Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2000eko otsailaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
732

EBAZPENA, 2000ko urtarrilaren 25ekoa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Hondarribiko (Gipuzkoa) Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologikoa Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko epeari hasiera emateko dena eta bere babes-araubidea ezartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babespean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Hondarribiko Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologikoaren kultura-interesa ikusirik, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 1995eko urriaren 19ko Ebazpenaren bitartez ondasun hori, Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Sailkatzeko prozeduraren izapide horretan babesaren objektu den ondasunaren deskripzioa eta mugaketa jendaurrean jarri zen, horrela, aipatutako Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 12.1.c) artikulua betetzeko ondasun horri dagokion babes-araubidea idaztea besterik ez da falta.

Babes-araubidea egin ondoren eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako Ebazpen-proposamena ikusirik, honako hau

EBATZI DUT:

Lehena.– Hondarribiko (Gipuzkoa) Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologikoa Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko hasitako espedientea eta III. Eranskinean agertzen den babes-araubidea jendaurrean jartzea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84 eta 86 artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.

Bigarrena.– Interesdunei Hondarribiko Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologikoa Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko hasitako espedientearen babes-araubidea jakinaraztea, jakinarazpena jasotzen duten egunaren biharamunetik hasi eta hamabost eguneko epean beren eskubideak defendatzeko egoki iritzitako alegazioak eta dokumentuak aurkez ditzaten.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Hondarribiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko urtarrilaren 25a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea

IMANOL AGOTE ALBERRO.

I. ERANSKINA / ANEXO I
II. ERANSKINA
ESPARRU ARKEOLOGIKOAREN DESKRIBAPENA

Hondarribiko hirigune historikoa mendixka batean dago, Txingudi badiaren ertzean. Garai batean lubanarro edo foso batean bildutako urez inguratua egon zen ipar eta ekialdetik eta, marea igotzen zenean, hego eta mendebaldetik ere bai. Gaur egun lehorra da, ibaia itsasoratzen den lekua eta padura lurrez bete baitzen.

Hiribarrua oso garatua dago, oin laukizuzena eta erregularra dauka eta kale paralelo eta elkarzut edo perpendikularrez osatua dago.

Hirigunearen kale nagusia Kale Nagusia da hain zuzen ere. Kale horrek lotzen ditu Santa Maria Arkua eta Harma Plaza. Hegoaldetik iparraldera doan kalea da eta bertan daude hiriko eraikin garrantzitsu eta bereizgarrienak, hala nola, udaletxea, eliza eta, hirigunearen lekurik garaienean, Carlos V.aren Gaztelu edo Jauregia.

Kale Nagusiarekiko paraleloak dira hirigunearen bide sarea osatzen duten kalerik gehienak, hau da, Apezpiku, Panpinot, Eguzki, Ubilla, Juan Laborda, Iparralde eta Harategi kaleak Etxenagusia Margolaria, Denda, San Nikolas eta Satarka kaleak ekialdetik mendebaldera gurutzatzen dituzte kale horiek San Nikolas kalea nabarmenduz, kale hori baita hirigunearen kale behinenetako bat, bertako eremu publiko garrantzitsuena (Harma Plaza) eta kanpoko aldea bi ate nagusietako baten bitartez komunikatzen dituelako.

Txantelketa gotikoa hobekien gordetzen duten etxeak, hau da, fatxada gutxi, fondo asko eta mehelin bera duten etxeak, hirigunearen hego-ekialdean daude, batez ere Apezpiku kalean, Kale Nagusian eta Panpinot kalean, bai eta Harma Plaza eta San Nikolas eta Denda kaleetako ekialdean ere. Alde horietako etxe askok mehelin mailakatua daukate fatxadan.

Harresi barruko gainerako espazioei buruz aipatu beharra dago lorategi, orube huts eta denbora pasarako eta jostatzeko leku asko dagoela.

Etxe gehien-gehienek beheko solairua eta bi edo hiru solairu gehiago dauzkate, harri-hormazkoak (edo silarrizkoak, beheko solairuetan) eta zurezko eta adreiluzko egituradunak. Egindako etxe-ordezkapenak lehendik zeuden etxeen eskema zaharra gordez egin dira, beraz hirigunea oso homogeneoa da.

