Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

157. zk., 2000eko abuztuaren 17a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3615

AGINDUA, 2000ko ekainaren 8koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren Estatutuak onartzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak, zeina abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bitartez onartu baitzen, 10.22 artikuluan, eskumen osoa ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoari lanbide-elkargoen eta titulua behar duten lanbideetako jardueren alorrean, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluen kalterik gabe.

Eskumen hori erabiliz, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko 18/1997 Legea eman zen azaroaren 21ean. Lege horretako 33. artikuluak dioenez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari jakinarazi behar zaizkio, legezkoak direla egiaztatu ondoren, behin betiko onarpena eman diezaien. Agindu baten bitartez egingo da hori, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, estatutuekin batera. Halaber, Agindu hori titulua behar duten lanbideen erregistroan sartuko da.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren estatutuak legearekin bat datozela egiaztatuta, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, hauxe

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Onartzea.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren estatutuak onartzea.

2. artikulua.– Argitaratzea.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren estatutuak Agindu honen eranskin gisa argitara daitezela agintzea.

3. artikulua.– Erregistratzea.

Titulua behar duten lanbideen erregistroa formalki eratzen denean, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren estatutuak bertan sartzea.

AZKEN XEDAPENA

Eragina. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko ekainaren 8a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.

JUSTIZIA, LAN ETA GIZARTE SEGURANTZA SAILBURUAREN
2000KO EKAINAREN 8KO AGINDUARI ERANSKINA
EUSKADIKO BIOLOGOEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK
I. KAPITULUA
ELKARGOAREN IZAERA, HELBURUAK
ETA EGITEKOAK

1. artikulua.– Izaera juridikoa.

1.– Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoz arautzen den korporazioa da. Konstituzioan, Euskal Herriko Autonomia Estatutuan eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala sortzeari buruzko uztailaren 8ko 167/1998 Dekretuan esandakoaz bat sortu da. Egitura demokratikoa du. Ez du Administrazioarekiko menpetasunik, nahiz eta legezkoak diren harremanak eduki berarekin zuzenbide publikoaren alorrean.

2.– Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak izaera juridiko propioa du eta ahalmen osoa bere helburuak betetzeko. Beraz, indarrean dauden legeen arabera, honako egiteko hauek burutu ditzake elkargoak: edozelango ondasunak eta eskubideak erosi, saldu, besterendu, eduki, erreibindikatu, trukatu eta grabatu; kontratuak gauzatu; bere burua behartu eta akzioak egikaritu; eta bide eta jurisdikzio guztietan errekurtsoak aurkeztu bere helburuak lortzeko.

3.– Lanbidearen eta bazkideen interes profesionalen ordezkaritza eta defentsa egitea da Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren helburua, elkargoak dituen interes eta beharrizan orokorrak kontuan izanik.

4.– Bere eskumenek eta jarduerek ez dute mugatuko jarduera sindikala.

2. artikulua.– Administrazioarekiko harremanak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan eskumenak eduki ditzan organoarekin izango ditu harremanak Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak.

Estatuko Administrazioarekin Biologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorraren bidez izango ditu harremanak. Hala ere, gai profesional beren-beregikoak izanik, Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez badaragiote, berak zuzen-zuzenean izan ditzake harremanak.

3. artikulua.– Lurralde-eremua.

Euskal Autonomia Erkidegoa.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak Bilbon izango du egoitza, Poza Lizentziatua kaleko 31n. Helbidez aldatzeko ahalmena Gobernu Batzordearen esku gelditzen da, beti ere Bilbon. Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetan bulegoak jar daitezke.

4. artikulua.– Helburuak.

Elkargoaren funtsezko eta oinarrizko helburuak:

1.– Biologo lanbidea eratzea modu eta espezialitate guztietan, bereak diren eskumenen barruan eta legeetan ezarritakoaren arabera. Lanbide honen defentsa osoa eta bazkideen interes profesionalen defentsa. Aintzat hartu behar dira, orobat, harreman funtzionariala dela-eta, administrazio publikoek, sindikatuek eta erakunde patronalek euren egitekoen eremuan dituzten eskumenak.

2.– Biologo lanbidearen printzipio deontologikoak eta etikoak, eta bai horren duintasuna eta itzala ere, sustatu, babestu eta betetzea.

3.– Biologiak aurrera egitea, lanbidearen garapen zientifikoa eta teknikoa, elkartasun profesionala eta lanbideak gizarteari eskaintzen dion zerbitzua sustatu eta indartzea.

4.– Botere publikoekin batera lan egitea, Konstituzioan jasotzen diren norbanakoen eta gizataldeen eskubideak eskuratzen.

5. artikulua.– Egitekoak.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak honako egiteko hauek beteko ditu bere helburuei begira:

1.– Lanbidean aritzeko aukera ematea bazkideei.

2.– Lanbidea eta bazkideak ordezkatzea eta defenditzea Administrazioaren, erakundeen, auzitegien edo entitate eta partikularren aurrean. Legitimatuta egongo da alderdi legetxe aurkezteko interes profesionalei, eskubideen defentsari eta egindako lanengatik sortutako ordainsariei daragieten auzietan. Eskaera eskubidea ere burutuko du, Legeari jarraituz.

3.– Administrazio publikoetan euren eskumeneko gaiak landu daitezenean, kontseilu edo organismo aholku-emaileetan parte hartzea, baldin eta arau erregulatzaileek bidezko egiten badute. Egon dauden partaidetza sozialeko organoetan ordezkariak edukitzea.

4.– Gai judizialetan peritu legetxe eskuhartzeko dei egin dakiekeen bazkideen zerrenda ematea Justiziako Auzitegiei.

5.– Administrazioak egotz diezazkion egitekoak gauzatzea; eta berorrekin batera lan egitea azterlanak burutzen, txostenak ematen, estatistikak gertatzen eta elkargoaren helburuekin bata datozen beste jarduera batzuk gauzatzen, hala eskatzen badiote edo bere ekimenez formulatzen baditu.

6.– Bazkideen jarduera profesionala, bere eskumeneko gaietan, legeetan agindutakoaren arabera eratzea; etika eta duintasun profesionala zainduko ditu, eta norbanakoen eskubideei errespetua erakutsi.

7.– Ordainsariak gutxi gora-behera arautzea, lanbidean modu librean aritzerakoan.

8.– Izenpeen errekonozimenduak egitea, edo biologoek euren lanbidean aritzerakoan burututako proiektuen, txostenen, irizpenen, balorazioen, peritajeen eta gainerako lanen bisatua; eta gobernuko organoek egiteko horretarako onar ditzaten ziurtagiri ofizialen inprimakiak editatu eta banatzea.

9.– Kontziliazio- edo bitartekotza-zereginetan eskuhartzea arrazoi profesionalak direla-eta bazkideen artean ager daitezen auzietan; eta, oro har, bazkideen arteko harmonia, lankidetza eta elkartasuna bultzatzea, lanbidean aritzerakoan bidegabeko lehiaketarik egon ez dadin saiatuz.

10.– Interesaturik dauden alderdiek eskatuz gero, bazkideek euren lanbidean aritzerakoan burututako lanei darizkien obligazioak betetzeaz sor daitezen nahasketak ebaztea.

11.– Biologoei eta lanbidean aritzeari eragin diezaiokeen intrusismo profesionala Administrazioaren aurrean salatzea eta, behar izanez gero, Justiziako auzitegitan.

12.– Biologoek bete behar dituzten lanpostuei buruzko informazio-zerbitzu aktiboa eta eraginkorra edukitzea, ahal eta eraginkortasunik gehien izateko lanbideko zereginetan aritzerakoan.

13.– Lanbideko zereginetan aritzeko baldintza orokorrei buruzko lege-proiektu eta beste maila bateko xedapenez informatzea, eskatutako titulazioa, bateraezintasunak eta ordutegiak barne hartuz.

14.– Ordainsari profesionalak aztertzen diren prozedura judizialetan edo administratiboetan informatzea.

15.– Elkargoaren antolaketa eraginkorra bermatzea. Horretarako, sekzio espezializatuak sustatuko dira eta heziketa, kultura, administrazio, sorospen eta prebisio alorretan elkargoaren eta lanbidearen interesa izan dezaketen jarduera eta zerbitzu erkideak bultzatu. Legez eratutako beste elkargo profesional eta entitateekin batera egin daiteke lan helburu horietarako.

16.– Elkargoaren ekonomia administratzea, ekarpen-kuotak finkatuta kargak zuzen banatuaz. Eta horretarako, kuotak bildu, gorde eta aurrekontuaren eta beharrizanen arabera banatuaz, eta kontuak zehatz eta argia eginaz.

17.– Biologoen prestakuntza profesionalerako ikastaroak antolatzea.

