Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

120. zk., 2000eko ekainaren 24a, larunbata


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
2706

AGINDUA, 2000ko ekainaren 22koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesuetako oinarri orokorrak onartzen dituena. Hautaketa-prozesuok martxoaren 28ko 59/2000 Dekretuaren ondorio dira, haren bitartez onartu baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko 2000. urteko lanpostu-eskaintza publikoa.

Martxoaren 28ko 59/2000 Dekretuaren bidez, onartu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko 2000. urteko lanpostu-eskaintza publikoa, eta han zehazten ziren zein eta zenbat plaza bete beharko diren dagozkien hautaketa-prozesuen bidez.

Horretarako, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 23. artikuluan eta II. tituluaren IV. kapituluan —langileak hautatzea— ezarritakoarekin bat, eta 6.1.i) artikuluaren bidez emandako eskurantzez baliatuz,

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesuetako oinarri orokorrak onartzea. Hautaketa-prozesuok martxoaren 28ko 59/2000 Dekretuaren ondorioa dira, haren bitartez onartu baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko 2000. urteko lanpostu-eskaintza publikoa.

Bigarren artikulua.– Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehenago, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ogasun eta Herri Administrazio sailburuari. Errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala ezartzen baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legeak —Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak— 116. artikuluan eta hurrengoetan. Errekurtso horri ez bazaio ebazpen adierazirik egiten, errekurtsoa ezetsi dela joko da.

Halaber, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Herriko Auzitegi Nagusian. Errekurtsoa jartzeko epea bi hilekoa izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteizen, bi milako ekainaren hogeita bian.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN

– www.ivap.org

– www.ej-gv.es

4.2.– Onartuak izateko eta, hala dagokionean, hautaketa-prozesuetan parte hartu ahal izateko, izangaiek eskabideko atal guztiak bete beharko dituzte, baita tasak ordaindu ere. Izangaiek adierazi beharko dute eskatzen zaizkien baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako.

Eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu ez badira tasak, prozeduratik kanpo geratuko da izangaia, ez baitu bete oinarri hauetako 3.2.g) atalean zehaztutako baldintza.

Aurrekoa horrela bada ere, ordaindutako zenbatekoan akatsen bat baldin badago, hamar egun balioduneko epea emango zaio izangaiari akatsa zuzen dezan.

Izangaiek, beraz, onartuak izateko, honakoak adierazi beharko dituzte eskabidean, dagokion atalean:

a) Prozesua zuzen kudeatzeko norberari buruz eskatzen diren datuak .

b) Zein txandatan hartu nahi den parte: a) irekia, b) barne-promozioa edo c) elbarrituak, betiere lanpostu bakoitzaren oinarri espezifikoetan ezarritakoarekin bat. Izangaiek, kidego bakoitzean, txanda bakar batean hartu ahal izango dute parte.

c) Zein kidego edo plazatan hartu nahi den parte.

d) Oposizio-aldiko ariketak egiteko hautatu den hizkuntza ofiziala, hau da, euskara ala gaztelania.

e) Elbarriek beren ezaugarriaren berri eman beharko dute eskabidean; eta han adierazi beharko dute, hala dagokionean, zein egokitzapen tekniko behar dituzten hautaketa-prozesuak egin ahal izateko.

f) Norberaren titulazioa.

4.3.– Eskabideak aurkezteko lekua eta modua:

Eskabideak ondoko lekuetako erregistroetan aurkeztu ahal izango dira:

– Gasteizen:

– Eusko Jaurlaritza: Donostia kalea 1 (Lakua) PK: 01010. (elbarrientzako sarbidea).

– Eusko Jaurlaritza: Samaniego kalea 2. PK: 01008. (elbarrientzako sarbidea).

– Bilbon:

– Eusko Jaurlaritza: Gran Vía 85; PK: 48011. (elbarrientzako sarbidea).

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea: Errekalde zumarkalea 18. PK: 48009

– Donostian:

– Eusko Jaurlaritza: Andia kalea 13; PK: 20004. (elbarrientzako sarbidea).

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea: Prim kalea 7. PK: 20007

– Oñatin:

– Unibertsitatea z/g. PK: 20560.

Azaroaren 26ko 30/1992 Legeak —Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak— 38.4 artikuluan zehaztutako edozein lekutan ere entrega daitezke eskabideak.

