
249. zk., 2000eko abenduaren 30a, larunbata
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
5902
300/2000 DEKRETUA, abenduaren 26koa, krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dituena.
Egungo egoera ekonomikoa ona da. Industri sare osoa egitura aldaketa garrantzitsuak egitea lortzen ari da, eta, horrenbestez, bere lehiakortasun posizioa hobetzen ari da parametro hauek kontuan izanda: tamaina, teknika eta berrikuntza maila, merkatu berrietan duen presentzia, sinergien aprobetxamendua eta enpresen arteko elkartasunen ugaritzea. Faktore horiek guztiek enpresetako akzionisten egitura berriak sortzea ahalbidetzen dute, enpresetan kudeaketa teknologia berriak sartzea, balantzeen finantza egitura indartzea, giza baliabideen kudeaketa zentzuzkoagoa, eta abar.
Dena den, badira egokitu ez diren enpresak, edo partzialki egokitu direnak, zeinetan krisialdia egiturazko bilakatu baita. Badira, bestalde, beste enpresa batzuk euren egoera berreraiki eta lehiakor bilakatu arren, oraindik finantza desorekak dituztenak. Desoreka horiek direla eta, enpresa horien bideragarritasun aukerak erabat baldintzaturik gelditu dira epe ertain eta luzera.
Ekonomia ongi doanez, krisialdian ez bezalako irtenbideak har daitezke, eta oraindik aurreko krisialdiko ondorioak jasaten dituzten enpresak edo sektoreak finkatu, nahiz eta lehiakorrak izateko gai diren, horretarako produktuak eta merkatua ere baitituzte.
Horregatik, Eusko Jaurlaritzak finantza tresnak garatu eta aplikatzearen aldeko apustua egingo du, lehiakortasun librean erakundeek ahalik eta interferentziarik gutxien eragiteko irizpidean oinarrituta, enpresen lehiakortasun baldintzak azkar eta betiko berreskuratuko dituen apustua, alegia. Zailtasunetik lehenbailehen ateratzeko prozesu formalak azkartu ditu, eta interesatuei gerora begira dituzten benetako konpromisoak hartzea eskatuko.
Ondorioz, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak proposatuta, eta 2000ko abenduaren 26an egindako bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xede da, laguntza programa bat onartzea Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko industria arloan, krisialdiak jota dauden enpresak berregitaratu eta bultzatzeko.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Aurreko artikuluan adierazitako xedera zuzendutako ekonomia baliabideek sorburu hau izango dute: Ekonomia Sustapenerako Fondoarenak, 2000 ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 29ko 4/1999 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarrian eratua eta Euskadiko Garatze Kapitalaren Baltzuak, SOCADE, SA, kudeatuko duena, fondo horretan finantzatzen duten laguntzen erakunde kudeatzaile izanik.
2.– Goian aipatutako programa horrekin honako hau nahi dugu: laguntzak eskatzen diren eta ematen diren bitartean ahalik eta denbora gutxien pasatzea. Ondorioz, laguntzen esleipena espedientea erabat osaturik dagoenean egingo da hurrenez hurren, lehiaketa teknika erabili gabe, eta administrazio ebazpen bidez laguntzak ukatuko dira, baldin eta kasuan kasuko urteko deialdian finkatutako eman beharreko dirulaguntzen zenbatekoa gainditzen badute guztira. Diruzenbateko hori ezin izango da Ekonomia Sustapenerako Fondorako ekitaldi bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan izendatuta dauden ordainketa eta kreditu dotazioen gehiketa baino handiagoa izan. Horregatik guztiagatik, programa hau indarrean den bitartean, baldin ekitaldi ekonomiko batean laguntzak emateko esleitutako kreditua bukatzen bada, horren berri zabaltzeko, administrazio ebazpen bat emango du Industria Politikako Sailburuordetzak. Ebazpenean, kreditua zein egunetan bukatu den adieraziko da. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen ekintzak.
1.– Krisialdiak jotako enpresek prestatutako berregituratze planetan sartzen dituzten industria eta finantzak berregituratu eta bultzatzeko neurriak gauzatzea sustatuko da. Neurri horiekin enpresen bideragarritasuna berreskuratu nahi da epe ertain eta luzera.
