
249. zk., 2000eko abenduaren 30a, larunbata
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
5907
283/2000 DEKRETUA, abenduaren 26koa, kooperatiba-sozietateetan lanpostuak sortzen laguntzeko neurriak arautzen dituena.
Euskaldunen kezka larrienetako bat langabezia da; gure ekonomiaren zabalkuntzaldiei esker langabezia tasak zertxobait murriztu badira ere, hobekuntza ez da nahikoa izan gure gizarteko langabe guztiek lana aurkitzeko, ezta ekonomiaren hazkundea oso handia izan den aldietan ere. Halaber, langabeziaren egiturak argi erakusten du langabe gehiago daudela emakumeen eta gazteen artean eta lurralde jakin batzuetan.
Euskadiko Autonomia Erkidegoan agente sozioekonomikoek, langabeziak sortzen dituen arazoez jabeturik, Langabeziari buruzko Akordioa sinatu zuten Lan Harremanen Kontseiluaren barruan, eta gero Eusko Jaurlaritzak berretsi egin zuen eta diru-laguntzak eman zituen ekainaren 29ko 267/1999 Dekretuaren bidez; dekretu hark lanpostuak sortzen laguntzeko neurriak arautu zituen.
Dekretu honen bidez emango diren laguntzen xedea ondokoa da: kooperatiba-sozietateek lanik gabe dauden pertsonak hartzea oraingo langile batzuen ordez. Beste alde batetik, aipa dezagun sozietate horiek jarduera ekonomiko garrantzitsua egiten dutela eta lanpostu asko sortzen dituztela. Beraz, laguntza hauen bidez batetik lanpostuak sortuko dira, eta sortu ere kalitateko lanpostuak, asmoa enpresetako langile-zerrendetan sartuko diren langileek epe gabeko kontratua izatea baita, eta bestetik enpresak pizgarriak izango dituzte lan behar gorrian dauden pertsonak kontratatzeko, eta horrela langabeziak gogor astindu dituen herritarrek aukera gehiago izango dituzte lana aurkitzeko.
Dekretu honek ondoko helburuak ditu:
a) Lan egiteari uzten dioten kooperatiba-bazkideei arauzko adinarekin erretiratuz gero izango luketen pentsioaren %90 bermatzea.
b) Langabe batzuei lanean hasteko bideak ematea, hain zuzen ere Dekretuan araututako neurriei heltzen dieten kooperatiba-bazkideek lan egiteari uztearen ondorioz sortzen diren hutsuneak betetzeko.
Azaldu berri diren helburuak lortzeko, dekretu honetan ondoko kapitulu eta atal hauek ezarri dira:
I. kapituluan Dekretuaren xedea eta ezarpen-eremua zehaztu dira.
II. kapituluan lan egiteari uzten dioten kooperatiba-bazkideei pentsioaren %90 bermatzeko laguntzak arautu dira (1. atala), bai eta langile berriak kontratatzeko enpresei emango zaizkien laguntzak ere (2. atala).
III. kapituluan diru-laguntzen gaineko baldintza orokorrak arautu dira, esaterako zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete beharra, eta gainera bateraezintasunak eta diru-laguntzen aldaketak ere bai.
IV. kapituluan baterako xedapenak eman dira: eskaera-orria nola eta noiz aurkeztu, aurkeztu beharreko agiriak, akatsak nola ongitu, kudeaketa, ordaintzeko modua, bitarteko ekonomikoak, ikuskapena eta kopuruak itzultzeko prozedura.
Xedapen Erantsian diru-laguntza jasotzeko eskubidea sortuko duten ekintzak zein erakundek baloratuko dituen ezarri da.
Azkenik, azken xedapenetan ordezko araubidea, arau-garapena, zenbatekoak eguneratzeko era, errekurtsoak eta Dekretua indarrean jarriko den eguna ezarri dira.
Hori dela bide, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak proposaturik eta Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiak, Lan Harremanen Kontseiluak, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Euskal Kontseiluak eta gainerako aholkularitza-organoek honetaz esateko eduki dutena entzunik, eta Gobernu Kontseiluak 2000ko abenduaren 26ko bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, ondokoa
XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK.
