta urbanizazio-elementuen eta hiri-altzarien fitxen bilduma, behar bezala ordenatutakoa, izango da indarrean dagoen Lurzoruaren Erregimenari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legearen 93. artikuluak zehaztutako katalogoa.
11.– Babesa behar duten aurreko paragrafoan zehaztutako elementuen katalogoak birgaitze-plan bereziaren zati gisa formulatu, izapidetu eta onartuko dira.
11. artikulua.– Kudeaketaren eta ekonomia- eta finantza-azterketaren inguruko zehaztasunak.
1.– Plan bereziek, besteak beste, ekonomia- eta finantza-azterketaren eta horren egikaritzearen kudeaketaren inguruko zehaztasun hauek jasoko dituzte:
Poligonoak, jarduketa-unitateak eta, hala badagokio, jarduketa isolatuak, edozein kasutan azalera etenek osatutakoak izan daitezkeenak, mugatzea.
Hala badagokio, poligono bakoitzari eta jarduketa-unitate bakoitzari aplika dakiokeen jarduketa-sistema finkatzea.
Hala badagokio, administrazioaren eta gizabanakoen artean banatzea urbanizazioaren segurtasun, osasungarritasun eta apainketaren inguruko baldintzak betetzeko eta ziurtatzeko betebeharrak.
Urbanizazioko esku-hartzeen ekonomia-ebaluazioa, birgaitzeko esku-hartze gisa zehaztu direnen kostuak banakatuz, poligono, jarduketa-unitate eta jarduketa isolatu bakoitzari dagozkion kostuak izendatuz.
Birgaitzeko esku-hartze gisa definitutako eraikuntzako esku-hartzeen ekonomia-ebaluazioa, aurreko idatz-zatian aipatutako esleipenarekin.
Poligono eta jarduketa-unitate bakoitzean eraikigarri diren metro karratuen batez besteko ustiapena definitzea, baimendutako erabileren arabera haztatuta.
Administrazio publiko bakoitzaren konpromisoak zehaztea, sistema orokorretarako eta tokian tokiko sistemetarako lurzorua erosteko finantziazioari, lehen mailako ekipamendu komunitarioetara bideratutako eraikuntzak eskuratzeari eta, hala badagokio, birgaitzeari eta urbanizatzeko esku-hartzeak egiteari dagokienez.
Lurzoruaren eta, hala badagokio, eraikuntzen hirigintza-balioa zehaztea mota guztietako zergei dagokienez, indarrean dagoen legeriaren arabera, plan bereziak ezarritako era guztietako ustiapen eta mugak kontuan izanik.
Kontribuzio bereziak ezartzeko kontuan izan beharreko irizpideak eta dagokion udal-ordenantza idazteko oinarriak.
2.– Eraikuntza-unitateen erabilera-ordenantza definitzeko horietan baimendutako eraikuntzako esku-hartzeak hartuko dira kontuan eta definizio horrek bat etorri beharko du esku-hartze zientifiko eta kontserbatzaileetan horretarako zehaztutako irizpideekin.
3.– Indarrean dagoen lurzoruaren erregimenari eta hiri antolamenduari buruzko araudiaren arabera eta, hala badagokio, plan bereziaren arabera, jabeek doan laga edo urbanizatu behar ez dituzten poligonoko edo jarduketa-unitateko tokian tokiko sistemak hiri-lurzoruko banakako jarduketa gisa definituko dira eta horiek egikaritzeko desjabetzapen-sistema aplikatuko da.
4.– Lurzoruaren eta, hala badagokio, artikulu honetako lehen paragrafoko h) zehaztapenean jasotako eraikuntzen balorazioa kontuan izango da ondasun higiezinen eta hiri-izaerako lurraren balioa handitzearen gaineko udal-zergen ondorioetarako. Balorazio horren berri eman beharko zaie zerga-administrazioko organo eskumendunei indarrean dagoen lurzoruaren erregimenari eta hiri antolamenduari buruzko araudian definituta zerga-balioen eta hirigintza-balioen arteko ezinbesteko egokitzapena egiteko.
5.– Plan berezia gauzatzeko ezinbesteko inbertsioei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak bere egindako konpromisoak Eusko Legebiltzarrak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren aurrekontu-partiden edukiaren arabera ulertuko dira kasu guztietan.
6.– Urbanizazioko esku-hartzeen ekonomia-ebaluazioa Zatiko Planetarako lurzoruaren erregimenari eta hiri antolamenduari buruzko araudian obren eta zerbitzuen ezarpenaren ebaluazioari dagokionez adierazitakoaren arabera egingo da.
12. artikulua.– Jarduketa-programaren zehaztasunak.
1.– Jarduketa-programak, Kudeaketaren eta ekonomia- eta finantza-azterketaren inguruko zehaztasunak kontuan izanik, udal-inbertsioak Eusko Jaurlaritzaren eta bestelako administrazio publikoen inbertsioekin koordinatzea izango du helburu, baita banakoekin egin beharrekoak koordinatzea ere. Horrezaz gain, antolamendua gauzatzeko epeak eta lehentasunak ezartzea, eraikuntzako nahiz urbanizazioko esku-hartzeak barne hartuz.
2.– Ondorio hauek lortzeko, launa urteko bi alditan finkatuko da jarduketa isolatuak egiteko lehentasunen ordena. Bertan adieraziko dira administrazioaren organoek beren gain hartutako finantziazio-konpromisoak betetzeko epeak.
3.– Era berean, gutxi gorabehera bada ere, etxebizitzen bizigarritasun-baldintza egokiak lortu arte eta eraikinak eta etxebizitzak eraikuntza onaren printzipioetara egokitu arte bi laurtekoetako urte bakoitzean birgaitu beharreko etxebizitzen kopurua zehaztuko da. Horrezaz gain, kostuaren balioespena adieraziko da.
4.– Poligono edo jarduketa-unitate bakoitzerako honako zehaztasunak finkatuko dira programan:
Egin beharreko urbanizazioko proiektuak formulatzeko epea.
Desjabetzapenerako, birpartzelaziorako eta konpentsaziorako proiektuak formulatzeko epea.
Urbanizazioko esku-hartzeak egikaritzeko faseak, horietako bakoitzari dagozkionak eta iraupena adieraziz, ezarritako epeen hasierako data aipatzearekin batera.
Tokian tokiko sistemetarako gordetako lurzorua zerbitzuan jartzea.
5.– Administrazio publikoek birgaitze-plan berezia egikaritzea finantzatzeko hartutako konpromisoak berariaz beren gain hartu dituztenean bakarrik izango dira lotesleak, aurreko artikuluko seigarren paragrafoan zehaztatutakoa kaltetu gabe.
13. artikulua.– Birgaitze-plan berezien agiriak.
1.– Birgaitze-plan bereziak honako agiriak izango ditu:
a) Hirigintzako informazioa bilduko duen gizarte- eta hirigintza-alderdien azterketa.
b) Deskribatzeko eta justifikatzeko memoria.
c) Hirigintzako araudia, gutxienez honakoak dituela: Antolaketaren planoak.
Eraikuntza-unitate guztien trazadura, erabilera eta partzelazioa adieraziko dituzten ordenantzak.
Segurtasun, osasungarritasun eta apainketaren inguruko ordenantzak, gutxienez.
d) Ekonomia- eta finantza-alderdien azterketa.
e) Jarduketa-programa.
f) Babestu behar diren ondasunen katalogoa.
2.– Aurreko paragrafoan aipatutako agirien edukia Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren aginduz garatuko da.
14. artikulua.– Birgaitze integratuko area deklaratzea.
1.– Multzo bat birgaitze integratuko area deklaratzeko baldintzak honakoak izango dira:
a) Dagokion birgaitze-plan bereziaren onarpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta dagokien lurralde historikoetako aldizkarietan argitaratzea.
b) Birgaitze-plan bereziak eragindako toki-korporazioek horretarako sortutako birgaitzeko hirigintza-sozietate bat osatzea.
2.– Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuak berariaz horrela onartzen duenean, ez da beharrezko baldintza izango birgaitzeko hirigintza-sozietate bat osatzea, multzoren bat birgaitze integratuko area deklaratzeko.
3.– Aurrez aipatu diren baldintzak bete eta gero, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuak multzo hori birgaitze integratuko area deklaratu ahal izango du.
15. artikulua.– Birgaitzeko hirigintza-sozietateak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioak birgaitzeko hirigintza-sozietateak osatu ahal izango ditu, birgaitze-plan berezien zehaztasunak gauzatzeko.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, lurralde historikoetako foru-administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakundezko administrazioak, tokikoarekin batera, birgaitzeko hirigintza-sozietateak osatu ahal izango dituzte, birgaitze-plan berezien zehaztasunak hobeto gauzatzeko.
2.– Administrazio Publikoek, beren ahalmenen esparruan eta birgaitzeko hirigintza-sozietateetako bazkideen esparruan, aurretik lehiaketarik egiteko premiarik gabe, birgaitze-plan berezia gauzatzeko kudeaketa osoaren edo zati baten emakida administratiboa eman ahal izango diete sozietate horiei.
3.– Emakida administratiboaren ondorioz, sozietate horiek desjabetzapenaren onuradun izango dira eta eragiketa materialak gauzatzeko Administrazioak dituen ahalmenak ordezkotzan hartuko dituzte.
4.– Birgaitzeko hirigintza-sozietateen xede sozialak hauetako helbururen bat edo gehiago izango ditu:
Gizarte- eta hirigintza-mailako azterketak eta horien jarraipena egitea.
Hirigintzako planak eta proiektuak formulatzea, zorren eta irabazien banaketena barne, baita indarrean dagoen hirigintzako legeriaren arabera berari dagokiokeen izapide eta onarpenerako ekimena ere.
Eraikuntza-mota guztietako birgaitzeko proiektuak idaztea.
Birgaitzeko jarduketak osatzen dituzten obrak egitea, baita birgaitze-plan bereziak burutzeko den beste edozein obra ere.
Lurzoruaren programazioaren eta prestaketaren sustapena, birgaitze-plan berezien zehaztasunak gauzatu ahal izateko.
Desjabetzapen-espedienteak idazten eta horien kudeaketa egiten laguntzea, onuradun ez denean.
Birgaitze-plan bereziak egitetik sor daitezkeen mota guztietako ondasun, obra eta zerbitzuen kudeaketa, ustiapena eta zaintza, baita birgaitze integratuko areetan barne hartzen direnena ere.
h) Sozietateak edo administrazioak beren ahalmenak garatzeko behar duten beste edozein agiri tekniko edo juridiko egitea.
i) Aurretik aipatu diren helburuekin zuzenean edo zeharka zerikusia duen beste edozein helburu.
5.– Birgaitzeko hirigintza-sozietateek birgaitze integratuko area batean baino gehiagotan bete ahal izango dute beren xede soziala. Area horiek, gainera, udalerri batekoak nahiz zenbaitetakoak izan daitezke.
16. artikulua.– Birgaitzeko hirigintza-sozietateen eginkizunak.
Aurreko artikuluan aipatutakotik erator daitezkeenez gain, beren helburuak hobeto betetzeko, besteak beste honako eginkizunak izan ditzakete birgaitzeko hirigintza-sozietateei:
I.– Birgaitzeko jarduketa publikoei dagokienez:
Lehen mailako ekipamendu komunitarioa handitzeko eta hobetzeko eta urbanizazioko esku-hartzeak gauzatzeko inbertsiorako berariazko planak egitea.
Lankidetza-hitzarmenak sinatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzarekin, foru-aldundiekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste edozein entitate publikorekin.
Erakunde publikoen baliabideak eta esku-hartzeak koordinatzea eta bideratzea.
