
249. zk., 2000eko abenduaren 30a, larunbata
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
5906
AGINDUA, 2000ko ekainaren 28ko Agindua, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, aldatzekoa. Horren bitartez, euskal enpresen kanpoko ezarpenak sortu eta garatzen laguntzeko Gauzatu-Kanpoko Ezarpenak programa arautu zen.
Gauzatu-Kanpoko Ezarpenak programa, bada, Ekonomia Sustatzeko Erakunde arteko Planean definitutako jarduera politiketako bat aplikatzeko tresna gisa eratu da; Inbertsio eta Enpleguari dagokiona aplikatzeko, hain zuzen ere.
2000ko abuztuaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (167. zenbakia) argitaratu zen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko ekainaren 28ko Agindua, euskal enpresen kanpoko ezarpenak sortu eta garatzen laguntzeko Gauzatu-Kanpoko Ezarpenak programa arautzekoa.
Aginduaren aldaketa honek aurreko testua osatzen du. Hartara, Ekonomia Sustatzeko Erakunde arteko Planaren helburua lortzea erraztu nahi da; zehazki esanda, euskal enpresen eta ekonomiaren nazioartekotze maila areagotu nahi da.
Aurreko guztia aintzat harturik, beharrezko da artikuluetan hainbat aldaketa egitea.
Horren guztiaren ondorioz, hau,
XEDATU DUT:
Lehenengo artikulua.– Idatz-zati bat eransten diogu, 3. idatz-zatia, 4. artikuluan, 2000ko ekainaren 28ko Aginduari (euskal enpresen kanpoko ezarpenak sortu eta garatzen laguntzeko Gauzatu-Kanpoko Ezarpenak programa arautzeko Agindua). Honela geratu da:
"3.– Arau honetan emandako laguntzak, betiere, araudi hauen menpe egongo dira: siderurgiari (Europako Ikatz Altzairuen Erkidegoko Itunaz kanpokoa), zuntz sintetikoei eta automobilgintza industriari buruz Europar Batasunak ematen dituen sektore araudi egokien menpe, alegia".
Bigarren artikulua.– 1.– Aldatu egiten dugu 5.1 artikulua, 2000ko ekainaren 28ko Aginduan (euskal enpresen kanpoko ezarpenak sortu eta garatzen laguntzeko Gauzatu-Kanpoko Ezarpenak programa arautzeko Agindua). Honela geratu da:
"1.– Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, laguntza jaso dezaketen inbertsiotzat joko dira enpresa onuradunek beren produkzioa Europar Batasunaz kanpo ezartzeko egindako proiektuak, produkzio-planta berri bat irekitzean, egungo ezarpenak handiagotzean edo atzerriko sozietateak erostean dautzanak, betiere proiektu horietan duten partaidetza gehiengoduna bada, inbertsioaren helburuko herrialdeko lege-aginduz ezinezkoa denean izan ezik. Higiezin, finantza, aseguru eta defentsari dagozkien sektoreetara zuzendutako inbertsioek ezin dute laguntzarik jaso. Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, proiektuek izan ditzaketen edozein motatako zergak ez dira inoiz kontuan hartuko. Inolaz ere ez da laguntzarik emango ordezkapen-inbertsiorako".
2.– Aldatu egiten dugu 5.2 b) artikulua, 2000ko ekainaren 28ko Aginduan (euskal enpresen kanpoko ezarpenak sortu eta garatzen laguntzeko Gauzatu-Kanpoko Ezarpenak programa arautzeko Agindua). Honela geratu da:
"b) Gutxienez hiru urteko amortizazio epea ezarrita izatea, eta enpresaren aktiboan, gutxienez, 5 urtez mantentzea".