Posta-bulegoen bidez aurkezten diren eskabideak, ziurtatu aurretik, irekita eman behar zaizkio postako funtzionarioari, hark eguna jarri eta zigilua bota diezaien.

Halaber, bide elektronikoa erabili ahal izango da. Horretarako, lehenengo eta behin, inprimakia bete beharko da 4.1.b) oinarrian zehaztu bezala, eta gero, "bidali eskabidea" aukeraz baliatuz, igorri dokumentua.

Internet bidez aurkezten diren eskabideei dagokienez, jaso izanaren agiria eskuratu ahal izango da, eta han, esleitutako erreferentzia-zenbakiaz gain, tasak ordaintzeko behar diren datu guztiak ere agertuko dira. Jaso izanaren agiria eskuratu gabe ere, kopiatu ahal izango da datu horien zerrenda.

4.4.– Eskabideak aurkezteagatiko tasak ordaintzea:

Deialdiko 3.2.g) oinarriak aurreikusten duen baldintza betetzeko, eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko da tasa, honako erakundeetako edozein bulegotan: BBK (Bilbao Bizkaia Kutxa), Caja Vital Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa, BBVA (red Argentaria).

Tasa ordaintzeko, eskabide-orria aurkeztu beharko da banku-bulegoan; eskabidea Interneten bidez egin nahi dutenek, berriz, sistemak itzuli dien jaso-agiria edo bertan agertuko diren datuak aurkeztu beharko dituzte.

Hauxe da tasen zenbatekoa:

TITULAZIO-TALDEA PTA EURO

A (unibertsitateko goi-mailako titulazioa) 3.065 18.42

B (unibertsitateko erdi-mailako titulazioa) 2.555 15.36

C (Batxilergoa, LH-II, LHko goi-mailako teknikaria) 2.040 12.26

D administrari laguntzaileak 1.530 9.20

E mendekoak (eskola-ziurtagiria) 1.020 6.13

Tasa ordaintzen ez bada, edo ordaindutako zenbatekoa okerra bada, oinarri hauetako 4.2 atalean zehazten diren ondorioak sortuko dira. Tasa ordaintzea eta ordainagiria aurkeztea ez da nahikoa izango prozesuan parte hartzeko; izan ere, eskabidea oso-osorik eta behar den epearen barruan (4.1 oinarria) aurkeztu behar da.

5.– IZANGAIAK ONARTZEA. ERREKLAMAZIOAK.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hogei egun balioduneko epearen barruan, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak ebazpena emango du onartutakoen eta bazter utzitakoen zerrenda onartzeko; bazter utzitakoen kasuan, baztertzeko arrazoia zehaztu beharko da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Behin-behineko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hamar egun balioduneko epearen barruan, bazter geratzen direnek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte, eta, hala dagokionean, egindako hutsak zuzendu.

Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta erreklamaziook ebatzita, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak ebazpena emango du onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda onartzeko; ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Ebazpenok, halaber, jendaurrean jarriko dira 4.3 atalean agertzen diren bulegoetako iragarki-oholetan, baita oinarri hauetako 4.1.b) ataletan aipatutako helbide elektronikoetan ere.

Onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko Ebazpenaren bidez onartu diren izangaiek aurkeztu ahal izango dute probetara. Bazter utzitako gisa agertuta ere, gora jotzeko errekurtsoa jarri izanaren agiria egintzaren egunean erakusten dutenek ere aukera izango dute parte hartzeko.

6.– EPAIMAHAIA.

6.1.– Izendapena:

Hautaprobak kalifikatuko dituzten epaimahaikideak izendatzeko, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak Agindua emango du. Izendapenak eta onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda egun berean argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

6.2.– Osaera

Epaimahai bakoitzean bost kide izango dira: epaimahaiburu bat eta lau epaimahaikide. Karrerako funtzionario den epaimahaikide batek jardungo du idazkari, eta hala izendatuko. Epaimahaiko kide guztiek ordezkoa izango dute.

Hona hemen epaimahaien osaera:

Epaimahaiburua:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria, edo bere ordezkoa.

Epaimahaikideak:

– Herri-administrazioetan diharduten karrerako funtzionario bi.

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko ordezkari bat.

– Langileen ordezkari bat, karrerako funtzionarioa, sindikatuek izendatua.

Idazkaria:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko ordezkariak jardungo du idazkari.

