
249. zk., 2000eko abenduaren 30a, larunbata
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
5905
AGINDUA, 2000ko abenduaren 27koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, teknologia oinarria duten edo berritzaileak diren enpresa ertain edo txikiak sortu eta garatzen laguntzeko, Gauzatu-Industria programa arautu zuen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena 2000ko uztailaren 28ko Agindu aldatzen duena.
2000ko uztailaren 28ko Aginduak, bada, Gauzatu-Industria programa arautu du, Ekonomia Sustatzeko Erakunde arteko Planean definitutako jarduera politiketako bat aplikatzeko tresna gisa, eta jarduera politiko hori da Inbertsio eta Enpleguari buruzkoa, hain zuzen ere. Ezarritako jarduera eremuaren barruan, beharrezko da aldaketa batzuk egitea, Europako Batasuneko irizpideetan oinarrituta. Izan ere, araudia Europako Erkidegoko arteztarauetara egokitu behar da, aktibo materialetan (gutxienez 5 urtez mantentzea eta ordezkapen inbertsiorik ez onartzea) eta aktibo inmaterialetan (onartzeko baldintzak) egindako inbertsioei dagokienez, bai eta Programa honen bidez lagutzeko modukotzat eta sentikortzat jotzen diren sektoreetako (Europako Ikatz Altzairuen Erkidegoko Itunaz kanpoko siderurgia, zuntz sintetikoak eta automobilgintza industria).
Beste alde batetik, aldatzen den aginduaren eranskinean, "presaz jardun beharreko alde behartsuak" sailkapenaren barruan dauden eskualde eta udalerrien zerrenda ageri da. Halakoetan, eskualde eta udalerri horietan kokaturiko proiektuek, baldin indarrean diren erakunde arteko planak badituzte, tratamendu berezia izango dute laguntzak zenbatestean.
Kontuan hartu behar da, alde batetik, Pasaiako badia suspertzeko Plana Garatzeko Erakunde arteko Ituneko (indarrean den ituna, 1998ko abenduaren 23koa) bigarren klausulan (lurralde eremuari buruzkoa) xedatutakoa; eta, bestetik, gaiari buruzko arauan ez zirela jaso erakunde arteko itun horretako klausulan adierazitako eskualde eta udalerri guztiak. Bi alderdi horiek kontuan hartuta, beraz, beharrezkoa da agindu horren eranskina ere aldatzea.
Aurreko guztia aintzat harturik, beharrezko da artikuluetan hainbat aldaketa egitea.
Horren guztiaren ondorioz, hau,
XEDATU DUT:
Lehenengo artikulua: 1.– Paragrafo bat eransten diogu (3. paragrafoa) 4. artikuluan 2000ko uztailaren 28ko Aginduari (teknologia oinarria duten edo berritzaileak diren enpresa ertain edo txikiak sortu eta garatzen laguntzeko, Gauzatu-Industria programa arautzeko Agindua). Honela geratuko da:
"3.– Arau honen babesean arautzen diren laguntzak, betiere, araudi hauen menpe egongo dira: siderurgiari (Europako Ikatz Altzairuen Erkidegoko Itunaz kanpokoa), zuntz sintetikoei eta automobilgintza industriari buruz Europako Batasunak ematen dituen sektore araudi egokien menpe, alegia".
2.– Aldatu egiten dugu 6. artikuluko 1. idatz zatiko c) letrako testua, 2000ko uztailaren 28ko Aginduan (teknologia oinarria duten edo berritzaileak diren enpresa ertain edo txikiak sortu eta garatzen laguntzeko, Gauzatu-Industria programa arautzeko Agindua). Honela geratuko da:
"c) Gutxienez hiru urteko amortizazio epea ezarrita izatea, eta enpresaren aktiboan, gutxienez, 5 urtez mantentzea".
3.– Idatz-zatibat eransten diogu ( h) idatza-zatia) 6. artikuluko 1. paragrafoan 2000ko uztailaren 28ko Aginduari (teknologia oinarria duten edo berritzaileak diren enpresa ertain edo txikiak sortu eta garatzen laguntzeko, Gauzatu-Industria programa arautzeko Agindua). Honela geratuko da:
"h) Inolaz ere ez da laguntzarik emango ordezkapen inbertsiorako".
4.– Idatz-zati bat eransten diogu ( i) idatz-zatia) 6. artikuluko 1. paragrafoan 2000ko uztailaren 28ko Aginduari (teknologia oinarria duten edo berritzaileak diren enpresa ertain edo txikiak sortu eta garatzen laguntzeko, Gauzatu-Industria programa arautzeko Agindua). Honela geratuko da:
"i) Diruz lagun daitezkeen aktibo inmaterialak onuradunaren establezimenduan bakarrik ustiatu beharko dira, aktibo amortizagarriko elementutzat hartuko dira, hirugarren bati merkatuko baldintzetan erosiak izango dira, eta enpresaren aktiboan, gutxienez, bost urteko epean mantendu beharko dira".