II.– Birgaitzeko jarduketa pribatuei dagokienez:
Diru gutxi duten etxebizitzen erabiltzaileekin hitzarmenak egitea, sozietateari emanez etxebizitza horiek birgaitzeko ahalmena. Nolanahi ere, aipatutako hitzarmen horretan itundutako baldintza ekonomikoak Dekretu honetan aipatutakoak baino onuragarriagoak izango dira birgaitu beharreko etxebizitzaren erabiltzailearentzat.
Birgaitzeko jarduketetarako ekimen pribatuari eman beharreko laguntzen planak egitea.
Birgaitzeko laguntzen eskaerak jaso eta egiaztatzea eta gero dagokion erakundeari bidaltzea.
Jarduketa pribatuen kontrola, sustapena, kudeaketa, aholkularitza, informazioa eta koordinazioa.
Birgaitzeko obrak egiten diren bitartean obren eraginpean dauden pertsonentzako behin-behineko ostatua prestatzeko planak egitea.
17. artikulua.– Birgaitzeko hirigintza-sozietateen baliabideak.
Birgaitzeko hirigintza-sozietateen aurrekontu-fondoak honako hauek dira:
Sozietatea osatzen duten administrazioen aurrekontuen kargura egindako ekarpena.
Euskal Autonomia Erkidegoaren, foru-aldundien eta beste entitate publiko batzuen laguntzak eta dirulaguntzak.
Sozietatearen jarduerak, hala badagokio, sor ditzakeen baliabideak.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehena.– Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuak, laguntza bereziak izango dituzten birgaitzeko berariazko programak ezarri ahal izango ditu agindu bidez, birgaitzeko esku-hartze jakin batzuen ezaugarri bereziek edo gorabehera berezi eta ustekabekoen ondorioz sortutako egoerek hala eskatzen dutenean.
Bigarrena.– Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuak, horretarako ematen den Aginduaren bidez eta Lurraldearen Antolamendurako Zuzendaritzaren irizpena jaso ondoren, birgaitze integratuko areetarako definitutako laguntzak eman ahal izango ditu, Dekretu honetako 6. artikuluan definitutako area degradatuetarako, nahiz eta horiek kudeatzeko eta gauzatzeko beharrezkoa ez izan birgaitzeko plan berezia idaztea.
Ondorio horietarako, honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio udal-eskariari:
– Eremuaren mugaketa.
– Deskribatzeko eta justifikatzeko memoria.
– Gizarte- eta hirigintza-azterketa.
– Ekonomia- eta finantza- azterketa eta jarduketa-programa.
Hirugarrena.–
1.– Uztailaren 3ko 7/1990 Legean, Euskal Kultur Ondareari buruzkoan, ezartzen denaren arabera, monumentu-multzo gisa kalifikatzen edo inbentariatzen diren areetan, Dekretu honetan ezarritako birgaitze integraturako finantza-neurriak eman ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
Areak barne hartzen dituen kultur ondasun higiezin kalifikatuak edo inbentariatuak babesteko neurriak ezartzeko plan berezian jasotako zehaztasunek Dekretu honek birgaitzeko plan berezietarako jaso dituenak barne hartzea.
Aipatutako area birgaitze integratuko area deklaratzea Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak.
2.– Xedapen honetako 1. zenbakian ezartzen denaren ondorioetarako, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari arauzko txostena eskatu beharko zaio, plan berezia landu ahal izateko. Edozein kasutan, aipatutako sailak Dekretu honetako 12.4 artikuluan ezartzen denaren arabera egin beharko du bere konpromiso ekonomikoa.
INDARGABETZEKO XEDAPENA
Indarrik gabe geldituko dira uztailaren 30eko 214/1996 Dekretua, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoa, Eusko Jaurlaritzarena, eta horretan xedatutakoari aurkajartzen zaizkion gainerakoak, berorren babesean sortutako egoeretan aplikatzen jarraitzea eragotzi gabe.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.– Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuak behar adina xedapen eman ahal izango ditu Dekretua hau garatzeko eta aplikatzeko.
Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 26an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza
eta Ingurugiro sailburua,
FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.
I. ERANSKINA
Birgaitzeko esku-hartzeak
I.– Sarrera
II.– Urbanizazioko esku-hartzeak
Urbanizazioko elementuak eta hiri-altzariak zaintzeko, zaharberritzeko, berriztatzeko edo handitzeko obrak.
III.– Eraikuntzako esku-hartzeak.
1.– Oin berriko eraikuntzako esku-hartzeak
2.– Errausteko esku-hartzeak.
3.– Handitzerik gabeko eraikuntzako esku-hartzeak:
a) Eraikiari estuki lotuta egingo dena:
– Zaharberritze zientifikoa
– Zaharberritze kontserbatzailea
– Zaintzea eta apaintzea
– Sendotzea
b) Eraikia sakonean aldatuko duena:
– Berreraikitzea
– Berriztatzea
4.– Handitzea ekarriko duten eraikuntzako esku-hartzeak.
5.– Bitariko esku-hartzeak:
a) Ordezkatzea
b) Berreraikitzea
I.– Sarrera
1.– Birgaitzeko esku-hartzetzat joko da jadanik dagoen eraikuntza edo urbanizazio batean egin beharreko obra multzo sistematikoa, lehendik zegoena erabat edo neurri batean aldatzea helburu izango duena, bere arkitekturaren inguruko balioei gehiago egokituko zaiona eta bizitzeko eta erabiltzeko baldintza hobeak izango dituena. Eraikuntzen inguruko birgaitzeko esku-hartzeak eraikuntza-unitatea osatzen duten eraiki gabeko lurren urbanizazioa eta akabera egokitzeko obretara hedatu ahal izango dira, hala nola, patio, baratze, lorategi, klaustro eta atarietara.
2.– Aurreko idatz-zatian aipatutakoa horrela izan arren, birgaitzeko esku-hartzetzat hartu ahal izango dira jadanik zeuden urbanizazio edo eraikuntzak erraustu ondoren berritik eraikitzeko edo oin berriko eraikuntzak egiteko obrak, berariaz gisa horretan definitzen badira birgaitze-plan berezietan, birgaitze integratuko areetan hiri-ehuna zaharberritzeko eta hobetzeko ondorio nabariak izaten dituztelako.