Epaimahaien osaerak espezialitatearen printzipioa beteko du. Printzipio horren arabera, hautaprobetako jakintza-arlo bereko titulazioa izan behar dute epaimahai bakoitzaren kideen erdiek gutxienez. Kide guztiek, nolanahi ere, maila akademiko bereko edo goragoko titulazioa izan behar dute.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari epaimahaietan dagokion ordezkaritzaren aurka joan gabe, erakunde horretako ordezkari batek parte hartuko du hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak prestatzen eta ebaluatzen; horretan baino ez.

Epaimahaiak, egoki baderitzo, aholkulari espezialistak eduki ahal izango ditu bere kideei laguntza emateko. Aholkulariok beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, izaera horrekin bakarrik hartzen baitute parte kalifikazio-organo horretan.

6.3.– Prozeduran parte ez hartzea eta errefusatzea:

Epaimahaiko kideek ezin izango dute parte hartu prozeduran, eta hala jakinaraziko agintaritza dei-egileari, baldin eta azaroaren 26ko 30/1992 Legeak —Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak— 28. artikuluan jasotako kasuren bat gertatzen bada, edo deialdia argitaratu baino bost urte lehenagotik hautaprobetan parte har lezaketen izangaiak prestatzen ibili badira.

Aurreko kasuetako bat gertatzen denean ere, interesatuek epaimahaikideak errefusatu ahal izango dituzte, betiere aipatutako legearen 29. artikuluan ezarritakoarekin bat.

6.4.– Jarduteko arauak:

Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22. artikulutik 27.era bitartean zehaztutako arauetara egokitu beharko da epaimahaiaren jarduna. Epaimahaiburuak aginduta, idazkariak bilerarako deia egingo du hautaprobak hasi baino lehenago, behar bezain garaiz. Epaimahaia legez eratzeko, ezinbestekoa da epaimahaiburua eta idazkaria bertaratzea edo, hala dagokionean, beren ordezkoak, eta kideen erdia gutxienez.

Bertaratutakoen botoen gehiengoz hartuko dira erabakiak. Epaimahaikide guztiek izango dituzte hitza eta botoa. Hainbanaketarik gertatuz gero, epaimahaiburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

Epaimahaiburuaren edo bere ordezkoaren kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo legezko bestelako kausa gertatzen bada, epaimahaikideek ordezkatuko dute, hurrenkera honetan: hierarkian maila goragokoena duena, antzinatasun handiena duena eta zaharrena (adina).

Idazkari titularraren edo bere ordezkoaren kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo titularra zein ordezkoa eragiten dituen legezko bestelako kausa gertatzen bada, edozein epaimahaikidek bete ahal izango du kargua, baldin eta kideen botoen gehiengoak hala onartu badu.

6.5.– Ahalmenak:

Epaimahaiak erabateko autonomia funtzionala izango du, eta bere ardura izango da prozedura legezkotasunez egin dadin zaintzea eta objektibitatea bermatzea.

Halaber, ordenamendu juridikoarekin bat, batetik, oinarri hauek aplikatzean sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu; bestetik, deialdia behar bezala garatzeko beharrezko diren erabakiak hartuko ditu; eta, azkenik, oinarrietan aurreikusten ez diren kasuetarako, behar diren irizpideak ezarriko ditu.

Epaimahaiak behar diren neurriak hartuko ditu oposizio-aldiko ariketa idatzien edukiaren isilpekotasuna bermatzeko, eta azterketak, ahal dela, izangaien izena jakin gabe zuzen daitezen.

6.6.– Egoitza:

Komunikazioak egiteko eta gainerako gorabeheretarako, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Gasteizen duen egoitza (Donostia kalea 1, PK 01010) izango da epaimahaiaren helbidea.

6.7.– Zerbitzuagatiko kalte-ordainak:

Epaimahaikideek, egingo duten zerbitzua dela-eta, kalte-ordainak jasoko dituzte, bertaratzeak barne direla, betiere arlo horretan indarrean dagoen araubidearekin bat.

7.– HAUTAKETA-PROZEDURA.

7.1.– Hautatzeko prozedura oposizio-lehiaketa izango da txanda guztietan, alegia, irekian, elbarrientzakoan eta barne-promoziokoan; betiere kasuan kasuko deialdiko oinarri espezifikoek ezartzen dutenarekin bat.

7.2.– Oposizio-aldiko ariketak.

7.2.1.– Kasuan kasuko deialdiko oinarri espezifikoetan zehazten diren ariketak egin beharko dira oposizio-aldian. Nolanahi ere, azterketa teoriko bat izango da, eta, hor, aukera anitzeko galdera-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz. Galderok kasuan kasuko kidego edo plazaren gai-zerrendari buruzkoak izango dira, eta administrazioak azterketariei eskuratuko dien multzo handi batetik (1.500-2.000 galdera) aterako dira.

7.2.2.– Barne-promozioko txandako eta txanda irekiko oposizio-aldiek eduki eta balioespen berak izango dituzte.

7.3.– Euskara-ariketa:

Euskarari buruzko azterketa borondatezkoa da, eta bere helburua da hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea.

7.4.– Lehiaketa-aldia:

Lehiaketan, aztertu eta balioetsiko dira izangaiek adierazi eta egiaztatutako merezimenduak. Aldi honetan, deialdiko baremo espezifikoen araberako puntuak emango zaizkio izangai bakoitzari.

Ariketa praktikoaren behin-behineko emaitzak argitaratu ondoren, hamar (10) egun balioduneko epea irekiko da lehiaketa-aldiko merezimendu zenbagarriak —oinarri espezifikoetan aipatzen direnak—, hala denean, adierazi eta egiaztatzeko.

Merezimenduak aurkezteko epearen barruan behar bezala adierazi eta egiaztatu ez diren merezimenduak ezin izango dira inola ere balioetsi. Aurrekoa horrela bada ere, hizkuntzen merezimenduek kasuan kasuko hizkuntza-azterketaren eguna izango dute aurkezteko mugatzat. Hortaz, jakite-mailaren egiaztagiriak lehendik dituztenek azterketa horren egunera arte aurkeztu ahal izango dituzte agiriok.

Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak ez diren hizkuntzen jakite-maila balioesteari dagokionez, gehienez ere bi hizkuntza hautatu ahal izango dira ebaluatzeko. Hona aukeran daudenak: ingelesa, frantsesa eta alemana. Horren guztiaren helburua da hizkuntza horietan izangaiak duen jakite-maila ebaluatzea, betiere oinarri espezifikoetan aurreikusitako eran. Gutxienez ere, Hizkuntza Eskola Ofizialeko 3. edo 4. maila egiaztatu beharko da. Baldin eta izangai berak ingeles, frantses eta aleman azterketak egiten baditu, prozesuan ez zaizkio kontuan hartuko egindako azken azterketaren emaitzak.

Ariketa praktikoaren kalifikazioari erreklamazioren bat egiten diotenek erreklamazioaren idazki berean adierazi eta egiaztatu beharko dituzte merezimenduak, beti ere oinarri espezifikoekin bat. Gainera, elbarrientzako txandan parte hartzen dutenek egiaztatu beharko dute 3.3. oinarrian ezartzen diren baldintzak betetzen dituztela.

Baldin eta izangaiak kidego batean baino gehiagotan parte hartzen badu, behin baino ez da balioetsiko egindako zerbitzualdi berbera, hau da, ezin da bi kidegotan erabili. Horrelakoetan, izangaiak, merezimenduak adierazten dituenean, zehaztu beharko du zein kidegotan erabili nahi duen egindako zerbitzualdia.

Lehiaketa-aldia ez da baztertze-indarrekoa izango, eta aldi honetan lortutako puntuazioak ezin izango dira kontuan hartu oposizio-aldiko probak gainditzeko.

7.5.– Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legea baino lehenagoko bitarteko langileak eta administrazio-kontratatuak.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen laugarren xedapen iragankorrak honela ezartzen du: "Lege hau indarrean jartzean, Autonomi Elkarteko Administrazioan bitarteko edo aldi baterako lankidetzako administrazio-akurapenezko den langilegoak, honen egitekoek izan duten sailkapenaren arauera, funtzionari edo itunepeko langilego-izaera hartu ahal izango du norgehiagoka-lehiaketa jarez, eta lehiaketa horretan, langilego horrek edozein Administrazio publikotan betetako zerbitzuei, norgehiagoka-aldian lor daitekeen gehienera ehuneko berrogeita bosteko puntuazioaren balioa emango zaie. Baloraketa hori, lege hau indarrean jarri ondoren gerta daitezen enplegu publikorako lehenengo hiru eskaintzetatik datozen deietan erabiliko da."

Agindu honetako xedapen guztiak aplikatuko zaizkie laugarren xedapen iragankorraren babesean hautaketa-prozesuetan parte hartzen dutenei. Aurrekoa horrela bada ere, oinarri espezifikoetan lehiaketa-aldi berezia arautuko da talde horretako kideentzat, eta 8.5 oinarriaren arabera atxikiko zaizkie lanpostuei.

Karrerako funtzionarioaren izaera lortzen ez dutenek, baldin eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen laugarren xedapen iragankorrean aurreikusten diren hiru deialdiak agortu badituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko lanpostua utzi beharko dute azken deialdia amaitzen denetik gehienez ere hiru hileko epean.

7.6.– Hautaprobak hastea eta garatzea.

Hautaprobak ez dira 2000ko azaroaren bata baino lehenago hasiko. Onartutakoen eta bazter utzitakoen behin betiko zerrenda onartzen duen Ebazpenean, zehaztu egingo dira lehenengo ariketa egiteko lekua, eguna eta ordua.

Oposizio-aldiko ariketa bakoitzean, deialdi bakarra egingo zaie kidego edo plaza bakoitzean lehiatzen duten izangaiei. Probetan, nork bere burua identifikatu behar izango du ondoko hauetako edozein erakutsiz: nortasun-agiria, gidabaimena edo epaimahaiak egokitzat jotzen duen agiria.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hainbat lekutan jarriko ditu ikusgai hurrengo ariketen iragarkiak. Hona hemen non: 4.3 atalean azaltzen diren bulegoetako iragarki-oholetan eta oinarri hauetako 4.1.b) atalean aipatutako helbide elektronikoetan. Nolanahi ere, ariketak hasi baino gutxienez bost (5) egun lehenago jarri beharko dira iragarkiak.

Epaimahaiek denbora eta ariketak egiteko baliabideak egokituko dizkiete egokitzapenik behar eta eskabidean hala eskatu duten izangaiei. Izan ere, horrela, aukera-berdintasunean arituko dira gainerako parte-hartzaileekin, beti ere hori eginda desitxuratzen ez bada probaren edukia eta eskatutako gaitasun-maila jaisten edo kaltetzen ez bada.

7.7.– Hautaproben kalifikazioa.

Deialdiko oinarri espezifikoetan xedatzen denaren arabera kalifikatuko dira oposizio-aldiko ariketak.

Lehiaketa-aldiko merezimenduak balioesteko, batu egingo dira esleitutako puntuak, beti ere deialdiko oinarri espezifikoetako baremoen arabera.

Hautaketa-prozesuaren amaierako kalifikazioa lortzeko, batu egingo dira lehiaketa-aldian eta oposizio-aldian eskuratutako puntuak.

Hainbanaketarik gertatuz gero, honako irizpide hauek erabiliz ezarriko da hurrenkera:

1.a Oposizio-aldian puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

2.a Ariketa praktikoan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde.

3.a Oinarri espezifikoetako merezimenduetan puntuaziorik handiena lortu duenaren alde, betiere oinarriotan agertutako hurrenkera berean.

4.a Zozketaren bidez.

8.– GAINDITUTAKO ETA HAUTATUTAKO LANGILEEN ZERRENDA. LANPOSTUAK AUKERATU ETA ESLEITZEA.

8.1.– Hautaketa-prozesuko amaierako kalifikazioa egin ondoren, epaimahaiak hiru zerrenda osatuko ditu, bakoitzaren kalifikazioekin, puntuazio-hurrenkeraren arabera. Hona hemen zerrendok:

a) Barne-promozioko txandan gainditu dutenen zerrenda.

b) Elbarrientzako txandan gainditu dutenen zerrenda.

c) Txanda irekian gainditu dutenen zerrenda.

8.2.– Behin zerrenda horiek egin ondoren, epaimahaiak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen bidez, jendaurrean jarriko ditu gainditu duten izangaien behin-behineko zerrendak. Zerrendok ikusgai egongo dira 4.3 atalean azaltzen diren bulegoetako iragarki-oholetan eta oinarri hauetako 4.1.b) atalean aipatutako helbide elektronikoetan.

Gainditu dutenen behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik hasita, interesatuek hamar (10) eguneko epea izango dute bidezkotzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.

8.3.– Erreklamazioen epea amaitu eta gero, eta aurkeztutakoak ebatzi ondoren, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak gainditu dutenen behin betiko zerrendak eta eskainitako lanpostuak argitaratzea aginduko du.

Halaber, hamar (10) eguneko epea ezarriko da izangaiek lehentasunen hurrenkera adieraz dezaten deitutako lanpostuei dagokienez.

8.4.– Epe hori amaituta, hautatutakoen behin-behineko zerrenda egingo da. Zerrenda osatzeko, begiratuko da izangai guztiek baldintzak betetzen dituztenetz, eta kontuan hartuko bakoitzaren puntuazioa eta norberak adierazitako lehentasunak.

Barne-promozioko txandaren bidez hautaprobak gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izango dute —beste txandakoen aurrean— deialdiko lanpostu hutsak betetzeko.

Elbarrientzako txandan hautatu diren izangaiek, lanpostua eskuratzea errazagoa gerta dakien, lehentasuna izango dute —txanda irekikoen aurrean— lanpostu hutsak betetzeko. Lehentasun hori gauzatuko da soilik baldin eta elbarritasunak mugimendu-arazoak eragiten badizkio elbarriari, eta epaimahaiak hala erabakitzen badu, betiere elbarritasunaren arloko organo eskudunak txostena eman ondoren. Eta hori guztia, baldin eta izangaiaren elbarritasunak lanpostuen eginkizunak betetzea galarazten ez badu.

Hautatutakoen behin-behineko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren Ebazpen bidez, eta hamar (10) eguneko epea irekiko da erreklamazioak aurkezteko.

Erreklamazioen epea amaituta, eta horiek ebatzita, jendaurrean jarriko dira hautatutakoen behin betiko zerrenda eta esleipenaren gai diren lanpostuena.

8.5.– Aurrekoa horrela bada ere, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen laugarren xedapen iragankorraren arabera karrerako funtzionario izatera heltzen diren bitarteko langileak edo aldi baterako lankidetzako administrazio-kontratatuak aurretik esleituta zuten lanpostuari atxikiko zaizkio.

8.6.– Oinarri honek zehaztutako epean eta moduan lanpostua hautatzen ez duten izangaiek galdu egingo dituzte hautaketa-prozesuan lortutako eskubideak.

8.7.– Behar diren agiriak aurkezten ez badira edo hautatutakoren bat lanpostuaz jabetzen ez bada, epaimahaiak karrerako funtzionarioak izendatzeko proposamen osagarria egingo du.

8.8.– Hautaketa-prozesu honetan gainditu dutenen zerrendak, bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean aldi baterako zerbitzuak egiteko lan-poltsetara sartuko dira, betiere horretarako zehaztuko denarekin bat.

9.– AGIRIAK AURKEZTEA.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren Agindu bidez, karrerako funtzionarioen proposamena egingo da behin betiko hautatuak izan direnen alde. Agindu horretan, hogei (20) egun naturaleko epea emango zaie izangaiei ondoren zehazten diren agiriak aurkez ditzaten.

9.1.– Eskatutako agiriak.

9.1.1.– Hautatutakoen behin betiko zerrendan proposatzen diren izangaiek, deialdian eskatzen diren gaitasun-baldintzak eta gainerako beharkizunak egiaztatzeko, agiri hauek ekarri beharko dituzte:

a) NANaren fotokopia konpultsatua.

b) Atzerriko izangaiek jakinarazpen bat jasoko dute administraziotik, eta hor adieraziko zaie zein agiri derrigorrez ekarri beharko dituzten beren egoera kontuan hartuta.

c) Fotokopia konpultsatua: kidego bakoitzera sartzeko eskatzen diren tituluen fotokopia konpultsatua; tituluok deialdiaren oinarri espezifikoetan zehazten dira.

d) Zinpeko adierazpena edo agintza, honako edukiak dituena: ez dagoela eginkizun publikoak betetzeko gaitasunik gabetuta, ez dagoela inongo herri-administraziotako zerbitzutik diziplina-espediente bidez bereizita, eta ez dagoela Herri Administrazioetan jarduten duten langileen bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako ezgaitasun eta bateraezintasunen legezko inolako kausatan sartuta.

Espainiako herritartasuna ez duten izangaiek, bestalde, egiaztatu beharko dute ez dutela beren gain norberaren estatuko funtzio publikoan jardutea galarazten dien diziplinazko zigorrik edo zigor penalik.

e) Medikuaren ziurtagiria.– Ziurtagiri horretan, oinarri hauek eta deialdiaren oinarri espezifikoek zehazten duten bezala, interesatuak egiaztatu beharko du ez duela gaixotasun edo akats fisikorik dagozkion eginkizunak betetzea galaraziko dionik.

Elbarriak diren izangaiek, gainera, eskatzen dituzten lanpostuetan aritzeko gaitasunik badutela adierazten duen agiria aurkeztu beharko dute, Administrazioaren Zerbitzu Medikoak emana.

f) Merezimenduak.– Lehiaketa-aldian adierazi diren merezimenduen jatorrizko agiriak edo horien fotokopia konpultsatuak.

9.1.2.– Oinarri honetako aurreko puntuen arabera ekarritako agiriek jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izan beharko dute. Fotokopiek, baliozkoak izateko, datu hauek izan beharko dituzte: data eta konpultsa egin duenaren izen-abizenak, NAN eta izenpe irakurgarria.

9.1.3.– Aurreko agiri guztiak aurkeztu ezina behar bezala arrazoitzen bada, izangaiak zuzenbidean onartzen den edozein frogabide erabili ahal izango du deialdiko baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzeko.

9.2.– Agiriak aurkezteko lekua eta epea.

Hautatutako izangaien behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hautatutakoek hogei (20) egun naturaleko epea izango dute aurreko agiri guztiak aurkezteko. Behin betiko zerrenda hori Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Funtzio Publikoaren Zuzendaritzan ere jarriko dira jendaurrean, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan (Donostia kalea 1, PK 01010).

9.3.– Agiriren bat ez aurkeztea.

Adierazitako epearen barruan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiriak aurkezten ez dituztenak, edo agiriak aztertuta ikusten bada bigarren oinarrian zehaztutako baldintzetako bat ez dutela betetzen, edo dagozkien eginkizunak betetzeko eskatzen den gaitasun fisiko nahiz psikikorik ez dutela, ezin izango dira izendatu. Era horretako kasuetan, bertan behera geratuko dira aurretik egindako urrats guztiak, eta horrez gain, litekeena da erantzukizunik izatea beren gain eskabidean faltsukeria egiteagatik.

Horrelakoetan, epaimahaiak hurrengo izangaiaren aldeko izendapen osagarria proposatuko du, betiere hautaketa-prozesuan onartutakoen behin betiko zerrendako puntuazio-hurrenkeraren arabera, eta 8.4 oinarriak ezarritako irizpideetan agintzen den bezala. Horretarako, aurreko lerroaldeko egoera hori dela-eta bete gabe geratu diren plaza beste izangai hautatuko ditu epaimahaiak.

10.– KARRERAKO FUNTZIONARIO IZENDATZEA, PLAZA BETEGABEAK ESLEITZEA ETA LANPOSTUAZ JABETZEA.

Agiriak aurkezteko epea amaituta, organo eskudunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko kidegoetako karrerako funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duten izangai hautatuak.

Kidego bakar bati edo gehiagori irekitako plazetan hautatuak izan diren pertsonak beren titulazioari dagokion kidegoko karrerako funtzionario izendatuko ditu epaimahaiak.

Izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

Izendatutako izangaiek hilabeteko (1) epea dute lanpostuaz jabetzeko, izendapen-agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik. Epe horri hamabost eguneko (15) beste bat gehitu ahal izango zaio izangaiak hala eskatzen badu, betiere ezinbesteko arrazoia tartean bada.

Ezarritako epearen barruan, ezinbesteko kasuak izan ezik, lanpostuaz jabetzen ez direnek galdu egingo dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionario izateko eskubide guztiak, deialdiaren ondoriozkoak direnak. Horrelakoetan, 9.3 oinarrian ezarritakoa aplikatuko da.

11.– DEIALDIAREN AURKA EGITEA.

Deialdia, bere oinarriak eta oinarriotatik zein epaimahaien jardunetatik datozen administrazio-egintza guztiak aurka ditzakete interesatuek, beti ere azaroaren 26ko 30/1992 Legeak —Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak— jasotako kasu eta moduetan.


Azterketa dokumentala