Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2000eko abenduaren 30a, larunbata


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Kultura Saila
5912

287/2000 DEKRETUA, 2000ko abenduaren 26koa, euskal kirol-federazioen kirol-programetarako dirulaguntzak ematea arautzen duena.

Euskadiko Kirolaren 14/1998 Legeak, ekainaren 11koak, onura publikoko gizarte-jarduera izendatzen du kirola eta guztiek kirola egiteko eskubidea dutela onartzen du. Hori dela eta, Legeak bere oinarri nagusietan adierazten duenaren arabera, botere publikoek, beren aginpideen esparruan, eskubide hori behar bezala gauzatuko dela bermatuko dute. Botere publikoek kirola egiteko eskubidea gauzatzeko besteak beste ondoko printzipioetan oinarrituko den kirol-politika garatuko dute: kirol-asoziazionismoa antolatzean eta sustatzean, kirolaren egitura pribatuak aintzatestean eta babestean eta goi-mailako kirola sustatzean.

Aipatutako Legearen 4.2. artikuluak kirol-federazioak onartzeko, laguntzeko, finantzatzeko, esku-hartzeko eta kontrolatzeko aginpidea, besteak beste, esleitzen die Euskal Autonomia Erkidegoko Guztiontzako Erakundeei, bere funtzio publikoak betetzen direla bermatzearren.

Eusko Jaurlaritzak euskal kirol-federazioen kirol-programak finantzatuta gauzatzen du sustatzeko betebehar hau.

Horren arabera, Kultura sailburuaren proposamenari jarraiki eta Gobernu Kontseiluak 2000ko abenduaren 26ko bilkuran eztabaidatu eta onartu ostean,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Dekretu honek euskal kirol-federazioak finantzatzeko erregimena arautzea du helburu eta horretarako itzuli behar ez diren dirulaguntzak emango ditu federazio hauen urteko kirol-programak gauzatzeko.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1– Dekretu honetan ezartzen denari jarraituta ondoko euskal kirol-federazioek jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak: beren estatutuak Kirol-federazioen sorrera eta funtzionamendua arautzen duen urriaren 9ko 265/1990 Dekretura egokitu duten eta beren gobernu-organoak estatutuen arabera eta indarrean dagoen legeriaren arabera behar bezala finkatuta dituzten euskal kirol-federazioek.

2– Dirulaguntzak eta bestelako laguntzak beren onuradunei eman eta, hala badagokie, ordaindu aurretik, amaituta egon beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik ere bideratzen ari diren itzultze-prozedura edota zigor-prozedura guztiek.

3. artikulua– Eskabideak.

Dekretu honetan arautzen diren laguntzak jasotzeko deialdiak Kultura sailburuak urtero egingo duen aginduaren bidez jakinaraziko dira. Deialdi honetan ondoko alderdiak zehaztuko dira:

a) Deitutako laguntzak finantzatzera zuzenduko den aurrekontu-zuzkidura osoa.

b) Eskabideak aurkezteko lekua eta epeak.

c) Laguntzak eskatzen dituztenek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

d) Laguntzak kuantifikatzeko irizpideen haztapena.

e) Emandako laguntzak justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa eta epea.

4. artikulua– Laguntzaren kalkulua.

1– Laguntza ondoko irizpideei jarraituta kalkulatuko da:

a) Aurreko urtean bere kirol-programak finantzatzeko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

b) Kirol-proiektua.

c) Federatu-lizentzia duten kirolarien kopurua.

d) Goi-mailako kirolarien kopurua.

e) Euskararen erabilera.

f) Autofinantzaketa-maila.

2– Kirol-federazioen sorrera eta funtzionamendua arautzen duen urriaren 9ko 265/1990 Dekretuaren 104.1. artikuluan xedatzen denaren indarrez kirol-federazioei egin zaizkien kontu-ikuskaritzen emaitzen mende egongo da dirulaguntza ematea.

3– Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inola ere 40.000.000 PTA (240.404,84 Euro) baino handiagoa izango onuradun bakoitzeko, ez eta onuradunak eskatu duen dirulaguntzaren zenbatekoa baino handiagoa ere.

5. artikulua.– Laguntzak ordaintzeko prozedura.

Dekretu honetan ezartzen den erregimenaren babesean onartzen diren laguntzen ordainketak honela igorriko dira:

1.– Laguntza eskatzen den urtearen aurreko urtean laguntza jaso duten federazioei aurreko urteko laguntzaren zenbatekoaren %50 aldez aurretik igorriko zaie.

2– Aurreko urtean laguntzarik jaso ez duten federazioei, bestalde, aurreko urtean dirulaguntzarik txikiena jaso zuen federazioari emandako laguntzaren zenbatekoaren %50 aldez aurretik emango zaie.

3– Bi euskal kirol-federaziok edo gehiagok bat egin badute, federazio berriari bat egin duten bi federazioek aurreko urtean jaso zituzten laguntzen baturaren %50eko zenbatekoa igorriko zaio.

4– Federazioren batean bereizketarik edo banantzerik gertatu bada, bereizi edo banandutako federazioei aurreko urtean dirulaguntzarik txikiena jaso zuen federazioari emandako laguntzaren zenbatekoaren %50 aldez aurretik emango zaie.

5– Aurreko urtean emandako dirulaguntzaren justifikazioa aurkeztu eta onartu ondoren, bigarren igorpena egingo da eta orduan urte horretako dirulaguntzaren zenbatekoaren %25 igorriko da.

6– Dirulaguntzaren gainerakoa, hau da, berau eskatzen den urterako onartu den laguntzaren guztizkora arteko zenbatekoa aldez aurretik egindako igorpenetan emandako zenbatekoak justifikatu ondoren igorriko da.

