Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2000eko abenduaren 30a, larunbata


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
5894

266/2000 DEKRETUA, abenduaren 19koa. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere erakundeen zerbitzuan diharduten langileen lan-baldintzak xedatzen dituen dekretua bigarren aldiz aldatzen da.

Eusko Legebiltzarrak 1999ko martxoaren 5ean egindako osoko bilkuran ez-legezko proposamena onetsi zuen; horren bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatu zitzaion "gizarte-eragileekin negoziatzeko prozesu bat abian jar zezala, herri administrazioan urte askorako akordioak sinatu ahal izateko lanaldiari, plantillak egokitzeari, erakundea modernizatzeari eta lanaren banaketari dagokienez, astean gehienez ere 35 orduko lanaldia lortu ahal izateko helburuarekin".

Ondoren, 2000ko maiatzaren 5ean, gai horri buruzko beste ez-legezko proposamen bat onetsi zen, eta horren bitartez Eusko Jaurlaritzari zera eskatu zitzaion: "Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean 35 orduko lanaldia berehala aplika dadin adostea gizarte-eragileekin; ekimen horrekin batera, neurri honen bidez lanpostu berriak sortzeko plan espezifiko bat egin beharko da, eta lanpostu horiek hemendik aurrera egiten diren lan-eskaintza publikoetan eskaini beharko dira".

Alde horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio-mahai Orokorrean egindako negoziazio-prozesua burutzeko, 2000ko ekainaren 28an 35 orduko lanaldiari eta lanarekin loturiko neurriei buruzko Akordioa sinatu zen. Akordio horretan, besteak beste, 2001eko urtarrilaren 1etik aurrera lanaldia 35 ordura murriztea hitzartu zen bai eta astean 35 orduko lanaldiaren ondoriozko urteko lanaldia gehienez 1592 lanordukoa dela finkatu ere.

Horren indarrez, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren proposamenez, Gobernu-Kontseiluak 2000ko abenduaren 19an egindako bilkuran aztertu eta onetsi ondoren, hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Urteko lanaldia murriztea.

1.– Uztailaren 28ko 190/1998 Dekretuak 11. artikuluan zera jarriko du:

"11. artikulua.– Urteko lanaldia eta lanaldi-mota.

Dekretu honen eraginpeko langileen urteko ohiko lanaldia 1.592 ordukoa izango da 2001eko urtarrilaren 1etik aurrera, eta lanaldia zatituta egongo da.

Hala eta guztiz ere, behar bezala egiaztatutako zerbitzuen beharrak direla eta, lanaldi jarraitua urte osorako ezarri ahal izango zaie zenbait talderi, eta egoera horrek ez die inolako aldaketarik ekarriko ordainsarietan.

Ohiko ordutegi arruntaren gehienezko iraupena dela eta, istripuak eta aparteko beste kalte batzuk aurreikusteko edo konpontzeko nahiz sarri gertatzen ez diren edo premiazkoak diren gertakariei aurre egiteko sartutako gehiegizko orduak ez dira kontuan hartuko".

2.– 13. artikuluko 2. idatz-zatia aldatu egingo da, eta horrela geratuko da:

"13. artikulua.– Homologatu gabeko langileen lanaldia.

(...)

13.2.– Urteko lanaldia 1.592 ordutik gorakoa, berariazko ordutegia 12. artikuluan aipatutakoa ez bezalakoa eta urte osoan lanaldi jarraitua duten lanpostuak betetzen dituzten langileek 2001. urtetik aurrera 1592 orduko lanaldia izango dute, eta lanaldi jarraitua izaten segituko dute. Langile horien ordainsaria 57. artikuluan xedaturikoaren araberakoa izango da. Lanaldia lan-egutegiaren arabera egokituko da.

3.– 57. artikuluko a) idatz-zatiko lehen paragrafoaren idazketa aldatu egingo da, eta "Mailakako lansariak 11. artikuluan ezartzen den urteko lanaldia, 1.626 ordukoa, ordaintzeko dira" jarri ordez "Mailakako lansariak 11. artikuluan ezartzen den urteko lanaldia, 1.592 ordukoa, ordaintzeko dira" jarriko du.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 19an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.


Azterketa dokumentala