
249. zk., 2000eko abenduaren 30a, larunbata
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
5904
AGINDUA, 2000ko abenduaren 27koa, Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, turismoaren garapenerako interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko GAUZATU-Turismo programa arautzen da.
Euskal Autonomia Erkidegoko turismo sektoreari buruz egindako diagnostikoak adierazten duenez, turismo eskaintzaren dibertsifikatzea oso urria da hainbat turismo arlotan. Beste honako hau ere adierazten du diagnostiko horrek: Euskadik, turismo helburu gisa, hainbat aukera duela. Izan ere, elkarren oso osagarriak diren, ondo komunikatuta dauden eta berebiziko kultura berezitasuna duten turismo baliabideen aniztasuna, aberastasuna eta ahalmena ditu. Horrek guztiak, bada, turismoa garatzeko eta dibertsifikatzeko ahalmen itzela dugula esan nahi du, eta sustatu beharra dago ahalmen hori.
Turismoaren garapenerako interes estregiko berezia duten enpresa sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko GAUZATU-Turismoa programa baliabide egokia izango da ondorengo aukera hauek garatzeko, Ekonomia Sustatzeko Erakunde arteko Planean zehaztutako turismo alorreko programetatik abiatuta:
1. Euskal enpresa sarea garatzea.
2. Euskal Herriko turismo eskaintzaren kalitatea eta lehiakortasuna hobetzea.
Jarduera programa honen bidez sustatu nahi diren inbertsio proiektuak erabat loturik daude turismo eskaintzaren baitan oraindik behar bezala garatu gabe dauden turismo segmentuetan turismo enpresa berriak sortzearekin. Hori guztia turismo produktua eta turismo lurraldea kontuan hartuta egingo da, eta turismo eskaintza lehiakor eta kalitatezkoa garatuz eta dibertsifikatuz, oraingo eta geroko eskabideari aurre egiteko.
Baliabide horri esker azpiegiturak eta ekipamenduak modernizatu ahal izango dira. Era berean, baliabide horri esker, turismo enpresen berrikuntza eta garapen teknologikoa sustatuko da, teknologia berriak eta berrikuntza prozesuak bereganatzen, informazio eta erreserba sistemak hobetzen eta ingurumen teknologian inbertsioak egiten lagunduz.
Arlo horretan, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, aurrerantzean, enpresa proiektuen arriskua partekatzea helburu duten finantza baliabideak garatzearen eta aplikatzearen aldeko apustua egingo du, eta ez orain arte bezala, itzuli beharrik gabeko diru laguntzen formularen aldekoa.
2000ko irailaren 1eko Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren Aginduak, turismoaren garapenerako interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko Gauzatu-Turismoa programa arautzen duenak, laguntza programa hori Ekonomia Sustatzeko Laguntzaren Lineak ezarri zituen Dekretuan (ekainaren 27ko 121/2000 Dekretua) xedatutakoari jarraituz eta garatuz gauzatu da.
Dena den, ezarritako jarduera eremuaren barruan, beharrezko da aldaketa batzuk egitea, Europar Batasuneko irizpideetan oinarrituta. Izan ere, araudia Europar Erkidegoko arteztarauetara egokitu behar da, aktibo materialetan (gutxienez 5 urtez mantentzea eta ordezkapen inbertsiorik ez onartzea) eta aktibo inmaterialetan (onartzeko baldintzak) egindako inbertsioei dagokielarik. Xedapen honek antzemandako enpresa beharretara egokitu beharreko laguntza hobetu nahi du.
Beste alde batetik, Agindu honen II. eranskinean, "presaz jardun beharreko alde behartsuak" sailkapenaren barruan dauden eskualde eta udalerrien zerrenda ageri da. Halakoetan, eskualde eta udalerri horietan kokaturiko proiektuek, baldin indarrean diren erakunde arteko planak badituzte, tratamendu berezia izango dute laguntzak zenbatestean.
Kontuan hartu behar da, alde batetik, Pasaiako badia suspertzeko Plana Garatzeko Erakunde arteko Ituneko (indarrean den ituna, 1998ko abenduaren 23koa) bigarren klausulan (lurralde eremuari buruzkoa) xedatutakoa; eta, bestetik, gaiari buruzko arauan ez zirela jaso erakunde arteko itun horretako klausulan adierazitako eskualde eta udalerri guztiak. Bi alderdi horiek kontuan hartuta, beraz, beharrezkoa da agindu horren eranskina ere aldatzea.
Orain arte esandakoa kontuan hartuta, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren Agindua (2000ko irailaren 1ekoa), hau da, turismoaren garapenerako interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko Gauzatu-Turismoa programari buruzko Agindua indargabetu egin behar da, eta laguntza programa horri buruzko arau berri bat egin behar da, orain arteko iritziak bertan jasota.
Horren guztiaren ondorioz, hau,
XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xede da ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuko 28. artikulua garatzea. Artikulu horretan turismoaren garapenerako interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko Gauzatu-Turismoa programak ekonomia sustatzeko zehazten dituen laguntzen lineak ezartzen dira.
2. artikulua.– Ekonomia baliabideak.
1.– Aurreko artikuluan adierazitako helburura zuzendutako ekonomia baliabideek sorburu hau izango dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu kredituak. Aurrekontu ekitaldi baten barruan emango diren laguntzen guztizko zenbatekoa ezingo da izan esleitutako kopuru hori baino handiagoa (edo, indarrean den legediari jarraituz aurrekontu aldaketarik onartuz gero, haren eguneratzearen emaitza baino handiagoa).
