Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2000eko ekainaren 24a, larunbata


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
2712

AGINDUA, 2000ko ekainaren 22koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko estatistikari izateko hautaketa-prozesuko oinarri espezifikoak onartzen dituena. Lanpostuak goi-mailako teknikarien kidegokoak dira, eta eskuratzen dituztenak karrerako funtzionario izango dira.

Martxoaren 28ko 59/2000 Dekretuaren bidez, onartu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko 2000. urteko lanpostu-eskaintza publikoa, eta han zehazten ziren zein eta zenbat plaza bete beharko diren ekitaldi horretan dagozkien hautaketa-prozesuen bidez.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak 2000ko ekainaren 22an emandako Aginduaren bidez, onartu egin dira aipatutako lanpostu-eskaintza publikoaren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean karrerako funtzionario izateko deituko diren hautaketa-prozesuetako oinarri orokorrak.

Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da kidego bakoitzeko plazen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea, bertan zehazten baitira deialdi bakoitzaren ezaugarri berekiak.

Aurreko guztiaren ondorioz,

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Oinarri hauei dagozkien hautaprobetarako deia egitea.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko estatistikari izateko hautaketa-prozesuko oinarri espezifikoak (I. eranskina) onartzea; lanpostuak goi-mailako teknikarien kidegokoak dira, eta eskuratzen dituztenak karrerako funtzionario izango dira. Aipatutako hautaketa-prozesua 2000. urteko lanpostu-eskaintza publikoaren ondorio da.

Hirugarrena.– Agindu honen II. eranskinean azaltzen den gai-zerrenda onartzea.

Laugarrena.– Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehenago, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ogasun eta Herri Administrazio sailburuari. Errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala ezartzen baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legeak —Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak— 116. artikuluan eta ondokoetan . Errekurtso horri ez bazaio ebazpen adierazirik ematen, errekurtsoa ezetsi dela joko da.

Halaber, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Herriko Auzitegi Nagusian. Errekurtsoa jartzeko epea bi hilekoa izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteizen, bi milako ekainaren hogeita bian.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN

I. ERANSKINA

OINARRI ESPEZIFIKOAK

KIDEGOA: EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO GOI-MAILAKO TEKNIKARIEN KIDEGOA

PLAZAK: ESTATISTIKARIA

1.– DEITUTAKO PLAZAK.

Honen bidez, goi-mailako teknikarien kidegoko estatistikari izateko 8 plazarako deia egiten da, plazak honela banatuta:

– Txanda irekiko plazak: 7

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunarekin (2. H.E.): 2

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunik gabe: 5

– Barne-promozioko txandako plazak: 1

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunik gabe: 1

2.– DEIALDI HONETAN PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

Oinarri orokorretako 3. atalean ezarritako baldintzez gain, beharrezkoa da titulazio hau: doktorea, lizentziatua, ingeniaria, arkitektoa edo baliokidea.

Barne-promozioko txandan parte hartzen duten izangaiek B taldeko edozein kidegotakoak izan beharko dute.

3.– HAUTAKETA-PROZEDURA.

3.1.– Oposizio-aldia.

Oposizio-aldian bi ariketa egin beharko dira, biak derrigorrezkoak eta baztertze-indarrekoak.

3.1.1.– Lehenengo ariketa.

Aukera anitzeko 200 galderari erantzun beharko zaio. Epaimahaiak ezarriko du erantzuteko gehienezko denbora, baina ez da inola ere izango lau ordutik gorakoa. Ariketa hau egiteko, izangaiek estatistika-taulak edo kalkulagailuak erabili ahal izango dituzte.

Azterketako galderak oinarri espezifiko hauetako II. eranskineko gaiei buruzkoak izango dira, eta Administrazioak interesatuen esku jarriko duen item-multzo batetik aterako dira. Galderen multzo osoa interesatuei bidaliko zaie, betiere onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu baino lehenago.

Onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, interesaturen batek galderen multzoa jaso ez badu, hamar (10) egun balioduneko epea izango du erreklamatzeko. Galderak bidali ahal izateko, interesatuak, ezinbestez, onartuta egon behar du prozesuan.

Halaber, oinarri orokorretako 4.1.b) atalean zehazten diren helbide elektronikoetan (Internet) eskuratu ahal izango dira galderak.

3.1.2.– Bigarren ariketa.

Epaimahaiak zenbait kasu praktiko planteatuko ditu gai-zerrendaren zati espezifikoari buruz, eta azterketariak, horietatik, bat edo batzuk egin beharko ditu. Epaimahaiak ezarriko du ariketa egiteko gehienezko denbora.

Epaimahaiak, ariketaren izaera eta edukia kontuan hartuta, zehaztu egingo du zein kode edo material tekniko erabil ditzaketen izangaiek ariketa hau egiteko.

3.2.– Euskara-proba

Proba honetan, euskararen jakite-maila neurtuko da, eta, horretarako, 1. eta 2. hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egin beharko dira.

Hizkuntza-eskakizun horietako bat gaindituta dutenek edo titulu nahiz ziurtagiri baliokideak dituztenek, euskara-proben eguna baino lehenago, dagozkien egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko egoitzetan. Hona hemen egoitzen helbideak:

– Gasteizen: Donostia kalea 1 (Lakua) PK: 01010.

– Bilbon: Errekalde zumarkalea 18. PK: 48009

– Donostian: Prim kalea 7. PK: 20007

– Oñatin: Unibertsitatea z/g. PK: 20560.

3.3.– Lehiaketa-aldia.

Lehiaketa-aldian, aztertu eta balioetsiko dira izangaiek adierazi eta egiaztatutako merezimenduak. Aldi honetan, merezimenduen baremoaren araberako puntuak emango zaizkio izangai bakoitzari.

4.– HAUTAKETA-PROZESUKO KALIFIKAZIOA.

4.1.– Oposizio-aldia

4.1.1.– Lehenengo ariketa.

Lehenengo ariketa zero (0) puntutik hamar (10) puntura bitartean kalifikatuko da, eta gutxienez bost (5) puntu lortzen ez dutenak bazter geratuko dira.

Ariketa honetako zuzeneko puntuazioa (P) lortzeko, ondoko formula hau aplikatu behar da: erantzun zuzenen kopurua (Z) ken erantzun okerren (O) herena (P= Z - O/3); horrela, atal honetan lor daitekeen gehienezko puntuazioa berrehun (200) puntukoa izango da.

Amaierako puntuazioa bost (5) izateko, ezinbestekoa izango da, formula aplikatu ondoren, gehienez ere lor daitekeen zuzeneko puntuazioaren ehuneko hirurogeita bost (%65) eskuratzea, hau da, ehun eta hogeita hamar (130) puntu eskuratzea.

Gainditutakoen kopurua txikiagoa bada deitutako plazen kopuruaren hiru halako baino, jaitsi egingo da amaierako bost (5) puntuok lortzeko behar den zuzeneko puntuazioa, harik eta gainditutakoen kopurua eta deitutako plazen kopuruaren hiru halakoa berdina izan arte. Nolanahi ere, gainditzeko behar den zuzeneko puntuazioa ezin izango da izan atal honetan lor daitekeen gehienezko puntuazioaren ehuneko berrogeita hamar (%50) baino txikiagoa, hau da, ehun (100) puntu baino txikiagoa.

Bost (5) punturen puntuazio baliokidea ezarri ondoren, gainditutako izangaiek lortu dituzten zuzeneko puntuazioak amaierako puntuazio bihurtuko dira honako proportzioaren arabera: zuzeneko puntuazioko berrehun (200) puntu amaierako puntuazioko hamar (10) puntu dira. Izangaiak zein diren jakin gabe egingo dira eragiketa horiek guztiak.

4.1.2.– Bigarren ariketa.

Bigarren ariketa zero (0) puntutik hamar (10) puntura bitartean kalifikatuko da, eta gutxienez bost (5) puntu lortzen ez dutenak bazter geratuko dira.

Ariketa hau kalifikatzeko, honakoak hartuko dira kontuan: erantzun zehatzak izatea, sintesia eta analisia egiteko gaitasuna, garatutako ideien aberastasuna eta ideiok azaltzeko argitasuna eta zuzentasuna.

4.2.– Euskara-proba

Kasuan kasuko hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen dutenek gai kalifikazioa jasoko dute, lehiatu nahi duten lanpostuak derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duenean.

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunik gabeko lanpostuetan lehiatzen direnek ondoko puntuazioa lortuko dute, baina tarteko puntuaziorik gabe. Hona puntuak:

- 1. hizkuntza-eskakizuna. 1,75 puntu

- 2. hizkuntza-eskakizuna. 2,5 puntu

4.3.– Lehiaketa-aldia

Lehiaketa-aldiko kalifikazioa lortzeko, batu egin beharko dira merezimenduetako puntu guztiak, betiere baremo honen arabera emandakoak:

4.3.1.– Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen laugarren xedapen iragankorra aplikatzen zaien langileentzako merezimenduen baremoa:

Edozein herri-administraziotan egindako zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko, 0,1 puntu, honako kasuetan: administrazio horietan bitarteko funtzionario edo aldi baterako administrazio-kontratatu gisa jardun badute, eta zerbitzuok goi-mailako teknikarien kidegoko edo kidego baliokideko estatistikariei irekitakolanpostuetan bete badituzte. Zerbitzu-aldia zenbatzeko muga, betiere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna izango da. Atal honetan, gehienez ere, bederatzi (9) puntu lor daitezke.

4.3.1.1.– Zerbitzu-aldiak zenbatzeko, batu egingo dira lan egindako aldiak, eta behin batu ondoren, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horren ondorioetarako, hilabetetzat 30 egunen multzoa joko da.

4.3.1.2.– Egindako zerbitzu-aldi bera behin baino ez da balioetsiko, hau da, ezin izango da berriro erabili beste kidego batzuetara sartzeko. Izangaiak, horrelakoetan, merezimenduak adierazi eta egiaztatzeko epearen barruan, azaldu egin beharko du zein kidegotarako erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

4.3.2.– Txanda irekiko gainerakoentzako merezimenduen baremoa.

4.3.2.1.– Herri-administrazioetan egindako zerbitzuak.

Herri-administrazioetan egindako zerbitzuak direla-eta gehienez ere lor daitekeen puntuazioa sei (6) puntukoa da, honela banatuta:

a).– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, foru-administrazioan eta toki-administrazioan egindako zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko, 0,05 puntu, honako kasuetan: zerbitzuok goi-mailako teknikarien kidegoko edo kidego baliokideko estatistikariei irekitako lanpostuetan bete badituzte. Zerbitzu-aldia zenbatzeko muga, nolanahi ere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna izango da. Atal honetan, gehienez ere, sei (6) puntu lor daitezke.

Halaber, modu berean balioetsiko dira antzeko kategorietan, lan-erregimenean, egindako zerbitzuak.

b).– Gainerako herri-administrazioetan egindako zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko, 0,03 puntu, honako kasuetan: zerbitzuok goi-mailako teknikarien kidegoko edo antzeko kidegoko estatistikariei irekitako lanpostuetan bete badituzte. Zerbitzu-aldia zenbatzeko muga, betiere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna izango da. Atal honetan, gehienez ere, sei (6) puntu lor daitezke.

Halaber, modu berean balioetsiko dira antzeko kategorietan, lan-erregimenean, egindako zerbitzuak.

4.3.2.2.– Zerbitzu-aldiak zenbatzeko, batu egingo dira lan egindako aldiak, eta behin batu ondoren, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horren ondorioetarako, hilabetetzat 30 egunen multzoa joko da.

4.3.2.3.– Egindako zerbitzu-aldi bera behin baino ez da balioetsiko, hau da, ezin izango da berriro erabili beste kidego batzuetara sartzeko. Izangaiak, horrelakoetan, merezimenduak adierazi eta egiaztatzeko epearen barruan, azaldu egin beharko du zein kidegotarako erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

4.3.2.4.– Titulazio akademikoak.

Ez da balioetsiko, merezimendu gisa, goi-mailako teknikarien kidegoko estatistikari-lanpostura sartu ahal izateko adierazitako titulazio akademikoa; bai, ordea, gainerako guztiak, baldin eta lanpostuaren eginkizunekin zuzeneko zerikusia badute. Atal honetan, gehienez ere, puntu bat (1) lor daiteke, betiere baremo honen arabera:

• Doktore-titulua: puntu bat (1), titulu bakoitzeko.

• Unibertsitateko goi-mailako bestelako titulazio ofizialak: puntu bat (1), titulu bakoitzeko.

• Unibertsitateko erdi-mailako bestelako titulazio ofizialak: 0,75 puntu, titulu bakoitzeko.

• Unibertsitate ofizialek emandako graduatu-ondoko tituluak (titulu berekiak eta masterrak): 0,75 puntu, titulu bakoitzeko.

4.3.2.5.– Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak ez diren hizkuntzak.

Gehienez ere, bi (2) puntu emango dira, betiere baremo honen arabera:

• Frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea Hizkuntza Eskola Ofizialaren 3. mailan: puntu bat (1) hizkuntza bakoitzeko.

• Frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea Hizkuntza Eskola Ofizialaren 4. mailan: puntu bat eta erdi (1,5) hizkuntza bakoitzeko.

Hizkuntzen jakite-maila zehazteko, izangaiek horretarako ezarriko den proba gainditu beharko dute. Ez da inola ere balioetsiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren 3. mailatik beherako edozein jakite-maila. Hizkuntza Eskola Ofizialak izendatutako aholkularien laguntza jaso ahal izango du epaimahaiak.

Merezimenduak egiaztatzeko epearen barruan Hizkuntza Eskola Ofizialaren ziurtagiria aurkezten duten izangaiek ez dute proba hori egin beharko.

4.3.3.– Barne-promozioko txandako merezimenduen baremoa

4.3.3.1.– Herri-administrazioan aitortutako antzinatasuna.

Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu arte herri-administrazioan emandako denboragatik (antzinatasuna), gehienez ere, sei (6) puntu eman ahal izango dira: 0,05 puntu, zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hirurtekoen ondorioetarako aitortutako antzinatasuna baino ez da zenbatuko.

Zerbitzu-aldiak zenbatzeko, batu egingo dira lan egindako aldiak, eta behin batu ondoren, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horren ondorioetarako, hilabetetzat 30 egunen multzoa joko da.

Egindako zerbitzu-aldi bera behin baino ez da balioetsiko, hau da, ezin izango da berriro erabili beste kidego batzuetara sartzeko. Izangaiak, horrelakoetan, merezimenduak adierazi eta egiaztatzeko epearen barruan, azaldu egin beharko du zein kidegotarako erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

4.3.3.2.– Titulazio akademikoak eta hizkuntzak.

Titulazio akademiko eta hizkuntzei dagokienez, txanda irekirako adierazi diren irizpide eta baremo berberak aplikatuko dira hemen ere.

5.– MEREZIMENDUAK EGIAZTATZEA

5.1.– Interesatuek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean egindako zerbitzuak adierazi beharko dituzte, baina ez egiaztatu. Izan ere, zerbitzu horiek administrazioak berak, bere kabuz, zenbatuko ditu, betiere interesatuak adierazitako datuen arabera.

5.2.– Gainerako herri-administrazioetan egindako zerbitzu-aldia, berriz, administrazioetako bakoitzak horretarako duen ereduaren bidez egiaztatu beharko dira. Ereduan honakoek agertu beharko dute: lan egindako denbora xehe-xehe jarrita, eta denbora horretan izandako kidego, eskala, azpieskala eta klase edo kategoria.

5.3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ez den beste edozein administraziotan egindako zerbitzuak adierazi eta egiaztatu nahi badira, eta zerbitzu horiek goi-mailko teknikarien kidegoko edo kidego baliokide nahiz antzeko estatistikariei irekitako lanpostuetan izan badira, egindako zerbitzuen ziurtagiria ekarri baharko da. Hor hala ere, zehatz adierazten ez bada aldi horretako egoera orduan, dagokion frogagiriaren fotokopia aurkeztu beharko da lanpostuaren irekitasuna frogatzeko.

5.4.– Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioetan eta toki-administrazioetan egindako zerbitzuak baliokidetzat joko dira, betiere uztailaren 30eko 208/1990 Dekretuak —Euskal administrazio publikoen kidego eta eskalen arteko baliokidetasuna zehazten duenak— dioen eran.

5.5.– Administrazioaren kabuz jarriko da antzinatasuna, eta, beraz, ez da egiaztatu beharko. Izangaiak, kidego batean baino gehiagotan lehiatzen badu, merezimenduak adierazten dituenean, zehaztu egin beharko du zein kidegotan erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

5.6.– Titulazioak egiaztatzeko, tituluaren fotokopia edo, bestela, titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria aurkeztu beharko da.

6.– AZKEN KALIFIKAZIOA

6.1.– Hautaketa-prozesu osoan lortutako puntuazio guztiak batuz zehaztuko da izangai bakoitzaren azken kalifikazioa.

6.2.– Oposizio-lehiaketako emaitza eta kalifikazio guztiak jendaurrean jarriko dira oinarri orokorretako 4.3. atalean zehaztutako bulegoetako iragarki-oholetan.

Halaber, oinarri orokorretako 4.1.b) atalean zehazten diren helbide elektronikoetan jarriko dira jendaurrean.

II. ERANSKINA

ESTATISTIKARIA

GAI-ZERRENDA OROKORRA

I. EUSKAL HERRIKO GEOGRAFIA ETA HISTORIA

1.– Euskal Herriko geografia fisikoa eta giza geografia: gai orokorrak.

2.– Euskal Herriko historia: gai orokorrak.

II. ESTATUAREN ANTOLAKETA POLITIKOA ETA ADMINISTRAZIOKOA

3.– Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio nagusiak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

4.– Estatuaren lurralde-antolaketa: autonomia-estatutuak. Autonomia–erkidegoak: antolaketa eta eskumenak.

5.– Euskal Autonomia Estatutua: kontzeptua eta izaera. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenak. Euskadiren ahalmenak. Ekonomia-ituna eta kupoa.

6.– Lurralde historikoak. Foru-instituzioak: batzar nagusiak eta foru-aldundiak. Instituzio orokorren eta foru-instituzioen arteko eskumen-banaketari buruzko alderdi nagusiak.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa: Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasle–kidegoak: printzipio orokorrak. Ertzaintza eta Osakidetza: printzipio orokorrak.

III. ADMINISTRAZIO-ZUZENBIDEA ETA PROZEDURA

8.– Administrazio-Zuzenbidearen iturriak. Arauen hierarkia. Legezkotasun–printzipioa administrazio publikoan.

9.– Administrazio-egintza: ekoizpena, edukia, arrazoiak eta modua. Administrazio-egintzak legezkotzat ematea. Administrazio-egintzaren eraginkortasuna. Administrazio–egintzen eskubide osoko deuseztasuna, deuseztagarritasuna eta errebokazioa. Administrazioaren isiltasuna.

10.– Administrazio-prozedura: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legea. Printzipio nagusiak. Interesdunak. Prozeduran parte ez hartzea eta errefusatzea. Herritarren eskubideak. Erregistro administratiboak. Kide anitzeko organoak. Antolaketarako printzipioak: hierarkia eta eskumenak. Eskuordetza, goragokoak eskumenak bereganatzea, eta ordezkotza.

11.– Administrazio-prozedura: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legea. Administrazio–prozeduraren aldiak. Prozeduraren hasiera, eraketa, instrukzioa eta amaiera. Administrazio–errekurtsoak.

12.– Herri-administrazioen eta administraziootako agintari eta gainerako langileen erantzukizuna.

13.– Administrazio publikoen zerbitzuko langileak: motak. Funtzionario publikoen eskubideak eta betebeharrak.

14.– Euskararen erabilera administrazio nagusian, hezkuntzan eta ertzaintzan normaltzea: printzipio nagusiak, hizkuntza-eskakizunak, hizkuntza–eskakizunen derrigortasuna, eta hizkuntza-normalkuntzarako planak.

15.– Aurrekontua: kontzeptua eta motak. Aurrekontuak egiteko eta onartzeko prozedura. Gastuen aurrekontua burutzea: aldiak. Euskadiko Autonomia Erkidegoaren sarreren aurrekontua. Sarreren sailkapena.

GAI-ZERRENDA ESPEZIFIKOA

1.– Estatistika deskribatzailea: kontzeptua. Maiztasun-banaketa. Adierazpide grafikoak. Aldagaiaren deskribapen artistikoa: posizioa, sakabanatzea, asimetria, kurtosia.

2.– Probabilitatea: kontzeptua, ezaugarriak. Zorizko aldagaia: kontzeptua eta motak. Probabilitate-banaketak: kontzeptua, banaketa-funtzioak, dentsitatea eta zenbatasunezkoa. Banaketak: Binomiala, Poisson, Normala. Ezaugarriak. Normalarekin lotura daukaten beste banaketa batzuk: # <FONT FACE="Zapf Chancery,Monotype Corsiva" SIZE=2>X2, Student-en t , Fisher-en F.

3.– Estimazioa: kontzeptu orokorra. Puntuzko estimazioa. Estimatzaileak: kontzeptua, ezaugarriak eta lortzeko metodoak. Atributu eta aldagai normaletarako estimazioak. Tartezko estimazioa: kontzeptua, konfidantza–maila, tartearen tamainaren eta konfiantza-mailaren arteko lotura. Laginaren tamaina. Tarteak lortzea: batez bestekoa eta bariantza populazio normaletan, proportziorako.

4.– Hipotesi-probak: kontzeptu orokorra. Hipotesi-motak. Hipotesi parametrikoen probak: hipotesi bakunak: onartzea-baztertzea, I eta II. motetako erroreak, erabakitzeko arauak, aplikazioak. Parametrikoak ez diren hipotesi-probak: banaketa bati egindako doiketa-kontrastea. Chi-karratuaren metodoa, Kolmogorov-Smirnov-en metodoa.

5.– Aldagaien arteko erlazioak: kontzeptuak. Kausalitatea eta kausalitaterik eza. Asoziazio eta erlazioko neurriak: kontingentzi-taulak, kontzeptua, maiztasunak, independentzia-testak. Koerlazioa: kontzeptua, kobariantza, Pearson-en koefizientea. Heinezko koerlazioa.

6.– Bariantzaren analisia: kontzeptu orokorra. Atributu bakarreko eredua: eredua, parametroen estimatzaileak, ezaugarriak, batez bestekoen berdintasun-kontrastea. Atributu biko ereduak, elkar eragindunak eta elkar eraginik gabekoak.

7.– Erregresio-eredua: oinarrizko hipotesiak. Estimazioa, eta estimatzaileen ezaugarriak. Ereduaren hipotesi-kontrastea. Bariantzaren analisia. Oinarrizko hipotesien desbideratzeak: multikolinealitatea, autokoerlazioa, heterozedastizitatea. Test parametrikoak eta ez parametrikoak.

9.– Zenbaki-indizeak: kontzeptuak, irizpideak eta ezaugarriak. Laspeyres-en eta Passhe-ren indizeak, erlazioak, alde onak eta alde txarrak. Prezio–indizeen eta kopuru-indizeen sistema integratuak. Indizeak eta oinarri-urtea aukeratzea.

10.– Denbora-serieen analisia: prozesu autoerregresiboak. Batez besteko mugikorreko prozesuak. ARMA eta ARIMA prozesuak. ARIMA eredua identifikatzea, eta aurreratzea.

11.– Analisi faktoriala eta osagai nagusiak: kontzeptua. Alde geometrikoak. Aldagai eta faktoreen arteko erlazioak. Lortzeko metodoak. Faktoreak neurtzea. Errotazioa. Emaitzak interpretatzea.

12.– Korrespondentzi analisia: kontingentzi tauleekiko erlazioak. Lerroek eta zutabeek faktoreekin dauzkaten erlazioak. Alde geometrikoak. Lorpena. Interpretazioa eta emaitzak.

13.– Sailkapen-teknikak (Clusterra): kontzeptu orokorra. Distantziak. Metodo hierarkikoak: bakuna, osoa, Ward. Hierarkikoak ez diren metodoak: hodei dinamikoak. Sailkapen-zuhaitza, partizioa eta interpretazioa.

14.– Analisi diskriminatzailea: kontzeptu orokorra. Erregresioarekiko erlazioa. Lortzeko metodoak. Interpretazioa.

15.– Probabilitate-laginketa: populazio-eremua, eta lagina. Normaltasunaren hipotesia, alborapena eta bere ondorioak.

16.– Laginketa aleatorio bakuna: kontzeptu orokorra. Estimazioak eta ezaugarriak. Biztanle-kopuru mugatua dela-eta egindako zuzenketa. Errorearen estimazioa lagin bat kontutan hartuz. Konfiantzarako limiteak. Arrazoia eta proportzioaren estimazioa. Laginaren tamainaren estimazioa.

17.– Laginketa geruzatua: kontzeptu orokorra. Estimazioak eta ezaugarriak. Proportziorik gabeko laginketa, edo esleipenik onena. Laginketa aleatorio bakunaren eta laginketa geruzatuaren arteko erlazioa. Proportzioen estimazioa. Beste alderdi batzuk: geruzak eraikitzea, geruza-kopurua, geruzak eraiki ostekoa.

18.– Konglomeratu-laginketa: tamaina bereko konglomerazioa. Tamaina ezberdinetako konglomerazioa: tamainaren proportzioko probabilitateko laginketa. Probabilitate ezberdinaz eta berrezarpenaz egindako aukeraketak. Tamainaren neurririk onena. Hiru teknika horien zehaztasun erlatiboa.

19.– Etapa anitzeko laginketa (azpilaginketa): etapa biko laginketa. Batez bestekoak eta bariantzak zehaztea. Estimatutako batez bestekoaren bariantza. Bariantzaren lagin-estimazioa, eta proportzioen estimazioa. Laginketako eta azpilaginketako zatikirik onenak. Laginketa sistematikoa: beste laginketa-metodo batzuekin daukan erlazioa.

20.– Estatistika-eragiketetako errore-iturriak: laginketako erroreak. Laginketatik kanpoko erroreak: erantzunik ez emateak inkestetan daukan eragina. Erantzun ezaren ondorioak eta motak. Aldi ezberdinen tratamendua: eremuko aldiak. Prozesuko aldiak.

21.– Mikroinformatika: PC-ko hardware eta software-ko oinarrizko gaiak. Erlaziozko datu-baseak.

22.– Internet: lotura, nabigatzaileak, bilatzaileak eta Interneteko oinarrizko zerbitzuak. Posta elektronikoa. Estatistikako informazioa, Interneten.

23.– Estatistika ekoiztu eta zabaltzeko tresnak: SAS, SPSS, BLAISE, PC-AXIS, BEYOND 2020.

24.– Estatistikari buruzko antolaketa, Europako Batasunean. Estatistikari buruzko antolaketa, Estatuan. Estatistikari buruzko antolaketa, Euskal Autonomia Erkidegoan. Estatistikari buruzko Euskal Legea, eta Estatistikari buruzko Euskal Plana.

25.– Estatistikako eragiketetarako metodologia. Helburuak zehaztea. Galdeketak diseinatzea. Laginak diseinatzea, eta unitate estatistikoko direktorioak erabiltzea. Informazioa biltzea: zuzeneko galdeketa, eta administrazioko iturriak erabiltzea. Eremuko lan-taldea: hautaketa, prestakuntza, kontrola, eta kostuak ebaluatzea. Informazioa tratatzea, eta datuak mekanizatzea, balioestea, garbitzea eta egoztea. Estatistikaren ustiaketa. Emaitzak analizatu eta zabaltzea: papera eta euskarri elektronikoak. Estatistika: informazio babestua eta isilpekoa. (Datu pertsonalen babesarako abenduaren 13ko 15/99 Lege Organikoa).

26.– Oinarrizko magnitude gehituak. Makromagnitude nagusien analisia: Estatuko produktua, kontsumoa eta inbertsioa, Estatuko gastua, Estatuko errenta, errenta erabilgarria, kontsumoa eta aurreztea.

27.– Estatuetako eta eskualdeetako kontuen Europako sistema (SEC 1995). Ezaugarri orokorrak. Unitateak. Eragiketak. Beste isuriak. Kontabilitateko kontuen eta saldoen segida.

28.– Input-Output eremua. Jatorri-helburuetako taulak. Input-output taula simetrikoak.

29.– Kontabilitate-kontzeptua. Balantzea. Ondarearen egitura eta masak. Emaitzen kontua. Kontabilitateko plan orokorra. Balioesteko eta kontabilitatea egiteko irizpideak eta arauak.

30.– Kontabilitateko egoera-orrien analisia, ekonomiaren eta finantzen ikuspegitik. Ratioak, analisi-tresna. Ekonomia, finantza eta ondarearen analisia egiteko ratio nagusiak .

31.– Euskal ekonomia, Estatuan eta nazioartean kokatuta. Barne produktu gordinaren eta bere osagaien egitura eta bilakaera. Egitura-aldaketak, eta ekonomiaren ziklo edo aldiak.

32.– Euskal industria eta zerbitzuak: azpisektore nagusienen egitura eta bilakaera. Euskal Autonomia Erkidegoaren kanpo-merkataritza.

33.– Ekonomiako kontu sateliteak: definizioa eta metodologia. Kontuen egitura. Osasuneko kontua, Hezkuntzako kontua, Babes Sozialeko kontua, Produktu Domestikoko kontua, beste batzuk.

34.– Demografia eta demografiaren analisia. Demografia, kontzeptua eta ikerketa-eremua. Demografiaren analisia. Luzetarako eta zeharretarako analisia. Fenomenoen oinarrizko indizeak: intentsitatea eta egutegia. Demografiaren analisiko osagaiak. Iraupenak, adinak eta kohorteak. Lexis-en diagrama. Stock-ak eta isuriak. Tasak, proportzioak eta ratioak.