3.– Birgaitzeko esku-hartzetzat hartu ahal izango dira halaber jadanik dauden eraikuntza edo urbanizazio osoak edo horien zati bat errausteko obrak, lan horiek plazak, parke publikoak eta berdeguneak lortu eta ibilgailuentzako edo oinezkoentzako bideak egin edo handitzeko, edo komunitate osorako lehen mailako ekipamenduak hartuko dituzten lurrak lortzeko badira. Gisa horretako ekipamendutzat joko dira aisialdia, elkartzea, sorospena, osasuna, merkataritza, kirola, administrazioa edo/eta antzeko helbururen bat dutenak, betiere birgaitze-plan bereziko zehaztasunetan helburu horietara bideratu direnean.
4.– Birgaitzeko esku-hartzeak eraikuntzako edo urbanizazioko esku-hartzeak izan daitezke, beren helburua hurrenez hurren eraikuntzak edo urbanizazioak diren neurrian.
5.– Eraikuntza-unitate bateko birgaitzeko jarduketa birgaitzeko esku-hartze batek edo beren artean bateragarri diren hainbatek osatu ahal izango dute.
II.– Urbanizazioko esku-hartzeak
1.– Ondare urbanizatua birgaitzeko urbanizazioko esku-hartzeak jadanik dauden urbanizazioko elementuak eta hiri-altzariak zaintzeko, zaharberritzeko, berriztatzeko edo handitzeko obrak egitean dautza, baita birgaitze-plan berezietan berariaz horrela zehaztuta agertzen diren berritik eraikitzeko obrak egitean ere.
2.– Ondorio horietarako honako hauek joko dira urbanizazioko elementutzat:
a) Hiri-zerbitzuak osatzen dituzten azpiegiturako mota guztietako sareak, hala nola, ura eta gasa banatzekoak, estolderia, saneamendua, argiteria publikoa eta energia elektrikoaren banaketa, beren osagarri guztiekin eta eraikuntzekin dituzten banan banako loturekin batera.
b) Kale, plaza, zumardi, parke eta jabari eta erabilera publikoko beste edozein espazioren zoladura.
c) Kale, zumardi, plaza, parke publiko eta berdeguneetako lorategiak osatzen dituzten elementuak, zuhaitzak eta babes-elementuak barne.
3.– Hiri-altzaritzat joko dira kaleetan urbanizazioko edo eraikuntzako elementuei gainean edo lotuta jartzen zaizkien gauza guztiak, horiek aldatu edo mugitu arren elementuetan funtsezko aldaketarik ez eragiteko moduko ezaugarriak izango dituztenak.
4.– Urbanizazioko elementuen eta hiri-altzarien multzoak osatzen du ondare urbanizatua.
III.– Birgaitzeko eraikuntzako esku-hartzeak
1.– Ondare eraikia birgaitzeko eraikuntzako esku-hartzeak lau talde handitan sailkatzen dira:
a) Oin berriko eraikuntzak sortzeko esku-hartzeak.
b) Jadanik dauden eraikuntzak errausteko esku-hartzeak.
c) Jadanik dauden eraikuntzen inguruko esku-hartzeak, eraikitako azalera, altuera edo solairuen kopurua handitzea ondorio ez duten aldaketak dakartzatenak.
d) Jadanik dauden eraikuntzen inguruko esku-hartzeak, beren azalera eraikia handitzea ekarriko duten aldaketak sortuko dituztenak.
Sailkapen hori ez da ulertuko ordezkatzea eta berreraikitzea bezalako bitariko esku-hartzeen kaltetan.
2.– Dekretu honetako ondorioetarako, eraikuntza gisa ulertuko dira jarraian aipatzen diren definizioen araberako eraikinak eta instalazioak. Eraikinen eta instalazioen multzoak osatuko du ondare eraikia deitzen duguna.
3.– Eraikintzat joko da, bizitzeko moduko espazioa osatzea ezaugarri duen edozein obra, egoitza izateko helburuekin erabil daitekeena edo ondasunak sortzeko edo zerbitzuak eskaintzeko jarduerak gauzatzeko erabil daitekeena.
4.– Instalaziotzat joko da ideia bateratu baten inguruan biltzen diren elementu guztien multzoa, bertan bizi ahal izatea ahalbidetzen ez duena eta ondasunen eta zerbitzuen produkzio-jarduerak egitea helburu duena. Eraikinei lotutakoak edo horiekin zerikusirik ez dutenak izan daitezke.
III.1.– Oin berriko eraikuntzako esku-hartzeak.
Oin berriko eraikuntzak sortzeko esku-hartzetzat joko dira, aurretik egon ez diren eta berreraikitzeen kategorian barne hartu ezin diren obrak, nahiz eta eraikin berria egiten den tokian aurretik gaur egun eritsita dagoen beste eraikin bat egon.
III.2.– Errausteko esku-hartzeak.
1.– Jadanik dagoen eraikuntza oso bat edo horren zati bat desagertzera bideratutako eraikuntzako esku-hartzea da erraustea.
2.– Eraikuntza osorik errausteko esku-hartzea berreraikitzeko edo oin berriko eraikuntza sortzeko esku-hartze bati lotuta egon daiteke.
3.– Eraikuntzaren zati bat errausteko esku-hartzea, berriztatzeko eta, hala badagokio, handitzeko esku-hartze bati lotuta egon daiteke, eraikuntzako beste esku-hartze batzuetan barne hartutako eranskin itsusgarriak errausteko obrak kaltetu gabe.
4.– Halaber, eraikuntza oso bat edo horren zati bat errausteko esku-hartzea plazak, parke publikoak eta berdeguneak lortzera, ibilgailuentzako edo oinezkoentzako bideak egin edo handitzera edo lehen mailako ekipamendu komunitarioak hartuko dituzten lurrak lortzera bideratu ahal izango da, birgaitze-plan bereziko zehaztasunei jarraiki.
