Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2000eko ekainaren 24a, larunbata


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
2733

AGINDUA, 2000ko ekainaren 22koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko menpekoen kidegoko karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesuko oinarri espezifikoak onartzen dituena.

Martxoaren 28ko 59/2000 Dekretuaren bidez, onartu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko 2000. urteko lanpostu-eskaintza publikoa, eta han zehazten ziren zein eta zenbat plaza bete beharko diren ekitaldi horretan dagozkien hautaketa-prozesuen bidez.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak 2000ko ekainaren 22an emandako Aginduaren bidez, onartu egin dira aipatutako lanpostu-eskaintza publikoaren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean karrerako funtzionario izateko deituko diren hautaketa-prozesuetako oinarri orokorrak.

Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da kidego bakoitzeko plazen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea, bertan zehazten baitira deialdi bakoitzaren ezaugarri berekiak.

Aurreko guztiaren ondorioz,

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Oinarri hauei dagozkien hautaprobetarako deia egitea.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko menpekoen kidegoko karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesuko oinarri espezifikoak (I. eranskina) onartzea. Aipatutako hautaketa-prozesua 2000. urteko lanpostu-eskaintza publikoaren ondorio da.

Hirugarrena.– Agindu honen II. eranskinean azaltzen den gai-zerrenda onartzea.

Laugarrena.– Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehenago, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ogasun eta Herri Administrazio sailburuari. Errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala ezartzen baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legeak —Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak— 116. artikuluan eta ondokoetan. Errekurtso horri ez bazaio ebazpen adierazirik ematen, errekurtsoa ezetsi dela joko da.

Halaber, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Herriko Auzitegi Nagusian. Errekurtsoa jartzeko epea bi hilekoa izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteizen, bi milako ekainaren hogeita bian.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN

I. ERANSKINA

OINARRI ESPEZIFIKOAK

KIDEGOA: EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO MENPEKOEN KIDEGOA

1.– DEITUTAKO PLAZAK.

Honen bidez, menpekoen kidegoko karrerako funtzionario izateko 141 plazarako deia egiten da. Plaza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrekoak dira, E taldekoak, honela banatuta:

– Txanda irekiko plazak: 134

Derrigorrezko -hizkuntza-eskakizunarekin (1 H.E.): 67

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunik gabe: 67

– Elbarrientzako txandako plazak: 7

Derrigorrezko -hizkuntza-eskakizunarekin (2 H.E.): 4

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunik gabe: 3

2.– DEIALDI HONETAN PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

Oinarri orokorretako 3. atalean ezarritako baldintzez gain, beharrezkoa da titulazio hau: Eskola Ziurtagiria.

3.– HAUTAKETA-PROZEDURA.

3.1.– Oposizio-aldia.

Oposizio-aldian ariketa bakarra egin beharko da, derrigorrezkoa eta baztertze-indarrekoa izango dena.

Aukera anitzeko 150 galderari erantzun beharko zaio. Epaimahaiak ezarriko du erantzuteko gehienezko denbora, baina ez da inola ere izango lau ordutik gorakoa. Azterketako galderak oinarri espezifiko hauetako II. eranskineko gaiei buruzkoak izango dira, eta Administrazioak interesatuen esku jarriko duen item-multzo batetik aterako dira. Galderen multzo osoa interesatuei bidaliko zaie, betiere onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu baino lehenago.

Onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, interesaturen batek galderen multzoa jaso ez badu, hamar (10) egun balioduneko epea izango du erreklamatzeko. Galderak bidali ahal izateko, interesatuak, ezinbestez, onartuta egon behar du prozesuan.

Halaber, oinarri orokorretako 4.1.b) atalean zehazten diren helbide elektronikoetan (Internet) eskuratu ahal izango dira galderak.

3.2.– Euskara-proba

Proba honetan, euskararen jakite-maila neurtuko da, eta, horretarako, 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probak egin beharko dira.

Hizkuntza-eskakizunen bat gaindituta dutenek edo 2., 3. eta 4. hizkuntza-eskakizunen titulu nahiz ziurtagiri baliokideak dituztenek, euskara-proben eguna baino lehenago, dagozkien egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko egoitzetan.

– Gasteizen: Donostia kalea 1 (Lakua) PK: 01010.