Diruz lagungarritzat joko dira artikulu honetako hurrengo ataletan finkatutako betekizunak betetzen dituzten planen barruan dauden neurriak aplikatzetik sortutako kostuak eta enpresak errentagarriak egiteko jarduerak birrantolatu eta razionalizatzeko diren ekintzak dituztenak, hala nola, defizitarioak diren jarduerak murriztu edo utzi, berregituratu lehiakortasuna birjaso dezaketenak edo jarduera errentagarri berrietaranzko aniztasuna.
2.– Berregituratze planak ondorengo baldintzak bete beharko ditu:
a) Planean aurreikusten diren neurrien aplikazioak ahalik eta denbora gutxien iraun behar du eta enpresaren bideragarritasuna zentzuzko denbora batean berreskuratzea ahalbidetu behar du, betiere, gerora begira enpresaren ustiapen baldintzei dagokielarik, hipotesi errealistetatik abiatuta.
b) Berregituratze planeko barne neurriak aplikatzean enpresen bideragarritasuna hobetu egin behar da. Hobekuntza hori kanpoko faktoreetan oinarri daiteke, hala nola, prezioen edo eskaeren (enpresak eraginik ez duen eskaerak) gorakadan, planean sartu behar den merkatuaren azterketan merkatuari buruz egiten diren hipotesiak jende guztiak onartzen dituenean.
c) Kontuan izan beharko ditu ondorengo egoera hauek: enpresaren zailtasunak sorrarazi dituzten gertakizunak, produktu horien merkatuko gorabeherak eskaintza eta eskaerari dagokiolarik. Eta gainera, hipotesi optimistak, pesimistak eta tartekoak erabiliko dira, eta enpresaren puntu indartsuak eta ahulak kontuan hartuko ditu.
d) Enpresaren aldaketa bat proposatu beharko du, aldaketa egin eta gero, kostu guztiak, amortizazio eta finantza-karga gastuak barne, berdintzea ahalbidetuko dion aldaketa, alegia.
3.– Era berean, berregituratze planak honako hauek jaso behar ditu:
a) Honako konpromiso hau: plana gauzatzen den bitartean, enpresa onuradunak ezingo duela produkzio gaitasunik gehitu, lehiakortasunari iruzurrik egin gabe, enpresaren bideragarritasuna berreskuratzeko beharrezkoa ez bada.
b) Laguntzen onuradunek berregituratze planera ekartzen dituzten baliabideak (kapital ekarpenak, maileguak, bermeak edo bestelako baliabide ekarpenak).
4. artikulua.– Onuradunak.
1.– Dekretu honetan onartu diren laguntza ekonomikoak jaso ahal izateko, eskatzaileek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:
a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
b) Enpresa ertain edo txikitzat jotakoa izatea, betiere, 1996ko apirilaren 3ko Europar Batzordearen Gomendioan (enpresa ertain edo txikien definizioari buruzkoa) ezarritako irizpideei jarraituz. Ondorioz, honako hauek izango dira enpresa ertain edo txikiak:
– 250 langile baino gutxiago dituen enpresa.
– Urteko negozio bolumena 40 milioi euro (6.655.440.000 pezeta) baino gehiagokoa ez izatea. Edo, bestela, urteko balantze orokorra 27 milioi euro (4.492.422.000 pezeta) baino gehiagokoa ez izatea.
– Aurreko betekizunetakoren bat betetzen ez duen (edo duten) beste enpresa batek (edo batzuek) enpresa horretan %25eko partaidetza baino handiagoa ez izatea, zuzenean edo zeharka.
Enpresa ertain edo txikitzat zer jo behar den, beste edozer interpretatzeko, aipatutako Batzordearen Gomendioan (edo hura ordezkatu nahiz aldatzen dutenetan) ezarritakoa hartuko da kontuan.
c) Laguntza eskatzen den aurreko bi ekitaldietan ondorengo egoeraren bat izatea, gutxienez:
– Ekitaldi bakoitzean, batez beste, erabilitako langile kopurua berrogeita hamar baino gehiago izatea.
– Aktiboko partiden guztizkoa 1,8 milioi euro (300 milioi pezeta) baino gehiagokoa izatea.
– Urteko zenbateko garbia 3,6 milioi euro (600 milioi pezeta) baino gehiagokoa izatea.
d) Krisialdiak jota egotea: finantza-baliabide propioekin edo beren akzionistak eta hartzekodunak emateko prest daudenekin zorrak kitatzeko gauza ez direnean. Izan ere, zor horiekin ekonomia jarduera galtzeko arriskua dute, kanpoko esku-hartzerik gertatzen ez bada.