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak langabezia tasa murrizteko asmoarekin kooperatiba-sozietateetako bazkide langile eta lan bazkideei eta kooperatiba-sozietateei emango dizkieten laguntzak arautzea da; laguntzen helburuak ondokoak izango dira:
– Lan egiteari uzten dioten kooperatiba-bazkideei arauzko adinarekin erretiratuz gero izango luketen pentsioaren %90 bermatzea fondo galdurako diru-laguntzen bidez (diru-laguntzei bazkideek jaso ditzaketen pentsio edo ordainsariak gehituko zaizkie), baldin eta kooperatibek haien ordez lanik gabe dauden pertsonak kontratatzen badituzte; kooperatibek ere laguntzak jasoko dituzte, II. kapituluko 2. atalean ezarri bezala.
– Lana aurkitzen gaitz duten pertsonei lan egiteko bideak ematea, aurreko idatz-zatian aipaturiko erretiroen ondoriozko hutsuneak betez.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
1.– Dekretua indarrean jarri ondoren, bertan ezarritako laguntzak lan-zentroak Euskadiko Autonomia Erkidegoan dituzten kooperatiba-sozietateei emango zaizkie Dekretuak xede duena egiten dutenean.
2.– Kooperatiba-sozietatean denetara, bazkide langile edo lan bazkideen eta besteren eta norberaren konturako langileen artean, 50 pertsona edo gutxiago ari badira, ez da diru-laguntzarik emango kooperatibako gobernu eta burutzako bazkide langileen ezkontideak, aurrekoak, ondorengoak edo bigarren gradurainoko alboko ahaideak (odol-ahaide, ezkon-ahaide zein umeordeak) kontratatzeagatik.
II. KAPITULUA
LAN EGITEARI UZTEN DIOTEN BAZKIDE LANGILE EDO LAN BAZKIDEENTZAKO LAGUNTZAK,
ETA KOOPERATIBA-SOZIETATEEI LANGILE
BERRIAK KONTRATATZEKO EMANGO ZAIZKIEN LAGUNTZAK
1. ATALA.– LAN EGITEARI UZTEN
DIOTEN BAZKIDE LANGILE EDO LAN
BAZKIDEENTZAKO LAGUNTZAK
3. artikulua.– Onuradunak eta betekizunak.
Eskabidea aurkeztu ondoren, atal honetako laguntzak jaso ahal izango dituzte lanari uzten dioten kooperatiba-sozietateetako bazkide langile edo lan bazkideek, ondoko betekizunak betez gero:
a) Bazkide langile edo lan bazkideari gehienez bost urte eta gutxienez bi falta behar zaizkio erretiratzeko arauzko adinera heltzeko.
b) Adin horretara heltzen denerako Gizarte Segurantzako ordaineko pentsioa jasotzeko eskatzen den gutxieneko kotizazioaldia egina izan behar du.
c) Enpresan ordura arte eguneko lansaio osoarekin aritu izana.
d) Bazkideak lanari uzten dion unean kooperatiba-sozietateak Autonomia Erkidegoko, Estatuko edo Europar Batasuneko enpleguko zerbitzu publikoren batean inskribatutako norbaiti epe gabeko sozietate-kontratua egin behar dio bazkide langile edo lan bazkide gisa, Dekretuko 5. artikuluan ezarritakoari lotuz.
e) Kooperatiba-sozietateak bazkideak kooperatibako kotizazio-araubide berean arauzko adinarekin erretiratu arte jarraituz gero jasoko lukeen pentsioaren %90 jasoko duela bermatzeko falta den kopurua jarri behar du, hau da, hark jaso ditzakeen prestazio edo ordainsariez eta dekretu honen bidez ematen den diru-laguntzaz gainera behar den kopurua, eta gainera Gizarte Segurantzarekin erretiro-pentsioaren estaldurarako hitzarmen berezia egitearen kostua ere ordaindu beharko du, halakorik egiten bada.
f) Bazkideak aurreikuspen-plana egin behar du enpleguko gizarte aurreikuspenean espezializaturiko erakunderen batekin. Dekretu honen ondoreetarako, erakunde hori diru-laguntzaren endosu-hartzailea izango da eta, beraz, kooperatibako bazkideari dagokion diru-laguntza jasoko du. Halaber, aurreikuspen-plan horretan sartuko da enpresak bazkideari lanari uzteagatik ordaindutako diru kopurua.
4. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Diru-laguntzaren zenbatekoa bazkideari erretiratzeko arauzko adinera heltzeko falta zaion denboraren araberakoa izango da; hain zuzen:
– Erretiratzeko arauzko adinera heltzeko bost urte falta bazaizkio: 1.950.000 PTA (11.719,74 euro).
– Erretiratzeko arauzko adinera heltzeko lau urte falta bazaizkio: 1.400.000 PTA (8.414,17 euro).
– Erretiratzeko arauzko adinera heltzeko hiru urte falta bazaizkio: 975.000 PTA (5.859,87 euro).
– Erretiratzeko arauzko adinera heltzeko bi urte falta bazaizkio: 600.000 PTA (3.606,07 euro).
2. ATALA.– KONTRATAZIO BERRIAK
SUSTATZEA
5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta diru-laguntza ekar dezaketen jarduketak.
1.– Eskabidea aurkeztu ondoren, atal honetako laguntzak jaso ahal izango dituzte dekretu honetako 1. atalean araututakoaren arabera bazkide batek erretiroa hartzearen ondorioz hutsik geratzen den lanpostua betetzen duten kooperatiba-sozietateek, baldin eta bazkide langile edo lan bazkide gisako epe gabeko sozietate-kontratuak egiten badituzte. Kontratuetako bat lansaio osokoa izan behar da eta bestea lansaioaren herenekoa gutxienez.
Bazkide batek baino gehiagok uzten badie lanari eta ondorioz pertsona batzuk kontratatzen badira haien lanpostuetarako, pertsona bati lansaio osora heltzen ez diren kontratu batzuk egin ahal izango zaizkio harik eta lansaio osoa izan arte.
Orobat, kooperatiba-sozietateak bi pertsona kontratatu ahal izango ditu lansaio osoarekin hutsik geratu den lanpostu bat betetzeko. Hala gertatzen denean, sozietateak kreditu-erreserba izango du gehiegiko lansaioaren zioz hurrengo lanpostu-ordezpenetarako. Kreditu-erreserba aribideko urteko abenduaren 31n amaituko da beti, agortu zein ez.
2.– Diru-laguntza jasotzeko, sozietate-kontratuak Autonomia Erkidegoko, Estatuko edo Europar Batasuneko enpleguko zerbitzu publikoren batean inskribatutako langabeei egin behar zaizkie.
6. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
1.– Artikulu honetan deskribatutako diru-laguntzaren zenbatekoa lansaio osoko kontratuei dagokie; lansaioa osoa ez bada, diru-laguntzaren zenbatekoa langileak lanean egiten duen denboraren araberakoa izango da.
2.– Langabe gisa inskribaturiko pertsona bat kontratatzeagatik 750.000 pezeta (4.507,59 euro) emango dira, ondoko kasuetan izan ezik:
a) 30 urtetik beherakoak kontratatzeagatik 1.000.000 PTA (6010.12 euro) emango da, baldin eta langabezian sei hilabete baino gehiago eta hamabi baino gutxiago egon badira. Langabezian hamabi hilabete baino gehiago egon badira, diru-laguntza 1.250.000 PTA (7.512,65 euro) izango da.
b) Lanik gabe luzaroan (hamabi hilabete gutxienez) egon diren pertsonak kontratatzeagatik 1.000.000 PTA (6.010.12 euro) emango da. Kontratatua langabezian hogeita lau hilabete baino gehiago egon bada, diru-laguntzaren zenbatekoa 1.250.000 PTA (7.512,65 euro) izango da.
c) 45 urtetik gorako pertsonak kontratatzeagatik 1.250.000 PTA (7.512,65 euro) emango dira.
d) Minusbalio fisiko, psikiko edo sentimenezkoren bat duten pertsonak kontratatzeagatik 1.000.000 PTA (6.010,12 euro) emango da (pertsona bat halakotzat hartzeko, erakunde ofizial eskudun batek emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da).
e) Birgizarteratzeko Gutxieneko Diru-sarrera arautu duen apirilaren 20ko 198/1999 Dekretuan eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak arautu dituen apirilaren 20ko 199/1999 Dekretuan (Gizarte Bazterkeriaren aurkako maiatzaren 22ko 12/1998 Legea garatu dute) ezarritako laguntzen onuradun diren pertsonak kontratatzeagatik 1.000.000 PTA (6.010,12 euro) emango da.
f) Presolekuan egonik kanpoan lan egin dezaketen pertsonak kontratatzeagatik eta presolekutik irtendakoak irten eta hamabi hilabete igaro baino lehen kontratatzeagatik 1.000.000 PTA (6.010,12 euro) emango da.