18.– EAEko biologoen eta beste Estatu batzuetako biologoen arteko harremanak sustatzea; eta lanbidearen ordezkaritza izatea Euskal Autonomia Erkidegoan.

19.– Bazkideek lege orokorrak eta bereziak, estatutu profesionalak, barne erregimeneko arautegiak eta gobernu-organoek euren eskumeneko gaietan har ditzaten arau eta erabakiak bete eta betearaz ditzatela.

20.– Indarreango lege xedapenetan egozten zaizkion gainerako zeregin guztiak, beti ere bazkideen edo lanbidearen interes profesionalei on egiten dien bitartean.

II. KAPITULUA
BAZKIDE IZATEA, HORRI UKO EGITEA
ETA EGOERA HORI GALTZEA.

6. artikulua.– Elkargoaren bazkideak.

a) Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialean Euskal Autonomia Erkidegoko eta atzerriko herritarrak bilduko dira, beti ere Biologiako Lizentziatura titulu ofiziala edo horrekin homologagarriak diren tituluak badituztela legez frogatzen badute; guzti hori, azaroaren 27ko 1497/1987 Errege Dekretuz sortutako Unibertsitateko Titulu Ofizialen Katalogokoarekin tituluak homologatzeari buruzko irailaren 30eko 1954/1994 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Elkargoko bazkideak izan daitezke, orobat, titulatuak izanik, goi mailako unibertsitate-titulua dutenak, aurrez aipatutako tituluak Biologiako beste alor zehatz batzuetan desglosatutakoak baldin badira.

Honako hauek ere izan daitezke Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko bazkide: Natur Zientzietan lizentziatu edo doktore izanik, Biologia Zientzietako Lizentziatuen elkarteetako kide izan edo Filosofia eta Letretako edo Zientzietako doktoreen eta lizentziatuen Elkargo Ofizialetako Biologoen sekzio profesionaletan integratuta daudenak. Eta baita, entitate horietako kide izan ez, baina arauetan ezartzen diren baldintzak betez, biologia zereginetan eten barik dihardutela frogatzen dutenak.

b) Bazkide izan ahal izateko derrigorrezkoa izango da lehentxoago aipatu diren tituluren bat edukitzea. Gobernu Batzordeari egin beharko zaio eskabidea, izen-emate kuota ordaindu beharko da eta urteko ohiko kuotari dagokion zatia.

7. artikulua.– Nahitaezkoa da bazkide izatea.

Biologoaren lanbidean aritzeko derrigorrezkoa izango da Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko bazkide izatea. Bazkidea, horretaz gain, edozein sindikatuko kide ere izan daiteke. Administrazio publikoarekin loturaren bat duten profesionalek ez dute bazkide zertan izan behar, baldin era lotura hori zerbitzuetakoa bada, zuzenbide administratiboaren edo laboralaren arabera araututakoa hain zuzen ere.

8. artikulua.– Bazkide izatea.

Bazkide izateko eskabideak, honako era honetan izapidetuko dira:

1.– Elkargoko bazkide izateko eskabide guztiak Elkargoko idazkaritzan gauzatu beharko dira, dekanoari zuzendutako eske-idazkiaren bidez. Eskabide hori Gobernu Batzordeak ebatziko du, gehienez ere hiru hilabeteko epearen barruan; eskabidea aurkezten denetik aurrera edo interesatuak beharrezkotzat jotzen diren agiriak aurkeztu edo eskabideko hutsak zuzentzen direnetik aurrera. Epea hori amaitu eta ez bada ebatzirik hartu Elkargoko bazkide izateaz, onartutzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 43. 44. artikuluetan ezarritako moduan.

2.– Bazkide izateko egindako eskabideak ukatu egiten badira, horren berri eskatzaileari eman behar zaio modu arrazoituan. Ohiko errekurtsoa aurkez daiteke erabaki horren aurka Batzar Orokorrean, Elkargoko bazkide izatea ukatu egin denaren berri ematen den egunetik aurrera hilabeteko epean.

3.– Ohiko errekurtsoari eman dakion ebazpenak amaitu egingo du Administrazioko bidea, eta horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke eskumen horretarako ezarritako modu eta epeetan.

9. artikulua.– Ukapenak.

Bazkidetza ukatzeko arrazoiak:

1.– Aurkeztutako agiriak nahiko ez direnean edo zalantzak egon daitezenean euren benetakotasunari buruz.

2.– Justiziako Auzitegietan kondenatuta badago eskatzailea, eta horrek lanbidean aritzeko inhabilitatzeko zigorra badakar berarekin.

3.– Beste Elkargo batek debekua jarri badio lanbidean aritzeko, eta berriro aritzeko gaitasunik lortu ez badu.

4.– 6. artikuluko b) idatz-zatian jasotako baldintzak egiaztatu ez dituelako.

10. artikulua.– Bajak.

Ondorengo egoeretatik edozeinetan sartuta egonez gero galduko da bazkidetza:

1.– Norberak eskatuta. Eskabidea ziurtatutako postaz bidaliko zaio Elkargoko dekanoari. Eskabide horrek ez du libratzen, interesatuari, Elkargoarekin eskabidea egin aurretik lotuta dituen obligazioak betetzetik.

2.– Lanbidean aritzeko baldintzak ez betetzeagatik. Horrelakorik jazotzen den une beretik hartuko luke baja.

3.– Elkargoaren urtebeteko kuota edo gobernu organoek ezarritako beste ekarpen batzuk ez ordaintzea. Aldez aurretik ordaintzeko errekerimendua egin beharko da ziurtatutako postaz, eta bi hilabeteko luzapena emango zaio.

4.– Bazkide hil delako.

5.– Artikulu honetako 2. eta 3. paragrafoetan adierazitako arrazoiren bategatik galtzen bada bazkidetza, arrazoi horien berri posta bidez emango zaio interesatuari; eta juxtu orduantxe izango dira eragingarriak. Bazkidetza galtzearen berri bazkideei eman beharko zaie, hain zuzen ere egoera horrek ondorioak ekarritako egunaren hurrengo Batzar Orokorraren bidez. Azaldu egin beharko da zergatik hartzen den ebatzi hori.

11. artikulua.– Berriro bazkide izatea.

Biologoen Elkargo Ofizialean baja eman zaion biologoak berriro ere bazkide izan nahi badu, estatutu hauetako 6. artikuluan xedatutakoa bete beharko du.

Baja hartzeko arrazoia estatutu hauetako 10.3 artikuluan xedatutakoa bada, lehendik datorkion zorra ordaindu beharko du eskatzaileak, gehi zor horren ordainketa-agindutik aurrerako interes legal guztiak.

12. artikulua.– Ohorezko bazkideak.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren Ohorezko Bazkidearen izendapena eman dezake Gobernu Batzordeak. Eta eman, edozein eratako titulua izanik, euren merezimendu zientifiko, tekniko edo profesionalengatik emango zaie, baldin eta modu nabarmenean egin badute Biologiaren garapenaren edo biologo lanbidearen alde.

Izendapena ohorezkoa izango da guztiz, eta ez dio eragingo, Estatutuen 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, elkargoaren bizitzan eta zerbitzuetan parte hartzeari. Salbuespen bat jartzen da, Elkargoaren gobernu organoetan parte hartzeari dagokiona alegia.

Gobernu Batzordeko kideak, egoera horretan dauden artean, ezingo dute euren burua aurkeztu Ohorezko Bazkide izateko, ez eta inor ezingo du egin euren aldeko proposamena.

III. KAPITULUA
BAZKIDEEN ESKUBIDE ETA BETEBEHARREZ

13. artikulua.– Eskubideak.

Bazkideen eskubideak:

1.– Biologoaren lanbidean aritzea.

2.– Lanbidean aritzearen ondorioz sor daitezen auzietan Elkargotik sorospena, aholkularitza eta defentsa jasotzea, beti ere elkargoak dituen baliabideen arabera eta arauz ezar daitezen baldintzetan.

3.– Lan profesionalarekin zerikusirik duten agiriak aurkeztea, erregistratzeko eta bisatzeko.

4.– Bazkideak hala gura badu, Elkargoaren Gobernu Batzordeak ordezkatuko du lanbidean aritzeak ekar ditzakeen era guztietako erreklamazioetan.

5.– Elkargoaren zerbitzuak eta baliabideak erabiltzea arauz ezar daitezen baldintzetan.

6.– Elkargoaren alorrean konboka daitezen hauteskundeetan hautesle eta hautagarri legetxe parte hartzea; Elkargoaren zereginetan era eraginkorrean eskuhartzea; Elkargoaren Batzar Orokorretan informazioa jasotzea, informazioa ematea eta hitz egiteko eta botoa emateko eskubidez parte hartzea.