2.– Dekretu honen ondoriotarako eta Salbamendu eta Berregituratzeen Estatuko Laguntzei buruzko Europar Batasuneko Arteztarauetan xedatutakoarekin bat, enpresa ertain edo txiki bat krisialdiak jota dagoela pentsatu beharko da, baldin eta ondorengo irizpideetakoren bat betetzen badu:
a) baltzu baten kasuan: bazkideek erantzukizun urria dutenean, izenpetutako kapitalaren erdia baino gehiago galdu denean eta azken hamabi hilabeteetan kapital horren laurdena galdu denean.
b) mugagabeko erantzukizuneko baltzu baten kasuan: bere funtsa propioen erdia baino gehiago galdu denean (baltzuaren liburuetan adieraziko da galtze hori) eta azken hamabi hilabeteetan funtsa horren laurdena galdu denean.
c) enpresa mota guztien kasuan: porrotaren edo kaudimen ezaren prozeduretan hasteko ezaugarri guztiak dituztenean.
3.– Enpresa eratu berriek, batez ere, lehengo enpresa bat likidatzean edo haren aktiboak bereganatzean sortutako enpresa berriek, ezingo dituzte laguntza horiek jaso, nahiz eta hasieran finantza egoera larria izan. Arau honetan ezarritakoaren ondorioetarako, enpresa batek, bere aktiboak eta, hala badagokio, pasiboak jasotzeko asmo bakarrarekin, filial bat eraikitzen duenean, filial hori ez da enpresa eraiki berritzat hartuko.
Talde batekoak diren enpresek ere ezingo dituzte laguntza horiek jaso. Dena den, enpresa horietako batek demostratzen badu dituen zailtasunak berari bakarrik egotz dakizkiokeela eta ez taldeko hautazko kostuei, orduan laguntza horiek jaso ditzakete. Hori da salbuespen bakarra.
4.– Eskabideek, gainera, dekretu honetako 8. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute.
II. KAPITULUA
LAGUNTZEN MODALITATEA
ETA EZAUGARRIAK
5. artikulua.– Laguntzak.
1.– Laguntza mota.
Dekretu honetan araututako laguntzak aurrerakin itzulgarrien bidez gauzatuko dira.
2.– Laguntzaren zenbatekoa.
Emandako laguntzaren zenbatekoa, planean sartutako berregituratze neurrien kostu osoaren %33rainokoa izan daiteke, gehienez ere 280 milioi pezetarainokoa, betiere dirulaguntzen onuradunak horien finantzaketan bere baliabideekin laguntzen badu.
3.– Laguntzen bateragarritasuna eta mugak.
Dekretu honetan ezarri diren laguntzak bateragarriak izango dira erakundeek nahiz beste administrazio publikoek helburu berarekin ematen dituzten beste laguntzekin.
Laguntzaren zenbatekoak, eta beste administrazio publikoek edo erakunde pribatu nahiz publikoek emandakoak, biak batera hartuta, artikulu honetako 2. idatz zatian ezarritako mugak gaindi ditzake.
Onuradun berak jasotzen dituen berregituratze laguntzak (kapital ekarpenak, aurrerakin itzulgarriak, maileguak, bermeak, zorra barkatzea, zerga kenkariak edo murrizketak Gizarte Segurantzako kotizazioetan), guztiak batera, 10 milioi euro baino gehiago badira, aldez aurretik Europar Batzordearen baimena beharko da, arau honetan ezarritako laguntzak emateko, betiere Krisialdiak jotako Enpresen Salbamendua eta Berregituratzearen Estatuko Laguntzei buruzko Europar Batasuneko Arteztaruetako 4.5 puntuan xedatutakoari jarraituz.
6. artikulua.– Laguntza bakarraren
printzipioa.
1.– Dekretu honetan xedatutako berregituratze laguntzak behin baino ez dira emango, eta ez da berregituratze laguntza berririk emango harik eta azken berregituratzetik hamar urte igaro arte.
2.– Nahiz eta laguntza eman ondoren enpresa onuradunaren jabetzan aldaketak izan, nahiz eta epailearen edo administrazioaren prozedura dela eta enpresaren balantzea saneatu, kredituak murriztu edo aurreko zorrak kitatu, arau hori berdin aplikatuko da. Horrelakoetan, enpresa beraren jarraipena dela esan daiteke.
