Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2000eko abenduaren 30a, larunbata


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
5910

303/2000 DEKRETUA, abenduaren 26koa, Junior-Enpresa programa arautzekoa.

Unibertsitate irakaskuntzaren eta enpresaren arteko loturak sendotu egin behar dira, hezkuntza sistema eta produkzio sistemaren arteko harremana handituz. Horren helburua lan merkatuan sartuko diren ikasleek esperientzia praktiko baliagarria izatea da; horrekin, euren prestakuntza osatu egingo baita, eta etorkizunean lana izateko aukerak handitu.

Junior-Enpresa elkarteen helburua unibertsitateko ikasketak egiten dituzten elkartekideak ekoizpen arlora hurbiltzea da. Horretarako, elkartekideek praktikak egiten dituzte enpresetan, eta horrekin euren prestakuntza akademikoa osatu egiten dute. Junior-Enpresa elkarteak 1986tik ari dira lanean Unibertsitate alorrean Euskal Autonomia Erkidegoan.

Elkarte horien ekimenek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren laguntza izan dute, izan ere hainbat xedapen egin baitira laguntzak arautzeko. Horietako azkena ekainaren 27ko 333/1995 Dekretua da, beren ikasketak bukatzen dituzten gazteen enplegu aukerak areagotzeko neurriak arautzen dituena. Dekretuaren III. Atalburuan, hain zuzen, Junior-Enpresa programak arautzen ziren, Euskal Autonomia Elkarteko administrazioak unibertsitateko elkarte horiei enpresa arloan egindako proiektu edo jardueretarako eman dakizkiokeen laguntzak ezartzeko.

Atalburu hori indargabetu eta Dekretu hau egitea beharrezkoa zela iritzi zen, administrazioak ikasleen elkarte horiei laguntzak emateko araudi espezifikoa eta berezitua ezarri beharko lituzkeela uste baitzen –eta horrelaxe eskatu dute behin eta berriro Euskal Herriko Junior-Enpresa elkarteek–. Izan ere, elkarte horiek euren jarduerei esker unibertsitate arloan entitate propioa izateko adinako esperientzia lortu dute, urteetan zehar ikasleengana hurbildu baitute enpresa, ikasleak lan munduan sartzea errazteko.

Ondorioz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuaren proposamenez, Lan Harremanetarako Kontseiluaren, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren eta gainerako organo aholku emaileen iritzia entzunda, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2000ko abenduaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu zuelarik, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua– Xedea.

1– Dekretu honen xedea honakoa da: Eusko Jaurlaritzak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailaren bidez Junior-Enpresa Elkarte baten eta edozein modu juridikotan eratutako enpresa edo erakunde publiko zein pribaturen arteko lankidetza akordioa dakarten proiektuei eman diezazkiekeen laguntzak arautzeko esparrua zehaztea. Laguntzak emateko, proiektua aurretik onartu egin beharko da Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoari jarraiki; eta proiektuko jarduerek interesgarriak izan behar dute enpresa edo erakundearentzat, eta praktikan jarriko dute Junior-Enpresa Elkarteko kideek akordioa egiten den urtean bertan amaitzen den ikasturtean zehar ikasitakoa.

2– Dekretu honen ondorioetarako, Junior-Enpresa elkarteak honakoak izango dira: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate ikastegietako ikasle erakundeak izan, legez eratuta egon, eta helburu nagusia ikasleen ikasketen zehar praktikak egitea duten elkarteak; hain zuzen ere, prestakuntza teorikoa esperientzia praktikoaz osatzeko, ikasleen ezagutza enpresa jarduerarekin zerikusia duten lan eta azterketetan praktikan jarriz.

2. artikulua– Onuradunak.

Programa honetan adierazitako laguntzak jaso ahal izateko, laguntzak jasoko dituen Junior-Enpresa Elkarteko kideak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate ikastegi bateko kideak izango dira, eta horretaz gain elkarteak honako baldintzak bete beharko ditu:

a) Legez eratuta egon beharko du.

b) Proposatuko diren proiektuak Junior-Enpresa Elkarteko kideek egindako ikasketekin bateragarriak direla egiaztatu beharko da.

c) Zerga obligazioetan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egon beharko dute, hain zuzen, Dekretuaren 14. artikuluan adierazitako moduan.

d) Onuradunei dirulaguntza horiek emateko, edo, horrela badagokio, dirulaguntzak eta laguntzak ordaintzeko, aurretik honako baldintza bete beharko da: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo horren erakunde autonomoek antzeko gauzengatik emandako laguntza edo dirulaguntzen inguruan dirua itzultzeko edo zigorra jartzeko prozesuren bat hasita badago, prozesu horrek aurretik amaitu egin beharko du.

