Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2000eko ekainaren 24a, larunbata


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
2711

AGINDUA, 2000ko ekainaren 22koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziatu izateko hautaketa-prozesuko oinarri espezifikoak onartzen dituena. Lanpostuak goi-mailako teknikarien kidegokoak dira, eta eskuratzen dituztenak karrerako funtzionario izango dira.

Martxoaren 28ko 59/2000 Dekretuaren bidez, onartu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko 2000. urteko lanpostu-eskaintza publikoa, eta han zehazten ziren zein eta zenbat plaza bete beharko diren ekitaldi horretan dagozkien hautaketa-prozesuen bidez.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak 2000ko ekainaren 22an emandako Aginduaren bidez, onartu egin dira aipatutako lanpostu-eskaintza publikoaren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean karrerako funtzionario izateko deituko diren hautaketa-prozesuetako oinarri orokorrak.

Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da kidego bakoitzeko plazen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea, bertan zehazten baitira deaialdi bakoitzaren ezaugarri berekiak.

Aurreko guztiaren ondorioz,

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Oinarri hauei dagozkien hautaprobetarako deia egitea.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziatu izateko hautaketa-prozesuko oinarri espezifikoak (I. eranskina) onartzea; lanpostuak goi-mailako teknikarien kidegokoak dira, eta eskuratzen dituztenak karrerako funtzionario izango dira. Aipatutako hautaketa-prozesua 2000. urteko lanpostu-eskaintza publikoaren ondorio da.

Hirugarrena.– Agindu honen II. eranskinean azaltzen den gai-zerrenda onartzea.

Laugarrena.– Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehenago, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ogasun eta Herri Administrazio sailburuari. Errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala ezartzen baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legeak —Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak— 116. artikuluan eta ondokoetan. Errekurtso horri ez bazaio ebazpen adierazirik ematen, errekurtsoa ezetsi dela joko da.

Halaber, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Herriko Auzitegi Nagusian. Errekurtsoa jartzeko epea bi hilekoa izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteizen, bi milako ekainaren hogeita bian.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN

OINARRI ESPEZIFIKOAK

KIDEGOA: EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO GOI-MAILAKO TEKNIKARIEN KIDEGOA

PLAZAK: EKONOMIA ETA ENPRESA

ZIENTZIETAKO LIZENTZIATUA

1.– DEITUTAKO PLAZAK.

Honen bidez, goi-mailako teknikarien kidegoko Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziatu izateko 26 plazatarako deia egiten da. Plaza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrekoak dira, A taldekoak, honela banatuta:

– Txanda irekiko plazak: 24

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunarekin (3 H.E.):: 6

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunarekin (4. H.E.): 1

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunik gabe: 17

– Barne-promozioko txandako plazak: 2

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunik gabe: 2

2.– DEIALDI HONETAN PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

Oinarri orokorretako 3. atalean ezarritako baldintzez gain, beharrezkoa da titulazio hau: Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziatua edo titulazio baliokidea.

Barne-promozioko txandan parte hartzen duten izangaiek B taldeko edozein kidegotakoak izan beharko dute.

3.– HAUTAKETA-PROZEDURA.

3.1.– Oposizio-aldia.

Oposizio-aldian bi ariketa egin beharko dira, biak derrigorrezkoak eta baztertze-indarrekoak.

3.1.1.– Lehenengo ariketa.

Aukera anitzeko 200 galderari erantzun beharko zaio. Epaimahaiak ezarriko du erantzuteko gehienezko denbora, baina ez da inola ere izango lau ordutik gorakoa. Azterketako galderak oinarri espezifiko hauetako II. eranskineko gaiei buruzkoak izango dira, eta Administrazioak interesatuen esku jarriko duen item-multzo batetik aterako dira. Galderen multzo osoa interesatuei bidaliko zaie, betiere onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu baino lehenago.

Onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, interesaturen batek galderen multzoa jaso ez badu, hamar (10) egun balioduneko epea izango du erreklamatzeko. Galderak bidali ahal izateko, interesatuak, ezinbestez, onartuta egon behar du prozesuan.

Halaber, oinarri orokorretako 4.1.b) atalean zehazten diren helbide elektronikoetan (Internet) eskuratu ahal izango dira galderak.

3.1.2.– Bigarren ariketa.