Kaleek ere hirigunearen aintzinako itxurari eusten diote, haien zoladura galtzadarri laukizuzenez egina baitago.

Dudarik gabe, harearrizko morkaitz izugarri handiz egindako harresia da hiriguneari itxura monumentala ematen dion elementurik garrantzitsuena, XVI. mendean hiria babesteko eraiki eta oraindik ere, hein handi batean, zutik dirauena.

III. ERANSKINA
HONDARRIBIKO HIRIGUNE HISTORIKOAREN
ESPARRU ARKEOLOGIKOA BABESTEKO
ERREGIMENA

1.– Esku-hartze motak.

1.1.– Azalerako indusketa, lurrazpia ukitu baino lehen egingo dena, ondoren aipatzen diren eraikin eta orubeak hartuko dituena:

– Eguzki kalea, 8 eta 10.

– Harma plaza, z/g. Turismoko Paradorea. Karlos V.aren jauregia.

– Iparralde kalea, 9 (eraiki gabe dagoen gunea baino ez. Hori mugatzen dutenak: Jabier Ugarte, Juan Laborda eta Satarka kaleak, eta Iparraldeko kalearen 9a).

– Jabier Ugarte kalea, 1, 7-9, 11-13.

– Jabier Ugarte kalea, 5 (bolbora-tokiaren zatia, gaur arte iraun duena).

– Juan Laborda kalea, 1, 12, 14.

– Juan Laborda kalea, 16; San Nikolas kalea, 23-25 (San Nikolas, Juan Laborda, Denda eta Harategi kaleen arteko orube hutsa).

– Murrua kalea, 1, 2, 4, 6, 8, 12, 14-16, 18, 26.

– Kale Nagusia, 1 (Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren eliza). Eraikinetik kanpoko gunea, hegoaldekoa, barne hartuta.

– Kale Nagusia, 31, 32, 33.

– Kale Nagusia (hegoaldeko muturra, 30-27 eta 32-33 etxeen arteko gunean).

– Apezpiku plaza, 1. Etxebeste etxea (lorategia barne).

– San Jerónimo kalea, 1. Oria Etxea.

– San Nikolas kalea, 8, 16 - Uria Harresia kalea, 2.

– San Nikolas kalea, 29.

– San Nikolas kalea (mendebaldeko zatia, kaleko 16 eta 31 etxeen artean).

– Santiago Konpostela kalea (iparreko muturra baino ez).

– Ubilla kalea, 9.

– Uria Harresia kalea, 1, 3, 6-8.

– Kasinoa (San Feliperen baluartearen gainean).

– Errautsitako gotorleku modernoak (XVI. mendekoak) zeuden esparruak, hutsak zein eraikiak, eta bide-sarea. Esparruok honekin batera doan planoan agertzen dira. Barne hartutakoa: San Nikolas eta Madalenaren errebelinen gunea, San Felipe eta Santiagoren baluarteak lotzen dituzten horma-zatiak, Santiagoren baluartea Madalenaren kubo eta bastioiarekin lotzen duten horma-zatiak eta azken hori San Nikolasenarekin lotzen dutenak. Kasu honetan baliabide mekanikoak erabili ahal izango dira esandako egiturak kanpora ateratzeko. Jarraian datozen eraikinak gotorlekuen arrastoen tokietan omen daude (ustezko arrasto horiek oraindik atera gabe daude eta bertan indusi beharko da):

– Jaizkibel Etorbidea, 2, 4, 11 eta 13.

– Jabier Ugarte kalea, 4 eta horren aldameneko orube hutsa, z/g (Medinako baluartea dagoen gunea).

– Jabier Ugarte kalea, 7, 9, 11 eta 13 (Madalenaren Kuboa eta Bastioia dauden gunea).

– Gurutzeko Alaben Eskolak (San Felipe eta Santiagoren baluarteen arteko horma-zatia).

– Fraskueneko kalea, 2.

– Damarri kalea, 2. Damarri plaza, 3.

1.2.– Zundaketa Arkeologikoak, lurrazpia ukitu baino lehen zenbait tokitan egingo direnak. Hona tokiak:

– Apezpiku kalea, 1.

