Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2000eko abenduaren 30a, larunbata


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
5908

284/2000 DEKRETUA, 2000ko abenduaren 26koa, bizitzan zeharreko ikaskuntza jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituena.

Enplegurako Erakunde Arteko Plana 1999-2002 Legegintzaldian Gobernua osatzeko Koalizio Akordioaren ondorioa da, eta legegintzaldirako Gobernuak garrantzitsutzat jo zituen Plan, Programa eta Jarduketen Egutegian jaso zen. Halaber, Plan hori Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien eta udalen arteko koordinazio tresna da baliabide eta politika publikoak integratu eta koordinatzeko. Helburua enpleguaren aldeko estrategia erkidea gauzatzea da. Estrategia hori Europar Batasuneko Enplegurako Estrategian eta enplegurako gidalerroetan oinarritu behar da. Era bertsuan, estrategia horrek gure lan merkatuko arazo bereziak hartu behar ditu kontuan, eta euskal errealitate sozioekonomikoari egokitu behar zaio.

Erakunde arteko koordinazio horren ondorioz, Planeko kapitulu batean funtzioak banatu dira. Hortaz, Erakunde Arteko Plana garatzen duten jarduketak egokitu beharko zaizkio, batetik, Planean bertan, erakunde parte-hartzaileen jarduketa-eremuei eta, bestetik, jarduketa-eremu erkideak koordinatzeko ekintzei buruz definitutakoari.

Eusko Jaurlaritzak egungo lan merkatuaren testuinguruan enplegu eta prestakuntzarako politika aktiboak jarduteko, beharrezkoa da arautegi malgua xedatzea; arautegi hori Europako gidalerro berriei egokitu behar zaie, batez ere, bizitzan zeharreko ikaskuntzari dagozkion gidalerroei.

Dekretu honetan jasotako dirulaguntzak erabiliko dira ezagutzaren edozein esparrutan gauzatutako ikaskuntza erabilgarriko jarduerak garatzeko; jarduera horiek bizitzan zeharreko ikaskuntzaren testuinguruan kokatu behar dira, eta enplegua lortzeko gaitasuna handitzeko balio behar dute, 25 urtetik gorako langabetuen, landunen eta jarduerarik gabeko pertsonen lanbide-gaitasunak, trebetasunak eta dohain horizontalak eta zehar dohainak hobetuz; eta halaxe jaso da, 2001. urterako, Europar Batasuneko Kontseiluak bertako estatuetako enplegu-politikentzat proposatutako gidalerroetan.

Erakunde arteko jarduketaren helburu izan daitezkeen eta gizarte eragileen partaidetza izan dezaketen ikaskuntza iraunkorreko jarduerak bi motatakoak izan daitezke. Batetik, bizitzan zeharreko ikaskuntza ekimen, ekintza edo jarduera espezifikoari buruzkoak. Norbanako interesatuak bil daitezke proiektu mota horretara. Mota horretakoak dira besteak beste norbanakoen ikaskuntza kontuei (Learning Account) buruzko jarduketak eta gizarteratze-txekeak. Bestetik, Toki edo eskualdeko ikaskuntza ekimen, ekintza edo jarduketak garatu eta sustatzen dituztenak, baldin eta enplegu zentrotzat jotako orientazio zerbitzuek aurkeztu badituzte eta lan proaktiboa egiten badute ikaskuntza mota horretako eskaintza eta eskariari dagokionez.

Dekretu honetan xedatutakoaren arabera, bizitzan zehar eta ezagutzaren edozein esparrutan egindako ikaskuntza erabilgarriko jarduerak diruz lagundu behar dira, egiturak aldatzen ari direlako eta ezagutzan oinarritutako ekonomiarantz baikoaz; testuinguru horretan, gero eta garrantzitsuagoa da jendeak ezagutza, gaitasun eta trebetasun egoki, anitz eta onuragarriak hartzea. Pertsonen gaitasun eta trebetasunak hobetzeak eragin ona du eskualdeko ekonomia-errendimenduan eta gizarte kohesioan bertan; era berean, lagungarria da pertsonen enplegagarritasun iraunkorrarentzat, eta herritarren parte-hartzea sustatzen da. Hori dela eta, Lisboako Kontseilu Europarraren ondorioen arabera, bizitzan zeharreko ikaskuntza (lifelong eta lifewide learning) garatzeaz gainera, ezagutzan oinarritutako ekonomia eta gizarterantz jo behar da, arrakasta lortu nahi bada bederen.

