
196. zk., 2000eko urriaren 11, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
4461
<P ALIGN="JUSTIFY">179/2000 DEKRETUA, irailaren 19koa, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren Jarduera Arautegia onartzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatea Antolatzen duen ekainaren 29ko 19/1998 Legearen 6. artikuluaren arabera, Euskadiko Unibertsitate Kontseilua unibertsitate publiko eta pribatuen lankidetza, aholkularitza eta partaidetzarako organo gisa sortzen da. Aurreikuspen hori Euskadiko Unibertsitate Kontseilua arautzen duen azaroaren 17ko 315/1998 Dekretuak garatu du. Dekretu horren bigarren Xedapen Gehigarriak dioenez, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak osatuko du bere Arautegia; ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak onartuko du Arautegi hori, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak, 2000ko maiatzaren 24ko bileran, bere Jarduera Arautegia egin zuen.
Ondorioz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2000ko irailaren 19an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren Jarduera Arautegia onartzea, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea hori, Dekretu honen Eranskin gisa.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du indarra.
Vitoria-Gasteizen, 2000ko irailaren 19an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
INAXIO OLIVERI ALBISU.
EUSKADIKO UNIBERTSITATE KONTSEILUAREN FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO ARAUTEGIA ONARTZEN DUEN DEKRETUAREN ERANSKINA.
1. artikulua.– Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren osamodua eta bere egitekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateak antolatzen dituen ekainaren 29k 19/1998 Legearen 6. artikuluak eta Euskadiko Unibertsitate Kontseilua arautzen duen azaroaren 17ko 315/1998 Dekretuak zehazten dituzte.
2. artikulua.– Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak osoko bilkuraren bidez jardungo du txostenak, irizpenak eta proposamenak eginez. Dena dela, gai baten izaera edo garrantziagatik beharrezkotzat jotzen bada, batzorde bereziak osa daitezke gai hori aldez aurretik aztertzeko.
3. artikulua.– Euskadiko Unibertsitate Kontseilua urtean bitan bilduko da derrigorrez; horretaz gain, azaroaren 17ko 314/1998 Dekretuaren 4. artikuluak emandako eskumenez baliatuz lehendakariak deitzen duen guztietan bilduko da, edo gutxienez Kontseiluko kideetatik bostek hala eskatuta.
4. artikulua.– Lehendakariaren postua hutsik badago, titularra kanpoan edo gaixo badago, edo beste zio legalen bat izanez gero, ekainaren 29ko 19/1998 Legearen 6.2.a artikuluan adierazten diren kideetariko bat izango da ordezkoa; hierarkia, antzinatasuna eta adina hartuko da kontuan horretarako. Halaber, pertsona horri eskuordetu ahal dizkio lehendakariak bere egitekoak.
5. artikulua.– Aurreko lerroaldean adierazitako egoeretan, Unibertsitateek eta haien Gizarte Kontseiluek beren ordezkariak aldatu ahal dituzte, baina Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren Idazkaritzari egiaztatuko diote horren beharra; nolanahi ere, antolakuntza arauek ezartzen dituzten salbuespen eta mugak errespetatu beharko dira.
BILKURAK
6. artikulua.– Lehendakariak egingo du Osokoaren bilkuretarako deialdia, ondoren ezarriko diren epeen barruan. Deialdian gai-zerrenda, bilkura egingo den eguna eta lekua zehaztuko dira; hala badagokio, ukituko diren gaiak ezagutzeko behar besteko informazioa ere erantsiko da.
7. artikulua.– Lehendakariak zehaztuko du gai-zerrenda, Kontseiluko kideek egindako eskaerak kontutan hartuta. Ezingo da eztabaidatu edo erabakirik hartu gai-zerrendan sartuta ez dauden gaiei buruz, non eta, Kontseiluko kide guztiak bertan egonik, gaia presazkotzat jotzen den gehiengoaren aldeko botoaz.
8. artikulua.– Osokoaren bilkuretarako ohiko deialdiak hamar egun baliodun lehenago egingo dira; presazkoak, ostera, hiru egun baliodun lehenago.
9. artikulua.– Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren bilkurak burutzeko, kide hauek egon beharko dute: lehendakaria edo eskuordetzen duen pertsona, idazkaria edo haren ordezkoa eta kideen gehiengo osoa.
10. artikulua.– 1.– Dagokion bilkuran, Kontseiluko kideen esku-hartzeak antolatzeko modua azalduko du lehendakariak.
2.– Esku-hartzeak antolatzean, denborak metatzeko aukera eman daiteke, batetik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko kideen artean, eta bestetik, ordezkaturiko gainerako estamentuen kideen artean.