2.– Administrazio ebazpen baten bidez, laguntzak ukatuko dira, baldin laguntza horiek emateko erabili beharreko aurrekontuan helburu horretarako kreditu egokia eta nahikoa ez badago. Horregatik guztiagatik, programa hau indarrean den bitartean, baldin ekitaldi ekonomiko batean laguntzak emateko esleitutako kreditua bukatzen bada, horren berri zabaltzeko, administrazio ebazpen bat emango du Turismo Sailordetzak. Ebazpenean, kreditua zein egunetan bukatu den adieraziko da. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Aurreko ekonomia ekitaldian aurkeztutako inbertsio proiektuak, aurrekontu krediturik ez izateagatik laguntzarik lortu ez zutenak eta lehen aurreikusitako eran ukatutakoak, hurrengo ekitaldiko aurrekontuetako kredituei egotz dakieke, betiere, proiektu horiek laguntzak lortzeko Agindu honetan onartutako baldintzak betetzen badituzte. Horretarako, eskabide berri bat aurkeztu beharko da. Hala ere, lehentasunari dagokiolarik, ukatutako lehen eskabidearen data hartuko da kontuan.
3.– Laguntzak era antolatuan esleituko dira, bakoitza bere espedientea osatutakoan.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak
1.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzak enpresa txiki eta ertainek jaso ditzakete.
2.– Honako baldintzak betetzen dituzten enpresak joko dira enpresa txiki eta ertaintzat:
– Gehienez 250 langilekoa izatea.
– Urteko negozio bolumena 40 milioi euro (6.655.440.000 pezeta) baino gehiagokoa ez izatea. Edo, bestela, urteko balantze orokorra 27 milioi euro (4.492.422.000 pezeta) baino gehiagokoa ez izatea.
– Aurreko betekizunetakoren bat betetzen ez duen (edo duten) beste enpresa batek (edo batzuek) enpresa horretan %25eko partaidetza baino handiagoa ez izatea, zuzenean edo zeharka.
3.– Enpresa txikia eta ertaina bereizi beharra dagoenean, honakoak joko dira enpresa txikitzat:
– 50 langile edo gutxiago dituen enpresa.
– Urteko fakturazioa 7 milioi euro (1.164.702.000 pezeta) baino gehiagokoa ez izatea. Edo, bestela, urteko balantze orokorra 5 milioi euro (831.930.000 pezeta) baino gehiagokoa ez izatea.
– Aurreko betekizunetakoren bat betetzen ez duten beste enpresa batzuek enpresa horretan %25eko partaidetza baino handiagoa ez izatea, zuzenean edo zeharka.
Aurrez adierazitakoari buruz beste edozer interpretatzeko, 1996ko apirilaren 3ko Batzordearen Gomendioan (1996ko apirilaren 30eko DOCE, L107) enpresa ertain eta txikien definizioaz esandakoa, edo hori ordezkatzen edo aldatzen duten xedapenak hartuko dira kontuan.
4.– Edonola ere, enpresa txiki eta ertainek laguntza jasotzen duten inbertsio proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldearen barruan kokatu behar dituzte. Aginduak proiektuak jende guztiak ikustekoak direla badio, jendeak ikusteko moduan jarri behar dira proiektu horiek, batez ere, turismo aldetik garrantzi handiko garaietan, zonetan edo egoeretan.
5.– Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte euren zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai Agindu honetan ezarritako emakidaren esleipendun izateko, bai laguntza horiei dagokien diru kopurua jasotzeko, 1991ko urriaren 7ko Ogasun eta Finantza sailburuaren Aginduan ezarritako eran.
4. artikulua.– Kanpoan geratzen diren erakundeak.
1.– Erakunde onuradunetatik kanpo geldituko da Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde arteko Administrazioko den edozein erakunde.
2.– Agindu honetan araututako laguntzak nahiz diru laguntzak enpresa onuradunei onartu eta, hala badagokie, ordaindu aurretik, amaitu egin behar dira prozedura hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako antzeko laguntzak edo diru laguntzak direla kausa laguntzak itzultzeko edo zigortzeko hasi diren prozedurak, baldin halako prozeduraren baten izapideak aurrera badoaz une horretan.
5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen inbertso proiektuak eta bestelako jarduerak.
1.– Laguntzak emango zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko turismo sektorean inbertsioak egiten dituztenei, batez ere, ondorengo jarduerak egiteko inbertitzen dutenean:
a) Eraikin berri bat egiteko edo izar batetik bostera bitarteko hotela bihurtzeko eraikin zaharra birgaitzeko denean. Eraikin horiek turismo segmentuetako natura, aisialdi edo osasun ezaugarriak izan behar dituzte, eta horretarako ondorengo baldintzetakoren bat bete beharko dute:
– Parke naturalaren barruan nahiz parke naturalaren inguruan dauden herrietan edo turismotik bizi diren udalerrietan egin behar dira eraikin horiek, betiere, Lurralde Antolamenduaren Arteztarauetan proposatutako bigarren eskuko etxebizitzetarako adierazleak (Agindu honetako I. eranskinean aipatzen dira) kontuan hartuta. Dena den, zerrenda hori alda daiteke Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren Aginduz.
– Gizarte, ekonomia eta hirigintza aldetik degradazio handia duten eta indarrean dauden erakunde arteko planen bat duten udalerrietan egin behar dira. Udalerri horiek Agindu honetako II. eranskinean jasotzen dira. Dena den, zerrenda hori Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren Agindu bidez alda daiteke, urteko laguntzen deialdia egin baino lehen.
– Euren instalazioetan kirol, aisialdi edo osasun jarduera osagarriak izan behar dituzte, hala nola, bainu etxeak, talasoterapia, golf edo pitch & putt jendearentzat irekiak, hipika instalazioak edo turismo aktibo edo kulturalen jarduera zentroa.