Halaber, hezkuntza eta lanbide heziketaren arteko muga lausotzen ari da. Ikaskuntza prozesua bizitzan zehar garatzen da testuinguru desberdinetan, ezagutzaren edozein esparrutan eta ikaskuntzako eredu aldakor eta desberdinen bidez: (1) hezkuntza eta prestakuntza formala hezkuntza eta prestakuntza zentroetan gauzatzen da aintzatetsitako prestakuntza lortzeko, (2) ikaskuntza ez formala gauzatzen da sistema formalak osatzeko erakunde eta zerbitzuei esker, lan-tokian edo gizarte zibileko erakunde eta taldeen bidez (ziurtagiri formalik gabe) eta (3) ikaskuntza informala, eguneroko bizitzaren osagarri naturala dena, nahitakoa ez bada ere, esate baterako etxeetan informatikaren azaltzeak ekarri duen ikaskuntza.

Lehen aipatutakoa kontuan izanda, Europako Erkidegoetako Batzordeak jakinarazpen batzuetan eta ikaskuntza iraunkorrari buruzko arestiko Memorandumean gomendatu du bizitzan zeharreko ikaskuntza edo ikaskuntza iraunkorrari buruzko ekimenak bultzatzea. 2001. urterako, Europar Batasuneko Kontseiluak bertako estatuetako enplegu-politikentzat ezarritako gidalerroen inguruko erabakiak ondokoak biltzen ditu: lehenengoz, ikaskuntza iraunkorra, enplegu politika guztien helburu horizontal eta zehar helburu gisa; bigarrenez, hiru gidalerro espezifiko (4, 5 eta 6. gidalerroak, "gaitasunak garatzea lan merkatu berriarentzat, ikaskuntza iraunkorraren testuinguruan" helburuaren barruan) eta, hirugarrenez, 16. gidalerroa (komenigarria da gizarte eragileek hezkuntza iraunkorra errazteko akordioak egitea). Kontseiluak Espainiako Erresumari bereziki zuzendutako gomendioen arabera, berriz, bizitzan zeharreko ikaskuntza aldezteko neurriak hartzea komenigarria da.

Ondorioz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez, EAEko Kooperatiben Kontseilu Nagusiaren, Lan Harremanetako Kontseiluaren, Ekonomi eta Gizarte Kontseiluaren eta interesatutako beste kontsulta-organoen iritzia entzunda, 2000ko abenduaren 26ko bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua– Helburua.

Dekretu honen helburua da dirulaguntzak arautzea, Eusko Jaurlaritzak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez, halako dirulaguntzak ematen dituenean, bizitzan zehar ikasketa erabilgarriko jarduerak garatzen dituzten jarduketak egiteagatik.

2. artikulua– Aplikazio eremua.

Dekretu honetan jasotako laguntzak aplikatuko zaizkie arau hau indarrean jarri eta gero gauzatuko diren jarduerei, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko esparru geografikoan gauzatzen badira.

3. artikulua– Erakunde onuradunak.

Ondokoak izan daitezke Dekretu honetan ezarritako laguntzen erakunde onuradunak, banaka zein taldeka:

a) Foru aldundiak.

b) Udalak eta udalerrien mankomunitateak.

c) Toki eta eskualdeko garapen agentziak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan legez eratu badira eta nortasun juridiko independentea badute.

d) Udal sozietateak.

e) Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitateak.

f) Irabazteko asmorik gabeko fundazio eta elkarteak.

g) Merkataritzako edo gizarte ekonomiako sozietateak.

