Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2000eko ekainaren 24a, larunbata


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
2729

AGINDUA, 2000ko ekainaren 22koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko administrarien kidegoko karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesuko oinarri espezifikoak onartzen dituena.

Martxoaren 28ko 59/2000 Dekretuaren bidez, onartu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko 2000. urteko lanpostu-eskaintza publikoa, eta han zehazten ziren zein eta zenbat plaza bete beharko diren ekitaldi horretan dagozkien hautaketa-prozesuen bidez.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak 2000ko ekainarenen 22an emandako Aginduaren bidez, onartu egin dira aipatutako lanpostu-eskaintza publikoaren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean karrerako funtzionario izateko deituko diren hautaketa-prozesuetako oinarri orokorrak.

Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da kidego bakoitzeko plazen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea, bertan zehazten baitira deialdi bakoitzaren ezaugarri berekiak.

Aurreko guztiaren ondorioz,

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Oinarri hauei dagozkien hautaprobetarako deia egitea.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko administrarien kidegoko karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesuko oinarri espezifikoak (I. eranskina) onartzea. Aipatutako hautaketa-prozesua 2000. urteko lanpostu-eskaintza publikoaren ondorio da.

Hirugarrena.– Agindu honen II. eranskinean azaltzen den gai-zerrenda onartzea.

Laugarrena.– Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehenago, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ogasun eta Herri Administrazio sailburuari. Errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala ezartzen baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legeak —Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak— 116. artikuluan eta ondokoetan. Errekurtso horri ez bazaio ebazpen adierazirik ematen, errekurtsoa ezetsi dela joko da.

Halaber, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Herriko Auzitegi Nagusian. Errekurtsoa jartzeko epea bi hilekoa izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteizen, bi milako ekainaren hogeita bian.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN

I. ERANSKINA

OINARRI ESPEZIFIKOAK

KIDEGOA: EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO

ADMINISTRARIEN KIDEGOA

1.– DEITUTAKO PLAZAK.

Honen bidez, administrarien kidegoko karrerako funtzionario izateko 52 plazarako deia egiten da. Plaza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrekoak dira, C taldekoak, honela banatuta.

– Txanda irekiko plazak: 25

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunarekin (2. H.E.): 14

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunarekin (3. H.E.): 3

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunik gabe: 8

– Barne-promozioko txandako plazak: 25

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunarekin (2. H.E.): 12

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunarekin (3. H.E.): 3

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunik gabe: 10

– Elbarrientzako txandako plazak: 2

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunarekin (2. H.E.): 1

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunik gabe: 1

2.– DEIALDI HONETAN PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

Oinarri orokorretako 3. atalean ezarritako baldintzez gain, beharrezkoa da titulazio hau: Batxilergoa, LOGSE Batxilergoko 1.a, lanbide-heziketako teknikari espezialista edo goi-mailako teknikaria edo titulazio baliokidea.

Barne-promozioko txandan parte hartzen duten administrari laguntzaileen kidegokoak izan beharko dute.

Lehenago zehaztutako titulaziorik ez dutenek ere parte hartu ahal izango dute barne-promozioko txandan, baldin eta:

D taldeko kidego batean, karrerako funtzionario gisa, 10 urteko antzinatasuna aitortuta badute; edo 5 urteko antzinatasuna izanda ere, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak barne-promozioko txandara sartzeko deitutako "prestakuntza-ikastaroa" gaindituta badute.

3.– HAUTAKETA-PROZEDURA.

3.1.– Oposizio-aldia.

Oposizio-aldian bi ariketa egin beharko dira, biak derrigorrezkoak eta baztertze-indarrekoak.

3.1.1.– Lehenengo ariketa.

Aukera anitzeko 200 galderari erantzun beharko zaio. Epaimahaiak ezarriko du erantzuteko gehienezko denbora, baina ez da inola ere izango lau ordutik gorakoa. Azterketako galderak oinarri espezifiko hauetako II. eranskineko gaiei buruzkoak izango dira, eta Administrazioak interesatuen esku jarriko duen item-multzo batetik aterako dira. Galderen multzo osoa interesatuei bidaliko zaie, betiere onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu baino lehenago.

Onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, interesaturen batek galderen multzoa jaso ez badu, hamar (10) egun balioduneko epea izango du erreklamatzeko. Galderak bidali ahal izateko, interesatuak, ezinbestez, onartuta egon behar du prozesuan.