5.– Errausteko esku-hartze bat oin berriko eraikuntza sortzeko esku-hartze bati lotutakoa denean, bien multzoari ordezkatzeko esku-hartzea deituko diogu, berreraikitzeko esku-hartzetzat jotzeko baldintzak betetzen direnean izan ezik.
III.3.– Handitzerik gabeko eraikuntzako esku-hartzeak.
1.– Eranskin honetan bildutako eraikuntzako esku-hartzeen hirugarren multzoan bi azpimultzo nagusi bereizten dira, esku-hartzeak eraikitakoari zorrotz eustearen edo, aitzitik, aldaketa sakonagoa ahalbidetzearen arabera.
2.– Lehenengo azpimultzoko esku-hartzeak honako hauek dira:
a) Zaharberritze zientifikoa.
b) Zaharberritze kontserbatzailea.
c) Zaintzea eta apaintzea.
d) Sendotzea.
3.– Bigarren azpimultzoko esku-hartzeak honako hauek dira:
a) Berreraikitzea.
b) Berriztatzea.
4.– Multzo honetako eraikuntzako esku-hartzeak egiteko baimena duten eraikuntzetan, handitzeko esku-hartzea baimen dezakete birgaitze-plan bereziek, batez ere horietan funtsezko instalazio teknologikoak eta higienearen eta osasunaren ingurukoak jartzeko.
5.– Funtsezko instalazio teknologiko eta higienearen eta osasunaren inguruko instalaziotzat joko dira birgaitutako eraikuntza batek gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzeko beharrezko direnak. Baldintza horien artean aipa ditzakegu energia elektrikoaren instalazioak, uraren banaketa, telefonoa, berogailua, zerbitzu higienikoak eta artifizialki argitutako eta aireztatutako sukaldeak, oro har horma-instalazio izan behar dutenak, eraikuntzaren barrukoak nahiz eraikuntzaren barnera iristen diren kanpoko hartuneetakoak.
Zaharberritze zientifikoa
1.– Arkitekturaren ikuspegitik berariazko balioak dituela-eta hiri-ehunean berebiziko garrantzia duen eraikin edo instalazio batean eta, hala badagokio, eraiki gabeko lurretan egindako eraikuntzako esku-hartzea da zaharberritze zientifikoa, bere nolakotasunak zaintzera eta balioa ematera bideratutakoa, bere barnean aipatutako balio horiei dagokienez egoki izango den edo diren erabilerak ahalbidetuko dituena.
2.– Eraikuntzaren gai tipologikoak, formalak eta egiturazkoak errespetatuz egindako zaharberritze zientifikoak honako obrak har ditzake barne:
a) Arkitektura-itxura zaharberritzea eta aldatutako zatiak jatorrizko egoerara lehengoratzea honako hauek egitearen bidez:
Barruko edo kanpoko fatxadak zaharberritzea.
Barruko espazioak zaharberritzea.
Eraitsi edo erraustutako eraikinaren zati baten edo batzuen berreraikitze filologikoa.
Jatorrizko espazioen banaketa eta antolaketa zaintzea edo lehengoratzea.
Eraikuntza-unitatearen zati diren eraikitako lurren (patio, klaustro, plaza, baratze, lorategi eta abarren) jatorrizko egoera zaintzea edo lehengoratzea.
b) Berreskuratu ezin diren zatiak ordezkatzearen bidezko sendotzea, ondoren adierazitako egituraren inguruko elementuen kokapena edo kotak aldatu gabe:
Kanpoko eta barruko sostengu-hormak.
Forjatuak eta gangak.
Eskailerak.
Estalkia, estaltzeko jatorrizko materiala lehengoratzea.
c) Eranskin itsusgarriak eta orain gutxiko interesik gabeko obra-motak edo eraikuntzaren, eraikuntza-unitatearen edo bere inguruaren jatorrizko arkitektura-ezaugarriekin bat ez datozenak kentzea.
d) Funtsezko instalazio teknologikoak eta higienearen eta osasunaren ingurukoak jartzea, aurretiaz adierazitakoa errespetatzen den heinean.
Zaharberritze kontserbatzailea
1.– Arkitekturaren ikuspegitik berariazko baliorik izan ez arren eraikitako ondarearen alderdi interesgarria den eraikin edo instalazio batean eta, hala badagokio, eraiki gabeko lurretan egindako eraikuntzako esku-hartzea da zaharberritze kontserbatzailea. Alderdi interesgarri izan ohi dira tipologiaren ikuspuntutik garrantzizko elementua delako, barruko banaketa, banaketa bertikaleko elementuen antolaketa, lur-zatiko kokapena eta antolaketa edo beste edozein ezaugarri morfologikori dagokienez.
2.– Zaharberritze kontserbatzailea eraikuntza zaintzera eta bere funtzionalitatea ziurtatzera bideratutakoa izan ohi da. Horretarako betiere eraikuntzaren elementu tipologikoak, formalak eta egiturazkoak errespetatuko dituzten obrak egingo dira eta horien barnean ez da baimenduko horiekin bat ez datorren erabilerarik. Esku-hartze horrek eraikuntza osatzen duten elementuak sendotzea, zaharberritzea eta berriztatzea, baimendutako erabilerak egiteko beharrezko elementu berriak gehitzea eta eranskin itsusgarriak kentzea hartuko ditu barne.
3.– Zaharberritze kontserbatzaileak honako kategorietan sailka ditzakegu:
1) A kategoriako zaharberritze kontserbatzailea.
2) B kategoriako zaharberritze kontserbatzailea.
3) C kategoriako zaharberritze kontserbatzailea.