3. artikulua– Junior proiektuen onarpena.

1– Aurreko artikuluetan adierazitako baldintzak betetzen dituzten Junior-Enpresek, proiektua egiteko kontratua edo lankidetza hitzarmena sinatu eta hurrengo hamabost eguneko epean, Junior-Enpresa proiektua onartzeko eskaera aurkeztuko dute Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzan. Eskaerarekin batera honako agiriak aurkeztuko dituzte:

a) Junior-Enpresa proiektua egiteko bi alderdien arteko kontratuaren edo lankidetza hitzarmenaren kopia.

b) Junior-Enpresa Elkartea lotuta dagoen unibertsitate ikastegiko irakasle batek, gutxienez, proiektua onetsi egiten duela adierazten duen aitorpena.

c) Proiektu bakoitzaren txosten zehatza. Txostenean honako datuak adieraziko dira:

– Lanaren xedea eta deskribapena.

– Lana burutzeko faseak eta egutegia.

– Proiekturako erabiliko diren giza baliabideak eta baliabide teknikoak.

– Lan taldeak proiektuan emango duen denboraren aurreikuspena. Aurreikuspenean ordu kopurua adieraziko da, bai eta leku bakoitzean emango den denbora zehaztu eta zenbat lagunek hartuko duten parte adieraziko ere. Enpresari dagokionean, proiektua zein sekziotan edo sailetan egingo den adieraziko da.

d) Proiektuan parte hartzen duten elkartekide bakoitzaren matrikularen ordainketa egiaztagiriaren kopia, proiektuari dagokion ikasturtekoa.

2– Enplegu eta Prestakuntza zuzendariak, eskaera aurkeztu eta hamabost eguneko epean, dagokion ebazpena egin eta jakinaraziko du. Hamabost egun horiek igarotakoan, horri buruzko berariazko ebazpenik ez badago, eskaera ukatu egin dela iritziko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzkoak, 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

3– Junior-Enpresa proiektua onartu egiten bada, proiektuan parte hartuko duten ikasleek hurrengo artikuluan adierazitako istripu eta erantzukizun zibileko estaldura izango dute.

4. artikulua– Aseguru osagarria.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, dirulaguntza bereziez gain, programari laguntza instituzionala ere ematen dio. Horrela, sailak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak kontratatutako aseguruen kostua bere gain hartuko du. Aseguruak ikasleen istripu arriskuak eta hirugarrengoekiko erantzukizun zibila estaliko ditu ikasleak proiektuak egiten ari diren bitartean. Horretarako, ordea, Dekretu honetan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

5. artikulua– Laguntzak.

1– Dekretuan adierazitako laguntzak jaso ahal izateko, dirulaguntza eskaera aurkeztu beharko da, eta horri honako agiriak erantsi:

a) Elkarte gisa eratuta daudela egiaztatzen duen agiriaren kopia.

b) Dirulaguntza eskatzen den proiektuak egiteko, enpresekin sinatutako kontratuak edo lankidetza akordioak.

c) Proiektu bakoitzaren txosten zehatza. Bertan proiektua nola egingo den adieraziko da.

d) Hitzartutako lanaren emaitzen egiaztagiria, enpresa bakoitzak emandakoa.

e) Laguntzak jasoko dituen elkartea, dagokion zerga ekitaldian, zerga obligazioetan egunean dagoela adierazten duen zinpeko aitorpena. Dena den, prozedura izapidetzen denean egiaztatu ahal izango da.

f) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren egiaztagiria edo dagokion Borondateko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearena, laguntzak eskatzen dituen elkartea horiekiko obligazioetan egunean dagoela adierazten duena. Egiaztagiria eguneratuta egongo da eta bi ale aurkeztuko dira.

g) Laguntzak eskatzen dituen elkartearen zinpeko aitorpena. Bertan, administrazio honi edo beste edozein administrazio publikori edo beste erakunde publiko edo pribaturi oraingo xede bererako eskatutako laguntzak nola dauden adieraziko da (eman egin zaizkion, eskatuta dauzkan, edo izapideetan dauden).

h) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo horren erakunde autonomoek antzeko gauzengatik emandako laguntza edo dirulaguntzen inguruan dirua itzultzeko edo zigorra jartzeko prozesuren bat hasita badago, izapide horiek nola dauden adieraziko duen zinpeko aitorpena.