7.– Eratu daitezen batzorde edo sekzioetako partaide izatea.

8.– Eratu daitezen prebisio erakundeetako partaide izatea, arauz ezar daitezen baldintzetan.

9.– Lanbidean aritzeari edo Elkargoaren jardun onari buruzko eskabideak, kexak edo iradokizunak aurkeztea Gobernu Batzordeari.

10.– Elkargoaren jardunari eta interes profesionalari buruzko informazioa jasotzea erregulartasunez informazio-aldizkari baten eta Elkargoaren barne zirkularren bidez.

11.– Edozein motako gairi buruzko erreferendum deialdia lortzea, eta Elkargoaren gobernu organo baterako deia egitea eta gai-zerrendan aztergaiak sartzea.

12.– Elkargoaren jarduera ager dezaten artxiboak eta erregistroak aztertzea, arauetan finkatuta dagoen eran.

13.– Lanbidearen edo Elkargoaren jardueraren edozein gairi buruzko iritzia ematea, askatasun osoz, Elkargoaren Informazio Aldizkarian. Ez du aldez aurretiko zentsurarik izango eta bera izango da erantzule bakarra.

14.– Lanbidean aritzean ezagututako xehetasun eta informazioari buruz sekretu profesionalari eustea.

14. artikulua.– Betebeharrak.

Bazkideen betebeharrak:

1.– Lanbidea etikaren bidetik betetzea eta, batik bat, estatutuetan ezarritako arau deontologikoei eta Elkargoko gobernu organoek har ditzaten arauei eutsiz.

2.– Elkargoaren jardunerako arauak eta Elkargoaren gobernu organoek hartutako erabakiak betetzea. Bidezkotzat joz gero, errekurtsoak ere aurkez ditzakete.

3.– Aitorpen profesionalak, kontratuak eta eska dakizkien gainerako agiriak aurkeztea Elkargoan, estatutuetan eta araudian agindutako moduan.

4.– Egoitza aldaketaren berri ematea Elkargoari, hogeita hamar eguneko epearen barruan.

5.– Elkargoaren gobernu organoek ezarritako kuotak eta ekarpenak ordaintzea, igor daitezenean.

6.– Elkargoaren bizitzan parte hartu era eraginkorrean, alegia, Batzar Orokorretara joanez, eta bai, espezialitatearen arabera konboka daitezen batzorde eta sekzioetara joanez.

7.– Kargu baterako aukeratzen bazaituzte, arduraz eta eraginkortasunez garatzea zeregin hori, gobernu organoek egotz diezazkion enkarguak betetzea.

8.– Beste bazkide batzuen eskubide profesionalei eta kolegiatuei men egitea.

9.– Batzar Orokorrarekin eta Gobernu Batzordearekin batera lan egitea; eta elkargoaren intereseko gaietan argibideak ematea, eskatzen bazaizkio, beti ere sekretu profesionalari eutsiz.

10.– Gobernu organoei jakinaraztea lanbidearentzat interesgarriak izan daitezkeen egintza guztiak, bai era partikularrean zein taldeka hartuta.

11.– Nortasun profesionaleko karneta edukitzea.

12.– Sekretu profesionala zehatz jagotea.

IV. KAPITULUA
LANBIDEAN ARITZEA ARAUTZEN DUTEN
OINARRIZKO PRINTZIPIOAK

15. artikulua.– Lanbidearen egitekoak.

1.– Biologoaren lanbide titulatua eta lanbidean aritzeko Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialean bazkide izatea nahitaezkoa duten jarduerak legez arautuko dira, Konstituzioko 36. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Aurrekoa horrela dela, eta beste lanbide batzuetako lege arautzaileetan jaso daitezen ahalmen profesionalak eta bazkidetze arauak kontuan hartuz, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren ustetan, ondoren aipatzen diren egitekoak dira biologoak bere jarduera profesionalean garatu ditzakeenak:

a) Organismo bizidunak eta horien jardueraren aztarnak aztertu, identifikatu eta sailkatzea.

b) Biologia prozesu industrialak ikertu, garatu eta kontrolatzea (bioteknologia).

c) Jatorri biologikoa duten materialen ekoizpena, eraldaketa, manipulazioa, kontserbazioa, identifikazioa eta kalitate kontrola.

d) Era guztietako material eta produktuen kontserbazioari daragioten agente biologikoen identifikazioa, azterketa eta kontrola.

e) Sanitatean, nekazaritzan, industrian eta zerbitzuetan erabiltzen diren produktu kimikoen eta biologikoen azterketa biologikoak eta eraginaren kontrola.

f) Agente biologiko patogenoak eta horien produktu toxikoak identifikatu eta aztertzea. Infekzioen eta izurriteen kontrola.

g) Elikagaiak ekoiztu, eraldatu, kontrolatu eta kontserbatzea.

h) Lagin biologikoei buruzko azterketa eta analisi fisikoak, fisiologikoak, biokimikoak, zitologikoak, genetikoak, histologikoak, mikrobiologikoak eta inmunologikoak. Giza-jatorrikoak eta analisi klinikoetarako direnak ere hor sartzen dira.

i) Azterketa demografikoak eta epidemiologikoak.

j) Aholku genetikoa eta plangintza familiarra.

k) Heziketa sanitarioa eta ingurugiroarekikoa.

l) Baliabide natural berrigarriak, lurretikakoak eta uretikakoak (ur kontinentalak eta itsas-urak) era arrazoitsuan planifikatu eta ustiatu.

m) Analisi biologikoak, kontrola eta uren arazketa.

n) Naturaren alderdi ekologikoak eta kontserbazioa. Lurraldearen antolamenduaren alderdi ekologikoak.

ñ) Babestutako ingurune naturalen, parke zoologikoen, lorategi botanikoen eta Natur Zientzietako Museoen antolaketa eta gerentzia. Jolas-biologia.

o) Industriaren, nekazaritzaren eta hiriaren kutsadura aztertu, analizatu eta tratatzea. Biologiaren eta ingurugiro eraginaren gaineko azterlanak.

p) Biologia irakastea hezkuntza alorreko legeek ezarritako moduan.

q) Lagundutako ugalketarekin lotutako edozer.

r) Gai biologikoei buruzko aholkularitza zientifikoa eta teknikoa.

s) Biologiarekin lotutako jarduerak.

16. artikulua.– Lanbidean aritzeko moduak.

Biologoen lanbidean era liberalean aritu daiteke, bai bakarka zein taldeka; enpresa publiko edo pribatu batekin harreman laborala izanez aritu daiteke; edo zuzenbide administratiboari lotuta.

Lanbidean aritzean oinarrizkotzat jotzen da irizpide profesionalaren independentziari men egitea; ez zaio jarriko muga bidegabeko edo arbitrariorik egiten den lanari eta komunitateari eskaintzen zaion zerbitzuari.

17. artikulua.– Lan profesionalen bisatua.

Lan profesionalak burutzeko eta bisatzeko arauak eta baldintzak ezarriko ditu Elkargoak. Arauok, Gobernu Batzordeak proposatu eta aldez aurretik elkargoa informatu ondoren, Batzar Orokorrak onartuko ditu.

Zehatz eta mehatz bereiztu beharko dira lan profesionaletan hipotesi legetxe aurkeztutako ondorioak eta lanen emaitzen ondorio zuzen legetxe aurkeztutako ondorioak.

Egileek eurek izenpetu beharko dituzte lan profesionalak. Bazkide zenbakia adierazi beharko dute eta edukiaz eta abaguneaz arduratu beharko dute.

18. artikulua.– Lan profesionalak erregistratzea.

Lanen batzuk konfidentzialak direla-eta ezinezkoa bada horiek arauz erregistratzea eta bisatzea, itxaron egingo da egoera hori gainditu arte, eta orduan erregistratu eta bisatuko dira.

Bazkideek eskatu dezakete, arrazoiz zuritu beharko dutelarik lehenengo, erregistratzeko edo bisatzeko aurkeztu dituzten agiriak zigilupean gorde daitezela. Zigilu hori ezingo da ireki egoera horretarako egon diren arrazoiak desagertu arte.

19. artikulua.– Publizitatea.

Biologoak ezingo dira bidegabeko lehiatan sartu. Publizitateari dagokionez, Elkargoko gobernu organoek ezarritako arauak bete beharko dituzte.

V. KAPITULUA
GOBERNU ORGANOAK, HORIEN ERAKETA-
ETA FUNTZIONAMENDU-ARAUAK
ETA ESKUMENAK

20. artikulua.– Elkargoko organoak.

Honako hauek dira Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren organoak, ordezkapenerako, arau-garapenerako, kontrolerako, gobernurako eta administraziorako:

Batzar Orokorra.