5.– Testua aldatzen diogu 14. artikuluko 1.a) paragrafoari 2000ko uztailaren 28ko Aginduan (teknologia oinarria duten edo berritzaileak diren enpresa ertain edo txikiak sortu eta garatzen laguntzeko, Gauzatu-Industria programa arautzeko Agindua). Honela geratuko da:
"a) Inbertsio proiektuaren memoria xehekatua. Memoriaren barruan, industria, ekonomia, finantza eta lan arloetako plana eman beharko da, eta plana gauzatzeko epeak ere bai. Orobat, teknologia oinarria duen edo berritzailea den enpresaren izaera duela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu".
6.– Testua aldatzen diogu 18. artikuluko 1. idatz zatiari, 2000ko uztailaren 28ko Aginduan (teknologia oinarria duten edo berritzaileak diren enpresa ertain edo txikiak sortu eta garatzen laguntzeko, Gauzatu-Industria programa arautzeko Agindua). Honela geratuko da:
"1.– Aurrerakinen itzulketak aldian-aldian ordainduko dira, bost urtez, Euskadiko Garatze Kapitalaren Baltzuaren (SOCADE, SA) kontu batean, itzultzea egokitzen den ekitaldi ekonomiko bakoitza amaitu eta hurrengo bi hilabeteetan.
Horrenbestez, proiektua amaitu eta hurrengo ekitaldiak sortuko du lehenengo itzulketaren kalkulua, eta hala jarraituko da hurrengo bost ekitaldietan. Hau da, lehenengo itzulketa proiektua amaitu den ekitaldiaren hurrengo bigarren urtean ordainduko da, eta gainerakoak jarraian, bost urte bete arte. Aurrerakinaren herena kopuru finkoak ordainduz itzuliko da, urtero bosten bat itzuliz. Beste bi herenak kopuru aldakorrak ordainduz itzuliko dira, kutxako fluxuaren (zerga ondorengo mozkinak + amortizazioak + hornidurak) %20ren edo ekitaldiko negozio-kopuruaren zenbateko garbiaren %5en arabera, Kontuen Plan Orokorraren definizioari jarraikiz; lortutako kalkuluaren emaitzazko kopuru txikiena itzuliko da eta kopuru hori ez da inoiz negozio kopuruaren zenbateko garbiaren %2 baino txikiagoa izango.
Bi heren horiek itzultzeko betebeharra amaitzeko bi arrazoi daude: edo aurrerakinaren zati hau kitatu izana, edo, bost urteko epea igaro ondoren, ezarritako formularen bitartez osorik berreskuratzea lortu ez izatea".
7.– Kendu egiten ditugu lehenengo eta bigarren xedapen iragankorrak, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko uztailaren 28ko Aginduan (teknologia oinarria duten edo berritzaileak diren enpresa ertain edo txikiak sortu eta garatzen laguntzeko, Gauzatu-Industria programa arautu duen Agindua).
Bigarren artikulua: Aldatu egiten da agindu horretako I. eranskineko ("Presaz jardun beharreko alde behartsuak") testua. Hala bada, honela geratuko da testu hori:
"I. ERANSKINA
PRESAZ JARDUN BEHARREKO ALDE BEHARTSUAK
1.– Ibaizabalen bazterrak:
Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena
Alonsotegi
Barakaldo
Erandio
Muskiz
Ortuella
Portugalete
Santurtzi
Sestao
Valle de Trápaga-Trapagaran
Zierbena
2.– Pasaiako badia:
Lezo
Oiartzun
Pasaia
Errenteria
Pasaiako badiako isurialdean dagoen Donostia-San Sebastiángo lurraldea"
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Industria Politikako sailubuordeari aginpidea ematen diot, agindu hau betearazteko behar diren ebazpenak eman ditzan, bai eta honen inguruan sortzen diren zalantza konkretuak ebazteko.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean Agindu hau.
Aurrekoa gorabehera, dagozkion laguntza deialdiak ezin izango dira egin, harik eta enpresa ertain eta txikietarako estatu laguntzei Europako Erkidegoko Ituneko 87 eta 88. artikuluak aplikatzearen gaineko Batzordearen Araudia indarrean sartu arte.
Vitoria-Gasteiz, 2000eko abenduaren 27a.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,
JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.
RSS