3.– Aldatu egiten dugu 5.3 artikulua, 2000ko ekainaren 28ko Aginduan (euskal enpresen kanpoko ezarpenak sortu eta garatzen laguntzeko Gauzatu-Kanpoko Ezarpenak programa arautzeko Agindua). Honela geratu da:
"3.– Ezarpen-proiektua lehendik dagoen enpresa bat erostean datzanean, ondorengo balioetatik txikiena hartuko da laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat:
3.1.– Aktibo finkoen balio garbia. Aktibo finkoak artikulu honen aurreko puntuan zerrendatutako Kontabilitate Plan Orokorreko kategoriak izango dira, erositako enpresaren balantzean azaltzen direnak hain zuzen ere.
3.2.– Lehendik zegoen enpresa erosteko benetan hitzartu eta ordaindutako prezioa".
Hirugarren artikulua.– Aldatu egiten dugu 6. artikulua, 2000ko ekainaren 28ko Aginduan (euskal enpresen kanpoko ezarpenak sortu eta garatzen laguntzeko Gauzatu-Kanpoko Ezarpenak programa arautzeko Agindua). Honela geratu da:
"6. artikulua: Laguntzen modalitatea.
Agindu honen esparruan emango diren laguntzak itzuli beharreko aurrerakinak izango dira. Izan ere, egin beharreko inbertsioen proportziozko laguntzak emango dira eta linealki itzuli beharko dira, bost urteko epean, inbertsio proiektua bukatu eta hurrengo ekitaldik hasita.
Laugarren artikulua: Aldatu egiten dugu 16. artikulua, 2000ko ekainaren 28ko Aginduan (euskal enpresen kanpoko ezarpenak sortu eta garatzen laguntzeko Gauzatu-Kanpoko Ezarpenak programa arautzeko Agindua). Honela geratu da:
"16. artikulua: Aurrerakin itzulgarriak itzultzea.
1.– Aurrerakinen itzulketak aldian-aldian ordainduko dira Euskadiko Garatze Kapitalaren Baltzuaren (SOCADE, SA) kontu batean, itzultzea egokitzen den ekitaldi ekonomiko bakoitza amaitu eta hurrengo bi hilabeteetan.
Horrenbestez, lehenengo itzulketa proiektua amaitu den ekitaldiaren hurrengo bigarren urtean ordainduko da; eta gainerakoak, jarraian eta linealki, lau urtez.
2. Itzulketak egin ondoren, autolikidazio-txostena eta banku-transferentziaren kopia bidaliko dizkio enpresak Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuari (ISEB/SPRI). Laguntza jaso duten enpresek autolikidazio-txostena egingo dute, bost ekitaldietako bakoitzean, egokitzen den itzulketaren kalkulua islatzeko. Bigarren ekitalditik aurrera egiten diren autolikidazio-txostenek aurreko ekitaldietan egin diren itzulketen aipamena barne hartuko dute.
Aurreko paragrafoan adierazitako betebeharrez gain, enpresek laguntza jaso duen ezarpen-proiektuari dagokion auditoria-txostena aurkeztu beharko dute, behar bezala itzulita".
Bosgarren artikulua.– Kendu egiten ditugu lehenengo eta bigarren xedapen iragankorrak, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko ekainaren 28ko Aginduan (euskal enpresen kanpoko ezarpenak sortu eta garatzen laguntzeko GAUZATU-Kanpoko Ezarpenak programa arautzeko Agindua).
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Industria Politikako sailubuordeari aginpidea ematen diot, agindu hau betearazteko behar diren ebazpenak eman ditzan, bai eta honen inguruan sortzen diren zalantza konkretuak ebazteko.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean Agindu hau.
Aurrekoa gorabehera, dagozkion laguntza deialdiak ezin izango dira egin, harik eta enpresa ertain eta txikietarako estatu laguntzei Europako Erkidegoko Ituneko 87 eta 88. artikuluak aplikatzearen gaineko Batzordearen Araudia indarrean sartu arte.
Vitoria-Gasteiz, 2000eko abenduaren 27a.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,
JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.
RSS