Gobernu Batzordea.

Dekanoa.

21. artikulua.– Batzar Orokorra.

Batzar Orokorra izango da arauen garapenaz eta Gobernu Batzordearen kudeaketa kontrolaz arduratuko den organoa. Elkargoaren organo gorena da Batzar Orokorra. Bazkide guztiak izango dira Batzarkide, boto berdintasunez. Erabakiak gehiengoz onartuko ditu, eta estatutu hauetan ezarritakoa betez.

Batzar Orokorraren bilkurak ohikoak eta apartekoak izango dira. Bilkura burutu baino hogeita bat egun lehenago, behintzat, egingo da bilkurarako deia; eta egin, bazkide guztiei idatziz jakinaraziz egingo da. Bilkurarako eguna, ordua, gai-zerrenda eta estatutu hauetako 22. artikuluan jasotzen den gainerako argibideak agertuko dira deialdian.

Batzar Orokor ohikoa zein apartekoa baliotasunez lehenengo deialdian eratu ahal izateko, bazkide guztietatik behintzat ehuneko hogeita bostak egun beharko du bertan jarritako orduan.

Ez bada portzentaia hori lortzen lehenengo deialdian, bigarrenerako deia egingo da ordu erdi geroago. Orduan, bertan egon daitezen bazkideen portzentaiak berdin diola, baliotasun osoz eratura geldituko da Batzarra. Beraz, har ditzan erabakiak lotesleak izango dira bazkide guztientzat.

Bazkideek egindako erregu-galdera guztiak hartu ditu aintzat Gobernu Batzarrak; beti ere idatziz aurkeztu badira eta bilkura baino behintzat bost egun lehenago egin badira.

22. artikuluko 1., 2. eta 3. paragrafoetan esandakoa eztabaidatu dadinean, beharrezkoa izango da ahalik eta informazio zehaztuena bidaltzea bazkideei.

22. artikulua.– Batzar Orokorraren eskumena.

1.– Onarpenak ematea eta erabakia hartzea.

a) Estatutuei buruzko proposamena eta beroiek aldatu eta Eusko Jaurlaritzari dagokion Sailaren bidez bidaltzeko egin daitezen proposamenak onartuko ditu. Barne Erregimeneko araudiak, horietan egin daitezen aldaketak eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak sustatutako erakundeak sortzeko oinarriak eta horien estatutuetarako proiektuak onartuko ditu.

b) Elkargoaren eskumenekoak diren gaietan bete behar diren arau orokorrak onartzea; eta bai gutxiengo ordainsari profesionalen arauak eta Biologoaren Estatutu Profesionala onartzea ere.

c) Aurreko urteko diru-sarreren eta gastuen kontu orokorra onartzea. Aldez aurretik, helburu horretarako aukeratutako ikuskatzaileen txostena eskuratu beharko dute, estatutu hauetako agintzen den moduan.

d) Deialdiarekin batera bazkide guztiei bidali zaizkien aurrekontu ohikoak eta apartekoak onartzea. Bidali ez bazaizkie, ordea, jendaurrean egon beharko dute Batzar Orokorra egin baino gutxienez hamabost egun lehenago.

e) Elkargoaren ondasunak inbertitzeko proposamenei buruz ebatziak hartzea.

f) Gobernu Batzordearen kudeaketari buruz erabakiak hartzea.

g) Gobernu Batzordearen ekimenekoak izanik, gai-zerrendan iragarrita dauden gaiei buruzko erabakiak hartzea.

h) Elkargoak aurkeztutako erreklamazioen eta errekurtsoen berri izatea. Batzar Orokorri aurkez dakizkion ohiko errekurtsoak ebaztea.

i) Lurralde bulegoak zabaltzea onartu.

j) Gobernu Batzordeak pertsonaleko plantilla organikoari buruz hartutako erabakiak onartu, aldatu edo indargabetzea.

k) Azkenengo Batzar Orokorreko akta onartzea.

l) Agertutako bazkideen gehiengoak ez badu onartzen, orokorrean, Gobernu Batzordearen kudeaketa, aparteko batzar orokorrerako deia egin beharko du batzordeak hogeita hamar egun balioduneko epean, berresten denentz erabakitzeko.

2.– Elkargoaren ezabapena edo izenaren aldaketa sustatzea, estatutu hauetan ezar dadinaren arabera.

3.– Elkargoaren egintza- eta interes-eremukoak izanik, aurkez dakizkion proposamenen berri izan, eztabaidatu eta, behar izanez gero, onartzea, ekimenak Gobernu Batzordearenak edo edozein bazkiderenak izan beharko duela. Bazkideen proposamenak, gai-zerrendan berariazko gai legetxe sartu ahal izateko, nahiko denborarekin aurkeztu beharko dira. Bazkideetatik gutxienez 100eko 10ak aurkezten baditu proposamenak, nahitaezkoa izango da horiek gai-zerrendan sartzea.

4.– Gobernu Batzordeari beren-beregi egotzitakoak ez diren gainerako aginpideak.

23. artikulua.– Batzar Orokorrean parte hartzea eta ordezkaritza.

Bazkide guztiek dute Batzar Orokorretara joateko eskubidea eta joanbeharra. Hitz egiteko eskubidea eta botoa izango dituzte.

Batzar Orokorra baliotasun osoz eratu ondoren, horrek hartuko dituen erabakiak lotesleak izango dira bazkide guztientzat.

Bazkideek ordezkari bat bidal dezakete, euren ordez, Batzar Orokorrera. Beste bazkide batengan utzitako ordezkaritza horrek beren-beregikoak izan beharko du, bilkura bakar baterako balioa izango du eta horren berri idatziz emango zaio dekanoari, beren ordezkoaren izena argi eta garbi adieraziz. Ordezkapen horiek baliagarriak izateko, Idazkaritzan jaso beharko dira Batzar Orokorraren bilkura hasi baino lehenago.

Bazkide bakar batek ezingo ditu, sekula, hogeita bost bazkide baino gehiago ordezkatu aldi berean.

24. artikulua.– Batzar Orokorraren jarduna.

Dekanoa izango da bilkuretako mahaiburu; eta Gobernu Batzordeko kideak izango ditu mahaikide.

Dekanoak berak koordinatu eta bideratuko ditu bilkurak. Hitza eman edo kendu egingo du, hala eztabaidak nola botazioak antolatuz.

Gobernu Batzordeko idazkariak jardungo du Batzarreko idazkari legetxe. Bilkurako akta egingo du, dekanoaren oniritzia eta hurrengo Batzar Orokorraren onarpena beharko dituena.

Emandako botoetatik gehiengo soilez hartuko dira erabakiak. Hala ere, emandako botoen bi herenak beharko dira, honako erabaki hauek hartu ahal izateko: estatutuak aldatu ahal izateko, aparteko kuotak onartzeko, Osoko Gobernu Batzordearen edo kide batzuen kontrako zentsura mozioa aurkezteko eta elkargoaren izena aldatzeko.

25. artikulua.– Ohiko bilkuren erregimena.

Batzar Orokorra urtero bilduko da, urteko bakoitzeko apirilaren azken eguna baino lehen. Honako gai hauek aztertuko dira, behintzat:

1.– Aurreko bilkurako akta.

2.– Aurreko ekonomi ekitaldiko balantzea eta indarreango urteko aurrekontua.

3.– Azken ekonomi ekitaldian Gobernu Batzordeak izandako kudeaketaren memoria eta indarreango urteko kudeaketaren ildo nagusiak.

4.– Erreguak eta galderak.

26. artikulua.– Aparteko bilkuren erregimena.

Aparteko Batza Orokorrerako deitzeko erak:

1.– Gobernu Batzordearen ekimenez.

2.– 100eko 20tik gorako bazkide-kopuruak eskatuz, edo ez-jarduneangoetatik 100eko 10ak eskatuz. Aztergaiak agertu beharko dira eskabidean.

3.– Osoko Gobernu Batzordearen edo batzordekideren baten kontra zentsura mozioa aurkeztuz.

27. artikulua.– Gobernu Batzordearen izaera eta osakera.

Gobernu Batzordea organo kolegiatua da, eta bere esku daude Elkargoaren zuzendaritza, administrazioa eta ordezkaritza. Dekano batek, dekanorde batek, idazkari batek, diruzain batek eta gutxienez hiru bokalek osatuko dute. Estatutu hauetako VII. kapituluan ezarritako prozeduraren arabera aukeratuko dira Gobernu Batzordeko kideak.

28. artikulua.– Erabakiak gauzatzea eta akten liburuak.

1.– Batzar Orokorraren eta Gobernu Batzordearen erabakiak lehenbailehen gauzatu beharrekoak izango dira. Ez, ostera, bietatik baten batek horren kontra erabaki arrazoitua hartzen badu.