G) Toxikomano izandako pertsonak (alkoholzaleak eta drogazaleak) kontratatzeagatik 1.000.000 PTA (6.010,12 euro) emango da. Halako pertsona bat toxikomano ohitzat jotzeko, talde terapeutiko baten iritziz desintoxikazio eta ohitura kentzeko faseak gaindituta izan behar ditu, sei hilabete baino epealdi luzeagoan egon behar izan du eten gabeko tratamenduan, eta onuragarritzat eduki behar da hura lanaren bidez gizarteratzea.
3.– Aurreko paragrafoetan ezarritako kopuruei 250.000 PTA (1.502,53 euro) gehituko zaizkie kontratatua emakumea denean.
4.– Diru-laguntzaren zenbatekoa inolaz ere ez da izango kontratatzen den pertsonak urtean jaso beharreko lan-aurrerakin gordinaren %60 baino handiagoa.
III. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN GAINEKO BALDINTZA
OROKORRAK
7. artikulua.– Zergen arloko betebeharrak, lanekoak, Gizarte Segurantzarekikoak eta diru-laguntza publikoei dagozkienak bete beharra.
1.– Dekretu honetan ezarritako diru-laguntzak eman eta ordaintzeko, enpresa eskatzaileek zergen arloko betebeharrak edota Gizarte Segurantzarekikoak bete dituztela frogatu beharko dute, horretaz Ogasun eta Finantza Sailak xedatzen duenarekin bat etorriz, eta Lagun-Arorekikoak edo antzeko izaera duten beste erakunde batzuekikoak ere bete beharko dituzte. Gainera, enpresek lanaren arloan indarrean dagoen legeria bete beharko dute.
2.– Halaber, diru-laguntzak eman eta ordaintzeko, onuradunek amaitu egin beharko dituzte Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Nagusiak eta haren organismo autonomiadunek ematen dituzten eite bereko laguntza edo diru-laguntzen inguruan tramitatzen dituzten itzulketa edo zehapen prozedurak.
8. artikulua.– Enpresa edo pertsona onuradunen betebeharrak.
Enpresa onuradunek, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan adierazitako betebeharretatik aplika daitezkeenez gainera, ondokoak ere egin beharko dituzte:
1.– Kontratatzen den bazkide langile edo lan bazkidearen egonkortasuna bermatu. Kontratua iraungitzen bada, jasotako diru-laguntza itzuli beharko da; enpresaren edo erakundearen lan-zentroak ezin badira mugitu eta enpresak kontratatu berria Euskadiko Autonomia Erkidegotik kanpoko lan-zentroren batera lekualdatzen badu eta beraren ordez talde bereko beste pertsona bat kontratatzen ez badu berehala, haren kontratazioaren zioz jasotako diru-laguntza itzuli beharko du. Nolanahi ere, kontratazio berriak ez du ekarriko inolaz ere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiak enplegua sustatzeko beste laguntzarik ematea.
Kontratuaren iraungipena kontratatua hil delako, elbarri geratu delako edo erretiratu delako gertatzen bada, ez da eskatuko ez diru-laguntza jasotzeko, ez ordezkoa berehala kontratatzeko.
2.– Diru-laguntza sortzen duen kontratazioa gertatzen denean langile-zerrendan dauden langileen kopurua hurrengo hiru urteetan mantendu. Salbuespen bakarrak aurreko idatz-zatian adierazitako kasuak izango dira.
3.– Kooperatibek konpromisoa berenganatu behar dute diru-laguntza behar den xedeetarako erabiltzeko, eta horretarako berme erlazionalak jarri beharko dituzte, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera; dekretu horren bidez Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautu da eta haien kudeaketan laguntzaile arituko diren erakundeen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezarri dira.
4.– Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak diru-laguntzen xedea fiskalizatzeko lanetan eskatzen dieten informazioa eman.
