Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

157. zk., 2000eko abuztuaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
3616

AGINDUA, 2000ko uztailaren 17koa, Kultura sailburuarena, euskal bibliografia-ekoizpena nazioarte mailan sustatzeko dirulaguntzak arautu eta horretarako deia egiten duena.

Euskal Kultura Ondarearen Legearen bitartez, uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bitartez alegia, Euskadiko Nazio mailako Liburutegien Erapidetza eratu zenetik, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio Sarearen barruan dauden liburutegietako jarduerak eta programak koordinatzea, bai eta liburutegien eta Euskal Herriko bibliografia ondarearen politika antolatzea ere.

Kultura Saileko egitura organikoa ezartzen duen urriaren 19ko 359/1999 Dekretuak egokitzen dizkion eginbeharrak betez, eta kontuan hartuz euskal liburuak azken urteotan lortu duen kalitatea, Sailak funtsezkotzat jotzen du beste herri batzuk ere euren hizkuntzan euskal idazleek euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako lanak irakurri ahal izan ditzatela, eta horrela, gure bibliografia-ekoizpena Euskal Autonomia Erkidegotik at ezagutaraztea.

Agindu honek euskal literatura osatzen duten lanen ezagutza sustatu eta erraztea nahi du nazioarte mailan eta euskal idazleen literatur lan nagusien zabalkundea sustatuz euskal literaturaren nazioarteko proiekzioa bultzatu.

Hori dela eta,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea

Agindu honek 2000ko ekitaldirako euskal bibliografia-ekoizpena nazioarte mailan sustatzeko dirulaguntzak arautu eta horretarako deia egiten du. Sustapen hori lortzeko honako ekintza hauek bultzatu nahi dira: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan jaio edo bertan helbideratuta dauden idazleen euskaraz zein gaztelaniaz sortutako jatorrizko literatur lanak beste hizkuntza batzuetara itzultzea, bestetik, nazioarteko azoketan parte hartzea eta hirugarrenik, euskal literatura Euskal Autonomia Erkidegotik at sustatzeko eta hedatzeko kultur jarduerak antolatzea.

Dirulaguntzak 2000ko ekainaren 1etik abenduaren 31 bitartean gauzatuko diren azoketarako eta euskal literatura sustatu eta hedatzeko jardueretarako eskatu ahal izango dira.

Itzulitako lana argitaratzeko kontratuak formalizatuta egon beharko du 2000ko abenduaren 31 baino lehen.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzen gehienezko kopurua 14.500.000 pezetakoa/ 87.146,76 eurokoa izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoak 2000. urterako dituen eta indarrean dauden Aurrekontu Orokorretan horretarako berariaz ezarrita dagoen diru-ataletik aterako dira.

2.– Gehienezko kopurua modu honetan banatuko da:

a) Itzulpenetarako laguntzak: 3.000.000 PTA/18.030,36 EURO

b) Nazioarteko azoketan partehartzeko laguntzak: 10.000.000 PTA/ 60.101,21 EURO.

c) Euskal literatura Euskal Autonomia Erkidegotik at sustatzeko eta hedatzeko kultur jarduerak antolatzea: 1.500.000 PTA/ 9.015,18.

Eskabideak ebaztea idatz-zati honetan ezarritako ordena jarraituz egingo da.

3.– Dirulaguntza modalitate bakoitzerako izendatutako diru-atala ahitu ezean, soberan geratutako dirua beste modalitateari gehitu ahal izango zaio, beti ere, diru hori jasotzeko den modalitateko dirulaguntzak artean ebatzi gabe badaude.

3. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetan zehaztutako dirulaguntzak honako hauek eskatu ahal izango dituzte: batetik, itzulpenetarako dirulaguntzak, xede sozialtzat bibliografia-ekoizpena izan eta behar den moduan eraturiko pertsona juridikoek eta bestetik, nazioarteko azoketan parte hartzeko dirulaguntzak eta euskal literatura Euskal Autonomia Erkidegotik at sustatzeko eta hedatzeko kultur jarduerak antolatzeko dirulaguntzak, liburuaren arloari lotutako kultur entitateek eta elkarte profesionalek.

4. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak.

Hauek dira dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan jaio edo agindu hau argitaratu aurretik bertan helbideratuta dauden idazleen euskaraz zein gaztelaniaz sortutako jatorrizko literatur lanen argitalpenak eta itzulpenen sustapena. Euskaraz sortutako lanei dagokienez, helburu hizkuntza edozein izan daiteke, gaztelaniaz sortutakoei dagokienez, ez da kontuan izango helburu hizkuntza gaztelania izatea.

b) Elkarte profesionalek nazioarteko azoketan parte hartzea. Laguntza hauen xedea batetik, euskal liburua Euskal Autonomia Erkidegotik at sustatzea eta hedatzera zuzendutako kultur jarduerak sustatzea da, bestetik, euskal liburuaren arloko elkarteak nazioarteko azoketan parte hartzea bultzatzea eta hirugarrenik, euskal liburua Euskal Autonomia Erkidegotik at zabaltzen lagunduko duten materialak sortzea.

c) Euskal literatura Euskal Autonomia Erkidegotik at sustatzeko eta hedatzeko kultur jarduerak antolatzea.

5. artikulua.– Eskabideak.

Dirulaguntza eskaerak agindu honen eranskineko ereduaren arabera beteko dira eta, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari zuzenduta, Kultura Ondarearen Zuzendaritzan aurkeztuko (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarrita dauden bideetako edozein erabiliz.

Behar den moduan beteta egongo den eskabidearekin batera Agindu honen Eranskinean kasuan kasurako eskatzen diren agiriez gain honako hauek ere aurkeztu beharko dira:

1.– Itzulpenetarako dirulaguntzak:

a) Editore izaera egiaztatzen duen agiria, dagokion herrialdean indarrean dagoen legeriak agintzen duenaren araberakoa.

b) Onuradunak bai bere zerga-obligazioak eta zergak ordaintzen baditu baita Jarduera ekonomikoen gaineko zerga ere, eta bai Gizarte Segurantza eguneratuta dituela egiaztatzen duen agiria.

c) Itzultzeko kontratuaren xede den jatorrizko lanaren ale bat.

d) Egile-eskubideak dituen titularraren adostasuna edo lana jabari publikoko erregimenean dagoela egiaztatzen duen agiria.

e) Editorearen eta itzultzailearen arteko kontratuaren fotokopia konpultsatua. Bertan itzulpenaren zenbatekoa jasoko da eta berari atxikiko zaio itzultzailearen curriculum-a.

f) Jatorrizko lanaren egilearen jaiotze- edo errolda-agiria.

g) Ondorengo zehaztasun hauek jasoko dituen memoria: proposatzen den argitalpenaren ezaugarri teknikoak, itzulpena zein ediziotik egingo den, tirada, liburua noiz plazaratzea aurreikusten den, aurrekontua, eta itzulpenaren kalitateari buruzko ezaugarriak eta bermeak.

h) Koedizioa izanez gero, koeditoreei buruz aurkeztu beharreko datuak eskatzaileari eskatzen zaizkion datu ber-berak izango dira.

i) Lana argitaratu nahi den argitaletxearen edo bildumaren katalogoa eta argitaletxearen ibilbideari eta lanaren hedapenerako duen gaitasunari buruzko memoria.

j) Jarduera bererako beste laguntzaren bat jaso dela edo jasotzeko eskaera egin dela jasotzen duen aitorpena, hala badagokio.

k) Konpromisoa, itzulitako lana 2001eko abenduaren 31 aurretik argitaratzekoa.

l) Kredituen orrian lana argitaratzen den hizkuntzan lanak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza izan duela jasoko den konpromisoa. Honako hau zehaztuko da: "Liburua honek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren itzulpenerako laguntza jaso du".

m) Argitaratu ondoren lana hedatzeko lanen ildotik sor daitekeen prentsa-dossierra Kultura Sailera bidaltzeko konpromisoa.