Epaimahaiak zenbait kasu praktiko planteatuko ditu gai-zerrendari buruz, eta azterketariak, horietatik, bat edo batzuk egin beharko ditu. Epaimahaiak ezarriko du ariketa egiteko gehienezko denbora.

Epaimahaiak, ariketaren izaera eta edukia kontuan hartuta, zehaztu egingo du zein kode edo material tekniko erabil ditzaketen izangaiek ariketa hau egiteko.

3.2.– Euskara-proba

Proba honetan, euskararen jakite-maila neurtuko da, eta, horretarako, 1., 2., 3. eta 4. hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egin beharko dira.

Hizkuntza-eskakizun horietako bat gaindituta dutenek edo titulu nahiz ziurtagiri baliokideak dituztenek, euskara-proben eguna baino lehenago, dagozkien egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko egoitzetan. Hona hemen egoitzen helbideak:

– Gasteizen: Donostia kalea 1 (Lakua) PK: 01010.

– Bilbon: Errekalde zumarkalea 18. PK: 48009

– Donostian: Prim kalea 7. PK: 20007

– Oñatin: Unibertsitatea z/g. PK: 20560.

3.3.– Lehiaketa-aldia.

Lehiaketa-aldian, aztertu eta balioetsiko dira izangaiek adierazi eta egiaztatutako merezimenduak. Aldi honetan, merezimenduen baremoaren araberako puntuak emango zaizkio izangai bakoitzari.

4.– HAUTAKETA-PROZESUKO KALIFIKAZIOA.

4.1.– Oposizio-aldia

4.1.1.– Lehenengo ariketa.

Lehenengo ariketa zero (0) puntutik hamar (10) puntura bitartean kalifikatuko da, eta gutxienez bost (5) puntu lortzen ez dutenak bazter geratuko dira.

Ariketa honetako zuzeneko puntuazioa (P) lortzeko, ondoko formula hau aplikatu behar da: erantzun zuzenen kopurua (Z) ken erantzun okerren (O) herena (P= Z - O/3); horrela, atal honetan lor daitekeen gehienezko puntuazioa berrehun (200) puntukoa izango da.

Amaierako puntuazioa bost (5) izateko, ezinbestekoa izango da, formula aplikatu ondoren, gehienez ere lor daitekeen zuzeneko puntuazioaren ehuneko hirurogeita bost (%65) eskuratzea, hau da, ehun eta hogeita hamar (130) puntu eskuratzea.

Gainditutakoen kopurua txikiagoa bada deitutako plazen kopuruaren hiru halako baino, jaitsi egingo da amaierako bost (5) puntuok lortzeko behar den zuzeneko puntuazioa, harik eta gainditutakoen kopurua eta deitutako plazen kopuruaren hiru halakoa berdina izan arte. Nolanahi ere, gainditzeko behar den zuzeneko puntuazioa ezin izango da izan atal honetan lor daitekeen gehienezko puntuazioaren ehuneko berrogeita hamar (%50) baino txikiagoa, hau da, ehun (100) puntu baino txikiagoa.

Bost (5) punturen puntuazio baliokidea ezarri ondoren, gainditutako izangaiek lortu dituzten zuzeneko puntuazioak amaierako puntuazio bihurtuko dira honako proportzioaren arabera: zuzeneko puntuazioko berrehun (200) puntu amaierako puntuazioko hamar (10) puntu dira. Izangaiak zein diren jakin gabe egingo dira eragiketa horiek guztiak.

4.1.2.– Bigarren ariketa.

Bigarren ariketa zero (0) puntutik hamar (10) puntura bitartean kalifikatuko da, eta gutxienez bost (5) puntu lortzen ez dutenak bazter geratuko dira.

Ariketa hau kalifikatzeko, honakoak hartuko dira kontuan: erantzun zehatzak izatea, sintesia eta analisia egiteko gaitasuna, garatutako ideien aberastasuna eta ideiok azaltzeko argitasuna eta zuzentasuna.

4.2.– Euskara-proba

Kasuan kasuko hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen dutenek gai kalifikazioa jasoko dute, lehiatu nahi duten lanpostuak derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duenean.