3.– Aurreko hori gorabehera, enpresa batek aurreko idatz zatian aipatutako prozeduretako bat edo porrot prozedura aplikatu zaion beste baten aktiboak bereganatzen badu eta salbamendu edo berregituratze laguntza bat izan badu, erosleak ez du laguntza bakarraren baldintza hori bete beharrik izango, baldin eta:
a) Erosleak ez badu inolako loturarik enpresarekin.
b) Erosleak enpresak saldutako aktiboak merkatuko prezioan erosi baditu.
c) Kitapena edo berreskuratzea eta absortzioa, ez badira laguntza bakarraren printzipioaren aplikazioa ekiditeko formula hutsak
III. KAPITULUA
PROZEDURA
7. artikulua.– Prozeduraren hasiera.
Dekretu honetan araututako laguntzetarako, urtero deialdi publikoa egingo da eta laguntzak ematean, oinarri hauek erabiliko dira: publizitatea, lehia eta objektibotasuna. Espedientea osatuta dagoenean emango dira, lehiaketa teknika erabili gabe, dekretu honetako 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat. Energia, Industri Antolamendu eta Administraziorako sailburuordeak egingo du deialdia ebazpen baten bidez, eta bertan honako hauek adieraziko ditu: ekitaldi horretan gehienez ere eman beharreko laguntzen zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea eta non aurkeztu behar diren, betiere, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) 38.4 f) artikuluan ezarritakoaren kaltetan gabe. Urteko deialdietan aurreikusitako laguntzen zenbatekoaren gehikuntza, hala balegokio, Energia, Industri Antolamendu eta Administraziorako sailburuordearen ebazpenez emango da halaber eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
8. artikulua.– Eskabideak eta agiriak.
1.– Laguntza horiek jasotzeko dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztenek eskabidea eta gainerako agiriak Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Industri Antolamendurako Zuzendaritzan aurkeztu behar dituzte.
Eskabide orria erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonak sinatuko du eta enpresak eskabide orri bera erabiliko du egin asmo dituen jarduera guztietarako.
2.– Eskatzaileek, eskabide orria betetzeaz gain, berregituratze plan bat aurkeztu beharko dute. Plan horretan ondorengo datuak jaso beharko dira:
a) Enpresaren azken urteetako bilakaera eta oraingo egoera.
b) Enpresa krisialdian murgilarazi duten faktoreen azterketa.
c) Merkatu azterketatik ondoriozta daitezkeen merkatuaren bilakaera hipotesien azterketa.
d) Ezarriko diren berregituratze neurriak eta dagozkien kostuak azaltzen dituen plan estrategikoa proposatzea.
e) Enpresa ixteak eskualdean edo nazioan ekar ditzakeen ondorio ekonomikoen eta sozialen ebaluazioa.
f) Neurriak aplikatzeko egutegia eta berregituratze plana erabat gauzatzeko epea.
g) Aplikatuko diren finantzaketa neurrien azalpen xehekatua. Azalpen horretan honako datuak sartu beharko dira: enpresako akzionisten finantzaketa konpromisoak (kapital ekarpenak, zor kitapenak, maileguak, bermeak eta bestelako baliabide ekarpenak).
h) Hurrengo bost urteetarako emaitza kontuen aurreikuspena, funtsa propioen errentagarritasuna kalkulatuz eta zenbait hipotesietatik abiatuta sentikortasuna aztertuz.
i) Lan hitzarmena, berregituratze planean ezarritako neurriak gauzatu ahal izateko, batez ere neurri horien artean langile kopurua murriztea aurreikusten bada.
3.– Era berean, honako hauek aurkeztu beharko dituzte: enpresa eskatzailearen eratze eskritura eta, bere aldaketena, identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia, pertsona eskatzailearen ahalordearen fotokopia, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko agiriak eta Ogasunarekiko betebeharrak egunean ditueneko zinpeko aitorpena eta eskabidean aurkeztutako agirietako informazioa egiazkoa dela adieraziz. Beste informazio hau ere aitortu beharko du: berregituratze epea amaitu baino lehen edozein kontzeptugatik eskatu dituen edo eska eta jaso ditzakeen laguntzei buruzko informazioa.
4.– Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Industri Antolamendurako Zuzendaritzak aurkezten diren eskabideak behar bezala ulertu, balioztatu eta ebazteko beharrezkotzat hartzen diren agiri eta argibide guztiak eskatu ahal izango dizkio enpresa eskatzaileari. Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenari dagokionez, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu duen Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
9. artikulua.– Zuzenketa.