– Bilbon: Errekalde zumarkalea 18. PK: 48009

– Donostian: Prim kalea 7. PK: 20007

– Oñatin: Unibertsitatea z/g. PK: 20560.

3.3.– Lehiaketa-aldia.

Lehiaketa-aldian, aztertu eta balioetsiko dira izangaiek adierazi eta egiaztatutako merezimenduak. Aldi honetan, merezimenduen baremoaren araberako puntuak emango zaizkio izangai bakoitzari.

4.– HAUTAKETA-PROZESUKO KALIFIKAZIOA.

4.1.– Oposizio-aldia

Bigarren ariketa zero (0) puntutik hogei (20) puntura bitartean kalifikatuko da. Gutxienez hamar (10) puntu lortzen ez dutenak bazter geratuko dira.

Ariketa honetako zuzeneko puntuazioa (P) lortzeko, ondoko formula hau aplikatu behar da: erantzun zuzenen kopurua (Z) ken erantzun okerren (O) herena (P= Z - O/3); horrela, lor daitekeen gehienezko puntuazioa 150 puntukoa izango da.

Amaierako puntuazioa hogei (20) izateko, ezinbestekoa izango da, formula aplikatu ondoren, gehienez ere lor daitekeen zuzeneko puntuazioaren ehuneko hirurogeita bost (%65) eskuratzea, hau da, laurogeita hamazazpi puntu eta erdi (97,50) eskuratzea.

Gainditutakoen kopurua txikiagoa bada deitutako plazen kopuruaren hiru halako baino, jaitsi egingo da amaierako hamar (10) puntuok lortzeko behar den zuzeneko puntuazioa, harik eta gainditutakoen kopurua eta deitutako plazen kopuruaren hiru halakoa berdina izan arte. Nolanahi ere, gainditzeko behar den zuzeneko puntuazioa ezin izango da izan atal honetan lor daitekeen gehienezko puntuazioaren ehuneko berrogeita hamar (%50) baino txikiagoa, hau da, hirurogeita hamabost (75) puntu baino txikiagoa.

Hamar (10) punturen puntuazio baliokidea ezarri ondoren, gainditutako izangaiek lortu dituzten zuzeneko puntuazioak amaierako puntuazio bihurtuko dira honako proportzioaren arabera: zuzeneko puntuazioko ehun eta berrogeita hamar (150) puntu amaierako puntuazioko hogei (20) puntu dira. Izangaiak zein diren jakin gabe egingo dira eragiketa horiek guztiak.

4.2.– Euskara-proba

Kasuan kasuko hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen dutenek gai kalifikazioa jasoko dute, lehiatu nahi duten lanpostuak derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duenean.

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunik gabeko lanpostuetan lehiatzen direnek ondoko puntuazioa lortuko dute, baina tarteko puntuaziorik gabe. Hona puntuak:

– 1. hizkuntza-eskakizuna: 1,75 puntu

4.3.– Lehiaketa-aldia

Lehiaketa-aldiko kalifikazioa lortzeko, batu egin beharko dira merezimenduetako puntu guztiak, betiere baremo honen arabera emandakoak:

4.3.1.– Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen laugarren xedapen iragankorra aplikatzen zaien langileentzako merezimenduen baremoa:

Edozein herri-administraziotan egindako zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko, 0,1 puntu, honako kasuetan: administrazio horietan bitarteko funtzionario edo aldi baterako administrazio-kontratatu gisa jardun badute, eta zerbitzuok menpekoen kidegoari irekitako lanpostuetan edo kasuan kasuko lanpostu-zerrendako lanpostu baliokideetan bete badituzte. Zerbitzu-aldia zenbatzeko muga, betiere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna izango da. Atal honetan, gehienez ere, bederatzi (9) puntu lor daitezke.

4.3.1.1.– Zerbitzu-aldiak zenbatzeko, batu egingo dira lan egindako aldiak, eta behin batu ondoren, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horren ondorioetarako, hilabetetzat 30 egunen multzoa joko da.

4.3.1.2.– Egindako zerbitzu-aldi bera behin baino ez da balioetsiko, hau da, ezin izango da berriro erabili beste kidego batzuetara sartzeko. Izangaiak, horrelakoetan, merezimenduak adierazi eta egiaztatzeko epearen barruan, azaldu egin beharko du zein kidegotarako erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

4.3.2.– Txanda irekiko gainerakoentzako eta elbarrien txandako merezimenduen baremoa.