2.– Nazioarteko azoketan parte hartzeko eta euskal literatura sustatu eta hedatzeko kultur jarduerak antolatzeko dirulaguntzak:

a) Entitatearen edo elkartearen idazkariaren agiria, honako hauek egiaztatzen dituena: eskaera egiteko hartutako akordioa eta bere ordezkariaren izendapena.

b) Dirulaguntza eskatzen den azokaren edo kultur jardueraren garapenari buruzko zehaztasunak jasotzen dituen proiektua.

c) Gauzatuko den jardueraren gaineko sarreren eta gastuen berri zehatza ematen duen aurrekontua.

d) Entitatearen edo elkartearen idazkariaren agiria, honako hau egiaztatzen duena: beste erakunde publiko edo pribatuek emandako edo eurengandik jasotako dirulaguntza edo dirulaguntzak eta jardueraren aurrekontuarekiko suposatzen duen diru-portzentajea edo, horrelakorik ezean, horri buruzko ziurtagiria.

e) Honako hauek jasoko dituen memoria: azokak edo jarduerak gizarte mailan duen eragina eta aurreko urteetan izandako eragina (bisitari-kopurua, egindako emanaldiak, memoriak, komunikabideetan emandako berriak, eta abar)

f) Onuradunak bai bere zerga-obligazioak eta zergak ordaintzen baditu baita Jarduera ekonomikoen gaineko zerga ere, eta bai Gizarte Segurantza eguneratuta dituela egiaztatzen duen agiria.

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau eraginkorra den egunetik aurrera.

7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko eskumenak dituen organoa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio Agindu honen bidez araututako deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideen akatsak zuzentzea.

1.– Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eskabidea dagokion epean eta moduan egin dela egiaztatuko du eta baita eskatutako agiri guztiak aurkeztu direla.

2.– Eskabideak (eta aurkeztu beharreko agiriak) Agindu honetan eskatzen diren baldintzak beteko ez balitu, orduan Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak hamar eguneko epea emango lioke pertsona edo entitate interesatuari akatsak zuzentzeko. Akatsok aipatutako epe horretan zuzendu ezean interesatuak eskabidean atzera egin duela ulertuko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

9. artikulua.– Eskaeren ebaluaketa.

1.– Batzordeari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, Agindu honen 10. artikuluan ezarritako jarraibideak aintzat hartuta. Era berean, batzorde horrek osatuko du dagokion Ebazpen Proposamena eta, ondoren, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari igorriko dio. Bertan azalduko dira, hala badagokio, entitate onuradun bakoitzari egokitutako diru kopurua eta emandako dirulaguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko ongi iritzitako baldintza guztiak.

2.– Kalifikazio Batzordea era honetan osatuko da:

– Kultura Ondarearen zuzendari jauna edo horrek bere ordez izendatutako pertsona. Batzordeburu izango da eta kalitate botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko.

– Eusko Jaurlaritzako bi funtzionario, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak izendatuak. Horietako bat batzordeko idazkaria izango da.

Aurkeztutako proiektuek ez badituzte Kalifikazio Batzordeak eta/edo organo erabakitzaileak deialdiaren xedearekiko egokitzat jotako kalitate- edo interes-baldintzak betetzen ez da ahituko aurreikusitako diru-atala.

10. artikulua.– Aukeraketa irizpideak

Dirulaguntzak lehiaketa bidez banatuko dira eta era honetan jokatuko da: ezarrita dagoen dirulaguntzen gehienezko zenbatekoa errespetatuz, bakarrik aurkeztutako proiektuen bideragarritasuna ziurtatzeko beste pertsona edo entitate onuradun batzuk hautatuko dira.