4. artikulua– Diruz laguntzeko moduko jarduketak.

1– Dekretu honetan jasotako dirulaguntzak erabiliko dira ezagutzaren edozein esparrutan gauzatutako ikaskuntza erabilgarriko jarduerak garatzeko; jarduera horiek bizitzan zeharreko ikaskuntzaren testuinguruan kokatu behar dira, eta enplegua lortzeko gaitasuna handitzeko balio behar dute, 25 urtetik gorako langabetuen, landunen eta jarduerarik gabeko pertsonen lanbide-gaitasunak, trebetasunak eta dohain horizontalak eta zehar dohainak hobetuz.

2– Erakunde arteko jarduketaren helburu izan daitezkeen eta gizarte eragileen partaidetza izan dezaketen ikaskuntza iraunkorreko jarduerak bi motatakoak izan daitezke:

a) Bizitzan zeharreko ikaskuntza ekimen, ekintza edo jarduera espezifikoari buruzkoak.

b) Toki edo eskualdeko ikaskuntza ekimen, ekintza edo jarduketek osatutako proiektua garatu eta sustatzen dutenak. Kasu horretan, hurrengo artikuluan xedatutako arautegia hartuko da kontuan.

5. artikulua– Toki edo eskualdeko proiektuak.

Toki edo eskualdeko proiektuak ondoko betekizunak gauzatzen dituztenak dira:

1– Orientazioko Zerbitzuek aurkeztu izana, baldin eta zerbitzuok Enplegu zentrotzat jo badira maiatzaren 9ko 76/2000 Dekretuan ezarritako arautegiaren arabera eta tokikoak, udalez gaindikoak edo eskualdekoak badira.

2– Enplegu Zentroak ikaskuntza iraunkorreko proiektua diseinatu eta betearaztea, baldin eta gutxieneko edukiak ondokoak badira:

a) Toki eta eskualdeko eremuan gauzatutako jarduera eta ekimenen eskaintza biltzea, jarduera eta ekimenok harremanetan badaude ezagutzaren edozein esparrutako ikaskuntza erabilgarriarekin, bizitzan zeharreko ikaskuntzaren testuinguruan; interneten eskura dagoena ere hartu beharko da kontuan.

b) Proiektuaren geografia-eremuko pertsonei –talde behartsuenei eta etorkinei bereziki- aholkuak ematea toki/eskualdeko aukerei eta interneten bidezko aukerei buruz, bizitzan zeharreko ikaskuntzaren testuinguruan.

c) Lan proaktiboa egitea ekimenok bultzatu eta sustatzeko, bai eskaintza eta bai eskariari dagokionez, hau da: hezkuntza eta kultur erakundeak, irakaskuntza eta prestakuntza zentroak eta abar bisitatu beharko dira eta jendea mota horretako jarduerak sustatzeko berotu behar da.

d) Proiektuan gizarte lankideen parte hartzea bultzatzea.

3– Proiektuaren diseinua eta betearazpena ikaskuntza iraunkorreko pertsona artekariaren ardura izango da; pertsona horrek gizarte zientzietako unibertsitate lizentziatura izango du, eta giza baliabideetako aditua izango da.

6. artikulua– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1– Dekretu honen 4.2 a) artikuluan jasotako jarduketak gauzatzeko dirulaguntza fondo galdurakoa izango da; dirulaguntza hori erakundeek emandako gainerako ekarpenei gehituz gero, ez da onetsitako aurrekontuaren %100a gaindituko.

2– Dekretu honen 4.2 b) artikuluan jasotako jarduketak gauzatzeko dirulaguntza proiektua diseinatu eta betearazteko erabiliko da, eta zenbatekoa 5.000.000 pezetakoa (30.050,60 Euro) izango da; dirulaguntza hori fondo galdurako izango da.

7. artikulua– Zergen arloko betebeharrak, lanekoak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntza publikoei dagozkienak bete beharra.