4.3.2.1.– Herri-administrazioetan egindako zerbitzuak.

Herri-administrazioetan egindako zerbitzuak direla-eta gehienez ere lor daitekeen puntuazioa sei (6) puntukoa da, honela banatuta:

a).– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, foru-administrazioan eta toki-administrazioan egindako zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko, 0,05 puntu, honako kasuetan: zerbitzuok menpekoen kidegoari irekitako lanpostuetan edo kasuan kasuko lanpostu-zerrendako lanpostu baliokideetan bete badituzte. Zerbitzu-aldia zenbatzeko muga, nolanahi ere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna izango da. Atal honetan, gehienez ere, sei (6) puntu lor daitezke.

Halaber, modu berean balioetsiko dira antzeko kategorietan, lan-erregimenean, egindako zerbitzuak.

b).– Gainerako herri-administrazioetan egindako zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko, 0,03 puntu, honako kasuetan: zerbitzuok menpekoen kidegoari irekitako lanpostuetan edo kasuan kasuko lanpostu-zerrendako lanpostu antzekoetan bete badituzte. Zerbitzu-aldia zenbatzeko muga, betiere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna izango da. Atal honetan, gehienez ere, sei (6) puntu lor daitezke.

Halaber, modu berean balioetsiko dira antzeko kategorietan, lan-erregimenean, egindako zerbitzuak.

4.3.2.2.– Zerbitzu-aldiak zenbatzeko, batu egingo dira lan egindako aldiak, eta behin batu ondoren, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horren ondorioetarako, hilabetetzat 30 egunen multzoa joko da.

4.3.2.3.– Egindako zerbitzu-aldi bera behin baino ez da balioetsiko, hau da, ezin izango da berriro erabili beste kidego batzuetara sartzeko. Izangaiak, horrelakoetan, merezimenduak adierazi eta egiaztatzeko epearen barruan, azaldu egin beharko du zein kidegotarako erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

4.3.2.4.– Titulazio akademikoak.

Ez da balioetsiko, merezimendu gisa, menpekoen kidegora sartu ahal izateko adierazitako titulazio akademikoa; bai, ordea, gainerako guztiak —puntu bat (1) guztira—, betiere baremo honen arabera:

• Lanbide Heziketako teknikari edo teknikari laguntzailearen tituluak: 0,5 puntu, titulu bakoitzeko.

• Lanbide Heziketako goi-mailako teknikari edo teknikari espezialistaren tituluak: puntu bat (1), titulu bakoitzeko.

• Unibertsitateko goi-mailako titulazio ofizialak: puntu bat (1), titulu bakoitzeko.

• Unibertsitateko erdi-mailako titulazio ofizialak: puntu bat (1), titulu bakoitzeko.

4.3.2.5.– Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak ez diren hizkuntzak.

Gehienez ere, puntu bat (1) emango da, betiere baremo honen arabera:

– Frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea Hizkuntza Eskola Ofizialaren 3. mailan: puntu bat (1).

Hizkuntzen jakite-maila zehazteko, izangaiek horretarako ezarriko den proba gainditu beharko dute. Ez da inola ere balioetsiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren 3. mailatik beherako edozein jakite-maila. Hizkuntza Eskola Ofizialak izendatutako aholkularien laguntza jaso ahal izango du epaimahaiak.

Merezimenduak egiaztatzeko epearen barruan Hizkuntza Eskola Ofizialaren ziurtagiria aurkezten duten izangaiek ez dute proba hori egin beharko.

5.– MEREZIMENDUAK EGIAZTATZEA

5.1.– Interesatuek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean egindako zerbitzuak adierazi beharko dituzte, baina ez egiaztatu. Izan ere, zerbitzu horiek administrazioak berak, bere kabuz, zenbatuko ditu, betiere interesatuak adierazitako datuen arabera.

5.2.– Gainerako herri-administrazioetan egindako zerbitzu-aldia, berriz, administrazioetako bakoitzak horretarako duen ereduaren bidez egiaztatu beharko dira. Ereduan honakoek agertu beharko dute: lan egindako denbora xehe-xehe jarrita, eta denbora horretan izandako kidego, eskala, azpieskala eta klase edo kategoria.

