Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2000eko otsailaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
730

EBAZPENA, 2000ko urtarrilaren 17koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Donemiliagako (Araba) Egirazko Arza kaleko 1. zenbakiko nekazal-etxea, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera emateko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babespean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretaz baliatuz Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Donemiliagako (Araba) Egirazko Arza kaleko 1. zenbakiko nekazal-etxeak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehena.– Donemiliagako (Araba) Egirazko Arza kaleko 1. zenbakiko nekazal-etxea, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. Eranskineko mugaketarekin eta II Eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.

Bigarrena.– Donemiliagako (Araba) Egirazko Arza kaleko 1. zenbakiko nekazal-etxea Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan Monumentu kategoriarekin sartzeko espedientea jendeaurrean jartzea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen dituzten agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84 eta 86 artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia San-Sebastián kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.

Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Donemiliagako Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.

Laugarrena.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko urtarrilaren 17a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

IMANOL AGOTE ALBERRO.

I. ERANSKINA / ANEXO I
I. ERANSKINA
ONDASUNAREN MUGAKETA

a) Mugaketaren justifikazioa.

Adierazitako nekazal etxearen mugaketa, lehengo N-1 Errepide Nazionalak eta Arau Subsidiarioek ezarritako lursailkaketak definitzen dute. Lehenak, inguru fisikoan soilik ez ezik indarreango Planeamenduak ezarritako lur sailkatze desberdinagatik suposatzen duen muga argiagatik.

Horrela, hegoaldetik mugaketak N-1 Errepide Nazionalaren ardatza hartzen du; ekialde, mendebalde eta iparraldetik, mugak hiriguneko bideek definitzen dituzte.

b) Mugaketa.

Donemiliagako (Araba) Egirazko Arza kaleko 1. zenbakiko nekazaritza-etxearen mugaketa eranskin honetan agertzen dena da.

II. ERANSKINA
ONDASUNAREN DESKRIPZIOA

Donemiliaga udalerriko eraikina Egirazko Arza kaleko 1. zenbakiko biztanleria-gunean kokatua dago.

Etxea herriaren hegoekialdean dago, isolaturik, herria zeharkatzen zuen N-1 (Madril-Irun) errepide zaharretik gertu. Hogei metroko fatxada eta hamalau metroko sakonera duen oin laukiduna, bi solairu (behekoa eta lehenengoa) eta estalkitarte bat dauzka. Estalkitarteari ez zaio fatxada nagusitik argirik sartzen eta bi isurialdeko teilatu batez estalia dago (atzealdera ematen duen isurialdea handiagoa da) fatxada nagusiarekiko paraleloa den galdur batekin.

Eraikinaren oina oso trinkoa da baina desegokiak diren bi eranskin dauzka atxikirik: bata fatxada nagusian eta bestea, sinpleagoa eta aurri-egoera larrian, iparraldeko alboko altxaeran.

Ekialderantz begiratzen duen fatxada nagusia, bi sektore erditan banaturik dago, bere apareju desberdinaren ondorio. Ezkerraldeko erdia, apalagoa eta eranskinetako batez zati batean estalia, harlangaitzezkoa da. Beste erdia, landuagoa, harlanduzko blokeen bidez egina dago. Iparraldeko eta atzeko albo-altxaerek harlangaitza erabiltzen dute bere pareten sakonerarako, eta harlandua, aldiz, angelu-kateentzat eta bao originalen azpaduretarako baino ez. Hegoaldeko albo-altxaeraren luzitu eta kareztatuak fabrika ezkutatzen badu ere ez dago zalantzarik sakonera harlangaitzezkoa dela eta izkinetan eta bao orijinalen azpaduretan harlanduzkoa.

Etxea oso itxia da. Fatxada nagusian eta atariko beheko solairuan, ezkerretik eskubira, honako hauek topa ditzakegu: ertza kanpoaldera duen eta sekzio laukidunekoa den barrotezko erreja batez itxitako leiho ia laukiduna, bebarrua argitzen duen leiho etzan txiki bat, dinteldatutako atealdea, eta azkenik, geroago irekitako leiho luzexka, bere azpaduran ez baitauka aurreko hiru hutsuneek duten marko nabarmendu eta ukondotuak. Solairu nagusian, atealdearekiko simetria gordez, beste leiho bat irekitzen da, moldura lau nabarmendua eta ukondotua daukana. Atealdearen gainean, leihoaren eskubandaren harlandu laukidun batean, kalbario-gurutze bat dago grabaturik, dudarik gabe betetzen zuen funtzio paraerlijiosoaren adierazgarri. Bigarren leiho bat dago aurrekoaren ezkerraldean kokatua eta antzeko ezaugarriak dituena, eta solairu nagusian irekitako hutsuneak betetzen ditu.

Iparraldeko alboan, beheko solairuan, hiru hutsune daude. Horietako bat, eskuinerago dagoena hain zuzen, geroago ireki zen, eta beste biak aldiz eraikinaren garaikoak dira eta horregatik moldura laua, nabarmendua eta ukondatua daukate, fatxada noblekoaren antzekoa. Lehenengoa oso zabala da eta bebarrua argitzeaz arduratzen da. Bigarrena ikuiluaren sarrerako atealdearena da. Solairu nagusian, beheko solairuko hutsuneekin simetria gordez bi leiho irekitzen dira. Ezkerrean eraikinaren garaikoa dena dago eta fatxada nagusiaz hitz egiterakoan ikusitako ezaugarri berak ditu. Atealdearen gainean dagoena balkoi itxurako hutsunearen eredua jarraitzen du. Estalkitartea argitzeaz leiho txiki laukidun bat arduratzen da.

Atzealdeko fatxadan bi hutsune besterik ez daude, bat solairu bakoitzeko. Horrek etxearen izaera itxia eta etxearen atzeko sektoreari eman zaion funtzio laguntzailea azpimarratzen du.

Hegoaldeko alboko fatxada irekiagoa da, baina oraindik beteguneek lehentasuna daukate. Horrek, berriro ere, etxearen funtzioen araberako banaketa hutsuneen kokapenaren arabera egituratzen digu. Pertsonen geletan hutsune gehiago biltzen dira. Behetik gora hiru dira, bi eta bat, hiru solairuetako bakoitzean irekitako leihoak.


Azterketa dokumentala