1– Dekretu honetan ezarritako dirulaguntzak eman eta ordaintzeko, onuradunek zergen arloko betebeharrak edota Gizarte Segurantzarekikoak bete dituztela frogatu beharko dute, horretaz Ogasun eta Herri Administrazio Sailak xedatzen duenarekin bat etorriz. Gainera, lanaren arloan indarrean dagoen legeria bete beharko dute.

2– Halaber, dirulaguntzak eman eta ordaintzeko, onuradunek amaitu egin beharko dituzte Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Nagusiak eta haren organismo autonomiadunek ematen dituzten eite bereko laguntza edo dirulaguntzen inguruan tramitatzen dituzten itzulketa edo zehapen prozedurak.

8. artikulua– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Instituzio eta erakunde onuradunek, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan adierazitako betebeharretatik aplika daitezkeenez gainera, ondokoak ere egin beharko dituzte:

1– Diruz lagundutako jarduerak zabaldu, hedatu edo, behar izanez gero, argitaratzen badira, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren, Europako Gizarte Fondoaren eta proiektua finantzatzen lagundu duten gainerako erakunde publikoen babesa adierazi behar dute berariaz entitate onuradunek.

2– Onuradunek konpromisoa berenganatu behar dute dirulaguntza behar den xedeetarako erabiltzeko, eta horretarako harreman-bermeak jarri beharko dituzte, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera; dekretu horren bidez Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen berme eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautu da eta haien kudeaketan laguntzaile arituko diren erakundeen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezarri dira.

3– Dirulaguntza jasotzen duten entitateak diruz lagundutako jardueren helburua edo edukia aldatzen duen zernahi gorabeheraren berri ematera beharturik daude, baita Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari jarduera horien egiaztatze-, segimendu- eta kontrol-prozeduretan laguntzera ere.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak dekretu honen bidez lortu nahi diren helburuak beteko direla bermatzeko behar diren ikuskaritza- eta kontrol-jarduerak egitea izango du

4– Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak dirulaguntzen xedea fiskalizatzeko lanetan eskatzen dieten informazioa eman.

9. artikulua– Beste dirulaguntza batzuekiko aldiberekotasun-aukera.

1– Dekretu honetan jasotako laguntzen helburu berberak izanik, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzak bateragarriak izango dira. Hala ere, dirulaguntzon zenbatekoak ezingo du gainditu lehen onetsitako aurrekontuaren zenbateko osoa.

2– Beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatu batzuek helburu bererako eta motibo berberagatik emandako laguntzak eta agindu honetako laguntzak batera jasoz gero, eta laguntza horiek guztiak dirulaguntzaren helburu den jardueraren guztizko kostutik gorakoa egiten badute, gainetiko horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Eusko Jaurlaritzak emango duen laguntza txikitu egingo da, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez txikitu ere.

10. artikulua– Eskabideen aurkezpena: nola, epea eta berri ematea.

1– Dekretu honetako laguntzak jasotzeko eskaerak eskaera-orri normalizatuan aurkeztuko dira, oso-osorik eta behar bezala beterik, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko lurralde ordezkaritzan, hau da, ekintza gauzatuko den lurralde historikoko ordezkaritzan. Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritakoa aplikatu beharko da.

2– Eskabideak aurkeztu beharko dira deialdiaren urte osoan, eta jarduerei ekin beharko zaie eskabidea aurkeztu den ekonomia-ekitaldian.

3– Publizitateari dagokionez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak deialdia egingo du urtero dekretu honetan ezarritako dirulaguntzen berri emateko; deialdian dirulaguntzetarako aurrekontuan jarritako kopurua ere adieraziko da.

11. artikulua– Derrigorreko agiriak.