2– Eskabideak, eta adierazitako agiriak, praktikak amaitu eta bi hileko epean aurkeztuko dira.

6. artikulua– Eskabideak.

1– Dekretuaren 3. eta 5. artikuluetan adierazitako eskabideak Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzari igorriko zaizkio eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren lurralde ordezkaritzetan aurkeztuko dira, dela zuzenean, dela honako legean adierazitako moduren batean: azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzkoa. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu du.

2– Aurreko atalean adierazitako eskabideak ez badaude behar bezala beteta, edo eskatutako agiriak aurkezten ez badira, interesdunari errekerimendua egingo zaio, hamar eguneko epean akatsa zuzendu edo beharrezko agiriak aurkez ditzan. Errekerimenduarekin batera, jakinarazi egingo zaio adierazitakoa betetzen ez badu eskaera atzera botako dela, eta espedientea amaitutzat joko dela beste izapiderik gabe; gainera, administrazioak ez du eskabide horri buruzko berariazko ebazpenik egin beharrik, honako legeari jarraiki: azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzkoaren 71.1 eta 42.1 artikuluak.

3– Publikotasun printzipioa betetzeko, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, urtero, Dekretu honetan adierazitako laguntzak ezagutzera emateko beharrezko jarduerak egingo ditu.

4– Eskaera aurkezten den unean egiaztatu beharko da laguntza jaso dezakeen elkarteak bete egiten dituela eskatutako baldintzak. Dena den, beranduago ere aurkeztu ahal izango dira egiaztagiriak, baldin eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik aurkezten badira.

7. artikulua– Kudeaketa eta ebazpena.

1– Dekretu honen bidez araututako laguntzak Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak kudeatuko ditu.

2– Dekretu honetan adierazitako laguntzak ebazpen bidez emango edo ukatuko dira. Ebazpena berariazkoa eta banan-banakakoa izango da eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Enplegu eta Prestakuntza zuzendariak emango du. Ebazpenak jarraian egingo dira, eskabideak aurkezten diren hurrenkeran.

3– Laguntza eskaerak ebatzi eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezten denetik aurrera. Epea igarotakoan horri buruzko berariazko ebazpenik ez badago, eskaera ukatu egin dela iritziko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzkoak, 44.1 artikuluan adierazitako ondorioetarako. Ebazpenean, laguntzak Europako Fondo Sozialarekin batera finantzatzen direla adieraziko da.

4– Ebazpen horrek eta Dekretu honetako 3. artikuluan adierazitakoak ez diote administrazio bideari amaiera ematen, eta horren auka Gorako Errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lan eta Gizarte Segurantzako sailordeari, honako legeari jarraiki: azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzkoaren 107. artikulua eta hurrengoa. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu du.

5– Junior-Enpresa onuradunak dirulaguntza onartu egingo du. Horrela, onuradunak dirulaguntza ematen zaiola adierazteko jakinarazpena jasotzen duenetik hamabost eguneko epean, dirulaguntzari uko egiten ez badio –idatziz eta berariaz–, dirulaguntza onartutzat joko da.

8. artikulua– Laguntzen zenbatekoa eta ordaintzeko modua.

1– Laguntzen izaera juridikoa fondo galdurako laguntza izango da, eta horren kopurua honakoa: 350 pezeta / 2,10 euro proiektu bakoitzean emandako orduko eta parte hartu duen ikasleko. Egiaztatutako orduak soilik kontatuko dira; hots, Enplegu eta Prestakuntza zuzendaritzak Dekretu honetako 5. artikuluan adierazitako agiriak aztertu ondoren, egiaztatukotzat jotzen direnak.

2– Dirulaguntzaren kopuru osoa ordainketa bakarrean gauzatuko da, dirulaguntza eman egiten zaiola adierazten duen ebazpena jakinarazi eta hamabost egunera.

3– Onuradunei dirulaguntzak emateko, edo, horrela badagokio, dirulaguntzak eta laguntzak ordaintzeko, aurretik honako baldintza bete beharko da: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo horren erakunde autonomoek antzeko gauzengatik emandako laguntza edo dirulaguntzen inguruan dirua itzultzeko edo zigorra jartzeko prozesuren bat hasita badago, prozesu horrek aurretik amaitu egin beharko du.