Aurkeztutako eskabidean eta gainerako agirietan Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Industri Antolamendurako Zuzendaritzak okerren bat edo zehaztasun eza ikusten badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango dio zuzentzeko. Eta gainera jakinaraziko dio eskabidea bertan behera utzi duela joko dela, baldin epe horretan zuzenketak aurkezten ez baditu. Epe hori igarota, zuzenketak egin ez badira, eskabidea bertan behera geratu dela adierazteko ebazpena emango du Industri Antolamendurako Zuzendaritzak, honako lege testu honetan araututakoari jarraituz: azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena), 42. eta 71.1 artikuluetan, alegia.
10. artikulua.– Laguntza emateko ebazpena.
1.– Industri Antolamendurako Zuzendaritzak administrazio ebazpena emango du eta interesatuei jakinaraziko gehieneko sei hilabeteko epean, eskatutako agiri guztiak jasotzen diren biharamunetik kontatuta. Ebazpen horretan honako datuak adieraziko ditu: laguntza horretarako hartuko diren berregituratze neurriak, gauzatzeko epea eta laguntzen onuradunek horiek egiteko dituzten baliabideak eta laguntzaren zenbatekoa.
Berregituratze neurriak urte desberdinetan egiten badira eta dirulaguntzen onuradunek egin beharreko ekarpenak ere horrelakoak badira, emakidaren ebazpenean laguntzaren zatiketa jasoko da.
Atal honetako lehenengo idatz-zatian jasotako epea amaitutakoan, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (4/1999 Legeak aldatutako legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) 44. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta administrazioko organo aginpidedunaren betebeharra gorabehera, ebazpena emateko epea amaitu, eta ebazpenik eman ez badu eta interesdunari ez bazaio horren berri eman, laguntza eskabidea ukatu egin dela ulertu beharko du enpresak. Halaber, eskabideak laguntzak jaso ahal izateko baldintzak betetzen ez baditu, Industri Antolamendurako zuzendariak laguntza ukatzeko ebazpena emango du.
2.– Ebazpen horrek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Energia, Industri, Antolamendu eta Administraziorako sailburuordeari, urtarrilaren 13ko 4/92 Legeak aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako epea eta era errespetatuz.
3.– Eskatzaileei eta Euskadiko Garatze Kapitalaren Baltzuari, SOCADE, SA, diru laguntzak emateko ebazpenak banan-banan jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian onuradunen zerrenda eta emandako laguntzaren zenbatekoa argitaratuko dira, azaroaren 11ko 11/1997 Legegintzako Dekretuko (Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antola Arauei buruzko Legeko idazkera eraberritua onartzen duen dekretua) 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
11. artikulua.– Laguntza ordaintzea.
Laguntza ordaintzeko, enpresak birregituraketa neurrien finantzaketari laguntzeko egindako ekarpenen eta neurri horiek burutzetik sortutako beharrizanen egiaztagiriak eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu behar ditu Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Industri Antolamendurako Zuzendaritzan.
Laguntza aldi bakarrean edo bi alditan emango da, dirulaguntza emateko akordioan jasotakoari jarraituz onuradunak egindako ekarpenen arabera.
Planean jasotako neurriak burutu direla egiaztatzeko gehienez ere bakoitza betetzen denetik hilabetera egin beharko da. Halere, horiek burutzen diren artean enpresak hiru hiletik hiru hilera burutzapen mailaren justifikazioa aurkeztu beharko du laguntza ematen denetik hasita.
Industri Antolamendurako zuzendariaren ebazpenak, enpresa onuradunak ordaindu behar duen dirulaguntzaren diruzenbatekoa, osoa edo zatia, finkatzen duena, Euskadiko Garatze Kapitalaren Baltzuari, SOCADE, SA, jakinaraziko zaio, Ekonomia Sustapenerako Fondoan finantza aldetik jasotako laguntzen erakunde kudeatzaile izanik, enpresari ordaindu diezaion.
12. artikulua.– Laguntza itzultzea.
Laguntzaren itzulketa honako prozedurari jarraituz egingo da.
1.– Itzulketaren hasiera.
Laguntza horiek helburu dituen berregituratze planean ezarritako neurriak aplikatu ondoren hasiko dira aurrerakinen itzulketak eta aldizka gauzatuko dira Euskadiko Garatze Kapitalaren Baltzuaren, SOCADE, SA, kontu batean, itzulketa egin beharreko ekitaldi ekonomiko bakoitza amaitu eta hurrengo bi hilabeteetan.