5.3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ez den beste edozein administraziotan egindako zerbitzuak adierazi eta egiaztatu nahi badira, eta zerbitzu horiek menpekoen kidegoari irekitako lanpostuetan edo kidego baliokide nahiz antzekoei irekitakoetan izan badira, egindako zerbitzuen ziurtagiria ekarri beharko da. Hor, hala ere, zehatz adierazten ez bada aldi horretako egoera, orduan, dagokion frogagiriaren fotokopia aurkeztu beharko da lanpostuaren irekitasuna frogatzeko.

5.4.– Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioetan eta toki-administrazioetan egindako zerbitzuak baliokidetzat joko dira, betiere uztailaren 30eko 208/1990 Dekretuak —Euskal administrazio publikoen kidego eta eskalen arteko baliokidetasuna zehazten duenak— dioen eran.

5.5.– Inkestatzaileen eta antzekoen lanbide-kategorian egindako zerbitzu-aldia baliokidetzat joko da deialdi honetarako.

5.6.– Titulazioak egiaztatzeko, tituluaren fotokopia edo, bestela, titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria aurkeztu beharko da.

6.– AZKEN KALIFIKAZIOA

6.1.– Hautaketa-prozesu osoan lortutako puntuazio guztiak batuz zehaztuko da izangai bakoitzaren azken kalifikazioa.

6.2.– Oposizio-lehiaketako emaitza eta kalifikazio guztiak jendaurrean jarriko dira oinarri orokorretako 4.3. atalean zehaztutako bulegoetako iragarki-oholetan.

Halaber, oinarri orokorretako 4.1.b) atalean zehazten diren helbide elektronikoetan jarriko dira jendaurrean.

II. ERANSKINA

MENPEKOA

GAI-ZERRENDA

I. EUSKAL HERRIKO GEOGRAFIA ETA HISTORIA

1.– Euskal Herriko geografia fisikoa eta giza geografia: gai orokorrak.

2.– Euskal Herriko historia: gai orokorrak.

II. ESTATUAREN ANTOLAKETA POLITIKOA ETA ADMINISTRAZIOKOA

3.– Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio nagusiak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

4.– Estatuaren lurralde-antolaketa: autonomia-estatutuak. Autonomia–erkidegoak: antolaketa eta eskumenak.

III. EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ANTOLAKETA POLITIKOA ETA ADMINISTRAZIOKOA

5.– Euskal Autonomia Estatutua: kontzeptua eta izaera. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenak. Euskadiren ahalmenak. Ekonomia–ituna eta kupoa.

6.– Lurralde historikoak. Foru-instituzioak: batzar nagusiak eta foru-aldundiak. lnstituzio orokorren eta foru-instituzioen arteko eskumen-banaketari buruzko alderdi nagusiak.

7.– Hezkuntza-administrazioa, osasun–administrazioa eta ertzaintza Euskal Autonomia Erkidegoan. Printzipio nagusiak.

IV. ADMINISTRAZIO-ZUZENBIDEA

8.– Administrazio-Zuzenbidearen iturriak. Legea: kontzeptua eta motak. Arautegia: ahal arauemailearen titularitatea eta mugak. Arauen hierarkia. Legezkotasun-printzipioa administrazio publikoan.

9.– Administrazio-egintza: ekoizpena, edukia, arrazoiak eta modua. Administrazio-egintzaren eraginkortasuna. Administrazio–egintzen eskubide osoko deuseztasuna, deuseztagarritasuna eta errebokazioa. Administrazioaren isiltasuna.

10.– Administrazio-prozedura: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legea. Printzipio nagusiak. Interesdunak. Prozeduran parte ez hartzea eta errefusatzea. Herritarren eskubideak. Erregistro administratiboak.

11.– Administrazio-prozeduraren aldiak. Prozeduraren hasiera, eraketa, instrukzioa eta amaiera.

12.– Herri-administrazioen eta administraziootako agintari eta gainerako langileen erantzukizuna.

V. ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN ZERBITZUKO LANGILEAK

13.– Administrazio publikoen zerbitzuko langileak: motak. Funtzionario publikoen eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Diziplina–araubidea.

14.– Euskararen erabilera administrazio nagusian, hezkuntzan eta ertzaintzan normaltzea: printzipio nagusiak, hizkuntza-eskakizunak, hizkuntza–eskakizunen derrigortasuna, eta hizkuntza-normalkuntzarako planak.