9. artikulua– Betebeharrak.

Elkarte onuradunak honako betebeharrak ditu:

a) Dirulaguntza jasotzen duenetik sei hilabeteko epean, jasotako laguntza zertarako erabili den adierazten duen txostena igorriko dio Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzari.

b) Elkarteak onartu egin beharko ditu dirulaguntza ematen duen erakundeak egin ditzakeen egiaztatze jarduerak, bai eta Ekonomi Kontrolerako Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren kontrola ere.

c) Dirulaguntza ematen duen erakundeari jakinarazi egin beharko dio beste edozein administraziok, erakunde publikok zein pribatuk helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru sarrerak edo baliabideak eman dizkiola.

d) Dirulaguntza ematen duen erakundeari jakinarazi egin beharko dio dirulaguntza emateko kontuan izan den edozein egoera —objektiboa edo subjektiboa— aldatu egin dela.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo horren erakunde autonomoek antzeko gauzengatik emandako laguntza edo dirulaguntzen inguruan dirua itzultzeko edo zigorra jartzeko prozesuren bat hasita badago, jakinarazi egin beharko dio laguntza ematen duen erakundeari.

10. artikulua– Aldiberekotasuna.

Dekretu honetan adierazitako laguntzak bateraezinak izango dira helburu bererako edozein administrazio publikotik jaso daitekeen dirulaguntza edo laguntzarekin.

11. artikulua– Baliabide ekonomikoak.

1– Dekretu honetan adierazitako helburuak betetzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu kredituetatik aterako dira. Aurrekontu ekitaldian emango diren laguntzek ez dute gaindituko aurrekontu kreditu hori, edo horren eguneratzeari dagokiona, indarreko legeari jarraiki kreditu aldaketak onartzen baldin badira. Laguntza ematen duen ebazpenaren datari dagokion ekitaldian sartuko dira laguntzak, dagokion ekitaldian aurrekontu itxieraren inguruan ezar daitekeen araudiaren kalterik egin gabe.

2– Ez da laguntzarik emango laguntza horiek sartu behar diren aurrekontuak horretarako kreditu egoki edo nahikorik ez badu,; eta laguntza berriak emateari dagokionean baliogabetu egingo da Dekretuaren eraginkortasuna, bai eta hori garatzeko arauen eraginkortasuna ere. Hori dela eta, Dekretu hau indarrean dagoen bitartean, aurrekontu ekitaldi batean laguntzak emateko gordetako kreditua agortu egiten bada, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak administrazio ebazpen bat egingo du jendeak egoera horren berri izan dezan. Ebazpenean, kreditu hori zein egunetan amaitu zen adieraziko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu.

3– Ekitaldi bateko aurrekontu kredituan sartu ahal izango dira aurreko ekitaldietan aurkeztutako jarduera lagungarriei buruzko eskaera berriak, baldin eta jarduera lagungarri horiek Dekretu honetan laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte, eta, gainera, hasi ziren urteari dagokion ekitaldiko aurrekontu kredituen bidez ezin izan baziren lagundu.

12. artikulua– Babesa.

Diruz lagundutako jardueraren dibulgazioa, hedapena edo argitarapena egiten den guztietan, enpresa onuradunak, berariaz adierazi beharko du Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzaren Sailaren dirulaguntza duela. Europako Gizarte Fondoaren laguntza ere baduela adierazi beharko du.

13. artikulua– Kontrola eta bermeak.

1– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak Dekretu honetan adierazitako helburuak bete egiten direla egiaztatzeko ikuskapenak eta kontrolak egin ahal izango ditu.

2– Dena dela ere, Dekretuan adierazitako laguntzen onuradunek laguntzak zertarako eta zertan erabili diren bermatu beharko dute. Horretarako, erlazioko bermeak edo berme errealak emango dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraiki (1992ko otsailaren 7ko EHAA). Dekretu horren bidez, hain zuzen, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu.

14. artikulua– Zerga obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Laguntza eskaera egin duen elkarteak Dekretu honetan adierazitako laguntzak jaso ahal izateko, egiaztatu egin beharko du, batetik, zerga obligazioak bete egiten dituela, Ogasun eta Finantza Sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduari jarraiki; eta, bestetik, Gizarte Segurantzarekiko edo dagokion Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearekiko obligazioak betetzen dituela.