2.– Akten liburu bi egongo dira beti Elkargoan, eta bertan transkribatuko dira, bereizita, Batzar Orokorrari eta Gobernu Batzordeari dagozkienak.

Dekanoak edo, dagozkion egitekoak betez, Batzar-buru izango denak izenpetu beharko ditu aktok; idazkariak baita ere, edo bere ordez idazkari zereginak betetzen dituenak.

Gobernu Batzordeko kideak, nahiz eta erabakiak hartzerakoan bilkuran ez egon, erabakion erantzuleak izango dira. Ez, ostera, kontra emandako botoa beren-beregi erasotzen ez bada.

29. artikulua.– Eskumenak.

Gobernu Batzordearen eskumenak:

1- Elkargoaren ordezkaritza.

2.– Batzar Orokorraren erabakiak gauzatu.

3.– Elkargoaren estatutuak eta araudiak bete eta betearazi.

4.– Elkargoaren kudeaketa eta administrazioa gidatzea, bere helburuak betetzeko.

5.– Lanbidearentzat interesgarriak diren gaietan Elkargoaren iritzia modu ofizialean eta publikoan adieraztea.

6.– Lanbidearen interesak ordezkatzea botere publikoen aurrean; lanbidearen itzala gordetzea; eta eskubideen defentsa egitea.

7.– Entitate publiko edo pribatuek eska diezazkiotenean, azterlanak, txostenak eta irizpenak aurkeztea. Gobernu Batzordeak, ondorio horietarako, lan batzordeak edo egokitzat jotzen dituen bazkideak aukeratu ditzake azterlan eta txosten horiek gertatzeko.

8.– Legean edo araudian horretarako biderik egonez gero, administrazio publikoetako aholku-organoetan Elkargoak izango dituen ordezkariak aukeratzea.

9.– Akzioak burutzeko eta errekurtso administratiboak eta jurisdikzionalak aurkezteko erabakia hartzea.

10.– Elkargoarentzat interes orokorrekoak diren gaiak Batzar Orokorraren esanetara eta erabakietara jartzea.

11.– Bazkidetzeko, baja hartzeko, kuota eta ekarpen ordaintzeko eta ordainsari kobratzeko prozedurak arautzea, estatutu hauetako II. kapituluan ezarritakoaren arabera.

12.– Gobernu Batzordeari dagozkion diziplina ahalmenak arautu eta gauzatzea, estatutuetan agindutakoa betez.

13.– Kultura, lanbide, sorospen eta prebisio alorretako jarduerak eta zerbitzuak antolatzea, bazkideen onuragarri izan daitezen.

14.– Ekimena propioa edo bazkideena izan, batzorde irekiak sortzea, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.

15.– Ezarrita dauden kuotak eta ekarpenak biltzea, urteko aurrekontua eta balantzea gertatzea, aurrekontua exekutatzea eta Elkargoaren zerbitzu orokorren funtzionamendua antolatu eta gidatzea.

16.– Elkargoaren jardueren eta erabakien berri ematea bazkideei eta kudeaketaren urteko Memoria gertatzea.

17.– Elkargoko pertsonala, administraziokoa eta zerbitzuetakoa, izendatu eta kentzea.

18.– Aldian behin bazkideen direktorio bat lantzea, eta horien artean zein horretan interesa izan dezaketen gainerako pertsonen artean banatzea.

19.– Elkargoaren Gobernu Batzarraren egintzen eta erabakien kontra aurkeztutako berrikusteko aparteko errekurtsoak ebaztea, hala badagokio.

20.– Elkargoko administrazio organoen artean ager daitezen auziak ebaztea. Hartutako ebatzia Batzar Orokorraren esku utziko du, honek behin betiko ebazpena eman diezaion.

21.– Batzar Orokorraren ohiko eta aparteko bilkuretarako deia egitea, estatutuetako 24. eta 25. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

22.– Gobernu Batzordeko karguak hautatzeko deia egitea, estatutu hauetako VI. kapituluan ezarritako moduan.

23.– Aurreko bilkurako akta onartzea.

24.– Elkargoaren ondasunak erostea edo besterentzea, indarrean egon eta Batzar Orokorrak onartu duen aurrekontuaren arabera.

30. artikulua.– Gobernu Batzordearen bilerak.

Dekanoak egindako deien arabera bilduko da Gobernu Batzordea; ekimena dekanoarena izango da, edo gobernukideen 100eko 20arena gutxienez. Halaz guztiz, hiruhilabetero bildu beharko du behintzat.

Deialdiak hamabost egun baino lehenago jakinarazi beharko dira. Gai-zerrenda adieraziko da deialdian eta hor agertzen ez diren gaiei buruzko erabakirik ezingo hartu.

Gobernu Batzordea, kideetatik bi herenak bertan badaude, baliotasun osoz eratuko da lehenengo deialdian. Bigarren deialdirako ez da kopuru zehatzik jarriko. Bi deialdi horien artan, gutxienez, hogeita hamar minutu igaro beharko dira.

Bilkuren akta egingo du idazkariak eta Gobernu Batzordeak onartu beharko ditu.

Erabakiak gehiengo soilez hartuko dira. Berdinketarik balego, dekanoaren botoa izango da ebazgarria.

Gobernuko Batzordearen bilkuretara ez joateagatik egindako hutsegiteak, estatutu hauetako 31. artikuluan xedatutakoaren arabera zehatuko dira.

Gobernu Batzordeak, aukeran, bidezkotzat jotzen dituen pertsonei egin diezaieke bilkuretara joateko gonbita, botorik gabeko aholkulari legetxe jardun dezaten.

31. artikulua.– Bajak.

Honako hauek dira bajarako arrazoiak:

1.– Heriotza.

2.– Hauta-aldiko epea amaitzea.

3.– Karguan aritzeko gai-gabetzen duen gaixotasuna.

4.– Ezinbesteko arrazoiren bategatik uko egitea.

5.– Egoitza Elkargoaren lurralde eremutik kanpo eramatea.

6.– Batzar Orokorrak zentsura mozio bat onartzea.

7.– Diziplina espedientean ebazpen irmoa egoteagatik.

8.– Bazkide legetxe baja hartzeagatik.

9.– Gobernu Batzordeetara justifikatu barik hiru bider segidan ez joatea; eta sei bider aldizka, eta hauetan ere justifikatu barik.

32. artikulua.– Dekanoaren aginpideak.

Honako hauek dira dekanoaren aginpideak:

1.– Batzar Orokorraren eta Gobernu Batzordearen ohiko eta aparteko bilkuretarako deia egitea, bilkurei hasiera ematea eta amaitzea; bilkuretako buru izatea eta eztabaidak gidatzea.

2.– Gobernu Batzordeko kideak hautatzeko deialdia egin eta hauteskundeez arduratzea.

3.– Botazioetako berdinketak ebaztea bere kalitate-botoarekin.

4.– Elkargoko organoek euren aginpideen eremuan har ditzaten erabakiak gauzatzea.

5.– Sano egoera larrietan beharrezko erabakiak hartzea. Horien berri dagokion organoari emango diote lehenbailehen, oniritzia eman, aldatu edo indargabetzeko egin dadin lehenengo bilkuran.

6.– Elkargoaren eta horren organo erabakitzaileen ordezkaritza egitea. Elkargoaren arazoak kudeatzea agintari eta entitate publiko edo pribatuen aurrean; hala ere, kasu zehatzetan, Gobernu Batzordeak, horretarako sortutako bazkideei edo batzordeei egotz diezazkieke, Elkargoaren izenean, eginkizun horiek.

7.– Gobernu Batzordeko kideen jarduerak koordinatzea, kudeaketan kideok duten eskumen eta erantzukizunari men eginez.

8.– Idazkariak emandako ziurtagiri guztiak bisatu.

9.– Ordainketa aginduetarako baimena ematea.

10.– Bere izenpea jarri kontabilitateko liburuetan eta izaera ofizialeko gainerako liburuetan, eta legitimatu; legean ezarritako legeztapenak bete beharko ditu, hala ere.

11.– Elkargoak agintari eta entitate publiko edo pribatuei bidal diezazkien txostenak eta jakinarazpenak bisatu. Elkargoaren kontu korronteetan edo aurrezki kontuetan fondoak sartzeko edo hortik ateratzeko baimena eman, bere izenpea eta diruzainarena batera jarriz.

12.– Gobernu Batzordeak horretarako baimena beren-beregi eman ostean, prokuradoreei eta letratuei ahalmena eman diezaieke auzitegietan Elkargoaren izenean, berau aginduz edo aukerako ordezkatzeko Justiziako edozein gradu edo jurisdikzioko auzitegiren aurrean; eta ordezkatu, auzitegi horien aurrean Elkargoa eta lanbidea defendatuz gauzatu daitezen egintza, salbuespen, errekurtso (kasaziokoa baita) eta gainerako jardueratan ordezkatuko dute.