– Denda kalea, 2, 6, 8, 10, 12, 14, 16, 18.

– Denda kalea, 1, 3, 5, 7, 13 (Denda, Juan Laborda eta Harategi kaleek eta Etxenagusia Margolari kaleko 4ak eta 6ak mugatutako orube hutsa).

– Eguzki kalea, 2 eta 2 erantsia, 4, 6.

– Etxenagusia Margolari kalea, 2.

– Fraskueneko Murrua kalea, 2, 4, 6, 8.

– Harategi kalea, 4.

– Harma Plaza kalea, 1, 2, 3, 4, 5, 7, 8, 9, 10, 11, 12, 13.

– Iparralde kalea, 1, 3, 5, 7.

– Iparralde kalea (horren iparreko aldea baino ez).

– Juan Laborda kalea, 3, 5, 9, 20.

– Kale Nagusia, 2, 4, 6, 10, 12, 14, 16, 18, 20, 22, 24, 26, 28, 30.

– Kale Nagusia, 3, 5, 7, 9, 11, 13, 15, 17, 19, 21, 23, 25, 27, 29.

– Panpinot kalea, 2, 4, 12, 14, 16, 20.

– Gipuzkoa plaza, 5 (lorategia bakarrik).

– Azokako plaza.

– San Nikolas kalea, 2, 4, 6.

– San Nikolas kalea, 1, 3, 5, 7, 9, 11, 13, 15, 17, 19 - Juan Laborda kalea, 7, 27.

– Ubilla kalea, 1, 2, 3, 4, 5.

1.3.– Lurrean izaten diren mugimendu guztien Kontrol Arkeologikoa, esku-hartzea amaitu arte, zenbait gunetan. Hona gune horiek:

– Denda kalea, 9, 11.

– Harma plaza, 6.

– Kale Nagusia, 8; Zuloaga etxea.

– Juan Laborda kalea, 2 (parkeko gunea bakarrik).

– Juan Laborda kalea, 10 (eraiki gabeko gunea).

– Santiago kalea, 1, 2, 3, 5, 7, 9.

– Uria Harresia kalea, 14.

– Guadalupeko Amaren konplexua.

1.4.– Kanpoko egituretako unitate estratigrafikoen ikerketa, bertan ezer aldatu, erreformatu edo ordeztu baino lehen:

– Denda kalea, 14.

– Eguzki kalea, 8 (fatxadak).

– Harma Plaza, z/g; Karlos V.aren jauregia; Turismoko Paradorea (eraikinaren oinarrizko egitura guztiak, bai barnekoak bai kanpokoak).

– Jabier Ugarte kalea, 1 (osorik).

– Murrua kalea, 1.

– Nagusia kalea, 1 (Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren eliza).

– Nagusia kalea, 10, 12, 14, 16, 22, 24, 26, 31, 32, 33 (atzeko hormak).

– Apezpiku plaza, 1. Etxebeste Dorretxea (eraikinaren kanpoaldeko itxiera-hormak).

– San Nikolas kalea, 16 - Uria Harresia kalea, 2 (osorik).

– San Nikolas kalea, 1, 13, 19, 27 (atzeko itxiera-horma).

– Uria Harresia kalea, 1 (osorik).

1.5.– Esku-hartze arkeologikorik izango ez duten tokiak:

– Denda kalea, 4.

– Denda kalea, 15, 17.

– Etxenagusia Margolaria kalea, 4, 6.

– Harategi kalea, 2.

– Iparralde kalea, 9 (gaur egun eraikita dagoena bakarrik).

– Jabier Ugarte kalea, 3.

– Jabier Ugarte kalea, 5 (eraikuntza berriak dauden gunea).

– Jabier Ugarte kalea, 6.

– Jeneral Leiba kalea, 1, 3, 5, 7.

– Juan Laborda kalea, 2, 4-6, 8, 11.

– Murrua kalea, 10, 20, 22, 24, 28.

– Panpinot kalea, 6, 8-10, 18.

– Gipuzkoa plaza, 1-2, 3, 4, 5, 6, 7, 8.

– San Nikolas kalea, 10, 12, 31.

