Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2000eko ekainaren 24a, larunbata


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
2708

AGINDUA, 2000ko ekainaren 22koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Hizkuntza Normalkuntzako teknikari izateko hautaketa-prozesuko oinarri espezifikoak onartzen dituena. Lanpostuak goi-mailako teknikarien kidegokoak dira, eta eskuratzen dituztenak karrerako funtzionario izango dira.

Martxoaren 28ko 59/2000 Dekretuaren bidez, onartu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko 2000. urteko lanpostu-eskaintza publikoa, eta han zehazten ziren zein eta zenbat plaza bete beharko diren ekitaldi horretan dagozkien hautaketa-prozesuen bidez.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak 2000ko ekainaren 22an emandako Aginduaren bidez, onartu egin dira aipatutako lanpostu-eskaintza publikoaren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean karrerako funtzionario izateko deituko diren hautaketa-prozesuetako oinarri orokorrak.

Hautaketa-prozesu bakoitza gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da kidego bakoitzeko plazen deialdia arautuko duten oinarri espezifikoak argitaratzea, bertan zehazten baitira deialdi bakoitzaren ezaugarri berekiak.

Aurreko guztiaren ondorioz,

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Oinarri hauei dagozkien hautaprobetarako deia egitea.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Hizkuntza Normalkuntzako teknikari izateko hautaketa-prozesuko oinarri espezifikoak (I. eranskina) onartzea; lanpostuak goi-mailako teknikarien kidegokoak dira, eta eskuratzen dituztenak karrerako funtzionario izango dira. Aipatutako hautaketa-prozesua 2000. urteko lanpostu-eskaintza publikoaren ondorio da.

Hirugarrena.– Agindu honen II. eranskinean azaltzen den gai-zerrenda onartzea.

Laugarrena.– Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehenago, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ogasun eta Herri Administrazio sailburuari. Errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala ezartzen baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legeak —Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak— 116. artikuluan eta hurrengoetan. Errekurtso horri ez bazaio ebazpen adierazirik ematen, errekurtsoa ezetsi dela joko da.

Halaber, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Herriko Auzitegi Nagusian. Errekurtsoa jartzeko epea bi hilekoa izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteizen, bi milako ekainaren hogeita bian.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN

I. ERANSKINA

OINARRI ESPEZIFIKOAK

KIDEGOA: EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO GOI-MAILAKO TEKNIKARIEN KIDEGOA

PLAZAK: HIZKUNTZA NORMALKUNTZAKO

TEKNIKARIA

1.– DEITUTAKO PLAZAK.

Honen bidez, goi-mailako teknikarien kidegoko Hizkuntza Normalkuntzako teknikari izateko 16 plazatarako deia egiten da. Plaza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrekoak dira, A taldekoak, honela banatuta:

– Txanda irekiko plazak: 14

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunarekin (4. H.E.): 14

– Barne-promozioko txandako plazak: 2

Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunarekin (4. H.E.): 2

2.– DEIALDI HONETAN PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

Oinarri orokorretako 3. atalean ezarritako baldintzez gain, beharrezkoa da titulazio hau: doktorea, lizentziatua, ingeniaria, arkitektoa edo baliokidea.

Barne-promozioko txandan parte hartzen duten izangaiek B taldeko edozein kidegotakoak izan beharko dute.

3.– HAUTAKETA-PROZEDURA.

3.1.– Oposizio-aldia.

Oposizio-aldian bi ariketa egin beharko dira, biak derrigorrezkoak eta baztertze-indarrekoak.

3.1.1.– Lehenengo ariketa.

Aukera anitzeko 200 galderari erantzun beharko zaio. Epaimahaiak ezarriko du erantzuteko gehienezko denbora, baina ez da inola ere izango lau ordutik gorakoa. Azterketako galderak oinarri espezifiko hauetako II. eranskineko gaiei buruzkoak izango dira, eta Administrazioak interesatuen esku jarriko duen item-multzo batetik aterako dira. Galderen multzo osoa interesatuei bidaliko zaie, betiere onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu baino lehenago.

Onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, interesaturen batek galderen multzoa jaso ez badu, hamar (10) egun balioduneko epea izango du erreklamatzeko. Galderak bidali ahal izateko, interesatuak, ezinbestez, onartuta egon behar du prozesuan.

Halaber, oinarri orokorretako 4.1.b) atalean zehazten diren helbide elektronikoetan (Internet) eskuratu ahal izango dira galderak.

3.1.2.– Bigarren ariketa.

Epaimahaiak zenbait kasu praktiko planteatuko ditu gai-zerrendaren zati espezifikoari buruz, eta azterketariak, horietatik, bat edo batzuk egin beharko ditu. Epaimahaiak ezarriko du ariketa egiteko gehienezko denbora.

Epaimahaiak, ariketaren izaera eta edukia kontuan hartuta, zehaztu egingo du zein kode edo material tekniko erabil ditzaketen izangaiek ariketa hau egiteko.

3.2.– Euskara-proba

Teknikari gaituaren hizkuntza-eskakizunaren ezaguera espezifikoak —lanpostu bakoitzari dagozkionak— egiaztatutzat joko dira prozesua osatzen duten probak gainditzen badira, eta ez da bestelako probarik egin beharko horretarako.

3.3.– Lehiaketa-aldia.

Lehiaketa-aldian, aztertu eta balioetsiko dira izangaiek adierazi eta egiaztatutako merezimenduak. Aldi honetan, merezimenduen baremoaren araberako puntuak emango zaizkio izangai bakoitzari.

4.– HAUTAKETA-PROZESUKO KALIFIKAZIOA.

4.1.– Oposizio-aldia

4.1.1.– Lehenengo ariketa.

Lehenengo ariketa zero (0) puntutik hamar (10) puntura bitartean kalifikatuko da, eta gutxienez bost (5) puntu lortzen ez dutenak bazter geratuko dira.

Ariketa honetako zuzeneko puntuazioa (P) lortzeko, ondoko formula hau aplikatu behar da: erantzun zuzenen kopurua (Z) ken erantzun okerren (O) herena (P= Z - O/3); horrela, atal honetan lor daitekeen gehienezko puntuazioa berrehun (200) puntukoa izango da.

Amaierako puntuazioa bost (5) izateko, ezinbestekoa izango da, formula aplikatu ondoren, gehienez ere lor daitekeen zuzeneko puntuazioaren ehuneko hirurogeita bost (%65) eskuratzea, hau da, ehun eta hogeita hamar (130) puntu eskuratzea.

Gainditutakoen kopurua txikiagoa bada deitutako plazen kopuruaren hiru halako baino, jaitsi egingo da amaierako bost (5) puntuok lortzeko behar den zuzeneko puntuazioa, harik eta gainditutakoen kopurua eta deitutako plazen kopuruaren hiru halakoa berdina izan arte. Nolanahi ere, gainditzeko behar den zuzeneko puntuazioa ezin izango da izan atal honetan lor daitekeen gehienezko puntuazioaren ehuneko berrogeita hamar (%50) baino txikiagoa, hau da, ehun (100) puntu baino txikiagoa.

Bost (5) punturen puntuazio baliokidea ezarri ondoren, gainditutako izangaiek lortu dituzten zuzeneko puntuazioak amaierako puntuazio bihurtuko dira honako proportzioaren arabera: zuzeneko puntuazioko berrehun (200) puntu amaierako puntuazioko hamar (10) puntu dira. Izangaiak zein diren jakin gabe egingo dira eragiketa horiek guztiak.

4.1.2.– Bigarren ariketa.

Bigarren ariketa zero (0) puntutik hamar (10) puntura bitartean kalifikatuko da, eta gutxienez bost (5) puntu lortzen ez dutenak bazter geratuko dira.

