Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2000eko otsailaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
731

EBAZPENA 2000ko urtarrilaren 19koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Eskoriatzako Zubiate buztindegiko labea, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera emateko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babespean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Eskoriatzako Zubiate buztindegiko labeak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehena.– Eskoriatzako Zubiate buztindegiko labea, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. Eranskineko mugaketarekin eta II Eranskineko deskribapenarekin bat etorriz.

Bigarrena.– Eskoriatzako Zubiate buztindegiko labea Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan monumentu kategoriarekin sartzeko espedientea jendeaurrean jartzea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84 eta 86 artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Vitori-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.

Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Eskoriatzako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegazioak eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak Ebazpen horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko urtarrilaren 19a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

IMANOL AGOTE ALBERRO.

I. ERANSKINA / ANEXO I
I. ERANSKINA
MUGAPENA

a) Mugaketaren justifikazioa.

Zubiateko Buztindegiko labea Bekorreta bide zaharrean dago, eta Gaztanadui kaleko azken zenbakiek osatutako etxe-multzoaren barne sartuta dago. Bertara barruko patio txiki batetik sartzen da, hau da, Gaztanadui kaleko 29 eta 31 etxeen atzealdeek, labea dagoen eraikuntzak eta mendebaldetik itxi egiten duen hormak osatzen duten patiotik. Mugapenean labea bera hartzen da kontuan, horren aldameneko lehortze eta biltegirako gelekin batera, ondoren deskribatzen diren mugen arabera:

Iparraldera bidea. Mendebaldean, labea dagoen eraikuntzaren mendebaldeko horma eta patioa ixten duen horma. Hegoaldean, patio txikiaren ertza; Ekialdera labea eta horren aldameneko gelaren aurrean egurrezko zutabe batzuek eta zolata batek osatutako egiturak eratzen duen mugak definitzen duen lerroa.

b) Mugaketa

Eskoriatzako Zubiate Buztindegiko Labearen mugaketa grafikoa Eranskin honetako irudian agertzen dena da.

II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Eskoriatzako Buztindegiko labea herriko sarreran dago, Aretxabaletako bidean, eta hargin-hormazko eraikuntza-multzo xume bat da, Gaztanadui kaleko 31aren ondoan dagoena. Eraikuntzak ilaran daude, ibaiaren parean doan bide publikoaren aurrean (lehen "Bekorreta bidea" deitzen zenaren aurrean). Patio txiki bat zeharkatuta, labera iristen da. Hori eraikuntzaren mendebaldeko erdian dago eta eraikuntza txiki bat da, hargin-hormazkoa, oin lauangeluarra duena. Aurrealdeko egitura egurrezkoa da, lehenengo solairura daraman zolatari eusten dioten zutabeek osatua. Labeak haizebide bertikala du, arabiarra. Haizebide arabiarrek lauki edo laukiluze formako oina izaten dute, baita zulo ugariko sareta bat ere. Zulo horiei esker, tenperatura homogeneoa da, eta hori oso egokia da zeramika esmaltatuetarako.

Labearen oinaren neurriak 2 x 2 metro dira. Bi ate edo aho ditu, elkarren gainean, labearen erretokira daramatenak. Erretokia lauki bat da, 5,33 m-ko garaiera duena. Material erregogorraz estalita dago. Harrizko hormaren lodiera 0,99 m dira, eta barruko adobazko azalarena, 0,29 m. Labearen eskuinaldean buztinezko piezak lehortu eta biltzeko tokia dago.

Labea ahoetatik betetzen zen. Hortik ere buztina nola erretzen zen ikuskatzen zen. Ontziak erretokian jartzeko bilbe bat jartzen zen aldamio moduan: "takak" deitutakoak ziren, "matoiek" eta "matoi txikiek" osatuak. Matoiak buztinezko zilindro hutsak ziren; matoi txikiak, kono moztuak. Egitura horretan ere adreilu zabal eta estu batzuk sartzen ziren, ontziak jartzeko. Azken horiek banatzeko "txakurrak" edo "krispiak", erabiltzen ziren. Labea behin beteta, txintxor handiez estaltzen zen, eta horien gainean txintxor txikiagoak pilatzen ziren.

EAEan horrelako labe gutxi heldu dira gure garaira, eta Eskoriatzakoa horietako bat da, Gipuzkoan kontserbatu den bakarra gainera. Artisautzako instalazio-mota baten adierazgarria da, eta, nahiz eta mota hori oso antzinakoa ez izan, etnografiarako guztiz interesgarria da, eta tamalez desagertzeko zorian dago. Artisautza hori garrantzitsua izan zen aspaldi; berak sortu eta garatutako zeramika herrikoiak ezaugarri komunak ditu Euskadi eta Pirinioetako kultura-gunean.


Azterketa dokumentala