Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2000eko abenduaren 30a, larunbata


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
5914

307/2000 DEKRETUA, 2000ko abenduaren 26koa, etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan kreditu-erakundeek eman ditzaketen mailegu kualifikatuen interes-tasak ezartzeko dena.

Eusko Jaurlaritzak, etxebizitza eta lurzoruaren arloan babesgarri izan daitezkeen ekintzei dagokienez, kreditu-erakundeek eman ditzaketen mailegu kualifikatuen interes-tasak arautu zituen urriaren 5eko 339/1999 Dekretuaren bitartez.

Kreditu-erakundeekin 1999ko ekitaldirako izenpetutako finantzaketarako lankidetza-hitzarmena luzatuta dago egun, hitzarmenkideek hartutako akordioaren indarrez.

Etxebizitza eta lurzoruaren arloan babesgarri izan daitezkeen ekintzei dagokienez dekretu honen indarraldian zehar eman daitezkeen maileguen interes-tasak arautuko dituen xedapen berri honen bidez, aurreko dekretuan ezarritako irizpideei jarraitzen zaie.

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2000ko abenduaren 26an izandako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– 1.– Artikulu honetako 5. puntuan adierazitako jarduera babesgarrientzat 2000. urterako izenpetuko den finantzaketarako lankidetza-hitzarmenaren esparruan kreditu-erakundeek ematen dituzten mailegu kualifikatuentzako urteko hasierako interes-tasa, aipatutako finantzaketarako lankidetza-hitzarmenean araututakoaren arabera finkatuko da lehenengo urtean zehar.

2.– 2000. urterako Kreditu Erakundeekin izenpetutako finantza Lankidetza-hitzarmena luzatuz gero, mailegu kualifikatuen benetako interes-tasa ere Hitzarmen horretan zehaztutako baldintzen arabera erabakiko da, hots, jarraian adierazi bezala:

– 01/01/01 eta 01/03/31ra bitartean onartzen diren maileguak: 2000ko azaroari dagokion "Erakundeak guztira" erreferentzia indizea %80 bider egitetik lortutako benetako interes-tasa aplikatuko zaie.

– 01/04/01 eta 01/06/30era bitartean onartzen diren maileguak: 2001eko otsailari dagokion "Erakundeak guztira" erreferentzia indizea %80 bider egitetik lortutako benetako interes-tasa aplikatuko zaie.

– 01/05/01 eta 01/09/30era bitartean onartzen diren maileguak: 2001eko maiatzari dagokion "Erakundeak guztira" erreferentzia indizea %80 bider egitetik lortutako benetako interes-tasa aplikatuko zaie.

– 01/10/01 eta 01/12/31ra bitartean onartzen diren maileguak: 2001eko abuztuari dagokion "Erakundeak guztira" erreferentzia indizea %80 bider egitetik lortutako benetako interes-tasa aplikatuko zaie.

3.– Maileguaren lehenengo urtetik aurrera interes-tasa aldakorra izango da, finantzaketarako Lankidetza-hitzarmenean araututakoaren arabera. Maileguen kuotak seihilero sorraraziko dira.

4.– "Erakundeak guztira" erreferentzia indizeari egindako aipamen guztiak Espainiako Bankuaren Estatistika Buletinean argitaratzen den Altxor eta Finantza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren 1991ko otsailaren 4ko Ebazpenean definitutako indizeari buruzkoak dira.

5.– Artikulu honetan xedatutakoak eragiten dituen etxebizitza eta lurzoru arloko jarduera babesgarriak honako hauek izango dira, berariazko arautegietan xedatutakoa betez:

Babes ofizialeko etxebizitza bezala kalifikatuta dauden eraikuntza berriko etxebizitzak errentan emateko, saltzeko edo norbera bizitzeko sustapenak.

Babes ofizialeko etxebizitzak eta erabilitako etxebizitza askeak eskuratzea.

Etxebizitza babespean alokatzea eta babespeko alogeran emateko etxebizitzak erostea.

Urbanizatutako eta eraikitako ondarea eraberritzea.

Berehala eraikitzeko lurzorua urbanizatzea eta baita aldez aurretik lurzorua garesti erostea ere, edozein Herri Administrazioren menpe lurzoruaren ondare publikoak osatzeko, betiere babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko lehentasunarekin.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabetuta gelditzen dira etxebizitza eta lurzoruaren arloan kreditu-erakundeek emandako mailegu kualifikatuen interes-tasa ezartzen duen 339/1999 Dekretua, urriaren 5ekoa, eta dekretu honen aurka doakeen maila berdineko edo txikiagoko beste xedapen oro.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuak, berarengan dituen eskuduntzen esparruaren barruan, dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzake.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik izango du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 26an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza

eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.


Azterketa dokumentala