Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2000eko otsailaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
736

EBAZPENA, 1999ko abenduaren 30ekoa, Arrantza zuzendariarena, zeinaren bitartez "Ondarruko Goi Arrantzarako Ekoizleen Erakundea" Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizle-erakundetzat hartzen baita.

Ikusi da ezen 1994ko martxoaren 23an "Ondarruko Goi Arrantzarako Ekoizleen Erakundea" eratu zela (aipaturiko erakunde edo elkarte profesional horren eraketa-aktaren arabera), abenduaren 30eko 387/1985 Dekretuarekin bat etorriz (haren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza-arloko ekoizle-erakundeen eraketa). "Ondarruko Goi Arrantzarako Ekoizleen Erakundearen" helburu nagusia arrazoizko arrantza bermatzea eta arrantzaren emaitza saltzeko baldintzak hobetzea da, aplikatu beharreko arauetan (direla Europakoak, estatukoak edo autonomikoak) ezarritakoaren arabera.

Ikusi da ezen 1994ko uztailaren 12an (errejistroko zk.: 536) Víctor Badiola Moral jaunak —Ondarroako Alturako Armadoreen Elkarteko gerentea izaki— "Ondarruko Goi Arrantzarako Ekoizleen Erakunde" berria onartzeko eskabidea aurkeztu zuela, abenduaren 30eko 387/1985 Dekretuan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedaturikoarekin bat etorriz (dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza-arloko ekoizle-erakundeen eraketa).

Ikusi da ezen, 1997ko ekainaren 17an, beste idazki bat igorri zuela Ondarroako Alturako Armadoreen Elkarteak, ekoizle-erakunde modura onetsia izateko eskatzeko, egungo legeriak onespena jasotzeko eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen zituztelakoan.

Ikusi da ezen, 1997ko uztailaren 28an, Industri, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizle-erakundetzat hartu zuela, "Ondarruko Goi Arrantzarako Ekoizleen Erakundea". Ildo horretatik, erakundearen jardun-eremua "itsasbazterreko toki-arrantza" eta "alturako arrantza" zen, eta Ondarroako portuan zuen lurralde-eremua.

Ikusi da ezen, "Ondarruko Goi Arrantzarako Ekoizleen Erakundeak" eskaturik, espedientea berriz aztertu dela, erakundeak ez baitzuen onespena lortu estatu eta Europako Batasunean. Hala, egiaztatu da oker bat egin zela erakundearen onespena tramitatzean, eta, beraz, oker hori zuzendu behar dela.

Kontutan hartu da ezen abenduaren 30eko 387/1985 Dekretuaren 2. artikuluan (dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza-arloko ekoizle-erakundeen eraketa) Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizle-erakundeen definizioa ematen dela, eta 3. artikuluan Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizle-erakunde bat eratzeko eskatzen den jardun-maila ezartzen dela arrantza-mota bakoitzarentzat.

Kontutan hartu da ezen Batzordearen 1996ko irailaren 11ko 1762/96 (EE) Arautegiak (haren bidez 2939/1994 (EE) Arautegia aldatzen da, zeinak arrantza-arloko ekoizle-erakundeen onespenari buruzko Kontseiluaren 105/1976 (EEE) Arautegia aplikatzeko arauak ematen baititu) eta ekainaren 12ko 1189/1998 Errege Dekretuak (haren bidez azaroaren 27ko 1429/1992 Errege Dekretua aldatzen da, zeinak arrantzako ekoizle-erakundeak eta haien elkarteak arautzen baititu) ekoizle-erakunde bat eratzeko arauak ematen dituztela, eta, horrez gain, erakunde bakoitzaren betebeharrak finkatzen dituztela. Hortaz, onespena jaso ahal izateko baldintzak jartzen dituzte, eta baldintza horiek ez betetzearen ondorioak zehaztu.

Kontutan hartu da ezen "Ondarruko Goi Arrantzarako Ekoizleen Erakundearen" estatutuetan berariaz jasotzen direla 387/1985 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritako zehaztasunak, eta erakunde horrek bere gain hartzen dituela, unean-unean aplikatu behar diren arauekin bat etorriz, estatutuetan jasotako betebeharrak, baita unean-unean aplikatu behar diren indarreko legeen ondoziozkoak ere.

Kontutan hartu da ezen 1996ko irailaren 11ko 1762/1996 (EE) Arautegia (haren bidez 2939/1994 (EE) Arautegia aldatu zen) ekoizle-erakunde guztiei zuzenean aplikatzekoa dela, eta hark xedaturikoak 1999ko abenduaren 31 baino lehen bete behar direla.

Kontutan hartu da ezen, Administrazioaren iritziz, indarreko arauek ekoizle-erakundearen onespena emateko eskatzen dituzten baldintza guztiak bete direla kasu honetan, eta indarreko arauek eskatzen dituzten agiri guztiak aurkeztu direla.

Kontutan hartu da ezen, arrantzako ekoizle-erakundeen gaineko indarreko arauek diotenez, Administrazioak arrantzako ekoizle-erakunde baten onespena baliogabetu ahal izango duela, Europako, estatuko edo autonomia erkidegoko indarreko arauek eskaturiko baldintzak bete ez badaitez edo onarturiko helburuak betetzeari laga badakio.

Kontutan hartu da ezen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 57. artikuluaren arabera, herri-administrazioen administrazio-zuzenbidepeko egintzak baliozkotzat hartuko direla eta ondorioak izango dituztela ematen diren egunetik. Era berean, kontutan hartu da ezen, salbuespen gisa, atzeraeragina eman dakiekeela egintzei, interesdunari ondorio mesedegarriak dakarzkiotenean, beti ere egintzak eraginkortasuna izateko jarri den data berrian egitatezko baldintzak jadanik existitzen baziren, eta, bestetik, eraginkortasunak kalterik ekartzen ez badie beste inoren eskubideei edo bidezko interesei.

Batzordearen irailaren 11ko 1762/96 (EE) Arautegia, ekainaren 12ko 1189/1998 Errege Dekretua, abenduaren 30eko 387/1985 Dekretua, maiatzaren 11ko 218/1999 Dekretua eta aplikatu beharreko gainerako arau orokorrak azterturik, hau

EBATZI DUT:

1.– 1997ko uztailaren 28ko Ebazpenean sumatutako akatsak zuzentzea eta "Ondarruko Goi Arrantzarako Ekoizleen Erakundea" Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizle-erakundetzat hartzea atzeraeraginez, hau da, ondorioak 1997ko uztailaren 28az geroztik izan ditzan.

2.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari jakinaraztea, onespena jaso dezan eta, manuzkoa den legez, Europako Batasunari jakinaraz dakion.

3.– Interesdunari jakinaraztea ezen ebazpen honen aurka, administrazio-bidea agortzen ez baitu, gorako errekurtsoa jar dakiokeela —Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa baino lehen— Arrantza sailburuordeari hilabeteko epearen barruan, ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 1999ko abenduaren 30a.

Arrantza zuzendaria,

JOSU SANTIAGO BURRUTXAGA.


Azterketa dokumentala