
249. zk., 2000eko abenduaren 30a, larunbata
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
5901
278/2000 DEKRETUA, abenduaren 26koa, apirilaren 29ko 96/1997 Dekretua aldatzekoa. Dekretu horren bidez, alde batetik, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sarea sortu eta arautu zen; eta, horretarako, bestetik, Euskadiko Teknologi Ikerketarako Erakundeekiko elkarlana eta koordinazioa finkatu eta erakunde horien ezaugarriak eta eginkizunak zehaztu ziren.
Apirilaren 29ko Dekretuaren orain arteko indarraldian (1997-2000) izandako esperientziak, hura aplikatzean sumatu diren gabeziak ikusita, haren testua hobetzea komeni dela erakutsi digu. Hala bada, beharrizan konkretuei erantzuteko asmoz, eta 2000-2003 aldirako Sustapen Ekonomikorako Erakundearteko Plan berrian jasotakoaren arabera, aldakuntza batzuk sartzen ditugu. Aldakuntzen helburu da teknologia-eragile mota berriak jasotzea, gaur egun Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sarea eratzen dutenak osatzearren.
Ondorioz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak eta Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak proposatuta, eta 2000ko abenduaren 26an egindako bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATU DUT:
Lehenengo artikulua.– 1.– Aldatu egiten da 2. artikuluko 1. puntuko testua, apirilaren 29ko 96/1997 Dekretuan. Dekretu horren bidez, alde batetik, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sarea sortu eta arautu zen; eta, horretarako, bestetik, Euskadiko Teknologi Ikerketarako Erakundeekiko elkarlana eta koordinazioa finkatu eta erakunde horien ezaugarriak eta eginkizunak zehaztu ziren. Horrenbestez, honelaxe geratu da testu hori:
"Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sarean, ondoren aipatzen diren erakundeak —guztiak ere teknologia ikertu, garatu eta berritzearen esparrukoak— sartu ahal izango dira:
– Teknologia zentroak.
– Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateetan dauden zentro, institutu, sail, sekzio edo ikerketako beste unitate batzuk.
– Ikerketako zentro sektorialak.
– Enpresetako I+G unitateak.
– Ziurtapenetarako erakundeak, eta laborategiak.
– Ikerketarako erakunde publikoak.
– Berrikuntzarako bitarteko erakundeak.
2.– Aldatu egiten da 2. artikuluko 3. puntuko testua, apirilaren 29ko 96/1997 Dekretuan. Dekretu horren bidez, alde batetik, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sarea sortu eta arautu zen; eta, horretarako, bestetik, Euskadiko Teknologi Ikerketarako Erakundeekiko elkarlana eta koordinazioa finkatu eta erakunde horien ezaugarriak eta eginkizunak zehaztu ziren. Horrenbestez, honelaxe geratu da testu hori:
"Era berean, teknologia ikerketarako erakundeek, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sarean sartu ahal izateko, nortasun juridiko propioa izateaz gainera, arau honetan nahitaezkotzat ezartzen dituen ezaugarriak eta baldintzak bete beharko dituzte. Teknologia ikerketarako erakundeak Euskadiko unibertsitateren batekoak badira, nortasuna unibertsitate horri eratxikiko zaio; dena dela, erakunde bakoitzak bere eskumen bereziak egikaritzeko ahalmena izango du. Era berean, teknologia ikerketarako erakundeak Osakidetzakoak baldin badira, nortasuna Osakidetzari eratxikiko zaio; dena dela, erakunde bakoitzak bere eskumen bereziak egikaritzeko ahalmena izango du".
Bigarren artikulua.– Aldatu egiten da 5. artikuluko 1. puntuko testua, apirilaren 29ko 96/1997 Dekretuan. Horrenbestez, honelaxe geratu da testu hori:
"Ikerketarako erakunde publikoak izan ezik, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen barruan dauden teknologia ikerketarako erakunde guztiak finantzatu ahal izango ditu Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, itzuli beharrik gabe emandako diru laguntzen bidez. Diru laguntza horiek ez dira kontratu bidezko kontraprestaziotzat hartuko; eta diru laguntzak zenbatekoak izango diren, honela zehaztuko da: I+G ikerketa masaren kostuari ehuneko jakin bat aplikatuz. Masa hori erakunde bakoitzean teknologia ikerketako proiektuak egiteko dauden ikertzaile, teknikari eta bekadunek osatuko dute. Ehunekoa zein izango den eta laguntza nola eman, teknologia erakunde bakoitzaren tipologiaren arabera erabakiko da, dekretu hau garatuko duten xedapenetan ezarritako moduan. Dena den, ehunekoa aplikatzearen emaitza ezingo da, inoiz ere, ikerketa-masaren 1/3 baino gehiagoko diru laguntza izan.