Dirulaguntzak zehazterakoan, aukeraketa baremo eta irizpide gisa, honako hauek hartuko dira kontuan:

1.– Itzulpenerako dirulaguntzak:

a) Aurkeztutako proposamenak duen interes kulturala eta bere-berea dena. Gehienez: %10

b) Proposatzen den argitalpenaren ezaugarri teknikoak, tirada eta aurrekontua, liburua plazaratzeko aurreikusten den data eta baita itzulpenari buruzko ezaugarriak eta bermeak. Gehienez %50

c) Eskaera egin duen argitaletxearen katalogoa eta ibilbidea. Eskaera egin duen argitaletxeak liburuak zabaltzeko duen gaitasuna. Gehienez: %40

2.– Azoketarako eta euskal bibliografia-ekoizpena nazioarte-mailan sustatzeko jardueretarako dirulaguntzak:

a) Garatuko den azokaren edo kultur jardueraren inguruan euskal literatura sustatzeko jarduerak. Gehienez: %25

b) Egingo den edo parte hartuko den azokaren edo kultur jardueraren egitaraua. Gehienez: %30

c) Eskaera egin duen entitatearen kultur ibilbidea eta literatura eta liburua sustatzeko jardueretan eskainitako laguntzak. Gehienez: %15

d) Azokaren, kongresuaren edo kultur jardueraren antzinatasuna eta aurretik izandako ekitaldietan izandako gizarte mailako eragina. Gehienez: %30.

11. artikulua.– Dirulaguntzen diru-kopurua, mugak, ordainketa eta bateragarritasuna.

1.– Eskabidearen xede diren jarduerak burutzeko onartutako gastu-aurrekontuaren %70era ere irits daiteke dirulaguntza.

2.– Dirulaguntzaren ordainketa bi zatitan egingo da:

a) Lehenengoan, aurreikusitako dirulaguntzaren %60 ordainduko da, 13. artikuluaren a) puntuan zehazten den epea igaro ondoren, aldez aurretik dirulaguntzari uko egin ez bazaio.

b) Bigarrenean, dirulaguntzaren %40, Agindu honen 14. artikuluan kasu bakoitzerako ezarritako justifikatzeko dokumentazioa jaso eta egiaztatu ondoren.

3.– Dirulaguntza hauek eta beste entitate publiko nahiz pribatuk helburu berberaz emandakoak bateragarriak izango dira, baina ez da, inondik inora ere, gainfinantzaketarik onartuko. Horrelakorik gertatuz gero agindu honen bidez emandako dirulaguntza gutxitu egingo da gainfinantzatutako kopuruaren bestean.

12. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari dagokio, Kalifikazio Batzordeak egindako Ebazpen Proposamena ikusita, aurkeztutako eskabideak ebaztea. Ebazpena jakinarazi egin beharko da eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatzen hasita hiru hilabeteko epean. Epe hori bukatuta, eskabideren bat ebatzi gabe uzten bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Dena den, aurreko paragrafoan esanak esanda ere, Agindu honen 8. artikuluan adierazitakoa gertatuz gero, ebazpena hartzeko epea etenda geratuko da izapideak behar duen denboran, jakinarazpen egunaren eta erantzuteko epearen arabera.

2.– Agindu honetan ohartemandako laguntzen esleipenari buruzko ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie dirulaguntza egokitu zaien onuradunei. Horrez gain, emandako dirulaguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da interesatu guztiak jakinaren gainean egon daitezen.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrela, dirulaguntza ematen zaiela jakinarazteko gutuna jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote dirulaguntzari espreski eta idatziz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, eskatuz gero.

c) Emandako dirulaguntzen bidez argitaratutako aleetan, lana argitaratzen den hizkuntzan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren laguntza jaso dela espreski agertzea eta baita lanaren hedatze-lanetan ere.

d) Dirulaguntza itzulpenak argitaratzeko eta sustatzeko eman bada, onuradunak lana argitaratu eta hurrengo bi hilabeteren barruan lanaren 25 ale bidali beharko ditu Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzara. Argitalpena 2001eko abenduaren 31n bukatuz gero, 2002ko otsailaren 28a aurretik entregatu beharko dira.

14. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta zuriketa.

