Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2000eko urriaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
4317

EBAZPENA, 2000ko abuztuaren 17koa, Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariarena, "FUNDACION AZTI-AZTI FUNDAZIOA"ren hitzarmen kolektiboa (1998-2002) aldatzeko aktak erregistratu eta argitara daitezela xedatzen duena.

8600232 C.C.O.C. espedientea.

Ikusi da aipatutako espedientea, "FUNDACION AZTI-AZTI FUNDAZIOA" enpresaren hitzarmen kolektiboari buruzkoa.

2000ko uztailaren 26an, FUNDACIÓN AZTI-AZTI FUNDAZIOAren 1998-2000ko hitzarmen kolektiboaren 24., 30., 38., 53. eta 55. artikuluak aldatzeko erabakiak jasotzen dituzten aktei eman zitzaien sarrera Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzan (hitzarmen hori 1999ko ekainaren 16ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen; hitzarmenaren kode-zenbakia 8600232 da). Aktak 1999ko abenduaren 17an eta 2000ko maiatzaren 7an izenpetu zituzten, alde batetik, Enpresako Zuzendaritzak eta, bestetik, eraginpeko langileak ordezkatuz, Enpresa Batzordeak.

Beharrezko izapideak egin ondoren, hitzarmen kolektibo horretan egindako aldaketak erregistratu eta argitaratzea bidezko da, lege arauetan agindutakoa oinarri hartuta: Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 90. artikulua (lege hori martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaz onartu zen); maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretua; Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 2ko 39/1981 Dekretua eta hori garatzen duen 1982ko azaroaren 3ko Agindua; eta Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzen duen uztailaren 27ko 303/1999 Dekretua.

Adierazitako lege-aginduak eta orokorrean ezartzeko gainontzekoak ikusita,

Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariak hau

EBATZI DU:

1.– Aldaketak Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmen Kolektiboen Erregistroaren Organo Nagusian erregistratzeko agindua ematea, eta Batzorde Negoziatzaileari horren berri emeatea.

2.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko abuztuaren 17a.

Lan eta Gizarte Segurantza zuzendaria,

LUIS M.ª VALLE BOLINAGA.

FUNDACION AZTI-AZTI FUNDAZIOAREN

HITZARMEN KOLEKTIBOAN EGINDAKO

ALDAKETAREN TESTUA.

24. artikulua.– Itsasaldian egindako egunak.

Artikulu honetan ezarritakoa langile hauei baino ez zaie aplikatuko: ohiko lanlekua enpresaren edozein zentrotan edukita, noizean behin itsasora joaten direnei. Obra edo zerbitzu jakin baterako, ozeanografia kanpaineterako kontratzen diren behatzaileei, beraz, ez zaie aplikatuko.

30. artikulua.– Haurdunaldi, erditze edo edoskitzaroko lizentzia.

Edoskitzea dela-eta lanordutan dagoen ordubeteko etena umeak 12 hilabete betetzen duen arte luzatzen da. Hala ere, luzapen hori ezingo da erabili amak amatasunagatiko lizentziari orduak metatzea eskatzen duenean.

Erditze multiplea bada, haurdunaldi eta erditzeagatiko lizentzia 3 astez luzatuko da, lehenengoaren ostean jaiotzen den ume bakoitzeko.

Haurdun daudenek aukera izango dute lanordutan jaioaurreko azterketak egiteko eta erditze-unerako prestatzeko teknikak ikasteko, ordainketarik galdu gabe. Horretarako, dena den, enpresarioa jakinaren gainean jarri beharko dute aurrez eta lanordutan joateko beharra egiaztatu beharko dute.

38. artikulua.– Adin txikikoak edo ezindu fisiko, psikiko edo sentsorialak zaintzeko baimena.

Seme-alaben bat norberak zaintzeko dagoen lanordu-murrizketa umeak 12 urte betetzen dituen arte luzatzen da.

53. artikulua.– Urteko ordainketa finkoa.

Kategoriaka banatutako ordainketa-taulari "Laborategiko burua" kategoria eransten zaio. Kategorria horrek "Proiektuaren ikertzaile burua" kategoriak duen soldata izango du eta antzinatasunean 1. taldekoa izango da.

55. artikulua.– Antzinatasuna.

Hirurteko bakoitzaren zenbatekoa hirurtekoa betetzen den hilaren lehenengo egunean sortuko da, baldin eta kontratua kasuan kasuko hilaren 1a eta 15aren artean egin bada; hilaren 16 eta 31ren artean egin bada, berriz, hirurtekoa betetzen den hilaren hurrengokoaren lehenengo egunean.


Azterketa dokumentala