Aurrekoa gorabehera, baldin teknologia erakundeak egoitza Euskadin duen unibertsitateren batekoak badira, edo Osakidetzaren sarekoak badira, edo berrikuntzarako bitarteko erakundeak badira, aipatutako ehuneko hori ikerketa masa ez den beste kontzeptu bati aplikatu ahal izango zaio, dekretu hau garatzeko xedapenetan ezartzen den moduan.
Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak dena delako teknologia ikerketako erakundearekin lankidetza-hitzarmena izenpetzea onartzen duen administrazio erabakian bertan, erakunde horri finantzaketa eman zaiola adieraziko da".
Hirugarren artikulua.– Aldatu egiten da 5. artikuluko 3. puntuko testua, apirilaren 29ko 96/1997 Dekretuan. Horrenbestez, honelaxe geratu da testu hori:
"Dekretu honen esparruan finantzaketa jaso dezaketen jarduerak honako hauek dira:
1.– Espezializazio programak. Teknologia-eragileek beren teknologia lidergoa sendotu nahi duten teknologia arloetan sakontzeko programak dira.
2.– Ikerketa generikoko proiektuak. Euskadiko hainbat industria sektoretako edo klusterretako enpresa elkarteentzako interes estrategikoa duten proiektuak dira. Proiektu horien edukiak bat etorri behar dira 2000-2003 aldirako Sustapen Ekonomikorako Erakundearteko Planaren edukiekin.
3.– Eragile horiek azpiegiturak sortzeko egindako jarduerak.
4.– Teknologiaren Euskal Sarean sartutako teknologia erakundeen nazioartekotze proiektuak.
5.– Aurrekoei loturiko beste jarduera batzuk, baldin eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, jarduera horien izaera estrategikoa kontuan izanda, haiei ekiteko eskatzen badie sarean sartutako teknologia erakundeei".
Laugarren artikulua.– Aldatu egiten da 10. artikuluko testua, apirilaren 29ko 96/1997 Dekretuan. Horrenbestez, honelaxe geratu da testu hori:
10. artikulua.– Enpresetako I+G unitateak.
1.– Dekretu honen ondorioetarako, erakunde hauek izango dira enpresetako I+G unitateak: Euskal Autonomia Erkidegoan dauden mozkina ateratzeko asmorik gabeko enpresa pribatuak, baldin teknologia eta berrikuntza sortu eta garatzeko jarduerak egiten badituzte, erakundearen jabe diren enpresen interesak betetzeko asmoz. Nortasun juridiko propioa izan beharko dute eta sortzean enpresa bakar batek edo enpresen talde batek parte hartu ahal izango du, ikerketako eta garapeneko proiektuak elkarrekin aurrera eraman ahal izateko.
2.– Dekretu honen ondorioetarako, enpresetako I+G unitatetzat joko dira, orobat, nortasun juridiko propioa duten eta mozkina ateratzeko asmorik ez duten ospitale pribatuetako I+G unitateak, Euskal Autonomia Erkidegoan daudenak.
3.– Erakunde horiek Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sarean sartzeko moduko agente teknologikotzat hartzeko, Euskadiko ekonomia eta gizartea garatzearen alde egin beharko dute, teknologia ikertu eta berritzearen bidez enpresen lehiakortasuna hobetuta.
4.– Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sarean sartzen diren enpresetako I+G unitateek Euskadiko teknologia eskaintza hobetzen lagundu beharko dute, eta Euskadiko teknologia politikan parte hartu. Hori dela eta, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari aurkeztu beharko dizkiote prestatzen ari diren teknologia ikerketa eta berrikuntzako urteko proiektuak, behar bezala koordinatzeko. Proiektu horiek taxutzean, kontuan izan beharko dituzte gainerako teknologia-eragileen teknologia eskaintzako ahalmenak eta programak.
Bosgarren artikulua.– Aldatu egiten da 11. artikuluko testua, apirilaren 29ko 96/1997 Dekretuan. Horrenbestez, honelaxe geratu da testu hori:
11. artikulua.– Ziurtapenetarako erakundeak, eta laborategiak.
1.– Ziurtapenetarako erakunde hauek sartu ahal izango dira Teknologiaren Euskal Sarean: Euskadin dauden mozkina ateratzeko asmorik gabeko ziurtapenetarako erakunde pribatuak, nortasun juridiko propioa dutenak; erakunde horien eginkizuna izango da enpresa, produktu, prozesu, zerbitzu edo pertsona jakin bat arau edo zehaztapen teknikoekin bat datorrela egiaztatzea. Egiaztapen hori egiteko eskatzea borondatezkoa izango da.