1– Dirulaguntza jasotzeko eskabideak oso-osorik bete behar dira, eta haiekin batera ondoko agiriak ere aurkeztu behar dira:

a) Proiektuan aurreikusitako jarduera-multzoa deskribatzen duen txostena; bertan ondokoak adierazi beharko dira: gauzatu beharreko jarduketen edukiak, helburuak, kokapena, aldiak, jardueraren helburu diren taldeak, jarduketan parte hartzen duten interesdun eragile eta elkarteak, proposatutako metodologia, ekintzaren kostua eta proiektua definitzeko balio duten gainerako inguruabarrak.

b) Gainontzeko Interesdunaren Datuen Fitxa, laguntza jaso duen erakunde edo instituzioak izenpetu eta zigilaturik.

c) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia.

d) Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren ziurtagiri gaurkotuaren bi ale; agiri horren bidez, entitate eskatzaileak Gizarte Segurantzarekin edota Aurreikuspen Erakundearekin dituen betebeharrak egunean dituela ziurtatuko da.

Ordainketak behar bezala egin direla ulertuko da, baldin eta atzerapena eskatu bada eta berori egiaztatzen bada agiriaren bidez, atzeratutako zorrari dagokionez.

e) Entitate eskatzailearen zinpeko aitormena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak eta bere organismo autonomiadunek emandako laguntzen edo dirulaguntzen eremuan hasi eta izapidetze-aldian dauden prozedurei —dirua itzultzeko prozedurei eta prozedura zigortzaileei— buruzkoa.

f) Entitate eskatzailearen zinpeko aitormena, administrazio publiko honi edo beste batzuei zein bestelako ente publikoei edo pribatuei helburu bera lortze aldera eskatutako beste edozein laguntza zer egoeratan dagoen (emanda, eskatua edo izapidetzen) adierazten duena.

2– Eskabidea aurkeztean ziurtatu behar dute entitate onuradunek betekizunak betetzen dituztela.

12. artikulua– Eskabidearen akatsak ongitzea.

Dirulaguntza jasotzeko eskabidea behar bezala betetzen ez bada edo aurreko artikuluan adierazitako agirietako bat falta bada, hura eskatu duen pertsona onuradunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa ongitzeko edo falta den derrigorreko agiria ekartzeko, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta orduan Administrazioak berariazko ebazpena eman beharko du eskabideaz eta jakinarazi egin beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

13. artikulua– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko epea, haren berri emateko prozedura eta ebazpenaren oinarrizko alderdiak.

1– Dekretu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak du.

2– Dekretu honetan araututako laguntzak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Prestakuntza zuzendariak berariaz emandako ebazpenen bidez eman eta ukatuko dira; eskabide bakoitzeko ebazpen bat emango da. Eskabideak jasotzen diren hurrenkeran ebatziko dira.

3– Enplegu eta Prestakuntza zuzendariaren ebazpenak ez du agortuko administrazio-bidea, eta beraren aurka interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluen arabera.

4– Hiru hilabete igaro baino lehen eskabideak ebatzi behar dira eta ebazpenak jakinarazi behar dira; epe horretan berariazko ebazpenik eman ezean, dirulaguntza jasotzeko eskabideari gaitziritzi zaiola ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondoreetarako; nolanahi ere, hori gorabehera Administrazioak berariazko ebazpena eman behar du.

5– Dirulaguntzen berri emateko, eta ematen den dirulaguntza bakoitza onuradunari berariaz jakinaraziko bazaio ere, Enplegu eta Prestakuntza zuzendariaren ebazpenaren bidez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian dirulaguntzen onuradun suertatzen diren pertsona edota kooperatiba-sozietateen zerrenda argitaratuko da; bertan dirulaguntzen zenbatekoak adieraziko dira, eta emandako dirulaguntzaren bat aldatu bada, aldaketaren berri emango da.