2.– Itzulketa epea.
Bost urteko epea ezarri da aurrerakin itzulgarria itzultzeko, eta berregituratze plana amaitu eta hurrengo ekitaldiak sortuko du lehenengo itzulketaren kalkulua eta hala jarraituko da hurrengo bost ekitaldietan. Lehenengo itzulketa, plana amaitu den ekitaldiaren hurrengo bigarren urteko lehen bi hilabeteetan ordainduko da, eta gainerakoak jarraian, bost urte bete arte.
3.– Itzulketaren urteko zenbatekoa.
Enpresa onuradunak urtero ordaindu behar duen zenbatekoa
honela kalkulatuko da:
a) Aurrerakinaren herena finkoa izango da, urtero aurrerakinaren bosten bat itzuliz.
b) Beste bi herenak kopuru aldakorrak ordainduz itzuliko dira, kutxako fluxuaren (zerga ondorengo mozkinak + amortizazioak + hornidurak) %20ren edo ekitaldiko negozio-kopuruaren zenbatekoaren %5en arabera, Kontuen Plan Orokorraren definizioari jarraikiz; aipatutako kopuru horietatik txikiena itzuliko da eta kopuru hori ez da inoiz negozio kopuruaren zenbatekoaren %2 baino txikiagoa izango.
Tramu aldakor horiek itzultzeko betebeharra amaitzeko bi arrazoi daude: edo aurrerakinaren zati hau aldez aurretik kitatu izana, edo, bost urteko epea igaro ondoren, ezarritako formularen bitartez osorik berreskuratzea lortu ez izatea.
4.– Itzulketak egin ondoren, autolikidazio txostena, banku transferentziaren kopia eta itzulketaren autolikidazioa kalkulatzeko erreferentziatzat erabili den balantzea eta ustiapen-kontu banakatua bidaliko dizkio enpresa onuradunak Industri Antolamendurako Zuzendaritzari. Bigarren ekitalditik aurrera egiten diren autolikidazio txostenek aurreko ekitaldietan egin diren itzulketen aipamena barne hartuko dute.
Aldeak daudela konturatuz gero, hurrengo autolikidazioan konpentsatuko dira. Aldea Administrazioaren aurkakoa denean, alde hori hurrengo ekitaldiko likidazioan konpentsatuko da, baina enpresa onuradunak okerreko autolikidazioa egin zuen egunetik dagozkion legezko interesak aplikatuko dira Alde horri azken autolikidazioan antzemanez gero, enpresak nahitaez zuzendu eta erregularizatu egin behar du hiru hilabeteko epean, dagokion zenbatekoa eta autolikidazio okerra egin zenetik legez aplika daitezkeen interesak itzuliz. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargura dauden diru laguntzak bermatzearen eta itzultzearen erregimen orokorra arautzen duen dekretuan (abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua) xedatutakoarekin bat. Eta gainera, kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen erregimena eta betebeharrak ezartzen dira.
13. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Industri Antolamendurako Zuzendaritzari dagokio dekretu honetan araututako laguntzak kudeatzeko lanak egitea, Euskadiko Garatze Kapitalaren Baltzuari, SOCADE, SA, hurrengo kapituluan xedatutakoaren indarrez ematen zaizkionen kaltetan gabe.
IV. KAPITULUA
ERAKUNDE LAGUNTZAILE ETA KUDEATZAILEA
14. artikulua.– Erakunde laguntzaile eta kudeatzailea.
1.– Euskadiko Garatze Kapitalaren Baltzuak, SOCADE, SA, erakunde laguntzaile gisa jardungo du xedapen honetan jasotako dirulaguntzen kudeaketa eta ordainketan, bai eta erakunde kudeatzaile gisa ere Ekonomia Sustapenerako Fondoan, bertan finantza aldetik jasotako laguntzan kudeatzailea denez, berarekin izenpetu beharreko lankidetza-akordioan jasotzen denaren arabera. Akordio horretan, besteak beste, dekretu honetan finkatutako betekizunak jaso beharko dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren, Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko indarreango lege-manuen Bateratutako Testua onesten duena, 52. artikuluan eta 2000ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 29ko 4/1999 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.