– Satarka kalea, 1, 2-4.

– Santiago Konpostela kalea, 1, 2, 4, 6.

– Ubilla kalea, 6, 8.

– Uria Harresia kalea, 4, 10-12.

1.6.– Behin zundaketak eta obren kontrolak amaituta aurreko aroetako dokumentatu gabeko arrasto arkeologikoak agertzen badira eta bere ikerketarako metodologia arkeologikoa aplikatu behar bada, azalerako indusketa egingo da.

2.– Babes mailak.

Esku-hartze arkeologikoa behin amaituta eta unitate estratigrafikoak behin ikertuta (hala badagokio), ateratako arrasto arkeologikoak babes-maila hauetan sartuko dira:

2.1.– Babes zorrotza:

Hondarribiko ondare arkeologikoan balore berezia duten elementuak sartuko dira babes-maila honetan.

Horiek dira altxaera gaur arte mantendu duten eraikuntzak, zero kota gainditzen dutenak, Erdi Aroan eta Aro Modernoan hiria defendatzeko erabili zirenak (XIII eta XVI. mendeen artean), hiriaren ondare arkeologikoan balore handia badute. Hauek dira azpimarratzekoak:

– San Nikolasen baluartea.

– Erreginaren baluartea.

– Santa Mariaren atari eta kuboa.

– San Feliperen baluartea.

– Santiagoren baluartea.

– Aurreko elementuen arteko harresi-zatiak, XVI. mendeko gotorkuntzari dagozkionak.

– San Nikolasen ataria (kale honetako 16 eta 31. etxeen artean).

– Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren elizako absideko adarbea.

Babes-maila honetako egitura eta orubeetan ez da inolako obrarik egingo.

Egiturak sendotzeko eta ingurua egokitzeko plan bat sortuko da.

Ondoren aipatzen diren eraikuntzak ez dira benetan gotorlekukoak, eta desagertzekoak dira, harresiak ezkutatu eta kaltetzen dituztelako:

– Uria Harresia kalea, 1 eta 3 (San Nikolasen baluartean). Horietako lehenak hiriko defentsei lotutako kuartel baten egiturak aprobetxatzen ditu, bere beheko aldean.

– San Jeronimo kalea, 1 (Santiagoren baluartean).

– Kasinoa, orain jubilatuen etxea dena (San Feliperen baluartea).

– Murrua kalea, 1 (Santa Mariaren kuboaren egiturak aprobetxatzen ditu).

– Damarri kalea, 2; Damarri plaza, 3 (horiek ez daude gaur arte iraun duten harresien gainean, baina horretako puntu nagusietako batean multzoa ikustea eragozten dute, Santa Mariaren ate eta kuboaren aurrean).

2.2.– Kontserbazioa:

Babes-maila honetan sartuko dira nolabait azpimarratzekoak diren arrastoak, edo Hondarribiko ondare arkeologikoan garrantzitsuak direnak.

Hauek dira aipatzekoak:

– Gotorleku modernoaren eta Erdi Arokoaren horma-zatiak (XIII eta XVI. mendeen artekoak), lurrazpian daudenak eta arkeologia metodoen bidez identifikatu direnak.

– Santa Mariaren kuboa (horren gehiena, gaur errautsia).

– Madalenaren kubo eta bastioia (gaur guztiz errautsia).

– San Nikolasen Errebelina (hein batean errautsia).

– Madalenaren Errebelina (hein batean errautsia).

– Gazteluko egiturak, Carlos V.aren jauregiaren barruan kontserbatuak. Gutxienez, honen bi dorron kontserbatu dira, oin biribilekoak. Horietako bat hego-ekialdean dago, eta bestea, ipar-ekialdean. Azken hori 1991n atera zen argitara. Barruko horma, fatxadaren paraleloa, gazteluaren fatxada izan zen, antza.

– Ubilla kaleko 9aren kanpoko hormak. Horietan antzematen da etxe hori dorretxea izan zela, defentsarako eraikia. Erdi Aroko harresiari lotuta zegoen zuzen-zuzenean. Gero, etxebizitza bihurtu ahal izateko, aldaketak egin zizkioten.

– Apezpiku plazako 1eko kanpoko hormak (Etxebeste edo Palencia etxea).