Halaber, oinarri orokorretako 4.1.b) atalean zehazten diren helbide elektronikoetan (Internet) eskuratu ahal izango dira galderak.

3.1.2.– Bigarren ariketa.

Epaimahaiak zenbait kasu praktiko planteatuko ditu gai-zerrendari buruz, eta azterketariak, horietatik, bat edo batzuk egin beharko ditu. Epaimahaiak ezarriko du ariketa egiteko gehienezko denbora.

Epaimahaiak, ariketaren izaera eta edukia kontuan hartuta, zehaztu egingo du zein kode edo material tekniko erabil ditzaketen izangaiek ariketa hau egiteko.

3.2.– Euskara-proba

Proba honetan, euskararen jakite-maila neurtuko da, eta, horretarako, 1., 2. eta 3. hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egin beharko dira.

Hizkuntza-eskakizun horietako bat gaindituta dutenek edo titulu nahiz ziurtagiri baliokideak dituztenek, euskara-proben eguna baino lehenago, dagozkien egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko egoitzetan. Hona hemen egoitzen helbideak:

– Gasteizen: Donostia kalea 1 (Lakua) PK: 01010.

– Bilbon: Errekalde zumarkalea 18. PK: 48009

– Donostian: Prim kalea 7. PK: 20007

– Oñatin: Unibertsitatea z/g. PK: 20560.

3.3.– Lehiaketa-aldia.

Lehiaketa-aldian, aztertu eta balioetsiko dira izangaiek adierazi eta egiaztatutako merezimenduak. Aldi honetan, merezimenduen baremoaren araberako puntuak emango zaizkio izangai bakoitzari.

4.– HAUTAKETA-PROZESUKO KALIFIKAZIOA.

4.1.– Oposizio-aldia

4.1.1.– Lehenengo ariketa.

Lehenengo ariketa zero (0) puntutik hamar (10) puntura bitartean kalifikatuko da, eta gutxienez bost (5) puntu lortzen ez dutenak bazter geratuko dira.

Ariketa honetako zuzeneko puntuazioa (P) lortzeko, ondoko formula hau aplikatu behar da: erantzun zuzenen kopurua (Z) ken erantzun okerren (O) herena (P= Z - O/3); horrela, atal honetan lor daitekeen gehienezko puntuazioa berrehun (200) puntukoa izango da.

Amaierako puntuazioa bost (5) izateko, ezinbestekoa izango da, formula aplikatu ondoren, gehienez ere lor daitekeen zuzeneko puntuazioaren ehuneko hirurogeita bost (%65) eskuratzea, hau da, ehun eta hogeita hamar (130) puntu eskuratzea.

Gainditutakoen kopurua txikiagoa bada deitutako plazen kopuruaren hiru halako baino, jaitsi egingo da amaierako bost (5) puntuok lortzeko behar den zuzeneko puntuazioa, harik eta gainditutakoen kopurua eta deitutako plazen kopuruaren hiru halakoa berdina izan arte. Nolanahi ere, gainditzeko behar den zuzeneko puntuazioa ezin izango da izan atal honetan lor daitekeen gehienezko puntuazioaren ehuneko berrogeita hamar (%50) baino txikiagoa, hau da, ehun (100) puntu baino txikiagoa.

Bost (5) punturen puntuazio baliokidea ezarri ondoren, gainditutako izangaiek lortu dituzten zuzeneko puntuazioak amaierako puntuazio bihurtuko dira honako proportzioaren arabera: zuzeneko puntuazioko berrehun (200) puntu amaierako puntuazioko hamar (10) puntu dira. Izangaiak zein diren jakin gabe egingo dira eragiketa horiek guztiak.

4.1.2.– Bigarren ariketa.

Bigarren ariketa zero (0) puntutik hamar (10) puntura bitartean kalifikatuko da, eta gutxienez bost (5) puntu lortzen ez dutenak bazter geratuko dira.

Ariketa hau kalifikatzeko, honakoak hartuko dira kontuan: erantzun zehatzak izatea, sintesia eta analisia egiteko gaitasuna, garatutako ideien aberastasuna eta ideiok azaltzeko argitasuna eta zuzentasuna.

4.2.– Euskara-proba

Kasuan kasuko hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen dutenek gai kalifikazioa jasoko dute, lehiatu nahi duten lanpostuak derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duenean.