33. artikulua.– Dekanordearen aginpideak.

Ausentzia, hutsune edo gaixotasunik gertatuz gero, dekanoaren lekua dekanordeak hartuko du. Gobernu Batzordeak egotzi edo dekanoak eskuordetu diezazkion egitekoak beteko ditu; aldez aurretik, azken kasu honetan, Gobernu Batzordeak eduki beharko duelarik eskuordetze horren berri.

Dekanoaren eta dekanordearen postuak hutsik egonez gero, Gobernu Batzordeko kide batek, gainerako kideen artetik aukeratuta, beteko ditu bere zereginak. Aukeratutako horrek, helburu horrexetarako deitutako Aparteko Batzar Orokorrari eman beharko dio egoera horren berri, eta hauteskundeetarako deia egingo du esleitzeko dauden karguak betetzeko.

34. artikulua.– Idazkariaren aginpideak.

Honako aginpide hauek dagozkio idazkariari:

1.– Gobernu Batzordeko kideen hautatzeko aktak erredaktatu eta horien fede eman.

2.– Batzar Orokorrak eta Gobernu Batzordeak egin ditzan ohiko eta aparteko bilkuretako aktak erredaktatu eta horien fede eman.

3.– Elkargoaren agiriak eta bazkideen espedienteak jagon.

4.– Ziurtagiriak ofizioz edo interesatutako aldeak eskatuta eman, dekanoaren oniritzia eduki ondoren.

5.– Jakinarazpenak eta agiriak eman eta izapidatu, Gobernu Batzordeari edo hori dagokion organo agintedunari emanez horren berri.

6.– Administrazioko eta zerbitzuetako pertsonalaz arduratzea dekanoarekin batera, hain zuzen ere elkargoaren zereginak gauzatze aldera. Administrazioko zerbitzuak, eta funtzionamendurako behar diren lokalen eta materialaren disposizioa.

7.– Lan profesionalei buruzko bisatuen erregistro-liburuaz arduratzea. Ukapena eman dezake lan horietan hutsune formalik antzematen badu, duintasun profesionalaren edo aginpide eta eskumen profesionalen alorrean indarrean dauden xedapenen kontrakoak badira.

8.– Urteko kudeaketaren memoria erredaktatzea, Batzar Orokorrean onartzeko.

9.– Gobernu Batzordeak berak aukeratutako kide batek ordezkatuko du idazkaria, berau ez dagoenean, lanpostua hutsik egon dadinean edo gaixorik dagoenean. Gobernu Batzordeak egotzitako zeregin guztiak beteko ditu. Batzordeak egoera horren berri eman beharko dio horrexetarako deitutako Aparteko Batzar Orokorrari, eta lanpostu hutsa betetzeko hauteskundeetarako deia egingo du lehenbailehen.

35. artikulua.– Diruzainaren aginpideak.

Honako aginpide hauek dagozkio diruzainari:

1.– Elkargoaren fondoak bildu, jagon et horien arduradun izan.

2.– Erreziboak izenpetu, kobrantzak eskuratu eta dekanoak agindutako ordainketak egin.

3.– Ordaindu barik egon daitezen bazkideen berri ematea Gobernu Batzordeari. Erreklamatu egingo zaizkie zorpean dituzten zenbatekoak edo, bestela, baja-hartzea izapidatuko da, estatutu hauetako 10. artikuluan ezartzen denaren arabera.

4.– Batzar Orokorrak onartzeko Gobernu Batzordeak aurkeztuko duen Elkargoaren aurrekontu aurreproiektua erredaktatzea.

5- Aurreko ekonomia ekitaldiko aurrekontuaren balantzea egitea. Balantze hori, Batzar Orokorrak onartzeko aurkeztuko du Gobernu Batzordeak.

6.– Beharrezkotzat jotzen duenean, kredituak eta gehigarriak habilitatzeko eta diru-sarrerak areagotu edo gutxitzeko proiektuak proposatzea Gobernu Batzordeari.

7.– Kontabilitateko liburuez arduratzea.

8.– Gobernu Batzordeak bidezkotzat jotzen dituen kontaketak egiaztatzea.

9.– Gobernu Batzordeak berariazko erabakia har dezanean, Elkargoaren izenean kontu korronteak edo aurrezki kontuak zabaltzea dekanoarekin batera, eta horietatik fondoak ateratzea, baimendutako bi pertsonek izenpetu ostean.

10.– Elkargoko ondasunen inbentario zehatz mehatza; eta ondasunon administratzaile izatea.

11.– Diruzainaren postua huts egon dadinean, horretarako aukeratutako Gobernu Batzordeko kide batek bereganatuko ditu zereginok. Gobernu Batzordeak justu horrexetarako deitutako Aparteko Batzar Orokorrari emango dio egoeraren berri, eta, postu hutsa betetzeko, hauteskundeetarako deia egingo da ahalik lasterren.

36. artikulua.– Bokalen aginpideak.

Honako aginpide hauek dagozkie bokaleei:

1.– Batzar Orokorrak, Gobernu Batzordeak edo dekanoak egotz diezazkieten zereginak, aldez aurretiko Gobernu Batzordeari jakinarazi ondoren. Elkargoko Gobernu Batzordearen baimenaz sortutako batzordeen buru izatea, estatutu hauetako 29. eta 32. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2.– Gobernu Batzordeko gainerako karguetako titularrekin batera lan egitea, eta horien ordez aritzea ez daudenean, hutsik daudenean edo gaixotasunetan, holantxe baitago jasota estatutu hauetako 33., 34. eta 25. artikuluetan.

37. artikulua.– Sektorekako Batzordeak.

1.– Elkargoak, Gobernu Batzordearen edo bazkideen euren ekimenez, lan batzordeak sor ditzake lanbidearen barruko sektorekako gaietarako edo interes orokorrekorako.

2.– Eremu profesional bera eta arazo berberak dituzten bazkidez osatutako elkargo-taldeak dira sektorekako batzordeak.

3.– Aholkuak ematea, dibulgazioa, eztabaida, prestakuntza, defentsa eta euren eremu profesionalak sustatzeko baliagarriak diren gainerako zereginak dira batzordeen helburu nagusia.

4.– Sektorekako batzordeak era autonomikoan antolatzen dira, eta euren Barne Araudia gertatzen dute.

5.– Batzordearen funtzionamendurako Barne Araudia onartuko du, behin-behinekoz, Gobernu Batzordeak.

6.– Koordinatzaile bena izango dute batzordeek. Koordinatzaile horrekin izango ditu harremanak Gobernu Batzarrak, horretarako jarritako bideak erabiliz.

7.– Sektorekako Batzordeen jardueren finantzaketa Elkargoaren urteko aurrekontuan dago jasota.

VI. KAPITULUA
BAZKIDEEK GOBERNU BATZORDEAN
PARTE HARTZEA ETA HAUTESKUNDE
ERREGIMENA

38. artikulua.– Gobernu Batzorderako hauteskundeen aldizkakotasuna.

Gobernu Batzordeak lau urtero egingo ditu ohiko hauteskundeak. Kargu guztiak beteko dira. Ohiko zein aparteko hauteskundeetarako deia gauzatu baino gutxienez bi hilabete lehenago egin beharko da. Berdinketetan nola jokatu beharko den jasoko du, agintealdiek zenbat iraun eta hauteskunde prozesu guztiaren egutegi zehatza finkatuko du.

39. artikulua.– Kide hautesleak, kide hautagarriak eta hauteskunde mota.

Hauteskunde deian euren bazkide eskubideak zigor espedientez etenik ez dituzten bazkide guztiek dute eskubidea hautesle eta hautagarri izateko Gobernu Batzordeko kideen hauteskunde demokratikoan.

Bazkide guztien artean aukeratuko dira Gobernu Batzordeko kideak. Bozketa librea, zuzena eta isilpekoa izango da. Bazkide guztien botoa berdina izango da, eta ez da onartuko eskuordetutako botorik.

40. artikulua.– Hautagai-zerrendak aldarrikatzea.

Hauteskundeak egin baino hogeita hamar egun lehenagora arte aldarrika ditzake Gobernu Batzordeak aurkeztutako hautagai-zerrendak. Hautagai-zerrenda horien berri idatziz emango zaie bazkide guztiei, botazio eguna baino gutxienez hamabost egun lehenago.

41. artikulua.– Hautesleen zerrenda.

Beti ere hogeita hamar lehenago eta, hauteskundeak eguna kontuan hartuz, hamabost eguneko epean, hautesleen zerrenda Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko Idazkaritzan jarriko du Gobernu Batzordeak.