– Hondartzako hotelen izaera izan behar dute edo kirol portua duten udalerrietan egon behar dira.
b) Eraikin berri bat egitea edo lehendik dagoena birgaitzea landa ingurunean hotel edo etxe bezala erabiltzeko. Azken horretan, honako proiektuak baino ez dira onartuko: Landetxeetarako Kalitate Sistemaren Azpiegitura eta Ekipamenduen Arauan, higiene zerbitzuei, zerbitzu komunei eta gela banaketei buruz, jasotzen diren gutxieneko estandarrekin bete ahal izateko diseinatutako proiektuak.
c) Eraikin berri bat egitea edo lehendik dagoena birgaitzea turismo apartamentu moduan erabiltzeko (hiru hiriburuetakoak izan ezik), eta bungalow eta landetxeko apartamentu moduan erabiltzeko.
d) Eraikitzeko baimena duten kanpinak eta landa inguruneko kanpinak egitea eta lehendik daudenak hobetzea, horretarako, harrera-eraikinetarako sarbide eta bideetan, higiene zerbitzuetan, bestelako instalazio komunetan eta bungalowetan inbertsioak eginez.
e) Hoteletako instalazioak handitzea, betiere, artikulu honetako 1.a idatz zatian jasotako ezaugarriak dituztenak, eta landa inguruneko hoteletan eta landetxeetan instalazioak artikulu honetako 1.b idatz zatian ezarritakoari jarraituz handitzea.
f) Hoteletako (hiriburukoak barne) eta landa inguruneko hoteletako egiturak edo ekipamendua modernizatu eta berritzea.
g) Turismo enpresak edo produktuak natura, aisialdi edo osasun jarduera aldetik turismorako erakargarriak diren sektoreetan eraiki, handitu edo bultzatzea, hala nola, golf zelaiak, pitch&putt edo antzekoak (jendearentzat irekiak), bainu etxeak, zentro termalak, talasoterapia, natura, turismo aktiboa eta kulturala eta antzeko jarduerak, eta Euskal Herriko turismo eskaintza osatzen duten ingurumeneko informazio eta teknologiaren gizarteari buruzkoak.
2.– Laguntzetatik kanpo geldituko dira honako proiektuak: hiri hiriburuetakoren batean egingo diren hotel berriak eta errepidean egingo diren berriak edo lehendik dauden hotel eta motelak modernizatzea.
3.– Halaber, gehienez 1.000.000 pezetako (6.010,12 euro) laguntza emango zaie 1. idatz zatian aipatzen den proiektuaren bideragarritasun edo finantza plana aldez aurretik egiteagatik, betiere, plana gai horietan adituak diren profesional lokabeek eginak badira".
6. artikulua.– Laguntza jaso dezaketen inbertsioak.
1.– Laguntzak kalkulatu ahal izateko, ondorengo hauek joko dira laguntza jaso dezaketen inbertsiotzat: enpresako aktibora gehitzen diren aktibo finkoetan eginikoak, eta gainera, Agindu honetan eta agindu hori garatzen duten xedapenetan xedatutakoa aplikatzean bete beharreko baldintzez gain, beste baldintza hauek ere betetzen dituzten inbertsioak:
a) Ondorengo kategorietakoren batekoa izatea. Kategoria horiek Kontabilitateko Plan Orokorrean ezartzen dira (abenduaren 20ko 1643/1990 Errege Dekretuan jasotzen da), idatz zati hauetan:
– 215 Aplikazio informatikoak.
– 221 Eraikuntzak.
– 222 Instalazio teknikoak.
– 223 Makinak.
– 224 Tresneria.
– 225 Bestelako instalazioak.
– 226 Altzariak.
– 227 Informazioa prozesatzeko tresneriak.
– 228 Garraio elementuak.
– 229 Beste ibilgetu material bat.
228 idatz zatiari dagokiolarik, laguntza jaso dezakete, baina elementu horiek proiektuaren osotasunerako behar beharrezkoak direnean bakarrik.
Kontuan hartuko dira turismo kanpin berrietan, landa inguruneko kanpinetan eta gol zelaietan eta jendearentzat irekita dauden antzeko instalazioetan lurrak mugitzeko eta orubeak egokitzeko egiten diren inbertsioak.
Landetxeak egiteko proiektuetan, ez dira diruz lagunduko jabearen beraren etxebizitzan egindako inbertsioak.
221 idatz zatia kalkulatzeko, ondorengo balioak hartuko dira kontuan:
– Eraikuntza berriko establezimenduetan, establezimendu horren balio, baina lurraren balioa kenduta.
– Lehendik dauden eraikinetan kokatuko diren establezimenduetan,turismo establezimendu moduan birgaitzeko egiten diren berritze obren balioa.
Edonola ere, aktiboek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren gizarte helburu den jarduerarekin.
Aktiboen preziotzat haien balio "garbia" hartuko da, hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.
b) Estreinakoz erabiltzen diren edo funtzionatzen duten tresnak izatea. Erabilitako eraikinak edo eraikuntzak eskuratuz gero, berritzat hartuko dira eraikin edo eraikuntza horiek.
c) Gutxienez hiru urteko amortizazio epea ezarrita izatea, eta enpresaren aktiboan, gutxienez, 5 urtez mantentzea.
d) Oro har, hirugarrenen esku utzita ez egotea, ordainaren trukean izan edo ez.
e) Oro har, enpresa eskatzaileak berak eratutakoak ez izatea (edonola ere, ez zaie behin ere batzen zaizkien kanpoko kontsumoen balioa baino handiagoa emango).
f) Finantza alokairuaren bidez finantzatutako inbertsioak laguntza jaso dezake, baldin eta enpresak dagokion erosketa aukera gauzatzeko konpromisoa berariaz hartzen badu.
g) Diruz lagun daitezkeen aktibo inmaterialak onuradunaren establezimenduan bakarrik ustiatu beharko dira, aktibo amortizagarriko elementutzat hartuko dira, hirugarren bati merkatuko baldintzetan erosiak izango dira, eta enpresaren aktiboan, gutxienez, bost urteko epean mantendu beharko dira.
2.– Ez dira diruz lagunduko bazkideek generotan kapitalera egindako ekarpenak.
Inolaz ere ez da laguntzarik emango ordezkapen inbertsiorako.
3.– Talde bera osatzen duten enpresa edo baltzuen aktiboak erosteko egindako inbertsioak, aktiboak edo pasiboak, gutxienez, bere kapital sozialaren %25a diren inbertsioak, Saileko organoei berariaz jakinarazi beharko zaizkie eta kanpotik kontrolatutako auditorien bidez balioztatuko dira.
II. KAPITULUA
LAGUNTZEN MODALITATEA
ETA EZAUGARRIAK.
7. artikulua.– Laguntzen modalitatea.