35.– Behaketak demografian daukan balioa. Atzera behatzea, behaketa eten gabea, eta bat-bateko behaketa. Estatistikako iturriak: zentsuak eta erroldak, mugimendu naturalen eta leku-aldaketen estatistikak, demografiako inkestak. Estatistiken ezaugarriak: puntu indartsuak eta hutsak. Biztanleen erroldak: legezko oinarria, eta estatistiken ustiaketa.

36.– Demografiako gertakizunak. Gertakizun klasikoak: heriotzak, ezkontzak eta jaiotzak, ugalkortasuna. Gertakizun berriak: banaketak eta dibortzioak. Demografiako taulak eta taulen laburpen-indizeak. Taulen funtzioak: gertaerak, bizirik dirautenak eta gertatzeko probabilitateak. Demografiako gertakizunen alderdi nagusiak. Euskal Autonomia Erkidegoko egoera.

37.– Migrazioak. Migrazioa eta migratzailea: definizioak. Espazioaren eta denboraren eragina. Legearen ikuspegia: egoitza. Emigrazioa eta inmigrazioa. Migrazio-saldoak. Hurbilketa demografikoa: migrazio-taulak. Migrazioaren analisien estatistikako mugapenak: erregistro-iturriak, zentsuak eta inkestak. Euskal Autonomia Erkidegoko egoera.

38.– Demografiako egiturak. Adinaren eta sexuaren araberako egiturak: biztanle-piramideak. Zahartzea. Egoera zibila eta familiaren egitura. Heziketa-maila. Jarduera: lana eta langabezia. Sektore ekonomikoen, lanbidearen eta lanbide-egoeraren araberako jarduera. Euskal Autonomia Erkidegoko egoera.

39.– Biztanleriaren dinamika. Hazkunde-tasak. Ugalketa-tasak. Biztanleria–proiekzioak; perspektibak eta aurreikuspenak. Biztanleriaren proiekzio-metodoak: osagaien metodoa. Proiekzioen aurrean hipotesiak egiteko oinarriak: Euskal Autonomia Erkidegoko egoera.

40.– Gizartearen adierazleak. Gizartearen adierazleak egiteko izaten diren helburuak. Aplikatzeko arlo nagusiak. Adierazleak aukeratzeko irizpideak. Egiteko prozedurak. Desagregazio geografiko eta soziologikoak. Familiei egindako inkestak: bizi-baldintza edo ezaugarriak, denboraren erabilera, euskararen erabilera, eta abar. Gizartean informazioak agintzen duenean. Bidaiak sorraraztea.

41.– Errenta, bakoitzaren gastua, eta familiako gastua. Horien azterketarako estatistikako iturriak. Pobreziari eta gizarteko ezberdintasunei buruzko inkesta. Iturri fiskalen estatistikako ustiaketa. Errentaren analisian nabarmentzen diren aldagai sozio-ekonomikoak. Lan-errentak, kapitala, beste batzuk. Familiako aurrekontuak.

42.– Hezkuntza. Hezkuntza-sistema, Euskal Autonomia Erkidegoan. Hezkuntzaren finantzaketa. Hezkuntzari buruzko estatistikak eta metodologia.

43.– Osasuna. Osasun-sistema, Euskal Autonomia Erkidegoan. Osasun-arloko gastuen finantzaketa. Osasun-arloa, osasunaren gaineko ikerketarako datu-base. Osasun-arloko estatistikak, metodologia eta osasun–adierazleak.

44.– Gizarte Ongizatea. Gizarte-ekintzaren antolaketa, Estatuan; Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenak, eta bertan nola antolatzen den. Gizarte-ekintzaren eskaintza-motak, biztanle-arloen arabera, eta egitekoak. Gizarte-ekintzaren estatistiketarako metodoak (SEEPROS).

45.– Ikerketa eta garapena. I+G-ren egoera, Euskal Autonomia Erkidegoan. I+G-ren finantzaketa publikoa. I+G-ren gaineko estatistikak, metodologia. Gizartean informazioak agintzen duenean. "Frascati" eskuliburua.

46.– Lurraldeetako estatistikak. Bidaiarien eta salgaien garraioa. Ingurumenaren gaineko estatistikak. Adierazleak.


Azterketa dokumentala