ERABAKIAK HARTZEA
11. artikulua.– 1.– Bertaratutakoen botoen gehiengo soilaren bidez hartuko dira erabakiak; Jarduera Araudiaren proposamena eta horrek izan ditzakeen aldaketak onartu behar direnean, ordea, gehiengo osoa beharko da.
2.– Botoa bakarra da eta ezin da eskuordetu.
3.– Berdinketarik balego, lehendakariaren botoa izango da ebazlea.
12. artikulua.– Erabakiak honela hartuko dira:
a) Lehendakaritzaren proposamena baieztatuz.
b) Bozketa arruntez: lehenengo, alde daudenak, ondoren, aurka daudenak, eta azkenik, abstentzioak.
c) Boto-txartelen bidez: pertsonak hautatu behar direnean edo parte hartzaileren batek hala eskatzen duenean.
d) Kargudun edo Administrazio Publikoaren zerbitzuan lan egiten duen pertsonala izateagatik Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko kide direnak ezingo dira abstenitu.
13. artikulua.– 1.– Kontseiluko edozein kidek eska dezake bera gehiengoaren erabakiaren aurka dagoela aktan berariaz jasota gera dadila.
2.– Gehiengoaren erabakiaren aurkako boto partikularra ere eman dezake kide batek, edo bilkura amaitu aurretik hori iragarri eta idatziz bidali Kontseiluaren Lehendakaritzari, hiru eguneko epean.
3.– Aurka bozkatu duten kideek boto partikularrarekin bat egin dezakete edo beraiena idatzi, baldin eta bilkura amaitu aurretik horretarako eskubidea hartu badute.
14. artikulua.– Idazkariak talde-organoak egiten dituen bilkura guztien akta jasoko du; bertan honakoak adierazi beharko ditu nahitaez: bilkuraren gai-zerrenda, noiz eta non burutu den, eztabaiden ildo nagusiak eta hartutako erabakien edukia.
Aktak bilkuran bertan edo hurrengoan onartuko dira; hala ere, hartutako erabaki zehatzen egiaztapena eman dezake idazkariak, akta geroago onartzea baztertu gabe. Hartutako erabakien egiaztagiriak akta onartu aurretik egiten badira, berariaz adierazi beharko da gertaera hori.
PROPOSAMENAK EGITEA
15. artikulua.– Ekainaren 29ko 19/1998 Legearen 6. artikuluak aipatzen dituen gaiei buruzko proposamenak egin ahalko dituzte Kontseiluko kideek.
16. artikulua.– Proposamenak arrazoituak eta zehatzak izan behar dira, proposamena bera eta justifikatzen duten arrazoiak ongi bereiztuta.
17. artikulua.– Proposamenak Kontseiluko Idazkaritzara bidaliko dira, idatziz; Idazkaritzak Lehendakaritzari igorriko dizkio eta hark, edukia eta justifikazioa azterturik, proposamenaren izapidetzeari buruzko erabakia hartuko du.
18. artikulua.– Lehendakaritzak proposamenak ez direla Kontseiluaren eskumenekoak jotzen badu, edo ez dutela argi adierazten beren edukia, idatzi duen kontseilariari itzuliko dizkio, itzultzea justifikatzen duten arrazoiak azalduz. Proposamena kontseilari batek baino gehiagok sinatu badute, lehenengo sinatu duenari itzuliko zaio.
Kontseilari hori hartutako erabakiarekin ados ez badago, Osokoaren aurrean adieraz dezake. Haren arrazoiak entzunda, Osokoak ebatziko du auzia.
19. artikulua.– Osokoak egin beharreko hurbileneko bilkuraren gai-zerrendan sartuko dira proposamenak, artean deialdia egin ez bada; nolanahi ere, deialdia eskatzeko aukeraz ere balia daitezke kontseilariak, araudi honetako 3. artikuluan adierazi bezala.
20. artikulua.– Sinatu duenak defendatuko du proposamena Osokoan, edo, hala badagokio, lehenengo ageri denak. Gero, esku-hartzeen txanda bat izango da; horren ostean, txostengileak erantzuna emango du eta proposamenaren bozketari ekingo zaio.
21. artikulua.– Kontseiluko kideen esku-hartzeek eraginda, txostengileak proposamenean aldaketak sartzea onartzen badu, aldatutako proposamena bozkatu ahal izateko bilkura berean idatziz aurkeztu beharko da, eta aldaketek ez diote eragin behar oinarrizko edukiari. Kasu horretan, azken idazketaren ardura txostengileari eta aldaketa proposatu duenari eman dakieke, elkarrekin egin dezaten.
TXOSTENAK EGITEA
22. artikulua.– Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak txosten edo irizpen bat emateari egoki irizten badio, dela ofizioz, dela alde batek eskatuta, jardunbide ezberdinak jarraituko dira txostena egitea Kontseiluaren Osokoari badagokio edo horretarako osatutako batzorde bati badagokio.