6. artikulua– Laguntzen bateragarritasuna

1– Dekretu honetan arautzen diren laguntzak eta onuradun berari beste edozein erakunde publikok zein pribatuk helburu berarekin eman diezaiokeen beste edozein laguntza bateragarriak izango dira, baina ezin izango da inola ere gainfinantzaketarik izan. Hala gertatuz gero, eman beharreko laguntza aurkeztutako aurrekontua orekatu arte murriztuko da.

2– Kirol-federazioek jaso, eskatu edo jasotzea espero duten gainerako laguntzen edo dirulaguntzen zerrenda jakinarazi beharko diote Kirol Zuzendaritzari eta laguntza edo dirulaguntza horiek ematen dituzten erakundeen izenak adierazi beharko dituzte. Beste laguntzarik jaso, eskatu edo jasotzea espero ez badute, deialdi horretan aurkeztutako programetarako beste laguntzarik eskatu edo jaso ez dutela aditzera emango duen dokumentua gaineratu beharko dute.

7. artikulua.– Erabakia.

1– Batzorde Kalifikatzaile batek aurkeztu den eskabidea eta dokumentazio aztertuko du eta erabaki-proposamena egin ondoren, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari igorriko dio. Batzorde Kalifikatzailea ondoko batzordekideek osatuko dute: Kirol zuzendariak, batzordeburu gisa, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak izendatzen dituen arlo horretako bi teknikarik, hauetako batek idazkari gisa jardungo du.

2– Egindako proposamena aztertu ondoren, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak erabakia hartuko du eta erabaki horretan dirulaguntzaren zenbatekoa finkatuko du. Finkatzen duen zenbateko honetan 5. artikulua aplikatuta aldez aurretik emango diren zenbatekoak barne hartuko dira.

3– Dirulaguntza ematearen erabakia jakinarazteko gehienezko epea hiru hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik zenbatzen hasita. Gehienezko epea igaro eta erabakia jakinarazi ez bada, dirulaguntza ukatu egiten dela ulertu ahal izango da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako, betiere lege horrek Administrazioari espresuki erabakitzeko ezartzen dion betebeharraren kalterik gabe. Dena den, Dekretu honen babesean aurkeztutako eskabideak ebazteko gehienezko epea ez da inoiz sei hilabetetik gorakoa izango.

8. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak

Dekretu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek ondoko betebeharrak bete beharko dituzte beti:

a) Emandako dirulaguntza onartu egin beharko dute. Ildo honetan, dirulaguntza emango zaiola jakinarazteko bidaltzen den komunikazioa jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek dirulaguntzari idatziz eta espresuki uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza aurkeztutako aurrekontuan aintzat hartzen diren gastuak ordaintzera zuzendu beharko da, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak dirulaguntza emateko hartutako erabakiari jarraituta.

c) Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren funtzioak betetzerakoan, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei dagokienez eskatzen duten informazioa eman beharko zaie.

9. artikulua.– Aldagarritasuna

1– Bere aurrekonturako dirulaguntza jaso duen federazioak programen, kapituluen, artikuluen, kontzeptuen eta kontusailen arteko kontsignatze-transferentziak egin ahal izango ditu, betiere aurretik Kultura Saileko Kirol Zuzendaritzaren baimena izanez gero.

2– Urteko ekitaldian sarrerak gehitu egin badira, federazioak berak nahi duen programan, kapituluan, artikuluan, kontzeptuan edota kontusailean aplikatu ahal izango ditu sarrera hauek eta nahi izanez gero berriak egin ahal izango ditu. Dena den, Kirol Zuzendaritzari jakinaren gainean jarri beharko zaio.

10. artikulua.– Programa kudeatzeko organo aginpideduna.

1– Kirol Zuzendaritza da Dekretu honek arautzen duen dirulaguntzen programa kudeatzeko organo aginpideduna.

2– Dirulaguntzak jasotzen dituzten federazioek programaren burutzapenari buruz eskatzen duen informazio guztia eman beharko diote Kirol Zuzendaritzari.

11. artikulua.– Arau-hausteak.

1– Ondokoak izango dira arau-hausteak:

a) Jasotako dirulaguntza Dekretu honetan aurreikusten ez diren beste jarduera batzuetarako aplikatzea.

b) Jasotako dirulaguntza ez justifikatzea.

c) Aurkeztutako eskabidean edo dokumentazioan jasotzen diren datuak egiazkoak ez izatea.

d) Kirol Zuzendaritzari federazioak bere kirol-programak finantzatzeko jaso dituen beste laguntza edo dirulaguntza batzuen berri ez ematea.

e) Aplika daitekeen beste edozein xedapen orokorretan ezartzen dena urratzen duen beste edozein suposizio.

2– Dirulaguntza ematea eragin zuten baldintzak betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak gehi bidezkoak suertatzen diren legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari, azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezartzen denari jarraituta.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu honen helburua gauzatzera zuzentzen diren ekonomi baliabideek Euskal Autonomia Erkidegoko urteroko Aurrekontu Orokorretan ondorio horietarako ezarritako bidezko aurrekontu-kredituetan izango dute jatorria. Aurrekontu-ekitaldi baten barruan eman beharreko dirulaguntzak ez du adierazitako kontsignatzea gaindituko eta ez du, era berean, indarrean dagoen legeriari jarraituta aurrekontu-aldaketak egitearen ondoriozko egokitzapenaren emaitzazko kontsignatzea gaindituko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena– Dekretu honetan biltzen ez diren alderdi guztietan Dirulaguntzen eta laguntzen erregimena arautu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legea aldatzen duen uztailaren 19ko 7/1997 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilean ezartzen denari jarraituko zaio.

Bigarrena– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 26an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.


Azterketa dokumentala