Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

157. zk., 2000eko abuztuaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
3617

AGINDUA, 2000ko maiatzaren 18koa, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarena, VISESA sozietate publikoak Galdakaoko udalerrian duen babes publikoko etxebizitza bat esleitzeko prozedura finkatzen duena.

AURREKARIAK

1.– "VISESA" sozietate publikoa, eskritura publiko baten indarrez, Galdakaoko udalerrian dagoen etxebizitza baten jabea da.

2.– VISESA sozietate publikoak erosi zuen etxebizitza hori, saleroste eskritura publiko bidez.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Babes ofizialeko etxebizitzen eskualdaketetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak duen erosteko lehentasun eskubideari buruzko apirilaren 15eko 7/1988 Legea maiatzaren 6ko 103/1997 Dekretuaren bidez garatu zen eta Dekretu horretako 9. artikuluak eta Bigarren Xedapen Gehigarriko bigarren paragrafoak ezartzen dutenari jarraituz, etxebizitza hori esleitzeko prozedura zehaztu behar da.

2.– Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 14. artikuluarekin bat etorriz eta gizarte-etxebizitzetarako finantza neurriei eta lege-araubideari buruzko uztailaren 30eko 212/1996 Dekretuaren 29. artikuluan ezarritakoari atxikiz, Sail honetako sailburua da egintza hau emateko eskumena duen organoa.

Aipatutako lege manuak eta oro har gai honetan erabilgarri diren gainerakoak ikusi ostean, honakoa

XEDATU DUT:

Galdakaoko udalerriko babes ofizialeko etxebizitza baten onuradunak aukeratzeko modua eta beroiek esleitzeko bidea onartzea, etxebizitzaren erosleak onartzeko baldintzen pleguaren arabera. Plegua agindu honen eranskinean agertzen da.

Etxebizitza Galdakaoko Agirre lehendakaria kaleko 6 zenbakian dago, 1. solairuko A-n, eta 90 m.2-ko azalera erabilgarria du. Trastelekuak 4 zenbakia du eta 3,49 m.2-ko azalera erabilgarria. Garajeak 4 zenbakia du eta 16,42 m.2-ko azalera erabilgarria. Esleipenaren prezioa 15.360.681 PTAkoa da eta erabateko jabetzaren araubideaz esleituko da.

Agindu honen aurka badago berraztertzeko errekurtsoa aurkezteko aukera, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zuzenduta; edo bestela, hasieratik aurkez daiteke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salaren aurrean. Bietarako epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da, eta hilabetekoa izango da lehenengoarentzat eta bi hilabetekoa bigarrenarentzat.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko maiatzaren 18koa.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza

eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.

BALDINTZEN PLEGUA, VISESA sozietate publikoak Galdakaoko udalerrian duen babes ofizialeko etxebizitza baten erosleak onartzeko.

Lehenengoa.– Baldintzak

Ondoren aipatzen diren pertsona naturalek eskatu ahal izango dituzte etxebizitzak, bai bakarka bai jadanik egon dauden edo geroko batean egongo diren elkarbizitza-unitateetan, baldin eta ondoren azaltzen diren baldintzak betetzen badituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren jabetzako gizarte-etxebizitzak esleitzeari buruz Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuak 1997ko azaroaren 12an emandako Aginduan ezarri ziren baldintzok:

1.– Etxebizitza eskatzen duen elkarbizitza-unitateko kide guztiei dagokienez, 2000/04/06aren aurre-aurreko bi urteetan jabetzapean, jabetza soilean, azalera eskubidepean edo gozamenpean etxebizitzarik ez dutela izan egiaztatu beharko dute, eta egoera horretan egon beharko dute etxebizitza honen esleipena gauzatu artean.

2.– 1998. urteko dirusarrera haztatuek honakoak izango dira:

– 1998. urteko lanbidearteko gutxieneko lansaria (952.560 PTA) 1,7 aldiz baino handiagoak.

– 1998. urteko lanbidearteko gutxieneko lansaria (952.560 PTA) 5,5 aldiz edo hortik beherakoak.