Agindu honi jarraituz emango diren laguntzak aurrerakin itzulgarriak izango dira, betiere, egin beharreko inbertsioekiko proportzionalak eta ondorengo laguntza tramuen arabera itzuli beharrekoak:
1.– Proiektua garatzean lortutako emaitzen arabera, betiere, proiektu horietan jasotzen den diruz lagun daitekeen inbertsioa 20.000.000 pezetakoa (120.202,42 euro) bada eta inbertsio hori egiteko, gehienez 24 hilabeteko epea badu.
2.– Kuota finkoaren bidez, baldin eta proiektu horietan jasotzen den diruz lagun daitekeen inbertsio guztia 5.000.000 pezeta (30.050,60 euro) eta 19.999.999 pezeta (120.202,41 euro) bitartekoa bada eta inbertsio hori egiteko, gehienez 18 hilabeteko epea badu.
8. artikulua.– Itzultzekoak diren aurrerakinen ezaugarriak.
1.– Aurrerakin itzulgarriak laguntza jaso dezaken inbertsio osoaren %30eraino irits daitezke, 10. artikuluan xedatutakoaren arabera. Dena den, ezingo da inolaz ere 150.000.000 pezetako (901.518,15 euro) muga gainditu.
2.– Diruz lagun daitezkeen 20.000.000 pezetako (120.202,42 euro) edo gehiagoko inbertsioetan, enpresaren baliabide propioak aktibo garbi osoaren %30a izan behar dira, gutxienez, diru laguntzak kenduta.
3.– Diruz lagun daitezkeen 5.000.000 pezeta (30.050,60 euro) eta 19.999.999 pezeta (120.202,41 euro) bitarteko inbertsioetan, inbertsioaren %30a enpresaren baliabide propioekin finantzatuta egon beharko du.
Artikulu honetan xedatutako inbertsio bolumena kontuan hartuta, baldintza horiek 24 edo 18 hilabeteko epean bete behar dira, gehienez, laguntzak ematen diren egunetik kontatuta. Epe hori ezingo da inolaz ere proiektua amaitzen den egunetik aurrera luzatu. Goian ezarritako gehieneko epeak gaindituz gero, enpresak epe luzapen bat eskatu beharko du baliabide propioei buruzko baldintza hori bete ahal izateko. Hori dela eta, enpresak eskabidea behar bezala arrazoitua aurkeztu beharko du eta ordaintzeko dauden ordainketak atzeratu egingo dira harik eta baldintza hori benetan bete arte. Epe hori luzatzeak ez du inolako eraginik izango proiektua egiteko epeetan ez eta aurrerakinak itzultzeko epeetan ere.
9. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Enpresa txiki eta ertainek honako laguntzak jaso ditzakete:
a) Enpresa txikiei laguntzeko diren inbertsioaren %30eko aurrerakin itzulgarriak.
b) Enpresa ertainei laguntzeko diren inbertsioaren %25eko aurrerakin itzulgarriak.
c) Bideragarritasun edo finantza planaren %100eko aurrerakin itzulgarriak, milioi pezetataraino.
2.– Aurreko idatz zatian zehaztutakoa gorabehera, baldin eta enpresa ertainek euren proiektuak Agindu honetako II. eranskinean aipatzen diren udalerrietan garatzen badituzte, %30eko aurrerakin itzulgarriak jasotzeko aukera izango dute.
10. artikulua.– Laguntza pilaketa eta mugak.
II. eranskinean aipatutako udalerrietan dauden enpresei dagokielarik, aurrerakin itzulgarriak ez dira pilatuko, eta aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera mugatuko da. Beste Administrazio publikoek edo erakunde pribatuek Agindu honetan jasotako laguntzen helburu berarekin emandako diru laguntzak bateragarriak izango dira, baldin eta, osotara, muga hori gainditzen ez badute. Turismoa Sustatzeko Zuzendaritzari eman beharko zaio laguntza horien berri. Muga hori gaindituz gero, Agindu honi jarraituz emandako laguntza murriztu egingo da, soberan emandako diru kopuruan.
III. KAPITULUA
PROZEDURA
11. artikulua.– Prozedura hastea.
Agindu honen bidez araututako laguntzen jendaurreko deialdia egingo da urtero. Diru laguntzak ematean, oinarri hauek erabiliko dira: publizitatea, lehia eta objektibotasuna.
Turismorako sailburuordeak egingo du deialdia, ebazpen bidez. Deialdian zehaztuko da laguntzak emateko esleitutako aurrekontuaren zenbatekoa, eta eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren.
12. artikulua.– Eskabidea.
1.– Agindu honetan araututakoari jarraituz, aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko behar diren baldintzak betetzen dituzten enpresek Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde bulegoetan aurkeztu behar dituzte eskabideak eta gainerako agiri osagarriak, organo ahaldunari zuzenduta, eskabidea eman dezan. Honela aurkez ditzakete: edo zuzenean, edo 30/1992 Legean (Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea, azaroaren 26koa) ezarritako beste era batez. Betiere, Industria Politikarako sailburuordeak emandako urteko deialdian jartzen den epean aurkeztu behar dira. Onuradun izaera hori diru laguntza ordaintzeko unea arte mantendu beharko da.
2.– Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde bulegoek emango ditu eskabide eredua eta formularioak, behin Turismo sailburuordeak ebazpen bidez laguntzetarako deialdia egin eta gero.
3.– Eskabideak inbertsio proiektua hasten den ekitaldi berean aurkeztu behar dira, eta eskabide horietan ezingo da aurreko ekitaldietan egindako inbertsiorik sartu, agindu honetako 2. artikuluan jasotako kasuan izan ezik.
13. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Urteroko deialdian ezartzen diren agiriez gain, enpresa eskatzaileak eskabidearen inprimaki normalizatuak bete beharko ditu. Inprimaki horiek enpresari buruzko informazio orokorra jaso beharko dute, eta gainera, beste hau ere bai:
"a) Inbertsio proiektuaren memoria xehekatua. Delako memoriaren barruan honako hauek sartuko dira, eredu normalizatuan aurkeztuta: turismo negozioaren proiektua; eta ekonomia, finantza eta lan arloetako bideragarritasun plana, sortzen diren lanpostuen eta proiektua gauzatzeko behar diren epeen berri emanez. Eredu hori Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde bulegoek emango dute.
b) Enpresa berriek eraketa eskritura eta identifikazio fiskaleko txartela ere bai.
c) Pertsona eskatzailea ordezkatzen duela egiaztatzen duen ahalduntzearen kopia, baldin agiri hori Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren eskuetan ez badago edo ahalduntzean aldaketarik gertatu ez bada.
d) Azken ekitaldiko kontu ikuskatuen kopia, edo horrelakorik ez bada, baltzuen gaineko zergako azken bi aitorpenak edo, hala badagokio, enpresentzako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko zerga.
e) Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa egunean duela azaltzen duen ziurtagiria.
f) Hala dagokionean, proiektua memoria eta planoekin eta obra egiteko baimena, hala behar izanez gero.
g) Ondorengo gaien egiatasunari buruzko zinpeko aitorpena. Gai horiei buruzko egiatasuna ikuskaritza fasean egiaztatuko da, zerga betebeharrei buruzkoa izan ezik, horiek laguntza eman aurretik egiaztatu beharko baitira:
– Ogasunarekiko betebeharren ordainketa egunean duela.
– Eskabidea egin aurreko ekitaldiko abenduaren 31 baino lehenago enpresak duen langile kopurua, hilabete horretako TC2an oinarrituta.
– Eskabidea egin aurreko ekitaldiko abenduaren 31n izandako fakturazioa.
– Eskabidea egin aurreko ekitaldiko abenduaren 31n egindako balantze orokorraren kopurua.
– Enpresa ertain eta txikiak ez diren enpresa batek edo enpresa batzuek elkarrekin, zuzenean edo zeharka enpresaren kapitalean %25eko partaidetza baino handiagoa ez izatea.
– Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuen aldetik eskatu edo jasotako laguntzak.
2.– Enpresa eskatzaileak gorago aipatutako zinpeko adierazpenean jasotako daturen bat faltsutzen badu, indarrean dagoen zigor araubide administratiboa eta penala ezarriko zaio.
3.– Nolanahi ere, aurkezten diren eskabideak behar bezala ulertu, balioztatu eta izapidetzeko beharrezkotzat hartzen diren agiri eta argibide guztiak eskatu ahal izango dizkiote Turismoko Sailburuordetzak eta Industri Sustapenerako eta Birmoldaketarako Baltzuak enpresa eskatzaileari. Arau honetan zehazki aurreikusita ez dagoenari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko da.
14. artikulua.– Eskabideak aztertzea.
1.– Eskabidea onartu ahal izateko, inprimakiak inprimaki normalizatuetan eta behar bezala beteta aurkeztu behar dira nahitaez.
2.– Eskabideak erabat osatuta ez baldin badatoz edo aurreko artikuluan zehaztutako agiriak ez badakartzate, Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde bulegoak enpresari bi ohar hauek egingo dizkio: batetik, 10 eguneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak aurkezteko. Eta, bestetik, horrela egin ezik, eskabideari uko egin diola ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 71.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
3.– Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde bulegoak, espedientea osatu ondoren, txosten bat prestatuko du proiektuaren turismo egokitzapenari eta turismo arauak betetzeari buruz. Aldeko txostena izan beharko du laguntzak emateko prozedurarekin jarraitu ahal izateko.
4.– Lurralde bulegoak turismo proiektuaren txosten positiboa ematen duenean, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuari (ISEB/SPRI) igorriko zaio, berak aztertu eta ebaluatuko baititu aurkeztutako eskabideak. Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuari (ISEB/SPRI), arau honek esleitzen dizkion eginkizunak betez, enpresa proiektua eta proiektuari aurre egiteko negozio plana aztertuko ditu eta aurrerakina emateko proposamena idatz eta Turismoa Sustatzeko zuzendariari zuzenduko dio.
15. artikulua.– Laguntzak emateari buruzko ebazpena.
1.– Turismoa sustatzeko zuzendariak, aldez aurretik Industriaren sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak (ISEB/SPRI) emango dion txostena kontuan izanik, urteko deialdia argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta sei hilabeteko epean, administrazio ebazpena eman eta jakinaraziko du eta bertan ondokoak zehaztuko ditu: onartutako inbertsio plana eta, hala badagokio, proiektuaren bideragarritasun eta finantza planaren gastua, laguntza jasotzeko modukotzat jo den inbertsio eta diruz lagundu daitezkeen bideragarritasun eta finantza planaren gastuak eta, horrenbestez, emandako diru kopurua.
Gorago adierazitako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, epea amaitutakoan enpresa interesatuak bere asmoa gaitzetsi egin dela ulertu ahal izango du. Hala ere, gerora administrazio-organo aginpidedunak eskatutako diru laguntzari buruzko berariazko ebazpena eman beharko du. Halaber, eskabideak laguntzak jaso ahal izateko baldintzak betetzen ez baditu, Turismoa sustatzeko Zuzendaritzak laguntza ukatzeko ebazpena emango du.
Turismoa Sustatzeko zuzendariak emandako ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo sailburuordeari, hala xedatzen baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak.
2.– Urte anitzeko inbertsio proiektuen kasuan, ebazpenak ondokoak adieraziko ditu: diru laguntza jaso dezakeen inbertsioa eta onartutako inbertsio planaren arabera ekitaldi bakoitzean emandako laguntzaren zenbatekoa.
3.– Laguntzak onartzeari buruzko ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie enpresa eskatzaile guztiei. Eta urtero, esleipendunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
4.– Diru laguntzen onuradun diren enpresek onartu egin beharko dute onetsi zaien diru laguntza. Hartara, diru laguntza eman zaiola jakinarazteko agiria jasotzen duenetik hamabost egun igarotzean, enpresa onuradunek berariaz eta idatziz bekari uko egin ez badiote, diru laguntza onartu dutela ulertuko da.
16. artikulua.– Laguntzak ordaintzeko ebazpena.
1.– Laguntzak jasotzeko enpresak gauzatutako inbertsioen aitorpena eta, baldin badago, proiektuaren bideragarritasun eta finantza plana egiteak sortutako gastuena aurkeztu beharko dio Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuari (ISEB/SPRI), eredu normalizatuan egindako fakturen taularekin eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatearen ziurtagiriarekin batera.