5.– Enpresak dekretu honetan ezarritako diru-laguntzen inguruan abiaraziko dituen neurrien berri eman langileei; informazioa ematen dutenean, zehatz-mehatz adierazi beharko dute nortzuk izango diren eragiketan eta nolakoa izango den kontratazio-plana, eta beharrezkoa bada erretiro-baldintzak zehaztu beharko dituzte.
6.– Dekretu honetan ezarritako diru-laguntzetako bat sortzen duen kontratazioa dela bide enpresari atxikitzen zaion bazkideari enpresan lanbide-kategoria berekoentzat ezarrita dauden baldintza eurak aplikatuko zaizkio.
9. artikulua.– Bateraezintasuna bestelako diru-laguntza edo laguntzekin.
Dekretu honetan kontrataziorako ezarritako laguntzak ezin dira pilatu, nahiz eta kontratatzen den pertsonak aurrean definitutako talde baten baino gehiagoren betekizunak bete.
Orobat, diru-laguntza hauek ezin bateratu izango dira herri erakunde honek edo beste batzuek xede bererako ematen dituzten beste batzuekin, Gizarte Segurantzaren kotizazioen hobariekin izan ezik.
10. artikulua.– Diru-laguntza aldatu.
Diru-laguntza emateko kontuan izandako inguruabarretako bat aldatuz gero, emate-ebazpena aldatuko da, dekretu honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarri diren gutxieneko betekizunak zainduz.
IV. KAPITULUA
BATERAKO XEDAPENAK
11. artikulua.– Eskabideen aurkezpena: nola, epea eta berri ematea.
1.– Dekretu honetako laguntzak jasotzeko eskaerak eskaera-orri normalizatuan aurkeztuko dira, oso-osorik eta behar bezala beterik, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzaren lurralde ordezkaritza egokian, hau da, kontratazioa egingo den lan-zentroa dagoen lurralde historikoko ordezkaritzan. Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritakoa aplikatu beharko da.
2.– II. kapituluko 1. atalean adierazitako laguntzak jasotzeko eskabideak lanari utziko dioten bazkideek aurkeztu behar dituzte. Eskabide horiek aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da bazkideari kooperatiba-sozietatean baxa ematen zaionetik.
II. kapituluko 1. atalean adierazitako laguntzak jasotzeko eskabideak kontratu berriak egingo dituzten kooperatiba-sozietateek aurkeztu behar dituzte. Eskabide horiek aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da diru-laguntzaren zio den sozietate-kontratua egiten denetik.
3.– Erakunde edo pertsona onuradunek betekizunak betetzen dituztela frogatu beharko dute laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezten dituztenean.
4.– Publizitateari dagokionez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak deialdia egingo du urtero dekretu honetan ezarritako diru-laguntzen berri emateko; deialdian diru-laguntzetarako aurrekontuan jarritako kopurua ere adieraziko da.
12. artikulua.– Manuzko agiriak.
Diru-laguntza jasotzeko eskabideak oso-osorik bete behar dira, eta haiekin batera ondoko agiriak ere aurkeztu behar dira:
1.– II. kapituluko 1. ataleko laguntzetarako:
a) Gainontzeko Interesatuaren Datuen Altaren Fitxa, eskatzaileak, aurreikuspen erakundeak eta bankuak sinatu eta zigilatua; bertan diru-laguntzaren endosu-hartzaile gisa arituko den gizarte aurreikuspeneko erakundearen datuak adierazi behar dira.
b) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.
c) Enpresaren ziurtagiria, ondokoak agerrarazten dituena:
– Lanari utzi dion bazkidea lansaio osoan aritu dela.
– Kooperatiba-sozietateak jarri duela bazkideak kooperatibako kotizazio-araubide berean arauzko adinarekin erretiratu arte jarraituz gero jasoko lukeen pentsioaren %90 jasoko duela bermatzeko falta den kopurua, hau da, hark jaso ditzakeen prestazio edo ordainsariez eta dekretu honen bidez ematen den diru-laguntzaz gainera behar den kopurua, eta Gizarte Segurantzarekin erretiro-pentsioaren estaldurarako hitzarmen berezia egitearen kostua ere ordaindu duela.