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunik gabeko lanpostuetan lehiatzen dutenek ondoko puntuazioa lortuko dute, baina tarteko puntuaziorik gabe. Hona puntuak:

– 1. hizkuntza-eskakizuna: 1,75 puntu

– 2. hizkuntza-eskakizuna: 2,5 puntu

– 3. hizkuntza-eskakizuna: 3,75 puntu

4.3.– Lehiaketa-aldia

Lehiaketa-aldiko kalifikazioa lortzeko, batu egin beharko dira merezimenduetako puntu guztiak, betiere baremo honen arabera emandakoak:

4.3.1.– Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen laugarren xedapen iragankorra aplikatzen zaien langileentzako merezimenduen baremoa:

Edozein herri-administraziotan egindako zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko, 0,1 puntu, honako kasuetan: administrazio horietan bitarteko funtzionario edo aldi baterako administrazio-kontratatu gisa jardun badute, eta zerbitzuok administrarien kidegoari irekitako lanpostuetan edo kasuan kasuko lanpostu-zerrendako lanpostu baliokideetan bete badituzte. Zerbitzu-aldia zenbatzeko muga, betiere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna izango da. Atal honetan, gehienez ere, bederatzi (9) puntu lor daitezke.

4.3.1.1.– Zerbitzu-aldiak zenbatzeko, batu egingo dira lan egindako aldiak, eta behin batu ondoren, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horren ondorioetarako, hilabetetzat 30 egunen multzoa joko da.

4.3.1.2.– Egindako zerbitzu-aldi bera behin baino ez da balioetsiko, hau da, ezin izango da berriro erabili beste kidego batzuetara sartzeko. Izangaiak, horrelakoetan, merezimenduak adierazi eta egiaztatzeko epearen barruan, azaldu egin beharko du zein kidegotarako erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

4.3.2.– Txanda irekiko gainerakoentzako eta elbarrien txandako merezimenduen baremoa.

4.3.2.1.– Herri-administrazioetan egindako zerbitzuak.

Herri-administrazioetan egindako zerbitzuak direla-eta gehienez ere lor daitekeen puntuazioa sei (6) puntukoa da, honela banatuta:

a).– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, foru-administrazioan eta toki-administrazioan egindako zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko, 0,05 puntu, honako kasuetan: zerbitzuok administrarien kidegoari irekitako lanpostuetan edo kasuan kasuko lanpostu-zerrendako lanpostu baliokideetan bete badituzte. Zerbitzu-aldia zenbatzeko muga, nolanahi ere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna izango da. Atal honetan, gehienez ere, sei (6) puntu lor daitezke.

Halaber, modu berean balioetsiko dira antzeko kategorietan, lan-erregimenean, egindako zerbitzuak.

b).– Gainerako herri-administrazioetan egindako zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko, 0,03 puntu, honako kasuetan: zerbitzuok administrarien kidegoari irekitako lanpostuetan edo kasuan kasuko lanpostu-zerrendako lanpostu antzekoetan bete badituzte. Zerbitzu-aldia zenbatzeko muga, betiere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna izango da. Atal honetan, gehienez ere, sei (6) puntu lor daitezke.

Halaber, modu berean balioetsiko dira antzeko kategorietan, lan-erregimenean, egindako zerbitzuak.

4.3.2.2.– Zerbitzu-aldiak zenbatzeko, batu egingo dira lan egindako aldiak, eta behin batu ondoren, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horren ondorioetarako, hilabetetzat 30 egunen multzoa joko da.

4.3.2.3.– Egindako zerbitzu-aldi bera behin baino ez da balioetsiko, hau da, ezin izango da berriro erabili beste kidego batzuetara sartzeko. Izangaiak, horrelakoetan, merezimenduak adierazi eta egiaztatzeko epearen barruan, azaldu egin beharko du zein kidegotarako erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

4.3.2.4.– Titulazio akademikoak.

Ez da balioetsiko, merezimendu gisa, administrarien kidegora sartu ahal izateko adierazitako titulazio akademikoa; bai, ordea, gainerako guztiak, baldin eta lanpostuaren eginkizunekin zuzeneko zerikusia badute. Atal honetan, gehienez ere, puntu bat (1) lor daiteke, betiere baremo honen arabera:

– Unibertsitateko erdi-mailako titulazio ofizial hauek, edo Unibertsitateko Titulu Ofizialen indarreko Katalogoaren arabera homologatutakoak: puntu bat (1), titulu bakoitzeko.