3.– Eskatzailea, edo haren ezkontidea edo bizikidea, Galdakaoko udalerrian urtebeteko epean gutxienez bizi izana, eten barik, 2000/04/06tik atzera kontatuta.

4.– 2000/04/06aren aurre-aurreko hamar urteetan eta esleipena eratu arte, gizarte-etxebizitzaren edo itunpeko sustapeneko etxebizitzaren onuraduna ez dela izan egiaztatu beharko da bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak etxebizitza eskuratzeko eskaintzen dituen neurrien onuraduna ez dela izan ere.

Bigarrena.– Eskabideak

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak etxebizitza-eskabideak jasotzeko duen Erroldan 2000/04/06aren aurretik aurkeztu diren eskabideak baino ez dira kontuan hartuko.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabete geroago berariazko ebazpenik eman ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.

Hirugarrena.– Onartutako eta baztertutakoen zerrenda

1.– Eskabideetan agertutako inguruabarrak benetakoak direla egiaztatu ostean, Lurralde Antolamendu Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko Bizkaiko lurralde ordezkariak ebazpen baten bidez finkatuko ditu onartutako eta baztertutako eskatzaileen behin-behineko zerrendak.

Zerrendak Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako iragarki oholean jarriko dira jendaurrean, hamabost egun naturaleko epean. Eskatzaileek, zerrendak jendaurrean jartzeko epea amaitzen den egunaren biharamunetik hasita, hamabost egun naturaleko epea izango dute zerrendak onartzen dituen ebazpenaren aurka erreklamazioak aurkezteko, lurralde ordezkariari zuzenduta.

2.– Aurkeztutako erreklamazioak ikusi ostean, lurralde ordezkariak prozeduran onartutakoen eta bertatik baztertutakoen zerrendak gauzatuko ditu eta horien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, Lurralde Antolamendu Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zuzenduta. Horretarako epea jendaurreko aldiaren azken egunaren biharamunean hasi eta hilabetekoa izango da. Zerrendak aurreko idatz-zatian adierazitako modu berean jarriko dira jendaurrean.

Laugarrena.– Esleipena

Etxebizitzaren esleipendunak aukeratzeko modua zozketa izango da, notarioaren aurrean. Horretarako eguna eta tokia Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak zehaztuko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren jabetzako gizarte etxebizitzak esleitzeari buruzko Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren 1997ko azaroaren 12ko Aginduaren 11. artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan adierazitakoaren arabera.

Aukeratutakoen zerrenda eta itxoin-zerrenda onartzen dituen ebazpena aurreko klausulan adierazitako modu berean argitaratuko da eta, bere aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, Lurralde Antolamendu Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zuzenduta. Horretarako epea jendaurrean egoteko aldiaren azken egunaren biharamunean hasi eta hilabetekoa izango da.

Bosgarrena.– Eskabiderik ez badago

Eskabiderik ez badago edo etxebizitza guztiak esleitu barik itxaron-zerrenda amaitzen bada, etxebizitzen erosleak aukeratuko dira Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailean erroldatuta dauden eskatzaileen artean, baldin eta eskabideek Plegu honetan araututako baldintza guztiak betetzen badituzte. Horretarako, etxebizitzak hutsik daudela jakinarazi besterik ez da egin behar, eta Plegu honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten eskabideak aurkeztu ahala esleituko dira.

Lanpostu hutsak daudela jakinarazi baino lehen, nolanahi ere, eskabiderik ez dagoela edo sustapenerako sortutako zerrenda agortu dela jakinarazi beharko zaizkio Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendaritzari.

Seigarrena.– Ordezko arauak

Plegu honetan aurreikusten ez diren guztietarako honakoak erabiliko dira: Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren 1997ko azaroaren 12ko Agindua (bertan finkatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren jabetzapeko gizarte-etxebizitzak esleitzeko modua) eta uztailaren 30eko 212/1996 Dekretua (gizarte-etxebizitzei buruzko finantza-neurriak eta araubide juridikoa finkatzen dituena).


Azterketa dokumentala