Aitortutako inbertsioak eta proiektuaren bideragarritasun eta finantza plana egiteak sortutako gastuak Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde bulegoek ikuskatuko dituzte eta kanpoko auditoriak erabili ahal izango dituzte horretarako, betiere azken ordainketa egin baino lehen. Enpresa onuradunak ikuskatzeko zerbitzuaren eskueran jarriko ditu 14. artikuluko zinpeko adierazpenean aipatutako agiri guztiak, behin betiko fakturak, goian adierazitako fakturen taulan zehaztutakoekin bat etorri beharko dutenak, eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergako altaren agiria. Horrez gain, ikuskatze zerbitzuek beharrezkotzat jotzen dituzten informazio eta agiriak eskatu ahal izango dituzte.
Alderdi horiek guztiak egiaztatu ondoren, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak (ISEB/SPRI) dagokion diru laguntza ordaintzeko proposamena igorriko dio Turismoa Sustatzeko zuzendariari.
2.– Euskadiko Garatze Kapitalaren Baltzuak (SOCADE, SA) laguntzak ordaindu aurretik, enpresa onuradunari ordaindu behar zaion zenbatekoa, osoa edo partziala, adieraziko duen ebazpena emango du Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Turismo Sustatzeko zuzendariak. Aurrerakin itzulgarriak gehienez ere urtean bitan ordainduko dira.
3.– Goian adierazitako ebazpena enpresa onuradunari eta Euskadiko Garatze Kapitalaren Baltzuari (SOCADE, SA) igorriko zaie, beharrezkoak diren funtsekin batera, honek laguntzak ordain ditzan bertan adierazitako zenbatekoaz.
17. artikulua.– Aurrerakin itzulgarriak itzultzea..
1.– Aurrerakinen itzulketak aldian-aldian ordainduko dira Euskadiko Garatze Kapitalaren Baltzuaren (SOCADE, SA) kontu batean, itzultzea egokitzen den ekitaldi ekonomiko bakoitza amaitu eta hurrengo bi hilabeteetan.
2.– 20.000.000 pezetako (120.202,42 euro) edo gehiagoko inbertsioen kasuan, proiektua amaitu eta hurrengo ekitaldiak sortuko du lehenengo itzulketaren kalkulua eta hala jarraituko da hurrengo bost ekitaldietan. Hau da, lehenengo itzulketa proiektua amaitu den ekitaldiaren hurrengo bigarren urtean ordainduko da, eta gainerakoak jarraian, bost urte bete arte.
Aurrerakinaren herena kopuru finkoak ordainduz itzuliko da, urtero bosten bat itzuliz. Gelditzen diren beste bi herenak kopuru aldakorrak ordainduz itzuliko dira, kutxako fluxuaren (zerga ondorengo mozkinak + amortizazioak + hornidurak) %20ren edo ekitaldiko negozio-kopuruaren zenbateko garbiaren %5en arabera, Kontuen Plan Orokorraren definizioari jarraikiz; lortutako kalkuluaren emaitzazko kopuru txikiena itzuliko da eta kopuru hori ez da inoiz negozio kopuruaren zenbateko garbiaren %2 baino txikiagoa izango.
Bi heren horiek itzultzeko betebeharra amaitzeko bi arrazoi daude: edo aurrerakinaren zati hau kitatu izana, edo, bost urteko epea igaro ondoren, ezarritako formularen bitartez osorik berreskuratzea lortu ez izatea.
3.– 5.000.000 pezeta (30.050,60 euro) eta 19.999.999 pezeta (120.202,41 euro) bitarteko inbertsio osoetarako emandako aurrerakin itzulgarriak 5 urtetan kuota finkoak ordainduz itzuliko dira, urte beteko gabealdiaren ondoren urtean kopuruaren bosten bat itzuliz, inbertsio proiektua amaitzen denetik hasita.
4.– 20.000.000 pezetako (120.202,42 euro) edo gehiagoko inbertsio osoen kasuan, itzulketa partzialak egin ondoren, autolikidazio txostena, banku transferentziaren kopia eta itzulketaren autolikidazioa kalkulatzeko erreferentziatzat erabili den balantzea eta ustiapen-kontu banakatua bidaliko dizkio enpresa onuradunak Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuari (ISEB/SPRI). Laguntza jaso duten enpresek autolikidazio-txostena egingo dute, bost ekitaldietako bakoitzean egokitzen den itzulketaren kalkulua islatzeko. Bigarren ekitalditik aurrera egiten diren autolikidazio-txostenek aurreko ekitaldietan egin diren itzulketen aipamena barne hartuko dute.
Administrazioaren aldeko edo aurkako aldeak antzematen direnean, hurrengo autolikidazioan konpentsatuko dira. Aldea Administrazioaren aurkakoa denean, alde hori hurrengo ekitaldiko likidazioan konpentsatuko da, baina enpresa onuradunak okerreko autolikidazioa egin zuen egunetik dagozkion legezko interesak aplikatuko dira Aldea azken autolikidazioan antzematen bada, enpresa onuradunak hiru hilabeteko epean zuzendu eta erregularizatu beharko du, dagokion zenbatekoak itzuliz eta okerreko autolikidazioa egin zuen unetik aplikatzekoak diren legezko interesak ordainduz.
5.– 5.000.000 pezeta (30.050,60 euro) eta 19.999.999 pezeta (120.202,41 euro) bitarteko inbertsio osoen kasuan, itzulketak egin ondoren, autolikidazio-txostena eta banku transferentziaren kopia bidaliko dizkio enpresa onuradunak Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuari (ISEB/SPRI). Laguntza jaso duten enpresek autolikidazio-txostena igorriko dute bost ekitaldietako bakoitzean. Bigarren ekitalditik aurrera egiten diren autolikidazio-txostenek aurreko ekitaldietan egin diren itzulketen aipamena barne hartuko dute.