VI. ADMINISTRAZIOAREN ANTOLAKETA

15.– Teknologia berriak administrazio–kudeaketei aplikatzea. Metodo informatikoei buruzko kontzeptu orokorrak, eta horiek erabiltzeak dituen abantailak.

16.– Dokumentuak normalizatzea, sailkatzea eta gordetzea: normalizazio-kontzeptua, horren abantailak eta oztopoak. Sailkapen–sistemei buruzko ideia orokorra. Sailkapen-motak edo sailkapen-sistemak. Dokumentuak gordetzea; dokumentuen izaera eta motak. Artxiboen funtzionamendua, sarrerak, irteerak eta itzultzeak.

17.– Komunikazioa administrazioan. Komunikazio-motak: ahozkoa, telefono bidezkoa eta idatzizkoa. Dokumentu idatzien edukia eta aurkezpena: jakinarazpenak, eskaerak, ziurtagiriak, e.a.

18.– Herritarrei informazioa eman eta harrera egitea. Herritarrak dira zerbitzu eta prestazio publikoen hartzaile.

VII. FINANTZA-KUDEAKETA

19.– Aurrekontua: kontzeptua eta motak. Aurrekontuak egiteko eta onartzeko prozedura. Burutzeko aldiak.

VIII. HERRITARREI HARRERA EGITEA.– ZAINTZA ETA KONTROLA

20.– Harrera egitea eta telefonoa. Herritarrei harrera egiteko irizpide nagusiak. Beharrezko tresnak.

21.– Zaintza eta kontrola. Laneko presentzia kontrolatzeko sistemak. Bisitariak kontrolatzeko sistemak: erregistroak, txartelak, eranskailuak, e.a.

22.– Bilerak eta komunikazioak.– Bilerak prestatzea.– Lokalak eta materialak.– Ikusentzunezkoak: arbelak, kartelografoak, proiektoreak, pantailak, rotulkiak. Entzunezko sistemak: bozgorailuak eta mikrofonoak: kokapena. Lokala eta altzariak: bilerako mahaiak, mahaiburuen mahaiak, entzun–gelaren antolaketa.– Protokoloko arauak.– Arropak eta bagajeak gordetzeko zerbitzua.

IX. BULEGOKO LANAK – POSTA-ZERBITZUA JASO ETA BANATZEA

23.– Bulegoko materialekin eta makinekin lan egitea: fotokopia-lanak, agiriak desegitea, kartazalak betetzea, etiketak jartzea, gillotinaz ebakitzea, enkuadernatzea, grapaz jostea, eta zulatzea.

Paper-motak.– Araututako neurriak.– Etenik gabeko papera.

24.– Posta-zerbitzua.– Postako tarifak.– Frankeoa.– Ziurtagiriak.– Jaso izanaren agiriak. Telegramak.– Jasotzean ordaintzea.– Telegrafiazko igorpenak.

X. MANTENIMENDUA ETA AURREZAINTZA

25.– Mantenimendua eta aurrezaintza

Arotzeriari, sarrailgintzari, iturgintzari, saneamenduari, elektrizitateari, berokuntzari eta aire girotuari buruzko oinarrizko jakin-gaiak.

Mantenimendurako, eta konponketa eta ordezkapen txikiak egiteko tresnak eta lanabesak.

Segurtasunerako osagaien mantenimendu eta azterketarako irizpideak: suitzalgailuak, suhesi–ateak.

Material erregai eta sukoiak. Biltegian gorde, erabili eta garraitzea. Arriskuei aurrea hartzea.

Eraikinak husteko oinarrizko puntuak: larrialdietan jarduteko planak.

XI. MATERIALAK BILTEGIAN GORDE, MUGITU ETA ZAINTZEA

26.– Materialak biltegian gorde eta mugitzea.

Biltegiratzea: guneak, apalak, zintzilikariak, e.a.

Kontrola: erregistroak, fitxak, emate–agiriak, e.a.

Materialak mugitzea: mugimenduko makinak.– Beste tresna batzuk. Gorputzaren posturak.– Lesioei aurrea hartzeko erak.

27.– Zaintza eta garbiketa.– Garbitzeko eta kutsadurak kentzeko irizpideak eta produktuak.

Elikagaiak ondo zaindu eta eskuetan erabiltzeko oinarrizko irizpideak.


Azterketa dokumentala