23. artikulua.– Txostena egitea Osokoaren eskumenekoa bada, Kontseiluko kideen gehiengoak hartutako erabakiz, kontseilari bat edo batzuk aukera daitezke aurretiazko txosten bat landu dezaten, edo horren ardura Kontseiluko idazkariari utzi.
Dena den, aukeratutako kontseilariek Kontseiluko idazkariaren laguntza teknikoa eska dezakete aurretiazko txostena idazteko.
Lan horietaz gain, Kontseiluko idazkariak, gehienez 2 asteko epean, aztergaiaren inguruko alderdi legal eta tekniko orokorrei buruzko informazioa eman beharko du, bai eta berariaz galdetutako alderdi partikularrei buruzkoa ere.
Aztergaia edo aztergaiak bereziki korapilatsuak edo luzeak diren alderdi teknikoei badagozkie, adierazitako epea luzatzea egongo da, baina kasu horretan idazkariak berariaz eskatu beharko dio Kontseiluko lehendakariari epea luzatzeko.
24. artikulua.– Aurretiazko irizpena idatzitakoan, kontseilari guztiei banatuko zaie, Osokoa biltzeko aurreikusita dagoen eguna baino hogei egun baliodun lehenago gutxienez. Epe horren barruan, nahi izanez gero, kontseilariek aldaketa-proposamenak egin ditzakete irizpenaren puntu ezberdinei buruz; Kontseiluaren erregistroan idatziz aurkeztu beharko dira, dagokion bilkura hasi baino bost egun lehenago.
Lehendakaritzak kontseilariei bidaliko dizkie aldaketa-proposamen horiek, jakinaren gainean egon daitezen.
25. artikulua.– Osokoa bildurik, bozkatu egingo da irizpenaren testua eta, lehenbizi, osorik itzultzea bidezkoa den ala ez erabaki beharko da. Baiezkoan, bilkura horretan bertan beste kontseilari batzuk aukeratu beharko dira beste proposamen bat idatz dezaten.
Ordezko testu bat aurkeztu eta oinarrizko testutzat onartua izan bada, aurreko artikuluan ezarritako bideari jarraituko zaio.
26. artikulua.– Ondoren, eta beharrezkoa bada, ohartarazpenak edo aldaketa-proposamenak eragin dituzten txostenaren atal desberdinei edo irizpenei buruz eztabaidatzeari ekingo zaio. Puntu bati buruz aldaketa-proposamen bat baino gehiago egonez gero, banan-banan baztertuz joango dira bozketaz, Kontseiluaren erregistroan aurkeztu ziren ordena kontuan hartuz.
Aldaketa-proposamen bat atzera botatzen dutenean, aurkeztu duten kontseilariek boto partikular gisa jaso dezatela eskatzeko eskubidea dute.
27. artikulua.– Parte hartu duten kontseilariek aldaketa-proposamen adostu bat egitea erabakitzekotan, bozkatu ahal izateko aldez aurretik idatzi egin beharko da. Horretarako, bilkura atzeratu daiteke, 24 orduz gehienez; berriro hastean, aldaketa-proposamenaren kopia banatuko zaie kontseilariei bozketaren aurretik.
Zatiko aldaketa-proposamenak bozkatu ostean testu osoa bozkatuko da.
28. artikulua.– Eskatutako txostena horretarako berariaz sortutako batzorde baten eskumenekoa bada, hasierako irizpena lantzea batzorde horri dagokio. Gaiaren izaera eta garrantzia kontuan hartuta, batzordearen osaera Osokoak berak onartuko du, dagokion bozketa eginda.
29. artikulua.– Batzordeak hasierako irizpena lantzeko jardunbidea 23.etik 27.era bitarteko artikuluetan ezarritakoa izango da, baina idazketaz arduratu beharreko kontseilaria (edo kontseilariak) Batzordeak berak aukeratuko du (ditu), gehiengo osoz.
Hala aurretiazko jardueretan nola Osokoaren bilkura burutzean, txostena azkenik onartzeari dagokionez, 23.etik 27.era bitarteko artikuluetan xedatutakoa ezarriko da.
30. artikulua.– Irizpenak, txostenak eta proposamenak dagokion agintariari bidaliko zaizkio, lehendakariak eta idazkariak sinatuta eta marjinan dagokion bilkuran egon zirenen izenak jarrita; txostenak aho batez edo gehiengoz onartu diren adierazi beharko da eta, halakorik balego, boto partikularrak ere erantsi beharko dira.
31. artikulua.– Araubide honetan aurreikusi ez diren alderdietan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta urtarrilaren 14ko 4/1999 Legeak egindako aldaketa ezarriko dira.
RSS