6.– Artikulu honetan idatzitakoa gorabehera, legez auditoria egitera behartutako enpresek auditoria-txostena igorriko dute eginda dagoenean eta betebehar hori ez dutenek zerga bilketarako erakunde ofizialetan entregatu duten Baltzuen gaineko Zergaren aitorpenaren fotokopia igorriko dute. Turismoko Sailburuordetzak nahiz Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak (ISEB/SPRI) honako hau eska diezaioke enpresa onuradunari: laguntzan ezarritako baldintzak betetzen dituenentz egiaztatzeko behar diren agiri guztiak, eta batez ere, laguntzako helburu diren aktiboak enpresan mantentzea.
IV. KAPITULUA
ERAKUNDE LAGUNTZAILEAK
18. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Arau honetan jasotako araubideari jarraituz onartzen diren diru laguntza eta laguntzen ondorioetarako, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua (ISEB/SPRI) eta Euskadiko Garatze Kapitalaren Baltzua (SOCADE, SA) erakunde laguntzaile izendatzen dira. Laguntzak jasotzeko baldintzak ondoren lege dekretuetan jasotzen dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru laguntzen berme eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusia Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 1eko 1/1997 Legegintzako Dekretuan. Betiere, arau honetan jasotako zehaztasunak beteko dira, eta horretarako lankidetza hitzarmen egokia izenpetu beharko da.
2.– Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak (ISEB/SPRI), erakunde laguntzailea denez, honako eginkizun hauek izango ditu:
a) Inbertsio proiektuak bildu eta kalifikatzea.
b) Enpresa proiektua eta bideragarritasun plana aztertzea.
c) Laguntzak emateari buruzko proposamena.
d) Ordainketa proposamenak eta ikuskatze errekerimenduak egitea.
e) Itzulketen autolikidazioak balioztatzea.
3.– Euskadiko Garatze Kapitalaren Baltzuak (SOCADE, SA), erakunde laguntzailea denez, honako eginkizun hauek izango ditu:
a) Onuradunei ordainketa igortzea.
b) Zenbateko itzulgarriak jasotzea.
c) Kontuko mugimenduen (sarrerak eta gastuak) berariazko kontabilitatea gartzea.
d) Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuari (ISEB/SPRI) eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari aldian-aldian kontabilitatearen eta gertatzen diren gorabeheren beri ematea.
V. KAPITULUA
BALDINTZAK EZ BETETZEA
19. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.
1.– Gerta daiteke enpresa onuradunak ondorengo hauek guztiak ez betetzea: Agindu honetan jarritako baldintzak, aplikagarri diren gainerako arauak, eta, hala badagokio, ebazpenean jartzen diren baldintzak. Halakoetan, organo aginpidedunak Ebazpen bidez adieraziko du diru laguntza jasotzeko eskubidea galdu egin dela; bai eta, hala badagokio, jasotako laguntzak eta legez dagozkien interesak Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Orokorrari emateko betebeharra jarriko ere. Zigor hori jartzeko, aurretik, ez betetzeagatiko espedientea irekiko du organo horrek, eta interesdunari hamabost eguneko entzunaldia emango dio. Gainera, organo horrek egoki diren legezko beste ekintzak ere egin ahal izango ditu. Lege testu hauetan araututa dago hori: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru laguntzen bermetarako eta itzulketetarako araubide orokorra ezartzen eta haien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizun, araubide eta betebeharrak zehazten dituena) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antola Arauei buruzko Legeko 53. artikuluan. Kopuru horiek diru sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.
2.– Baldintzak ez betetzeen artean honako hauek daude:
a) Agindu honen 8 eta 9. artikuluetan inbertsioari eta proiektua egiteko funtsa propioen ekarpenari buruz ezarritako gutxienekoak ez gauzatzea, 21. artikuluan xedatutakoa izan ezik.
b) Inbertsioa egiteko eta funtsa propioen ekarpena egiteko ezarritako epeak gainditzea, betiere Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Turismoa Sustatzeko zuzendariak emandako aldaketa baimenik edo luzapenik ez badago.
c) Autolikidazioak eta itzulketak agindu honetan adierazitako epeetan ez egitea, betiere Turismoa Sustatzeko zuzendariak emandako luzapenik ez badago. Luzapena emateko aldez aurretik enpresa onuradunak eskatu eta bere finantza egoera eta, hala badagokio, itzulketak kutxako fluxuaren arabera ordaintzeko ahalmena balioztatu behar da.
d) Aurkeztutako proiektuan onartutako turismo araudiari buruzko zehaztapenak betetzea eragozten duen jatorrizko proiektuaren edozein desbiderapen, Turismoa Sustatzeko Zuzendaritzak aldez aurretik jakinarazi eta onartu edo berariaz salbuetsi duenean izan ezik.
e) Proiektuaren beste edozein desbiderapen edo laguntzak emateko ebazpenean ezartzen den beste edozein betebehar ez betetzea.
3.– Turismoa sustatzeko zuzendariari dagokio ez betetzeari buruzko espedientea hasi eta ebaztea, eta Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuak (ISEB/SPRI) proposatuta egin dezake proiektua amaitu baino lehenagoko gorabeheren ondorioz edo Euskadiko Garazte Kapitalaren Baltzuak (SOCADE, SA) proposatuta itzulketei buruzko gorabeheren kasuan.
4.– Proiektua egiten ari den bitartean enpresak enpresa ertain eta txiki izateari uzten badio, ez da ez betetzeari buruzko espedientea hasiko, baina enpresa ertain eta txiki izateari utzi dion uneraino egindako inbertsioak bakarrik kontuan hartuko dituen likidazio bat egingo da eta enpresak behar ez bezala jasotako kopuruak itzuli beharko ditu; gainerakoari dagokionez, 18. artikuluan ezarritako erregimena mantenduko da.
5.– Erakunde onuraduna lehiaketa prozedura batean baldin badago, Administrazioak, eman dituen aurrerakin itzulgarriak berreskuratzeko eta agindu honen 18.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, kasu bakoitzean aplika daitezkeen xedapenek aitortzen dioten lehentasuna izango du.
20. artikulua.– Diru laguntzen baldintzak aldatzea.