6– Emakidaren inguruko ebazpenera ondoko alderdiak bildu beharko dira gutxienez:

a) Dirulaguntzaren helburua eta indarraldia.

b) Garatu beharreko jardueren kopurua, ezaugarriak eta edukia.

c) Talde hartzaileak.

d) Erabiliko diren giza baliabideak, baliabide materialak eta profesionalak zehaztea.

e) Ekintzen finantzaketa, erakunde arteko lankidetzan egin litezkeen ekarpenak kontuan izanda.

f) Dirulaguntza emateko baldintzak.

g) Ikuskaritza, segimendua eta kontrola.

h) Azken memorian (Dekretu honen 14.1b) artikulua) aurkeztu beharreko agirien eduki esplizitua.

i) Erakunde onuradunaren betebeharrak, Dekretu honetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

7– Dekretu honetan xedatutako laguntzak emateko ebazpenean, Europako Fondo Sozialaren finantzaketa agerrarazi beharko da.

14. artikulua– Ordaintzeko modua eta dirulaguntza bidezkotzea.

1– Dekretu honen 4. artikuluan jasotako jarduerak egiteko emandako dirulaguntzak honelaxe ordainduko dira:

a) Lehenengo zatia, dirulaguntzaren %70, emandako dirulaguntza onartu ondoren.

b) Bigarren zatia, dirulaguntzaren %30, ebazpenean jasotako jarduera guztiak amaitzen direnean. Handik hiru hilabeteko epean azken txostena aurkeztu beharko da honakoak jasota: proiektuaren betearazpenaren deskribapen bat eta jarduketak benetan gauzatu direla adierazten duten agiri frogagarriak.

2– Halaber, Foru Aldundiko Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako ziurtagiri eguneratuen bi ale gehitu beharko dira; ziurtagiriotan organismo horiekiko betebeharrak bete direla ziurtatu beharko da.

15. artikulua– Bitarteko ekonomikoak.

1– Dekretu honen xedea betetzeko jartzen diren bitarteko ekonomikoak Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrean berariaz ezarritako kredituetatik etorriko dira. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emango diren dirulaguntzen guztirako kopurua ez da izango bertan horretarako zinpetutakoa baino handiagoa, ez eta indarreko legeriarekin bat etorriz aurrekontu-aldaketak onesten direnean egiten den egunerapen ondoriozkoa baino handiagoa ere. Inguruabar horren berri emateko, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak administrazio ebazpena emango du; bertan, aldarazpenaren data agertuko da, baita zenbateko berria ere. Laguntzak berariazko ordainketa eta konpromisoko kredituei egotziko zaizkie, zatikako ordainketei aurre egiteko; nolanahi ere, ekitaldi bakoitzean aurrekontuaren itxierari buruz aplika daitekeen arautegia aplikatuko da.

2– Laguntzak egotzi behar zaizkion aurrekontuan lortu nahi den xederako behar adinako krediturik ez badago, ukatu egingo dira; hala gertatzen bada, dekretu honen eta laguntza berriez ematen diren garapen-arauen eraginkortasuna etengo da. Beraz, dekretu hau indarrean dagoen bitartean ekitaldi ekonomiko batean laguntzak emateko zinpetutako diru kopurua agortzen bada, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak horren berri emango du administrazio-ebazpen baten bidez; ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta bertan kreditua noiz agortu den adieraziko da.

3– Ekitaldi bateko aurrekontu-kredituei aurreko ekitaldietan aurkeztutako eskabideetako laguntzak egotzi ahal izango zaizkie, baldin eta onuradunek dekretu honetan laguntzak lortzeko ezarritako betekizunak betetzen badituzte eta eskabideei ezin izan bazaie jaramonik egin aurkeztu diren ekitaldiko aurrekontu-kredituekin.

16. artikulua– Dirulaguntza aldatzea.

Enplegu eta Prestakuntza zuzendariak emandako dirulaguntza aldatuko du, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako zirkunstantziak aldatzen badira, eta, betiere, baldin eta helburu bera lortze aldera beste edozein dirulaguntza edo laguntza eman dela jakiten bada eta dirulaguntza hori Sailak emandakori gehituta onartutako kostu guztia baino handiagoa bada. Horrela geratuz gero, dirulaguntza emateko arauak ezarritako gutxieneko betekizunak bete beharko dira, eta emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko.

17. artikulua– Ez-betetzeak.

Dirulaguntza jasotzen duen pertsona edo erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan ezarritako balizkoetako batean erortzen bada, edo dekretu honetan eta aplika daitezkeen gainerako arauetan edo emate-ebazpenean ezarritako baldintzetako bat betetzen ez badu, Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak ebazpen baten bidez onuradunak falta diren kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du eta, behar denean, baita Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak eta dirulaguntza ordaindu denez gerotiko legezko korrituak itzuli behar zaizkiola ere. Nolanahi ere, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera bidezko diren ekintza guztiak burutu ahal izango dira. Aipatutako kopuruok sarrera publikotzat joko dira legezko ondoreetarako; erantzukizunen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko indarreko xedapenen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da.

18. artikulua– Kopuruak itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan adierazitako zerbait gertatzen bada, jasotako laguntzak honela itzuliko dira:

a) Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak laguntza jaso duen pertsona edo enpresari hura itzultzeko prozedura hasiko dela adieraziko dio eta horretarako zioak azalduko dizkio, eta 15 eguneko epea emango dio nahi duena alega dezan.

Prozedura hori hasten denean jasotzeko falta diren kopuruen ordainketak etengo dira.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako emandako epea alegaziorik aurkeztu gabe igaro ondoren, Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak ebazpen bidez burutuko du prozedura.

Prozedura honek sei hilabete iraun dezake gehienez.

Ebazpenean ezartzen bada zerbait ez dela bete, onuradunak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko da, eta, behar denean, baita Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari behar diren kopuruak itzuli behar dizkiola ere; horretarako bi hilabeteko epea izango du ebazpena jakinarazten zaionetik. Epe hori borondatezko epealdikotzat hartuko da.

c) Borondatezko epealdian kopuruak ordaindu ezean, gertatutakoaren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari, premiamendu-bidetik jardun dezan, aplikatu beharreko legezko arautegian ezarri bezala.

d) Aldarazpenen edo lehen deskribatutako itzultze prozeduren ondorioz, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean lortutako zenbatekoak erabili beharko dira Dekretu honen beharrizanei aurre egiteko.

XEDAPEN GEHIGARRIA.

Bakarra– Diruz lagundutako ekintzen ebaluazioa.

Prestakuntza eta Enpleguaren Sustapenerako Sozietate Publikoak (EGAILAN S.A.), maiatzaren 11ko 142/1993 Dekretuak enpleguaren eta prestakuntzaren arloko politikez eman dizkion eskumenak baliatuz, eta Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak 1994ko uztailaren 7an Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren eta EGAILAN S.A.ren arteko harremanak taxutzeko emandako Aginduarekin bat etorriz, dekretu honetan araututako programa ebaluatuko du, eraginkorra denez zehazteko, beharrezkoa bada hobetu eta beste era batera abiarazteko asmoarekin.

Ondore horietarako, dekretu honetan ezarritako dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsonek edo kooperatibek EGAILAN S.A.ri lagundu egin beharko diote aipatu berri ditugunak egiten.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa– Ordezko araubidea.

Dekretu honetan ezarrita ez dagoen zerbait suertatzen denean, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuak onetsia) eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatu beharko da.

Bigarrena– Arau-garapena.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak ahalmena izango du dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko.

Hirugarrena– Zenbatekoak eguneratzea.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak ahalmena izango du dekretu honetan ezarritako dirulaguntzen zenbatekoak eguneratzeko.

Laugarrena– Errekurtsoak.

Dekretu honek administrazio-bidea agortzen du; beraren aurka

interesatuek administrazioarekiko auzibide-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta horretarako bi hilabeteko epea izango dute Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbaturik, Administrazioarekiko Auzibideen Jurisdikzioa arautu den uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1 b) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoaren bat etorriz.

Bosgarrena– Indarraldia.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 26an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

JUstizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala