Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2000eko abenduaren 30a, larunbata


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
5909

302/2000 DEKRETUA, 2000ko abenduaren 26koa, Lanerako Prestakuntza Egitaraua arautu duen Dekretua aldaraztekoa.

1997-1999ko programazio-aldietan, enplegurako eta giza baliabideetarako, Europako Erkidegoak proposatutako ekimenak, Now, Integra, Youthstart, Horizon eta ADAPT izeneko ekimenak hain zuzen, 304/1996 Dekretuaren bidez finantzatu ziren; dekretu horrek Lanerako Prestakuntza Egitaraua arautu zuen.

Egun indarrean dagoen 83/2000 Dekretuan, maiatzaren 16koan, Lanerako Prestakuntza Egitaraua arautzen duen Dekretuan, ez zen zuzenean xedatu Europako Erkidegoaren ekimenen finantzaketa, dekretu hori erredaktatzean, ez baitzegoen inolako arautegirik 2000-2006 aldirako Europako Erkidegoaren Ekimenen marko berriaren inguruan.

Dekretu honetako helburua maiatzaren 16ko 83/2000 Dekretua aldaraztea da, zertarako eta Euskal Autonomia Erkidegoarentzat Europako Gizarte Fondoak onets ditzakeen programak finantzatu ahal izateko. Programok enpleguaren eta giza baliabideen esparruan eta, hain zuzen ere, Equal Europako Erkidegoaren Ekimenaren barruan onets litezke. Equal ekimena Europako Batzordearen Jakinarazpen batean oinarritu da; jakinarazpen horren bidez, Equal Europako Erkidegoaren ekimenari buruzko orientazioak ezarri ziren, lan merkatuan gerta daitezkeen diskriminazio eta desberdintasun guztien kontrako metodo berriak sustatzeko, nazioz gaindiko lankidetzaren harira.

Era berean, aldarazpen honen bidez, baimena ematen zaio Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari Equal Ekimena garatzeko, Espainiar Estatuarentzat Equal Europako Erkidegoaren Ekimenaren Programak garatuko dituen faseei eutsiz; programa horretan, ekintza-marko bikoitza dago xedaturik: batetik, Nazioz Gaindiko Garapen eta Lankidetza Elkarteak ezartzea; elkarteon helburua da lan merkatuan diskriminazioa eta desberdintasunak sortzen dituzten faktoreak zehatzea. Eta bestetik, garapen elkarte horien lan programak betearaztea. Equal Ekimenaren programa onartzekotan dago. Halaber, baimena ematen zaio Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari enpleguaren eta giza baliabideen esparruan Europako Erkidegoak gauza litzakeen ekimenak garatzeko.

Hori guztia aintzat harturik, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak hala eskatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2000. urteko abenduaren (e)(a)n egindako batzarraldian, eztabaidatu eta onetsi egin du dekretu hau eta, horregatik hauxe

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua– 16ko 83/2000 Dekretuko, Lanerako Prestakuntza Egitaraua arautu duen Dekretuko, 1.1. artikulua beste modu batera erredaktatu da. Eta honelaxe geratu da:

"1– Dekretu honen helburua da dirulaguntzen esparrua ezartzea, Eusko Jaurlaritzak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez, halako dirulaguntzak ematen dituenean, lanerako prestakuntza jarduerak antolatzeagatik, bai eta enpleguari buruzko informazio, orientazio eta motibazio jarduerak sustatzeagatik ere. Halaber, Equal Europako Erkidegoaren Ekimenaren ondoriozko jarduerak bildu ahal izango dira arau marko honetara, baita Europako Batzordean onetsitako Europako Erkidegoaren ekimen guztiak ere, baldin eta enpleguaren eta giza baliabideen ingurukoak badira".

Bigarren artikulua– 16ko 83/2000 Dekretuko, Lanerako Prestakuntza Egitaraua arautu duen Dekretuko, 8.2. artikulua beste modu batera erredaktatu da. Eta honelaxe geratu da:

"2– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak emandako aginduaren bitartez, urtero, dekretu honetako dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epea argitaratuko da. Epe hori, gutxienez, hilabetekoa izango da, aipatu agindua indarrean jartzen denetik zenbatuta; dena den, aurton aplikatu beharreko epeari buruz, Laugarren Xedapen Gehigarria izan behar da kontuan, baita, Dekretu honen xedea betetzeko, urtero destinatuko den gehieneko zenbateko osoa ere.

Europako Erkidegoaren Ekimenen –Dekretu honetako 1.1. artikulua- ondoriozko jardueren eskabideak aurkezteko epea Ekimenok garatzeko aginduetan –Dekretu honetako Bigarren Azken Xedapena- xedatutakoa izango da. Epe hori egokituko zaie Ekimenotako garapen faseei; eta fase horiek Ekimenok arautzeko arautegian jasoko dira".

Hirugarren artikulua– 16ko 83/2000 Dekretuko, Lanerako Prestakuntza Egitaraua arautu duen Dekretuko, 12.1 artikulua beste modu batera erredaktatu da. Eta honelaxe geratu da:

"1– Dekretu honen helburua betetzeko, baliabide ekonomikoak behar dira eta, horiek lortzeko, aurrekontuko kreditu egokiak erabiliko dira, kredituok horretarako ezarriko baitira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan. Kredituotan agertuko da ea horiek loturarik duten ala ez Europako Gizarte Fondoak onetsitako egitarauekin. Aurrekontuko ekitaldi bakoitzean, dirulaguntza guztien kopuruak ez du gaindituko aurrekontuan jarritako zenbatekoa edo horren eguneratzea; izan ere, eguneratzea gerta daiteke, baldin eta indarreko legeriaren arabera aurrekontuetan aldarazpenak gertatzen badira. Aldarazpenok gertatzekotan, horren berri emango da Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearen ebazpenaren bidez, aldarazitako zenbatekoa adieraziz. Dirulaguntzak ordainketa eta konpromisoko kredituei egotziko zaizkie, zatikako ordainketei aurre egin ahal izateko. Horrek guztiak ez dio indarreko arauketari kalterik egingo, horrek aurrekontu–itxiera agintzen duenean, kasuan kasuko ekitaldiari begira.

Laugarren artikulua– 16ko 83/2000 Dekretuko, Lanerako Prestakuntza Egitaraua arautu duen Dekretuko, Bigarren Azken Xedapena beste modu batera erredaktatu da. Eta honelaxe geratu da:

"Bigarrena– Arauzko garapena.

Baimena ematen zaio Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari Dekretu honetako 1.1. artikuluan aipatutako Europako Erkidegoaren Ekimenak garatu eta betearazteko xedapenak emateko".

Bosgarren artikulua– Hirugarren Azken Xedapena gehitu zaio maiatzaren 16ko 83/2000 Dekretuari, Lanerako Prestakuntza Egitaraua arautu duenari. Eta honelaxe geratu da:

"Hirugarrena– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean".

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 26an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte

Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala