
249. zk., 2000eko abenduaren 30a, larunbata
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
5903
AGINDUA, 2000ko abenduaren 21ekoa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, turismo enpresetan oinarrizko ekipamenduak modernizatzen laguntzeko programa arautzen duena.
Euskadiko turismo sektoreari buruz egindako diagnostikoak adierazten duenez, Euskadik, turismo helburu gisa, badu hainbat aukera. Izan ere, elkarren oso osagarriak diren, ondo komunikatuta dauden eta berebiziko kultura berezitasuna duten turismo baliabideen —oso baliabide garrantzitsuen— aniztasuna, aberastasuna eta ahalmena handia da Euskadin. Horrek guztiak, bada, turismoa garatzeko eta dibertsifikatzeko ahalmen itzela dugula esan nahi du, eta sustatu beharra dago ahalmen hori.
Aldi berean, geure turismo eskaintzan dugun hainbat ahultasun nabarmentzen ditu; horien artean, aipatzekoa dugu geure turismo enpresen modernizatze eskasa, baita ekipamendu maila oinarrikoenean ere. Modernizatze behar horrek, bada, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten turismo enpresen sektore zabal eta askotarikoari eragiten dio. Inbertsio maila handiak eskatzen ez dituzten jarduerak dira, gure sektoreko jarduera arlo guztiei —hau da, bai ostalaritza arloari, bai txikizkako bidaia agentzia eta bestelako turismo enpresa osagarriei— eragin behar dieten jarduerak.
Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren laguntzak, gai honetan, itzultzekoak ez diren diru laguntzen bidez gauzatuko dira. 100.000 pezeta (6.010,12 euro) baino gehiagoko inbertsioei laguntzeko izango dira, inbertsioek helburu hau izan beharko dute: turismo enpresetako oinarrizko ekipamenduak modernizatu eta berritzea, sektore horri informazio gizarteak egiten dizkion erronketara egokitu beharra ere kontuan hartuta.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xede da, hemen araututako baldintzetan, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresek turismo sektorean oinarrizko ekipamenduak modernizatzeko egindako inbertsioetarako laguntzen esparru orokorra zehaztea. Hartara, Ekonomia Sustatzeko Laguntzak ezartzen dituen ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuan xedatutakoa garatzen du.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Aurreko artikuluan adierazitako helburura zuzendutako ekonomia baliabideek sorburu hau izango dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu kredituak. Aurrekontu ekitaldi baten barruan emango diren laguntzen guztizko zenbatekoa ezingo da izan esleitutako kopuru hori baino handiagoa (edo, indarrean den legediari jarraituz aurrekontu aldaketarik onartuz gero, haren eguneratzearen emaitza baino handiagoa).
2.– Administrazio ebazpen baten bidez, laguntzak ukatuko dira, baldin laguntza horiek emateko erabili beharreko aurrekontuan helburu horretarako kreditu egokia eta nahikoa ez badago. Horregatik guztiagatik, programa hau indarrean den bitartean, baldin ekitaldi ekonomiko batean laguntzak emateko esleitutako kreditua bukatzen bada, horren berri zabaltzeko, administrazio ebazpen bat emango du Turismo Sailordetzak. Ebazpenean, kreditua zein egunetan bukatu den adieraziko da. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Aurreko ekonomia ekitaldian aurkeztutako inbertsioak, aurrekontu krediturik ez izateagatik laguntzarik lortu ez zutenak eta lehen araututako eran ukatutakoak, hurrengo ekitaldiko aurrekontuetako kredituei egotz dakieke. Horretarako, nahitaezkoa izango da inbertsio horiek Agindu honetan laguntzak lortzeko ezarri diren baldintzak betetzea, eta eskabide berri bat aurkeztea. Hala ere, lehentasunari dagokionez, ukatutako lehen eskabidearen data hartuko da kontuan.
3.– Laguntzak ordenan emango dira, espedientea osatuta dagoen unearen arabera.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Enpresa ertain edo txikiek jaso ahal izango dituzte Agindu honetan araututako laguntzak. Betekizun hauek betetzen dituztenak hartuko dira enpresa ertain edo txikitzat:
a) Gehienez 250 langilekoa izatea.
b) Urteko negozio bolumena 40 milioi euro (6.655.440.000 pezeta) baino gehiagokoa ez izatea. Edo, bestela, urteko balantze orokorra 27 milioi euro (4.492.422.000 pezeta) baino gehiagokoa ez izatea.
c) Aurreko betekizunetakoren bat betetzen ez duen (edo duten) beste enpresa batek (edo batzuek) enpresa horretan %25eko partaidetza baino handiagoa ez izatea, zuzenean edo zeharka.
Aurrez adierazitakoari buruz beste edozer interpretatzeko, 1996ko apirilaren 3ko Batzordearen Gomendioan (edo hura ordezkatu nahiz aldatzen dutenetan) enpresa ertain eta txikien definizioaz esandakoa hartuko da kontuan.
Adierazitako enpresa ertain edo txiki horiek ondorengo turismo enpresa mota hauetakoren batekoak izan behar dira:
a) Ostalaritzako turismo establezimenduak, landetxeak eta kanpinak.
b) Txikizkako bidaia agentziak.
c) Jatetxe eta taberna enpresak (Turismoa Antolatzen duen martxoaren 16ko 6/1994 Legeko 35. artikuluan zehaztuak).
d) Bestelako turismo enpresa osagarriak. Turismoa Antolatzeko martxoaren 16ko 6/1994 Legeko 37. artikuluan zehaztutakoak hartuko dira halakotzat.
2.– Erakunde onuradunek, bai laguntza horien esleipendun izateko, bai laguntza horiei dagozkien ordainketak jasotzeko, beren zerga betebeharren ordainketa egunean izan beharko dute. Alde horretatik, Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan (diru laguntzen onuradunek beren zerga betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzea arautzen duena) edo hura ordezkatzen duen araudian ezarritakoa bete beharko da.
4. artikulua.– Sartzerik ez duten erakundeak.
1.– Ondorengo hauek ezin dira onuradun gisa sartu:
a) Enpresa handiak. Halakotzat joko dira Agindu honetako 3. artikuluko 1. puntuan ezarritakoari jarraituz enpresa ertain edo txikitzat hartzen ez direnak.
b) Eurko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Industria eta Merkataritza Sailburuordetzen eskumenekoak diren arloetako inbertsioak dituzten enpresak.
2.– Agindu honetan araututako laguntzak nahiz diru laguntzak enpresa onuradunei onartu eta, hala badagokie, ordaindu aurretik, amaitu egin behar dira prozedura hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako antzeko laguntzak edo diru laguntzak direla kausa laguntzak itzultzeko edo zigortzeko hasi diren prozedurak, baldin halako prozeduraren baten izapideak aurrera badoaz une horretan.
5. artikulua.– Diruz lagun daitekeen inbertsioa.
Agindu honen ondorioetarako, honako betekizunak betetzen dituzten inbertsioak hartzen dira diruz lagun daitezkeen inbertsiotzat:
1.– Enpresaren aktibora sartzea, eta ondorengo kontzeptuen barruan:
a) Aplikazio informatikoak. Aplikazio generikoak edo estandarrak baino ez dira onartuko. Kanpoan geratuko dira aplikazio espezifikoak edo neurrira egindakoak; bai eta aplikazioak berrikusi, egokitu eta zuzentzeko gastuak ere.
b) Informazioa prozesatzeko tresneriak.
c) Kutxa erregistratzaileak.
d) Kontserbazio sistemak.
e) Pisatze eta neurtze sistemak.
Betiere, laguntzaren helburu diren aktiboak ostalaritza jarduerekin zuzenean lotuta egon beharko dira, eta teknologia berritu eta modernizatzera zuzenduta. Aktiboen preziotzat haien balio "garbia" hartuko da, hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.
2.– Proiektuetako inbertsioa gutxienez 100.000 pezetakoa edo 601,01 eurokoa izan beharko da.
3.– Estreinakoz erabiltzen diren edo funtzionatzen duten tresnak izatea.
4.– Gutxienez hiru urteko amortizazioaldia ezarrita izatea.
5.– Hirugarrenei ez lagatzea.
6.– Enpresa eskatzaileak fabrikatuak, eginak edo garatuak ez izatea.
7.– Laguntza jasotzen duten inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldearen barruan kokatzea.
8.– Inbertsioek, diru laguntza jaso ahal izateko, deialdia egiteko ebazpena indarrean sartzen den ekitaldian gauzatutako inbertsioak baino ez ditzakete beren baitan hartu. Dena dela, Agindu honetako 2. artikuluan araututako aukera erabili ahal izango da.
6. artikulua.– Laguntzak.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak itzultzekoak ez diren diru laguntzen bidez gauzatuko dira.
2.– Agindu honetan araututako laguntzetarako diru laguntzen ehunekoa inbertsio proiektuaren kostuaren %20koa izango da. Enpresa bakoitzeko, gehienez, 1.000.000 pezeta edo 6.010,12 euro emango da.
7. artikulua.– Beste laguntzekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honen bidez ezarritako laguntzetan, "minimis" laguntzei buruzko Europar Batzordearen 96/C 68/06 Komunikazioan (edo horri buruz Europar Batasunean emandako beste arteztarau nahiz xedapenetan) zehaztutako "minimis" arauak bete beharko dira.
2.– Agindu honetan araututako laguntzen babesa hartzen duten enpresen inbertsioek ez dute beste laguntzarik jaso ahal izango, edozein dela ere beste laguntza horien izaera eta eman dituen organo edo Administrazioa, baldin Europar Erkidegoko araudian laguntzak metatzeari buruz jarritako mugak gainditzen badira. Gainera, inolaz ere ezingo dute gainditu Agindu honen bidez diruz lagundutako inbertsioaren kostua.
3.– Agindu honetan xedatutakoan oinarriturik emandako laguntzetatik zuzenean kentzekoak izango dira beste organo edo Administrazioek emandakoak, baldin diruz laguntzeko aktiboei dagokienez helburu bera badute, aurreko paragrafoan adierazitako gehieneko mugetara iritsiz gero.
II. KAPITULUA
PROZEDURA
8. artikulua.– Prozeduraren hasiera.
Agindu honen bidez araututako laguntzen jendaurreko deialdia egingo da urtero. Diru laguntzak ematean, oinarri hauek erabiliko dira: publizitatea, lehia eta objektibotasuna. Turismo sailburuordearen ebazpen baten bidez egingo da deialdia. Datu hauek zehaztu behar dira deialdiko iragarkian: ekitaldi horretan diru laguntzak emateko aurrekontu zuzkidura zenbatekoa den; Agindu honetan jasotako zenbatekoak kontsumorako prezioen indizeari jarraituz eguneratuko direla erabakiz gero, horren adierazpena; eskabideak aurkezteko epea; eta eskabideak non aurkeztu behar diren. Betiere, datu horietan guztietan, arau honetan ezarritakoari men egin beharko zaio.
9. artikulua.– Eskabideak.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak jasotzeko eskabideak eta gainerako agiri osagarriak Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde bulegoan (proiektuari dagokion lurralde historikoko bulegoan) aurkeztu beharko dira. Honela aurkez ditzakete: edo zuzenean, edo 30/92 Legean (Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea, azaroaren 26koa) ezarritako beste era batez.
Turismo sailburuordearen ebazpen baten bidez urtero egin beharreko deialdian ezarriko da zenbatekoa izango den eskabideak aurkezteko epea, zehatz-mehatz.
10. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Urteroko deialdian ezartzen diren agiriez gain, enpresa eskatzaileak eskabidearen inprimaki normalizatuak bete beharko ditu. Eskabidean jasotako alderdiak egiaz hala direla esaten duen adierazpena (zinpeko edo erantzukizuneko adierazpena) ere aurkeztu beharko da. Eskabidean jasotako zenbait alderdi (zerga betebeharrei dagokiona izan ezik, hori diru laguntza eman aurretik egiaztatuko baita) egiaztatu egin ahal izango ditu Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, egiten dituen ikuskapenetan, Agindu honetako 16. artikuluan ezarrita dagoenez. Hain zuzen ere, hauek dira alderdi horiek:
a) Ogasunarekiko betebeharren ordainketa egunean duela.
b) Eskabidea egin aurreko ekitaldiko abenduaren 31 baino lehenago enpresak duen langile kopurua, hilabete horretako TC2an oinarrituta.
c) Eskabidea egin aurreko ekitaldiko abenduaren 31n izandako fakturazioa.
d) Eskabidea egin aurreko ekitaldiko abenduaren 31n egindako balantze orokorraren kopurua.
e) Enpresa ertain eta txikiak ez diren enpresa batek edo enpresa batzuek elkarrekin, zuzenean edo zeharka enpresaren kapitalean %25eko partaidetza baino handiagoa ez izatea.
f) Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuen aldetik jasotako laguntzak.
Eskabide formularioekin batera ondorengo agiriak aurkeztu behar dira:
a) Pertsona eskatzailea ordezkatzen duela egiaztatzen duen ahalduntzearen kopia, baldin agiri hori Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren eskuetan ez badago edo ahalduna aldatu bada.
b) Pertsona juridikoaren identifikazio fiskaleko txartela edo eskatzailearen nortasun agiriaren fotokopia.
c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan sartuta dagoela egiaztatzeko agiriaren kopia.
d) Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa egunean duela azaltzen duen ziurtagiria.
e) Egindako inbertsioa azaltzen duen txostena, eta eskabidearen xede diren inbertsio proiektuan sartutako aktiboen behin betiko fakturak (faktura originalak edota fotokopia konpultsatuak).
2.– Enpresa eskatzaileak gorago aipatutako zinpeko adierazpenean jasotako daturen bat faltsutzen badu, indarrean dagoen zigor araubide administratiboa eta penala ezarriko zaio.
3.– Nolanahi ere, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak aurkezten diren eskabideak behar bezala ulertu, balioztatu eta ebazteko beharrezkotzat hartzen diren agiri eta argibide guztiak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari. Arau honetan zehazki aurreikusita ez dagoenari dagokionez, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu duen Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
11. artikulua.– Zuzenketa.
Aurkeztutako eskabidean Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde bulegoak okerren bat edo zehaztasun eza ikusten badu, enpresa eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango dio zuzentzeko. Eta gainera jakinaraziko dio eskabidea bertan behera utzi duela joko dela, baldin epe horretan zuzenketak aurkezten ez baditu. Epe hori igarota, zuzenketak egin ez badira, eskabidea bertan behera geratu dela adierazteko ebazpena emango da, honako lege testu honetan araututakoari jarraituz: azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena), 42. eta 71.1 artikuluetan, alegia.
12. artikulua.– Eskabideak aztertu eta balioztatzea.
1.– Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde bulegoak egingo ditu aurkeztutako eskabideak aztertu eta balioztatzeko lanak. Eskabide horiek egoki ulertzeko eta balioztatzeko, beharrezko deritzen argibide eta agiri osagarri guztiak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.
2.– Eskabide bakoitza aztertu eta balioztatu ondoren, ebazpen proposamena aurkeztuko dio Turismoa Sustatzeko zuzendariari. Proposamenean, eskatutako diru laguntza onartzearen edo ukatzearen alde agertuko da. Onartzearen alde eginez gero, onartutako inbertsioaren eta laguntzaren zenbatekoak adieraziko ditu.
13. artikulua.– Diru laguntza ebaztea eta ordaintzea.
1.– Turismoa Sustatzeko zuzendariak, aurreko artikuluan esandako proposamena ikusita, ordenari jarraituz ebatziko ditu eskabideak, espedientea osatuta dagoen unearen arabera, Agindu honetako 2. artikuluko hirugarren paragrafoan ezarritakoari jarraituz.
Sei hilabeteko epea gainditu baino lehen, ebazpen hori eman eta interesdunari jakinarazi behar zaio. Dagokion deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da sei hilabeteko epe hori.
2.– Enpresa eskatzaileei diru laguntzak emateko ebazpenak banan-banan jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian onuradunen zerrenda eta emandako diru laguntzen zenbatekoa argitaratuko dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko (Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antola Arauei buruzko Legeko idazkera eraberritua onartzen duen dekretua) 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
3.– Ebazpen horrek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo sailburuordeari, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako epea eta era errespetatuz.
4.– Azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) 44. artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpena emateko epea amaitu, eta interesdunari ez bazaio horren berri eman, laguntza eskabidea ukatu egin dela ulertu beharko da.
5.– Betiere, ematen den ebazpenean, onartutako diru laguntza zehaztuko da. Agindu honetako 15.1 artikuluan jarritako epea igarotakoan, ordaindu egingo da.
14. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Turismoa Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio Agindu honetan araututako laguntzak kudeatzea, berariaz beste organo batzuen esku uzten diren gaietan izan ezik.
15. artikulua.– Enpresa onuradunaren betebeharrak.
1.– Emandako diru laguntza onartzea. Hartara, enpresa onuradunak beka eman zaiola jakinarazteko agiria jasotzen duenetik hamabost egun igarotzean, enpresak berariaz eta idatziz bekari uko egin ez badio, beka onartu duela ulertuko da.
2.– Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak aurrera eramanez, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edota Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio oro ematea.
3.– Helburu berdinarekin edo antzekoarekin beste edozein Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutik laguntza, diru sarrerak edo baliabideak jasoz gero, horren berri ematea.
4.– Diru laguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektiboren aldaketak jakinaraztea.
5.– Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, aurkeztutako eskabideak egoki balioztatu eta ebazteko egoki deritzen agiri eta argibide guztiak eskatu ahal izango dizkie enpresa eskatzaileei.
16. artikulua.– Ikuskatzea.
Diruz lagundutako inbertsioak aurrera nola doazen ikusteko egoki deritzen ikuskatze eta egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak. Hartara, eskatzen dizkien argibide osagarri guztiak eman beharko dizkiote onuradunek.
17. artikulua.– Diru laguntzen baldintzak aldatzea.
Diru laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, laguntza emateko erabakia aldatzea ekarri ahal izango du, betiere, arau honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak gordetzen badira. Bereziki aintzat hartuko dira honako aldaketa hauek: aldi berean, beste Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen batek emandako laguntza edo diru laguntzaren bat jasotzea, edo helburu bererako beste sarrera edo baliabiderik jasotzea.
18. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.
Erakunde onuradunak Agindu honetan ezarritako baldintzak ez betetzeak, datu faltsuak aurkezteak eta emandako diru kopurua eman zen helburua betetzeko erabili beharrean beste helburu baterako erabiltzeak, betiere, diru laguntza galtzea ekarriko du. Zigor hori jartzeko, aurretik, Turismoa Sustatzeko Zuzendaritzak espedientea irekiko du, eta interesdunari hamabost eguneko audientzia emango dio. Zigorra, emandako diru kopurua itzultzea ez ezik, legez dagozkion interesak Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Orokorrari ematea ere izango da. Gainera, zuzendaritza horrek legezko beste ekintzak ere egin ahal izango ditu. Horrela agintzen dute abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antola Arauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Ekitaldi bakoitzeko emakida deialdian esleitzen diren zenbateko guztiak aldatu egin ahal izango dira, eskatutako laguntzen guztizko kopurua kontuan izanda, eta honako aurrekontu hauen gorabeheran: Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza egitarau batzuk aurrera eramatean agortu gabe geratu diren aurrekontu baliabideen gorabeheran, alegia. Aldatzekotan, aurrekontu baliabide horiek ebatzi baino lehen aldatu beharko da zenbatekoa, betiere.
Bigarrena.– Agindu honek barne hartzen dituen laguntzen izapideak Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza batzuen izapideekin batera egin daitezke. Horrela, enpresa onuradunak ez ditu berriro aurkeztu beharko haietarako eskatu zitzaizkion agiriak.
Hirugarrena.– Daitekeena da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45. artikuluan ezarritakoari jarraituz, izapide telematikoko prozeduraren bat garatzea eta dagokion araua argitaratzea. Hala gertatuz gero, Agindu honetan araututako laguntzak prozedura horren arabera izapidetu ahal izango dira.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak ahalmena du Agindu hau garatzeko xedapenak emateko.
Bigarrena.– Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak ebatziko ditu Agindu hau betetzean sortzen diren arazo guztiak.
Hirugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun berean sartuko da indarrean Agindu hau.
Laugarrena.– Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi errekurtsoa ezar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2000eko abenduaren 21a.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,
JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.
RSS