4.– Honako eraikin hauei aplikatuko zaie A kategoriako zaharberritze kontserbatzailea: beren kontserbazio-egoera dela eta, eraikinaren alderdi tipologiko, formal eta egiturazkoei balioa ematea ahalbidetzen duten eta erabat berreskuratzeko aukera eskaintzen duten eraikuntzei. Honako obra hauek har ditzake barne:
a) Alderdi arkitektonikoari balioa ematea, hau da, jatorrizko balioak berreskuratzea, ondoren adierazitakoak eginez:
Kanpoko eta barruko fatxadak zaharberritzea. Azken horietako zati batzuk aldatzea ahalbidetuko da, betiere osaketaren batasuna hausten ez den eta balio estilistiko bereziko elementuak errespetatzen diren bitartean.
Barneko espazioak zaharberritzea, arkitektura edo kulturaren inguruko garrantzi nabarmena duten elementuak direnean.
b) Aurreko idatz-zatiko bigarren paragrafoko b), c) eta d) puntuetan zehazten direnak.
5.– Honako eraikin hauei aplikatuko zaie B kategoriako zaharberritze kontserbatzailea: kontserbazio-egoera txarra edo erdipurdikoa duten eta, balio berezia duten elementu arkitektonikorik izan ez arren, ondare eraikiaren zati interesgarritzat har daitezkeen eraikuntzei.
Honako obra hauek har ditzake barne:
a) Alderdi arkitektonikoari balioa ematea, honako hauek eginez:
Kanpoko eta barruko fatxadak zaharberritzea. Azken horietan baoak irekitzea ahalbidetuko da, betiere osaketaren batasuna hausten ez den bitartean.
Barneko espazioak zaharberritzea. Horietan bertako forjatuen kotak aldatzea ahalbidetuko da, betiere leihoen kotei eta erlaitzen lerroei bere horretan eusten zaien bitartean.
b) Egoera txarrean dauden egitura-elementuak sendotzea eta, beharrezkoa denean, ordezkatzea. Eraikuntzaren zati handi batean forjatuen kotak aldatzeko aukera izango da.
c) Aurreko idatz-zatiko bigarren paragrafoko c) eta d) puntuetan zehazten direnak.
6.– Honako eraikin hauei aplikatuko zaie C kategoriako zaharberritze kontserbatzailea: zaharberritze zientifikoan barne hartu ezin diren erdi erraustutako eraikuntzei, baina jatorrizko eraikuntzako tipoa berrezartzeko aukera eskaintzen dutenei, aurkitutako agiri fidagarriei esker badugulako jatorrizko eraikuntzako tipoaren antolamenduaren berri.
Ondorio horietarako, honako obra hauek egin ahal izango dira, arkitekturaren alderdiari balioa emateko helburuarekin:
Elementu bertikalak eta horizontalak —atariak, eskailera-blokeak, arkupeak, galeriak eta abar— jatorrizko egoerara lehengoratzea.
Eraikuntza-unitatearen forma, dimentsioak eta eraikuntzaren eta eraikuntza-unitatearen zati irekien —patio, klaustro eta abarren— arteko erlazioa jatorrizko egoerara lehengoratzea.
Eraikuntzako tipoa osatzen duten gainerako elementu guztiak lehengoratzea.
Zaintzea eta apaintzea
1.– Zaintzea eta apaintzea eraikuntzako esku-hartzeetako bat da, honakoak lortzea helburu duena: dauden eraikuntzetako akabera-elementuak konpontzea, berriztatzea edo ordezkatzea, eraikuntza horietako gutxieneko bizigarritasun-baldintzei (gutxieneko higiene-zerbitzuen, bainu, komun eta sukaldeko gasen aireztapenaren eta bizitzeko egoki diren gainerako gelen ingurukoei) eustea edo horiek eskaintzea, uraren hornidura, elektrizitate, berogailu eta saneamenduari dagokienez indarrean dagoen legeriaren araberako instalazio egokiak jartzea,
geletako argitasuna eta aireztapena hobetzea, beharrezko izanez gero fatxada-baoak konponduz edo berriak eginez, eta eraikinak narriatzea saihesteko gutxieneko baldintzak eta Dekretu honen II. eta III. eranskinetan zehazten diren gutxieneko bizigarritasun-baldintzak izateko obra txikiak.
2.– Zaintzeko eta apaintzeko esku-hartze batean barne hartutako obrek ez dute eraginik izango eraikuntzaren egonkortasunean, ez zimenduei, ez sostengu-egiturei, ez estalkiaren egiturari dagokienez. Alabaina, nolabaiteko eragina izan dezake azalera erabilgarriaren barne-banaketan, baina eraikinean funtsezko instalazio teknologikoak eta higienearen eta osasunaren ingurukoak jartzeko eta aurrez adierazitako gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzeko helburuarekin bakarrik.
3.– Honakoak izan daitezke zaintzeko eta apaintzeko esku-hartze batean barne hartutako obrak:
a) Fatxaden itxura aldatzen duten obra txikiak, baoei eragiten dietenak edo bao berriak irekitzea ondorio dutenak, horiek lehendik dagoen azalera erabilgarriaren banaketa eta fatxaden osaketa orokorra aldatzen ez dituztenean.
b) Estalkia konpontzeko obrak. Hala badagokio, petralak eta bestelako egitura-elementuak ere aldatu ahal izango dira, baina betiere horien formari eutsiz.
c) Eraikinaren edozein elementu inpermeabilizatzeko obrak.
d) Fatxada, balkoietako hegalkin, begiratoki, erlaitz eta sarbideetako ateetako egurra ordezkatzeko obrak. Horrelakoetan lehendik zeuden material eta diseinuen antzekoak erabili beharko dira, lehengoak hobetzeko horiek aldatzea aholkatzen denean izan ezik.
e) Narriatuta dagoen beste akabera-elementuren bat konpontzea helburu duten obrak, horiek egitura- edo sostengu-funtzioren bat dutenean izan ezik.
f) Eraikinaren banaketan eragiten edo hori aldatzen ez duten barneko obrak, besteak beste, luzitzea, pintatzea, zolatzeak egitea eta konpontzea, barneko arotzeria-lanak, iturgintza, berogailu eta fumisteriako konponketak, sukaldeak eta aparatu sanitarioak aldatzea eta funtsezko instalazio teknologikoak eta higienearen eta osasunaren ingurukoak jartzea.
g) Aurrekoen garrantzi bera edo antzekoa duen beste edozein obra.