Enpresa Zientzietako Diplomatura

Kudeaketa eta Administrazio Publikoko Diplomatura

Lan Harremanetako Diplomatura

Bibliotekonomia eta Dokumentazioko Diplomatura

– Aipatu diren lanbide-taldeetako goi-mailako teknikariaren tituluak edo lanbide-heziketako teknikari espezialistarenak edo ikasketen eta lanbidearen ondorioetarako baliokideak direnak baldin eta indarreko legedian halako izaera badute: puntu bat (1), titulu bakoitzeko.

Administrazioa

Merkataritza eta Marketina

Informatika

– Unibertsitateko goi-mailako titulazio ofizialak: puntu bat (1), titulu bakoitzeko.

4.3.2.5.– Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak ez diren hizkuntzak.

Gehienez ere, 1,25 puntu emango dira, betiere baremo honen arabera:

• Frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea Hizkuntza Eskola Ofizialaren 3. mailan: puntu bat (1) hizkuntza bakoitzeko.

• Frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea Hizkuntza Eskola Ofizialaren 4. mailan: 1,25 puntu hizkuntza bakoitzeko.

Hizkuntzen jakite-maila zehazteko, izangaiek horretarako ezarriko den proba gainditu beharko dute. Ez da inola ere balioetsiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren 3. mailatik beherako edozein jakite-maila. Hizkuntza Eskola Ofizialak izendatutako aholkularien laguntza jaso ahal izango du epaimahaiak.

Merezimenduak egiaztatzeko epearen barruan Hizkuntza Eskola Ofizialaren ziurtagiria aurkezten duten izangaiek ez dute proba hori egin beharko.

4.3.3.– Barne-promozioko txandako merezimenduen baremoa

4.3.3.1.– Herri-administrazioan aitortutako antzinatasuna.

Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu arte herri-administrazioan emandako denboragatik (antzinatasuna), gehienez ere, sei (6) puntu eman ahal izango dira: 0,05 puntu, zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hirurtekoen ondorioetarako aitortutako antzinatasuna baino ez da zenbatuko.

Zerbitzu-aldiak zenbatzeko, batu egingo dira lan egindako aldiak, eta behin batu ondoren, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horren ondorioetarako, hilabetetzat 30 egunen multzoa joko da.

Egindako zerbitzu-aldi bera behin baino ez da balioetsiko, hau da, ezin izango da berriro erabili beste kidego batzuetara sartzeko. Izangaiak, horrelakoetan, merezimenduak adierazi eta egiaztatzeko epearen barruan, azaldu egin beharko du zein kidegotarako erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

4.3.3.2.– Titulazio akademikoak eta hizkuntzak.

Titulazio akademiko eta hizkuntzei dagokienez, txanda irekiko eta elbarrientzako lanpostuetarako adierazi diren irizpide eta baremo berberak aplikatuko dira hemen ere.

5.– MEREZIMENDUAK EGIAZTATZEA

5.1.– Interesatuek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean egindako zerbitzuak adierazi beharko dituzte, baina ez egiaztatu. Izan ere, zerbitzu horiek administrazioak berak, bere kabuz, zenbatuko ditu, betiere interesatuak adierazitako datuen arabera.

5.2.– Gainerako herri-administrazioetan egindako zerbitzu-aldia, berriz, administrazioetako bakoitzak horretarako duen ereduaren bidez egiaztatu beharko dira. Ereduan honakoek agertu beharko dute: lan egindako denbora xehe-xehe jarrita, eta denbora horretan izandako kidego, eskala, azpieskala eta klase edo kategoria.

5.3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ez den beste edozein administraziotan egindako zerbitzuak adierazi eta egiaztatu nahi badira, eta zerbitzu horiek administrarien kidegoari irekitako lanpostuetan edo kidego baliokide nahiz antzekoei irekitakoetan izan badira, egindako zerbitzuen ziurtagiria ekarri beharko da. Hor, hala ere, zehatz adierazten ez bada aldi horretako egoera, orduan, dagokion frogagiriaren fotokopia aurkeztu beharko da lanpostuaren irekitasuna frogatzeko.