Ariketa hau kalifikatzeko, honakoak hartuko dira kontuan: erantzun zehatzak izatea, sintesia eta analisia egiteko gaitasuna, garatutako ideien aberastasuna eta ideiok azaltzeko argitasuna eta zuzentasuna.

4.2.– Lehiaketa-aldia

Lehiaketa-aldiko kalifikazioa lortzeko, batu egin beharko dira merezimenduetako puntu guztiak, betiere baremo honen arabera emandakoak:

4.2.1.– Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen laugarren xedapen iragankorra aplikatzen zaien langileentzako merezimenduen baremoa:

Edozein herri-administraziotan egindako zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko, 0,1 puntu, honako kasuetan: administrazio horietan bitarteko funtzionario edo aldi baterako administrazio-kontratatu gisa jardun badute, eta zerbitzuok goi-mailako teknikarien kidegoko edo kidego baliokideko Hizkuntza Normalkuntzako teknikariei irekitako lanpostuetan bete badituzte. Zerbitzu-aldia zenbatzeko muga, betiere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna izango da. Atal honetan, gehienez ere, bederatzi (9) puntu lor daitezke.

4.2.1.1.– Zerbitzu-aldiak zenbatzeko, batu egingo dira lan egindako aldiak, eta behin batu ondoren, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horren ondorioetarako, hilabetetzat 30 egunen multzoa joko da.

4.2.1.2.– Egindako zerbitzu-aldi bera behin baino ez da balioetsiko, hau da, ezin izango da berriro erabili beste kidego batzuetara sartzeko. Izangaiak, horrelakoetan, merezimenduak adierazi eta egiaztatzeko epearen barruan, azaldu egin beharko du zein kidegotarako erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

4.2.2.– Txanda irekiko gainerakoentzako merezimenduen baremoa.

4.2.2.1.– Herri-administrazioetan egindako zerbitzuak.

Herri-administrazioetan egindako zerbitzuak direla-eta gehienez ere lor daitekeen puntuazioa sei (6) puntukoa da, honela banatuta:

a).– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, foru-administrazioan eta toki-administrazioan egindako zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko, 0,05 puntu, honako kasuetan: zerbitzuok goi-mailako teknikarien kidegoko edo kidego baliokideko Hizkuntza Normalkuntzako teknikariei irekitako lanpostuetan bete badituzte. Zerbitzu-aldia zenbatzeko muga, nolanahi ere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna izango da. Atal honetan, gehienez ere, sei (6) puntu lor daitezke.

Halaber, modu berean balioetsiko dira antzeko kategorietan, lan-erregimenean, egindako zerbitzuak.

b).– Gainerako herri-administrazioetan egindako zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko, 0,03 puntu, honako kasuetan: zerbitzuok goi-mailako teknikarien kidegoko edo antzeko kidegoko Hizkuntza Normalkuntzako teknikariei irekitako lanpostuetan bete badituzte. Zerbitzu-aldia zenbatzeko muga, betiere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna izango da. Atal honetan, gehienez ere, sei (6) puntu lor daitezke.

Halaber, modu berean balioetsiko dira antzeko kategorietan, lan-erregimenean, egindako zerbitzuak.

4.2.2.2.– Zerbitzu-aldiak zenbatzeko, batu egingo dira lan egindako aldiak, eta behin batu ondoren, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horren ondorioetarako, hilabetetzat 30 egunen multzoa joko da.

4.2.2.3.– Egindako zerbitzu-aldi bera behin baino ez da balioetsiko, hau da, ezin izango da berriro erabili beste kidego batzuetara sartzeko. Izangaiak, horrelakoetan, merezimenduak adierazi eta egiaztatzeko epearen barruan, azaldu egin beharko du zein kidegotarako erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

4.2.2.4.– Titulazio akademikoak.