– Madalenaren bolbora-tokiko harresi-zatia (Jabier Ugarte kalea, 5).

– Santiagoren bolbora-tokiko harresi-zatia (Jabier Ugarte kalea, 1)

– San Nikolasen dorrearen arrastoak, baita harresiarenak ere, San Nikolas kaleko 31. orubean.

– Kuartelen arrastoak, Uria Harresia kaleko 1 eta 2ko eraikuntzetan dirautenak.

Era berean, fatxadan mailakatuta dauden mehelinak babes-maila honetan sartzen dira. Horietako gehienak kontserbatu dira, lursail gotikoa mantenduz. Batez ere, kale hauetakoak dira:

– Denda kalea, 2, 8-10, 10-12, 12-14, 1. Panpinot kalea, 1-3, 3-5, 7-9, 9; Juan Laborda kalea.

– Eguzki kalea, 6-8, 8-10.

– Kale Nagusia, 5-7, 9-11, 15-17, 17-19, 19-21, 25-27, 27-29, 24-26, 26-28.

– Panpinot kalea, 2-4, 4-6, 10-12, 12-14, 16; kalexka, 16-18, 18-20.

– San Nikolas kalea, 6. Juan Laborda kalea, 5, 1-3, 3-5, 7-9, 9-11, 13-15, 17-19, 19. Juan Laborda kalea.

– Ubilla kalea: orube hutsa - 4, 4-6, 6 – kalexka, 8 – kalexka.

– Harma plazan: 5-6, 6-7, 10-11, 11-12, 13 – 1 Iparralde kalekoa.

– Iparralde kalean: lehen aipatutakoa, 3-5; Satarka kalean, 5.

Kontserbatzekoa den elementuan ez da obra kaltegarririk onartuko, egiturak sendotu eta zaharberritzeko behar direnak izan ezik.

Ahal bada, elementu horiek gaurko hiri-ereduan integratuko dira, hiriaren irakaskuntza-helburua betetzen laguntzearren.

Integratzeagatik ez da elementu horietan inolako aldaketa sakonik egingo. Elementuok ez dira mozorrotu behar leheneratu edo berreraikitzean.

2.3.– Babesik gabekoak:

Hondarribiaren historia ezagutzeko balore berezirik ez duten elementu arkeologikoak sartuko dira maila honetan. Horiek errautsi ahal izango dira. Baina maila honetan sartu aurretik 1. puntuko ekintza arkeologikoak burutu beharko dira, desagertzeko arriskua duten eraikuntza horiek erregistratu eta dokumentatu ahal izateko.

Azken memoria bat aurkeztuko da. Horrekin batera, ikerketa arkeologikoan sortutako dokumentuez gain, ondasunaren planimetria bat aurkeztuko da, oso zehatza, baita orubearen bilakaerari buruzko ikerketa dokumental bat ere.

Ondasuna desafektatzeko prozedurak Euskal Kultura Ondareari buruzko legearen 36. artikuluari jarraituko dio.

3.– Babes maila nork esleituko duen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak esleituko die berreskuratutako ondasunei babes-maila bat ala beste bat, 1. puntuko lan arkeologikoak behin amaituta, eta balorazioa egin ondoren, 2. puntuak agintzen duen moduan.

4.– Obra lizentziak.

Lan arkeologikoen emaitzen arabera emango da ala ez da emango obra-lizentzia.

5.– Bereziki garrantzitsuak diren ondasunen zerrenda.

5.1.– Harresi Modernoa:

Errege Katolikoek hasitako obra hau Carlos V.ak bultzatu eta borobildu zuen. Artxiboaren arabera, gotorleku baluartedun horri buruzko lehenengo aipamenak 1495ekoak dira. Urte hartan, frantsesen setioaren ondorioz izandako kalteen berri jaso zuten Errege Katolikoek, eta 1530ean gotorlekuko obrak hasita zeuden jadanik: oso harresi gogor eta altu bat egin behar zen, lau baluarte, bi errebelin eta bi kuborekin; gainera, lubaki zabal egin behar zen, harresia ipar, hego eta mendebaldetik inguratuko zuena. Ekialdean Bidasoa ibaia zegoen.

Harresian bi ate zeuden: Santa Mariarena eta San Nikolasena, biak zubi altxagarriekin.

Harresi modernoaren multzoan Carlos V.aren jauregia sartzen da, baita adarbe bat ere, Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren elizaren kontrahormen artekoa. Adarbe hori gutxitan ikusten da kontserbatu diren gotorlekuetan; Gipuzkoa osoan, esaterako, hori baino ez dago.

Eraikuntza horren altxaeraren zati handi bat orain arte kontserbatu da. Madalenaren kuboa, Harresilanda eta Jabier Ugarte kaleen artean zegoena, desagertu da, baina hortik harresi-zati bat ateratzen zen, San Nikolasen baluarteraino heltzen zena. Harresi-zati hori Leibarena edo Inperiala deitzen zen (diamante-puntako itxurakoa zen eta izen berbereko atearen ondoan zegoen, multzoaren ipar-mendebaldean). Hortik beste harresi-zati bat ateratzen zen, erreginaren baluarteraino. Zati horrek angelua egiten du, gotorlekuaren mendebalde eta hegoaldeko zatien artean, aurrekoak bezala.

Hortik, Santa Mariaren kubo eta atetik joanda, San Feliperen baluarteraino iristen da. Harresi-zati horrek hiria ixten du, hegoaldetik.

Gaizkien kontserbatu den gunea ipar-itxiera da, Madalenaren kubotik Santiagoren baluarteraino doana, Jabier Ugarte kaletik. Baluarte horretatik hurbil arrastoren bat badago, baina gainontzekoa desagertu da, baita Santiago eta San Feliperen baluarteak lotzen zituen harresi-zatia ere.

Gainera, arrasto batzuk oso aldatuta daude eta sasien azpian geratu dira, San Nikolas eta Madalenaren gotorleku nagusiaren lerroaren aurrean, Harresilanda kaleko beste aldean (zezen-plazaren inguruetan, kalearen iparraldean) San Nikolas eta Magdalenako errebelinetan.

5.2.– Carlos V.aren Gaztelu-Jauregia:

Aurkitu den aipamenik zaharrenak dioenez, Hondarribiko alde historikoan bazegoen gotorleku bat 1200. urtean, Gaztelako Alfonso VIII.ak Gipuzkoa konkistatu zuen garaian; beraz, bertan biztanleak ere bazeuden.

Gaur egun bertan dagoen gaztelua, hein handi batean, Carlos V.aren eta Errege Katolikoen garaiko berreraikuntza da (XVI. mendekoa). Dena dela, bere elementu batzuk hori baino zaharragoak edo berriagoak dira.

Gaztelua oso eraikin sendo eta latza da, horizontalki garatua. Bloke handi horrek ez dauka ez dorrerik, ez garitoirik... Benetan oso itxia da. Hiriaren goiko aldean dago, elizaren ondoan.

Barruan, eta oraingo fatxadaren paraleloan, beste egitura batzuk daude, Erdi Aroko gotorlekuarenak, antza. Harresi sendo batzuk dira, lauki itxurako oin baten inguruan. Horren erpinetan lau dorron biribil zeuden, baina gaur horietako bi baino ez daude.

5.3.– Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren Eliza:

Eraikin hori, gaur dagoen tokian, ez dakigu nola sortu zen, baina badirudi bertakoek eliza bat behar zutela, erlijioko beharrizanak modu antolatu batean betetzeko, batez ere 1203ko Pribilejio eta Foruak eman zirenetik.

Nolanahi ere, badakigu 1353an hor zegoela jadanik. Hala ere, gaur ezagutzen duguna berreraikuntza bat da, XV. mendean hasitakoa eta XVI.an jarraitutakoa. Altxatuan ez dago egitura zaharragorik, antza, baina arkeologoek lurrazpia ikertzen dutenean beharbada zerbait gehiago jakingo dugu horri buruz.

Era berean, parrokia denez gero, aro berriagoetako familia-hilobiak izan behar ditu, baita hiri inguruko Erdi Aroko gotorlekuaren eta lehenengo elizaren arteko lotura frogatzen duten egiturak.


Azterketa dokumentala