Zerrenda horren gainean erreklamazioren bat egin nahi duten bazkideek, erakusteko jarritako epearen ostean hirurogeita hamabi ordu izango dituzte. Gobernu Batzordeko dekanoari zuzendutako idazkian aurkeztuko dira erreklamazioak. Hirurogeita hamabi ordu baino lehenago hartu beharko du, Gobernu Batzordeak, erreklamazio horiei buruzko ebazpena. Ukapenezko ebazpenaren aurka errekurtso arrunta, administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren arretikoa, aurkez dakioke Batzar Orokorrari, jurisdikzio horrek ezarritako modu eta epeetan.

42. artikulua.– Hauteskunde mahaiak.

Botazioa baino bost egun lehenago hauteskunde mahaia osatuko da Gobernu Batzordeko egoitzan. Mahai hori lehendakari batek, bokal bik eta idazkari batek osatuko dute, denak ere Gobernu Batzordeak izendatutakoak. Hauetariko inor ezingo da hautagarri izan.

Iragar dadin lokalean eta orduan eratuko da Hauteskunde Mahaia. Hautestontzi prezintatua edukiko du eta hautesleen zerrenda bat.

43. artikulua.– Artekariak.

Hautagai-zerrenda osoetako dekano-hautagaiek eta bakarkako hautagaiek, hauteskunde mahaietarako artekariak izendatu direla jakinarazi beharko diote, botazioa egin baino berrogeita zortzi ordu lehenago, Gobernu Batzordeari. Hautagai-zerrenda osotuko bi artekari izendatuko dira, eta bat hautagai-zerrenda bakarreko.

Boto-emate eta boto-zenbaketako prozesu guztian parte har dezakete artekariok. Euren ustez egokiak diren erreklamazioak jar ditzakete; Mahaiko lehendakariak ebatziko ditu eta boto-zenbaketako aktan jasoko dira.

44. artikulua.– Botazioa.

Hauteskunde mahaian emango dute botoa bazkideek, eta papeleta bakarra erabiliko dute beti. Papeleta horretan kargua adieraziko da eta horretarako hautatutako pertsona. Honako eraren batetan egin dezakete hautaketa:

1.– Papeleta, bazkideak bere nortasuna agertu ondoren, mahaiko lehendakariari entregatuz, eta honek bazkidearen aurrean sartuko du papeleta hautestontzian. Mahaiko idazkariak, bazkideen zerrendan, euren botoa nortzuk sartu duten adieraziko du bazkideen zerrendan.

2.– Ziurtatutako postaz. Papeleta hauteskunde-mahaiko lehendakariari bidaliko zaio kartazal itxi batean. Beste kartazal itxi baten barruan egongo da, bertan nortasun agiri nazionalaren fotokopia bat sartuz, eta bidaltzailea nor den argi eta garbi azalduz. Kartazal bietan agertuko da bazkidearen izenpea, petrala gurutzatuz. Hauteskunde mahaiko lehendakariari bidaliko zaizkio posta-bidezko botoak, eta botazioa amaitzeko jarritako ordua baino lehen jaso beharko dira.

45. artikulua.– Boto-zenbaketa.

Botazioa amaitu ondoren, estatutu hauetako 49. artikuluko 1. paragrafoan adierazitako prozeduraren arabera emandako botoak zenbatuko dira behin-behinekoz. Boto-zenbaketa hori jendaurrekoa izango da. Hauteskunde mahaiko idazkariak akta egingo du; eta bertan, hautagai bakoitzak lortutako botoak, boto deuseztuak eta zuriz emandakoak agertuko dira.

Gero egiaztatu egingo da posta ziurtatuz bidalitako botoak botoa emateko eskubidea eduki eta era pertsonalean erabili ez duten bazkideei dagozkiela. Kasu horretan, bazkideen zerrendan euren botoa postaz ematen dutenak markatu ondoren mahaiko idazkariak, lehendakariak ireki egingo ditu kartazalak, papeletak hautestontzi prezintatu eta beren-beregi horrexetarako prestatutako batean sartuko ditu.

Papeleta bakarra baino gehiagoko kartazalik balego, ez da bat ere sartuko hautestontzian, eta botoa duseztutzat emango da.

Behin betiko jendaurreko boto-zenbaketa egingo da ondoren. Mahaiko idazkariak akta egingo du. Aktan, emandako boto guztiak, hautagai bakoitzak lortutako botoak, boto deuseztuak eta boto zuriak adieraziko dira.

Honako hau da boto-zenbaketarako sistema:

a) Hautagai-zerrenda osotuek lortutako botoak kontabilizatuko dira, eta bertan agertzen direnei boto bana egotziko zaie.

b) Osotu gabeko edo aldatutako hautagai-zerrendetako botoak aurrekoei gehituko zaizkie.

c) Bere burua aurkezten dueneko karguaren barruan botorik gehien lortzen duena izango da aukeratutakoa. Bi hautagaik boto-kopuru bera lortzen badute, aintzinatasun gehien duen bazkidea aukeratuko da. Baten batek karguren bat egotziko balio aurkeztu ez den hautagai bati, deuseztutzat joko da papeleta.

46. artikulua.– Emaitzak jakinaraztea.

Gobernu Batzordeak, botazioko aktak eta boto-emaileen aktak eskuratu eta gero, artekarien erreklamazioei buruzko behin betiko ebazpena hartuko du. Botazioa baliogabetuko lukeen edukiko edo formako hutsunerik antzemango ez balu, hauteskundeko emaitza aldarrikatuko luke. Berrogeita zortzi izango ditu horren berri bazkideei emateko; Elkargoko Idazkaritzan jendaurrean jarriz egingo da hori.

47. artikulua.– Erreklamazioak.

Botazioko emaitzak argitaratu ondoren bost eguneko epea egongo da erreklamazioak aurkeztu ahal izateko. Gobernu Batzordeak, bost eguneko epe hori amaitu eta gero, aztertu egingo ditu erreklamazioak eta horiei buruzko ebatzia hartuko du. Bere ustez ez bada bidezkoa hauteskundeak bertan behera uztea, hauteskundeetatik atera dadina aldarrikatuko da behin betikoz Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzorde legetxe, erabilitako boto-zenbaketa sistemaren arabera.

Aurkeztutako aurkapenen ondorioz hauteskundeak bertan behar uzteko erabakia hartuko balu Gobernu Batzordeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren organo eskudunari jakinarazi beharko lioke hori. Orduan beste epe bat irekiko luke prozedura bera erabiliz berriro ere hauteskundeetarako deia egiteko, hauteskundeka bertan behera utzitako egunaren ondoren bi hilabete igaro baino lehenago.

48. artikulua.– Karguaz jabetzea.

Aldarrikapenaren ondoren, goitik jota hamar eguneko epean, osatu egingo da aukeratutako Batzarra. Euren karguez jabetuko dira aukeratutako kideak. Eusko Jaurlaritzako organo eskudunari eta bazkide guztiei jakinaraziko zaie.

49. artikulua.– Errekurtsoak.

Hauteskunde prozesu guztiaz Gobernu Batzordeak hartutako behin betiko ebazpenen kontra, legeetan aurreikusitako errekurtsoak aurkez ditzakete bazkideek; alegia, arrunta Batzar Orokorrari, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa gero. Ezingo da horrela jokatu estatutu hauetako 41. artikuluan xedatutakoan.

VII. KAPITULUA
ERREGIMEN EKONOMIKOA
ETA ADMINISTRATIBOA

50. artikulua.– Gaitasun juridikoa ekonomia eta ondarearen alorretan.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak gaitasun oso dauka ekonomia eta ondarearen alorretan.

Nahiko baliabide eduki beharko ditu Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak bereganaturik dituen helburuak eta eginkizunak egokiro garatzeko eta bazkideek eska ditzaten zerbitzuei erantzuteko. Bazkideek arauz ezarritako eran parte hartu beharko dute Elkargoaren gastuetan.

Elkargoak ondare bakarra du.

51. artikulua.– Elkargoaren baliabide ekonomikoak.

Honako bide hauetarikoren bat erabiliz lortuko ditu Elkargoak bere baliabide ekonomikoak:

1.– Orokortasunean oinarritutako printzipioen eta elkargoaren zerbitzuak erabiltzearen arauera, bazkideek nahitaez ordaindu behar dituzten kontribuzioak; hots:

a) Bazkidetzearen eta berbazkidetzearen kuotak.

b) Urteko ohiko kuota, bazkide guztientzat berdina dena.

c) Batzar Orokorrak onartutako aparteko kuotak.

d) Lan profesionalaren ondoriozko ordainsariak, arauz ezar dadinarekin bat.

e) Bisatua jaulkitzeak eta edozein eratako ordainketak atzeratzeak sortzen dituen errekarguak, arauz ezar dadinarekin bat.