2.– Euskadiko Garatze Kapitalaren Baltzuak, SOCADE, SA, erakunde laguntzaile eta Ekonomia Sustapenerako Fondoko erakunde kudeatzaile denez, honako egitekoak burutu beharko ditu:
a) Onuradunei ordainketak egitea.
b) Diruzenbateko itzulgarriak jasotzea.
c) Programaren fondoen finantza kontrola egitea.
d) Kontuaren (dirusarrerak eta gastuak) mugimenduen berariazko kontularitza garatzea.
e) Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari kontularitza eta sortu daitezkeen gorabeheren berri ematea aldian-aldian.
V. KAPITULUA
EZ BETETZEAK ETA BERMEAK
15. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.
Gerta daiteke onuradunak ez betetzea laguntza emateko ebazpenean edo xedapen honetan edo aplikagarri diren beste arauetan ezarritako betekizunen bat. Industri Antolamendurako zuzendariak, ebazpen baten bidez, jasotzeke duen kopurua jasotzeko eskubidea galdua duela adieraziko du, eta jasotakoa (dagozkion legezko interesekin batera) Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra duela, lege testu hauetan xedatutakoari jarraituz: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antola Arauei buruzko Legearen eraberritutako idazkera onartzen duena); eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua. Kopuru horiek diru sarrera publikotzat hartuko dira, legezko ondorio egokietarako.
Ez betetzearen arrazoietako bat honako hau izango da: enpresa onuradunak laguntza emateko ebazpenean kontuan hartutako ekarpena baino %25 gutxiago jartzea.
16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Dekretu honen bidez araututako laguntzen onuradunek, edonola ere, ondorengo betebeharrak izango dituzte:
a) Emandako laguntza onartzea. Hartara, laguntza eman zaiola jakinarazteko agiria jasotzen duenetik hamabost egun igarotzean, enpresa onuradunek berariaz eta idatziz laguntzari uko egin ez badiote, laguntza hori onartu dutela ulertuko da.
b) Bidegarritasun planean jasotako neurriak bete eta justifikatzea.
c) Laguntza hori emandako helburu zehatzerako erabiltzea.
d) Berregituratze plana eta laguntzaren itzulketa gauzatzen den epean, enpresak urteroko auditoria kontuei buruzko txostena igorri beharko du Industri Antolamendurako Zuzendaritzara, hilabeteko epean laguntza hori onartzen denetik kontatzen hasita.
e) Era berean, eskatutako beste edozein informazio Industri Antolamendurako Zuzendaritzara igorri beharko dute, Administrazioak berregituratze planaren garapen eta betearazpena dela eta egoki iritzitako egiaztapenak egin ditzan.
f) Ekonomia Kontrolatzeko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, eurek eskatutako informazio guztia emango die, dekretu hau dela eta, jasotako laguntzen gainean dituen ahalmenez baliaturik eskatutako informazioa, hain zuzen.
g) Legez eska daitekeen beste edozein betebehar, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antola Arauei buruzko Testu Bategineko (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) 50.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.
17. artikulua.– Laguntzen baldintzak aldatzea.
Laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, laguntza emateko erabakia aldatzea ekarriko du. Bereziki aintzat hartu ahal izango dira honako aldaketa hauek: aldi berean, beste Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen batek emandako laguntza edo diru laguntzaren bat jasotzea, edo helburu bererako beste sarrera edo baliabiderik jasotzea.
Baldin eta enpresa onuradunak laguntza emateko ebazpenean kontuan hartutako ekarpena baino gutxiago, baina, era berean, ekarpen horren %25 baino gehiago ordaintzen badu, emandako laguntza murriztu egingo zaio.
Salbuespenez, enpresak aldez aurretik eskatuta eta behar bezala justifikatutako kausa dela eta, planean jasotako neurriak edo harek egin beharreko ekarpenak aldatu ahal izango dira, bai eta gauzatze epea luzatu edo aurrerakinak itzultzeko epeak atzeratu ere.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu honetan edo Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko beste edozein dekretutan onartutako laguntzak eskatzen direnean, eskabide horietan eskatzen diren agiri komunak eskabide orri bakarrean aurkez daitezke.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Lehena: Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari ahalmena ematen zaio, dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak emateko eta, era berean, dekretu honetako IV. kapituluko artikuluak aldatzeko.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean dekretu hau. Dena den, aurrekoa gorabehera, ezingo da laguntzen deialdirik egin, harik eta arau hau Europar Batzordeak baimendu arte.
Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 26an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,
JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.
RSS