– Kooperatiba-sozietateak sozietate-kontratuak egin dituela dekretu honetako 5. artikuluan ezarri bezala.
d) Gizarte Segurantzaren erretiro-pentsioa jasotzeko eskubidea edukitzeko behar den aldian kotizatu duela frogatzen duen agiria, erakunde egokiak emana.
e) Bazkideak enpleguko gizarte aurreikuspenean espezializaturiko erakunde batekin aurreikuspen-plana sinatu duela frogatzen duen atxikipen-boletina; erakunde horrek enpresak ordaintzen duen diru kopurua eta bazkideari Dekretua dela bide ematen zaion diru-laguntza jasoko ditu.
2.– II. kapituluko 2. ataleko laguntzetarako:
a) Gainontzeko Interesatuaren Datuen Altaren Fitxa, kooperatiba-sozietateak eta bankuak sinatu eta zigilatua.
b) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia.
c) Kooperatiba-sozietateak langileei dekretu honetan ezarritako diru-laguntzen inguruan egingo dituenen berri eman diela frogatzen duen ziurtagiria.
d) Lanari utzi dioten bazkide langile edo lan bazkideen eta haien ordez kontratatutako bazkide langile edo lan bazkide berrien zerrenda. Norbait dekretu honetan eskatutakoa baino luzeagoa den lansaioarekin aritzeko kontratatzen bada eta ondorioz kooperatibak 5.1 artikuluan adierazitako laneko kreditu-erreserba egin ahal badu, zerrenda horretan haren espedientearen zenbakia, izen-deiturak eta NAN adierazi beharko dira.
e) Kontratatuen Nortasun Agiri Nazionalen kopiak.
f) Bazkide langile edo lan bazkide berrien sozietate-kontratuen kopiak; lansaioa zehaztu behar da.
g) Diru-laguntza jasotzeko zio diren bazkideei Gizarte Segurantzan edo Lagun-Aron zein antzeko izaera duten beste erakunde batzuetan eman zaien altaren kopia.
h) Kontratatua lanik gabe egon den aldia frogatzen duen ziurtagiria, Autonomia Erkidegoko edo Estatuko enpleguko zerbitzu publikoak emana. Baldin eta bazkide berria LANGAIn (Kolokazioko Euskal Zerbitzua) lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon bada, horren berri emango da eta ez da egongo ziurtagiririk aurkeztu beharrik.
i) Enpresak hurrengo hiru urteetan plantilla finkoa murriztuko ez duelako konpromisoa.
j) Diru-laguntza eskatu duen enpresak bere zerga-betebeharrak bete dituela frogatzen duen ziurtagiriaren bi ale eguneratu, Foru Ogasunak emanak.
Enpresak batek zor baten ordainketa geroratzea lortu badu eta agiri bidez frogatzen badu, ordainduta balu bezala jokatuko da.
k) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren Probintzi Zuzendaritzaren edo Lagun-Aroren zein antzeko izaera dute beste erakunde batzuen ziurtagiria, aurreko idatz-zatikoaren xede berekoa.
3.– Aurreko idatz-zatietan adierazi diren agiriez gainera, espedientean ondoko agiriak ere sartu beharko dira:
a) Lehenengo enpleguaren bila ari den langabea kontratatzen denean, Gizarte Segurantzako kidetasunari eta hartan alta egin dituen epealdiei buruzko txostena.
b) Minusbalio fisiko, psikiko edo sentimenezkoa duen pertsona kontratatzen denean, minusbalioaren ziurtagiria, erakunde ofizial eskudunak emana.
c) Presolekuan dagoen pertsona edo preso izana kontratatzen denean, erakunde egokiaren ziurtagiria.
d) Birgizarteratzeko Gutxieneko Diru-sarrera edo gizarte larrialdietarako laguntzetako bat jasotzen duen pertsona kontratatzen denean, haren onuradun dela frogatzen duen ziurtagiria, kasuan kasuko oinarrizko gizarte zerbitzuak emana.
e) Toxikomano izandako pertsona kontratatzen denean, osasun agintaritza eskudunak toxikomanoak tratatzeko homologaturiko osasun zentroak emandako ziurtagiria.
13. artikulua.– Eskabidearen akatsak ongitzea.
Diru-laguntza jasotzeko eskabidea behar bezala betetzen ez bada edo aurreko artikuluan adierazitako agirietako bat falta bada, hura eskatu duen pertsonari edo kooperatibari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa ongitzeko edo falta den manuzko agiria ekartzeko, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta orduan Administrazioak berariazko ebazpena eman beharko du eskabideaz eta jakinarazi egin beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.