2.– Beste diru-sarrera batzuk:

a) Elkargoaren ondareko ondasun eta eskubideen eta bere argitalpenen aurrekoak.

b) Administrazio publikoek, entitate publikoek edo pribatuek, bazkideek edo gainerako pertsona fisikoek edo juridikoek Elkargoari eslei diezazkioten dirulaguntzak, dohaintzak eta beste batzuk.

c) Gobernu Batzordeak edo horrek eskuordetutako batzordeek gauza ditzaten azterlanen, txostenen eta irizpinen eskubideak.

d) Zerbitzuez baliatzearren Gobernu Batzordeak ezarritako eskubideak.

Baliabide ekonomikoak biltzeko eskumena Gobernu Batzordearena da; hala ere, horretaz beren-beregiko erabakirik hartuz gero, eskuordetu dezake eskumen hori.

52. artikulua.– Kuotak.

Kuotetan egin daitezen aldaketa guztiak urteko aurrekontuen agertuko dira argi eta garbi, eta Batzar Orokorraren onarpena beharko du.

53. artikulua.– Aurrekontu Orokorra.

Gobernu Batzordeak gertatuko du Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren aurrekontu orokorra, beti ere aintzat hartuz eraginkortasun-, ekitate- eta ekonomia-irizpideetan oinarrituz. Urte naturaleko gastuak eta diru-sarrera guztiak hartuko ditu bere baitan. Bazkideei aurrekontuei buruzko txostena eskuratu aurretik, estatutu hauetako 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, Batzar Orokorrak onartu beharko du. Aurrekontua onartu artean, aurreko urtekoa luzatuko da, hain zuzen ere 1/12 hilabeteko.

54. artikulua.– Gastuak.

Aurrekontuetan agertzen direnak baino ezin dira jo gastutzat, eta ezingo da onartutako aurrekontuan aurreikusi gabeko ordainketarik. Salbuespen justifikaturik ere egon daiteke, baina Gobernu Batzordeak lehenengo eta gero Batzar Orokorrak onartu beharko ditu.

55. artikulua.– Ondasunen likidazioa.

Sorrerako helburuak desagertzerakoan baino ezingo da ezabatu Euskadiko Biologoen Elkargoa, aldez aurretik Batzar Orokorraren erabakia izan ondoren. Estatutu hauetan ezarritako arauzko prozedurarekin bat etorriz burutuko da ezabapen hori.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala ezabatuz gero Gobernu Batzordeak jardungo du batzorde likidatzaile legetxe. Batzar Orokorraren iritzia entzun beharko du, obligazioak likidatu ondoren, soberako ondasunekin ezer egin baino lehen. Gera daitezen ondasunak irabazteko xederik ez duen edozein entitateri esleituko zaizkio, baldin eta biologiarekin zerikusirik eduki eta interes sozialekoak badira.

56. artikulua.– Administrazioko pertsonala eta menpekoak.

Beharrezkotzat jo dezan bulegoko eta menpeko pertsonala edukiko du Elkargoak. Horien soldatak aurrekontuetako gastuen kapituluan agertuko dira.

VIII. KAPITULUA
DIZIPLINA ERREGIMENA

57. artikulua.– Diziplina erregimena.

Lanbide titulatuetan aritzeari eta Elkargo eta Kontseilu Profesionalei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen IV. kapituluko 14. artikulutik 20. artikulura xedatutakoari lotuko zaio.

IX. KAPITULUA
ELKARGOAREN EGINTZEN ERREGIMEN
JURIDIKOA

58. artikulua.– Elkargoaren egintzen erregimen juridikoa.

Elkargoaren erabakiak eta arauak Elkargoaren Aldizkari Ofizialean edo Kontseilu Orokorraren Aldizkari Ofizialean edo zirkular bidez argitaratu beharko dira, bazkide guztiek eduki dezaten horien berri izateko aukera.

Erabaki horien hartzaile direnen eskubideei eta interesei eragin diezaien egintzak jakinarazi behako ditu Gobernu Batzordeak.

Elkargoko eta Kontseilu Orokorreko organoek emandako egintzak, Administrazio Zuzenbideari lotutakoak badira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan errekurritu ahal izango dira zuzenean, errekurtso korporatiboak agortu ostean. Eta hori, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen oinarriak arautzen dituen Estatuko legeek xedatzen dutenaren arauera.

Errekurtso korporatiboen eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoen legitimazio aktiboa jurisdikzio honetako legean xedatutakoak arautuko du. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa ere legitimaturik egongo da beti.

59. artikulua.– Errekurtso motak.

Gobernu Batzordearen egintzen aurka errekurtso korporatiboa, aurreko artikuluan aipatu dena, arrunta da.

Administrazioaren bideari amaiera ematen dioten Batzar Orokorraren eta Kontseilu Orokorraren egintzen aurka, indarrean dauden lege xedapenen arauera, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke.

Berrikuspen errekurtsoa ere aurkez daiteke sano egoera berezietan. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko xedapenekin bat etorriz izapidatuko da.

60. artikulua.– Elkargoaren organoen egintzen deuseztasuna.

Elkargoaren organoen egintzak erabat deuseztatu egingo dira honako kasu hauetan:

1.– Konstituzioaren babespeko eskubideen eta askatasunen oinarrizko edukia urratzen dutenak.

2.– Gaiaren edo lurraldearen indarrez nabarmen eskumengabea den organoak emandakoak.

3.– Ezinezko edukia dutenak.

4.– Arau-hauste penalekoak direnak edo horren ondorioz ematen direnak.

5.– Ezarritako lege prozedura edo Elkargoaren organoen borondatea garatzeko funtsezko erregelak jasotzen dituzten arauak bat ere kontuan hartu gabe emandakoak.

6.– Ordenamendu juridikoaren aurkakoak diren egintza adieraziak eta presuntziozkoak, horietaz jabetzeko oinarrizko baldintzarik ez egotean ahalmenak eta eskubideak eskuratzen direnean.

7.– Legezko xedapenen baten berariaz ezarritako beste edozein.

Elkargoaren egintzak, Konstituzioa, legeak eta goi mailako xedapen administratiboak urratzen dituztenean, erabat deuseztuak izango dira. Berdin legearen eremuko gaiak arautzen dituztenak eta bakarkako eskubideekin bat etorri ez edo horiek murrizten dituzten zehapen-xedapenen atzera-eragina ezartzen dutenak.

Ordenamendu juridikoa edozein eratara hausten duten egintzak ere deusezgarriak dira; agintearen erabilera okerra ere hor sartzen da.

61. artikulua.– Elkargoaren organoen egintzak indargabetzea.

Korporazio Profesionalen egintzak indargabetzearen alorrean legeek organo judizialei egozten dizkien aginpideak kontuan izanik, erabat deuseztutzat jo eta propioak diren edo organo apalago batek emandakoak diren egintzak eten egin behar dira. Ez zaio erreparatuko eskabidea bazkide batek egin duenentz.

1.– Batzar Orokorra.

2.– Gobernu Batzordea.

3.– Dekanoa.

Batzar Orokorrak, Gobernu Batzordeak eta dekanoak hartuko dituzte eteteko erabakiak, deuseztatutzat jotako egintzen berri izaten den egunetik kontatzen hasi eta bost eguneko epearen barruan. Aldez aurretik berrikuskapen prozedura hasi beharko da ofizioz edo errekurtso bat aurkeztu beharko da. Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen legeetan egintza horiek deusezteko aurreikusitako baldintzaren batek agertu beharko du.

Artikulu honetan xedatutakoarekin batera, bazkideek eta herritar guztiek, egintza deuseztuak eta deusezgarriak aurkatu ditzakete.

X. KAPITULUA
ESTATUTUAK ERALDATZEA

62. artikulua.– Estatutuak eraldatzea.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak, Gobernu Batzordearen ekimenez eta eskumena duen organoaren bidez, estatutu hauek eraldatzeko proposamena bidal diezaioke Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzari.

Erabakitakoa balio osokoa izateko, 24. artikuluko azken lerroaldean aurreikusitakoaren arauera emandako botoen bi herenak behintzat aldekoak izan beharko dute.

XI. KAPITULUA
EUSKADIKO BIOLOGOEN ELKARGO OFIZIALAREN EZABAPENA

63. artikulua.– Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren ezabapena.

Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala ezabatzeko Eusko Legebiltzarraren legea beharko da, Lanbide Titulatuetan eta Elkargo eta Kontseilu Profesionaletan aritzeko azaroaren 21eko 18/1997 Legeko 31. artikuluaren arauera.


Azterketa dokumentala