1.– Laguntza eman zuen ebazpena alda daiteke, baldin diru laguntzak ematerakoan zeuden baldintzetakoren bat aldatzen bada, edo diru laguntza horiekin batera, beste erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru laguntzak ere jaso badira. Baina, betiere, beharrezko izango da arau honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak gordetzea.
Halakoetan, Turismoa Sustatzeko zuzendariak ebazpen egokia emango du, inbertsio proiektuen aldaketa eta emandako laguntzen zenbatekoen berregokitzapena barne hartzeko; honek guztiak, era berean, baliabide propioen ekarpena eta egin beharreko itzulketak aldatuko ditu.
2.– Era berean, laguntzak onartu zituen administrazio organoak luzatu egin ahal izango du egin beharreko jarduerak egiteko epea. Horretarako, ezinbestekoa da aldez aurretik enpresak eskaria egin eta justifikatzea. Epea luzatzeak, berekin dakar dagokion laguntzaren ordainketa ere atzeratzea, alegatutako arrazoiek horrela jokatzea eragiten badute.
21. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak
1.– Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, diruz lagundutako proiektuak garatu eta gauzatzeari buruz, egoki deritzen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu. Enpresa onuradunek, betiere, aurreko artikuluaren ondorioetarako beharrezko jotzen den informazio oro eman beharko dute.
2.– Enpresa onuradunek, diru laguntza, eman den helburu konkreturako erabiltzeko betebeharra dute, aurreko artikuluan araututakoa aplikatzen denean izan ezik.
3.– Behin betiko fakturak, artxibatuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura egon behar dira, 5 urtez.
4.– enpresa onuradunen betebeharra da Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak aurrera eramanez, eskatzen dieten informazio oro ematea.
22. artikulua.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, Administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango zuzenean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoari jarraituz.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Daitekeena da, 30/1992 Legearen (Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea) 45. artikuluan ezarritakoari jarraituz, izapidetze telematikoa egiteko prozeduraren bat garatzea eta dagokion araua argitaratzea. Hala gertatuz gero, Agindu honetan araututako laguntzak prozedura horren arabera izapidetu ahal izango dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabeturik gelditu da 2000ko irailaren 1eko Merkataritza eta Turismo sailburuaren Agindua, hau da, turismoaren garapenerako interes estrategiko berezia duten enpresak sortzen eta bertan inbertitzen laguntzeko Gauzatu-Turismoa programari buruzko agindua eta agindu honetan xedatutakoaren aurka doan beste edozein xedapen ere.
Aurreko idatz zatian esandakoa gorabehera, 2000ko irailaren 1eko Aginduaren babesean emandako laguntzek xedapen horren mende jarraituko dute harik eta erabat amaitu arte.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Turismo sailburuordeari aginpidea ematen diot, agindu hau betearazteko behar diren ebazpenak eman ditzan, bai eta honen inguruan sortzen diren zalantza konkretuak ebazteko.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean Agindu hau.
Aurrekoa gorabehera, dagozkion laguntza deialdiak ezin izango dira egin, harik eta enpresa ertain eta txikietarako estatu laguntzei Europako Erkidegoko Ituneko 87 eta 88. artikuluak aplikatzearen gaineko Batzordearen Araudia indarrean sartu arte.
Vitoria-Gasteiz, 2000eko abenduaren 27a.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,
JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.
I. ERANSKINA
HOTEL ASENTAMENDUKO UDALERRIAK
Enkartazioetako eskualde egitura
Trucios-Turtzioz
Arcentales
Balmaseda
Carranza
Lanestosa
Goierriko eskualde egitura
Ataun
Segura
Zaldibia
Zegama
Bilbo metropolitarreko eskualde egitura
Abanto y Ciérvana
Barrika
Gorliz
Lemoniz
Muskiz
Plentzia
Sopelana
Zeberio
Zierbena
Donostia-Beterriko eskualde egitura
Hondarribia
Oiartzun
Urola-Kostako eskualde egitura
Aia
Beizama
Getaria
Orio
Zarautz
Zumaia
Durangaldeko eskualde egitura
Elorrio
Mañaria
Deba Beheko eskualde egitura
Deba
Mutriku
Busturialdea-Artibaiko eskualde egitura
Aulesti
Bermeo
Berriatua
Busturia
Ea
Elantxobe
Gautegiz Arteaga
Ibarranguelua
Ispaster
Lekeitio
Mendata
Mendexa
Mundaka
Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz
Muxika
Ondarroa
Sukarrieta
Arabako Errioxako eskualde egitura
Mañueta
Elciego
Labastida
Laguardia
Lantziego
Lapuebla de Labarca
Leza
Moreda de Alava
Samaniego
Eskuernaga
Yécora
Aiarako eskualde egitura
Artziniega
Aiara
Okondo
Orduña
Orozko
Deba Garaiko eskualde egitura
Aramaio
Leintz-Gaztaga
Oñati
Mungiako eskualde egitura
Arrieta
Bakio
Maruri
Meñaka
Toloserriko eskualde egitura
Abaltzisketa
Albiztur
Amezketa
Bidegoyan
Araba Erdialdeko eskualde egitura
Armiñón
Arraia-Maeztu
Arrazua-Ubarrundia
Asparrena
Barrundia
Berantevilla
Bernedo
Kanpezu
Zigoitia
Cuartango
Elburgo
Lagran
Legutiano
Otxandio
Peñacerrada-Urizaharra
Ribera Alta
Añana
Donemiliaga
Ubide
Urkabustaiz
Valdegobia
Zalduondo
Zuia
II. ERANSKINA
PRESAZ JARDUN BEHARREKO ALDE
BEHARTSUAK
1.– Ibaizabal Itsasadarraren Ezkerraldea:
Abanto y Ciérvana/Abanto Zierbena
Alonsotegi
Barakaldo
Erandio
Muskiz
Urtuella
Portugalete
Santurtzi
Sestao
Valle de Trápaga/Trapagaran
Zierbena
2.– Pasaiako badia:
Lezo
Oiartzun
Pasaia
Errenteria
Pasaiako badiako isurialdean dagoen Donostia-San Sebastiángo lurraldea.
RSS