Ez da balioetsiko, merezimendu gisa, goi-mailako teknikarien kidegoko Hizkuntza Normalkuntzako teknikariaren lanpostura sartu ahal izateko adierazitako titulazio akademikoa; bai, ordea, gainerako guztiak, baldin eta lanpostuaren eginkizunekin zuzeneko zerikusia badute. Atal honetan, gehienez ere, puntu bat (1) lor daiteke, betiere baremo honen arabera:

• Doktore-titulua: puntu bat (1), titulu bakoitzeko.

• Unibertsitateko goi-mailako bestelako titulazio ofizialak: puntu bat (1), titulu bakoitzeko.

• Unibertsitateko erdi-mailako bestelako titulazio ofizialak: 0,75 puntu, titulu bakoitzeko.

• Unibertsitate ofizialek emandako graduatu-ondoko tituluak (titulu berekiak eta masterrak): 0,75 puntu, titulu bakoitzeko.

4.2.2.5.– Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak ez diren hizkuntzak.

Gehienez ere, bi (2) puntu emango dira, betiere baremo honen arabera:

• Frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea Hizkuntza Eskola Ofizialaren 3. mailan: puntu bat (1) hizkuntza bakoitzeko.

• Frantsesa, ingelesa edo alemana jakitea Hizkuntza Eskola Ofizialaren 4. mailan: puntu bat eta erdi (1,5) hizkuntza bakoitzeko.

Hizkuntzen jakite-maila zehazteko, izangaiek horretarako ezarriko den proba gainditu beharko dute. Ez da inola ere balioetsiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren 3. mailatik beherako edozein jakite-maila. Hizkuntza Eskola Ofizialak izendatutako aholkularien laguntza jaso ahal izango du epaimahaiak.

Merezimenduak egiaztatzeko epearen barruan Hizkuntza Eskola Ofizialaren ziurtagiria aurkezten duten izangaiek ez dute proba hori egin beharko.

4.2.3.– Barne-promozioko txandako merezimenduen baremoa

4.2.3.1.– Herri-administrazioan aitortutako antzinatasuna.

Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu arte herri-administrazioan emandako denboragatik (antzinatasuna), gehienez ere, sei (6) puntu eman ahal izango dira: 0,05 puntu, zerbitzu-hilabete oso bakoitzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hirurtekoen ondorioetarako aitortutako antzinatasuna baino ez da zenbatuko.

Zerbitzu-aldiak zenbatzeko, batu egingo dira lan egindako aldiak, eta behin batu ondoren, ez dira kontuan hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horren ondorioetarako, hilabetetzat 30 egunen multzoa joko da.

Egindako zerbitzu-aldi bera behin baino ez da balioetsiko, hau da, ezin izango da berriro erabili beste kidego batzuetara sartzeko. Izangaiak, horrelakoetan, merezimenduak adierazi eta egiaztatzeko epearen barruan, azaldu egin beharko du zein kidegotarako erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

4.2.3.2.– Titulazio akademikoak eta hizkuntzak.

Titulazio akademiko eta hizkuntzei dagokienez, txanda irekirako adierazi diren irizpide eta baremo berberak aplikatuko dira hemen ere.

5.– MEREZIMENDUAK EGIAZTATZEA

5.1.– Interesatuek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean egindako zerbitzuak adierazi beharko dituzte, baina ez egiaztatu. Izan ere, zerbitzu horiek administrazioak berak, bere kabuz, zenbatuko ditu, betiere interesatuak adierazitako datuen arabera.

5.2.– Gainerako herri-administrazioetan egindako zerbitzu-aldia, berriz, administrazioetako bakoitzak horretarako duen ereduaren bidez egiaztatu beharko dira. Ereduan honakoek agertu beharko dute: lan egindako denbora xehe-xehe jarrita, eta denbora horretan izandako kidego, eskala, azpieskala eta klase edo kategoria.

5.3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ez den beste edozein administraziotan egindako zerbitzuak adierazi eta egiaztatu nahi badira, eta zerbitzu horiek goi-mailako teknikariei kidegoko edo kidego baliokide nahiz antzeko Hizkuntza Normalkuntzako teknikariei irekitako lanpostuetan izan badira, egindako zerbitzuen ziurtagiria ekarri beharko da. Hor, hala ere, zehatz adierazten ez bada aldi horretako egoera, orduan, dagokion frogagiriaren fotokopia aurkeztu beharko da lanpostuaren irekitasuna frogatzeko.

5.4.– Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioetan eta toki-administrazioetan egindako zerbitzuak baliokidetzat joko dira, betiere uztailaren 30eko 208/1990 Dekretuak —Euskal administrazio publikoen kidego eta eskalen arteko baliokidetasuna zehazten duenak— dioen eran.

5.5.– Administrazioaren kabuz jarriko da antzinatasuna, eta, beraz, ez da egiaztatu beharko. Izangaiak, kidego batean baino gehiagotan lehiatzen badu, merezimenduak adierazten dituenean, zehaztu egin beharko du zein kidegotan erabili nahi duen egindako zerbitzu-aldia.

5.6.– Titulazioak egiaztatzeko, tituluaren fotokopia edo, bestela, titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria aurkeztu beharko da.

6.– AZKEN KALIFIKAZIOA

6.1.– Hautaketa-prozesu osoan lortutako puntuazio guztiak batuz zehaztuko da izangai bakoitzaren azken kalifikazioa.

6.2.– Oposizio-lehiaketako emaitza eta kalifikazio guztiak jendaurrean jarriko dira oinarri orokorretako 4.3. atalean zehaztutako bulegoetako iragarki-oholetan.

Halaber, oinarri orokorretako 4.1.b) atalean zehazten diren helbide elektronikoetan jarriko dira jendaurrean.

II. ERANSKINA

HIZKUNTZA NORMALIZAZIOKO TEKNIKARIA

GAI-ZERRENDA OROKORRA

I. EUSKAL HERRIKO GEOGRAFIA ETA HISTORIA

1.– Euskal Herriko geografia fisikoa eta giza geografia: gai orokorrak.

2.– Euskal Herriko historia: gai orokorrak.

II. ESTATUAREN ANTOLAKETA POLITIKOA ETA ADMINISTRAZIOKOA

3.– Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio nagusiak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

4.– Estatuaren lurralde-antolaketa: autonomia-estatutuak. Autonomia–erkidegoak: antolaketa eta eskumenak.

5.– Euskal Autonomia Estatutua: kontzeptua eta izaera. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenak. Euskadiren ahalmenak. Ekonomia-ituna eta kupoa.

6.– Lurralde historikoak. Foru-instituzioak: batzar nagusiak eta foru-aldundiak. Instituzio orokorren eta foru-instituzioen arteko eskumen-banaketari buruzko alderdi nagusiak.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa: Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasle–kidegoak: printzipio orokorrak. Ertzaintza eta Osakidetza: printzipio orokorrak.

III. ADMINISTRAZIO-ZUZENBIDEA ETA PROZEDURA

8.– Administrazio-Zuzenbidearen iturriak. Arauen hierarkia. Legezkotasun–printzipioa administrazio publikoan.

9.– Administrazio-egintza: ekoizpena, edukia, arrazoiak eta modua. Administrazio-egintzak legezkotzat ematea. Administrazio-egintzaren eraginkortasuna. Administrazio–egintzen eskubide osoko deuseztasuna, deuseztagarritasuna eta errebokazioa. Administrazioaren isiltasuna.

10.– Administrazio-prozedura: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legea. Printzipio nagusiak. Interesdunak. Prozeduran parte ez hartzea eta errefusatzea. Herritarren eskubideak. Erregistro administratiboak. Kide anitzeko organoak. Antolaketarako printzipioak: hierarkia eta eskumenak. Eskuordetza, goragokoak eskumenak bereganatzea, eta ordezkotza.

11.– Administrazio-prozedura: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legea. Administrazio–prozeduraren aldiak. Prozeduraren hasiera, eraketa, instrukzioa eta amaiera. Administrazio–errekurtsoak.

12.– Herri-administrazioen eta administraziootako agintari eta gainerako langileen erantzukizuna.

13.– Administrazio publikoen zerbitzuko langileak: motak. Funtzionario publikoen eskubideak eta betebeharrak.

14.– Euskararen erabilera administrazio nagusian, hezkuntzan eta ertzaintzan normaltzea: printzipio nagusiak, hizkuntza-eskakizunak, hizkuntza–eskakizunen derrigortasuna, eta hizkuntza-normalkuntzarako planak.

15.– Aurrekontua: kontzeptua eta motak. Aurrekontuak egiteko eta onartzeko prozedura. Gastuen aurrekontua burutzea: aldiak. Euskadiko Autonomia Erkidegoaren sarreren aurrekontua. Sarreren sailkapena.

GAI-ZERRENDA ESPEZIFIKOA

I. SOZIOLINGUISTIKA ETA HIZKUNTZA PLANGINTZA

1.– Soziolinguistikaren sorrera diziplina gisa. Interdiziplinarietatea (Soziologia, Hizkuntzalaritza, Antropologia, Psikologia, Ekonomia eta abar).

2.– Hiztun komunitatea (hiztun-herria): hizkuntzen erabilera, hizkuntzen erabilera eremuak eta eremuon arteko harremanak.

3.– Diglosia. Ukipen egoeran dauden hizkuntzak. Hizkuntzen normalizazioa.

4.– Lehen hizkuntza eta hizkuntza gaitasuna. Kodeak eta kode-aldaketak. Elebitasuna eta eleaniztasuna.

5.– Ikerketa soziolinguistikoa. Azterketa metodo kualitatibo eta kuantitatiboak. Behaketa teknikak eta inkesta teknikak.

6.– Hizkuntza Plangintza: sorrera eta bilakaera. E. Haugen-en eta H. Kloss-en ereduak. Estatusaren plangintza eta Corpusaren plangintza.

7.– Hizkuntza Plangintza eta aldaketa soziala: hizkuntza plangintzaren azterketarako eskema akumulatiboa (R. Cooper).

8.– Hizkuntza biziberritzeko saioak (RLS): oinarria eta lortzeko bideak (J. Fishman).

9.– Euskararen berreskurapenaren teoria soziolinguistikoa eta hizkuntzen teoria soziala. Ikaskuntzaren hiru elementuak: motibazioa, ezagutza eta erabilera (J. M. Sanchez Carrión).

II. BILAKERA SOZIOLINGUISTIKOA

10.– II. Soziolinguistikazko Mapa. Edukiak. Hizkuntza bilakaeraren tipologia EAEn, 1996 erroldaren arabera.

11.– Euskararen Jarraipena II: Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkesta 1996. Euskal Herria. Helburuak, metodologia eta euskararen erabileran eragiten duten faktoreak.

III. HIZKUNTZA POLITIKA EREMUKA

12.– Corpus Plangintza

– Estandarizazioa. Bilakaera eta egungo egoera. Euskalkiak eta barietateak.

– Terminologia eta modernizazioa. Terminologiaren inplantazioa.

– Toponimia. Toponimiaren normalizazioa.

13.– Eskolako irakaskuntza elebidunaren garapen-bidea Euskal Autonomi Erkidegoan:

– ikasteredu elebidunak

– irakaslegoaren hizkuntza prestakuntza

– helburuak

– baliabideak

14.– Helduen euskara-irakaskuntza gaur egun: oinarriak, helburuak, metodologia eta ebaluazioa.

15.– EAEko administrazioen euskara planak: Administrazioko hizkuntza normalkuntzarako lehen plangintzaldiaren (1990-1995) oinarria eta irizpideak.

16.– Administrazio publikoetako langileen hizkuntza prestakuntza eta trebakuntza prozesuak: helburuak, lehentasunak, irizpideak eta baliabideak. Hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko ebaluaketa-sistema.

17.– Bigarren hizkuntzaren ikaskuntza/irakaskuntza: gaitasun komunikatiboaren garapena.

18.– Administraziko hizkeraren eta hizkera juridikoaren tradizioa, ezaugarriak, lexikoa eta terminologia.

19.– Administrazioko euskara eraberritzeko irizpideak: administrazioko hizkera ulergarria eta kalitatezkoa.

20.– Terminologia, lexikologia, terminografia, lexikografia. Terminologiaren berezitasunak. Terminoa. Izendapena eta kontzeptua.

21.– Diglosiaren ondorio linguistikoak euskarazko lexikoan. Kontzeptuarekiko lotura eta izendapenarekiko morrontza euskarazko baliokideak ematerakoan.

22.– EAEko administrazioen euskara planak: euskara planen metodologia eta osagai nagusiak. EAEko Herri administrazioaren Euskararen Erabilera Normaltzeko Plana (1998-2002).

23.– Erakunde pribatuetako euskara planak: ezaugarriak, helburuak eta arloak. Erakundeen ezaugarrien araberako planak.

24.– Euskararen erabilera komunikabideetan: euskara hutsezko komunikabideetan nahiz gainerakoetan (irrati-telebistetan, prentsan,...).

25.– Hizkuntza industriak: komunikazio eta informaziorako eta hizkuntzen trataerarako teknologia berriak.

26.– Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia: helburu nagusia, estrategikoak eta zehatzak datozen hamar urteetarako.

IV. ARAUBIDEA

27.– Euskadiko Autonomia Erkidegoan euskararen ofizialtasuna zehazten duen oinarrizko marko juridikoa: Espainiako Konstituzioa, Autonomia Estatutua eta Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea.

28.– 29/1983 HABESEA Legea, azaroaren 25ekoa.

29.– 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa (azaroaren 7ko 16/1997 Legeak ekarritako aldaketekin), bereziki II. Idazpurua (Funtzio Publikoaren egitura eta antolaketa) eta V. Idazpurua (Hizkuntza Normalkuntza).

30.– 86/1997 Dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena: I., II. eta III. Atalburuak.

31.– 86/1997 Dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena: IV., V., VI. eta VII. Atalburuak eta azken zatia.

32.– 1/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa: bereziki, I. Idazpurua (Euskal Eskola Publikoaren hatsapen orokorrak eta helburuak), II. Idazpurua (Euskal Eskola Publikoan hezkuntza-eskubidea gauzatzeaz) eta III. Idazpurua (Euskara Euskal Eskola Publikoan).

33.– 47/1993 Dekretua, martxoaren 9koa, irakaspostuetarako hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun egunak zehazteko irizpideak finkatzen dituena (martxoaren 10eko 42/1998 Dekretuak eta urtarrilaren 18ko 6/2000 Dekretuak ekarritako aldaketekin).

34.– Euskararen erabilera normalizatzeko prozesua Ertzaintzan: 30/1998 Dekretua, otsailaren 24koa, Ertzaintzan euskararen normalkuntza prozesua arautzen duena. Hutsen zuzenketa. 170/1997 Dekretua.

35.– Euskararen araubide juridikoa Nafarroan: 18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, euskarari buruzkoa.

36.– Euskararen araubide juridikoa Frantzian (Toubon Legea: 94-665 Legea, 1994ko abuztuaren 4koa, frantsesaren erabilerari buruzkoa, eta Deixonne Legea: 51-46 Legea, 1951ko urtarrilaren 11koa, hizkuntzen eta dialekto lokalen irakaskuntzari buruzkoa) eta Europa osoan (Hizkuntza Gutxituen Eurokarta).


Azterketa dokumentala