1.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa 2001eko otsailaren 15a baino lehen bidali beharko da. Justifikazioa egiteko honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Dirulaguntzaren bidez burutu diren jarduerei buruzko txosten zehaztua.

b) Egindako gastuen jatorrizko fakturak.

c)Aipatutako fakturetan zehazten diren gastuen zehaztapenak azaltzen dituen zerrenda.

d) Onuradunak bai bere zerga-obligazioak eta zergak ordaintzen baditu baita Jarduera ekonomikoen gaineko zerga ere, eta bai Gizarte Segurantza eguneratuta dituela egiaztatzen duen agiria.

e) Xede bererako eskatu eta Agindu honen 6. artikuluan zehazten den unean euren eraginaren berri jakiterik ez zegoen beste laguntzen zerrenda.

Laguntza itzulpenak argitaratu eta sustatzeko eman izan denean honako hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Esleipendunak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari entregatuko dio itzulitako lanaren ale bat.

b) Itzultzaileari itzulpenaren kostua ordaindu izana egiaztatzen duen agiria.

2.– Dokumentazioa jasotakoan edo epea bukatutakoan, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kasuan kasuko dokumentazioa aztertu ondoren, bakoitzari dagokion likidazioa igorriko dio Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari, berari baitagokio horren gaineko ebazpena hartzea hilabete biko epean, dokumentazioa jasotzen denetik edo aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita. Ebazpen horretan, hala badagokio, jasotako dirulaguntza itzuli beharra dagoela adieraziko da edo itzuli beharreko diru kopurua zenbatekoa den zehaztuko. Entitate onuradunak diru hori itzultzeko hilabeteko epea izango du gehienez, aipatutako Likidazio Ebazpenaren berri eman den egunetik kontatzen hasita.

15. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

Betebeharrekoak bete gabe geratu direla ulertuko da ondorengo kasuetan:

a) Dirulaguntza aipatutako helburuetarako erabili beharrean beste zerbaitetarako erabiltzen bada.

b) Diruz lagundutako jarduerei dagozkien gastuen jatorrizko justifikanteak aurkezten ez badira.

c) Dirulaguntzaren zuriketa egin ondoren dirua itzuli behar izanez gero, bueltatu beharreko diru kopurua itzultzen ez bada.

d) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, kasuan kasu, dirulaguntza emateko ebazpenetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

Egoera horietakoren bat gertatuz gero, baldintzak bete gabetzat joko dira eta, horrenbestez, laguntzarik izan duten onuradunek, jasotako diru kopuru guztia eta horri dagozkion interes legalak itzuli beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, hots, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu Bategina onartzen duenean, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarrita dagoen prozeduraren arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dezakete interesatuek, Kultura sailburuaren aurrean, hilabeteko epe barruan, argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita; edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion Aretoan, bi hilabeteko epe barruan, hau ere argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Bigarrena.– Agindu honek, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko uztailaren 17a.

Kultura sailburua,

M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.

I. ERANSKINA
DIRULAGUNTZA ESKABIDEA
EUSKAL BIBLIOGRAFIAREN EKOIZPENA
NAZIOARTE MAILAN SUSTATZEKO LAGUNTZAK

ENTITATEAREN DATUAK

Entitatearen Izena: .

Helbidea:

Posta Kodea: ........... Udala:

Telefonoa: ..................... Faxa:

AURKEZTU BEHAR DIREN ENTITATEARI
BURUZKO AGIRIAK

– Administrazio honen menpeko Erregistroetan inskribatuta dauden Fundazio edo Elkarteei dagokienez: inskripzioaren egiaztagiria. Bestela, entitatearen eratze-eskriturak eta estatutuak eta dagozkion Erregistro Publikoetako inskripzio egiaztagiriak.

– Pertsona Juridikoaren legezko ordezkariaren NANaren fotokopia, eta bere ordezkotzaren ahalordea erakusten duen egiaztagiria.

– I.F.Z-ren fotokopia

.......................(e)n, 2000ko .............k ...
Entitatearen legezko ordezkariaren sinadura

Azterketa dokumentala