5.4.– Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioetan eta toki-administrazioetan egindako zerbitzuak baliokidetzat joko dira, betiere uztailaren 30eko 208/1990 Dekretuak —Euskal administrazio publikoen kidego eta eskalen arteko baliokidetasuna zehazten duenak— dioen eran.

5.5.– Administrazioaren kabuz jarriko da antzinatasuna, eta, beraz, ez da egiaztatu beharko. Izangaiak, kidego batean baino gehiagotan lehiatzen badu, merezimenduak adierazten dituenean, zehaztu egin beharko du zein kidegotan erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

5.6.– Titulazioak egiaztatzeko, tituluaren fotokopia edo, bestela, titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria aurkeztu beharko da.

6.– AZKEN KALIFIKAZIOA

6.1.– Hautaketa-prozesu osoan lortutako puntuazio guztiak batuz zehaztuko da izangai bakoitzaren azken kalifikazioa.

6.2.– Oposizio-lehiaketako emaitza eta kalifikazio guztiak jendaurrean jarriko dira oinarri orokorretako 4.3. atalean zehaztutako bulegoetako iragarki-oholetan.

Halaber, oinarri orokorretako 4.1.b) atalean zehazten diren helbide elektronikoetan jarriko dira jendaurrean.

II. ERANSKINA

ADMINISTRARIA

GAI-ZERRENDA

I. EUSKAL HERRIKO GEOGRAFIA ETA HISTORIA

1.– Euskal Herriko geografia fisikoa eta giza geografia: gai orokorrak.

2.– Euskal Herriko historia: gai orokorrak.

II. ESTATUAREN ANTOLAKETA POLITIKOA ETA ADMINISTRAZIOKOA

3.– Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio nagusiak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

4.– Estatuaren lurralde-antolaketa: autonomia-estatutuak. Autonomia–erkidegoak: antolaketa eta eskumenak.

III. EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ANTOLAKETA POLITIKOA ETA ADMINISTRAZIOKOA

5.– Euskal Autonomia Estatutua: kontzeptua eta izaera. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenak. Euskadiren ahalmenak. Ekonomia-ituna eta kupoa.

6.– Lurralde historikoak. Foru-instituzioak: batzar nagusiak eta foru-aldundiak. Instituzio orokorren eta foru-instituzioen arteko eskumen-banaketari buruzko alderdi nagusiak.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-administrazioa: Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasle–kidegoak: printzipio orokorrak.

8.– Euskal Autonomia Erkidegoko polizia: printzipio orokorrak.

9.– Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-administrazioa: Osakidetza.

IV. ADMINISTRAZIO-ZUZENBIDEA

10.– Administrazio-Zuzenbidearen iturriak. Legea: kontzeptua eta motak. Arautegia: ahal arauemailearen titularitatea eta mugak. Arauen hierarkia. Legezkotasun-printzipioa administrazio publikoan.

11.– Administrazioaren antolaketa: administrazioko organoak. Kide anitzeko organoak. Antolaketarako printzipioak: hierarkia eta eskumenak. Eskuordetza, goragokoak eskumenak bereganatzea, eta ordezkotza. Kudeatzeko agindua. Kontzentrazioa eta deskontzentrazioa. Zentralizazioa eta deszentralizazioa.

12.– Administrazio-egintza: ekoizpena, edukia, arrazoiak eta modua. Administrazio-egintzak legezkotzat ematea. Administrazio-egintzaren eraginkortasuna. Administrazio–egintzen eskubide osoko deuseztasuna, deuseztagarritasuna eta errebokazioa. Administrazioaren isiltasuna.

13.– Administrazio-prozedura: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legea. Printzipio nagusiak. Interesdunak. Prozeduran parte ez hartzea eta errefusatzea. Herritarren eskubideak. Erregistro administratiboak.

14.– Administrazio-prozedura: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legea. Administrazio–prozeduraren aldiak. Prozeduraren hasiera, eraketa, instrukzioa eta amaiera.

15.– Administrazio-egintzak administrazio–bidean berrikustea: printzipio nagusiak. Akats materialak zuzentzea. Egintzak errebokatzea. Administrazio–errekurtsoak.

16.– Administrazioko lizentziak: printzipio nagusiak. Zehapenak: zehapen–zuzenbideko printzipio nagusiak.

17.– Administrazioko kontratuak: kontratatzeko gaitasuna, esleitzeko prozedurak. Administrazioko kontratu-mota guztiak.

