Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2000eko otsailaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
733

EBAZPENA, 2000ko urtarrilaren 27koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Irungo (Gipuzkoa) Urdanibia Jauregia, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera emateko eta berau Urdanibiako burdinola eta errota zerrendatzeko espedientearekin bateratzeko dena, Monumentu Multzo izendapenaz.

Estatuko Hezkuntza ministroak 1964ko urtarrilaren 17ko Aginduz, Urdanibia Jauregia Monumentu Historiko Artistiko izendatu zuen.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babespean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Aipatu Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen Lehen Xedapen Gehigarriaren arabera, Legea indarrean sartu aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean kultura intereseko izendatutako ondasun higikor edo higiezin guztiak euskal herriaren kultura ondasun sailkatuak izango dira, eta horiei aplikagarri zaien babes araubide juridiko berbera izango dute.

Hori horrela izanik ere, kultura ondarearen ikuspegitik eta egun erabiltzen diren irizpideen arabera burututako balorazio bat eginda, espediente bat izapidetu zen. Horren ondorioz, Irungo (Gipuzkoa) Urdanibia Jauregia Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistrotik ateratzea ebazten duen urriaren 5eko 344/1999 Dekretua argitaratu zen (1999ko urriaren 20ko EHAA, 201. zka. eta 1999ko azaroaren 2ko GAO, 209. zka.)

Bestalde, Kultura sailburuaren 1994ko urriaren 21eko Aginduz, zeinak Irungo herrian dagoen Urdanibiako Burdinola eta Errota Kultura Ondare gisa Monumentu Multzo izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen baititu, aipatu elementuei babesa eman zitzaien.

Burututako balorazioen arabera, jauregia, burdinola eta errotak osatzen duten kontzeptu bakunaren pean dagoen kultura interesa kontutan hartuta, lehen aipatutako Kultura sailburuaren 1994ko urriaren 21eko Aginduz jadanik zerrendatutako elementuekin jauregiari dagokion espedientea bateratzea jo da egokien, azken honen egungo balorazioak bere babesa Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzera bideratzen baitu.

Hori guztia ikusirik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehena.– Irungo (Gipuzkoa) Urdanibia Jauregia, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, eta berau Urdanibiako burdinola eta errota Zerrendatzeko espedientearekin bateratzea, Monumentu Multzo izendapenaz, I. Eranskineko mugaketarekin eta II Eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.

Bigarrena.– Irungo (Gipuzkoa) Urdanibia Jauregia, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera emateko eta berau Urdanibiako burdinola eta errota Zerrendatzeko espedientearekin Monumentu Multzo izendapenaz bateratzeko espedientea jendeaurrean jartzea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84 eta 86 artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Vitori-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.

Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Irungo Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegazioak eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak Ebazpen horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko urtarrilaren 27a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

IMANOL AGOTE ALBERRO.

I. ERANSKINA / ANEXO I
I. ERANSKINA
URDANIBIA JAUREGI, ERROTA ETA
BURDINOLAREN MUGAPENA

a) Mugapenaren arrazoiak.

Egoki da multzo hori bere osotasunean mugatzea, errotaren azpiegitura hidraulikoa eta burdinolaren arrastoak Urdanibia Jauregitik oso hurbil baitaude eta multzoaren kanpoko ertza baitira. Guztien artean, Erdi Aroko eta Aro Modernoko jaunen jabegoen adibide adierazgarri bat osatzen dute.

Mugatzean, jakina, eraikinen arteko tarteak eta aldameneko guneak babestu behar dira, multzoa bere garaian lurraldeko ekoizpen-unitatea izan baitzen.

b) Mugapena.

Multzoan kanala sartzen da (finka mugatzen duen lerrotik), erregulazioko urtegiaren arrastoak, antepara eta Olaetxe delako etxea, errota eta isurbidea (jauregi eta Jaizubiko ubideraino).

Mugatu nahi den gunearen zedeak: hegoaldean, auzora sartzeko errepidea (N-1etik datorrena); ekialdean, sartzeko errepidetik jauregiraino doan bidea eta "Hipika Jaizubia" klubaren pistetara daraman bidea; iparraldean, jauregiaren ipar fatxadaren paraleloan doan bidea (horrek berriro N-1era darama eta, bide batez, multzoa hipika klubaren entrenamendu-pistetatik mugatzeko balio du); mendebaldean, azkenik, ubidea dago, baita 15 m-ko esparru bat ere, kanalaren eta antepararen eta urtegiaren hegoaldeko hormaren paraleloan doana.

Urdanibia jauregi, errota eta burdinolaren mugapen grafikoa eranskin honetan agertzen dena da.

II. ERANSKINA
URDANIBIA JAUREGIA, ERROTA ETA BURDINOLA: DESKRIBAPENA

Urdanibiako monumentu-multzoan jauregia, errota eta burdinola daude.

1.– Jauregia:

Urdanibia jauregia izen bereko auzoan dago, Irundik kilometro batzuetara, Jaizubia errekaren ibi baten ertzean. Garai batean bertako familia ospetsuenetako baten etxea izan zen; badirudi familia horren historia XIV. mendean hasi zela, beharbada lehenago. Erregimen zaharrean jauregia produkzio-unitate baten burua izan zen, ondoan burdinola eta errota zituen-eta. Horiek ere gaur arte kontserbatu dira, hein batean baino ez bada ere, eta beren ezaugarriak eta kalitatea ikusita, seguru asko probintziako "fabrikarik" interesgarrienetako bat izan ziren.

Urdanibia jauregiaren oinaren forma laukizuzen luzanga da. Hormetan apareju-mota bat baino gehiago daude: fatxada nagusian, oso akabera oneko harlanduak; beste fatxadetako beheko solairuaren gune batzuetan, harlanduak ere, baina ez hain finak; gainontzeko hormetan, harlangaitza. Bao batzuen inguruan ere oso harlandu finak daude. Hiru solairu daude, atzeraemangune txikiekin. Eraikinaren bolumena paralelepipedo etzana da. Bestalde, teilatua bi isurkikoa da, eta bere gailurra jarraia da.

Aurreko fatxada oso kalitate onekoa da. Esan dugunez, osatzen duten harlanduak oso onak dira, luzangak, oso akabera onekoak. Baoak sare-itxurakoak dira, hiru bider hirutan banatutakoak. Baoen gelasken artean plakazko inpostak daude; horietatik goikoa laua da eta behekoak moldura txiki bat dauka.

Beheko solairuan bi leiho daude, ertz listeldunak dauzkatenak. Erdian sarrera dago, leihoen itxura berberekoa, baina gainera bere alboetan bi pilastra kanaldun daude, kapitel kanaldunekin ere eta Toskanako harroinekin. Kapitelen artean taula lau bat dago, taulamendu gisa. Horren guztiaren gain-gainean erlaitz bat dago, apur bat hondatuta. Erlaitz horren gainean, pilastren bertikalean, piramide formako pinakuluak daude, erliebean. Etxebizitza izan ziren pisuetako bakoitzean hiru leiho daude, beheko solairukoak bezalakoak (hau da, ertz listeldunekin), baina lerro zuzenekin molduratutako hegi eta hauts-babesekin. Beste fatxadetako eta bao guztietako arotzia eta burdineria mende honetakoak dira.

Solairu noblean, lehenengo solairuan alegia, baoen arteko zatietan apaingarriak jarri dira: ezkerrean, ispilu obalatu bat dago, muxarratutako larruen gainean eta inskripzio honekin: Sebas/tián de Ur/danivia re/difico es/ta casa / año de / 1619; eskuinean ere horrelako ispilu bat dago, larruen gainean, baina horrek armarri bat dauka barruan, kasko eta lanbrekinekin.

Fatxada honen goiko ertz guztiaren inguruan, erlaiz bat dago. Etxeko beste moldura guztietan bezalaxe, erlaiz horretan ere forma listeldunak daude. Gauza bitxi bat: erlaiza ez da alboetako fatxadetarantz luzatzen, ezta apur bat ere, baizik eta fatxada nagusiaren ertzeetara iristean mozten dela. Ez dakigu hori noiztik dagoen horrela, baina beharbada ez da izango etxea eraiki zen garaikoa, geroagokoa baizik.

Beste fatxadetan aldaketa handiak izan dira; horregatik, ez dira oso elementu interesgarriak. Hala ere, beren detaile batzuk lagungarriak izan daitezke eraikinaren bilakaera historikoa ulertzeko.

Ezkerreko fatxadako aparejua harlangaitzezkoa da, baina behealdeko zati handi batean hareharrizko harlandu lauangeluarrak daude –bereziki, hormaren atzealdearen bi herenetan–. Harlandu horietan argi ikusten dira landu zireneko aztarnak, harmailuenak. Argi dagoenez, harlanduok 1619ko erreformaren aurrekoak dira. Horrelako harlanduak ikusten dira hormako beste zati batzuetan ere, berrerabiliak-edo –dirudienez, badago arku-dobela bat eta guzti–. Hormaren zatitxo batean kare-harrizko harlanduak ere badaude, baina nahiko latzak; ez daukate zerikusirik aipatutako harlanduekin.

Baoak sakabanatuta daude hiru solairuetan: behekoan bost, lehenengoan zazpi eta bigarrenean sei. Batzuk eraikina egin zenekoak dira; beste batzuk, zalantzarik gabe, nahiko berriak dira (eta horietako batzuk oso zakarrak, bide batez esanda). Beheko solairuko leihotxo bat bitxi samarra da: lehenengo begiradan arku zorrotzekoa dela ematen du, baina izatez arku dintelduneko baotxo bat zen. Dintela jausi egin zen eta orain arkua dagoela dirudi. Hor barruan burdin-barra bat dago, eraikin osoan jatorrizkoa den bakarra, antza. Madari biribil bikoitz baten itxura du, eta erdian zirrindola bat dauka. Lehenengo solairuko leiho batek bi harraska-irteera ditu, jatorrizkoa gorago eta erantsitakoa beherago. Azken hori egiteko, beheko solairua eta lehenengoa banatzen dituen inposta apurtu behar izan zen.

Eskuineko fatxada ia-ia ez da ikusten, huntzak estaltzen baitu. Hor erabilitako materiala harlangaitz xehea da, baina, beste fatxadan bezala, beheko aldean hareharrizko harlanduak daude, batez ere etxearen atzealdetik hurbilen dagoen zatian.

Fatxada horretako baoak ere tamaina anitzekoak dira, modu desberdinetan inguratu dira eta sakabanatuta daude: lau beheko solairuan, sei lehenengoan eta bost hirugarrenean, eta leihotxo bat ganbaran, gaur itsua. Hau da gutxien zaindu den fatxada, ondoko bidetik oso gutxi ikusten delako seguru asko. Oso interes urrikoa da trazadore eta sustatzaileentzat.

Atzeko fatxada harlangaitzezkoa da, baina kare-harrizko harlanduren bat ere bada ikusten. Kare-harrizko harlandu horiek osatzen duten horma-zatia nahiko handia eta homogeneoa da –beheko solairuaren erdia hartzen du–. Horren beheko aldeak eraikinaren zabalera guztia hartzen du eta, gainera, kokapeneko zokalo bat uzten du agerian, beste fatxadetan ikusten ez dena, inguruko lurra laua ez delako.

Horko baoak ere tamaina anitzekoak dira: beheko solairuan giza gorputzaren neurriko bao bat dago, inguruan plaka berriak dituena; altuera ertainean-edo, beste bao bat, aurrekoaren antzekoa, eta bi leihotxo, horietako bat itsua. Maila horren gainean bi ukondo ateratzen dira hormatik, bozel laurdenekoak. Altuera ertainean daudenez gero, seguru asko ez ziren egin balkoia jartzeko, nahiz eta erabilerarik logikoena hori izan. Ez dirudi fabrika zaharraren arrastoak direnik ere, hareharrizko harlanduak ez baitira hain gora iristen; agian aterperen bat jartzeko egin ziren. Lehenengo solairuan leihotxo bat dago, eta hutsune altu bat, zerbitzuko argizulo gisa. Bigarren solairuan beste leiho bat dago, baita hormigoizko erlaiza eta burdineria berria dituen balkoia ere, baina horren euskarri diren mentsula hirukoitzak jatorrizkoak dira, antza.

2.– Errota eta Burdinola:

Urdanibia jauregitik gertu, Jaizubia errekaren ondoan, errota bat eta burdinola zahar baten arrastoak daude, Erdi Aroko eta Aro Modernoko eraikuntza aberatsen adierazgarri.

Burdinola XV. mendean hasi zen dokumentuetan agertzen. Sebastián de Urdanibiak berregin zuen 1612. urtean, jauregiarekin batera. Bere azpiegitura hidraulikoa erabiltzearren, errota bat eraiki zen. Burdinola desagertu ondoren ere, horrek jarraitu zuen funtzionatzen.

Dauden arrastoak XVII eta XVIII. mendeetako prototipoenak dira. Garai horretan bi burdinola eraiki ohi ziren batera: bata handia, bestea txikiagoa. Burdinola handian minerala urtzen zen, burdinazko totxoak ateratzeko; bestean, burdina forjatzen zen, eta errota osagarria zen bietarako. Lekuko azpiegitura hidraulikoaren osagai garrantzitsu batzuk iritsi dira gure egunetara: erregulaziozko urtegiaren hormen zati bat eta akueduktu gisako antepara. Berrehun-edo metroko zati batean ura urtegitik burdinolara eramaten zuen kanalaren aztarnak daude oraindik ere. Erregulaziozko urtegia itxita dago orain, gainbeteta. Horren ahoa inbutu-itxurakoa da, ondo eskuairatutako harlanduekin. Ahoarekin komunikatuta antepara dago: biltegi-moduko leku bat, 37 m-ko luzera, 2 m-ko zabalera eta 2 m-ko sakonera duena. Horren euskarri diren hormak harlangaitzezkoak dira, 2 eta 2,5 m-ko lodierakoak eta 5 m inguruko altuerakoak. Antepara berez osatzen duten hormetan harri-xafla handiak eta harlanduak daude, azken zatian izan ezik: hor harlanduak baino ez daude.

Anteparan arku eskartzano bat dago, bidera daramana. Hor ere, jarraian, harlanduez inguratutako bao batzuk daude. Agian horietako batzuk makinariaren ardatzak jartzeko erabiliko ziren. Ipar hormako baoak hauek dira: erdi-puntuko arku bat, bao dinteldun bat, arku eskartzano bat eta erdi-puntuko beste bi arku. Hego hormakoak: erdi-puntuko arku bat, bao dinteldun bat eta erdi-puntuko beste bi arku. Ipar horman, gainera, eraikuntzaren baten arrastoak daude, eta mentsula batzuk, beharbada anteparari erantsitako egituren euskarri izan zirenak. Horma horren ondoan "Olaetxe" delako etxea dago, lantegiak egon omen ziren tokian. Etxe hori eraikin exentu bat da, harlangaitzezkoa. Bere oina laukiluze-formakoa da, izkina alakatu batekin. Estalkiak bi isurki ditu eta bere bizkarra fatxadaren paraleloa da. Fatxada nagusiak ekialderantz begiratzen du eta hiru solairu ditu. Sarrera oso zabala da, dintelduna. Beheko solairuan baotxo inguratu bat dago. Lehenengo eta bigarren solairuetan lau bao-ardatz daude; lehenengo solairuan, erdiko bi baoen artean, baotxo inguratu bat dago, eta bigarrenean, balkoi moduko egutera bat. Atzeko aldean, teilatuko isurkia luzatzen da eta aterpe bat egiten du hiru zutaberen gainean. Hegoaldean ikusten dira mentsula batzuk eta beste eraikin baten arrastoak.

Antepararen jarraian errota dago. Hori eraikin sinplea da, harlangaitzezkoa, bao eta izkinetan harlanduak dituena. Horren estalkia bi isurkikoa da eta orain urte batzuk zaharberritu zuten. Sarrera ipar horman dago, harlanduez inguratuta. Bere dintela harri bakar batekin egin zen. Horma horretan ere beste bi bao ikusten dira, horietako bat harlanduez inguratuta. Errotaren estoldan bi turtuki daude, baita isurbidearen arkua ere, erdi-puntukoa eta dobelekin. Ehotzeko gelan errotako makineria gordetzen da, gaur arte iraun duena: bankua eta bi pare errotarri, beren hauts-babesa, tobera eta bibietarekin.


Azterketa dokumentala