4.– Zaintzeko eta apaintzeko esku-hartzean barne hartutako obrek eranskin itsusgarriak kentzea eragin dezakete eta egokiak ez diren kanpoko estalduraren tratamenduetan ere eragin dezakete, bai estaldura-materialari, bai, hala badagokio, pintura, kolore eta ehundurari dagokienez.
Sendotzea
1.– Sendotzea eraikuntzako esku-hartze bat da, honako helburuetara bideratutakoa: zaintzeko eta apaintzeko esku-hartzeen kasuan adierazitako helburuetara, batetik, eta eraikuntzaren egonkortasuna hobetzera, bestetik. Hori egitura-elementuak berriztatzearen eta ordezkatzearen bidez egingo da.
2.– Sendotzeko esku-hartze batean barne hartutako obrak honakoak izango dira, zaintzeko eta apaintzeko esku-hartzen kasuan adierazitakoez gain: egoera txarrean dauden egitura-elementuak ordezkatzea, nahiz eta berriak beste material batekoak izan, eta egonkortasuna eta segurtasuna areagotzea ondorio izango duten egituraren eta zimentazioaren osaketaren inguruko gainerako lanak.
3.– Egitura-elementuak ordezkatzeko obrek forjatuen kotak aldatu ahal izango dituzte pixka bat, erlaitzaren eta leihoen kotei bere horretan eutsiz.
4.– Egitura sendotzeko obrak egin ondoren, eraikinaren gainerako elementuak berregin beharko dira jatorrian zituzten formaren eta banaketaren inguruko ezaugarrien arabera, aipatutako obra horiek berriz egiteko erraustea eskatzen duten kasuetan.
Berreraikitzea
1.– Berreraikitzea eraikuntzako esku-hartze bat da, honakoa helburu duena: aurrez erraustu egingo den eta zaharberritze zientifikoa edo kontserbatzailea egitea eskatzen duen berariazko arkitektura-baliorik ez duen jatorrizko eraikuntza bat berriz eraikitzea.
2.– Berreraikitzeko esku-hartzeetan berreraikitako eraikuntzaren solido inguratzaile berria bat etorriko da, espazioari dagokionez, jatorrizkoarekin. Horrenbestez, lur eta espazio berean kokatu behar du, solairu guztietan azalera berdina izan behar du (bai sotoan, bai goikoetan), azalera eraikigarri berdina izan behar du eta solairuen kopuruak ere berdina izan behar du.
3.– Berreraikitzeko esku-hartzeetan ez da ezinbestekoa izango erabiliko diren materialek jatorrizko eraikuntzan erabilitakoen ezaugarri berdinak izatea, ezta barneko banaketa berdina eta fatxaden diseinua zehatza izatea ere. Alabaina, eutsi egin beharko zaie eraikuntzako tipoaren oinarrizko antolamenduari, fatxada-aurpegien osaketaren oinarrizko elementuei eta estalkiaren antolamendu eta formari.
Berriztatzea
Berriztatzea eraikuntzako esku-hartze bat da, sendotzeko esku-hartzearen kasuan adierazitakoez gain, honako helburuetakoren bat edo guztiak dituena:
a) Barruko espazioen banaketa eta antolamendua aldatzea, aldaketak instalazio teknologikoak eta higienearen eta osasunaren ingurukoak barne hartzean egindako egokitzapenak baino harantzago doazenean.
b) Ondorengo egitura-elementuen kokapena, kota, forma eta dimentsioak aldatzea:
Barruko eta kanpoko hormak.
Pilareak, forjatuak eta gangak.
Eskailerak.
Estalkia
c) Kanpoko eta barruko fatxadak aldatzea, balio estilistiko berezia duten elementuei eutsiz. Betiere osaketaren batasunari eutsi beharko zaio.
III. 4.– Handitzea ekarriko duten eraikuntzako esku-hartzea
1.– Handitzea eraikuntzako esku-hartze bat da lehendik dagoen eraikuntzaren azalera eraikia handitzea helburu duena. Hori solairu berriak jasoz, eraikitako perimetroa handituz, forjatu berriak eraikiz edo beste nolabait egin daiteke.
2.– Handitzeko esku-hartzea berriztatzeko esku-hartzearekin batera egin ahal izango da eta, hala dagokionean, eraikuntzaren zati bat erraustearekin batera.
II. ERANSKINA
Eraikuntza-unitate bat hirigintzari dagokionez egokia izan dadin egin behar diren obrak
Eraikuntza-unitate bat edo eraikuntza bat hirigintzari dagokionez egokitzeko obrak izango dira honakoa helburu dutenak: plangintza egikaritzeko eragiketa materialak egitea ahalbidetzen duen banakera lortzea eta eraikuntza-unitate bat osorik edo horren zati bat edo eraikuntza bat kentzea, plangintzak bere helburuekin bat ez datorrela adierazten duenean. Horien artean honakoak aipa ditzakegu:
a) Estalkiak, forjatuak, hormak eta eraikuntzaren beste edozein egitura-elementu edo eraikuntza-unitateko lurren urbanizazioa erraustea.
b) Aurreko idatz-zatian aipatutako errausteen ondorioz egitura-elementuak sendotzea.
c) Aurreko a) idatz-zatiko obren ondorioz sortutako egoera berrian dagoen eraikuntza-unitatearen lurrak ixteko, estaltzeko eta, hala badagokio, urbanizatzeko elementu berriak jartzea.
a) idatz-zatian adierazitako errausteko obren ondorioz eraikuntza-unitatean egin beharreko gainerako obrak eraikinaren egitura eta eraikuntza egokitzeko obra bezala edo etxebizitzen bizigarritasun-baldintzak egokitzeko obra bezala katalogatuko dira.
III. ERANSKINA
Eraikin batek egitura eta eraikuntzari dagokienez egoki izateko bete behar dituen baldintza orokorrak.