15. artikulua– Dirulaguntzen aldaketak.

Dirulaguntzak emateko kontuan izan diren baldintzetan aldaketarik izanez gero, Enplegu eta Prestakuntza zuzendariak aldatu egin ahal izango du emandako dirulaguntza, baldin eta dirulaguntza jasotzeko arauan onuraduna izateko adierazitako baldintzak betetzen badira. Aldaketa horretan, laguntzak emateko adierazitako irizpideak eta mugak ezarriko dira.

16. artikulua– Betebeharrak ez betetzea.

Dirulaguntza jaso duen elkartea Euskal Herriko Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 eta 2 artikuluan adierazitako suposamenduren batean badago, edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, beste ebazpen bat egingo da. Ebazpen horretan, ordaindu gabe dauden kopuruak jasotzeko eskubiderik ez duela izango adieraziko da, eta, hala badagokio, jasotako ordainak eta dirulaguntza jaso denetik aplikatzekoak diren legezko interesak itzuli behar dizkiola Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraiki. Dena den, bidezko irizten den beste edozein ekintza ere hasi ahal izango da. Dirulaguntza moduan jasotako kopuruek, dagozkien lege ondorioetarako, sarrera publiko izaera izango dute, eta Euskal Herriko Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 64. artikuluan adierazitako erantzukizun araudia ezarriko zaie.

17. artikulua– Itzulketa.

1– Itzulketa-prozedura honako betebehar hauen menpe egongo da:

a) Enplegu eta Prestakuntza zuzendariak itzulketa egiteko prozedurari hasiera eman zaiola adieraziko dio elkarteari, bai eta hori zertan oinarritzen den ere. Halaber, 15 eguneko epea emango zaio bidezko iruditzen zaizkion alegazioak egin ditzan. Dena dela ere, prozeduraren hasierak eten egingo ditu oraindik egin gabe dauden ordainketak.

b) Alegazioak jaso ondoren —edo alegaziorik jaso ez bada, epea igaro ondoren—, Enplegu eta Prestakuntza zuzendariak prozedurari amaiera emango dion ebazpena egingo du.

2– Gainerako jardueretan, itzulketa-prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan zehaztutakoaren menpe egongo da; dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan dauden berme eta itzulketan araubide orokorra ezartzen du eta horien gestioan lankide diren erakundeen betebehar eta araubidea zehaztu.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Egailan, SA, Prestakuntza eta Enplegua Sustatzeko Sozietate Publikoak Dekretu honen bidez diruz lagundutako jarduerak jarraitzeko eta ebaluatzeko jarduerak egin ahal izango ditu, horiek eraginkorrak diren jakiteko, eta beharrezkoa balitz horiek hobetu edo zuzentzeko. Hain zuzen, honako legeek ematen diote enplegu eta prestakuntza alorrean jarduera horiek egiteko eskumena: 142/1993 Dekretua, maiatzaren 11koa; eta 1994ko uztailaren 7ko Agindua, Lan eta Gizarte Segurantzako Sailburuarena, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzen eta EGAILAN, SAren arteko harremanak arautzen dituena.

Horretarako, hain zuzen, Dekretu honetan adierazitako laguntzak jasotzen dituzten elkarte guztiek, nahitaez, EGAILAN, SAren lankidetzan jardutea onartu beharko dute, goian adierazitako jarduerak egiteko.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabetu egingo da, beren ikasketak bukatzen dituzten gazteen enplegu aukerak areagotzeko neurriak arautzen dituen ekainaren 27ko 333/1995 Dekretuaren III. kapitulua; bai eta Dekretu honen edukiaren aurka doazen maila bereko edo gutxiagoko xedapen guztiak ere. Dena den, goian adierazitako Dekretuaren babespean egindako espedienteak horren babespean izapidetzen jarraituko dira, harik eta guztiz amaitzen diren arte.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa– Dekretu honetan aurreikusi ez den guztian, Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazkeraren arabera.

Bigarrena– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuari eskumena ematen zaio Dekretua garatu eta burutzeko beharrezko diren xedapen oro egiteko, bai eta, behar izanez gero, Dekretuaren 8. artikuluan adierazitako kopuruak eguneratzeko ere.

Hirugarrena– Dekretu honek administrazio bideari amaiera ematen dio eta horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epearen barruan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1 b) eta 46.1 artikuluei jarraiki.

Laugarrena– Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango du indarra.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 26an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte

Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala