Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2000eko ekainaren 24a, larunbata


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
2718

AGINDUA, 2000ko ekainaren 22koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Epidemiologia Zaintzako teknikari izateko hautaketa-prozesuko oinarri espezifikoak onartzen dituena. Lanpostuak goi-mailako teknikarien kidegokoak dira, eta eskuratzen dituztenak karrerako funtzionario izango dira.

Martxoaren 28ko 59/2000 Dekretuaren bidez, onartu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko 2000. urteko lanpostu-eskaintza publikoa, eta han zehazten ziren zein eta zenbat plaza bete beharko diren ekitaldi horretan dagozkien hautaketa-prozesuen bidez.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak 2000ko ekainaren 22an emandako Aginduaren bidez, onartu egin dira aipatutako lanpostu-eskaintza publikoaren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean karrerako funtzionario izateko deituko diren hautaketa-prozesuetako oinarri orokorrak.

Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da kidego bakoitzeko plazen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea, bertan zehazten baitira deialdi bakoitzaren ezaugarri berekiak.

Aurreko guztiaren ondorioz,

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Oinarri hauei dagozkien hautaprobetarako deia egitea.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Epidemiologia Zaintzako teknikari izateko hautaketa-prozesuko oinarri espezifikoak (I. eranskina) onartzea; lanpostuak goi-mailako teknikarien kidegokoak dira, eta eskuratzen dituztenak karrerako funtzionario izango dira. Aipatutako hautaketa-prozesua 2000. urteko lanpostu-eskaintza publikoaren ondorio da.

Hirugarrena.– Agindu honen II. eranskinean azaltzen den gai-zerrenda onartzea.

Laugarrena.– Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehenago, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ogasun eta Herri Administrazio sailburuari. Errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala ezartzen baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legeak —Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak— 116. artikuluan eta ondokoetan. Errekurtso horri ez bazaio ebazpen adierazirik ematen, errekurtsoa ezetsi dela joko da.

Halaber, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Herriko Auzitegi Nagusian. Errekurtsoa jartzeko epea bi hilekoa izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteizen, bi milako ekainaren hogeita bian.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN

I. ERANSKINA

OINARRI ESPEZIFIKOAK

KIDEGOA: EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO GOI-MAILAKO TEKNIKARIEN KIDEGOA

PLAZAK: EPIDEMIOLOGIA ZAINTZAKO

TEKNIKARIA

1.– DEITUTAKO PLAZAK.

Honen bidez, goi-mailako teknikarien kidegoko Epidemiologia Zaintzako teknikari izateko 6 plazatarako deia egiten da. Plaza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrekoak dira, A taldekoak, honela banatuta:

– Txanda irekiko plazak: 5

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunarekin (3 H.E.): 3

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunik gabe: 2

– Barne-promozioko txandako plazak: 1

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunik gabe: 1

2.– DEIALDI HONETAN PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

Oinarri orokorretako 3. atalean ezarritako baldintzez gain, beharrezkoa da titulazio hau: Biologiako lizentziatura, Farmaziako lizentziatura, Medikuntzako lizentziatura, Albaitaritzako lizentziatura, Soziologiako lizentziatura edo titulazio baliokidea.

Barne-promozioko txandan parte hartzen duten izangaiek B taldeko edozein kidegotakoak izan beharko dute.

3.– HAUTAKETA-PROZEDURA.

3.1.– Oposizio-aldia.

Oposizio-aldian bi ariketa egin beharko dira, biak derrigorrezkoak eta baztertze-indarrekoak.

3.1.1.– Lehenengo ariketa.

Aukera anitzeko 200 galderari erantzun beharko zaio. Epaimahaiak ezarriko du erantzuteko gehienezko denbora, baina ez da inola ere izango lau ordutik gorakoa. Azterketako galderak oinarri espezifiko hauetako II. eranskineko gaiei buruzkoak izango dira, eta Administrazioak interesatuen esku jarriko duen item-multzo batetik aterako dira. Galderen multzo osoa interesatuei bidaliko zaie, betiere onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu baino lehenago.

Onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, interesaturen batek galderen multzoa jaso ez badu, hamar (10) egun balioduneko epea izango du erreklamatzeko. Galderak bidali ahal izateko, interesatuak, ezinbestez, onartuta egon behar du prozesuan.

Halaber, oinarri orokorretako 4.1.b) atalean zehazten diren helbide elektronikoetan (Internet) eskuratu ahal izango dira galderak.

3.1.2.– Bigarren ariketa.

Epaimahaiak zenbait kasu praktiko planteatuko ditu gai-zerrendaren zati espezifikoari buruz, eta azterketariak, horietatik, bat edo batzuk egin beharko ditu. Epaimahaiak ezarriko du ariketa egiteko gehienezko denbora.

Epaimahaiak, ariketaren izaera eta edukia kontuan hartuta, zehaztu egingo du zein kode edo material tekniko erabil ditzaketen izangaiek ariketa hau egiteko.

3.2.– Euskara-proba

Proba honetan, euskararen jakite-maila neurtuko da, eta, horretarako, 1., 2. eta 3. hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egin beharko dira.

Hizkuntza-eskakizun horietako bat gaindituta dutenek edo titulu nahiz ziurtagiri baliokideak dituztenek, euskara-proben eguna baino lehenago, dagozkien egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko egoitzetan. Hona hemen egoitzen helbideak:

– Gasteizen: Donostia kalea 1 (Lakua) PK: 01010.

– Bilbon: Errekalde zumarkalea 18. PK: 48009

– Donostian: Prim kalea 7. PK: 20007

– Oñatin: Unibertsitatea z/g. PK: 20560.

3.3.– Lehiaketa-aldia.

Lehiaketa-aldian, aztertu eta balioetsiko dira izangaiek adierazi eta egiaztatutako merezimenduak. Aldi honetan, merezimenduen baremoaren araberako puntuak emango zaizkio izangai bakoitzari.

4.– HAUTAKETA-PROZESUKO KALIFIKAZIOA.

4.1.– Oposizio-aldia

4.1.1.– Lehenengo ariketa.

Lehenengo ariketa zero (0) puntutik hamar (10) puntura bitartean kalifikatuko da, eta gutxienez bost (5) puntu lortzen ez dutenak bazter geratuko dira.

Ariketa honetako zuzeneko puntuazioa (P) lortzeko, ondoko formula hau aplikatu behar da: erantzun zuzenen kopurua (Z) ken erantzun okerren (O) herena (P= Z - O/3); horrela, atal honetan lor daitekeen gehienezko puntuazioa berrehun (200) puntukoa izango da.

Amaierako puntuazioa bost (5) izateko, ezinbestekoa izango da, formula aplikatu ondoren, gehienez ere lor daitekeen zuzeneko puntuazioaren ehuneko hirurogeita bost (%65) eskuratzea, hau da, ehun eta hogeita hamar (130) puntu eskuratzea.

Gainditutakoen kopurua txikiagoa bada deitutako plazen kopuruaren hiru halako baino, jaitsi egingo da amaierako bost (5) puntuok lortzeko behar den zuzeneko puntuazioa, harik eta gainditutakoen kopurua eta deitutako plazen kopuruaren hiru halakoa berdina izan arte. Nolanahi ere, gainditzeko behar den zuzeneko puntuazioa ezin izango da izan atal honetan lor daitekeen gehienezko puntuazioaren ehuneko berrogeita hamar (%50) baino txikiagoa, hau da, ehun (100) puntu baino txikiagoa.

Bost (5) punturen puntuazio baliokidea ezarri ondoren, gainditutako izangaiek lortu dituzten zuzeneko puntuazioak amaierako puntuazio bihurtuko dira honako proportzioaren arabera: zuzeneko puntuazioko berrehun (200) puntu amaierako puntuazioko hamar (10) puntu dira. Izangaiak zein diren jakin gabe egingo dira eragiketa horiek guztiak.

4.1.2.– Bigarren ariketa.

Bigarren ariketa zero (0) puntutik hamar (10) puntura bitartean kalifikatuko da, eta gutxienez bost (5) puntu lortzen ez dutenak bazter geratuko dira.

Ariketa hau kalifikatzeko, honakoak hartuko dira kontuan: erantzun zehatzak izatea, sintesia eta analisia egiteko gaitasuna, garatutako ideien aberastasuna eta ideiok azaltzeko argitasuna eta zuzentasuna.

4.2.– Euskara-proba

Kasuan kasuko hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen dutenek gai kalifikazioa jasoko dute, lehiatu nahi duten lanpostuak derrigorresko hizkuntza-eskakizuna duenean.

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunik gabeko lanpostuetan lehiatzen direnek ondoko puntuazioa lortuko dute, baina tarteko puntuaziorik gabe. Hona puntuak:

– 1. hizkuntza-eskakizuna: 1,75 puntu

– 2. hizkuntza-eskakizuna: 2,5 puntu

– 3. hizkuntza-eskakizuna: 3,75 puntu

4.3.– Lehiaketa-aldia

Lehiaketa-aldiko kalifikazioa lortzeko, batu egin beharko dira merezimenduetako puntu guztiak, betiere baremo honen arabera emandakoak:

4.3.1.– Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen laugarren xedapen iragankorra aplikatzen zaien langileentzako merezimenduen baremoa:

Edozein herri-administraziotan egindako zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko, 0,1 puntu, honako kasuetan: administrazio horietan bitarteko funtzionario edo aldi baterako administrazio-kontratatu gisa jardun badute, eta zerbitzuok goi-mailako teknikarien kidegoko edo kidego baliokideko Biologiako lizentziatu, Farmaziako lizentziatu, Medikuntzako lizentziatu, Albaitaritzako lizentziatu, Soziologiako lizentziatuei irekitako lanpostuetan bete badituzte. Zerbitzu-aldia zenbatzeko muga, betiere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna izango da. Atal honetan, gehienez ere, bederatzi (9) puntu lor daitezke.

4.3.1.1.– Zerbitzu-aldiak zenbatzeko, batu egingo dira lan egindako aldiak, eta behin batu ondoren, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horren ondorioetarako, hilabetetzat 30 egunen multzoa joko da.

4.3.1.2.– Egindako zerbitzu-aldi bera behin baino ez da balioetsiko, hau da, ezin izango da berriro erabili beste kidego batzuetara sartzeko. Izangaiak, horrelakoetan, merezimenduak adierazi eta egiaztatzeko epearen barruan, azaldu egin beharko du zein kidegotarako erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

4.3.2.– Txanda irekiko gainerakoentzako merezimenduen baremoa.

4.3.2.1.– Herri-administrazioetan egindako zerbitzuak.

Herri-administrazioetan egindako zerbitzuak direla-eta gehienez ere lor daitekeen puntuazioa sei (6) puntukoa da, honela banatuta:

a).– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, foru-administrazioan eta toki-administrazioan egindako zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko, 0,05 puntu, honako kasuetan: zerbitzuok goi-mailako teknikarien kidegoko edo kidego baliokideko Biologiako lizentziatu, Farmaziako lizentziatu, Medikuntzako lizentziatu, Albaitaritzako lizentziatu, Soziologiako lizentziatuei irekitako lanpostuetan bete badituzte. Zerbitzu-aldia zenbatzeko muga, nolanahi ere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna izango da. Atal honetan, gehienez ere, sei (6) puntu lor daitezke.

Halaber, modu berean balioetsiko dira antzeko kategorietan, lan-erregimenean, egindako zerbitzuak.

b).– Gainerako herri-administrazioetan egindako zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko, 0,03 puntu, honako kasuetan: zerbitzuok goi-mailako teknikarien kidegoko edo antzeko kidegoko Biologiako lizentziatu, Farmaziako lizentziatu, Medikuntzako lizentziatu, Albaitaritzako lizentziatu, Soziologiako lizentziatuei irekitako lanpostuetan bete badituzte. Zerbitzu-aldia zenbatzeko muga, betiere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna izango da. Atal honetan, gehienez ere, sei (6) puntu lor daitezke.

Halaber, modu berean balioetsiko dira antzeko kategorietan, lan-erregimenean, egindako zerbitzuak.

4.3.2.2.– Zerbitzu-aldiak zenbatzeko, batu egingo dira lan egindako aldiak, eta behin batu ondoren, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horren ondorioetarako, hilabetetzat 30 egunen multzoa joko da.

4.3.2.3.– Egindako zerbitzu-aldi bera behin baino ez da balioetsiko, hau da, ezin izango da berriro erabili beste kidego batzuetara sartzeko. Izangaiak, horrelakoetan, merezimenduak adierazi eta egiaztatzeko epearen barruan, azaldu egin beharko du zein kidegotarako erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

4.3.2.4.– Titulazio akademikoak.

Ez da balioetsiko, merezimendu gisa, goi-mailako teknikarien kidegoko Epidemiologia Zaintzako teknikariaren lanpostura sartu ahal izateko adierazitako titulazio akademikoa; bai, ordea, gainerako guztiak, baldin eta lanpostuaren eginkizunekin zuzeneko zerikusia badute. Atal honetan, gehienez ere, puntu bat (1) lor daiteke, betiere baremo honen arabera:

• Doktore-titulua: puntu bat (1), titulu bakoitzeko.

• Unibertsitateko goi-mailako bestelako titulazio ofizialak: puntu bat (1), titulu bakoitzeko.

• Unibertsitateko erdi-mailako bestelako titulazio ofizialak: 0,75 puntu, titulu bakoitzeko.

• Unibertsitate ofizialek emandako graduatu-ondoko tituluak (titulu berekiak eta masterrak): 0,75 puntu, titulu bakoitzeko.

4.3.2.5.– Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak ez diren hizkuntzak.

Gehienez ere, bi (2) puntu emango dira, betiere baremo honen arabera:

• Frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea Hizkuntza Eskola Ofizialaren 3. mailan: puntu bat (1) hizkuntza bakoitzeko.

• Frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea Hizkuntza Eskola Ofizialaren 4. mailan: puntu bat eta erdi (1,5) hizkuntza bakoitzeko.

Hizkuntzen jakite-maila zehazteko, izangaiek horretarako ezarriko den proba gainditu beharko dute. Ez da inola ere balioetsiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren 3. mailatik beherako edozein jakite-maila. Hizkuntza Eskola Ofizialak izendatutako aholkularien laguntza jaso ahal izango du epaimahaiak.

Merezimenduak egiaztatzeko epearen barruan Hizkuntza Eskola Ofizialaren ziurtagiria aurkezten duten izangaiek ez dute proba hori egin beharko.

4.3.3.– Barne-promozioko txandako merezimenduen baremoa

4.3.3.1.– Herri-administrazioan aitortutako antzinatasuna.

Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu arte herri-administrazioan emandako denboragatik (antzinatasuna), gehienez ere, sei (6) puntu eman ahal izango dira: 0,05 puntu, zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hirurtekoen ondorioetarako aitortutako antzinatasuna baino ez da zenbatuko.

Zerbitzu-aldiak zenbatzeko, batu egingo dira lan egindako aldiak, eta behin batu ondoren, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horren ondorioetarako, hilabetetzat 30 egunen multzoa joko da.

Egindako zerbitzu-aldi bera behin baino ez da balioetsiko, hau da, ezin izango da berriro erabili beste kidego batzuetara sartzeko. Izangaiak, horrelakoetan, merezimenduak adierazi eta egiaztatzeko epearen barruan, azaldu egin beharko du zein kidegotarako erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

4.3.3.2.– Titulazio akademikoak eta hizkuntzak.

Titulazio akademiko eta hizkuntzei dagokienez, txanda irekirako adierazi diren irizpide eta baremo berberak aplikatuko dira hemen ere.

5.– MEREZIMENDUAK EGIAZTATZEA

5.1.– Interesatuek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean egindako zerbitzuak adierazi beharko dituzte, baina ez egiaztatu. Izan ere, zerbitzu horiek administrazioak berak, bere kabuz, zenbatuko ditu, betiere interesatuak adierazitako datuen arabera.

5.2.– Gainerako herri-administrazioetan egindako zerbitzu-aldia, berriz, administrazioetako bakoitzak horretarako duen ereduaren bidez egiaztatu beharko dira. Ereduan honakoek agertu beharko dute: lan egindako denbora xehe-xehe jarrita, eta denbora horretan izandako kidego, eskala, azpieskala eta klase edo kategoria.

5.3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ez den beste edozein administraziotan egindako zerbitzuak adierazi eta egiaztatu nahi badira, eta zerbitzu horiek goi-mailako teknikarien kidegoko edo kidego baliokide nahiz antzeko Biologiako lizentziatu, Farmaziako lizentziatu, Medikuntzako lizentziatu, Albaitaritzako lizentziatu, Soziologiako lizentziatuei irekitako lanpostuetan izan badira, egindako zerbitzuen ziurtagiria ekarri beharko da. Hor, hala ere, zehatz adierazten ez bada aldi horretako egoera, orduan, dagokion frogagiriaren fotokopia aurkeztu beharko da lanpostuaren irekitasuna frogatzeko..

5.4.– Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioetan eta toki-administrazioetan egindako zerbitzuak baliokidetzat joko dira, betiere uztailaren 30eko 208/1990 Dekretuak —Euskal administrazio publikoen kidego eta eskalen arteko baliokidetasuna zehazten duenak— dioen eran.

5.5.– Administrazioaren kabuz jarriko da antzinatasuna, eta, beraz, ez da egiaztatu beharko. Izangaiak, kidego batean baino gehiagotan lehiatzen bada, merezimenduak adierazten dituenean, zehaztu egin beharko du zein kidegotan erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

5.6.– Titulazioak egiaztatzeko, tituluaren fotokopia edo, bestela, titulua hartzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria aurkeztu beharko da.

6.– AZKEN KALIFIKAZIOA

6.1.– Hautaketa-prozesu osoan lortutako puntuazio guztiak batuz zehaztuko da izangai bakoitzaren azken kalifikazioa.

6.2.– Oposizio-lehiaketako emaitza eta kalifikazio guztiak jendaurrean jarriko dira oinarri orokorretako 4.3. atalean zehaztutako bulegoetako iragarki-oholetan.

Halaber, oinarri orokorretako 4.1.b) atalean zehazten diren helbide elektronikoetan jarriko dira jendaurrean.

II ERANSKINA

EPIDEMIOLOGIA ZAINTZAKO TEKNIKARIA

GAI-ZERRENDA OROKORRA

I. EUSKAL HERRIKO GEOGRAFIA ETA HISTORIA

1.– Euskal Herriko geografia fisikoa eta giza geografia: gai orokorrak.

2.– Euskal Herriko historia: gai orokorrak.

II. ESTATUAREN ANTOLAKETA POLITIKOA ETA ADMINISTRAZIOKOA

3.– Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio nagusiak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

4.– Estatuaren lurralde-antolaketa: autonomia-estatutuak. Autonomia–erkidegoak: antolaketa eta eskumenak.

5.– Euskal Autonomia Estatutua: kontzeptua eta izaera. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenak. Euskadiren ahalmenak. Ekonomia-ituna eta kupoa.

6.– Lurralde historikoak. Foru-instituzioak: batzar nagusiak eta foru-aldundiak. Instituzio orokorren eta foru-instituzioen arteko eskumen-banaketari buruzko alderdi nagusiak.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa: Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasle–kidegoak: printzipio orokorrak. Ertzaintza eta Osakidetza: printzipio orokorrak.

III. ADMINISTRAZIO-ZUZENBIDEA ETA PROZEDURA

8.– Administrazio-Zuzenbidearen iturriak. Arauen hierarkia. Legezkotasun–printzipioa administrazio publikoan.

9.– Administrazio-egintza: ekoizpena, edukia, arrazoiak eta modua. Administrazio-egintzak legezkotzat ematea. Administrazio-egintzaren eraginkortasuna. Administrazio–egintzen eskubide osoko deuseztasuna, deuseztagarritasuna eta errebokazioa. Administrazioaren isiltasuna.

10.– Administrazio-prozedura: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legea. Printzipio nagusiak. Interesdunak. Prozeduran parte ez hartzea eta errefusatzea. Herritarren eskubideak. Erregistro administratiboak. Kide anitzeko organoak. Antolaketarako printzipioak: hierarkia eta eskumenak. Eskuordetza, goragokoak eskumenak bereganatzea, eta ordezkotza.

11.– Administrazio-prozedura: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legea. Administrazio–prozeduraren aldiak. Prozeduraren hasiera, eraketa, instrukzioa eta amaiera. Administrazio–errekurtsoak.

12.– Herri-administrazioen eta administraziootako agintari eta gainerako langileen erantzukizuna.

13.– Administrazio publikoen zerbitzuko langileak: motak. Funtzionario publikoen eskubideak eta betebeharrak.

14.– Euskararen erabilera administrazio nagusian, hezkuntzan eta ertzaintzan normaltzea: printzipio nagusiak, hizkuntza-eskakizunak, hizkuntza–eskakizunen derrigortasuna, eta hizkuntza-normalkuntzarako planak.

15.– Aurrekontua: kontzeptua eta motak. Aurrekontuak egiteko eta onartzeko prozedura. Gastuen aurrekontua burutzea: aldiak. Euskadiko Autonomia Erkidegoaren sarreren aurrekontua. Sarreren sailkapena.

GAI-ZERRENDA ESPEZIFIKOA

1.– Epidemiologia: definizioa eta kontzeptua, helburuak. Metodo epidemiologikoaren ezaugarriak.

2.– Zenbatero agertzen diren zehazteko neurriak. Arrazoia, proportzioa, tasa. Intzidentzia- eta prebalentzia-neurriak.

3.– Zein neurri erabiltzen diren zenbatero agertzen diren jakiteko: elkarketa-neurriak eta jotze-neurriak.

4.– Tasen estandarizazioa, zuzeneko eta zeharkako estandarizazioa.

5.– Arrazoiak eta arriskua. Estatistikek nola lotzen dituzten eta arrazoien eta ondorioen arteko erlazioa. Arrazoia zehazteko irizpideak.

6.– Azterketa epidemiologikoak. Azterketa deskriptiboak eta azterketa analitikoak. Azterketa prospektiboak eta erretrospektiboak. Saiakerazko azterketak eta saiakerakoak ez direnak.

7.– Kohortekako azterketak. Kontzeptua, diseinua eta aukeraketa egiteko metodoak. Zer duten onerako eta zer txarrerako. Analisiak, interpretazioak eta aplikazioak.

8.– "Kasua-kontrola" azterketa. Kontzeptua, diseinua eta aukeraketa egiteko metodoak. Zer duten onerako eta zer txarrerako. Analisiak, interpretazioa eta aplikazioak.

9.– Zeharkako azterketak. Kontzeptua, diseinua. Zer duten onerako eta zer txarrerako. Analisiak, interpretazioak eta aplikazioak.

10.– Saiakerazko azterlanak. Kontzeptua, diseinua. Zer duten onerako eta zer txarrerako. Analisiak, interpretazioak eta aplikazioak.

11.– Azterketa epidemiologiko bat zenbateraino den baliozkoa eta zehatza. Akats-motak. Baliozkoa kanpotik, eta baliozkoa barrutik. Okerbideak: kontzeptua eta okerbide-motak.

12.– "Screening" metodoek zenbateraino balio duten ikustea eta diagnostikoa emateko metodoek zenbateraino balio duten. Sentsibilitatea, espezifitatea eta aurretik antzemateko balio ote duten.

13.– Epistemologiak osasun publikoan dituen aplikazioak. Azterketa demografikoa. Lehentasunak identifikatzea, sortzen ari diren prozesuak eta arriskuan diren taldeak. Programen ebaluaketa.

14.– Osasun publikoak dituen informazio-sistemak. Demografiaren aztertzea, demografiako informazio-iturriak. Osasuneko inkestak: azterketa egiteko metodologia eta osasuneko planifikazioan nola erabil daitezkeen.

15.– Osasun publikoak dituen informazio-sistemak. Norbanakoen datu-iturriak. Berariazko erregistroak: heriotza-tasa, minbizia, ospitaletako sarrerak eta gaixotasun aukeratu batzuen erregistroa. Izurriteak zaintzeko erabiltzea, osasuneko planifikazioa, kudeaketa klinikoa eta osasun ona sustatzea.

16.– Elikadurako inkestak. Azterketa egiteko metodologia. Laborategiko probak erabiltzea inork ondo jaten duen aztertzeko.

17.– Osasuna denak berdin ez. Hainbat poblazioren azterketa. Informazio-sistemak erabiltzea azterketa horiek egiteko.

18.– Izurrite-ernetzealdiak eta osasuneko alerta-egoerak aztertzea. Kontzeptua, informazioa biltzea, aztertzea, ulertzea eta kontrol-neurriak hartzea.

19.– Izurriteak zaintzeko estatuko sarea. Helburuak, nola osaturik dagoen eta nola lan egiten duen. Legedia: bai estatuan, bai Europako Batasunean.

20.– Izurriteak zaintzeko sistemak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Helburuak, ezaugarriak, egitura funtzionala eta informazio-iturriak. EAEn dagoen legedia.

21.– Derrigor deklaratu beharreko gaixotasunak. Izurriteak zaindu behar horretan aplikatzea. Sistemak EAEn dituen ezaugarriak eta funtzionamendua.

22.– Mikrobiologiako informazio-sistemak. Izurriteak zaintzeko orduan dituen aplikazioak. EAEko sistemaren ezaugarriak eta funtzionamendua.

23.– Mediku begiraleen sareak. Kontzeptua, izurriteak zaindu eta ikertzeko orduan dituzten aplikazioak. EAEko egoera.

24.– Izurriteak zaintzeko sistemak ebaluatzea. Ebaluazio-motak, zaintza-sistema baten ezaugarri kualitatiboak eta kuantitatiboak.

25.– Transmisioko gaixotasunen epidemiologia: mikroorganismoa/eroalea interakzioa, zein kutsagarria den neurtzea, oinarrizko ugalketa-tasa, gaixotasunak transmititzeko eredu zehatzak.

26.– Zoonosi nagusien epidemiologia: bruzelosia, listeriosia eta abar. Haien bilakaera eta EAEn zertan diren gaur egun.

27.– Elikagaiek transmitituriko gaixotasunak. Etiologia eta arrisku eragile nagusiak. EAEko egoerak.

28.– Giza inmunoeskasia. Epidemiologia, arriskuan diren taldeak, gaixotasuna nola transmititzen den. Zaintza eta kontrola. EAEko egoera.

29.– Tuberkulosia. Epidemiologia. Osasun publikorako duen garrantzia. Gaixotasun hori zaindu eta kontrolatzeko programak. EAEko egoera.

30.– Gaixotasun meningokozikoa: Epidemiologia, zaintza eta gaixotasunari aurre egiteko protokoloa. EAEko egoera.

31.– Gripe-epidemiologia. Osasun publikorako duen garrantzia. 31.-Izurriteak zaintzea eta kontrol-neurriak.

32.– Legionelosia. Epidemiologia, arrisku eragileak eta kontrol-neurriak.

33.– Sortzen ari diren gaixotasunak. Infekzio moduko gaixotasun berriak zerk sortzen dituen. Birusen aurkako erresistentziak. Erresistentzia horien transmisioa. Azterketak, zainketak eta kontrolak egiteko metodoak.

34.– Gaixotasun txertagarrien epidemiologia. Izurriteak zaintzea eta kontrol-programak.

35.– Paralisi bigungarri larria epidemiologiaren aldetik zaintzea. Poliomielitisa desagertaratzea. EAEko egoera.

36.– Txertaketen printzipio orokorrak: txertaketen oinarri inmunologikoak, zein txerto motak dauden. Txerto konbinatuak.

37.– Txertaketa sistematikoak: txertaketetarako egunak: BCG, difteria, tetanoa, kukutxeztula, poliomielitia, b motako Haemophilus influenzae, elgorria, errubeola, parotiditia, B hepatitia. Umeei txertoa jartzeko egunak EAEn.

38.– Bestelako txertaketak (sistematikoak ez direnak): helduen eta arriskuan diren taldeen txertaketa: barizela, A eta B hepatitia, gripea, helduen tetano-difteria, pneumokoko eta abar. Txertaketa bereziak (gaixoekin aritzen diren langileak, haurdun dauden andreak, inmunodepresioa, HIES + eta abar). EAEko txertaketa-programak.

39.– Txertaketa-programa baten gakoak. Diseinua, antolaketa eta ebaluaketa. Etika eta legea. Txertoa eragingarria ote. Inkesta seroepidemiologikoak.

40.– Epidemiologia eta ingurumena. Zaintza-lanak egitea eta bilakaera zehaztea. Metodolodia eta izurriteen ikerketa. Estandarrak zehaztea.

41.– Bihotzeko gaitzak. Ezaugarri epidemiologikoak, osasun publikorako duten eragina. Arrisku eragileak. Gaitzari aurrea hartzea eta kontrol-programak. EAEko egoera.

42.– Minbiziaren epidemiologia. Osasun publikorako duen eragina. Arrisku eragileak. Aurrea hartzea eta kontroleko programak. Minbiziaren erregistroak. EAEko egoera.

43.– Ustekabeko lesioak. Ezaugarri epidemiologikoak, osasun publikorako duten garrantzia. Esku hartzeko eta lesio horiek kontrolatzeko metodoak. EAEko egoera.

44.– Sexu bidez transmititzen diren gaixotasunen epidemiologia eta nola aurrea hartu.

45.– Gaixotasun neurodegeneratiboak eta prioi bidezko gaixotasunak.

46.– Diabetea. Ezaugarri epidemiologikoak, osasun publikorako garrantzia, kontrol-neurriak.

47.– Biriketako patologia kronikoaren epidemiologia. Asma eta biriketako gaitz kronikoak (EPOC): arrisku eragileak, aurrea hartzea eta kontrola.

48.– Hortzetako gaixotasunak. Hortzetako osasunari buruzko inkestak. Jendearen hortzetako osasuna: adierazle epidemiologikoak. Hortzak sano edukitzeko eta jendearen hortzak zaintzeko programak. EAEko egoera.

49.– Tabakoa, alkohola edo beste droga batzuk hartzeak dakartzan arazoak. Nola eragiten dion jendearen osasunari. Nola aurrea hartu, kontrolatu eta gutxiago kontsumitzea lortu. EAEko egoera.

50.– Jaiotzetik datozen ermainak (akats fisikoak) eta erditzearen inguruko gaixotasunak epidemiologiaren aldetik zaintzea. Informazio-iturriak eta erregistro-sistemak. EAEko egoera.


Azterketa dokumentala