18.– Zerbitzu publikoa: kudeatzeko erak. Zuzeneko kudeaketaren azterketa berezia. Zeharkako kudeaketa: moduak.

19.– Administrazioaren ondasunak: ondasunen sailkapena. Jabari publikoa erabiltzea.

20.– Herri-administrazioen eta administraziootako agintari eta gainerako langileen erantzukizuna.

V. ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN ZERBITZUKO LANGILEAK

21.– Administrazio publikoen zerbitzuko langileak: motak. Funtzio publikoaren egitura eta antolaketa: lanpostu–zerrendak eta aurrekontuetako plantilak.

22.– Funtzionario publikoen eskubideak eta betebeharrak. Bateraezintasunak. Odainsariak. Administrazio-egoerak. Diziplina-araubidea. Funtzionario publikoen negoziazio kolektiboa.

23.– Administrazio nagusian, hezkuntzan eta ertzaintzan euskararen erabilera normaltzea: printzipio nagusiak, hizkuntza-eskakizunak, hizkuntza–eskakizunen derrigortasun–eguna, eta hizkuntza-normalkuntzarako planak.

24.– Administrazio publikoen zerbitzuko lan-kontratuko langileak. Lan–kontratua. Lan-kontratuak: motak.

25.– Gizarte Segurantza. Araubide orokorra. Afiliazioa eta kotizazioa. Babesa. Gertakizunak eta prestazioak.

26.– Sindikatuko kide izateko eskubidea. Indarrean dauden legeak. Oinarrizko printzipioak eta ordezkapenerako organoak. Sindakatu-eskubideak, bermeak. Lan-baldintzak: lanaldia, atsedenaldia eta ordainsari–araubidea.

VI. ADMINISTRAZIOAREN ANTOLAKETA

27.– Administrazio-lanaren programazioa eta kontrola: programazioaren izaera, helburuak eta hedapena. Edozein lan–programaren oinarrizko elementuak. Programen jarraipena eta ebaluazioa egitearen interesa. Ebaluatzeko eta kontrolatzeko moduak.

28.– Teknologia berriak administrazioko kudeaketei aplikatzea. Metodo informatikoei buruzko kontzeptu orokorrak, eta horiek erabiltzeak dituen abantailak.

29.– Dokumentuak normalizatzea, sailkatzea eta gordetzea: normalizazio-kontzeptua, horren abantailak eta oztopoak. Normaliza daitezkeen administrazioko arloak, organoak eta zerbitzuak. Administrazio-jardueretan aplika daitezkeen UNE arau nagusiak. Sailkapen-sistemei buruzko ideia orokorra. Sailkapen-motak edo sailkapen-sistemak. Dokumentuak gordetzea; dokumentuen izaera eta motak. Artxiboen funtzionamendua, sarrerak, irteerak eta itzultzeak.

30.– Komunikazioa administrazioan: administrazioko hizkera modu egokian erabiltzea. Komunikazio-motak: ahozkoa, telefono bidezkoa eta idatzizkoa. Dokumentu idatzien edukia eta aurkezpena: jakinarazpenak, eskaerak, ziurtagiriak, e.a. Herritarrentzako informazioa.

31.– Zuzeneko harremana herritarrekin: herritarra zerbitzu eta prestazio publikoen hartzaile den neurrian. Jendea ondo hartzeko gaitasuna, harrera egitea, herritarren eskaerak aztertzea eta erantzuna ematea.

VII. FINANTZA-KUDEAKETA

32.– Aurrekontua: kontzeptua eta motak. Aurrekontuen zikloa. Programen araberako aurrekontua: kontzeptua eta helburuak. Programazioa, aurrekontuak eta kontrola. Aurrekontua, oinarrian zero dela.

33.– Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu nagusiak. Printzipioak eta egitura. Aurrekontuak egiteko eta onartzeko prozedura. Kreditu-motak.

34.– Euskadiko administrazio publikoaren ekonomia-jardueraren kontrola. Kontulariaren kontrola. Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren kontrola. Kontu–hartzailearen kontrola.

35.– Gastuen aurrekontua burutzea: aldiak.

36.– Euskadiko Autonomia Erkidegoaren sarreren aurrekontua. Sarreren sailkapena.

37.– Herri-kontularitzari buruzko kontzeptua. Herri-kontularitzako plan orokorra: printzipioak, egitura eta balioespenerako irizpideak.


Azterketa dokumentala