2.– Era berean, laborategi hauek ere sartu ahal izango dira Teknologiaren Euskal Sarean: Euskadin dauden mozkina ateratzeko asmorik gabeko laborategi pribatuak, nortasun juridiko propioa dutenak; erakunde horien eginkizuna izango da produktuak aplikagarri zaizkien arau edo zehaztapen teknikoak betetzen dituztela egiaztatzea. Egiaztapen hori egiteko eskatzea borondatezkoa izango da.
3.– Ziurtapenetarako erakundeek eta laborategiek Teknologiaren Euskal Sarearen barruan duten eginkizuna Euskadiko ekonomia eta gizartea garatzen laguntzea izango da. Horretarako, enpresentzako teknologia zerbitzuak eskaintzen dituzten erakunde gisa antolatuko dira.
4.– Gainera, aurreko idatz-zatian aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten kontrol erakundeak eta teknologia zerbitzuen eskaintzaile diren enpresak ere artikulu honen barruan sartu ahal izango dira.
5.– Artikulu honetan sartzen diren erakundeek lankidetza-hitzarmena izenpetu ahal izango dute Industria, Merkataritza eta Turismo Sailarekin.
Seigarren artikulua.– Aldatu egiten da 12. artikuluko testua, apirilaren 29ko 96/1997 Dekretuan. Horrenbestez, honelaxe geratu da testu hori:
12. artikulua.– Ikerketarako erakunde publikoak.
1.– Hauexek dira Teknologiaren Euskal Sarean sar daitezkeen ikerketarako erakunde publikoak: Euskal Autonomia Erkidegoan dauden erakunde publikoak izan eta teknologia sortu, garatu, besterendu eta hedatzen diharduten erakundeak. Horiekin batera, adostasun ziurtapenekin zerikusia duten jarduerak egiten dituztenak ere sartu ahal izango dira.
2.– Dekretu honen ondorioetarako, ikerketarako erakunde publikotzat joko dira, orobat, Osakidetzaren sarean sartutako ospitale publikoetako I+G unitateak.
3.– Ikerketarako erakunde publikoek Teknologiaren Euskal Sarearen barruan duten eginkizuna Euskadiko ekonomia eta gizartea garatzen laguntzea da. Horretarako, zientzia jakintzak sortzen dituzten eta teknologia eta teknologia-zerbitzuak eskaintzen dituzten erakunde gisa antolatuko dira.
Zazpigarren artikulua.– Aldatu egiten da 13. artikuluko testua, apirilaren 29ko 96/1997 Dekretuan. Horrenbestez, honelaxe geratu da testu hori:
13. artikulua.– Berrikuntzarako bitarteko erakundeak.
1.– Dekretu honen ondorioetarako, erakunde hauek izango dira berrikuntzarako bitarteko erakundeak: Euskal Autonomia Erkidegoan dauden mozkina ateratzeko asmorik gabeko enpresa pribatuak, nortasun juridiko propioa izanik, mota hauetako jarduerak egiten dituztenak: enpresa berriak sor daitezen sustatzea; teknologiako ezagupen eta aplikazioak besterentzea; ikertzaileak eta teknologoak berritu eta presta daitezen sustatzea; eta pertsona horiek enpresetan sartzea.
2.– Berrikuntzarako bitarteko erakundeek Teknologiaren Euskal Sarean duten eginkizuna Euskadiko ekonomiaren eta gizartearen garapenari laguntzea da. Horretarako, teknologia besterentzea bultzatu eta erraztuko dute, hori baita bertako enpresen lehiakortasuna hobetzeko tresnetako bat.
3.– Dekretu honen ondorioetarako, berrikuntzarako bitarteko erakundetzat joko dira, orobat, bai teknologia elkartegiak, bai enpresa eta berrikuntza zentroak.
4.– Bitarteko erakundeek, gorago deskribatutako eginkizunen arabera, eginbide handia izan beharko dute Euskadiko teknologia politikaren arloan. Hori dela eta, jardueren programa aurkeztuko diote Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari; programa horiek bat etorriko dira industria politikarekin, haren jarduera esparru orokorrarekin eta unean-unean bideratzen den teknologia politikarekin.
Zortzigarren artikulua.– Arautzeko dekretuan "Teknologiaren Euskal Sarea" eta "Industri, Nekazaritza eta Arrantza Saila" aipatzen direnean, hurrenez hurren, "Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sarea"ri eta "Industria, Merkataritza eta Turismo Saila"ri buruz ari dela ulertu behar da.
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra dekretu honek.
Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 26ean.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
INAXIO OLIVERI ALBISU.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,
JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.
RSS