14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko epea eta haren berri emateko prozedura.
1.– Dekretu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak du.
2.– Dekretu honetan araututako laguntzak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Prestakuntza zuzendariak berariaz emandako ebazpenen bidez eman eta ukatuko dira; eskabide bakoitzeko ebazpen bat emango da. Eskabideak jasotzen diren hurrenkeran ebatziko dira.
3.– Enplegu eta Prestakuntza zuzendariaren ebazpenak ez du agortuko administrazio-bidea, eta beraren aurka interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluen arabera.
4.– Hiru hilabete igaro baino lehen eskabideak ebatzi behar dira eta ebazpenak jakinarazi behar dira; epe horretan berariazko ebazpenik eman ezean, diru-laguntza jasotzeko eskabideari gaitziritzi zaiola ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondoreetarako; nolanahi ere, hori gorabehera Administrazioak berariazko ebazpena eman behar du.
5.– Diru-laguntzen berri emateko, eta ematen den diru-laguntza bakoitza onuradunari berariaz jakinaraziko bazaio ere, Enplegu eta Prestakuntza zuzendariaren ebazpenaren bidez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian diru-laguntzen onuradun suertatzen diren pertsona edota kooperatiba-sozietateen zerrenda argitaratuko da; bertan diru-laguntzen zenbatekoak adieraziko dira, eta emandako diru-laguntzaren bat aldatu bada, aldaketaren berri emango da.
15. artikulua.– Ordaintzeko modua eta diru-laguntza bidezkotzea.
1.– II. kapituluko 1. atalaren itzalpean ematen diren diru-laguntzen zenbatekoa dena batera ordainduko da, bazkideak aurreikuspen plana egina duen enpleguko gizarte aurreikuspeneko erakundearen bidez.
2.– II. kapituluko 1. atalaren itzalpean ematen diren diru-laguntzak honela ordainduko dira: %50 eskatutakoa ematen denean eta gainerako %50 diru-laguntzaren xede diren kontratuak egiten direnetik hamabi hilabete igaro ondoren. Enpresak kontratatuen nominak eta kotizazioei buruzko agiriak (TC-1 eta TC-2 ereduak) eman beharko dizkio Gizarte Segurantzari edo Lagun-Arori, hain zuzen ere kontratuak egin diren hilari eta hamabigarren hilari dagozkienak, bai eta erakunde haiekin hartutako betebeharrak bete dituela frogatzen duten ziurtagirien bina ale eguneratu, Foru Ogasunak eta Gizarte Segurantzak edo Lagun-Arok zein antzeko izaera duten beste erakunde batzuek emanak.
16. artikulua.– Bitarteko ekonomikoak.
1.– Dekretu honen xedea betetzeko jartzen diren bitarteko ekonomikoak Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrean berariaz ezarritako kredituetatik etorriko dira. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emango diren diru-laguntzen guztirako kopurua ez da izango bertan horretarako zainpetutakoa baino handiagoa, ez eta indarreko legeriarekin bat etorriz aurrekontu-aldaketak onesten direnean egiten den egunerapen ondoriozkoa baino handiagoa ere. Inguruabar horren berri emateko, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak administrazio ebazpena emango du; bertan, aldarazpenaren data agertuko da, baita zenbateko berria ere. Laguntzak berariazko ordainketa eta konpromisoko kredituei egotziko zaizkie, zatikako ordainketei aurre egiteko; nolanahi ere, ekitaldi bakoitzean aurrekontuaren itxierari buruz aplika daitekeen arautegia aplikatuko da.
2.– Laguntzak egotzi behar zaizkion aurrekontuan lortu nahi den xederako behar adinako krediturik ez badago, ukatu egingo dira; hala gertatzen bada, dekretu honen eta laguntza berriez ematen diren garapen-arauen eraginkortasuna etengo da. Beraz, dekretu hau indarrean dagoen bitartean ekitaldi ekonomiko batean laguntzak emateko zainpetutako diru kopurua agortzen bada, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeak horren berri emango du administrazio-ebazpen baten bidez; ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta bertan kreditua noiz agortu den adieraziko da.
3.– Ekitaldi bateko aurrekontu-kredituei aurreko ekitaldietan aurkeztutako eskabideetako laguntzak egotzi ahal izango zaizkie, baldin eta onuradunek dekretu honetan laguntzak lortzeko ezarritako betekizunak betetzen badituzte eta eskabideei ezin izan bazaie jaramonik egin aurkeztu diren ekitaldiko aurrekontu-kredituekin.
17. artikulua.– Europako Gizarte Fondoaren finantzaketa.
Dekretu honetan ezarritako laguntzak ematen direnean, ebazpenean Europako Gizarte Fondoak ere finantzatzen dituela adierazi behar da.
18. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, organo eskudunen bidez, behar diren ikuskapen eta kontrol lanak egin ahal izango ditu dekretuaren helburuak betetzen direla bermatzeko.
19. artikulua.– Ez-betetzeak.
Diru-laguntza jasotzen duen pertsona edo erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan ezarritako balizkoetako batean erortzen bada, edo dekretu honetan eta aplika daitezkeen gainerako arauetan edo emate-ebazpenean ezarritako baldintzetako bat betetzen ez badu, Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak ebazpen baten bidez onuradunak falta diren kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du eta, behar denean, baita Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak eta diru-laguntza ordaindu denez gerotiko legezko korrituak itzuli behar zaizkiola ere. Nolanahi ere, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera bidezko diren ekintza guztiak burutu ahal izango dira. Aipatutako kopuruok sarrera publikotzat joko dira legezko ondoreetarako; erantzukizunen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko indarreko xedapenen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da.
20. artikulua.– Kopuruak itzultzeko prozedura.
Aurreko artikuluan adierazitako zerbait gertatzen bada, jasotako laguntzak honela itzuliko dira:
a) Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak laguntza jaso duen pertsona edo enpresari hura itzultzeko prozedura hasiko dela adieraziko dio eta horretarako zioak azalduko dizkio, eta 15 eguneko epea emango dio nahi duena alega dezan.
Prozedura hori hasten denean jasotzeko falta diren kopuruen ordainketak etengo dira.
b) Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako emandako epea alegaziorik aurkeztu gabe igaro ondoren, Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak ebazpen bidez burutuko du prozedura.
Prozedura honek sei hilabete iraun dezake gehienez.
Ebazpenean ezartzen bada zerbait ez dela bete, onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko da, eta, behar denean, baita Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari behar diren kopuruak itzuli behar dizkiola ere; horretarako bi hilabeteko epea izango du ebazpena jakinarazten zaionetik. Epe hori borondatezko epealdikotzat hartuko da.
Borondatezko epealdian kopuruak ordaindu ezean, gertatutakoaren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari, premiamendu-bidetik jardun dezan, aplikatu beharreko legezko arautegian ezarri bezala.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Bakarra.– Diruz lagundutako ekintzen ebaluazioa.
Prestakuntza eta Enpleguaren Sustapenerako Sozietate Publikoak (Egailan S.A.), maiatzaren 11ko 142/1993 Dekretuak enpleguaren eta prestakuntzaren arloko politikez eman dizkion eskumenak baliatuz, eta Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak 1994ko uztailaren 7an Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren eta Egailan S.A.ren arteko harremanak taxutzeko emandako Aginduarekin bat etorriz, dekretu honetan araututako programa ebaluatuko du, eraginkorra denez zehazteko, beharrezkoa bada hobetu eta beste era batera abiarazteko asmoarekin.
Ondore horietarako, dekretu honetan ezarritako diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonek edo kooperatibek EGAILAN S.A.ri lagundu egin beharko diote aipatu berri ditugunak egiten.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Ordezko araubidea.
Dekretu honetan ezarrita ez dagoen zerbait suertatzen denean, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuak onetsia) eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatu beharko da.
Bigarrena.– Arau-garapena.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak ahalmena izango du dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko.
Hirugarrena.– Zenbatekoak eguneratzea.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak ahalmena izango du dekretu honetan ezarritako diru-laguntzen zenbatekoak eguneratzeko.
Laugarrena.– Errekurtsoak.
Dekretu honek administrazio-bidea agortzen du; beraren aurka interesatuek administrazioarekiko auzibide-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta horretarako bi hilabeteko epea izango dute Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbaturik, Administrazioarekiko Auzibideen Jurisdikzioa arautu den uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1 b) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoaren bat etorriz.
Bosgarrena.– Indarraldia.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 26an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.
RSS