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunik gabeko lanpostuetan lehiatzen direnek ondoko puntuazioa lortuko dute, baina tarteko puntuaziorik gabe. Hona puntuak:

– 1. hizkuntza-eskakizuna. 1,75 puntu

– 2. hizkuntza-eskakizuna. 2,5 puntu

– 3. hizkuntza-eskakizuna. 3,75 puntu

– 4. hizkuntza-eskakizuna. 5 puntu

4.3.– Lehiaketa-aldia

Lehiaketa-aldiko kalifikazioa lortzeko, batu egin beharko dira merezimenduetako puntu guztiak, betiere baremo honen arabera emandakoak:

4.3.1.– Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen laugarren xedapen iragankorra aplikatzen zaien langileentzako merezimenduen baremoa:

Edozein herri-administraziotan egindako zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko, 0,1 puntu, honako kasuetan: administrazio horietan bitarteko funtzionario edo aldi baterako administrazio-kontratatu gisa jardun badute, eta zerbitzuok goi-mailako teknikarien kidegoko edo kidego baliokideko Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziatuen irekitako lanpostuetan bete badituzte. Zerbitzu-aldia zenbatzeko muga, betiere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna izango da. Atal honetan, gehienez ere, bederatzi (9) puntu lor daitezke

4.3.1.1.– Zerbitzu-aldiak zenbatzeko, batu egingo dira lan egindako aldiak, eta behin batu ondoren, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horren ondorioetarako, hilabetetzat 30 egunen multzoa joko da.

4.3.1.2.– Egindako zerbitzu-aldi bera behin baino ez da balioetsiko, hau da, ezin izango da berriro erabili beste kidego batzuetara sartzeko. Izangaiak, horrelakoetan, merezimenduak adierazi eta egiaztatzeko epearen barruan, azaldu egin beharko du zein kidegotarako erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

4.3.2.– Txanda irekiko gainerakoentzako merezimenduen baremoa.

4.3.2.1.– Herri-administrazioetan egindako zerbitzuak.

Herri-administrazioetan egindako zerbitzuak direla-eta gehienez ere lor daitekeen puntuazioa sei (6) puntukoa da, honela banatuta:

a).– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, foru-administrazioan eta toki-administrazioan egindako zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko, 0,05 puntu, honako kasuetan: zerbitzuok goi-mailako teknikarien kidegoko edo kidego baliokideko Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziatuen irekitako lanpostuetan bete badituzte. Zerbitzu-aldia zenbatzeko muga, nolanahi ere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna izango da. Atal honetan, gehienez ere, sei (6) puntu lor daitezke.

Halaber, modu berean balioetsiko dira antzeko kategorietan, lan-erregimenean, egindako zerbitzuak.

b).– Gainerako herri-administrazioetan egindako zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko, 0,03 puntu, honako kasuetan: zerbitzuok goi-mailako teknikarien kidegoko edo antzeko kidegoko Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziatuen irekitako lanpostuetan bete badituzte. Zerbitzu-aldia zenbatzeko muga, betiere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna izango da. Atal honetan, gehienez ere, sei (6) puntu lor daitezke.

Halaber, modu berean balioetsiko dira antzeko kategorietan, lan-erregimenean, egindako zerbitzuak.

4.3.2.2.– Zerbitzu-aldiak zenbatzeko, batu egingo dira lan egindako aldiak, eta behin batu ondoren, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horren ondorioetarako, hilabetetzat 30 egunen multzoa joko da.

4.3.2.3.– Egindako zerbitzu-aldi bera behin baino ez da balioetsiko, hau da, ezin izango da berriro erabili beste kidego batzuetara sartzeko. Izangaiak, horrelakoetan, merezimenduak adierazi eta egiaztatzeko epearen barruan, azaldu egin beharko du zein kidegotarako erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

4.3.2.4.– Titulazio akademikoak.

Ez da balioetsiko, merezimendu gisa, goi-mailako teknikarien kidegoko Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziatuaren lanpostura sartu ahal izateko adierazitako titulazio akademikoa; bai, ordea, gainerako guztiak, baldin eta lanpostuaren eginkizunekin zuzeneko zerikusia badute. Atal honetan, gehienez ere, puntu bat (1) lor daiteke, betiere baremo honen arabera:

• Doktore-titulua: puntu bat (1), titulu bakoitzeko.

• Unibertsitateko goi-mailako bestelako titulazio ofizialak: puntu bat (1), titulu bakoitzeko.

• Unibertsitateko erdi-mailako bestelako titulazio ofizialak: 0,75 puntu, titulu bakoitzeko.

• Unibertsitate ofizialek emandako graduatu-ondoko tituluak (titulu berekiak eta masterrak): 0,75 puntu, titulu bakoitzeko.

4.3.2.5.– Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak ez diren hizkuntzak.

Gehienez ere, bi (2) puntu emango dira, betiere baremo honen arabera:

• Frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea Hizkuntza Eskola Ofizialaren 3. mailan: puntu bat (1) hizkuntza bakoitzeko.

• Frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea Hizkuntza Eskola Ofizialaren 4. mailan: puntu bat eta erdi (1,5) hizkuntza bakoitzeko.

Hizkuntzen jakite-maila zehazteko, izangaiek horretarako ezarriko den proba gainditu beharko dute. Ez da inola ere balioetsiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren 3. mailatik beherako edozein jakite-maila. Hizkuntza Eskola Ofizialak izendatutako aholkularien laguntza jaso ahal izango du epaimahaiak.

Merezimenduak egiaztatzeko epearen barruan Hizkuntza Eskola Ofizialaren ziurtagiria aurkezten duten izangaiek ez dute proba hori egin beharko.

4.3.3.– Barne-promozioko txandako merezimenduen baremoa

4.3.3.1.– Herri-administrazioan aitortutako antzinatasuna.

Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu arte herri-administrazioan emandako denboragatik (antzinatasuna), gehienez ere, sei (6) puntu eman ahal izango dira: 0,05 puntu, zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hirurtekoen ondorioetarako aitortutako antzinatasuna baino ez da zenbatuko.

Zerbitzu-aldiak zenbatzeko, batu egingo dira lan egindako aldiak, eta behin batu ondoren, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horren ondorioetarako, hilabetetzat 30 egunen multzoa joko da.

Egindako zerbitzu-aldi bera behin baino ez da balioetsiko, hau da, ezin izango da berriro erabili beste kidego batzuetara sartzeko. Izangaiak, horrelakoetan, merezimenduak adierazi eta egiaztatzeko epearen barruan, azaldu egin beharko du zein kidegotarako erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

4.3.3.2.– Titulazio akademikoak eta hizkuntzak.

Titulazio akademiko eta hizkuntzei dagokienez, txanda irekirako adierazi diren irizpide eta baremo berberak aplikatuko dira hemen ere.

5.– MEREZIMENDUAK EGIAZTATZEA

5.1.– Interesatuek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean egindako zerbitzuak adierazi beharko dituzte, baina ez egiaztatu. Izan ere, zerbitzu horiek administrazioak berak, bere kabuz, zenbatuko ditu, betiere interesatuak adierazitako datuen arabera.

5.2.– Gainerako herri-administrazioetan egindako zerbitzu-aldia, berriz, administrazioetako bakoitzak horretarako duen ereduaren bidez egiaztatu beharko dira. Ereduan honakoek agertu beharko dute: lan egindako denbora xehe-xehe jarrita, eta denbora horretan izandako kidego, eskala, azpieskala eta klase edo kategoria.

5.3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ez den beste edozein administraziotan egindako zerbitzuak adierazi eta egiaztatu nahi badira, eta zerbitzu horiek goi-mailako teknikarien kidegoko edo kidego baliokide nahiz antzeko Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziatuei irekitako lanpostuetan izan badira, egindako zerbitzuen ziurtagiria ekarri beharko da. Hor, hala ere, zehatz adierazten ez bada aldi horretako egoera, orduan, dagokion frogagiriaren fotokopia aurkeztu beharko da lanpostuaren irekitasuna frogatzeko.

5.4.– Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioetan eta toki-administrazioetan egindako zerbitzuak baliokidetzat joko dira, betiere uztailaren 30eko 208/1990 Dekretuak —Euskal administrazio publikoen kidego eta eskalen arteko baliokidetasuna zehazten duenak— dioen eran.

5.5.– Administrazioaren kabuz jarriko da antzinatasuna, eta, beraz, ez da egiaztatu beharko. Izangaiak, kidego batean baino gehiagotan lehiatzen badu, merezimenduak adierazten dituenean, zehaztu egin beharko du zein kidegotan erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

5.6.– Titulazioak egiaztatzeko, tituluaren fotokopia edo, bestela, titulua hartzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria aurkeztu beharko da.

6.– AZKEN KALIFIKAZIOA

6.1.– Hautaketa-prozesu osoan lortutako puntuazio guztiak batuz zehaztuko da izangai bakoitzaren azken kalifikazioa.

6.2.– Oposizio-lehiaketako emaitza eta kalifikazio guztiak jendaurrean jarriko dira oinarri orokorretako 4.3. atalean zehaztutako bulegoetako iragarki-oholetan.

Halaber, oinarri orokorretako 4.1.b) atalean zehazten diren helbide elektronikoetan jarriko dira jendaurrean.

II. ERANSKINA

EKONOMIA ETA ENPRESA ZIENTZIETAKO

LIZENTZIATUA

GAI-ZERRENDA OROKORRA

I. EUSKAL HERRIKO GEOGRAFIA ETA HISTORIA

1.– Euskal Herriko geografia fisikoa eta giza geografia: gai orokorrak.

2.– Euskal Herriko historia: gai orokorrak.

II. ESTATUAREN ANTOLAKETA POLITIKOA ETA ADMINISTRAZIOKOA

3.– Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio nagusiak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

4.– Estatuaren lurralde-antolaketa: autonomia-estatutuak. Autonomia–erkidegoak: antolaketa eta eskumenak.

5.– Euskal Autonomia Estatutua: kontzeptua eta izaera. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenak. Euskadiren ahalmenak. Ekonomia-ituna eta kupoa.

6.– Lurralde historikoak. Foru-instituzioak: batzar nagusiak eta foru-aldundiak. Instituzio orokorren eta foru-instituzioen arteko eskumen-banaketari buruzko alderdi nagusiak.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa: Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasle–kidegoak: printzipio orokorrak. Ertzaintza eta Osakidetza: printzipio orokorrak.

III. ADMINISTRAZIO-ZUZENBIDEA ETA PROZEDURA

8.– Administrazio-Zuzenbidearen iturriak. Arauen hierarkia. Legezkotasun–printzipioa administrazio publikoan.

9.– Administrazio-egintza: ekoizpena, edukia, arrazoiak eta modua. Administrazio-egintzak legezkotzat ematea. Administrazio-egintzaren eraginkortasuna. Administrazio–egintzen eskubide osoko deuseztasuna, deuseztagarritasuna eta errebokazioa. Administrazioaren isiltasuna.

10.– Administrazio-prozedura: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legea. Printzipio nagusiak. Interesdunak. Prozeduran parte ez hartzea eta errefusatzea. Herritarren eskubideak. Erregistro administratiboak. Kide anitzeko organoak. Antolaketarako printzipioak: hierarkia eta eskumenak. Eskuordetza, goragokoak eskumenak bereganatzea, eta ordezkotza.

11.– Administrazio-prozedura: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legea. Administrazio–prozeduraren aldiak. Prozeduraren hasiera, eraketa, instrukzioa eta amaiera. Administrazio–errekurtsoak.

12.– Herri-administrazioen eta administraziootako agintari eta gainerako langileen erantzukizuna.

13.– Administrazio publikoen zerbitzuko langileak: motak. Funtzionario publikoen eskubideak eta betebeharrak.

14.– Euskararen erabilera administrazio nagusian, hezkuntzan eta ertzaintzan normaltzea: printzipio nagusiak, hizkuntza-eskakizunak, hizkuntza–eskakizunen derrigortasuna, eta hizkuntza-normalkuntzarako planak.

15.– Aurrekontua: kontzeptua eta motak. Aurrekontuak egiteko eta onartzeko prozedura. Gastuen aurrekontua burutzea: aldiak. Euskadiko Autonomia Erkidegoaren sarreren aurrekontua. Sarreren sailkapena.

GAI-ZERRENDA ESPEZIFIKOA

A) ZATI OROKORRA

I. INGURUKO EKONOMIA AZTERTZEA, OROKORREAN HARTURIK

1.– Europako Batasuna. Bilakaera. Erakundeak. Araubide juridikoa.

2.– Europako Erkidegoak eskualdeetarako dituen politikak. Azken aldi honetako joerak. Esparru moduko programak: nola egiten diren eta nola diseinatzen diren.

3.– Ekonomia- eta diru-batasuna. Badator euroa (46/1998 Legea): a) Legearen xedea; b) estatuko diru-sistema aldatzea; c) aldi baterako epea; d) aldi baterako epearen amaiera; e) euroari erabat sartzen laguntzeko neurriak.

4.– Zerga-sistema. Zerga nagusiak. Zuzeneko zergak. Zeharkako zergak. Europako Batasuneko zerga-sistemak harmonizatzea.

5.– Finantza-sistemak. Banku-antolamendua: gaur egun zertan den.

II. ZUZENBIDEA

6.– Merkataritza-sozietateak edo baltzuak. Kontzeptua; zein motatakoak diren. Sozietate Anonimoen Legea.

7.– Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legea (13/1995). Non aplika daitekeen eta kontratuen baldintzak. Esleitzeko prozedurak eta moduak. Kontratu-motak: obra-kontratua, horniketa-kontratua, zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratua, aholkuak eta laguntza emateko kontratuak eta zerbitzu-kontratuak.

III. ARLO PUBLIKOAREN JARDUERA EKONOMIAREN ETA FINANTZEN ARLOAN

8.– Euskadiko herri-administrazioak zein eredu darabilen erakundeak antolatzeko. Erakunde arteko finantza-harremanak. Kupoa. Ekarpenak. Udalen finantziazioa.

9.– Autonomia Estatutua, Ekonomia Ituna eta Lurralde Historikoen Legea. Ekonomiako eskumenak eta lege horietako finantza-arauak.

10.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusia (I): Agintzen duten arauak; Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea. (testu baterabildu hori —hala baita— azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen). Hatsapen orokorrak eta aginpideen erregimena. Erakundeen antolamendua. Eskubideak eta betebeharrak. Eskubideen babesa.

11.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusia (II): Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioaren laguntza- eta dirulaguntza-erregimena. Xedea eta hatsapenak. Onuradunen betebeharrak. Agintzen duten arauak eta laguntza-dirulaguntza horiek nola eman behar diren. Dirulaguntzak itzuli egin behar direnean. Dirulaguntzen inguruko arau-hausteak eta zigorrak.

12.– Euskadiko aurrekontu orokorrak: agintzen duten arauak. Irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretua (dekretu horren bidez onartu zen Euskadiko aurrekontu-erregimenari buruz indarrean diren legezko xedapenen testu baterabildua). Edukia eta egitura. Nola egiten diren aurrekontu horiek. Aldaketak egiteko sistemak.

13.– Gastu-aurrekontuaren exekuzioa: faseak. Ordainketa agintzea. Aurrekontu orokorren kitapena: agiriak, elaborazioa, eta nola onartu.

14.– Euskal Autonomia Erkidegoko finantzak: Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko Legea (8/1996). Euskadiko Diruzaintza Nagusia: edukia, helburuak eta hatsapenak. Diruzaintzako gerakinak. Euskal Autonomia Erkidegoak zorpetzeko duen erregimena. Bermeak emateko erregimena: ematea eta exekuzioa.

15.– Euskal administrazioaren ekonomia-jardueraren kontrola: agintzen duten arauak; 14/1994 Legea, ekainaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiako Kontrolari eta Kontabilitateari buruzkoa. Xedea eta hatsapen orokorrak. Kontabilitatea eta kontabilitateko kontrola. Kontuhartze-kontrola; zertarako den. Kontuhartze-kontrol motak: finantzen eta kudeaketaren ekonomia-kontrola, ekonomia-kontrol fiskala, arauen ekonomia-kontrola, kontrol ekonomiko eta administratiboa. Herri Kontuen Euskal Epaitegia (1/1988 Legea).

B) ZATI BEREZIA. ENPRESA-ARLOA

I. KONTABILITATEA ETA BALANTZEEN AZTERKETA

1.– Kontabilitatea (kontzeptua). Balantzea. Egitura eta ondare-multzoak. Emaitzen kontua. Egitura, eta kontu hori osatzeko arauak.

2.– Kontabilitateko plangintza. Kontabilitateko plan orokorra. Balioestea eta kontabilizazioa egiteko irizpideak eta arauak.

3.– Balantzea ondarearen aldetik aztertzea: cash-flow. Gutxi barrurako eta epe ertain baterako prebisioa. Jatorrizko egoerak eta funtsak aplikatzea. Amortizazio-funtsak.

4.– Finantzen azterketa. Finantza-egituraren oreka. Finantziazio-kostua eta kapital-kostua. Garapen aldia. Maniobra-funtsa. Ratioak azterketa-tresna modura harturik. Egiturako eta kudeaketako ratio nagusiak.

II. KUDEAKETA

5.– Enpresen kudeaketa. Finantza-plana eta inbertsio-programa. Diruzaintzako planak eta finantza-plangintza.

6.– Inbertsioak aukeratzea. VAN, TIR, PAY BACK irizpideak eta abar.

7.– Inbertsioak zaharkiturik geratzen direnean. Inbertsio-egitasmoetako arriskua kalkulatzea. Inbertsioak programatzea.

8.– Kostuen kontabilitatea: definizioa eta zein helburu dituen. Kostuen sailkapena. Finantzen kontabilitatearen eta kostuen kontabilitatearen arteko koordinazioa. Kostuen prozesu-bidezko kontabilitatea eta kostuen fabrikazio-hurrenkerako kontabilitatea. "Standard" delakoak.

9.– Jarduera ekonomikoaren baliabide materialak. Hornigaiak inguratzea eta stock-ak kudeatzea.

10.– Finantza-funtzioa. Finantziazio propioa eta kanpoko finantziazioa. Autofinantziazioa.

11.– Baliabideak lortzea. Finantza-operazioak: kreditua, leasing, arriskuko kapitala eta abar. Finantzetako palanka-efektu delakoa. Kapitaleko operazioak.

12.– Merkatuak aztertzea eta ikertzea. Eskaria: eskari hori nola aurrikusi, eta faktore erabakiorrak. Publizitatea.

13.– Merkataritzako politikak eta estrategiak: produktua.

14.– Merkataritzako politikak eta estrategiak: salneurria.

15.– Auditoria: a) kontzeptua; b) auditoria-motak; c) teknikak; d) txostenak.

C) BERARIAZKO ZATIA. ADAR OROKORRA

I. TEORIA MAKROEKONOMIKOA

1.– Oinarrizko magnitude agregatuak. Nazioko produktua. Kontsumoa eta inbertsioa. Nazioko gastua. Nazioko produktu gordina eta nazioko produktu garbia. Nazioko errenta. Errenta erabilgarria. Kontsumoa eta aurrezkia.

2.– Errenta-maila eta errenta-mailaren gorabeherak zehaztea. Inbertsio-eskaria. Enplegua, soldatak eta salneurriak. Bono-merkatuak eta diru-merkatuak.

3.– Ondasun-merkatuaren oreka. Ondasun-merkatuen eta finantza-merkatuen oreka. Ekonomiaren eskari globala. Ekonomiaren eskaintza globala.

4.– Ekonomia itxi batean errenta zehazteko eredu osoa. Keynes eta klasikoak.

5.– Nazioarteko harreman ekonomikoak.

6.– Ekonomia ireki batean errenta zehazteko eredua.

7.– Jarduera ekonomikoaren gorabeherak

II. TEORIA MONETARIOA

8.– Dirua eta eredu makroekonomikoak: diruaren teoria kuantitatiboa. Keynes eta IS/LM eredua.

9.– Diru-eskariaren teoria: Keynesen teoria (diru-eskaria dela-eta). Diruaren teoria kuantitatiboa: Friedmanen erreformulazioa.

10.– Eskaintza monetarioa: Banku Zentrala eta oinarri monetarioa. Finantza-bitartekarien zeregina. Diru-bidertzailearen teoria.

11.– Politika monetarioaren instrumentalizazioa.

12.– Metodo kuantitatiboak: denbora-segidak eta aurrikuspenak egiteko metodoak. Eredu ekonomikoak.

III. EUSKADIKO EKONOMIA

13.– Euskal ekonomia Estatuan eta Ekonomia eta Diru Batasunean. Euskadiko barne-produktu gordinaren egitura eta bilakaera.

14.– Euskal industria: egitura eta bilakaera 1993ko krisitik hona. Euskal Autonomia Erkidegoa eta industria-politika.

15.– Euskal Autonomia Erkidegoaren kanpoko merkataritza: non erosten dugun eta nora saltzen dugun, herrialde eta inguru nagusiak. Euskadiko arlo publikoko produktu-sail nagusiak.

16.– Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatua. Azken hamarkadako bilakaera. Egitura.


Azterketa dokumentala