Baldintza Orokorrak
1.– Egitura- eta eraikuntza-elementuen sendotasun eta segurtasunaren ingurukoak:
– Behar bezalako zimenduak izatea.
– Egitura-elementuetako materiala ez egotea zaharkituta eta horien erresistentzia ez dela gutxitu bermatzea.
– Sostengu-elementuetan aldarotzerik ez izatea.
– Habe eta forjatuek gezirik ez izatea.
– Eraikinaren hegalkin-zatiak osatzen dituzten elementuak askatzen direnerako segurtasun-bermea.
– Erortzeetarako segurtasun-elementuei eusteko eta horiek amarratzeko bermeak.
– Eraikinaren beste elementu batzuk —teilak, fatxadako plakadurak, tximiniak, isurkiak, ateburuak eta kristalak— askatzen direnerako segurtasun-bermeak.
2.– Sarbideen ingurukoak:
– Bide edo espazio publikotik sartzeko bide independentea.
– Etxebizitzetara sartzeko inolako trabarik ez izatea.
3.– Uraren eta hezetasunaren estankotasunaren ingurukoak:
– Itoginik ez izatea.
– Estalkia osatzen duten elementuen zuzentasuna.
– Estalkian elementu arrotzik ez izatea.
– Fatxadetan hezetasunik ez izatea.
– Zolata, horma eta bestelako elementuetan hezetasunik ez izatea.
4.– Instalazioen egoera onaren ingurukoak:
– Instalazioen estankotasuna eta funtzionalitatea.
– Hormetako eta tutuetako instalazio elektriko orokorra.
IV. ERANSKINA
Etxebizitzen gutxieneko bizigarritasun-baldintzak
Gutxieneko bizigarritasun-baldintzak.
1.– Etxebizitzak gutxienez bizitzeko egoki diren bi espazio berezi izatea. Horiek sukaldea, jangela, egongela, bi oheko logela eta komuna hartuko dituzte barne.
Ezingo dira espazio berean jarri sukaldeari eta logelari dagozkien areak.
2.– Gelak elkarren artean bereizi egin beharko dira. Horiek ezingo dute igarobide izan logelaren bat eta, halaber, logela batek ezingo du izan komunerako pasabide. Logela bakarra denean komuna horri erantsitakoa izan liteke.
3.– Bizitzeko egokiak diren espazioek (komun, sukalde eta despentsak izan ezik) zuzenean kalera jotzen duten kristalezko irekiuneak izango dituzte. Arkitekturari dagokionez hori lortzea ezinezkoa denean, espazio horietako bat argia duen beste baten bidez edo eskailera-begiaren bidez argitzea ahalbidetuko da, betiere horri nahikoa argi iristen zaionean zenitalki edo galeria edo antzeko beste espazioren baten bidez. Zuloen azalera ez da inoiz izango berorien bidez argitzen den guztizko azaleraren 100eko 10 baino txikiagoa, eskaileraren kaxaren bidez argitzen den kasuan izan ezik. Kasu horretan aipatutako balioen erdia izan daiteke.
4.– Espazio guztiek kanpoko zuzeneko aireztapena izatea (komun eta despentsetara bideratutakoek izan ezik) argitzeko azalera guztizko azaleraren 1/3 denean. 3. idatz-zatian adierazitakoak onartzen dira kasu honetan ere.
Zuzenean aireztatzen ez diren komunak ezingo dira beste logela baten bidez aireztatu. Horrelakoetan airea berritzea eta garbitzea ahalbidetuko duen aireztatze-sistema behartu bat jarri beharko da.
Sukaldeak beti izan beharko du erauzle behartu independentea, bertan sortzen diren uraren lurrina, gasak eta kea erauztea ahalbidetuko duena.
5.– Patioek bizitzeko egoki diren espazioak argitzea eta aireztatzea eta eraiki berriak edo berritutakoak izatea. Horiek gutxienez zazpi metro karratuko azalera izatea eta zuzeneko argia bi metrokoa izatea gutxienez.
Patioa lehendik dagoenean eta hori berritzen ez denean, dituen dimentsioei eutsi ahal izango zaie.
6.– Etxebizitzaren azalera erabilgarria ez izatea 30 metro karratu baino txikiagokoa.
Espazioek gutxieneko azalera hauek izango dituzte:
Sukaldea 5 m.2
Sukaldea-jangela 8 m.2
Egongela 10 m.2
Logela nagusia 10 m.2
Bi oheko logela 8 m.2
Ohe bateko logela 6 m.2
Komuna 1,5 m.2
Etxebizitza guztiek izan beharko dituzte gutxienez logela nagusi bat, egongela, sukaldea eta komuna.
Sukalde, egongela eta jangelarekin bat egitea erabakitzen denean guztizko azalera 18 m.2 erabilgarrikoa izango da gutxienez.
7.– Egitura-segurtasun ona duen eraikineko etxebizitza guztietan dauden altuerei eutsi ahal izango zaie, 2,20 metrokoak edo gehiagokoak direnean.
Ganbarak diren tokietan, ez dira joko metro karratu erabilgarritzat 1,50 metro baino gutxiagoko altuera librea dutenak. Gainera, horien bolumena azalera bereko eta 2,20 metroko altuerako logela bati dagokiona baino handiagoa izango da.
8.– Beheko solairuan etxebizitzaren bat dagoenean, isolamendu termikoa eta inpermeabilizazioa bermatu beharko dira, material hidrofugo eta isolatzaile egokien bidez.
9.– Ur beltzak estolderia-sare orokorrera isurtzea, tutu iragazgaitzen eta aireztatuen bidez. Horrelako sarerik ez dagoenean, ur korronteetara isuri baino lehen edo lurrari eman baino lehen likidoa araztea ahalbidetuko duten hobi septiko egokiak erabiliko dira.
10.– Komunak komuna bera, konketa eta dutxa izatea gutxienez.
11.– Etxebizitzako instalazio elektrikoak Behe Tentsioko Erregelamendua betetzea.
RSS